1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
57E/2016 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Corellako udal mugapean zuntz optikozko kablearen linea berri bat instalatzeko proiektuari. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.
Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektutako jarduketaren xedea da 4G teknologiaz hornitzea Corellako oinarrizko estazioa. Horretarako, zuntz optikozko kable berri bat instalatu behar da, hirigunetik 2. poligonoko 879. lurzatiko oinarrizko estaziora; hiru zutoin instalatu behar dira, eta lurzoru urbanizaezinean, guztira, 100 metroko luzera izanen du gutxi gorabehera.
Espedientean Corellako Udalaren txostena ageri da. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostena dago, zenbait baldintzarekin. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Corellako udal mugapean zuntz optikozko kablearen linea berri bat instalatzeko proiektuari. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.
2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:
Hirigintza arloko edukiak:
–Herrilurren Atalaren txostenarekin bat, eta obrak herrilurretan eginen direnez, obren lizentzia eman aurretik, herrilurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak 2015eko azaroaren 17an egindako txostenaren arabera, lurzatia Nafarroako Ubidearen 2. fasean dago sartuta. Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarrien eraldaketaren udalez gaindiko proiektu sektorialek ukitutako lurzoruetarako araudian ezartzen den eremu ureztagarrien araubide iragankorrarekin bat (2013ko 195. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 9koa; aplikatu beharrekoa proiektuak onesten direnetik ureztapena abian dela dioen adierazpena egin arte), interesdunak nekazaritzako azpiegituren arloko departamentu eskudunaren berariazko baimena eskuratu behar du landaketa berrietarako, labore iraunkorretarako, eraikin berrietarako edo geroko nekazaritzako azpiegituretan eragina izan dezaketen bestelako ekintzetarako.
–Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzko martxoaren 5eko 5/2015 Foru Legeak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluari (“Lurzoru urbanizaezinerako baimenak eskatzeko dokumentazio teknikoa”) ematen dion idazkeraren arabera, sustatzaileak adierazpena aurkeztu beharko du, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.
–Corellako Udalak zainduko du Udal Planaren araudia erabat bete dadila.
–Zuntz optikozko kablearen azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek babesten dituen jarduketak edo jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Baimendutako jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz.
–Egin nahi diren jarduerek ukitu ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Corellako Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko martxoaren 10ean.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1603223