60. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

182E/2016 EBAZPENA, otsailaren 29koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Olaibarko Hirigintzako Udal Planeko egiturazko aldaketari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena Olabeko hiri-lurzorua handitzeko. Olaibarko Udala da sustatzailea.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen ebaluazio estrategikoa egiten zaie lurzoru urbanizaezinean eragiten duten hirigintza planetako aldaketei eta, horrenbestez, ingurumen ondorioen adierazpena ere egin behar zaie, onetsi aurretik edo onestearekin batera.

Olaibarko Hirigintzako Udal Planeko aldaketak, Olaibarko Udalak sustatuak, hiri-lurzorua handitzen du eta bi hasierako onespen ditu, Olaibarko Udalak emanak. Lehen onespena 2009ko irailaren 30ean egin zen, eta jendaurrean jarri zen iragarkia 2009ko 134. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, urriaren 30ean. Hartutako alegazioak ebatzi ondoren, hiru lurzati kendu ziren jarduketa eremutik eta proposamen berria bigarren hasierako onespenaren menpe jarri zen 2012ko irailaren 11n, 2012ko 203. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, urriaren 16an.

2. hasierako onespenerako dokumentazioaren arabera, katastroko 3. poligonoko 3, 62, 64, 65, 67, 68, 386, 72, 73, 74 eta 75. lurzatiei dagokie aldaketak ukitzen duen eremua; haiek N-121-Aren (mendebaldetik) eta herrigunearen iparraldeko abeletxearen artean daude kokaturik.

Eremu horretarako planteatzen diren helburuen artean bizitegi eremu bat dago, 18 etxebizitzakoa gehienez ere, ekipamendurako lurzati bat sortuko duena gaur egun Olaibarko udaletxeak eta Olabeko kontzeju-etxeak hartzen duten tokian. Aipatu lurzatien hirigintzako sailkapena aldatu gogo da, nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin babestu izatetik hiri-lurzoru izateko, eta Olabeko AR-1 sektore gisa mugatuko da. Proposatzen den antolamenduaren arabera, bide bat sortuko da N-121arekin paraleloan, udaletxera eta ipar-ekialdean kokatutako gainerako etxebizitzetara joateko. Bide horren eta udaletxearen inguruan, jada eginik, sektoreko berdeguneak daude.

Erabilera aldaketa horrek batez ere nekazaritzako lurretan du eragina, bai eta zuhaixkak dituen larrearen zati batean ere, ekialdeko muturrean, malda handieneko tokietan, baina ez du intereseko habitatik, ingurumen balioko eremurik edo paisaia interesekorik ukitzen eta, hortaz, ez da ingurumen ukipen nabarmen garrantzitsurik.

Egoera akustikoari dagokionez, N-121-Aren ondoko eremu bat denez, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2012ko azaroaren 12ko txostenean dio N-121-Ako ibilgailuen joan-etorrien ondoriozko ukipen akustikoak direla baloratu beharreko konturik aipagarriena. Horretarako, azterlan akustiko bat egin behar da, eta baloratu, hirigintzako proposamenak betetzen ote dituen bizitegiko eremu akustiko bati esleitzen zaizkion helburu akustikoak.

Olaibarko Udalak 2013ko irailaren 17an behin-behinekoz onetsitako dokumentaziotik abiatuta, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak haren kontrako beste txosten bat egin zuen 2014ko ekainaren 11n, aipatu azterlan akustikorik ez zegoelako egoera akustikoa ebaluatzeko. Txosten horretan adierazten da lehentasuna eman behar zaiela prebentzio neurriei eta plangintza akustikokoei neurri zuzentzaileen aldean, horiek lehendik egindako bizitegietako arazoak konpontzeko baitaude.

Aldaketa hori tramitatzearekin batera, Olaibarko Udala bere hirigintzako udal plana ari da tramitatzen eta, horretan, hiri-lurzorua handitzeko aurreikuspen berak daude Olabeko herriarentzat. Planaren ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren emaitza gisa, ingurumen ondorioen adierazpenean (337E/2014 Ebazpena, uztailaren 24koa) bideraezintzat jotzen zen ingurumenaren aldetik eremu horretan (AR-OLB5 deitua) aurreikusitako bizitegi garapena, harik eta egoera akustikoa baloratu eta kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla bermatu arte.

Geroago, 2015eko otsailaren 25ean, aldaketa hori tramitatu zenean, hartu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan “Olabeko (Nafarroa) bizitegia handitzeko eragin akustikoaren proiektua, 2015eko urtarrilekoa”. Dokumentazio berri horretatik ondorioztatzen da kalitate akustikoaren helburuak betetzeko guztiz ezinbestekoa dela neurri zuzentzaileak hartzea. Zehazki, lubeta bat errepidearen eskuinaldean, 2 eta 2,4 m arteko altuera duena, eta pantaila akustiko bat lubetaren gainean.

Dokumentazio berria ikusita, txosten bat eskatu zitzaien Herri Lanei, N-121-Aren inguruan proposatzen diren neurri zuzentzaileen bideragarritasunari buruz eta N-121-Ako zortasun akustikoaren eremuko ukipenei buruz. 2015eko ekainaren 18an hartu zen txostena, non, alde batetik, lubeta errepidearen zortasun eremuan kokatzen den, jabari publikoaren eremua libre utzita, eta bestetik, bete beharreko baldintzak adierazten dira lubetaren egonkortasunari eta profilari, uren ebakuazioari eta landareztatzeari buruz. Txosten horretan ez dago aipamenik N-121-Aren zortasun akustikoaren eremuari buruz.

Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalaren 2015eko urriaren 20ko txostenak adierazten du N-121-Aren ondoko sektore hori bizitegi eremu akustiko bat dela eta, hortaz, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren II. eranskineko A taulako helburu akustikoak aplikatzekoak direla sektorearen eremu osoan, 5 dezibel gutxituta (Ln < 50 dB eta Ld < 60 dB). Beraz, zaratari buruzko azterlanaren emaitzak ikusita eta neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren, ez da bermatzen kalitate akustikoaren helburuak bizitegi eremu osoan beteko direnik.

Ikuspegi akustikotik, lurzoruaren hirigintza sailkapenaren aldaketa honek kutsadura akustikoak ukitzen duen bizitegi eremu bat sortzea dakar; izan ere, lurzoru urbanizaezin bat, helburu akustikorik esleituta ez duena, bizitegi lurzoru bihurtzen da, non kalitate akustikoaren helburuak gainditzen diren. Hortaz, N-121-Atik hurbil egonik, lehentasunezkoa da prebentzio neurriak aplikatzea lurralde plangintza baten bitartez, eta akustika aldetik bideragarriak diren beste alternatiba batzuk baloratu beharko lirateke Olabeko bizitegi lurzorua handitzeko.

Espedientean dagoen dokumentazioa aztertuta eta Olabeko AR.1 sektorean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direla ikusita, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak kontrako txostena egin du “Olabeko hiri-lurzorua handitzeko Olaibarko Hirigintzako Udal Planeko egiturazko aldaketaren” gainean. 2015eko azaroaren 4an, Olaibarko Udalari Ingurumen ondorioen kontrako adierazpenaren proposamena igorri zitzaion, eta entzutea emateko aldia hasi zen, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33.3 artikuluak ezartzen duen moduan, 15 eguneko epean bidezko alegazioak aurkezteko.

2016ko urtarrilaren 7an, Olaibarko Udalak bere ekarpenak aurkeztu zituen, eta haietan adierazi, bizitegia handitzeko egiten den proposamenak garapen logikoa eta zentzuzkoa duela, beste alternatiba batzuek baino ingurumen eragin txikiagoa duela eta Udalaren asmoa dela beste sailkapen bat ematea Olabe eta gasolindegiaren arteko espazioari, etenik gabeko hiri tarte bat sortzeko. Neurri zuzentzaileei dagokienez, uste du urbanizazio lanetan integratzen ahal direla; gainera, elementu positibo bat izan daitezke trafikoa bistatik ezkutatzen delako eta errepidetik auzoberrirako sarrera mugatzen delako. Olaibarko Udalak adierazten du N-121eko trafikoagatik ez direla betetzen Olabeko herrigunean Zaratari buruzko Legearen baldintzak eta saihesbide bat egitea dela soluzio bakarra.

Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak iritzi horiek baloratzen ditu 2016ko otsailaren 18ko txostenean. Haren ustez, natur inguruneak jasaten dituen ukipenen aldetik proposamen hori ukipen txikieneko alternatiba bada ere, ez da horrela ukipen akustikoak baloratzen direnean. Zerbitzuak behin eta berriz dio hirigintzako antolamendu eta plangintzatik jokatu behar dela prebentzioko lehen neurri akustiko gisa. Ez dira hainbeste neurri zuzentzaile batzuen bidez paisaian integratzea lortzea, baizik eta ez daitezela akustikaren arauak hautsi bizitegi berrietan. Halaber, gogoratzen du eginak dauden udaletxeari eta kontzeju-etxeari dagokienez, hirugarren sektoreko erabilera dutenez, erabilera horretarako kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla aztertu diren maila akustikoetan.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Olabeko hiri-lurzorua handitzeko Olaibarko Hirigintzako Udal Planeko egiturazko aldaketari buruzko Ingurumen ondorioen kontrako adierazpena egitea. Sustatzailea Olaibarko Udala da. Ikuspegi akustikotik, lurzoruaren hirigintza sailkapenaren aldaketa honek kutsadura akustikoak ukitzen duen bizitegi eremu bat sortzea dakar; izan ere, lurzoru urbanizaezin bat, helburu akustikorik esleituta ez duena, bizitegi lurzoru bihurtzen da, non kalitate akustikoaren helburuak gainditzen diren. Hortaz, N-121-Atik hurbil egonik, lehentasunezkoa da prebentzio neurriak aplikatzea lurralde plangintza baten bitartez, eta akustika aldetik bideragarriak diren beste alternatiba batzuk baloratu beharko lirateke Olabeko bizitegi lurzorua handitzeko.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Olaibarko Udalari eta sustatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko otsailaren 29an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1602611