66. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

144/2016 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, esleipena egiten diona Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari, auditoretza informatikoaren arloan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.1. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena izanen dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak beste organo batzuei esleitzeko, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako. Antzeko moduan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak administrazio bereko edo beste bateko organo batzuei esleitzen ahalko zaizkie, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Gaur egun, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari atxikitako Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoak ez du informatikako langile espezializaturik, ez behar diren bitartekorik, auditoretza informatikoko jarduketak gauzatzeko, behar den euskarri izan daitezen zenbait esku-hartzetan, tributu ikuskapeneko prozedurak gauzatzean. Beharrezkoa da, horregatik, tresnak ezartzea elkarlana izan dadin Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin, kudeaketa esleitzeko teknikaren bidez.

Horren ondorioetarako, kudeaketa esleipenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko bi departamentutako erakundeak ukitzen dituenez, bi kontseilarien baimena behar da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39. artikuluko 3. idatz-zatiak eskatzen duen moduan. Bestalde, artikulu bereko 5. idatz-zatiak xedatzen du ezen kudeaketa esleitzeko araubidea, eraginkorra izateko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dela.

Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak otsailaren 12an emandako 25/2016 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoari baimena eman zitzaion auditoretza informatikoko laguntza esleitzeko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari, eta Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari ahalmena eman zitzaion kudeaketa esleipenerako agindua onesteko eta argitaratzeko, departamentu horri dagokion baimena lortu eta gero. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren martxoaren 17ko 58/2016 Foru Aginduaren bidez, onartu egin da kudeaketa esleipen hori.

Baimendutako esleipenaren xede nagusia izanen dira laguntza eta elkarlana, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko langile tekniko espezializatuek egin beharrekoa, zerga ikuskaritzako jarduketetako esku-hartzeetan, baldin Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendariaren ustez beharrezkoak badira.

Auditoretza informatikoko laguntza jarduketa bakoitzean, beharrezkoa izanen da aldez aurretik Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendariak eskaera egitea eta, eskaeraren xede den laguntza informatikoko funtzionarioak zer zerbitzuri atxikirik dauden, zerbitzu horretako zuzendariak adostasuna ematea. Bi zuzendaritzetako arduradunek adostasunez izendatuko dituzte langile horiek.

Tributu arloko ikuskapeneko langileen ardurapean eta haien jarraibideei zorrotz jarraikiz eginen dira esleipen honen xede diren jarduketa materialak.

Gainera, esleipenak berarekin ekar dezake Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiko langileek honako elkarlan hauek ere gauzatzea:

–Ikuskapenerako Zerbitzuak egindako auditoretza informatikoko jarduketetan atzemandako informazioaren normalizazioa eta analisia.

–Laguntza ematea, zalantza teknikoak ebazteko eta sostengua emateko egoera puntualetan, bereziki zail direnetan, auditoretza informatikoko jarduketekin loturik.

–Laguntza ematea, Ikuskapenerako Zerbitzuari atxikitako aktuarioei, auditoretza informatikoko tekniketan eguneratzeko eta hobetzeko.

Kudeaketa esleipenak urtebeteko indarraldia izanen du hasieran, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, eta urtez urte luzatzen ahalko da.

Horiek horrela, ikusirik espedientean jasotako Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuaren proposamen txostena eta txosten juridikoa, eta Nafarroako Zerga Ogasunaren Estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 135/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Auditoretza informatikoaren arloan laguntza eta elkarlana esleitzea Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari, sostengu emateko zerga ikuskaritzako jarduketetako esku-hartzeei, baldin Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendariaren ustez beharrezkoak badira.

2. Esleipenaren xede diren auditoretza informatikoko jarduketa guztiak eginen dira Tributu Ikuskapenerako langileen kontrol eta ardura pean, eta langile ikuskatzaile horiek legez dituzten eginkizunak erabiliz.

3. Kudeaketa esleipenak urtebeteko indarraldia izanen du, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, eta urtez urte luzatuko da automatikoki, baldin alderdiren batek bi hilabete lehenago berariaz salatzen ez badu behintzat.

4. Ebazpen hau igortzea Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, eta Nafarroako Zerga Ogasuneko Ikuskapenerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko martxoaren 14an.–Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Luis Esain Equiza.

Iragarkiaren kodea: F1603258