1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
102/2016 FORU AGINDUA, otsailaren 24koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoa sortzen duena.
ZIOEN AZALPENA
Abenduaren 14ko 39/2006 Legeak, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko eskubidea erabiltzeko orduan berdintasuna bermatu behar duten oinarrizko baldintzak arautzen ditu. Lege horrek hamahirugarren xedapen gehigarrian ezartzen du, hiru urtetik beherako haurren babesari dagokionez, Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluak mendekotasun egoeran dauden 3 urtetik beherako haurrei arreta emateko osoko plan bat onestea sustatuko duela, non administrazio publikoek hartu beharreko neurriak finkatuko baitira haur horienganako arreta goiztiarra errazteko eta haien gaitasun fisiko, mental eta intelektualak birgaitzeko.
Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Estatu Idazkaritzaren 2013ko uztailaren 25eko Ebazpenaren bidez, Gizarte Zerbitzuen eta Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Lurralde Kontseiluak 2013ko uztailaren 4an hartutako Erabakia argitaratu zen, mendekotasun egoeran dauden edo egoera horretan erortzeko arriskua duten hiru urtetik beherako haurrei osoko arreta emateko planen gutxieneko baldintzei, gomendioei eta irizpide komunei buruzkoa. Erabaki horren arabera, autonomia erkidego eta hiri autonomo bakoitzean behar diren formulak artikulatu behar dira, bakoitzaren osoko plana gauzatzeko orduan, ezarritako irizpide, gomendio eta baldintzak kontuan har daitezen. Era berean, administrazioarteko batzorde tekniko bana sortuko da, osoko plana prestatzeko ardura izanen duena.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen xedea da Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoa sortzea, Arreta Goiztiarraren Osoko Plana prestatu, aztertu eta koordinatzeko.
2. artikulua. Arreta Goiztiarraren Osoko Plana prestatzeko irizpideak.
Arreta Goiztiarraren Osoko Plana Lurralde Kontseiluaren 2013ko uztailaren 4ko Erabakian ezarritakoari jarraikiz prestatuko da, bertan agertzen baitira mendekotasun egoeran dauden edo egoera horretan erortzeko arriskua duten hiru urtetik beherako haurrei osoko arreta emateko planen gutxieneko baldintzak, gomendioak eta irizpide komunak.
3. artikulua. Batzordearen eginkizunak.
Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Arreta Goiztiarraren Zuzendaritza Batzordeari osoko plan bat proposatzea, hurrengo bi urteetan garatu beharreko lerro estrategikoak eta ekintzak ezarriko dituena.
b) Planean ezartzen diren neurriak eta jarduketak sustatzea.
c) Arreta Goiztiarraren Osoko Planaren jarraipena egitea eta urtero ebaluatzea.
d) Batzordeak egindako jarduketen memoria egitea.
e) Arreta Goiztiarraren Osoko Planean zehazten diren jarduketak gauzatzeko ezartzen diren lan taldeen sorrera eta partaideak proposatzea eta taldeen eginkizunak zehaztea.
f) Administrazioen artean beharrezkoa den koordinazioa bermatuko duen Arreta Goiztiarraren Zuzendaritza Batzordeak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.
4. artikulua. Batzordearen osaera.
Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoak kide hauek izanen ditu:
A) Hezkuntza Departamentuaren ordezkariak:
–Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria.
–Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.
–0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Ataleko burua.
B) Osasun Departamentuaren ordezkariak:
–“Natividad Zubieta” Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroko zuzendaria.
- Oinarrizko Osasun Laguntzako pediatria arloan eskumena duen unitateko titularra edo Oinarrizko Osasun Laguntzako pediatriako profesional bat.
–Nafarroako Ospitalegunearen ordezkariak:
- Errehabilitazio Zerbitzuko burua.
- Neonatologia arloan eskumena duen unitateko titularra edo Neonatologia Unitateko pediatra bat.
- Neuropediatria arloan eskumena duen unitateko titularra edo Neuropediatria Unitateko pediatra bat.
- Gizarte lanaren arloan eskumena duen unitateko titularra edo Gizarte Lanaren Unitateko profesional bat.
C) Gizarte Politiketako Departamentuaren ordezkariak:
–Nafarroako Arreta Goiztiarreko Zentroko zuzendaria.
–Arreta Goiztiarreko Zentroko Balorazio Unitateko profesional bat.
–Haur Garapenaren eta Arreta Goiztiarreko Unitateko profesional bat.
D) Toki entitateen ordezkari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatua.
Gainera, Batzorde Teknikoko kideek beharrezkotzat jotzen badute, beste profesional batzuek ere parte hartzen ahalko dute.
Batzordeko kideek ordezko baten esku utz dezakete bileretan parte hartzeko eskumena, egoki iruditzen zaienean.
Batzorde Teknikoko idazkaria Eskubide Sozialetako Departamentuaren ordezkari bat izanen da.
5. artikulua. Funtzionamenduaren araubidea.
Funtzionamenduaren araubidea Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoak onetsiko du osoko bilkuran.
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten da Arreta Goiztiarreko Zerbitzua arautzen duen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren urriaren 16ko 317/2009 Foru Aginduaren 13. artikuluaren “Batzorde Teknikoa” izeneko atala.
Azken xedapenetan lehena.–Arreta Goiztiarreko Zerbitzua arautzen duen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren urriaren 16ko 317/2009 Foru Aginduaren 13. artikuluaren aldaketa.
Urriaren 16ko 317/2009 Foru Aginduaren 13. artikuluaren “Zuzendaritza Batzordea” izeneko atala aldatu, eta honela geldituko da:
“Departamentuen artean beharrezkoa den koordinazioa bermatzeko asmoz, Arreta Goiztiarraren Zuzendaritza Batzordea eratzen da, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari atxikita, hurrengo kide hauek osatuko dutena:
a) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailea.
b) Balorazioen eta Zerbitzuen zuzendariordea.
c) Osasuneko zuzendari nagusia.
d) Hezkuntzako zuzendari nagusia.
Batzordea urtean behin bilduko da gutxienez, Arreta Goiztiarraren Osoko Planean ezartzen diren jarduketak eta ildo estrategikoak onesteko eta arreta goiztiarrean inplikatutako sistemen arteko koordinazio egokia errazteko.”
Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2016ko otsailaren 24an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
Iragarkiaren kodea: F1603092