66. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

86/2016 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Vodafone SAUk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatu eta eguneratzeko aurkeztu duen 17. espedientea onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera, operadoreek planaren edukiaren edozein aldaketa, plana eguneratzen duena, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari jakinarazi beharko diote.

Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 25eko 59/2016 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Vodafone SAUk aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatu eta eguneratzeko 17. espedientearen tramitazioari, eta agindua eman zen eskatutako kokapenak Nafarroako Gobernuaren gobernu irekiaren atarian argitaratzeko, interesdunek bidezko alegazioak aurkez zitzaten.

Orobat, ebazpen horretan errekerimendua egin zitzaien Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, bakoitzak bere eskumenen esparruan txostena egin zezan azpiegituren lurralde planeko aipatu aldaketei buruz. Unitate horiek eta Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak txosten bana egin dute, eta horietan ezarritako determinazioak ebazpen honen II. eranskinean bildu dira.

Aipatu gobernu irekiaren atarian jendaurrean egon den bitartean, ez da alegaziorik aurkeztu.

2015eko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez, 10/2002 Foru Legean arautzen diren Nafarroako Foru Komunitateko azpiegituren lurralde planei dagokienez, Nafarroako Gobernuak erabaki du telekomunikazioen arloan eskumenak dituen departamentuak tramitatu eta ebatziko dituela plan horiek.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren 4. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Vodafone SAUk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatu eta eguneratzeko aurkeztu duen 17. espedientea onestea, barne direla ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren kokapenak eta II. eranskinean agertzen diren determinazioak, ukitutako instalazioek bete beharko dituztenak.

2. Ebazpena Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari igortzea.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak Vodafone SAUri jakinaraztea, eta aditzera ematea, ez duenez administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoarekin bat (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen).

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2016ko martxoaren 9an.–Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusia, Mikel Sagués García.

I. ERANSKINA

ESTAZIOAREN KODEA

UDALERRIA

UTMx

UTMy

ESPEDIENTEA

AT-NA-PUIUKO-GAINAK

Puiu

610653

4714593

17. aldaketa

AT-NA-ZARAGOZAKO-ETORBIDEA

Iruña

610831

4740170

17. aldaketa

(*) Koordenatuak Datum sisteman (ETRS-89, 30. EREMUA) eman dira.

II. ERANSKINA

Determinazio orokorrak

–Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Irekitzeko lizentziaren fasean, eta oinarrizko estazioak martxan jarri baino lehen, teknikari eskudun baten ziurtagiria aurkeztuko da dagokion udalean. Txosten horretan justifikatuko da estazioak proiektu teknikoarekin eta aurkeztutako eranskinekin bat egin direla, eta emisio irrati-elektrikoetako esposizio mailen neurketa errealen emaitzak emanen dira. Neurketak erradiazio handiena den tokian eginen dira (bertaratzerik bada), barne direla bereziki aintzat hartu beharreko erabilera-eremuak, urtarrilaren 11ko CTE23/2002 Aginduan eta geroko aldaketetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Sustatzaileari gogorarazi behar zaio ezen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera, obretako udal lizentziak eman baino lehen instalazio bakoitzaren ingurumen ukipenetarako baimen egokia tramitatu beharko dela, betiere instalazioa lurzoru urbanizaezinean bada eta aldez aurretik baimen hori ez badu.

–Ondare Historikoaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Aurreikusitako lanetan, horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, lanak gelditu eta horren berri eman beharko dio, berehala, Arkeologiaren Atalari, ondare historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatzeko, oharpen hori ez betetzeagatik ondare historikoari gerta dakiokeen edozein ukipen arau-hauste larritzat joko da.

–Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Abenduaren 31n martxan dauden estazioen zerrenda aurkeztu beharko du operadoreak, egun hori baino lehen, gutxienez datu hauekin: estazioaren kodea, UTMX eta UTMY koordenatuak, erabilitako teknologiak (GSM, UMTS, LTE, etab.), emisio frekuentziak eta sektoreen potentziak. Azken urtean estazioan aldaketarik izan ez bada, aski izanen da estazioaren kodea ematea eta aldaketarik ez duela izan adieraztea.

–Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan xedatutakoarekin bat, lurzoru urbanizaezineko kokapenek, lurzoru urbanizaezineko jardueretako baimena behar badute, instalatu baino lehen tramitatu beharko dute baimena. Orobat, aditzera ematen da baimen horiek eskatzeko behar den dokumentazio teknikoa aipatu legearen 119. artikuluan agertzen dela, eta ohartarazten da ezen, egin gogo diren jarduerak nahi diren tokietan gauzatzeak uki ditzakeen edo gauzatze hori baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta/edo zortasunei dagokienez, operadoreek, obrak gauzatu baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko dituztela kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Berariazko determinazioak

–Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak txosten bat egin du:

“Ondorioa:

Ikusirik azaldutakoa eta aurkeztutako dokumentazioa, adierazten da, lurraldearen ondorioetarako, baimena eman dakiokeela Puiuko 4. poligonoko 40. lurzatian telefonia mugikorreko zerbitzua emateko behar diren azpiegituren eta ekipoen instalazioari, bai eta instalazioaren hargune elektrikoari ere, 4. poligonoko 37. lurzatiko euskarri berri batetik. Vodafone SAU enpresa da sustatzailea. Honako hau kontuan hartu behar da:

  • Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinarekin bat, telekomunikazioetako antenek eta haiei lotutako azpiegiturek, lurzoru urbanizaezinean instalatzeko, ingurumen ukipenetarako baimena behar dute.
  • Sustatzaileari ohartarazten zaio jarduera egoki garatzeko behar diren baimen guztiak eskuratu behar dituela administrazio publikoetako beste organo batzuetan edo erakundeetan (azpiegiturak, bideak, zortasunak, ibilgu publikoak, isurketak, etab.). Zehazki:
  • Puiuko 4. poligonoko 40. lurzatia Puiuko Udalaren herrilurra da, eta horregatik hor eginen den edozein jarduketak Herrilurren Atalaren baimena beharko du (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea), edo Ondare Historikoaren Zerbitzuarena, ager litezkeen aztarna arkeologikoei dagokienez.
  • 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluarekin bat, euskarri elektriko berriak (eta hari lotutako transformazio zentroak), itxiturek, instalazioek eta antenak 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bidearen kanpoko ertzetik neurtuta.
  • Sustatzaileak, baimena eskatzean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluan adierazten den dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du.”

–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak kontrako txostena egin du AT-NA-PUIUKO-GAINAK estazioari buruz. Horregatik, instalatu baino lehen, operadoreak ingurumen ukipenetarako baimena tramitatu beharko du. Hona hemen txosten horren testua:

“Vodafonek Azpiegituren Lurralde Plana aldatzeko 17. eskaera aurkeztu du. Lurzoru urbanizaezineko instalazioei dagokienez, telekomunikazioetako zentro berri bat egin nahi da, 6x6 metrokoa gutxi gorabehera. 40 metroko dorre bat eraikiko da, bai eta eraikin aurrefabrikatu bat ere. Eraikin hori hornitzeko, aireko eta lurpeko linea elektriko berri bat eginen da, 50 metrokoa gutxi gorabehera, Puiuko 4. poligonoko 40. lurzatian, sastrakadi mediterraneoaz betetako lurzoruan. Eskaera horri dagokionez, adierazten da jarduera Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2C eranskineko M) atalean dagoela jasota eta, horrenbestez, ukipenetarako baimena behar duela.

Aurkeztutako dokumentazioak ez du ematen ingurumen ukipenetarako baimenaren tramitazioa hasteko behar adinako informaziorik, arrazoi hauengatik: emandako ingurumen informazioa ez da zuzena (ukitutako eremuaren egungo landaredi gisa koniferoak eta lehorreko laboreak aipatzen dira, baina benetako landaredia sastrakadi mediterraneoa da), ez dira zehazten ukitutako espezieak, ez da alternatiben azterlana egin, ez da justifikatzen emisio zentroa inguruan franko dauden alorretako batean kokatzeko ezintasuna –landaredia ukitu gabe–, etab.

Orobat, ez da justifikatzen linea elektrikoaren egokitasuna Hegaztiak babesteko instalazio elektrikoei arau tekniko batzuk ezartzen dizkien apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuari dagokionez, ez baita agertzen erabiliko diren isolagailuen informaziorik, deribazioko euskarriaren planorik, etab.

Horregatik guztiagatik, ezin da aldeko txostena egin eskaeraren gainean, dagokion ingurumen ukipenetarako baimena tramitatu arte, aipatutako informazio teknikoa eta ingurumen ukipenen azterlana barne, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 34. artikuluko edukiaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F1603218