Iragarkia
61. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Iruñeko Udalaren Ordenantza, Aterpe-premia dutenek udal-etxebizitzak eskuratu eta erabiltzeko. Behin betiko onespena
Iruñeko Udalbatzak, 2016ko martxoaren 3ko osoko bilkuran, erabaki hau hartu zuen:
PLE 03-MAR-16 (11/CU).
Behin iraganik hasierako onespena - 2016-01-15eko Osoko Bilkuran onetsi eta 2016ko 15. Nafarroako Aldizkarian, urtarrilaren 25ekoan, argitaratua- eta haren ondoko jendaurreko epea, eta ikusita aurkeztutako alegazioak -Ángel Larrea Pérez jaunak Sanduzelaiko Hipotekak Kalteturikoen Plataformaren izenean 2016ko urtarrilaren 28an aurkeztutakoak; Edurne Redín Dufur andreak Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren Kontrako Sarearen izenean 2016ko otsailaren 17an aurkeztutakoak, eta Salhaketa Nafarroa elkarteak 2016ko otsailaren 29an aurkeztu zuena-, eta alegazioei buruzko 2016ko otsailaren 29ko txostenarekin bat,
HAU ERABAKITZEN DA:
1. Onestea alegazioei buruzko 2016ko otsailaren 29ko txostena.
2. Ezestea, Erabaki honen 1. puntuan onetsi den alegazioei buruzko txostenarekin bat, Ángel Larrea Pérez jaunak Sanduzelaiko Hipotekak Kalteturikoen Plataformaren izenean 2016ko urtarrilaren 28an aurkeztutako alegazioak.
3. Ezestea Edurne Redín Dufur andreak Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren Kontrako Sarearen izenean 2016ko otsailaren 17an aurkeztutako alegazioetatik 1., 2., 3., 4., 5., 6. eta 7.a, eta baiestea 6 bis delakoa, hori guztia, Erabaki honen 1. puntuan onetsi den alegazioei buruzko txostenarekin bat.
4. Hein batean baiestea Salhaketa Nafarroa elkarteak aurkeztutako alegazioa, Erabaki honen 1. puntuan onetsi den alegazioei buruzko txostenarekin bat.
5. Behin betiko onestea Aterpe premia dutenek udal-etxebizitzak eskuratu eta erabiltzeko Iruñeko Udalaren Ordenantza, erabaki honen 3. eta 4. puntuetan adierazitako aldaketak barne.
6. Ordenantzaren testua argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Iruñean, 2016ko martxoaren 8an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
ARAUDIA
“IRUÑEKO UDALAREN ORDENANTZA, ATERPE-PREMIA DUTENEK UDAL-ETXEBIZITZAK ESKURATU ETA ERABILTZEKO
Zioen azalpena
Azken urteotan, krisi ekonomikoaren ondorioz eta, baita ere, etxebizitza-politika zalantzagarri baten ondorioz, antzeman da konponbide zailena duen eskarietako bat dela etxebizitzarik ez izatea edo hura galtzea, etxebizitzaren edo ohiko bizitokiaren mantentzeari aurre egin ezin dioten eta premia handiz bizitoki duin bat behar duten pertsonen eta familien kasuan.
Etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatzea agindu etiko eta normatiboa da, eta horretarako, administrazio eskudunek ez dute jarri oraindik tokiko erakundeen esku etxebizitza sozialen politikak modu eraginkorrean garatzeko beharrezko tresna legal eta finantzariorik. Arlo honetan Iruñeko Udalean martxan jarriko diren bestelako jarduketak ezertan eragotzi gabe, Ordenantza honen helburua da Udalarenak diren etxebizitza batzuk gizarte-larrialdietako egoeretarako bideratzea, egoera horiek ohiko bideen bitartez konpondu bitartean.
Iruñeko Udalak baditu udal-etxebizitzak, eta horiek premia handiz aterpe bat behar duten pertsona eta familien esku jar ditzake eta jarri behar ditu, modu horretan osatuz Udalaren beste programa eta zerbitzu batzuetan egiten den lana. Hartara, ezinbestekotzat jotzen da udal-etxebizitzak erabiltzeko proiektu bat egin eta abian jartzea, hori aurrerapauso handia dela ulertuta aterpe-premian pertsona eta familiek etxebizitza duin bat izan dezaten, autonomia lortzeko abiagune moduan.
Udal-etxebizitzetako batzuk erabiliko dira, halaber, Udalaren gizarte-zerbitzuetako beste programa batzuk ezarri, garatu eta hedatzeko, bai eta Iruñeko Udaleko gainerako alorren beste behar batzuetarako ere.
Ordenantza honek araudi zehatz bat ezartzen du, bertan honako hauek jasota: udal-etxebizitza bat aldi baterako eskatzeko bete beharreko baldintzak, etxebizitzak esleitzeko prozesuan aplikatzekoa den baremoa eta kasuan kasuko alokairuaren prezioa kalkulatzeko baremoa, besteak beste.
Ordenantza honen azken helburua da, azken batean, gizarte-larrialdi egoeran dauden pertsona eta familiek aterpe duin bat izatea, egoerak irauten duen bitartean eta etxebizitza bat eduki arte, dela beren kabuz, dela beste erakunderen baten baliabideei esker.
LEHEN TITULUA
Helburuak eta behar diren baliabideak
1. artikulua. Helburu orokorra.
Ordenantza honen helburua da gizarte-larrialdi egoeran dauden pertsona eta familia-unitateek udal-etxebizitza bat aldi baterako eskuratzeko modua arautzea, aterperako irtenbide duin eta egokia zein hori ahalbidetuko duen errenta edo ondarerik ez dutenen kasuan. Egoera hori zenbait gertakariren ondorio izan daiteke: etxegabetzea pairatu izana, ez duin ez egoki ez diren etxebizitzetan bizi behar izatea, egoera sozio-ekonomiko larri baten ondorioz pilatuta bizitzea edo premiazko neurri hori hartzea justifikatzen duten bestelako arrazoiak. Erabateko salbuespen gisa, ordezko bizitokia emateko hirigintza-prozesuek eragindako kasuak ere hartzen dira kontuan.
2. artikulua. Etxebizitzak.
Ordenantza honen helburuak betetzeko, Udalaren ondare diren etxebizitzak zein beste erakunde publiko zein pribatuk helburu horretarako lagatako etxebizitzak erabiliko dira.
Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorrak uneoro izanen du eguneratua etxebizitza horien inbentarioa, eta horien erabilgarritasunaren berri emanen dio Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko Alorrari bertan aldaketaren bat izaten den guztietan.
Ordenantza honen aplikazio-eremuan sartutako etxebizitzek bizigarritasun-baldintzak bete beharko dituzte, eta esleipendunak bertan bizitzera sartu ahal izateko oinarrizko ekipamendua eduki.
Etxebizitzaren esleipena une horretan erabilgarri dagoena kontuan hartuta eginen da, eta saiatuko da kasuan-kasuko familia-unitatearen beharretatik eta errealitate sozialetik hurbilen dagoen espazioari egokitzen, bai eta haren erregimenari ere, hala badagokio.
BIGARREN TITULUA
Udal etxebizitzen aldi baterako lagapenaren hartzaileak
3. artikulua. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
3.1. Ordenantza honetan araututako udal-etxebizitza bat eskuratzeko, honako betekizun hauek bete beharko dira:
a) Udal Erregistroan eskabide bat aurkeztea, Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorrari zuzendua, hari erantsita eskatzaileek Ordenantza honetan jasotako betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko eskatutako agiri guztiak.
Eskabide horiek Udalaren gizarte-zerbitzuek bideratuta etor daitezke, eta kasu horretan, pertsona edo familia eskatzailearen egoerari buruzko txostena eskatu, eta eskatzaileak eta haren erreferentziazko profesionalak Esku-hartze Sozialeko Banan-banako Plana adostu beharko dute, halako eran non profesionalak beste etxebizitza-baliabide batzuk baliatzeko aukera aurreikusiko baitu (babes ofizialeko etxebizitzak, gizarteratzeko etxebizitza edo gizarteratzeko alokairuzko etxebizitza, apartamentu babestuak, EGL-EISOVI, Etxebizitzaren aldeko Programa, etab.) erabiltzailea dena delako udal-etxebizitzatik irteten laguntze aldera, ahalbidetzeko udal-etxebizitzak txandaka erabil daitezen.
b) Eskatzaileak sinatutako konpromiso-agiria, non etxebizitza egoki erabiliko dela adierazi eta baimena emanen baita bertara sar daitezen horretarako izendatutako udal-teknikariak, konpromisoa egoki betetzen dela egiaztatzeko, eta non jasoko baita zein izanen diren ondorioak hori betetzen ez bada.
c) Etxebizitza eskatzaileen Udal Erregistroan izena emanda egotea, aldez aurretik lehenago aipaturiko eskabide-eredua beteta (larrialdiko salbuespenetan izan ezik).
3.2. Udal-etxebizitzen aldi baterako lagapenaren onuradunek honako betekizun hauek bete beharko dituzte nahitaez:
a) Iruñean erroldatuta egotea, edo bertan benetan bizitzea eta hori egiaztatzeko modua edukitzea, gutxienez bi urteko antzinatasunarekin. Salbuespen gisa, beste egoera batzuk ere baloratzen ahalko dira, baldin eta Udalaren gizarte-zerbitzuek bermea ematen badute.
b) Familiaren diru-sarrerak ez izatea honako taula honetan jasotakoak baino handiagoak:
FAMILIA- EDO BIZIKIDETZA-UNITATEAREN KIDE-KOPURUA | HILEKO GEHIENEZKO |
Kide bat | OAEAP halako 2,2 |
2 kide | OAEAP halako 2,5 |
3 kide | OAEAP halako 2,75 |
4 kide | OAEAP halako 3 |
5 kide edo gehiago | OAEAP halako 3,25 |
c) Ez edukitzea OAEAP halako 1,5 baino gehiago balio duen ondare higigarririk (kontuan hartuko dira banku-kontuetako gordailuak: eskabidea zein datatan aurkeztu eta horren aurreko hiruhilekoko saldoaren batez bestekoa kontatuko da).
Artikulu honetan ezarritakoa interpretatze aldera, familia-unitatearen baliabide ekonomikotzat joko dira hileko diru-sarreren batuketa eta haren ondarea, barne hartuta honako hauek:
–Lan-etekinen diru-sarrera garbiak. Norberaren konturako lan-etekinak kalkulatzeko BEZaren aitorpen fiskalaren azken hiruhilekoaren aldiari dagozkion zenbatekoa zatituko da aitorpena zenbat hilabeteri egokitu eta hilabete-kopuru horrekin.
–Aitortutako prestazio eta pentsioak, funts publiko zein pribatuen kontura finantzatu eta gizarte-aurreikuspeneko araubideetan sartutakoak.
–Ondare-elementuen ustiapenetik eratorritako diru-sarrerak.
Hileko diru-sarrerak kalkulatzeko, lan-etekinen diru-sarreren eta azken seihilekoaren ondare-etekinen baturaren emaitza seiz zatituko da. Ondorio horietarako, etxebizitzaren eskatzaileak eskaria egiteko orduan duen ondare erreal eta eskuragarria baloratuko da.
Familia-unitatearen baliabide ekonomikoak zenbatzerakoan, kanpo utziko dira honako hauek:
–Xede jakineko laguntza ekonomikoak. Halakotzat jotzen dira larrialdiko laguntzak, bekak, eskola-jantokietarako prestazioak, familia eta lana bateratzeko udal-prestazioak, lanera bideratzeko eta gizarteratzeko proiektuen diru-pizgarriak, eta familia-unitatearen behar jakin bat estaltzeko emandako beste edozein.
–Adingabeak familian hartzeak eragindako gastuak konpentsatzeko diru-prestazioak, Nafarroako Gobernuak emanak.
–Familia-prestazioak, seme-alaba adingabeak edo ziurtatutako desgaitasuna duten adin nagusiko seme-alabak ardurapean edukitzeagatik.
–Zerbitzuari loturiko prestazio ekonomikoa zein laguntzaile pertsonalerako eta familian egin beharreko zaintzarako eta profesionalak ez diren zaintzaileei laguntza emateko prestazio ekonomikoak, horiek guztiak jasota baitaude Norberaren Autonomia Sustatzeko eta Mendekotasunean dauden Pertsonei Laguntzeko 39/2006 Legean, azaroaren 14koan.
–Eta familiaren etxeko hornidura, salbu haren balioak erakusten badu bitarteko ekonomiko nahikoak badirela.
3.3. Halaber, udal-etxebizitzen aldi baterako lagapenaren onuradunek honako egoera hauetakoren batean egon beharko dute:
a) Ordenantza honetako 4.1 artikuluan jasotako premiazko egoerak.
b) Hirigintza-prozesuek eragindako ezohiko egoerak, halakoak non plangintza-tresna bat -lurzoru-mota zein den eta horren arabera galda daitekeen xehatuena- behin betiko onesteak berekin badakar pertsona jakin batzuen etxebizitzak antolamendutik at deklaratzea, honako kasu hauetan:
–Birpartzelazio-proiektuaren hasiera bateko onespenari ekin bazaio, edo,
–Aurreikusitako kudeaketa-sistema desjabetzea den kasuetan, haren ondasun eta eskubideen zerrenda onetsi bada.
Eskatzaileek ordezko bizitokia eskuratzeko eskubidea zehazten duen hirigintza-araudian jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Horretaz gain, 4.1 artikuluan, 2. mailan, jasotako kasuren batek ukitu beharko ditu, eta ez dute egon behar Ordenantza honetako 3.4 artikuluaren debekuaren eraginpean.
Salbuespenezko kasu horietan pertsonak edo familia-unitateak Udalaren etxebizitza baterako sarbidea izanen du Ordenantza honetan jasotako baldintza berberetan eta ordezko bizitokia eman arte. Kudeaketa-tresna behin betiko onestearekin batera, edo desjabetze-akta sinatzen denean, amaitu eginen da aldi baterako lagapen hori, eta pertsona edo familia-unitate onuradunari ordezko bizitokia jasotzeko eskubidea arautzen duen araudia aplikatuko zaio, eta araudi horri jarraitu beharko zaio jarduketa guztietan eta ondorio guztietarako.
Salbuespenezko egoera horiek eragindako lagapenetik onuradunari egozten ahal zaizkion bestelako gastuak sortzen badira,onuradunak ordainduko ditu, edo, bestela, Udalak bere kabuz eginen du, eta jabetzak duenari aitortutako kalte-ordaina baliatuko du gastu hori kobratzeko.
Baldin eta jabetza duenaren eta hirigintza-sistema edo -jarduketaren arteko harremana amaitzen bada (titulartasuna edo erabilera-eskubidea galtzea, etxebizitza birpartzelatze- edo desjabetze-eremutik kanpo geratzea, edo birpartzelatzea behin betiko ez onestea direla medio), etxebizitzaren aldi baterako lagapena baliogabetuko da, salbuespenezko egoera bertan behera geratu izanaren ondorioz, hori guztia, ezertan galarazi gabe haren beharra berrikusteko aukera, Ordenantza honetatik eratorri eta eskatzaileari aplikatzen ahal zaizkien bestelako egoeren arabera.
3.4. Ezin izango dute eskuratu udal-etxebizitza horietakoren bat etxebizitza baten jabe direnek, baldin eta etxebizitza horrek bertan bizitzeko behar diren baldintzak betetzen baditu.
Aurreko debeku horren salbuespen dira honako kasu hauek: etxebizitza erabiltzeko ezintasuna, banantze- edo dibortzio-epai baten ondorioz, edo jabetza erabiltzeko eskubidearen gaineko beste edozein legezko edo ohiko mugaren ondorioz; etxebizitza 200 km-tik gorako distantzian egotea, baldin eta lekualdaketak deserrotze larria eragiten badio pertsonari edo familiari, eta egiaztatzen bada benetan eta behin eta berriz saiatu dela etxebizitza besterentzen haren balio katastrala baino altuagoa ez den prezioan, arloan espezializatutako higiezinen agentzietan.
4. artikulua. Esleitzeko prozedura.
Honako faktore hauek hartuko dira kontuan, halako eran non dagozkien mailei bukaerako taulan maila bakoitzari emandako puntuak egotziko baitzaizkie, balizko eskarian lehentasunak zehazte aldera.
4.1. Beharrizan-egoera:
Etxebizitza-gabezia eragindako egoerak honako maila hauen arabera sailkatuko dira:
–1. maila: Katastrofea, behin betiko hondamendia edo berehalako gertakari atzeraezina, etxebizitzan bizitzea ezinezko egiten duena, esate baterako, ohiko etxebizitzatik kaleratua izatea, suteak, uholdeak, hur-hurreko aurria, etab.
–2. maila: Infraetxea edo etxebizitza desegokia izatea, honako egoera hauetakoren bat dela eta:
- Ez edukitzea, ezinezkoa delako, oinarrizko higiene-instalazio, ur-hornidura, saneamendu, elektrizitate edota argiztapen eta aireztapen nahikorik.
- Eraikuntzaren baldintzak eskatutako gutxienekoen azpitik egotea eraikuntza-ezaugarriei dagokienez, hori guztia, txosten tekniko kontrastatu batek ziurtatua eta konpontzeko aukerarik gabea.
- Jende-pilaketa handia izatea, azalera erabilgarria 31 m² baino gutxiago den kasuetan, eta edozein kasutan, azalera erabilgarria 10 m² baino gutxiago bada bizilaguneko.
- Etxebizitza beste familia-unitate batekin partekatzea, baldin eta adingabeei eragiten dizkien gatazka-egoerak badaude.
–3. maila: Honako testuinguru hauetako bat sortzen duten errealitateak:
- Ohiko etxebizitzatik kaleratzeko iragarritako prozesuak zein muturreko beste egoera larriak, baldin eta etxebizitza-beharra sortzen badute Ordenantza honetako betekizunetan aurreikusitakoarekin bat, edo,
- Udalaren gizarte-zerbitzuei loturiko esku-hartze sozialeko laguntza-prozesuetan egotea, baldin eta horrek etxebizitza-baten beharra eragiten badu prozesua abiarazteko edo bertan jarraitzeko. Kasu horretan, ezinbestekoa izango da gizarte-txosten bat aurkeztea, Udaleko gizarte-zerbitzuetako erreferentziazko teknikariek egina.
4.2. Egoera ekonomikoa:
Guztizko diru-sarrerak zenbatuko dira elkarbizitza-unitateko kide-kopuruaren araberako proportzioan, eta erantsitako taularekin bat.
–1. maila: Etxebizitza eskuratzeko 3.2.b) artikuluan betekizun gisa galdatutako errendimenduen %40ra arteko errendimenduak.
–2. maila: Etxebizitza eskuratzeko 3.2.b) artikuluan betekizun gisa galdatutako errendimenduen %40 eta %60 bitarteko errendimenduak.
–3. maila: Etxebizitza eskuratzeko 3.2.b) artikuluan betekizun gisa galdatutako errendimenduen %60 eta %80 bitarteko errendimenduak.
4.3. Familia-unitatea:
Familia-unitatetzat hartzen da eskatzaileak eta, hala badagokio, harekin bizi denak osatutakoa, ezkontide-harremanean edo antzekoan loturik badaude, edozein delarik haien sexu-orientazioa, eta, hala badagokio, haiekin bizi eta odolkidetasuneko bigarren gradura edo ezkontza-ahaidetasuneko lehenengo gradura bitarteko senidetza-harremana duten pertsonak. Hirugarrenak ez dira kontuan hartuko familia-unitateko ondorioetarako, behar bezala justifikatu eta motibatuta dauden kasuetan izan ezik.
–1. maila: Familia-unitateak lau kide baino gehiago ditu.
–2. maila: Familia-unitateak hiru edo lau kide ditu.
–3. maila: Familia-unitateak bi kide ditu.
4.4. Diru-sarrera eskasak edota ezegonkorrak:
Mailak zehazteko orduan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
–1. maila. Diru-sarreren iturririk gabe edo diru-sarrera urriekin: Ez familia-unitateko kide nagusiak, ez beste kideek ez dute inolako diru-sarrerarik jasotzen, edo jasotzen dituzten diru-sarrerak dagokien Gizarteratze Errentaren %100 edo gutxiago bada.
–2. maila. Diru-sarreren iturri ezegonkorra: Familia-unitatearen kide nagusiak (edota beste kideren batek) aldi baterako lan-kontratua du (hiru hilabetean kontratua berrituko dieten ziurtasunik gabe), langabezia-prestazioa jasotzen du iraungitze-datarekin edo ekonomia informaletik eratorritako diru-sarrerak jasotzen ditu, Gizarteratze Errentaren %120ra bitarte.
–3. maila. Diru-sarreren iturri egonkorra, Ordenantza honetan ezarritako mugara bitarte: Familia-unitateko kide nagusiak edo beste kide batek edo batzuek soldatapeko lan finko edo mugagabea dauka, edo sei hilabetetik gorako kontratua, lanaldi osokoa, edo bestelako diru-sarrera finkoak, hala nola pentsioak edo Gizarteratze Errentaren %120tik gorako diru-sarrerak.
4.5. Osasuna:
–1. maila. Familia-unitatean izatea %65 edo gehiagoko desgaitasun-kalifikazioa duen kideren bat, III. graduko mendekotasuna duena (Mendekotasun Handia), edo II. gradukoa (Mendekotasun Larria), Mendekotasunari buruzko legedian ezartzen denarekin bat.
–2. maila. Familia-unitatean izatea %33 eta %65 bitarteko desgaitasun-kalifikazioa duen kideren bat, edo I. graduko mendekotasuna duena (Mendekotasun Moderatua).
–3. maila. Familia-unitateko kideek patologia kronikoak edukitzea, halakoak non autonomia mugatzen baitie eta etengabe tratamendu medikuak behar dituzten.
4.6. Diskriminazio positiborako inguruabarrak:
Hona eskatzailea edo elkarbizitza-unitateko beste edozein kide ukitu behar duten inguruabarrak, behar bezala motibatu eta neurtuak, diskriminazio positiboa edukitzeko:
- Familia gurasobakarrak.
- Adingabe bat edo gehiago.
- Etxebizitzarekin zerikusirik ez duten gertakariak, traumatikoak eta unean unekoak, ondorio fisiko edo psikiko larriak dituztenak.
- Desabantaila sozialeko egoeran izatea, adina, sexua, jatorria, etnia eta abar direla medio.
- Diru-sarreren % 25 baino gehiago etxebizitza-gastuetara bideratu beharra.
- Familia-unitateko kide batek baino gehiagok edukitzea desgaitasun-kalifikazioa edo mendekotasun-balorazioa.
- Errehabilitazio sozio-sanitario edo sozio-pertsonaleko prozesu zehatzak, bilakaera egokia dutenak.
- Jarduketa-planei buruzko hitzarmenak edota gizarteratze-hitzarmenak, Udalaren gizarte-zerbitzuetako profesionalekin sinatuak.
- Genero-indarkeriaren biktimak.
Inguruabar-mota bakoitzean egoera zenbat bider errepikatzen den eta faktore-kopuru hori bera dagoela joko da.
–1. Maila: Diskriminazio positiboko lau faktore edo gehiago izatea.
–2. Maila: Diskriminazio positiboko bi edo hiru faktore izatea.
–3. Maila: Diskriminazio positiboko faktore bat izatea.
Faktoreak neurtzeko taula
FAKTOREAK | 1. MAILA | 2. MAILA | 3. MAILA | |
1 | Gertakaria | 5 | 3 | 3 |
2 | Egoera ekonomikoa | 5 | 3 | 1 |
3 | Familia-unitatea | 5 | 3 | 1 |
4 | Egonkortasuna diru-sarreretan | 5 | 3 | 1 |
5 | Osasuna | 5 | 3 | 1 |
6 | Diskriminazio positiborako inguruabarrak | 5 | 3 | 1 |
HIRUGARREN TITULUA
Udal-etxebizitzak erabiltzeko araubidea
5. artikulua. Udal-etxebizitzak erabiltzeko baldintzak.
Iruñeko Udalak, bideratutako kasuak jaso eta baloratu ondoren, alokairu-kontratua eginen du etxebizitza bakoitzeko hartzaileekin.
Udalaren eta maizterren artean ezarritako harreman juridikoak aldi baterako alokairuko izaera izanen du, Hiri-errentamenduei buruzko azaroaren 25eko 29/1994 Legearen 3.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, gehienez ere hiru urtez.
6. artikulua. Maizterren betebeharrak udal-etxebizitzari dagokionez.
Behin erabileraren lagapena jasota, maizterren ardura izango da alokairuan emandako etxebizitzak ongi zaindu eta mantentzea, eta hori ez betetzeak berekin ekarriko du etxebizitza berehala utzi behar izatea. Horretarako, etxearen inbentario fotografikoa eginen da maizter bat bertan bizitzen hasten denean eta etxea uzten duenean, Udalak aukera izan dezan beharrezko doikuntzak egiteko aukera, lagapen berria egiten duen bakoitzean.
Halaber, maizterrek erantzun beharko dute etxebizitzetan eragiten ahal dituzten kalteetan, kontratuan jasoko direlarik kasu bakoitzak eragingo dituen ondorioak. Ondorio horietarako, Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorrak bisitak egiten ahalko ditu etxebizitzak ongi zaintzen direla egiaztatzeko.
Etxebizitzaren erabiltzaileen kontura joanen da horniduren kontsumoaren ordainketa (ura, energia, etab.), bai eta familia-unitate bakoitzarekin adostu daitezkeen bestelako komunitate-gastuena ere.
7. artikulua. Diru-ordaina.
Hileko alokairu-kuota bat ezarriko da, honako irizpide hauen arabera:
–Hileko gutxieneko gastuak:
- Etxebizitzako gutxieneko gastuak: 120,00 euro etxebizitzako hornidura-gastuetan (energia, ura, etab.), zenbateko hori %20 handituko delarik familia-unitateko kide bakoitzeko (N).
- Gutxieneko gastu pertsonalak: 200,00 euro pertsonako (jana, garraioa, jantziak, etab.). %65 baino gehiagoko desgaitasunak dituzten pertsonak bi kide izango balira bezala kontatuko dira.
- Gutxieneko Gastuen Guztizkoa = 120 *(1+ 0,2 *N) + N*200.
- Diru-sarrerak, behin gastuak kenduta: Guztizko Diru-sarrerak - Gutxieneko Gastuen Guztizkoa.
Alokairuko hileko kuota kalkulatzeko, Gutxieneko Gastuen Guztizkoaren %7,5 eta behin gastuak kenduta gelditzen diren diru-sarreren portzentaje gehikorra batu behar dira (ondoko taularekin bat).
Alokairuko Hileko Kuota = Gutxieneko gastuen guztizkoaren %7,5 + Behin gastuak kenduta gelditzen diren diru-sarreren % gehikorra.
(Adibidez: Behin gastuak kenduta diru-sarrerak 450,00 euro badira, atal horri dagokion alokairu-kuotari eman behar zaizkio lehenengo 200,00 euroen %15 + 100,00 euroren %20 + azken 150,00 euroen %30).
DIRU-SARRERAK BEHIN GASTUAK KENDUTA | % GEHIKORRA |
200 eurora bitarte | %15 |
201 eta 300 euro bitarte | %20 |
301 eta 500 euro bitarte | %30 |
501 eta 700 euro bitarte | %35 |
701 eta 1.000 euro bitarte | %40 |
1.000 eurotik gora | %45 |
–Edonola ere, 20,00 euro ezartzen da hileko gutxieneko alokairu-kuota gisa. | |
8. artikulua. Balorazio batzorde teknikoa.
Udal-etxebizitzen balorazio-batzorde tekniko bat eratuko da Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorraren menpe, eta horrek izango du etxebizitza-eskabideak ebaluatzeko ardura. Batzorde horretan parte hartuko dute, baita ere, Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko Alorreko zein Tokiko Ekonomia Jasangarriko Alorreko Ondare Zerbitzuko teknikariek.
Modu positiboan baloratuak izan eta Ordenantzan jasotako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiak udal-etxebizitzaren eskatzaileen erregistro bakar batean jasoko dira, erregistro hori ezarriko baita Ordenantza honen lagungarri. Udalaren gizarte-zerbitzuren batetik etortzen diren eskabideek lehentasuna izanen dute udal-etxebizitza bat eskuratzeko orduan, balorazioa egin ondoren puntuazio berdina duten kasuetan.
Udal-etxebizitza bat eskuratzeko, eskabide-ereduak eginen dira, Ordenantza honek ezartzen dituen irizpideetan oinarrituta.
Halaber, konpromiso-agiriaren eredu bat egingo da, Udalak eta maizterrak sinatu beharrekoa, hala etxebizitza modu egokian erabiltzeari nola Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorreko teknikariei etxebizitzara sartzeko aukera emateari buruz.
Orobat, interesdunendako sarbide errazeko aplikazio informatiko bat egingo da, egoeraren kalkulua egiten laguntzeko.
Beharrezkoa izanez gero, Batzordeak itxaron-zerrenda kudeatuko du, eta erabilera horretara bideraturiko etxebizitzetarako sarrera antolatuko du.
9. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.
Udal-etxebizitza bat eskuratzeko eskabidearekin batera, eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–NANaren fotokopia, Espainiako estatuan legezko bizitokia izatea egiaztatzen duen agiriarena edo pasaportearena.
–Familia-liburuaren fotokopia, beharrezkoa den kasuetan.
–Familia-unitateko kideen PFEZaren aitorpena, edo, hori aurkezteko betebeharrik izan ezean, aurreko sei hilabeteei dagokien diru-sarreren edo errendimenduen zinpeko aitorpena eta familia-unitateko kide guztien ondare higigarriarena. Aitorpen horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
- Besteen kontura lan egiten duten pertsonak: azken 6 hilabeteetako nominak edo enpresa-ziurtagiria.
- Erretirodun edo pentsiodunak: urteari dagokion pentsioaren edo prestazio ekonomikoaren ziurtagiria.
- Norberaren kontura lan egiten dutenak: azken sei hilabeteetako BEZaren hiruhileko aitorpena eta seihileko horretako diru-sarreren zinpeko aitorpena.
- Langabeak: Enplegu-eskaerako txartela eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) emandako Ziurtagiria, bertan adierazita azken seihilekoan jasotako prestazioak zein unean unekoak.
- Ikasketa arauturik egiten ari ez diren 16 urtetik gorako familia-unitateko kide guztien lan-bizitzaren agiria, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana.
- Onuradunek jasotzen dituzten diru-laguntza, subsidio edo prestazioetatik eratorritako bestelako diru-sarrerei buruzko ebazpenaren fotokopia.
- Familia-unitateko kide batek edo gehiagok ez badute aitorpena aurkezteko legezko betebeharrik, Nafarroako Foru Ogasunak emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute.
–Hala behar izatera, hipoteka betearazteko prozesu batean, desjabetze-prozesu batean edo antzeko beste prozesu batean egoteari buruzko egiaztagiria.
–Hala behar izatera, genero-indarkeriaren biktima izatearen gaineko dokumentazioa.
–Hala behar izatera, banantze- edo dibortzio-epaiaren, hitzarmen arauemailearen edo hori lortzeko izapideak abiatuak direla justifikatzen duten agiriaren fotokopia.
–Gizarte-zerbitzuek bideratutako eskabideen kasuan, gizarte-txostena eta banakako esku-hartze sozialeko plana, Udalaren gizarte-zerbitzuek egindakoak.
–Eskabidearen oinarri diren egitateak egiaztatzen ahal dituen beste edozein agiri.
Eskabidea kudeatzen dutenek eskatzen ahalko dute, baita ere, egoera aztertzeko prozesuan beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiri osagarriak.
10. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
Onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
–Etxebizitza familia-unitateko kideen ohiko etxebizitza iraunkor gisa erabiltzea, eta, hortaz, berariaz debekaturik geratzen da etxebizitza horiek espedientean agertzen ez den beste inork erabiltzea.
–Etxebizitza ezin izango da hirugarrenei azpikontratatu, ezta osorik edo parte batean laga ere, eta hori ez betetzeak lagapena baliogabetzea ekarriko du berekin.
–Elkarbizitza-arauak eta auzo-komunitatekoak errespetatzea.
–Obrarik ez egitea Udalaren baimenik gabe.
–Etxebizitza higiene- eta mantentze-egoera egokian izatea, barneko elementuak, kanpokoak eta elementu komunak zainduta.
–Udal-langileen bisita onartzea etxebizitzan, hala egoera sozio-familiarraren segimendua egiteko, halakorik behar denean, nola etxebizitzaren egoera egiaztatzeko.
–Udal Erregistroan aurkeztutako eskabide baten bidez jakinaraztea egoera sozio-familiarrean edo ekonomikoan izandako aldaketak oro, bai eta Udalari matxuren berri jakinaraztea ere, instalazioetan halakorik izanez gero.
–Etxebizitza gaizki erabiltzearen ondorioz sortutako kalteen aurrean erantzutea.
–Familia zer laguntza-programatan dagoen eta horretan jarraitzea, Udalaren gizarte-zerbitzuen bidez bideratutako egoeretan.
–Gabezia-egoeraren jatorria konpontzeko beharrezko urratsak ematea.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorraren menpeko Etxebizitza Bulegoa legez eratzen den unean, Ordenantza honetan Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorrari egindako erreferentzia guztiak Bulego horren ardura direla ulertuko da.”
Iragarkiaren kodea: L1603522
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
