61. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak martxoaren 1ean emandako 497/2016 Ebazpenaren bitartez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gizarte zerbitzuen ikuskatzaileen hiru lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzekoa.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, martxoaren 1ean emandako 497/2016 Ebazpenaren bitartez, deialdia onetsi du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gizarte zerbitzuen ikuskatzaileen hiru lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko.

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Aditzera ematen da gizarte zerbitzuen ikuskatzaileen hiru lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko deialdia egin dela. Lanpostuak Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari atxikiak daude, eta Iruñean dute destinoa. 8287, 9382 eta 9383 plantilla-zenbakiak dituzte.

1.2. Lanpostuaren ahalmenak eta eskudantziak honako hauek dira, besteak beste:

–Edozein unetan, eta aldez aurretik abisatu gabe, gizarte zerbitzuen arloko –jarduketak izaten dituzten higiezinetan sartzea.

–Higiezin horiei dagokienez, instalazio, lokal eta eranskin guztietan sartzea eta, oro har, ikuskapenari lotutako jarduerak garatzen diren toki eta eremu guztietan. Higiezina pertsona fisiko edo juridiko baten helbidea bada, eta horrek ez badu baimenik ematen bertan sartzeko, baimen judiziala eskatu beharko da.

–Era guztietako egiaztapen materialak egitea, hala nola, neurketak, argazkiak, bideoak, krokisak eta/edo planoak, laginak hartzea, instalazioen edo ekipamenduaren edozein elementu egiaztatzea.

–Dokumentuen, kontabilitatearen eta erregistroen arloko egiaztapenak egitea, bai paperean bai euskarri informatikoan. Ahalmen horrek berarekin dakar dokumentuen edo horien zati baten kopiak edozein euskarri eta formatutan lortzea, eta/edo dokumentu inprimatuak.

–Zerbitzuaren edo prestazioaren funtzionamenduari buruzko edozein egiaztapen mota egitea, langileen, programen eta kalitatearen betebeharren gainekoak barne, eta, oro har, araudiak eskatzen dituen guztiak.

–Gizarte zerbitzuen hartzaileekin elkarrizketatzea, edo beren legezko ordezkariekin, bai eta ikuskatutako zerbitzu eta entitateetako langileekin ere.

–Gizarte zerbitzuetako zerbitzu eta entitateei txostenak, datuak, azterlanak eta estatistikak eskatzea, bai eta ikuskapen lanak ongi egiteko garrantzia izan dezakeen beste edozein informazio mota ere.

–Ikuskapenaz kanpoko pertsonen aholkuak eta/edo balorazioa eskatzea, gaiaren berezitasuna dela eta, Gizarte Zerbitzuetako Ikuskapenaren ohiko zereginean eskatzen diren ezagutzak baino gehiago izatea eskatzen duten arloetan.

–Ikuskapeneko bisita batean ikusitako akats txikiak zuzen daitezela eskatzea, hori aktan jasoz; ondoren, ikuskatzailearen nagusi hurrenak berretsi edo deuseztatu beharko ditu.

–Beharrezkotzat jotzen diren kautelazko neurriak har daitezela proposatzea organo eskudunari.

–Gizarte Zerbitzuen Ikuskapenaren mende dauden jarduketak egiaztatzeko beharrezkoak diren eta arauz baimenduta dauden ekintzak egitea.

Eginkizun horiek gauzatzeko kontuan hartuko da, batez ere, deialdi honen III. eranskinean ezarritako araudia.

2.–Aplikatu beharreko arauak.

Lekualdatze lehiaketa honako arau hauei jarraikiz eginen da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; lanpostuak betetzeko Erregelamendua, hura garatu eta betearazteko emana eta azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia; ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duena; abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Agindua, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, merezimenduen baremoei buruzkoa; aplikatu beharreko gainerako arauak eta honako oinarri hauek:

3.–Betebeharrak.

3.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko ondoko betebehar hauek bete behar dira eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik esleitutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea eta jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

b) B maila edo taldekoa izatea.

c) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, deialdian eskatutako betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze lehiaketa honetan.

3.2. Lehiaketan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aitzin izangaiek zuten araubide juridikoa aldatzea. Gainera, izangaiek eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean jarraituko dute.

Baldintza horretatik salbuetsita daude Estatuko Administraziotik Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioak, MUFACEn afiliatuak eta, beraz, Estatuko Klase Pasiboen Araubidearen mende daudenak. Horiek, deialdiko lanpostua hartuz gero, araubide hori utziko dute eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira.

4.–Ordainsariak.

Lekuz aldatzen den langileak indarra duten xedapenek ezarritako ordainsariak jasoko ditu.

5.–Eskabidea, aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo erregistro horretako beste edozein bulegotan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideetakoren bat erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

5.2. Eskabideak deialdi honen eranskineko ereduari lotu behar zaizkio, eta, horietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredua Interneten bidez lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren aiputik abiatuta: “Tramiteak”, “Administrazioko langileentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”.

5.3. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Deialdiko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen frogagiriak.

Merezimendu guztiak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako eta aitortutako zerbitzuenak eta NAPIk emandako prestakuntza ikastaroenak izan ezik, alegatu eta agiri bidez frogatuko ditu izangai bakoitzak lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia.

Askitzat joko da eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazio horren kopia hutsak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak zehazkabeak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

6.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

6.2. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

6.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

6.4. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

7.–Epaimahaiko kideak.

Honako hauek osatuko dute lehiaketako epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Carmelo Ayerra Gurpegui jauna, Eskubide Sozialetako Departamentuko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezkoa: Antidio Martínez de Lizarrondo Artola jauna, Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Mahaikidea: José Miguel Olcoz Amátriain jauna, Eskubide Sozialetako Departamentuko gizarte zerbitzuen ikuskatzailea.

–Ordezkoa: Pilar Ferrero Peso andrea, psikologoa, Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikia.

–Mahaikidea: Javier de Prada Pérez jauna, Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Desgaitasuna duten Pertsonentzako Zerbitzuen Ataleko burua.

–Ordezko batzordekidea: María Belén Sola Mateos andrea, Eskubide Sozialetako Departamentuko Plangintza eta Ebaluazio Ataleko burua.

–Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

–Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

–Mahaikide-idazkaria: Maider Izco Sanz andrea, Eskubide Sozialetako Departamentuko lkuskapen Ataleko burua.

–Ordezkoa: Ignacio Iriarte Aristu jauna, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Mendekotasunaren Arretaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikorako aholkulari espezialistak biltzen ahalko ditu epaimahaiak. Aholkulari horiek beren espezialitatean baizik ez dira ariko eta horretan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Merezimenduen kalifikazioa.

8.1. Alderdi hauek baloratuko dira, hurrenez hurren:

a) Merezimenduak:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere 35 puntu.

–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: gehienez ere 25 puntu.

– Hizkuntzak jakitea: gehienez ere 18,45 puntu.

b) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere 15 puntu.

c) Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez ere hogeita 25 puntu.

Deialdi honen 8.3 eta 8.4 oinarrietan ezarritako proba psikoteknikoa eta proba praktikoa egiteko abisua gutxienez 5 egun natural lehenago eginen zaie izangaiei. Horretarako, epaimahaiak iragarkiak jarriko ditu bai Nafarroako Gobernuko iragarki oholean, bai eta Interneten bidez ere, www.navarra.es helbidean, deialdiaren aiputik abiatuta, “Tramiteak”, “Administrazioko langileentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”.

8.2. Merezimenduak.

Alegatu eta frogatzen diren merezimenduak II. eranskin gisa erantsitako baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko dira.

Merezimendu guztiak alegatu eta kopia soilen bidez frogatuko ditu izangai bakoitzak lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako eta aitortutako zerbitzuenak eta NAPIk emandako prestakuntza ikastaroenak izan ezik, horiek zuzenean helaraziko baitizkio deialdia egin duen organoak epaimahaiari.

Aurkeztutako agirietan edo datuetan zehaztasunik eza edo faltsutasunik atzemanez gero, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatuko dira.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

8.3. Txosten psikoteknikoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko dagokion atalak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan baloratuko da izangaia deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien. Atal horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da lehiaketako epaimahaiarentzat.

8.4. Lanpostuaren eginkizunei eta edukiari buruzko proba praktikoa, III. eranskinean ezarritako araudiaren arabera egin beharrekoa.

Lehiaketako epaimahaiak egoki baderitzo, izangai bakoitzak ahoz azaldu eta defendatuko du proba praktikoa. Agerraldi horretan, aurkeztu diren merezimenduei buruzko galderak eta lehiaketaren xede den lanpostuaren ezaugarrietara nola egokitzen den ikusteko galderak ere egiten ahalko zaizkio.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu behar dira gainditzeko.

Proba praktikoa ahoz azaldu eta defendatzeko ekitaldira agertzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da, besterik gabe.

Proba hau gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketaren gainerako ataletako puntuazioari batuko zaio, bakoitzak guztira lorturiko puntuazioa ateratzeko.

8.5. Lehiaketaren osagaien kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak lehiatzaileek lorturiko puntuazioak paratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, eta bost eguneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinketa hausten ez bada, lehiatzaile zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

9.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa, agirien aurkezpena eta izendapen proposamena.

Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko puntuazioak Nafarroako Gobernuko iragarki oholean paratuko ditu, deialdia egin duen organoari igorriko dio, espediente osoaz gainera, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa gainditu duten izangaien zerrenda, haietariko bakoitzak baremoko atal guztiak batu eta lorturiko azken puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik altuenak lortu dituzten izangaiak izendatzeko proposamena eginen du.

10.–Izendapena eta lanpostuaren esleipena.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak proposatzen diren lehiatzaileak izendatuko ditu, gizarte zerbitzuen ikuskatzaileen lanpostuetan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.–Lanpostuaren jabetza hartzea.

Izangai izendatuek lanpostuaren jabetza hartu beharko dute izendapenaren eta esleipenaren Ebazpena jakinarazi ondoko hamar egun naturaleko epean.

Epe horretan hala egiten ez badute, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, deialdiaren xedeko lanpostua betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Halakoetan, hutsuneak deialdiko 9. oinarriak aipatzen duen zerrendan sarturiko hurrengo izangaiek beteko dituzte.

12.–Aurkeztutako agiriak.

12.1. Izangaiek aurkezten dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe eskatu ondotik, betiere erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori izendapenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da.

12.2. Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

12.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2016ko martxoaren 1ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Lekualdatze lehiaketan onartua izateko eskabidea

PDF formatuko artxiboa.

WORD formatuko artxiboa.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1) Deialdi honetan eskatzen diren maila/talde eta titulazioko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: 1,50 puntu, urte bakoitzeko.

2) Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,37 puntu, urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, irakastorduen zatikiak proportzionalki kalkulatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, Estatukoa edo nazioartekoa.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatutako mailakoak ez direnak: 4 puntu gehienez.

5) Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: 2 puntu gehienez.

6) Beste batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: 4 puntu gehienez.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 25 puntukoa izanen da gehienez.

Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

–Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko lan hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez.

–Euskaraz jakiteagatik: 3,45 puntu gehienez.

Ondorio horietarako, hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki haren baliokidea den titulua edo jakite maila edukiz gero, aurreko ataletan adierazi den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik edo balio berekotzat hartutako jakite mailarik eduki ezik, hizkuntza eskola ofizial batean gainditutako maila bakoitzagatik edo balio berekotzat hartutako jakite mailagatik gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen da eta, euskararen kasuan, orobat, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/2 emanen da.

Lau hizkuntza horietako bakoitzean izangaiak zer dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahal dira; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren 1/5 izanen du maila bakoitzak.

III. ERANSKINA

15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

209/1991 Foru Dekretua, maiatzaren 23koa, Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legea garatzen duena.

69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena.

221/2011 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duena.

186/2014 Foru Agindua, apirilaren 2koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Hirugarren Adineko eta Desgaitasuneko Egoitzetan loturak erabiltzeko protokoloa onesten duena.

34/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, Gizarte Zerbitzuen eta gizarte zerbitzuen gaineko Baimen Berariazkoen Erregistroa arautzen duena.

48/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 16koa, Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Ikuskatzaileen Araubidea ezartzen duena.

Iragarkiaren kodea: F1603187