Iragarkia
66. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
74/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 5ekoa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena bulegoen mailan.
Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak ekainaren 12an emandako 143/2013 Foru Aginduaren bidez, departamentuaren egitura organikoa onetsi zen bulegoen mailan. Era berean, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuko kontseilariak emandako azaroaren 7ko 774/2011 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Larrialdietako Agentziaren egitura organikoa ezarri zen, unitateen mailan.
Irailaren 9ko 197/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren erakunde autonomoa desegin zen, eta haren eginkizun eta zerbitzuak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren organo desberdinetan txertatu ziren. Era berean, irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren bidez, departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Bi arau horiek egoera iragankorra aurreikusi zuten orduan zeuden bulegoetarako eta haiekin parekatutako unitateetarako, garapen neurriak hartu bitarte.
Horregatik guztiagatik, bidezkoa da Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa eguneratzea bulegoen mailan.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.4 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
I. KAPITULUA
Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusia
1. ATALA
Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzua
1. artikulua. Gobernu Idazkaritzako Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa.
Gobernu Idazkaritzako Kudeaketa Administratiboaren Bulegoak, Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Gobernuaren bilkuretarako deialdiak prestatu eta banatzea.
b) Gobernuaren bilkuretan aztertuko diren gaien dokumentazioa prestatzea, departamentuekin koordinatuta.
c) Gobernuaren erabakien eta foru dekretuen ziurtagiriak idaztea.
d) Gobernuak onetsitako foru dekretuak eta erabakiak biltzea.
e) Xedapen orokorrak eta, hala behar denean, bestelako egintzak Nafarroako Aldizkari Ofizialera eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igortzea.
f) Gobernuaren bilkuren akta liburuak prestatzea, bai eta Gobernuaren foru dekretu eta erabakienak eta Gobernuko lehendakariaren foru dekretuenak ere.
g) Testuen prozesu mekanizatua kudeatu eta koordinatzea, Gobernuko Idazkaritzaren eginkizunei loturik.
h) Aipatu eginkizun guztiekin zerikusia duen dokumentazioa, oro har, tramitatzea.
i) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
2. artikulua. Argibide eta Erregistro Bulegoa.
Argibide eta Erregistro Bulegoak, Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Herritarrei Nafarroako Gobernuko argibide eta erregistro bulegoaren bidez arreta eta argibideak ematea.
b) Herritarrei eta Administrazioko unitateei telefonoz arreta eta argibideak ematea.
c) Herritarrek Foru Komunitateko Administrazioa hobeki ezagut dezaten bideratzen diren ekintzak gauzatzea.
d) Dokumentuak hartzea eta horien tratamendua egitea sistema mekanizatuan.
e) Aurkezturiko dokumentazioa kodetzea eta departamentu interesdunetara igortzea.
f) Espedienteen kontrola eta jarraipena egitea.
g) Eragiketa arauak ematea Erregistroko sistema mekanizatuko terminalean.
h) Departamentuetako eta erakunde autonomoetako erregistro osagarrien arduradunekin koordinatzea.
i) Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren erregistroa.
j) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein.
k) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
3. artikulua. Posta Eginkizunetarako Bulegoa.
Posta Eginkizunetarako Bulegoak, Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Foru Komunitateko Administrazioari igortzen zaizkion gutunak postetxean bildu eta, gero, sailkatu eta banatzea.
b) Foruzaingoak egiten dituen segurtasun kontroletan laguntzea.
c) Foru Komunitateko Administrazioak sortzen dituen gutunak bildu, frankeatu eta igortzea.
d) Barneko posta bildu eta banatzea.
e) Frankeatzeko jasotzen diren objektuak kontrolatzea.
f) Egindako lanen kontabilizazioa.
g) Kanpoko enpresen esku uzten diren frankeatze eta igortze lanen kontabilizazioa.
h) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
4. artikulua. Elkarte, Fundazio eta Lanbide Elkargoen Bulegoa.
Elkarte, Fundazio eta Lanbide Elkargoen Bulegoak, Legeen Garapenerako eta Koordinaziorako Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Helbidea Nafarroan duten eta Foru Komunitatean nagusiki aritzen diren elkarteen inskripzioa eta erregistroa kudeatzea.
b) Elkarteen arloko agiriak eta jakinarazpenak Estatuko Administrazio Orokorrari igortzea.
c) Elkarteei buruzko administrazio espedienteen tramitazioari buruzko informazioa.
d) Azaroaren 11ko 613/1999 Foru Dekretuak araututako Fundazioen Erregistroa kudeatzea.
e) Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoetako Kontseiluen Erregistroa, apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeak sortua, kudeatzea.
f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
2. ATALA
Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Atala
5. artikulua. Kudeaketa Bulegoa.
Kudeaketa Bulegoa Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu: Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko jatorrizko testuak hartu eta kudeatzea, erabiltzaileari arreta ematea, barne prozesu guztiaren lan fluxua eta dagokion kudeaketa ekonomikoa.
6. artikulua. Ekoizpen eta Zabalkunde Bulegoa.
Ekoizpen eta Zabalkunde Bulegoa Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu: Nafarroako Aldizkari Ofiziala prestatzea, zenbait bidetan zabaltzea eta web orriko edukiak dinamizatzea.
7. artikulua. Kalitate eta Kontrolerako Bulegoa.
Kalitate eta Kontrolerako Bulegoa Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu: argitaratu beharreko jatorrizko testuak berrikustea, aurkibidea eta argitaratzeko egunak erabakitzea, amaierako proba berrikustea, testuak igortzen dituztenekin harremana izatea eta agintzen zaion beste edozein eginkizun.
II. KAPITULUA
Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusia
1. ATALA
Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzua
8. artikulua. Gizarte Segurantzaren Bulegoa.
Gizarte Segurantzaren Bulegoak, Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparru guztietako Gizarte Segurantzaren kudeaketa koordinatzea, eta kudeaketa horretarako beharrezkoak diren informazio komunak mantentzea.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoen eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren arteko harreman eta komunikazio guztiak bideratzea.
c) Gizarte Segurantza kudeatzea gizarte aurreikuspeneko araubide horri loturik dauden langileen kasuan, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren barrenean betiere.
d) Gizarte aurreikuspeneko beste araubide batzuk kudeatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako montepioko langileena izan ezik, betiere Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen barruan.
e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
2. ATALA
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua
9. artikulua. Zerbitzu Osagarrien Bulegoa.
Zerbitzu Osagarrien Bulegoak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Langile laguntzaileen jarduerak banatzea.
b) Lokalak egokitzea prestakuntza eta hautapen jardueretarako, ekitaldi instituzionaletarako eta bestelakoetarako.
c) Lokalak erabiltzeko tokiak eta denborak kontrolatu eta banatzea.
d) Baliabide teknologiko didaktikoen mantentze lana egitea, eta haiek prest izatea prestakuntza jarduera, bilera, jardunaldi eta abarretarako.
e) Lokalen garbiketa eta mantentze lana gainbegiratzea.
f) Material suntsikorrak kontrolatu eta eskuratu beharrekoak proposatzea.
g) Institutuaren liburuxka, informazio eta gutunak banatu eta igortzea.
h) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
10. artikulua. Prestakuntza Koordinatu eta Ebaluatzeko Bulegoa.
Prestakuntza Koordinatu eta Ebaluatzeko Bulegoa Prestakuntza eta Garapen Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Langileak prestatzeko beharrak identifikatu eta aztertzea.
b) Prestakuntza arloetako ekintzak gainbegiratzea.
c) Prestakuntza ekintzak aztertu, baloratu, antolatu eta haien jarraipena egitea, administrazio unitateek eskatzen dutenean.
d) Urteko prestakuntza planen hasierako proposamena egitea.
e) Egiten diren ekintzak ebaluatzea, honako hauek eginez, besteak beste: programen kalitatea eta egokitasuna aztertzea, hobekuntza planak garatzea, gogobetetzeari buruzko galdera-sortak hobetzeko azterlana egitea eta beste prestakuntza plan batzuk aztertzea.
f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
11. artikulua. Hizkuntza Komunitarioetako Prestakuntza Bulegoa.
Hizkuntza Komunitarioetako Prestakuntza Bulegoa Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Ikastaro estentsiboak.
b) Ikastaro intentsiboak.
c) Birziklatze ikastaroak.
d) Prestakuntza tekniko espezializatuko ikastaroak.
e) Mailako eta egiaztapeneko probak.
f) Departamentuekin lan egitea eskualde arteko prestakuntza esperientziak planifikatzen eta garatzen.
g) Prestakuntza jardueretarako Europako finantzabideari buruzko informazioa bilatu eta antolatzea.
h) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
III. KAPITULUA
Barne Zuzendaritza Nagusia
1. ATALA
Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzua
12. artikulua. Langileak Garraiatzeko Zerbitzuak Kudeatu eta Koordinatzeko Bulegoa.
Langileak Garraiatzeko Zerbitzuak Kudeatu eta Koordinatzeko Bulegoa Ibilgailu Parkearen Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Ibilgailu Parkearen Atalari atxikitako gidarien txandak eta ordutegiak kudeatzea.
b) Ibilgailu Parkearen Atalari atxikitako ibilgailuen mantentze-lanetako laguntzaileen oporrak kudeatzea.
c) Administrazioko langileei eskaini beharreko garraio zerbitzuen katalogoa aztertu eta ezartzea.
d) Informazioaren ustiapen sistema mantentzea ibilgailu parkeari atxikitako ibilgailuen erabilera datuei buruz.
e) Eskatzen diren garraio zerbitzuak erregistratu, aztertu eta banatzea.
f) Egiten diren garraio zerbitzuak erregistratu, kontrolatu eta koordinatzea.
g) Eskatzen den zerbitzu bakoitza antolatu eta ibilgailua eta gidaria esleitzea.
h) Txostenak egitea eta aldaketak edo hobekuntzak proposatzea, zerbitzuen kalitatea bermatuz.
i) Erregistratzen diren datuak aztertu, analizatu eta ustiatzea, ibilgailu parkeari eskatzen zaizkien garraio zerbitzuen kostuak zehazteko.
j) Ibilgailuen, makinen eta ekipo lagungarrien aseguruak erregistratu, kontrolatu eta haien jarraipena egitea.
k) Ibilgailu parkearen aplikazioan alten eta bajen mantentze-lana egitea langileei eta ibilgailuei dagokienez.
l) Nafarroako Gobernuaren flotako ibilgailuei ezartzen zaizkien isunak erregistratu eta kontrolatzea.
m) Ibilgailu parkeko gidariek ostatuetan eta jatetxeetan sortzen dituzten gastuak erregistratu eta kontrolatzea.
n) Hoteletan logelak erreserbatzea gidarientzat.
ñ) Atalaren jarduerekin loturik agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.
13. artikulua. Segurtasun Pribatuaren eta Sistemen Bulegoa.
Segurtasun Pribatuaren eta Sistemen Bulegoa Segurtasunaren Koordinazio Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Segurtasun pribatuko zerbitzu eta sistemak kontratatzeko kudeaketa zentralizatuaren kontrol administratiboa eta ebaluazioa.
b) Azterlanak eta proiektuak egitea segurtasun arloan.
c) Eraikinen segurtasun neurrien katalogoa prestatu eta eguneratzea, segurtasunaren aldetik Segurtasunaren Koordinazio Atalak kudeatzen dituen eraikinei dagokienez.
d) Zaintza eta segurtasun zerbitzuak kontratatu, ikuskatu eta haien jarraipena egitea.
e) Atalak kudeatzen dituen segurtasun pribatuko kontratuak gainbegiratu, koordinatu eta kontrolatzea.
f) Segurtasun sistemetako instalazioak koordinatu, kontratatu, haien jarraipena egin eta haien gaineko aholkuak ematea.
g) Atalaren jarduerekin loturik agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.
2. ATALA
Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzua
14. artikulua. Logistikaren eta Ekipoen Bulegoa.
Logistikaren eta Ekipoen Bulegoa Gai Teknikoen, Logistikaren eta Ekipoen Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Baldintza teknikoen agiriak prestatzea material teknikoen eta ekipoen arloan, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko gainerako atalekin elkarlanean.
b) Zehaztapen teknikoak prestatu eta eguneratzea.
c) Langileen uniformeak eta ekipamendua proposatzea.
d) Ekipo, makineria, material, jantzi eta ekipamendu beharrei buruzko txostenak hartu eta prestatzea.
e) Inbentarioak, materialak, ekipoak eta ekipamendua kontrolatzea eta haien egoeraren berri izatea.
f) Bere eskumenen esparruko araudia eta legezko xedapenak bildu eta eguneratzea.
g) Azterlanak, txostenak eta proiektuak prestatzea, dagokion esparruan.
h) Bere eskumenaren esparruan metodoak eta prozedurak prestatzen eta ezartzen parte hartzea.
i) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
3. ATALA
Babes Zibilerako Zerbitzua
15. artikulua. Boluntarioen Bulegoa.
Boluntarioen Bulegoa Babes Zibilerako Zerbitzuari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Boluntarioen erakundeekin koordinatzea, hala nola Gurutze Gorria, DYA, Salbamendu Txakurren Taldeak, Hondamendietako Esku-hartze Psikologikoaren Taldea, Kirol Federazioak, Babes Zibileko Udal Batasunak eta babes zibileko eta larrialdietako lanetan boluntario gisa aritzen ahal den beste edozein erakunde.
b) Sektore publiko eta pribatuari aholku teknikoa ematea, boluntariotzaren arloan.
c) Udalekin eta irabazi asmorik gabeko entitateekin babes zibilaren arloan sinatzen diren hitzarmenak prestatu, kudeatu eta haien jarraipena egitea.
d) Zerbitzuen Gutunen eta entitateek Nafarroako Gobernuko babes zibilaren egituran parte hartzeko urteroko programen jarraipena egitea.
e) Boluntarioen prestakuntza planak prestatzea eta horiekin koordinatzea.
f) Zerbitzuko jarduerekin lotuta agintzen zaizkion gainerako lanak.
16. artikulua. Txanden Kudeaketaren eta Estatistiken Bulegoa.
Txanden Kudeaketaren eta Estatistiken Bulegoa SOS Nafarroa Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Baliabideak larrialdietan mobilizatzeko protokoloak, baliabideen katalogoak eta, oro har, informazioa eta datu baseak mantentzea.
b) Eguneko jarduerari buruzko parteak, oharrak eta jakinarazpenak egitea.
c) Aretoko langileen lan araubidea, txandak, egutegia eta ordutegiak kontrolatzea.
d) Egindako prestazioen azterketa eta ebaluazioa.
e) Atalaren jarduerekin lotuta agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.
17. artikulua. Prestakuntza eta Gainbegiratze Bulegoa.
Prestakuntza eta Gainbegiratze Bulegoa SOS Nafarroa Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Larrialdiak kudeatzeko zentroari atxikitako langileen prestakuntza jarraitua ikuskatzea.
b) Operadoreen eta areto buruen jarduera ikuskatzea.
c) Baliabideak larrialdietan mobilizatzeko protokoloak, baliabideen katalogoak eta, oro har, informazioa eta datu baseak prestatzea.
d) Osasun zerbitzuekin batera aritzea larrialdiak planifikatzean eta kudeatzean, osasun gaiei dagokienez, bai eta hil edo biziko larrialdiez arduratzeko berariazko protokoloak prestatzean ere.
e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
4. ATALA
Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Atala
18. artikulua. Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoa.
Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoa Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Atalari atxikia dago, eta, ofizial, ofizialorde, sarjentu, kabo eta suhiltzaile lanpostuetan aritzen diren langileei eta 112-Larrialdietarako Kudeaketa Zentroko langileei dagokienez, eginkizun hauek ditu:
a) Langileen erregistroa mantendu eta eguneratzea.
b) Ezarririk dagoen erregelamenduzko prozedurari jarraituz aldi baterako langileak kontratatzearen arloko beharrak kontrolatzea.
c) Langileen nominako elementu aldakorren kudeaketa materiala eta kontrola.
d) Langileen lanaldiak kontrolatzeko sistema kudeatzea.
e) Langileen osasun azterketak kudeatu eta kontrolatzea.
f) Aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileen baja-agiriak tramitatzea, bajak eta altak berrestea eta istripu-agiriak eta laneko gertakariak tramitatzea.
g) Bere esparruko azterlan bereziak (memoriak, azterlanak eta abar) egiten laguntzea.
h) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
IV. KAPITULUA
Justizia Zuzendaritza Nagusia.
1. ATALA
Giza Baliabideen eta Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzua
19. artikulua. Langileriaren eta Bulego Judizial Berriaren Bulegoa.
Langileriaren eta Bulego Judizial Berriaren Bulegoa Giza Baliabideen eta Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzuari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Laguntza administratiboa ematea antolaketa judizialaren eredu berria ezartzeko.
b) Nafarroako Justizia Administrazioko langileen datu baseen mantentze eta eguneratze lanak, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren mendeko unitate organikoekin koordinaturik, eta langile horien kudeaketa arrunta, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen arabera.
c) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
20. artikulua. Mantentze-lanen Bulegoa.
Mantentze-lanen Bulegoa Proiektuen Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Eraikin judizialetako instalazio eta ekipoen funtzionamendu egokia zaintzea, oreka geografikoa bilatuz bitartekoen eta giza baliabideen banaketan; horretarako, beste departamentu batzuetako zenbait unitateren laguntza jasoko du, baliabideen zentzuzko aprobetxamendua areagotzeko.
b) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
21. artikulua. Justizia Administrazioaren Zerbitzu Orokorren Bulegoa.
Justizia Administrazioaren Zerbitzu Orokorren Bulegoa Proiektuen Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Herritarrei argibideak eman eta harrera egitea, dela zuzenean, dela telefonoz dela agirien bidez.
b) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren posta eta paketeak jaso, banatu eta sailkatzearekin loturiko lan guztiak.
c) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren paperak eta liburuak jaso eta banatzea eta organo judizialetako Liburutegi Zerbitzuari laguntzea.
d) Garbitze eta mantentze lanetan laguntzea.
e) Ate eta leihoak kontrolatzea eta organo judizialen bulegoetako sarrerak irekitzea.
f) Organo judizialen eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren ikus-entzunezko eta bulegoko baliabideen erabileraren eta eskuragarritasunaren inguruko guztiak.
g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
22. artikulua. Hornidura Bulegoa.
Hornidura Bulegoa Baliabide Materialen Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Justizia Administrazioaren material suntsikorraren, altzarien eta bulegoko materialaren hornidurak bideratu eta kontrolatzea, erosketa zentralizaturako Foru Komunitateko Administrazioak dituen organoen bitartez.
b) Emandako materialaren entrega kudeatu, eta haren jarraipena eta kontrola egitea.
c) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
2. ATALA
Justiziako Gizarte Zerbitzua
23. artikulua. Doako Justiziaren Bulegoa.
Doako Justiziaren Bulegoa Justiziako Gizarte Zerbitzuari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari laguntza administratiboa ematea.
b) Doako justizia aitortzen duten ebazpenak interesdunei eta organo eskudunei igortzea.
c) Profesionalen elkargoen fakturazioaren gaineko ebazpenak ematea.
d) Justiziako prestazioen gaineko aholkuak ematea herritarrei eta profesionalei.
e) Zerbitzuak edo Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkion guztiak.
24. artikulua. Gizarte Zerbitzuekiko Lankidetza Bulegoa.
Gizarte Zerbitzuekiko Lankidetza Bulegoa Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Justizia Administrazioari ukituen familien egoera, laguntzeko baliabideak eta egitarauen bilakaera jakinaraztea.
b) Eskubideez eta baliabideez argibideak eta aholkuak ematea.
c) Gizarte kontuei buruzko aholku espezializatuak ematea.
d) Gizarteak bazterturik dauzkan herritarrekin aurreneurriak hartu eta haiei gizarteratzen laguntzea.
e) Gizarte lankidetza sustatzea, hedapenerako eta gizartearen sentsibilizaziorako kanpainei laguntza teknikoa emanez.
f) Eskatzen zaizkion txosten eta aditu-irizpen guztiak egitea.
g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
25. artikulua. Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoa.
Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoa Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalaren lan administratibo orokorrak.
b) Orotariko argibideak delituen biktimendako laguntzei buruz.
c) Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalaren datu baseak mantendu eta eguneratzea.
d) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
V. KAPITULUA
Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusia
1. ATALA
Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzua
26. artikulua. SAP Sistemen Koordinazio Bulegoa.
SAP Sistemen Koordinazio Bulegoa Informazio Sistema Zentralen Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) SAP sistemak eta sistema horiekin integraturik dagoen softwarea ezarri, kontrolatu eta haien jarraipena egiteko proiektuak zuzendu eta kudeatzea Foru Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan.
b) Unitateek SAP sistemen inguruan egiten dituzten eskaerak kudeatzea, honako hauek barne: koordinazioa, eraginaren ebaluazioa, lehenespena, baliabideen esleipena, etab.
c) Zerbitzu mailaren plangintza, definizioa eta jarraipena egitea SAP sistemetan, bai prozesu operatiboetan, bai laguntza zerbitzuan, unitateetako baliabideekin koordinatuz.
d) SAP sistemen inguruko jardueraren jarraipen txostenak egitea, hala nola laguntza zerbitzua, eskaerak, proiektuak, etab.
e) Laneko estandarrak eta jardunbide egokiak sustatu eta dinamizatzea bere eskumeneko eremuan.
f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
27. artikulua. Zuzendaritzarako Informazio Sistemen Bulegoa.
Zuzendaritzarako Informazio Sistemen Bulegoa Informazio Sistema Zentralen Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabakiak hartzeari loturiko datuak ikusi eta informazioa lortzeko sistemak eta programak ezarri eta haien jarraipena eta kontrola egiteko lanak kudeatu eta egitea.
b) Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabakiak hartzeari loturiko datuak ikusi eta informazioa lortzeko sistemen eta programen zerbitzu maila garatu eta horren jarraipena egitea.
c) Foru Administrazioko departamentuekin eta erakunde autonomoekin eta Zuzendaritza Nagusiko gainerako unitateekin harremana eta koordinazioa izatea, zuzendaritzarako informazio sistemen euskarri diren datuak identifikatu, atera eta mantentzeko.
d) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
2. ATALA
Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzua
28. artikulua. Sistemen Bulegoa.
Sistemen Bulegoak, Azpiegitura Teknologikoen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabilitako informazio sistemen euskarri diren azpiegitura teknologikoen zerbitzu maila ezarri eta garatzeko lanak zuzendu, haien jarraipena egin eta, behar izatera, horiek gauzatzea (ordenagailu zentrala, zerbitzu orokorretako eta departamentuetako zerbitzariak, lan-estazioak, etab.).
b) Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabilitako informazio sistemen euskarri diren azpiegitura teknologikoen oinarrizko softwarearen administrazio teknikoko lanak zuzendu eta jarraipena egitea eta, behar izatera, horiek gauzatzea (sistema eragileak, datu baseak, teleprozesu monitorea, etab.).
c) Lehen mailako euskarriaren eskalatzea dela-eta gertatzen diren gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea.
d) Zuzendaritza Nagusiak kudeatu eta mantentzen dituen sistema korporatiboetako eta transakzio sistemetako informazioaren segurtasun eta biltegiratze arauak garatu eta haien jarraipena egitea.
e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
29. artikulua. Ekoizpen Bulegoa.
Ekoizpen Bulegoak, Ekoizpen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Informazio sistema nagusien erabiltzaileekiko harremana zuzendu, kontrolatu eta horren jarraipena egitea, euskarri digitalean edo bestelako bitartekoetan dauden datuak igorri eta jasotzeari dagokionez.
b) Informazio sistema nagusien erabiltzaileekiko harremana zuzendu, kontrolatu eta horren jarraipena egitea, erabiltzaileek eskatutako prozesuak egiteari dagokionez.
c) Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen parke mikroinformatikoaren mantentze-lana kontrolatu eta horren jarraipena egitea.
d) Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen parke mikroinformatikoaren inbentarioa mantendu eta horren jarraipena egitea.
e) Ekipamendu mikroinformatikoaren eta azken erabiltzailearen software oinarrizkoaren hornidura eta instalaziorako espedienteak kudeatzea.
f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
3. ATALA
Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzua
30. artikulua. Erietxeentzako Laguntza Informatikoaren Bulegoa.
Erietxeentzako Laguntza Informatikoaren Bulegoak, Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Osasun Zerbitzuan erabilitako informazio sistemen euskarri diren azpiegitura teknologikoen zerbitzu maila garatu eta horren jarraipena egitea (departamentuetako zerbitzariak, lan-estazioak, oinarrizko softwarea, etab.).
b) Lehen mailako euskarriaren eskalatzea dela-eta gertatzen diren gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea Nafarroako Osasun Zerbitzuan.
c) Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak kudeatu eta mantentzen dituen sistema korporatiboetako eta transakzio sistemetako informazioaren segurtasun eta biltegiratze arauak garatu eta haien jarraipena egitea.
d) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
4. ATALA
Laguntza Administratiboaren Atala.
31. artikulua. Araubide Administratiboaren Bulegoa.
Araubide Administratiboaren Bulegoak, Laguntza Administratiboaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren kontrataziorako espediente guztien tramitazioaren, artxibatzearen eta kontrolaren jarraipena egitea; horietatik kanpo gelditzen dira beste unitate organiko batzuek tramitatu behar dituztenak.
b) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
VI. KAPITULUA
Idazkaritza Tekniko Nagusia
32. artikulua. Idazkaritza eta Dokumentazio Bulegoa.
Idazkaritza eta Dokumentazio Bulegoak, Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Idazkaritza Tekniko Nagusian tramitatzen diren espedienteen jarraipena, artxiboa eta kontrola egitea.
b) Laguntza administratiboa ematea otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuaren 6. artikuluan aurreikusitako eginkizunetan. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen Erregelamendua onetsi zen.
c) Araubide Juridikoaren Atalari eta Barne Araubideko Atalari laguntza administratiboa ematea.
d) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
33. artikulua. Langileriaren Kudeaketarako Bulegoa.
Langileriaren Kudeaketarako Bulegoak, Barne Araubideko Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Departamentuari atxikitako langileen arloko gaiak tramitatzea, salbu eta foru agindu honen 16. artikuluan aipatzen diren langileenak, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoetako langileriaren arloko eskudantziak zehazten ditu.
b) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
34. artikulua. Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa.
Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoak, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiaren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren eta Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren diru-sarreren eta gastuen espedienteen kontrola, jarraipena eta kontabilizazioa.
b) Esleipen kodeak prestatzea fakturak kontabilizatzeko eta kodea kudeaketa zentroari jakinaraztea.
c) Kutxako aurrerakinen kontuak eta justifikatu beharreko ordainketa-aginduen koordinazioa, jarraipena eta kontrola.
d) Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari eta Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari esleitutako aurrekontuaren betetzea kontrolatzen laguntzea.
e) Kontabilitateko informazioa artxibatu, zaindu eta kontrolatzea.
f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
35. artikulua. Barne Zuzendaritza Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa.
Barne Zuzendaritza Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Barne Zuzendaritza Nagusiko eta Nafarroako Foruzaingoko diru-sarrera eta gastuen espedienteen kontrola, jarraipena eta kontabilizazioa.
b) Esleipen kodeak prestatzea fakturak kontabilizatzeko eta kodea kudeaketa zentroari jakinaraztea.
c) Kutxako aurrerakinen kontuak eta justifikatu beharreko ordainketa-aginduen koordinazioa, jarraipena eta kontrola.
d) Barne Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Foruzaingoari esleitutako aurrekontuaren betetzea kontrolatzen laguntzea.
e) Kontabilitateko informazioa artxibatu eta kontrolatzea.
f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
36. artikulua. Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa.
Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia Atalari atxikia dago, eta, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari, Babes Zibilerako Zerbitzuari eta Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Atalari dagokienez, eginkizun hauek ditu:
a) Gastuen eta diru-sarreren espedienteen kontrola, jarraipena eta kontabilizazioa.
b) Esleipen kodeak prestatzea fakturak kontabilizatzeko eta kodea kudeaketa zentroari jakinaraztea.
c) Kutxako aurrerakinen kontuak eta justifikatu beharreko ordainketa-aginduen koordinazioa, jarraipena eta kontrola.
d) Aurrekontuaren betetzea kontrolatzen laguntzea.
e) Azterlanak, txostenak eta proiektuak prestatzea, dagokion esparruan.
f) Kontabilitateko dokumentazioa artxibatu, gorde eta kontrolatzea.
g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
37. artikulua. Justizia Zuzendaritza Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa.
Justizia Zuzendaritza Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoak, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Justizia Zuzendaritza Nagusiko diru-sarrera eta gastuen espedienteen kontrola, jarraipena eta kontabilizazioa.
b) Esleipen kodeak prestatzea fakturak kontabilizatzeko eta kodea kudeaketa zentroari jakinaraztea.
c) Kutxako aurrerakinen kontuak eta justifikatu beharreko ordainketa-aginduen koordinazioa, jarraipena eta kontrola.
d) Herritarrek Justizia Zuzendaritza Nagusiarekin izaten dituzten harremanak ukitzen dituen diruzaintzaren kudeaketa.
e) Justizia Zuzendaritza Nagusiari esleitutako aurrekontuaren betetzea kontrolatzen laguntzea.
f) Kontabilitateko dokumentazioa artxibatu, gorde eta kontrolatzea.
g) Epaitegiei eta lekukoei informazioa ematea zigor arloko ahozko judizioetara joateagatik sortutako bidaia eta mantenu gastuen ordainketari buruz.
h) Perituei informazioa ematea ordainsarien baldintzei, prestakuntzari eta ordainketari buruz.
i) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
VII. KAPITULUA
Nafarroako Administrazio Auzitegia
38. artikulua. Erregistro eta Izapide Bulegoa.
Erregistro eta Izapide Bulegoak, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Idazkaritzari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Auzitegiko Idazkaritzan aurkeztutako dokumentuak erregistratzea.
b) Espedienteak ireki eta erregistratzea.
c) Aurkeztutako dokumentazioa aztertu, sailkatu eta banatzea.
d) Auzitegiko gainerako lantokietatik telefonoz nahiz beste edozein bidez eskatutako argibideak ematea.
e) Ematen diren probidentziak transkribatu eta jakinaraztea.
f) Hartu izanaren agiriak jaso eta epeen konputua kontrolatzea.
g) Harremanak beste erakunde batzuekin.
h) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
39. artikulua. Ebazpenen eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioarekiko Harremanen Bulegoa.
Ebazpenen eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioarekiko Harremanen Bulegoak, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Idazkaritzari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Auzitegiak emandako ebazpenak transkribatu eta jakinaraztea.
b) Ebazpenen jakinarazpenak hartu izanaren agiriak jaso eta kontrolatzea.
c) Administrazioarekiko auzien organo jurisdikzionalei bidali beharreko espedienteak prestatzea.
d) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoen kasuan, interesdunei bertaratzeko probidentziak jakinaraztea.
e) Nafarroako Administrazio Auzitegiko artxiboa kudeatzea.
f) Auzitegiaren kudeaketa ekonomikoari dagozkion kontabilitateko dokumentuak prestatzea.
g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.
1. Foru agindu honetan ezarritako egituraren arabera izen berari eusten dioten bulegoetako buruen izendapenak berresten dira, haiek egin zireneko baldintza berberetan.
2. Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:
a) Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusian:
–Prestakuntza arloko Berrikuntza Bulegoko burua Prestakuntza Koordinatu eta Ebaluatzeko Bulegoko burua izanen da aurrerantzean.
b) Barne Zuzendaritza Nagusian:
–Logistikaren eta Ekipoen Unitateko burua Logistikaren eta Ekipoen Bulegoko burua izanen da aurrerantzean.
–Prestakuntza eta Gainbegiratze Unitateko burua Prestakuntza eta Gainbegiratze Bulegoko burua izanen da aurrerantzean.
–Langileriaren Kudeaketarako Unitateko burua Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoko burua izanen da aurrerantzean.
c) Justizia Zuzendaritza Nagusian:
–Justiziako Langileen Bulegoko burua Langileriaren eta Bulego Judizial Berriaren Bulegoko burua izanen da aurrerantzean.
–Gizarteratzen Laguntzeko Bulegoko burua Gizarte Zerbitzuekiko Lankidetza Bulegoko burua izanen da aurrerantzean.
b) Idazkaritza Tekniko Nagusian:
–Kudeaketa Ekonomikoaren Unitateko burua Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoko burua izanen da aurrerantzean.
Bigarren xedapen gehigarria.–Bulegoak eta unitateak kentzea.
1. Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko bulego hauek kendu dira:
–Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa.
2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko bulego hauek kendu dira:
–Prestakuntza arloko Berrikuntza Bulegoa
–Euskarazko Prestakuntza Bulegoa.
3. Barne Zuzendaritza Nagusiko unitate hauek kendu dira:
–Langileriaren Kudeaketarako Unitatea.
–Logistikaren eta Ekipoen Unitatea.
–Ibilgailu eta Ekipamendu Berezien Unitatea.
–Prestakuntza eta Gainbegiratze Unitatea.
–Larrialdien Koordinaziorako Laguntza Unitatea.
4. Justizia Zuzendaritza Nagusiko bulego hauek kendu dira:
–Justiziako Langileen Bulegoa.
–Gizarteratzen Laguntzeko Bulegoa.
5. Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko bulego hauek kendu dira:
–Lurraldeko Informazio Sistemen Bulegoa.
6. Idazkaritza Tekniko Nagusiko unitate hauek kendu dira:
–Kudeaketa Ekonomikoaren Unitatea.
Xedapen indargabetzailea
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.
Indargabetu egin dira foru agindu honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki:
–143/2013 Foru Agindua, ekainaren 12koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena bulegoen mailan.
–774/2011 Foru Agindua, azaroaren 7koa, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuko kontseilariak emana, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren egitura organikoa ezartzen duena, unitateen mailan.
AZKEN XEDAPENA
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2016ko apirilaren 5ean.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1603961
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
