61. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

700/2016 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, merezimendu lehiaketaren deialdia egiten duena Irakasleentzako Laguntza Zentroetako (ILZ) zuzendari eta aholkulari lanpostu batzuk zerbitzu eginkizunetan betetzeko.

Ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen ditu. Foru dekretu horren 5. eta 6. artikuluek Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendarien eta aholkularien izendapena eta eginkizunak ezartzen dituzte.

Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako lanpostuak nola bete arautzen da. Haren 3. artikuluko 1. eta 2. ataletan ezartzen da Hezkuntza Departamentuak merezimendu lehiaketen deialdiak eginen dituela Irakasleentzako Laguntza Zentroetako (ILZ) aholkulari eta zuzendari lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko. Eskumena duen organoak proposaturik eginen dira deialdiak, ikastetxea zein gairekin loturik dagoen haren arabera.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuko Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuak proposamena jaso duelarik Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendari eta prestakuntzarako aholkulari izateko zenbait lanposturen deialdia egiteko ikasturte honetan, bidezkoa da lanpostu horiek zerbitzu eginkizunetan betetzeko merezimendu lehiaketaren deialdia egitea.

Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren abuztuaren 13ko 1/2015 Ebazpenak eman dizkidan eskudantziak erabiliz, bidezkoa da:

1. Merezimendu lehiaketaren deialdia onestea Irakasleentzako Laguntza Zentroko zuzendari eta aholkulari lanpostu batzuk zerbitzu eginkizunetan betetzeko.

2. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalari, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari eta Argibide eta Agiri Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

MEREZIMENDU LEHIAKETAREN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehena.–Merezimendu lehiaketaren deialdia iragartzen da Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendari eta aholkulari lanpostu hauek zerbitzu eginkizunetan betetzeko, deialdi honetan ezartzen diren zehaztapenei jarraikiz:

ZENTROA
ETA HERRIA

LANPOSTUA

LANPOSTU KOPURUA

Lekarozko ILZ

Zuzenaritza

1

Iruñeko ILZ

Esparru sozio-linguistikoko aholkularitza

1

Iruñeko ILZ

Haur eta Lehen Hezkuntzako aholkularitza

2

Tafallako ILZ

Zuzendaritza

1

Tuterako ILZ

Aholkularitza

1

Bigarrena.–Izangaien baldintza orokorrak eta lanbide-profila.

1. Deialdi honetan parte hartzen duten izangaiek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

–Irakasle funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea eta, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende egotea.

–Jardunean egotea 2016ko irailaren 1ean.

Orobat, ebazpenaren I. eranskinean eskatzen diren berariazko baldintzak bete beharko dituzte izangaiek.

2. 2.–Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendari eta aholkulari lanetan arituko diren pertsonen lanbide-profila unibertsitatez kanpoko hezkuntza mailetako irakasle profesional batena izanen da, prestakuntza sendoa eta eguneratua izanen du didaktika eta pedagogia arloetan, eta ongi ezagutuko du bere lanaren testuingurua eta aukeratu nahi duen zentroaren proiektu pedagogikoa. Izangaiek trebetasuna izan behar dute Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) erabiltzeko, tresnak ezagutzeari eta erabiltzeari nahiz erabilera didaktikoari dagokienez. Halaber, gaitasuna izan behar dute lan-taldeetan aritzeko, eta antolatu, komunikatu eta dinamizatzeko trebetasuna izan.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek eskabide baten bidez eskatu beharko dute; eskabidearen eredua interesdunen eskura izanen da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan. Eskabidea, halaber, Hezkuntza Departamentuaren web orrian egonen da: www.educacion.navarra.es.

Parte hartzeko baldintzak ofizioz egiaztatuko ditu Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak, izangaien espediente pertsonalaren arabera. Euskaraz jakin beharra duten lanpostuak eskatzen dituzten izangaiek EGA edo titulu baliokide baten jabe direla frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, salbu jadanik zerbitzu orrian jaso bada.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek ebazpen honen II. eranskineko merezimenduen baremoko merezimenduen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako burutuak dauden eta epe horretan aurkezten diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Betebehar bat frogatzeko aurkezten den dokumentazioa ez da merezimendu gisa baloratzen ahalko.

2. Parte hartzeko eskabideak eta erantsitako dokumentazioa ondoko toki hauetakoren batean aurkeztu beharko dira: Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo, zk.g., Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7an), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

3. Aurkezten diren agiriek ez dute zertan jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan; agiri horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

4. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak edo beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial berekian idatzitakoak, salbu eta euskarazkoak eta atzerriko hizkuntza baten ezagutza egiaztatzen duten titulazio edo ziurtagiriak. Zinpeko itzultzaileek eginak izan beharko dira itzulpen horiek eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Hamar egun balioduneko epea izanen da eskabideak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.

1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Giza Baliabideen Zerbitzuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratuko ditu Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean (www.educacion.navarra.es). Baztertuen kasuan, ez onartzeko arrazoiak ere agertuko dira.

Argitaratze horren bidez, ukitutako izangai guztiei jakinarazi zaiela ulertuko da.

Zerrenda horien kontra interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzendutako idazki baten bidez, bost egun balioduneko epean, behin Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es webgunean argitaratu eta biharamunetik.

2. Epe hori iraganik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen Gizarte Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpena argitaratuko da, modu berean. Baztertuen kasuan, ez onartzeko arrazoiak agertuko dira.

Argitaratze horren bidez, ukitutako izangai guztiei jakinarazi zaiela ulertuko da.

Ebazpen horretan aurkezpen ekitaldia egiteko eguna eta tokia finkatuko dira.

3. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko dira behin betiko zerrendak, eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean (www.educacion.navarra.es) argitaratuko dira.

Seigarrena.–Hautapen sistema.

1. Hautapen sistemak bi zati ditu:

a) Lehenbiziko zatian nahi den lanpostuaren eginkizunei lotutako proiektu bat aurkeztu eta defendatu beharko da, ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren zehaztapenekin bat. Baztertzailea izanen da probari esleitutako puntuazioaren erdira ailegatzen ez direnentzat.

Izangai bakoitzak epaimahaiari azaldu beharko dio proiektua, ahoz, 30 minutuz gehienez. Gero, epaimahaiak eginen dizkion galderak erantzun beharko ditu, ahoz, 15 minutuz gehienez.

Proiektuaren aurkezpena eta defentsa baloratzeko, 0tik 10era bitarteko puntuazioa emanen zaio, eta gutxienez 5 puntu lortu ez dutenak baztertuko dira.

Lortzen den puntuazioa epaimahaiko kideek emandakoen batez besteko aritmetikoa izanen da.

b) Bigarren zatian merezimenduak baloratuko dira, ebazpen honen III. eranskinean ezarritako merezimenduen baremoarekin bat, eta gehienez 10 puntu emanen dira.

Hautapen prozeduraren lehenbiziko zatia gainditzen duten izangaien merezimenduak bakarrik baloratuko dira.

Epaimahaiek izanen dute izangaien merezimenduak baloratzeko erantzukizuna. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak izangai bakoitzak egindako zerbitzuen berri emanen die epaimahaiei, merezimenduen baremoko I. ataleko balorazioaren ondorioetarako.

2. Prozedura hasteko, izangaiak epaimahaiaren aurrean aurkeztuko dira eta proiektuaren kopia bat emanen diote. Aurkezpen ekitaldira joaten ez diren edo proiektuaren kopia ematen ez duten izangaiak hautapen prozeduratik baztertuko dira, eta ez da zilegi izanen beste pertsona batzuk haien ordez agertzea.

Izangaiei aurkezpen ekitaldira joateko deia Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez eginen zaie, prozeduran onartutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean hain zuzen, zeina Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña) eta departamentuaren webgunean (www.educacion.navarra.es) argitaratuko baita gutxienez 48 ordu lehenago. Ebazpen horretan epaimahaien aurreko jarduketa noiz, zer ordutan eta non hasiko den adieraziko da.

Izangaiek parte hartzeko ordena alfabetoaren arabera ezarriko da. Lehenengo deituraren hasieran “Ñ” eta “X” letrak dituen izangaia hasiko da, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 15eko 686/2016 Ebazpenarekin bat. Haren bidez, argitara eman zen letren zozketaren emaitza 2015-2016 ikasturtean Giza Baliabideen Zerbitzuak kudeatzen dituen deialdietarako.

3. Behin epaimahaiaren aurreko jarduketak hasita, izangaiei egin beharreko hurrengo deiak Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren webgunean (www.educacion.navarra.es) argitaratu ditu epaimahaiak.

4. Izangaien balorazioa bukaturik, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu, proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazioekin, eta, behar denean, merezimenduen baremoko puntuazioekin, Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren webgunean: www.educacion.navarra.es.

Berdinketak honako irizpide hauek, hurrenez hurren, kontuan hartuta hautsiko dira:

–Proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazio handiena.

–Ataletan eta azpiataletan zeinek duen puntu gehien, merezimenduen baremoko hurrenkera beraren arabera.

Berdinketak badirau, letren zozketaren emaitza hartuko da kontuan, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 15eko 686/2016 Ebazpenean ezarritakoari jarraikiz.

Behin-behineko kalifikazioen kontra izangaiek erreklamazioak aurkezten ahal dituzte, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzenduak, argitara eman eta biharamunetik bi egun balioduneko epean.

Erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko kalifikazioak bidaliko dizkio Giza Baliabideen Zerbitzuari, proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazioak, eta, behar denean, merezimenduen baremoko puntuazioa adierazita, prozeduraren espediente osoarekin batera, eta Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren webgunean argitaratuko dira (www.educacion.navarra.es).

5. Deialdi honetan araututako zerbitzu eginkizunak Giza Baliabideen Zerbitzuaren ebazpen batez bidez emanen dira, hautatutako izangaien ordenaren arabera.

Zazpigarrena.–Epaimahaia.

1. Epaimahaiak hiru kide izanen ditu: bi Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiak proposatuak, eta bat irakasleen Langile Batzordeak proposatua.

Epaimahaien osaera ebazpen honen IV. eranskinean agertzen da.

Beharrezkoa bada, ordezko kideak izendatuko dira.

2. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. artikuluan parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Zortzigarrena.–Zerbitzu eginkizunen araubidea.

1. Zerbitzu eginkizun hauek, hasteko, bi ikasturte oso iraunen dute, 2016ko irailaren 1ean hasita.

Zuzendaritza lanpostuetarako, behin lehenbiziko ikasturtea bukaturik eta bigarren ikasturteko martxoaren 1a baino lehen, irakasle interesdunek ordura arteko lanaren memoria aurkeztuko diote gai horretan eskuduna den zerbitzuari. Gai bakoitzean eskuduna den zerbitzuak baloratuko du memoria. Memoriaren balorazioa Giza Baliabideen Zerbitzuari bidaliko zaio dagokion ikasturteko apirilaren 30a baino lehen.

Aholkulari lanpostuetarako, behin lehenbiziko ikasturtea bukaturik eta bigarren ikasturteko martxoaren 1a baino lehen, irakasle interesdunek ordura arte egindako lanaren memoria aurkeztuko diote zentroko zuzendariari. Memoria hori zentroko zuzendariak eta gai bakoitzean eskuduna den zerbitzuak baloratuko dute. Memoriaren balorazioa Giza Baliabideen Zerbitzuari bidaliko zaio dagokion ikasturteko apirilaren 30a baino lehen.

Memoriak balorazio positiboa izateak zerbitzu eginkizunak hiru ikasturtez luzatu ahal izatea ekarriko du.

2. Aurreko atalean aipatzen den bost urteko aldia bukaturik, baldin irakasleentzako laguntza zentro berean lanpostu baten jabetza bigarren aldiz eta jarraian hartzen bada deialdi bidez, hautagaiak behin betiko betetzen zuen irakasle plazaren erreserba bukatu eginen da.

Zerbitzu eginkizunak bukaturik, ukitutako irakasleek lehentasunezko eskubidea izanen dute destinoa lortzeko beren azken behin betiko destinoko herriko edo eskualdeko ikastetxeetan.

3. Deialdi honen ondorioz ematen diren zerbitzu eginkizunak arrazoi hauetako batengatik bukatuko dira:

a) Onartutako epea bukatzeagatik.

b) Ikastetxea kentzeagatik edo aldatzeagatik, kentze edo aldaketa horrek ezinezkoa egiten badu ukitutako zerbitzu eginkizunei segida ematea.

c) Interesdunak berariaz uko egiteagatik.

d) Gerora sortutako arrazoiengatik, hain zuzen, lanpostuan aritzeko gaitasun falta edo egokitu ezina erakusten badu, horrek baldin badakar errendimendu eskasa eta, horrenbestez, burutzaren eginkizunak eraginkortasunez betetzea galaraztea, eta orobat, lanpostuaren eginkizunak aldatzen badira.

Aipatu arrazoi batengatik zerbitzu eginkizunak bukatu aurretik, deialdia proposatu duen organoak txosten arrazoitu baten bidez eskatuko dio Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari hasiera eman diezaiola zerbitzu eginkizunak bukatzeko prozedurari.

Prozedura Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez hasiko da. Ondoren, deialdia proposatu duen organoari igorriko zaio, ikastetxeko zuzendaritzak emandako txostenarekin batera, egoki irizten dituen jarduketak egin ditzan, interesduna eta irakasleen batzordea entzun ondoren.

Bidezko jarduketak egin ondoren, deialdia proposatu duen organoak langileen gaitasuna edo lanposturako egokitzapena baloratzeko txostena prestatuko du, eta Giza Baliabideen Zerbitzuari igorriko dio.

Txosten hori negatiboa bada, zerbitzu eginkizunei bukaera emanen zaie Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

e) Jardunean ez den beste egoera administratibo batera pasatzeagatik.

f) Administrazioaren beste lanpostu baterako izendatua izateagatik.

g) Beste zerbitzu eginkizun batzuk emateagatik, dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barrenean, dela beste administrazio publiko batean.

h) Zerbitzu eginkizunak onartzea eragin zuen beharra desagertzeagatik, ikastetxean behin betiko destinoa duen irakasle batek lanpostua bete ondoren.

Justifikatutako aparteko kasuetan izan ezik, b eta c letretan aurreikusitako arrazoi batengatik zerbitzu eginkizunak aurreikusitakoa baino lehen bukatzen badira, ikasturtearekin batera bukatuko da.

4. Zerbitzu eginkizunak hasi baino lehen aurreko atalean aurreikusitako arrazoi bat (a eta d letretakoak izan ezik) gertatzen denean, zerbitzu eginkizunak ez dira onartuko.

5. Zerbitzu eginkizun hauek ez dira bateragarriak maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan ezarritako baimenekin (haren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezarri ziren).

Horrenbestez, funtzionarioak horrelako baimenen bat esleiturik badu baina oraindik hasi ez baldin bada, baimenari uko egin beharko dio, baldin eta deialdi honetan ezarritako zerbitzu eginkizunak onartzea nahi badu. Orobat, funtzionarioari zerbitzu eginkizunak onartu bazaizkio edo jadanik zerbitzu eginkizunetan ari bada eta aipatutako baimenen bat eskatzen badu, baimena ukatuko zaio.

6. Deialdi honetan izangai bat ere ez hautatzeagatik hutsik gelditzen diren lanpostuak zerbitzu eginkizunen bidez betetzen ahalko dira ikasturte baterako, organo eskudunak proposatuta.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2016ko martxoaren 16an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

I. ERANSKINA

Berariazko betebeharrak

A.–Zuzendari lanpostuak

ZENTROA
ETA HERRIA

LANPOSTUA

BERARIAZKO BETEBEHARRAK

Lekarozko ILZ

Zuzendaritza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoak izatea

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Tafallako ILZ

Zuzendaritza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoak izatea

B.–Aholkulari lanpostuak

ZENTROA
ETA HERRIA

LANPOSTUA

BERARIAZKO BETEBEHARRAK

Iruñeko ILZ

Haur eta Lehen Hezkuntzako aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Maisu-maistren kidegokoa izatea

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Iruñeko ILZ

Haur eta Lehen Hezkuntzako aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Maisu-maistren kidegokoa izatea

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Iruñeko ILZ

Esparru sozio-linguistikoko aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen kidegoetakoa eta espezialitate hauetako bat izatea: Filosofia, Geografia eta Historia, Grekoa, Latina edo Gaztelania eta Literatura.

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Tuterako ILZ

Aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoak izatea

II. ERANSKINA

Hautapen sistemaren eta lanpostuen zehaztapenak

1.–Zuzendari lanposturako.

A) Lan proiektua.

Interesdunek lan proiektua aurkeztu beharko dute, honako gai hauek landuko dituena:

a) Irakasleen etengabeko prestakuntzari buruzko alderdi orokorrak eta hautagaiaren ikuspegia.

b) Ekintza plana eta hobetzeko plana, gutxienez atal hauek jasoko dituena:

–Bere lanerako proposatzen dituen helburuak. Helburu horiek ezartzean, lortu nahi den zuzendaritzari dagokion ILZren proiektu pedagogikoa hartuko da aintzat, ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 9. artikuluan aipatzen dena.

–Helburu horiek lortzeko ekintza lerroak eta proiektuak.

Helburuen betetze-maila baloratzeko adierazleak.

Proiektuak 25 orrialde izanen ditu gehienez ere (eranskinak barne, halakorik bada), alde batetik idatzita, DIN A-4 tamainan, Arial 11 letra erabiliz.

Proiektua eta defentsa baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan: Irakasleen prestakuntzatik abiatuta, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko beharrei erantzun berritzaile eta eraginkorrak emateko eta horiek antolatzeko gaitasuna, baita izangaiaren ikuspegiaren egokitasuna eta originaltasuna ere, lortu nahi duen zuzendaritzari dagokion ILZko proiektu pedagogikoari dagokionez eta deialdiaren bigarren oinarrian adierazitako lanpostuaren profilari dagokionez.

Halaber, baloratuko da izangaiek gaitasuna eta ezagutza erakustea honako hauetan:

a) Lan taldeak gidatzea eta antolatu, komunikatu eta dinamizatzeko trebetasuna izatea, zuzendaritza lanak lankidetzako eta talde-lana bultzatzeko eredu batean burutzeko.

b) Prestakuntzaren eta berrikuntzaren gaineko planak, programak eta jarduerak koordinatzea.

c) Irakasleen prestakuntzaren gaineko egungo esparru teorikoen ezagutza aplikatzea, funtsezko gaitasunak curriculumean sartzea aplikatuz, hezkuntzaren kalitatea hobetzeko, ikastetxeen ebaluaziotik eta haien beharrak detektatzetik abiatuta.

d) Irakasleen Prestakuntza Plana sustatu eta gidatzea, Hezkuntza Departamentuak Irakasleen Prestakuntzako Atalaren bitartez ezarritako lehentasunezko ildo eta programei jarraikiz.

e) Irakasleen Prestakuntzako Atalak ezarritako lan ildoei jarraikiz, ILZko talde pedagogikoa koordinatzea Irakasleen Prestakuntza Plana prestatzeko prozesuaren fase guztietan: detekzioa, diseinua, gauzatzea eta ebaluazioa.

f) Irakaskuntzarako lanbide gaitasunen hobekuntza bultzatzea, ILZko talde pedagogikoaren prestakuntza sustatuz, etengabeko hobekuntzan eta talde-lanean oinarritutako berrikuntza prozesu gisa ulertuta.

g) IKTak eta kalitatea kudeatzeko sistemak bultzatu eta integratzea zuzendaritza eta prestakuntza prozesuetan.

B) Eginkizunak eta antolaketa.

Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendariek Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen dituen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.

Horrez gain, Hezkuntza Departamentuko unitate administratiboek bultzatzen dituzten programekiko koordinazio eta lankidetza aktiboa sustatuko dute.

Beharrezkoa denean, beren ekimenez edo irakasleen etengabeko prestakuntzaren ardura duen unitateak erabakita, Irakasleentzako Laguntza Zentroko zuzendariak aholkulari lanak egiten ahalko ditu zuzentzen duen ILZri dagokion eremuan.

2.–Aholkulari lanposturako

A) Lan proiektua.

Interesdunek lan proiektu bat aurkeztu beharko dute, hobekuntza planak aurrera eramateko behar diren estrategiak garatuko dituena, ikastetxeen testuingurua eta Hezkuntza Departamentuaren ildoak kontuan hartuta. Proiektuaren xedea izanen da prestakuntzarako proposamen berritzaile bat diseinatu, egin eta ebaluatzea, irakaskuntzarako gaitasun profesionalak hobetzeko asmoz, hezkuntzaren kalitatean eragina izanen duena.

Hautagaiak aukeratu nahi duen hezkuntza esparrua(k) ezagutzen d(it)uela erakutsi beharko du, baita hautatu nahi duen lanpostuaren lanbide profilak beharrezko dituen aholkularitza-gaitasunak ere, proposamena gauzatzeko beharrezkotzat jotzen baitira. Halaber, proposamenean IKTak txertatzeko aurreikuspenak esplizituki azalduko dira, eta horrek hezkuntzaren kalitatean izango duen eragina.

Proiektuak 25 orrialde izanen ditu gehienez ere (eranskinak barne, halakorik bada), alde batetik idatzita, DIN A-4 tamainan, Arial 11 letra erabiliz.

Proiektua eta defentsa baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan: irakasleen prestakuntzatik abiatuta, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko beharrei erantzun berritzaile eta eraginkorrak emateko eta horiek antolatzeko gaitasuna, baita izangaiaren ikuspegiaren egokitasuna eta originaltasuna ere, aholkulari lana eginen dueneko ILZko proiektu pedagogikoari dagokionez eta deialdiaren bigarren oinarrian adierazitako lanpostuaren profilari dagokionez.

Halaber, honako hauetarako gaitasuna baloratuko da:

a) Curriculumari lotutako alderdi zientifiko eta didaktikoetan duen prestakuntza, eta eskuratu nahi den lanpostuaren hezkuntza etapa edo etapetarako egokiak diren proposamen metodologikoen gaineko prestakuntza.

b) Ikasgelako metodologia aktiboen gaineko prestakuntza eta curriculumaren garapena gako gaitasunak sartuz.

c) Irakasleen prestakuntzaren gaineko esparru teorikoak ezagutzea, bereziki irakasleen talde lana eta lankidetza bultzatzen dituzten prestakuntza ereduen gainekoak, hori guztia hezkuntzaren kalitatea hobetzeko asmoz, ikastetxeen ebaluziotik eta haien beharrak detektatzetik abiatuta.

Gainera:

d) Kalitatea Kudeatzeko Sistemetako IKT tresnen gaineko aholkularitzari dagokionez, baloratuko da, gutxienez, kalitate sareetan parte hartzen duten ikastetxeetan ezarritako KKSetan aplikatu beharreko IKT tresnei buruzko prestakuntza, bereziki hezkuntza kudeaketa arina eta eraginkorra bultzatzen duten tresnei buruzkoa.

e) Kalitatea kudeatzeko sistemaren gaineko aholkularitzari dagokionez, gutxienez honako hauek hartuko dira kontuan: Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetako KKSak diseinatu, ezarri eta aitortzeko prestakuntza, KKSaren barneko auditoretzak egiteko gaitasuna, lankidetzako IKT tresnak hezkuntza kudeaketan integratzea eta indarreko araudia ezagutzea.

f) Hezkuntza arloko teknologien gaineko aholkularitzari dagokionez, kontuan hartuko da horiek ezagutzea esperientziaren edo prestakuntzaren bidez, baita mota guztietako proiektuetan parte hartzearen bidez ere (departamentukoak, berrikuntzakoak, teknologia berrietakoak, deialdi nazionalak edo nazioartekoak...) INTEFek egindako Irakaskuntzarako Gaitasun Digitalaren Esparruari dagozkion gaitasunak baloratuko dira, bereziki.

B) Eginkizunak eta antolaketa.

Aholkulariek Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen dituen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 17. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.

Halaber, aholkulariak ikastetxeko erreferentziako aholkulari lanetan arituko dira, zuzeneko prestakuntza emanen dute eta online tutoreak izanen dira.

Hezkuntza Departamentuko unitate administratiboek sustatzen dituzten programetan koordinazio eta lankidetza aktiboa garatuko dute.

Osagarritasun printzipioaren arabera, beharrezkoa izanez gero, aholkulariek edozein etapatan egin beharko dituzte prestakuntza lanak. Halaber, printzipio berean oinarrituta, aholkulariek, irakasleentzako laguntza zentro bati atxikita egonik ere, beste edozein zentrotako eremuan garatutako prestakuntza jarduerak ematen ahalko dituzte, prestakuntza sareak antolatutako jarduerek hala eskatuta.

Horrez, gain, eta prestakuntza beharren arabera, irakasleen prestakuntzari buruzko beste lan eta eginkizun batzuk ere esleitzen ahalko zaizkie aholkulariei, zein lanpostutan sartu ziren kontuan hartu gabe.

III. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

Merezimenduen baremoko puntuazioa, guztira: 10 puntu.

I.–Lanbide arloko merezimenduak. Gehienez ere 5 puntu.

Karrerako funtzionario gisa egindako irakaslana baloratzean, 0,48 puntu emanen dira zerbitzu urte bakoitzeko, deialdiaren azkeneko egunean kontatuta. Deialdian parte hartzeko eskatzen diren hiru urteak ez dira inola ere baloratuko.

Hilabete osoko 0,04 puntu emanen dira, eta gainerako egunak ez dira kontuan hartuko.

Frogagiriak: Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen egiaztagiria.

II.–Beste merezimendu batzuk. Gehienez ere 5 puntu.

2.1.–Prestakuntza jardueretan izandako parte-hartzea. Gehienez ere 2 puntu.

2.1.1.–Lortu nahi den lanpostuarekin lotura zuzena duten prestakuntza jardueretan parte hartzeagatik: Egiaztatutako 10 orduko, 0,05 puntu. Gehienez ere puntu 1.

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 10 ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

Frogagiriak: entitate antolatzaileak emandako ziurtagiriaren fotokopia, zeinetan berariaz agertuko baitira jardueraren kreditu kopurua edo orduak.

2.1.2.–Lortu nahi den lanpostuarekin lotura zuzena duten prestakuntza jarduerak edo ikastaroak emateagatik: Egiaztatutako 5 orduko, 0,1 puntu. Gehienez ere puntu 1.

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 5 ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

Frogagiriak: jarduera egin dela frogatzen duen ziurtagiri edo dokumentuaren fotokopia, zeinetan berariaz agertuko baitira jardueraren kreditu kopurua edo orduak.

2.2.–Gehienez ere puntu 1.

a) Ikerketa eta berrikuntza jarduerak, lortu nahi den plazarekin lotura dutenak: jarduera bakoitzeko 0,25 puntu.

b) Lortu nahi den plazarekin lotura duten biltzar, simposium edo jardunaldietan aurkeztutako txosten, komunikazio edo panelak: jarduera bakoitzeko 0,25 puntu.

Frogagiriak: aipatutako jardueretan parte hartu izanaren frogagiriak.

2.3.–Titulazioak. Gehienez ere 2 puntu.

2.3.1.–Beste titulazio batzuk: Gehienez ere 0,5 puntu.

–Doktore titulua: 0,3 puntu.

–Lizentzia edo dagokion gradua edo baliokidea den titulazioa, baldin izangaiaren irakaskuntzako kidegora sartzeko behar dena ez bada: 0,2 puntu.

–Diploma, bere irakaskuntzako kidegora sartzeko behar denaz bestelakoa: 0,15 puntu.

–Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren titulua: 0,1 puntu.

Frogagiriak: Kidegoan sartzeko alegatutako tituluaren fotokopia, bai eta merezimendu gisa aurkezten dituen guztiena ere, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Titulazioak atzerrian lortu badira, titulazio horien fotokopia aurkeztu beharko da, homologazioa egiaztatzen duen agiriarekin batera.

2.3.2.–Hizkuntzak: Gehienez ere 1,5 puntu.

–Euskara (ez da baloratuko baldin eta deialdi honetan parte hartzeko ezinbestekoa bada): EGA edo balio berekoa: 1,25 puntu

Beste titulu batzuk: ingelesa, frantsesa edo alemana, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik, Hezkuntzako kontseilariak otsailaren 28an emandako 30/2011 Foru Aginduan jasoak (foru agindu hori Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 28ko 184/2011 Foru Aginduaren bidez aldatu zen):

  • C1 edo baliokidea: 0,25 puntu.
  • B2 edo baliokidea: 0,15 puntu.

Frogagiriak: merezimendu gisa alegatutako egiaztagiriaren fotokopia edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Hizkuntza bakoitzean, hautagaiak aurkezten duen maila altueneko ziurtagiria bakarrik hartuko da kontuan.

Ez da beharrezkoa hizkuntza gaitasunen egiaztagiriak gaztelaniara itzultzea.

IV. ERANSKINA

Epaimahaiko kideak

Epaimahaiko burua: Fabiola Azpilikueta Erro andrea, Prestakuntza Ataleko burua.

Idazkaria: Xabier Guibelalde Otermin jauna, Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoko burua.

Mahaikidea: María Dolores Rodríguez Gómez andrea, Irakasleen Batzordearen ordezkaria.

Iragarkiaren kodea: F1603362