61. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Ente instrumentalaren adierazpena

Honako honen bidez aditzera ematen da Eguesibarko Udalak, 2016ko martxoaren 1ean egindako osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu duela:

Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 8. artikuluan xedatutakoarekin bat, ente instrumental berekitzat hartuko dira mandatuak egiten dituzten entitateez bestelako nortasun juridikoa izanik, ondoko baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Bere kabuz erabakitzeko ahalmenik ez izatea, mandatua egiten duten entitateei dagokienez horiek beren zerbitzu edo unitateak kontrolatzen dituen antzerako kontrola egiten dutelako. Entitate instrumentala sozietate bat bada eta mandatua entitate publiko batek egiten badu, entitate instrumentalaren kapital sozial osoak titulartasun publikokoa izan beharko du.

b) Jardueraren funtsezko zatia mandatua egiten duten entitateentzat egitea.

Andacelay SLU udal sozietateak nortasun juridikoa dauka, Eguesibarko Udalaz bestelakoa eta aurretik zehaztutako baldintzak betetzen ditu. Hartara, Eguesibarko Udalaren ente instrumentalaren adierazpena jaso dezake prestazioak eskatzeko.

Bestalde, aurreko legezko xedapenaren arabera, beharrezkoa da Andacelay SLU sozietatearen berariazko adierazpena egitea Udalaren ente instrumental gisa, unean-unean bidezkotzat juzgatzen diren prestazioak eskatzeko. Mandatuen esparrua sozietatearen helburu sozialekoa izanen da soilik. Adierazpena Nafarroako Kontratazioaren Atarian iragarriko da, mandatuak zer esparrutakoak diren adierazita.

Aitzineko guztiaren babespean,

ERABAKI DA:

Alde hamar boto izanik (Geroa Bai 5, EH Bildu 2, Somos Eguesibar 2, Izquierda-Ezkerra 1), bat ere ez kontra eta zazpi abstentzio (UPN 6, PSN-PSOE 1):

1. Andacelay SLU sozietatea Eguesibarko Udalaren ente instrumental deklaratzea, 6/2006 Foru Legearen 8. artikuluan ezarritako ondorioetarako, eta zehaztea helburu sozialean ezarritako xedekoak edo jarduerakoak izan daitezkeela mandatuak. Honako hauetakoak, alegia:

A) Hirigintza arloan, herri lana, etxebizitza eta lurzoruaren udal ondarea:

a.–Kasuan kasuko profesionalak koordinatzea hirigintzako planeamendurako eta kudeaketarako tresnak prestatzeko, konpentsaziokoak nahiz birzatitzekoak, urbanizazio proiektuak egiteko, aholkularitza teknikoa eta juridikoa emateko, hirigintzako planifikazioan zein kudeaketan, hirigintzako azterlanak egiteko eta antolamendurako eta kudeaketarako proiektuak tramitatzeko ekimena izateko.

b.–Lurzoruaren sustapena hura eraldatuz eta urbanizatuz, jarduera ekonomiko berriak nahiz etxebizitzak ezartzeko. Jarduera horrek bilduko ditu, batetik, lurzoruaren urbanizazioa, eta bestetik, hiri prestakuntza eta berrikuntza edo eraberritzea eta hiri azpiegiturarako eta zerbitzuen ekipamendurako obrak egitea, beharrezkoak antolaketa planak gauzatzeko.

c.–Urbanizazioaren ondoriozko obrak kudeatu eta ustiatzea, horretarako kontzesioa lortuz gero, kasuan-kasuan aplikatu beharreko arauei jarraituz.

d.–Ondoriozko lurzatien besterentzea, interes publikoari gehien komeni zaion moduan.

e.–Babes publikoaren araubideren baten menpe dauden etxebizitzak sustatu eta eraberritzea, baita eraikuntzako elementu erantsiak eta osagarriak ere, eta industria nabeak sustatzea, hori guztia salmentaren nahiz alokairuaren araubidean.

f.–Lurzoruaren udal ondarearen administrazioa, eskua sartuz higiezinen merkatuan.

B) Ekipamendu komunitarioaren esparruan:

g.–Ekipamendu komunitarioaren sustapena eta kudeaketa, oro har.

h.–Ostatu zerbitzuak, instalazioak eta azpiegiturak sustatzea udal mugapean, hala nola hotelak, ostatuak, landetxeak eta bizitegi komunitarioak oro har; zahar etxeak, laguntzarekin edo laguntzarik gabe, eta ikasteko zentroak, unibertsitarioak izan ala ez.

i.–Kirol, kultura edo josteta instalazio berriak eraiki eta sustatzea; udal jabetzako instalazioak zaindu, eraberritu eta administratzea.

j.–Eraikuntza berriak edo zaharrak sustatu, eraiki eta zaintzea, ingurumen osasungarria eta jasangarria babestu eta sustatzeko.

k.–Zentro teknologikoak edo ikerkuntzakoak sustatu eta eraikitzea, jakintza zientifikoaren edo humanistikoaren adar desberdinetakoak.

C) Zerbitzu publikoak kudeatzeko esparruan:

l.–Udalaren kirol instalazioen eta beste kirol eremu batzuen kudeaketa egitea, baita Eguesibarko Udalaren beste edozein instalazio motatako zerbitzuei dagokiena ere. Ikastetxeei edo kirol klubei dagozkien beste instalazio publiko edo pribatu batzuen erabilera kudeatzea.

m.–Garbiketa zerbitzuak ematea udalerrian, bide publikoetan nahiz udal eraikuntza eta instalazioetan; eta mantentze-lanak berdegune eta lorategietan.

n.–Arte, hezkuntza, kultura, kirola, familiendako laguntza eta aisialdiaren arloko zerbitzuak kudeatzea.

o.–Jangelak kudeatzea desgaitasuna, mendekotasuna edo antzekoa dutenen zentroetan, hirugarren adinekoen zentroetan eta ikastetxe publikoetan (haur eskolak, eskolak eta institutuak).

p.–Zentro teknologikoak edo ikerkuntzakoak kudeatzea.

q.–Ingurumena zaintzeko zentroak kudeatzea.

r.–Nekazaritzaren, biomedikuntzaren, ingurumenaren, teknologiaren, artearen, humanitateen edo irakaskuntzaren arloetako ikerkuntzarekin lotura duten jarduerak antolatu eta sustatzea.

s.–Eguesibarko inguruan ingurumen osasungarria zaindu, kontserbatu eta sustatzeko jarduerak antolatu eta bultzatzea, edo helburu dutenak beste erakunde publikoekiko elkarlana handiagoa izatea.

t.–Era guztietako kirol jarduerak antolatu eta sustatzea, Eguesibarko herritarrek kirolerako duten gaitasuna garatu ahal izateko, kirolean maila guztietan aritzeko aukerak handituz. Kirol jarduerak sustatu eta laguntzea intereseko gizarte ekimen gisa.

u.–Maila goreneko lehiako eta ikuskizuneko kirol jarduerak sustatu eta laguntzea.

v.–Ibarreko kirol elkarteei beren prestakuntza jarduerak egiteko instalazioak eta baliabideak eskaintzea.

w.–Mota guztietako kirol eta kultur jarduerak antolatu eta sustatzea, Eguesibarko herritarrek beren gaitasun artistikoa eta kulturala gara dezaten, modu aktiboan zein pasiboan, maila guztietan. Arte eta kultur arloko jarduerak sustatu eta laguntzea intereseko gizarte ekimen gisa. Espazioen eta lokalen egokitzapena xedatu, eskaini eta sustatzea prestakuntzako, dibulgazioko eta exekuzioko jarduera artistikoak eta kulturalak garatzeko. Aisialdiko eta jostetako jarduerak sustatzea oro har.

D) Tokiko garapenaren eta jarduera ekonomikoen esparruan:

x.–Eguesibarko garapen ekonomikoa eta soziala sustatu eta bultzatzea eta Eguesibarko higiezinen ondarearen kudeaketa eta dinamizazioa bultzatzea. Horretako, eginkizun hauek beteko ditu:

i. Obrak eta zerbitzuak kudeatu eta ustiatzea, horretarako kontzesioa edo esleipena lortuz gero, kasuan-kasuan aplikatu beharreko arauei jarraituz.

ii. Bereak izanik, Udalak sozietateari atxikitzen dizkion egungo eta etorkizuneko lokalak eta lurzatiak kudeatu eta ustiatzea.

iii. Tokiko garapen jasangarria eta ingurumenaren babesa helburu dituzten jarduerak eta neurriak sustatzea.

iv. Arte, kultura eta ikerketa arloetako jarduerak sustatzea, tokiko garapenarekin lotura dutenean.

y.–Ostatuak eta jatetxeak.

z.–Administrazioko, logistikako eta komunikazioko zerbitzuak egitea entitate publikoei eta pribatuei.

Aurrekoa ulertzen da ezertan ukatu gabe arrazoiturik hartu beharreko akordioak, esparru horretan egin daitezkeen mandatuak edo kudeaketa aginduak direla eta.

2. Erabaki honen edukia Nafarroako Kontratazioaren Atarian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Sarrigurenen, 2016ko martxoaren 8an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria.

Iragarkiaren kodea: L1603024