Iragarkia
61. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ANTSOAIN
Deialdia, giza baliabideetako eta laneko arriskuen prebentzioko teknikari lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda oposizio-lehiaketa bitartez osatzeko, sortzen
diren beharrei erantzutearren
Tokiko Gobernu Batzarrak 2016ko martxoaren 2an egin bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi ziren giza baliabideetako eta laneko arriskuen prebentzioko teknikari lanpostua oposizio-lehiaketa bitartez eta aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdiaren oinarriak, jarraian argitaratzen direnak, sortzen diren premiei erantzun beharrez.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Antsoainen, 2016ko martxoaren 4an.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.
OINARRIAK
Lehena.–Arau orokorrak.
Deialdia egin da, giza baliabideetako eta laneko arriskuen prebentzioko teknikari lanpostua aldi baterako kontratazio administratiboarekin betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko, Antsoaingo Udalean sortzen diren beharrei aldi baterako erantzutearren.
1.1. Lanpostuak B mailako lansariak izanen ditu, baita plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak ere, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Antsoaingo Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.
1.2. Lanpostuari oro har dagozkion eginkizunak hauek dira:
a) Giza Baliabideen Zerbitzuaren kudeaketa:
–Planen, programen eta aurrekontuen proposamenak prestatzea Zerbitzurako.
–Bere jarduketa esparruarekin lotura duten eta Udalaren interesekoak izan daitezkeen programen eskaeraz, tramitazioaz eta jarraipenaz arduratzea, ezarritako prozedurei jarraituz.
–Bere eginkizunak betetzeko behar diren harremanak ezarri eta garatzea bertze erakunde, entitate profesional eta abarrekin (Nafarroako Gobernua, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, lan ikuskatzailetza, laneko mutualitatea).
–Aholku ematea arduradun politikoei negoziazio kolektiboei buruz eta/edo negoziazio prozesuetan buru izatea.
–Antolaketa egitura aztertzea eta hobekuntzak proposatu eta ezartzea antolaketan.
–Eginkizunen liburuxka prestatu eta eguneraturik edukitzea.
–Lan arloko arauak eta Gizarte Segurantzakoak interpretatu eta aplikatzea.
–Udaleko langileen informazio sistema zehaztu eta eguneraturik edukitzeaz arduratzea, une oro jakiteko zein den plantillaren egoera eta bilakaera.
–Langileak modu desberdinetan kontratatzeko beharrezkoa den dokumentazioa prestatu eta xedatzea, jarraipena eta kontrola egitea aurreikusten diren mugaegunetan, eta, kasua bada, tramitazioa egitea Udalarekin kontratu bidezko harremana berritu, aldatu edo bukatzean.
–Giza baliabideen gaineko politikak proposatu eta garatzea (hautapena, prestakuntza, komunikazioa...).
–Laguntzako kontratuen, kontratazio pleguen eta abarren jarraipenaz arduratzea, bere arlokoak direnean.
–Langile Batzordera joatea hilabetean behingo bilera arruntetara, baita egiten diren bilera berezietara ere.
b) Prebentzio programen kudeaketa:
–Laneko arriskuen prebentzio plana prestatzea, honako hau ezarriz agiri batean: prebentzio politika (alkatearen sinadura), urtebeteko helburuak, antolaketa eredua, eginkizunak eta erantzukizunak adieraziz laneko arriskuen prebentzioan, eta jarduera funtsezkoak eta orokorrak planifikatuz. Prebentzio planaren jarraipena, bisitak, elkarrizketak eta barneko jakinarazpenak eginez, gorabeherak itxiz eta aurrekontuak, arduradunak, aurreikuspen datak eta exekuzio datak jasoz.
–Kanpoko prebentzio zerbitzuarekin izenpetutako kontratuaren jarraipena egitea.
–Laneko Osasun Batzordeari jakinaraztea eta bitartekaritza lanak egitea kanpoko prebentzio zerbitzuaren eta Udalaren artean.
–Jarduteko protokoloak, txosten teknikoak eta prebentzioari buruzko araudiaren azterketak egitea, Udalean aplika daitezen. Problema zehatzen konponketak bilatzea, enpresen edo instituzio publikoen bitartez. Dei telefonikoen, simulakroen, ofizioen, elkarrizketen eta abarren bidez.
–Lanpostu bakoitzean norbera babesteko behar diren ekipoak aztertzea: haien ezaugarriak, prezioak, eskariak, hornitzaileekiko hartu-emanak, langileei informazioa ematea erabiltzeko moduari buruz eta abar.
–Lanpostuak prestakuntza aldetik dituen beharrak aztertzea, eta horrek dakar prestakuntza planifikatzea, lehentasunak ezartzea arriskuen arabera eta egutegiak adostea kanpoko prebentzio zerbitzuarekin.
–Planifikatu, aztertu eta datuak biltzea kanpoko prebentzio zerbitzuak larrialdietako planak egin ditzan.
–Istripuen kasuak sistematikoki aztertzea arrazoiak ezagutzeko, neurriak proposatzeko, zuzendaritzei jakinarazteko eta jarraibide zehatzak emateko etorkizuneko jarduketetan.
–Langile berrien egoera eta baldintzak kontrolatzea, hasierako azterketak eskatzea kanpoko prebentzio zerbitzuari eta azterketen emaitzak kontrolatzea, beharrezko txostenak eginez.
–Laneko arriskuen prebentzioari buruzko dokumentazio guztia eguneraturik eta egokiturik edukitzea.
–Prebentzio jarduna planifikatzea, prozedurak prestatuz eta egokituz (harrera egiteko, erosteko, enpresa jarduerak koordinatzeko eta abar).
–Enpresa jarduerak koordinatzeko prozedura egitea eta betetzen dela bermatzea, aldian behingo kontrolaren eta zaintzaren ondorioz zuzendu gabe dauden gorabeherak konponduz.
c) Agintzen zaion beste edozein eginkizun, lanpostuarekin lotura badu eta bere mailaren barrenean badago.
Bigarrena.–Betebeharrak.
2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.
Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko graduatuaren, diplomatuaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edo haien baliokidea den beste bat edukitzea, edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekina, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru kurtsoak osorik gaindituak izatea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.
2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen diren titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi honen 9.7 atalean ezarritakoarekin bat.
2.3. Oinarri honetako betekizun guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.
Hirugarrena.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Antsoaingo Udaleko Erregistroan (Udaletxeko plaza, 1) aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 egun naturaleko epean eta azken eguneko 14:00ak arte, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.
Halaber, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Antsoaingo Udalaren Erregistro Orokorrean. Erregistro hori Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan dago (www.ansoain.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.
3.2. Eskabideak II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio. Horiek Udaleko bulego orokorretan eskura daitezke, baita Interneten ere, www.ansoain.es helbidean. Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.
3.3. Eskabidearekin batera, izangaiek nortasun agiri nazionalaren kopia aurkeztu behar dute, baita titulazioaren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak eta lehiaketako baremazioan kontuan hartzea nahi dituenak ere, ondokoaren fotokopia konpultsatua aurkeztuz: 2.1.C) oinarriko titulazioa, hura lortzeko eskubideak eskabideak aurkezteko epea baino lehenago ordaindu izanaren frogagiria, eta aurkeztutako gainerako dokumentazioa.
3.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.
3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Laugarrena.–Izangaien onarpena.
4.1. Behin-behineko zerrendak.
Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Antsoaingo Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du Antsoaingo Udaleko iragarki oholean eta Udalaren web-orrian (www.ansoain.es) argitara dadila. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.
Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 5 egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.
4.2. Behin betiko zerrendak.
Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du www.ansoain.es Udalaren web orrian eta iragarki oholean bakarrik argitaratzeko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.
Bosgarrena.–Lehiaketa.
Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu ondotik aipatzen den merezimendu baremoari jarraikiz. Merezimendu guztiak alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, hautapen prozedura honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Merezimenduen balorazioa eginda, jendaurrean jarriko dira emaitzak Antsoaingo Udalaren iragarki oholean eta bere web orrian (www.ansoain.es). Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 30 puntu lortu ahalko dira. Honela baloratuko da:
5.1. Lanbideko esperientzia:
a) Puntu bat, urte oso bat giza baliabideetako teknikari eta/edo langileen teknikari lanpostuan lan egiteagatik administrazio publiko batean. Gehienez ere, 3 puntu.
b) Puntu bat, urte oso bat laneko arriskuen prebentzioko teknikari lanpostuan lan egiteagatik administrazio publiko batean. Gehienez ere, 3 puntu.
c) 0,5 puntu, urte oso bat giza baliabideetako teknikari eta/edo langileen teknikari lanpostuan lan egiteagatik entitate pribatu batean. Gehienez ere, 2 puntu.
d) 0,5 puntu, urte oso bat laneko arriskuen prebentzioko teknikari lanpostuan lan egiteagatik entitate pribatu batean. Gehienez ere, 2 puntu.
Urtebetetik beherako aldiak proportzioan puntuatuko dira, lan bizitzaren txostenari jarraituz. Sei hilabetetik gorako lan-kontratuak baloratuko dira soilik.
5.2. Prestakuntza osagarria:
a) Giza baliabideen planifikazio, kudeaketa eta/edo antolaketarekin zuzenean lotutako ikastaroak, toki entitateen eremuan onarpen ofiziala duten erakundeek, ikastetxe publikoek eta unibertsitateek antolatuak, bakoitzeko: puntu 1 emanen da prestakuntzako 100 orduko (gehienez ere 2,50 puntu); proportzioan puntuatuko dira.
b) Giza baliabideen planifikazio, kudeaketa eta/edo antolaketarekin zuzenean lotutako ikastaroak, onarpen ofiziala duten erakundeek, ikastetxe publikoek eta unibertsitateek antolatuak, bakoitzeko: 0,5 puntu emanen da prestakuntzako 100 orduko (gehienez ere 2,50 puntu); proportzioan puntuatuko dira.
c) Unibertsitate batek frogatutako prestakuntza, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduaren VI. eranskinean zehazten den programako edukia duena (urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Gehienez ere 2,50 puntu.
d) Goi mailako prestakuntza, lan agintaritza eskudunak frogatua, gutxienez 600 ordukoa prebentzioko hiru espezialitate edo diziplinetako batean: Laneko Segurtasuna, Industria Higienea eta Ergonomia eta Psikologia Aplikatua. Gehienez ere 2,50 puntu.
5.3. Euskaraz jakitea. Gehienez ere 10 puntu EGA edo C1 izateagatik. Horien azpiko titulazioei puntu hauek emanen zaizkie: A1 tituluak 2 puntu izanen ditu, A2 tituluak 4 puntu, B1 tituluak 6 puntu eta B2 tituluak 8 puntu. Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiriaren bidez edo baliokidetzat jotzen den titulu baten bidez frogatzen ahal da. Izangaiak ez badauka entitate eskudunak emandako ziurtagiri ofizialik, NAPIn proba egiteko aukera dauka. Erakunde horrek 0 eta 10 punturen arteko puntuazioa emango dio. Euskararen proba egin nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean. Proba hori oposizioaldirako ezarritako probak burututa eginen da.
Epaimahaiak Antsoaingo Udaleko iragarki oholean eta webgunean emanen ditu lehiaketako puntuazioak.
Seigarrena.–Oposizioaldia.
Hautapen prozesua bi proben bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztergarriak izanen dira.
6.1. Proba teorikoa.
Proba teorikoa, deialdi honen I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 80 galdera erantzun beharko dira gehienez, idatziz, gehienez ere ordubetez. Galdera bakoitzak hiru erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.
Zati hori 30 punturekin baloratuko da gehienez. Akatsek penalizazioa izanen dute, zuzen erantzundakoari ematen zaion balorearen %50ekoa. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (15 puntu).
Bigarren probarako deia eginen zaie, lehenbiziko proba gaindituta, horretan puntuaziorik handiena lortu duten 20 pertsonei.
Deialdi honen xedeko zerrendak agortuz gero kontrataziorako izangairik ez izateagatik, deialdi osagarriak egin litezke proba praktikoa egin dezaten, lehendabiziko proba gaindituta gutxienez 15 punturekin, bigarren proba egiteko deia jaso ez dutenek.
Edonola ere, deialdi osagarri horiek gainditzen dituzten izangaiak lehenbiziko deialdian gainditu duten izangaien atzetik joanen dira kontratazio zerrendan.
Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.
Izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa jendaurrean jarriko da, Udaletxeko iragarki oholean eta Udalaren web orrian, baita hurrengo ariketa noiz non eginen den ere, gutienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
6.2. Proba praktikoa.
Proba praktikoa: I. eranskineko gaiekin lotuta, ariketa praktiko bat edo batzuk egin beharko dira.
Epaimahaiak zehaztuko du proba horretako ariketak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.
Proba honetan gehienez ere 40 puntu lortzen ahal dira, eta ariketa bakoitzaren balorazio proportzionala eginen da, alegia, 40 puntu horien eta egin beharreko ariketa kopuruaren zatidura izanen da. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez, proba praktiko osoa eta ariketa bakoitza banan-banan kontuan harturik.
6.3. Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
6.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Zazpigarrena.–Epaimahaia.
7.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
Epaimahaiko burua: Ander Andoni Oroz Casimiro, Antsoaingo Udaleko alkatea.
Ordezko mahaiburua: Cesar de Luis Murugarren, Antsoaingo Udaleko bigarren alkateordea.
Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Laneko Arriskuak Prebenitzeko Alorreko teknikari bat.
Ordezko mahaikidea: Iruñeko Udaleko Laneko Arriskuak Prebenitzeko Alorreko teknikari bat.
Mahaikidea: Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak izendatzen duen teknikaria.
Ordezko mahaikidea: Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak izendatzen duen teknikaria.
Mahaikidea: langileen ordezkariek proposatutakoa.
Ordezko mahaikidea: langileen ordezkariek proposatutakoa.
Epaimahaikide idazkaria: María Raquel Pérez de Iriarte Matero, Antsoaingo Udaleko idazkaria.
Ordezko mahaikide idazkaria: Jesús María Llorens García, Berriobeitiko Udaleko idazkaria.
7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.
Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
Zortzigarrena.–Emaitzak.
8.1. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik bigarren probako (praktikoa) lehenbiziko zatian zein den puntuaziorik handiena. Berdinketak irauten badu, proba praktikoan puntuaziorik altuena lortu duenaren alde ebatziko da, eta, hala ere berdinketak iraunez gero, zozketa bat eginen da, epaimahaiak horretarako prestatuko duena. Zozketaren emaitzak web orrian (deialdiaren aipuan) eta Antsoaingo Udaleko iragarki-oholean argitaratuko dira.
8.2. Behin proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Antsoaingo Udalaren iragarki oholean eta webgunean (www.ansoain.es) jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.
Izangaietako batek ere ez baditu proba guztiak gainditzen edo gaindituta ere administrazio dei-egileak kontratatzerik nahi ez badu, Udalak kontratatu ahalko du oposizioko ariketa teorikoa gainditu duen hurrengo izangaia, hautapenaldian lortutako puntuazio ordenari zorrotz jarraituz.
8.3. Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera jarria, Tokiko Gobernu Batzarrari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, onetsia izan dadin.
Bederatzigarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.
9.1. Gainditu duten izangaiei Antsoaingo Udalean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.
9.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez. Behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak Antsoaingo Udalak egiaztatuko ditu.
9.3. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.
9.4. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Deialdiaren xedeko izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraietan, eta dei horren frogak utziko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saioarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori egiten denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.
Izangai batekin harremana izanik, eta kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 9.5 atalean xedatutakoarekin bat.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Izendapena eginda, eskaera egin duen toki entitateak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.
9.5. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:
a) Aldi baterako ezintasuna.
b) Amatasun edo aitatasun baimena.
c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.
d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.
e) Ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalean bada.
f) Kontratazioren bat indarrean izatea, administrazio araubidekoa edo lanekoa izan.
2.–Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
Kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean aurkezten ez bada, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Non eta jakinarazpen hori egiten ez den, ez zaie lanposturik eskainiko.
9.6. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:
a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu frogagarrian egiaztatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
c) Lanpostua bertan behera uztea.
d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan aurreikusi den kasuetan.
e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
f) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.
9.7. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
Hamargarrena.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bertzenaz,
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.
c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA
1. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
2. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.
3. gaia.–Ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena.
4. gaia.–Azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duena.
5. gaia.–Uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretua, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamendua onesten duena.
6. gaia.–Ekainaren 12ko 117/1985 Foru Dekretua, Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen diziplina araubidearen gaineko erregelamendua onesten duena.
7. gaia.–Irailaren 2ko 68/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituena.
8. gaia.–Apirilaren 12ko 7/2007 Legea, Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuari buruzkoa.
9. gaia.–Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa.
10. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa. Azaroaren 8ko 31/1995 Legea, Laneko arriskuen prebentzioari buruzkoa eta urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretua, Prebentzio zerbitzuen Erregelamendua onesten duena: egitura eta edukiaren azterketa.
11. gaia.–Segurtasun eta osasun arloko araudia, lantokiei buruzkoa.
12. gaia.–Segurtasun eta osasun arloko araudia, enpresa jardueren koordinazioari buruzkoa.
13. gaia.–Lantokietako autobabes planei eta larrialdiko neurriei lotutako araudia. Autobabes planak ezartzea eta mantentzea. Suteen prebentzioa.
14. gaia.–Laneko ekipamenduaren erabileraren ondoriozko arriskuen prebentzioa eta araudia.
15. gaia.–Eragile fisikoen arriskuak identifikatu, ebaluatu eta prebenitzeko neurriak lantokian.
16. gaia.–Eragile kimikoen arriskuak identifikatu, ebaluatu eta prebenitzeko neurriak lantokian.
17. gaia.–Eragile biologikoen arriskuak identifikatu, ebaluatu eta prebenitzeko neurriak lantokian.
18. gaia.–Alderdi ergonomikoen arriskuak identifikatu, ebaluatu eta prebenitzeko neurriak lantokian.
19. gaia.–Alderdi psikosozialen arriskuak identifikatu, ebaluatu eta prebenitzeko neurriak lantokian.
II. ERANSKINA
–Eskabidea (PDF).
Iragarkiaren kodea: L1602783
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
