2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLTZA ZENDEA
Oltza Zendeako Udalaren azterketa eskubideen tasak
arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena
Oltza Zendeako Udalak, 2015eko abenduaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Oltza Zendeako Udalaren azterketa eskubideen tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. 2016ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 29an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Oltza Zendean, 2016ko martxoaren 11n.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.
ORDENANTZA FISKALA, AZTERKETA ESKUBIDEEN TASAK ARAUTZEN DITUENA
I.–Oinarria eta izaera.
1. artikulua.
Tasa hau ezarri da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 106. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
II.–Zergapeko egintza.
2. artikulua.
Honako hau da tasaren zergapeko egintza:
a) Oltza Zendeako Udalak edo haren erakunde autonomoek funtzionarioen nahiz lan-kontratudunen lanpostu hutsak jabetzan betetzeko deitzen dituzten lehiaketa, oposizio eta oposizio-lehiaketetan, irekietan nahiz murriztuetan, izangai gisa parte hartzeko eskaera.
b) Kontratazio zerrendak egiteko Oltza Zendeako Udalak edo haren erakunde autonomoek deitzen dituzten hautapen prozesuetan izangai gisa parte hartzeko eskaera, betiere zuzeneko deialdien bitartez egiten badira eta gutxienez ariketa bat egitea badakarte.
III.–Subjektu pasiboa.
3. artikulua.
Subjektu pasiboak dira, zergadunak, Oltza Zendeako Udalak edo bere erakunde autonomoek deitzen dituzten lehiaketa, oposizio eta oposizio-lehiaketetan, irekiak edo murriztuak izan, eta kontratazio zerrendak eratzeko hautapen prozesuetan parte hartzen duten izangaiak.
IV.–Zerga-kuota.
4. artikulua.
Oposiziogile, lehiatzaile edo izangai bakoitzak ordaindu beharreko kuotak ezarriko dira bete beharreko lanpostuari dagokion taldearen arabera, ondoko eskalari jarraituz.
Plantilla organikoko jabetzako lanpostuak.
TALDEA | KUOTAK |
A | 25,00 euro |
B | 25,00 euro |
C | 15,00 euro |
D | 10,00 euro |
E | 10,00 euro |
Deialdia, kontratazio zerrendak sortzeko:
TALDEA | KUOTAK |
A | 12,00 euro |
B | 12,00 euro |
C | 8,00 euro |
D | 6,00 euro |
E | 6,00 euro |
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) %33ko edo handik goitiko desgaitasun maila aitortua dutenek.
b) Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.
Lan-eskatzailea dela frogatzeko, enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko du. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.
Interesdunaren aitorpenaren bidez frogatuko da ez duela hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Udaleko Informazio Bulegoan jaso beharko da aitorpenaren eredua.
V.–Sorrarazpena.
5. artikulua.
Ordaindu beharra sortzen da espedientea egiten denean, eta ez da eskubide horien itzulketarik izanen eskatzailea lehiaketatik, oposiziotik, oposizio-lehiaketatik edo kontratazio zerrendak egiteko hautapen prozeduratik baztertua izaten bada ere, horretarako arrazoia edozein delarik ere.
VI.–Likidazioa eta diru-sarrera.
6. artikulua.
Tasaren ordainketa, izenduna eta bana-banakoa izanen baita bete nahi den lanpostu bakoitzeko, Udalaren banku-kontuan diru-sarrera eginez gauzatuko da, eta horren frogagiria eskabideari erantsiko zaio. Izangaiak diru-sarreraren gordekina gorde beharko du.
Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, ez da inolaz ere tasa itzultzeko eskabiderik onartuko.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Bakarra.–Ordenantza honek 2016ko apirilaren 1ean hartuko du indarra, eta ondorio juridiko osoak izanen, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L1603185