60. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

177E/2016 EBAZPENA, otsailaren 29koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Tuterako udal mugapean esne-hautsa ekoizteko instalazioaren proiektua gauzatzen hasteko epea 2016ko abenduaren 24ra arte luzatzen duena. Titularra Saiona Sociedad Cooperativa Limitada da.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 24an emandako 537E/2013 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zen instalazio horren proiektua gauzatzeko.

2015eko abenduaren 11n titularrak proiektua gauzatzen hasteko epea urtebeterako luzatzea eskatu zuen, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

Titularrak azaltzen du Saiona Sociedad Cooperativa Limitadak esne-hautsa ez ekoiztea erabaki duen arren, Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiria sozietate publikoak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren menpekoa baita, instalazio horrek okupatuko zituen lurrak komertzializatu nahi dituela, esne-hautsa ekoizteko plantaren instalaziorako emandako ingurumen baimen integratua balio erantsi gisa eskainiz.

Halaber, titularrak argudiatzen du ingurumen baimen integratua eman zenez geroztik ez dela aldaketa nabarmenik izan esne-hautsa ekoizteko teknologian. Hori dela-eta, baimen horretan ezarritako funtzionamendu-baldintzek gaur egun indarrean segitzen ahal dute.

Titularrak azaltzen du urtean gutxi gorabehera 200.000 t esne fresko ekoizten direla Nafarroan. Horietatik portzentaje txiki bat besterik ez da eraldatzen Foru Komunitatean, eta gehiena solte saltzen da Nafarroatik kanpo. Horiek horrela, aipatu proiektua gauzatzea oso garrantzitsua izan liteke, ekonomia eta gizartearen aldetik, eta Foru Komunitatean ekoizten den esne freskoari balio erantsia eman liezaioke.

Uste dugu titularrak azaldutako arrazoiek behar bezala justifikatzen dutela eskatu den epearen luzapena. Beraz, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, eskaera onartzen da.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.g) artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Tuterako udal mugapean esne-hautsa ekoizteko instalazioaren proiektua gauzatzen hasteko epea 2016ko abenduaren 24ra arte luzatzea. Titularra Saiona Sociedad Cooperativa Limitada da. Proiektuak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 24ko 537E/2013 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen baimen integratua dauka.

Bigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Saiona Sociedad Cooperativa Limitadari, Tuterako Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari eta NILSAri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko otsailaren 29an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1602615