Iragarkia
61. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARTIKA
Kontzejuaren “María Domínguez” gizarte etxeko espazio
eta baliabideen antolaketa eta erabilera arautzen dituen
udal ordenantza. Behin betiko onespena
Artikako Kontzejuak, 2015eko azaroaren 17an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Artikako Kontzejuaren María Domínguez gizarte etxeko espazio eta baliabideen antolaketa eta erabilera arautzen dituen udal ordenantza. Hura 2016ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 1ean.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Artikan, 2016ko martxoaren 8an.–Burua, Ángel Obanos Galar.
ARTIKAKO KONTZEJUAREN MARÍA DOMÍNGUEZ GIZARTE ETXEKO ESPAZIOAK ETA BALIABIDEAK ANTOLATU ETA ERABILTZEKO ORDENANTZA
I. KAPITULUA
Definizioa
1. artikulua. Artikako Kontzejuaren “María Domínguez” gizarte etxea, Artikako María Domínguez karrikako 3an dagoena, Kontzejuaren ondasuna da, jabari eta zerbitzu publikokoa, eta Artikako Kontzejuaren ardura da haren erabilera.
Hona gizarte etxe honen lehentasuneko xedeak:
a) Bizilagunen kontzientzia herritar eta politikoa garatzen laguntzea, Artikako herritarrek Kontzejuaren eta Udalaren bizitzan parte hartzera bulkaturik, demokrazian sakontzeko bide gisa.
b) Artikako herritarren gizarte kohesioa indartzen laguntzea, adin guztietako lagunendako zentro batean, haur, nerabe nahiz heldu.
c) Biltoki batez hornitzea, bereziki Artikako herritar eta elkarteek eskatzen dituzten ekimen guztietarako, bertze toki batzuetatik etortzen diren proposamenak baztertu gabe.
d) Kulturaren sustapena indartzen laguntzea, bere agerpen guztietan: musika, zinema, literatura etab.
2. artikulua. Kontzejuaren Kultur Zerbitzuaren egoitza izanen da Artikako María Domínguez gizarte etxea. Haren espazioak, nagusiki, kultur jarduerak eta kultur eta gizarte arlokoak egiteko izanen dira, musikaren, zinemaren eta arte plastikoen alorrean; bertzelako jardueretarako ere erabil daiteke, hala nola mintzaldiak, eztabaidak eta ikastaroak, baita bertzelako ospakizun batzuetarako, hala nola herri bestak (Mari Domingi, inauteriak etab.).
3. artikulua. Artikako Kontzejua arduratuko da berak sustaturik gizarte etxean gauzatzen diren jarduera, ikastaro eta ikuskizun guztiak programatu, antolatu, kudeatu eta haien segimendua egiteaz, baita bertako instalazioak zaindu eta hobetzeaz ere.
Orobat, elkarteek edo norbanakoek antolatzen eta proposatzen dituzten jarduerak ere egiten ahalko dira, betiere 1. artikuluan aipaturiko xede eta printzipio oinarrizkoei kontra egiten ez badiete.
4. artikulua. 4. artikulua.Gizarte etxean jarduerak egiten ahalko dira lankidetzan Udaleko kultur koordinatzailearekin.
II. KAPITULUA
Ordutegia
5. artikulua. Programaturiko jarduerek zer ezaugarri dituzten eta Kontzejuak antolatzeko zer ahalmen dituen, haiexen araberakoa izanen da gizarte etxea irekitzeko ordutegi orokorra.
Asteburuko erabilera pribatuaren kasuan, ordutegia 15:00etatik 22:00etara bitarte da.
III. KAPITULUA
Egindako
6. artikulua. Gizarte etxean gauzatu beharreko jarduerek ez dute salerosketa edo irabazi xederik izanen, eta, nagusiki, alor honetakoak izanen dira: kultura, artea, hezkuntza, gizarte eta kultura eta josteta; ez da politika baztertzen, denak hartzen baititu barnean. Honako hauek hartzen dira halakotzat:
–Antzerki edo dantza emanaldiak.
–Musika emanaldiak, entzunaldiak.
–Ikus-entzunezko proiekzioak.
–Ikastaroak, lantegiak, mintegiak.
–Hitzaldiak, mintzaldiak, eztabaidak.
–Programa politikoen aurkezpena.
–Udal edo kontzeju mailako eztabaidak eta proposamenak.
–Erakusketak: pintura, eskultura, argazkigintza etab.
–Liburutegiko espazioak berezko dituen jarduerak. Irakurtzera bultzatzeko kanpainak. Irakurketa dramatizatuak. Ipuin kontalariak.
–Liburuen aurkezpenak.
–Kultur edo kirol elkarteek proposatutako jarduera mota guztiak.
7. artikulua. Jarduerak gauzatzeko Artikako Kontzejuak eman behar die hasierako onespena.
8. artikulua. Kontzejuak beretako gordeko du Kontzejuaren “María Domínguez” gizarte etxea entitate eta elkarteei alokatzeko eskubidea, salerosketa eta irabazi xederik ez badute.
IV. KAPITULUA
Erabiltzaileak
9. artikulua. Hona hemen Kontzejuaren “María Domínguez” gizarte etxearen erabiltzailearen definizioa: bertara sustatzaile gisa jotzen duena edo, orokorrean, bertan gauzatzen diren jardueretan parte hartzen duena.
10. artikulua. Hona hemen Kontzejuaren “María Domínguez” gizarte etxearen elkarte eta/edo talde erabiltzailearen definizioa: bere jarduerak egiteko Kontzejuaren zentroko espazioak erabiltzen dituen elkarte eta/edo taldea.
11. artikulua. Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:
–Ezarritako ordutegiak begiratzea.
–Bertan diren altzariak eta elementuak begiratzea eta egokiro erabiltzea.
–Kontzejuaren gizarte etxeak duen azpiegitura zuzen erabiltzea.
–Lokala txukun eta garbi uztea, erabili ondoan bertze eskatzaile batzuek erabiltzeko maneran.
–Kontzejuak baimendutako langileek eman ditzaketen jarraibideei kasu egitea.
–Funtzionamendurako oinarrizko arauei jarraitzea (Kontzejuak orri batean emanen ditu), eta zentroa erabili aurretik eta ondotik bete beharreko egiaztapen zerrenda betetzea.
–Kontzejuaren gizarte etxean ez erretzea.
–Surik ez egitea, eta baimendutako asots maila ez gainditzea.
–Inolako jarduera piroteknikorik ez egitea.
12. artikulua. Berriobeitiko Udalak berea du aipatutako oharrak begiratzen ez dituzten pertsonak onartzeko eskubidea. Espazioak behar ez bezala erabiltzeak lokaletik bidaltzeko edo horiek halako epe batean ez lagatzea.
13. artikulua. Kontrakoa erabaki ezik, espazioak lagatzeak ez du ekarriko Udalak inolako materialik altxatu eta biltegiratzea. Inguruabarren bat dela medio eta denbora baterako baizik ez da eginen, betiere Artikako Kontzejuak baimentzen badu.
14. artikulua. Ikus-entzunezko baliabideak langile arduradunek erabiliko dituzte, edo bertzenaz entitate antolatzaileak izendaturiko adituek, Kontzejuak aitzinetik adostasuna eman badu.
V. KAPITULUA
Espazioak
15. artikulua. Kontzejuaren gizarte etxean, hiru espazio mota bereizten dira.
A) Erabilera esklusiboko espazioak:
–Koadro eta ikus-entzunezkoen aretoa.
–Garbiketa eta biltegi gela.
B) Erabilera berariazkoetarako espazioak:
–Altzariendako nitxoak.
–Harraska, ontzi garbigailua, mikrouhin labea etab. dituen barra.
–Taldeei esleitzeko edo jarduera berariazkoetarako armairu giltzadunak.
C) Askotarako espazioak:
–Erakusketen eremua.
–Erabilera anitzeko 1. aretoa (handia).
–Erabilera anitzeko 2. aretoa (tikia).
VI. KAPITULUA
Gizarte Etxeko espazioen erabilera edo
horiek lagatzeko eta erabiltzeko irizpideak
16. artikulua. Entitate edo partikularrek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Udalak antolatu edo babesten dituen jardueren erabileraren menean.
17. artikulua. Espazioen erabilpena elkarte eta taldeei esleitzeko tenorean, lehentasuna izanen dute Artikako Kontzejuan eta Berriobeitiko udalerrian kokaturiko elkarte eta taldeek.
18. artikulua. Egoerak aukera ematen badu, elkarlanerako hitzarmenak sina daitezke Kontzejuaren eta/edo pertsona edo taldeen artean, Kontzejuaren gizarte etxeko espazioak erabiltzeko.
19. artikulua. Gizarte etxeko espazioen erabilerari dagokion arlo ekonomikoan, aldi bakoitzean indarra duten tarifak kobratuko dira, Kontzejuak baimentzen dituen doako erabileretan izan ezik.
20. artikulua. Gizarte etxeko espazio bakoitza lagatzeko eta erabiltzeko irizpideak honelakoak dira:
A) Erabilera esklusiboko espazioak:
A.1) Koadro eta ikus-entzunezkoen aretoa langile tekniko baimenduendako erabilera esklusiboko espaziotzat hartuko da; ez da lagatzen ahalko, behar diren baldintza teknikoak izan ezik.
A.2) Ekialdeko biltegia Kontzejuarendako erabilera esklusiboko espaziotzat hartuko da; ez da lagatzen ahalko, programaturiko jardueraren ezaugarrien ondoriozko aparteko baldintzetan salbu.
B) Erabilera berariazkoetarako espazioak:
B.1) Altzariendako nitxoa, barraren espazioa, armairu giltzadunak:
–Altzariendako nitxoa 1. gelako altzariak altxatzeko eta espazio horren askotariko erabilera egiteko erabiliko da.
–1. gela altzariz hutsik egonen da; horiek behar desberdinen arabera paratuko dira. Erabili ondoan, nitxoan altxatuko dira, gero berriz erabiltzeko.
B.2) Barraren espazioa:
–1. gela erabiltzen duten entitate edo partikularrek erabiltzen ahalko dute inguruabarren bat dela medio, eskatutako jarduerak hala behar badu.
B.3) Armairu giltzadunak:
–Artikako Kontzejuak armairu giltzadun bat edo gehiagoren erabilera esleitzen ahalko die jarduera jarraitu bat egin behar duten talde edo pertsonei, jarduera horrek irauten duen denboran.
C) Askotarako espazioak: haien ezaugarrien arabera:
C.1) Erakusketen eremua:
–Erakusketen eremua sarbideko korridorearen eta gela nagusiaren arteko espazioan dago eta erakutsi beharreko materialak kokatzeko aukera ematen duen mekanismoak osatzen du, handik zintzilikatzen ahal baitira elementu horiek.
Kokaleku honetan, erakusketen jarduera (pintura, argazkigintza, txartelen lehiaketa etab.) bateragarria izan daiteke espazio hauen ohiko erabilerarekin.
Kontzejuaren gizarte etxeko gainerako elementu eta espazioak erabiltzeko baimena nola eskatu behar den, tramite bera egin beharko da erakusketetarako.
Elkarteek nahiz pertsona partikularrek proposaturik egiten ahalko dira bertan erakusketak.
C.2) Erabilera anitzeko 1. aretoa (handia).
–Kontzejuaren eta Udalaren Kultur Zerbitzuaren programazioa gauzatzeko izanen da nagusiki.
–Entitate edo norbanakoek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Artikako Kontzejuak edo Udalaren Kultur Zerbitzuak antolatzen edo babesten dituzten jardueren erabileraren menean.
–Kontzejuak horretarako zehazten duen tarifari lotuko zaio lagapen hauen tratamendu ekonomikoa.
–Artikako Kontzejuak, kultura eta ekonomia aldetik espazio honi etekin hobea ateratzeko asmoz, kontratu edo hitzarmenak egiten ahalko ditu norbanakoekin, entitateekin edo arte taldeekin, erabilera lagatzeko eta arautzeko, dela halako une batzuetarako, dela modu jarraituan, dela puska baterako (konparaziorako, hiru hilabeterako, sei hilabeterako, denboraldirako, urtebeterako, etab.).
–Horrelako lagapenak akordio idatzien bidez eginen dira eta egokitzat jotzen diren konpentsazio bideak zehaztuko dira.
–Lagapen hauen ordutegia eta baldintza teknikoak Kontzejuak ezarriko ditu.
–Espazio hau bizilagunek erabiltzeko lagatzen ahal da, ordenantza honen 11 eta 12. artikuluetan zehazturiko irizpideen barnean.
C.3) Erabilera anitzeko 2. aretoa (tikia):
–Erabilera anitzeko 1. aretorako ezarri diren irizpide berekin erabiliko da espazio hau.
–Luze-zabalen eta ezaugarrien aldetik zein diren bertan egiteko jarduera egokienak, haiexetarako erabiliko da.
–1. aretoaren aldi berean erabiltzeko xedea izanen du, komenigarritzat hartzen denean.
21. artikulua. Zer premia diren, zer espazio dauden eskura eta egin beharreko jarduera zer motatakoa den eta zer ezaugarri dituen, halakoxeen araberako erantzuna emanen zaie espazioak lagatzeko eskaerei.
Ikasturte bakoitzaren hasieran, Kontzejuaren gizarte etxea erabiltzen duen norbanako edo talde bakoitzak hura erabiltzeko jarduera egutegi bat edo ordutegi bat aurkeztuko du. Horrek bat egin behar du kultur guneak oro har irekitzeko eta izateko dituen ordutegiekin.
Orobat, gizarte etxean eskatzen duten talde guztiei lagatzeko adina lokal ez badago, aintzat hartuko dira ondoko alderdi hauek lokalen erabilera nori lagako zaion erabakitzeko: Artikan edo udalerriko edozein herritan erroldatutako kide gehien dituen taldeei emanen zaie lehentasuna; gisa berean, aintzat hartuko da eta taldea lehenesteko arrazoi izanen da, laga zaizkion lokalak erabili eta gero taldeak kultur ekintza edo jarduerak antolatu izana edo halakoetan parte hartu izana, nolabait herriari eta/edo udalerriari eskainiz lokala erabili duen bitartean egindako kultur lanaren emaitza. Lokala erabili eta gero talde batek ez badu parte hartu inongo kultur ekimenetan, lokala bertze talde eskatzaile bati lagako zaio.
22. artikulua. Kontzejuaren gizarte etxeko espazioak lagatzeko, baldintza hauek ezarri dira:
a) Erreserba pribatuak Kontzejuaren bulegoetan egin daitezke, telefonoz edo e-mailez. Erreserbak egiteko epea hilabeteko 15etik 22ra izanen da, biak barne. Erreserbak hurrengo hilabeterako eska daitezke soilik. 15a edo 22a jaieguna bada, hurrengo laneguna hartuko da egun balioduntzat.
Batek baino gehiago eskatzen badute gizarte etxearen erreserba pribatua egitea egun bererako, zozketa bidez erabakiko da.
Erabilera publikoko erreserba egiten bada gizarte etxerako, horrek lehentasuna izanen du erabilera pribatuko baten gainetik.
22aren ondoren, asteburuetarako ez diren erreserba eskaerak irmoak izanen dira bertatik bertara.
Eskarian honako dokumentu hauek sartu beharko dira:
–Eskaria egiteko inprimaki berariazkoa, zuzen betea. Inprimaki hori eskatzaileen eskura egonen da Kontzejuaren bulegoan.
–Eskatzailearen eta/edo entitate antolatzailearen NANaren edo IFZaren fotokopia.
b) Lagapenak erabaki idatzi baten bidez eginen dira, eta hura eskatzaileari ailegaraziko zaio.
c) Eguna edo ordutegia aldatzeko eskariak, baita jadanik baimendutako jarduera bakoitzaren denbora handitu edo murriztekoak, Kontzejuko administrariak ebazten ahalko ditu, kontzejuburuak aitzinetik jakinda, programazioari eta espazioen erabileren koordinazio zuzenari begiraturik, eta betiere aldaketa horiek ez badute funtsean bertzelakotzen jarduera baimendua.
d) Ez norbanakoa izan ez taldea izan, inolako erabiltzailek ez du toki honetako giltzarik izanen, Kontzejuak baimentzen duenetan izan ezik.
e) Erabiltzaileen kontura izanen dira:
–Edozein tasa, kontribuzio edo zerga ordaintzea, behar denean.
–Egile eskubideak ordaintzea, horrelakorik izanez gero.
–Administrazioaren baimenak.
–Jarduera gauzatzeko behar diren elementuak muntaia eta desmuntaia, antolatzailea Kontzejua ez bada.
f) Kontzejuak baimendutako langileek noiznahi ikuskatzen ahalko dituzte jarduera egiteko instalazio osagarriak muntatu eta kentzeko lanak, eta entitate antolatzaileek horren gainean egiten dizkieten ohar eta jarraibide guztiak onartu eta bete beharko dituzte.
g) Jarduera bat bururatzean, entitate antolatzaileak begiratuko du instalazioak erabiltzeko ongi gelditzen ote diren, jarduera hasi aitzinetik zeuden egoera berean.
h) Atzemandako edozein kalteren berri emanen da ahalik eta lasterren.
VII. KAPITULUA
Zehapenak
23. artikulua. Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak.
a) Entitate antolatzaile guztiek beren gain hartuko dituzte eskatzen ahal zaizkien erantzukizun zibil, penal eta administratibo, eta berdin lan nahiz zerga arlokoak, edo edozein moldetakoak, eta beren esku geldituko dira oso-osorik beren erantzukizun horien ondoriozko kalte eta galeren ordainak, Kontzejua horietatik arrunt salbu geldituko baita.
b) Entitate antolatzailea behartua dago agintaritzari eta erakunde eskudunei beharrezko diren baimen guztiak eskatzera, egin nahi duen jarduerarako.
c) Kontzejuak ez du inongo erantzukizunik izanen jendeak egiten dituen gauzengatik, entitate antolatzailearena izanen baita, oso-osorik, erantzukizun hori.
d) Entitate antolatzaileek beren gain hartuko dute instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen edo kalteak konpondu edo ordaintzeko ardura, edozein izanagatik haien arrazoia edo zergatia. Horretarako, Kontzejuak aurkeztuko dio likidazioa, non ez duen berak zuzenean egin behar diren konponketen ardura hartzen, Kontzejuak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.
24. artikulua. Arau-haustetzat joko dira:
a) Jabetzaren kontrako hutsegite eta delituak.
b) Instalazioak eta zerbitzuak behar ez den bezala erabiltzea.
c) Lokaletan dauden ondasun higigarri nahiz higiezinetan hondamen edo kalteak eragitea.
25. artikulua. Kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte ezarriko dira aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak.
26. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak betearazpen bidearen bitartez gauzatu eta betearaziko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Bakarra.–Kontzejuko Batzarrari dagokio ordenantza honetan jaso ez diren kasuak erabakitzea, eta zalantzarik sor dezaketen artikuluen azken interpretazioa.
I. ERANSKINA
Erregelamendua, Artikako Kontzejuaren M.ª Domínguez kultur
eta gizarte etxea erakusketa aretotako erabiltzeko
Artikako Kontzejuak bere erakusketa aretoa lagako du ikusgai jarri beharreko erakusketa arte, kultur eta gizarte, historia edo artisautza arlokoa delarik. Hura erabiltzeko baldintza hauek bete behar dira:
1. Eskaera.
Erakusketariak aretoa erabiltzeko eskaera eginen du idatziz, eta horretarako erregelamendu honi eransten zaion inprimakia beteko du eta Artikako Kontzejuko Erregistroan aurkeztuko.
Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Historia profesionala.
b) Egindako erakusketen zerrenda.
c) Lortutako sarien zerrenda.
d) Prentsako iruzkin kritikoak.
e) Erakutsi beharreko obraren txosten fotografikoa (gutxienez ere 10 argazki, gutxienez ere 9 x 12 cm tamainakoak).
f) Egindako erakusketen katalogoen laginak.
2. Iraupena:
Erakusketek, normalean, 30 egun iraunen dute gehienez ere. Data horiek kalitatearen eta salaren irizpidearen ariora erabakiko dira.
Irekitzeko orduak ikusgai jarriko dira jendearendako.
3. Eskaeren onarpena:
Eskaerak onartzeko kontuan hartuko dira erakusketariaren curriculum vitae-a, obraren kalitatea, haren originaltasuna etab.
Nolanahi ere, Kontzejuak beretako gordeko du halako obra batzuk onartzeko eskubidea.
Erakusketen egutegia urtekoa da (urtarril-abendua). Programazioa aitzin urteko irailetik abendura bitarte prestatuko da, jasotako eskaerekin.
4. Garraioa eta asegurua:
Bidaltzeko eta itzultzeko gastu guztiak erakusketariaren bizkar izanen dira; hark bere aldetik eta bere kontura aseguratzen ahalko ditu obrak, hala nahi badu.
5. Erantzukizuna:
Artikako Kontzejuak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, baldin eta istripu, lapurreta, sute, atentatu edo bertzelako arrazoiren batengatik obrak osorik edo parte batean suntsitzen badira.
Erakusketariak edo lagapenaren titularrak Artikako Kontzejua osotara salbuetsiko du egin beharreko jarduera gauzatzen ari dela izan daitezkeen inguruabar eta goiti-beheitiengatik izanen liratekeen erantzukizunetatik, eta espresuki uko eginen dio Udal horren aitzinean egin lezakeen edozein eskari egiteari, kalte-galeren ordaina barne.
6. Muntaia:
Kontzejuak ez du langile espezializaturik izanen erakusketaren muntaia eta desmuntaia egiteko. Aretoko apaingarriak bestelakotzea edo haren paretak honda ditzaketen materialak erabiltzea badakar, ez da aldaketarik batere onartuko.
Artistak eskura izanen du aretoko materiala, eta erabili ondoan berak arduratu beharko du bere lekuan uzteaz.
7. Publizitatea:
Artikako Kontzejuak erakusketa iragartzeko txartel bat eta afixa bat argitaratuko ditu, osotara bere kontura eta erakusketariarekin adostuta, edo bertzenaz aukera emanen dio bere kasa eta bere kontura egin dezan, are erakutsitako obraren katalogo bat editatzeko ere. Nolanahi ere, erakusketariak Kontzejuari emanen dio egiten duenaren berri eta Kontzejuak zehazten dizkion ezaugarriak, maketa eta formatua onartu beharko ditu, halakorik egiten bada.
Lagapenaren titularrak publizitate osagarria egiten ahalko du bere kasa.
8. Aretoko gastuak:
Aretoa dohainik lagatzen ahalko da, erakusketaren ezaugarriek komenigarri egiten badute.
Kontzejuak baimena emanda, erakusketariak bere kontura hartzen ahalko ditu nahi dituen segurtasun neurriak. Alde horretatik gertatzen ahal diren goiti-beheiti guztiak erakusketariak hartuko ditu bere gain, Kontzejuak ez baitu kalte-galerengatik batere ordaindu beharko.
9. Jurisdikzioa:
Erregelamendu hau aplikatzeak ekartzen dituen auzietan, erakusketariak men eginen dio Iruñeko auzitegi eta epaitegien jurisdikzio eta eskumenari, bertze guztiei uko eginda.
Aurreikusi gabeko orotan eta arau hauen interpretazioaren inguruko zalantza edo arazoetan, Artikako Kontzejuak ebazten duena bete beharko da eta ezin izanen da haren erabakiaren aurka jo.
10. Baldintzak jakin, onartu eta sinatzea:
Baldintza hauek jakin eta onartzeak berekin ekarriko du eskatzaileari lagapena esleitzen zaion unean Artikako kultur eta gizarte etxeko erakusketa aretoaren erabilpena lagatzeko hitzarmena sinatu beharra, baita horren ondorioz edozer goiti-beheiti gertatuz gero Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta hura garatzeko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zuen Ondasunen gaineko Erregelamenduan ezarritako aginduei men egitea.
II. ERANSKINA
–Erreserbaren eskaera (PDF).
Iragarkiaren kodea: L1602866
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
