60. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

165E/2016 EBAZPENA, otsailaren 29koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren kontrako adierazpena egiten diona Erriberrin 571 hektarea ureztalur bihurtzeko proiektuari, estepako hegaztientzat interesa duen eremu batean ukipen larriak sortuko lituzkeelako, azalpen zatian adierazten den bezala. Sustatzailea Valle de Odieta S Coop da.

Proiektuaren ezaugarriak kontuan harturik, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3B eranskinean sartua dago, hau da, bakarrik ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe dauden jarduera eta proiektuetan. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko prozedurari hasiera emateko, 2014ko irailaren 8an Valle de Odieta S Coopek 571 hektarea ureztalur bihurtzeko proiektuaren azalpen memoria eta ingurumen eraginaren azterlana aurkeztu zituen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin zuen 2014ko urriaren 31n. Horren arabera, alderdi hauek osatu behar ziren: alternatiben azterlana, bereziki hodien proiektuari dagokionez; ingurumen eta kultur balioen mapa egokiak; eskala egokiko planoan landareen eta abelbideen gaineko ukipenak identifikatzea; proiektuak estepako hegaztiengan dituen eragin metakorrak eta sinergikoak ebaluatzea; prebentzio, zuzenketa eta lehengoratze edo konpentsazio neurriak proposatzea, bereziki proiektuaren eremuko hegazti katalogatuak mantendu edo hobetzekoak; eta, azkenik, proiektuaren eraginpeko eremuan indarrean dagoen hirigintzako planeamenduaren determinazioak, jarduketari lotutakoak, sartzea.

Sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen 2014ko abenduaren 23an errekerimendu horri erantzuteko. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak nahikotzat eman zuen ingurumen eraginaren azterlana, eta espedientea jendaurrean jarri zuen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, martxoaren 25ean. Dokumentazioa eskuragarri egon da Interneten ere, euskarri digitalean, Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan.

“Venta San Miguel” edo “La Plana de Olite” izeneko finka Erriberriko udal mugapean dago, eta 1.400 hektareatik gorako azalera du. Finkan nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi bat dago, eta Nafarroako Erdialdean ohikoak diren lehorreko laboreak ditu: garagarra, garia, zalkea, lugorria, koltza, etab. Orain gutxi arte ardi-azienda mantendu da finkaren azalera osoan artzaintza estentsiboaren bidez.

Gaur egungo jabeek esnetarako behi-aziendarako bazka eta bihia produzitu nahi dituzte, eta, horretarako, 571 hektarea ureztalur bihurtzeko behar diren obrak eta instalazioak proiektatu dituzte “Venta San Miguel” finkan, Caparrosoko udal mugapean, Aragoi ibaiaren alubialean, ura hartzeko dauden 6 putzutatik. Erregulazio idoi bat egin beharko da 1. poligonoko 30. lurzatian, landutako eremu batean. Gutxi gorabehera 20.000 m³-ko edukiera izanen du; hau da, bere ur bolumena 5 ordutan ponpatutako uraren baliokide da. Lurzatia ureztatzeko, bi sistema aurreikusi dira: batetik, aspertsio bidezko ureztaketa erabiliko da, lurpeko estaldura osokoa, 164,95 hektareatan; bestetik, pibot motako makinak erabiliko dira 405,05 hektareatan.

Ingurumen eraginaren azterlanean lurzoruaren erabilera eta ingurumenaren balio nagusien inbentarioa eta karakterizazioa egiten dira, proiektua dela-eta azpiegituren trazadurak eta okupazioak eta erabilera berriek sortzen dituzten ondorioak aztertzen dira, neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak adierazten dira, eraginak murrizteko, eta ingurumenari jarraipena egiteko plan bat zehazten da.

Ingurumen eraginaren azterlanean bere xedeko eremuaren ingurumen balio nagusiak aztertzen dira: flora, fauna eta habitatak; inguruneko naturgune babestuak eta Europar Batasunaren Intereseko Lekuak; estepako hegaztientzat interesa duten eremuak; eta abelbideak.

Hona hemen ingurumen eraginaren azterlanaren ondorio nagusiak. Azterlanaren xedeko eremuan 55 hegazti espezie daude. Horietatik, 15 (%28,3) Hegaztiei buruzko 79/409/EEE Zuzentarauaren I. eranskinean agertzen dira. Hauek, zehazki: Miru beltza, miru gorria, arrano sugezalea, zingira-mirotza, mirotz urdina, Naumann belatza, basoilo handia, basoilo txikia, atalarra, ganga azpibeltza, ganga azpizuria, kutturlio mokolaburra, kalandria, txoriandre arrunta, landa-txirta, etze-txinboa eta berdantza miarritza.

Estepako hegazti ertainen artean, honako espezie hauek erroldatu dira: mirotz urdina, Naumann belatza, basoilo handia, basoilo txikia, atalarra, ganga azpizuria eta ganga azpibeltza. Mirotz urdinak, Naumann belatzak, basoilo handiak, ganga azpizuriak eta ganga azpibeltzak bizi, bazkatu, egon, negua igaro eta/edo lekualdatzeko erabiltzen dute azterlanaren xedeko eremua; basoilo txiki, ganga azpibeltz eta atalar espezien ugaltzaile gehienak “La Plana de Olite” finka pribatutik kanpo bizi dira.

Landareei eta habitatei dagokienez, beiraki-belarreko sastrakadiak, arte unadak, larre higrofiloak eta abariztiak dira interes handiko landare motak azterlanaren xedeko eremuan. La Parralla erreka-zuloari eta Valtraviesa edo La Plana erreka-zuloari lotutako komunitateak, bereziki Elytrigia campestris-ko larre higrofiloak, oso interesgarriak dira, apartekoak eta hauskorrak izateaz gain Batasunaren intereseko eta lehentasuneko beste habitat batzuei estuki lotuta daudelako, eta garrantzi handiko habitat mota bat delako azterlanaren xedeko eremuko sare biologiko naturalak lurraldea konektatzeko duen ahalmenari dagokionez.

Proiektuaren gauzatzeak gehienez ukitzen ahal dituen landaredi naturaleko azalerak, prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu baino lehen, gutxi gorabehera hauek izanen dira: larreko-gramineo bizikorreko sastrakadiko 5.000 m² (elorri-triskak eta ezkaiak barne), komunitate nitrofilo-erruderaleko 2.250 m² eta arte bakartuko 2.000 m², ilaratan edo multzo txikitan.

Ingurumen eraginaren azterlanaren arabera, landareen eta habitaten gaineko ukipen gehienak saihesteko, eraginaren azterlanean ezarritako prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu behar dira, eta larreko-sastrakadiko eta arteko azalerak ez dira luberritu behar nekazaritzako azalerak bihurtzeko. Hodietarako irekitzen diren zanga tarteak, landaredi naturaleko eremu eskasetatik igarotzen direnean, lekuan bertan zuinkatu beharko dira, sortzen duten eragina murrizteko. Nolanahi ere, okupazio zabalera (zanga eta makina), gehienez, 5 metrokoa izanen da, habitat horiek ez suntsitzeko.

Jendaurreko aldian bi alegazio jaso dira: bata Acequia de Baiungako Ureztatzaileen Elkartearena, eta bestea Espainiako Ornitologia Elkartearena. Acequia de Baiungako Ureztatzaileen Elkarteak adierazi du txosten tekniko bat egin behar dela IEA osatzeko, ureztatzeko urez hornituko duen akuiferoaren gaineko ukipen hidrogeologiko maila zehazteko. Caparrosoko udalerrian dago akuifero hori. Azterlan horri esker baloratu ahalko litzateke putzuetatik aterako den bolumena akuiferorako jasangarria den, nekazaritzako eta abeltzaintzako hainbat jarduerari lotutako ur-harpenen egungo baldintzak mantentzen ahal diren, eta ur-harpen horiek handitzen ahal diren.

2015eko uztailaren 16an Valle de Odieta SCLk adierazi zuenaren arabera, ureztatzeko urez hornituko duten 6 putzuetatik, lau gaur egun erabiltzen dira azalera batzuk ureztatzeko, eta 2 berri-berriak izanen dira; sei putzu horiek ez dute putzurik inguruan (100 metrora baino hurbilago), eta, egun eskuragarri dauden datuen arabera, ur-harpen berriek ez dute ukipenik sortuko Caparrosoko udal mugapean dauden ur-harpenetan, zeinak berotegiak eta baserriak ureztatzeko eta bestelako gauzetarako erabiltzen baitira.

Espainiako Ornitologia Elkarteak azaltzen du finka ureztaketarik kanpo gelditu zela Nafarroako Ubidearen udalez gaindiko proiektu sektorialean, estepako fauna babesteko. Eremu horretan hegazti ugaltzaileen espezie asko daude. Horien artean, estepako abifauna nabarmentzen da: Nafarroan galzorian diren hiru espezie daude (Naumann belatza, basoilo handia eta ganga azpizuria), eta Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan kalteberen kategorian dauden beste hiru (mirotz zuria, mirotz urdina eta basoilo txikia). Europako, Espainiako eta Nafarroako araudiek babesten dute azterlanaren xedeko estepako abifauna.

Alegazio egileek adierazten dutenaren arabera, hektarea horiek ureztalur bihurtzen badira, hor bizi diren estepako hegazti gehienek ezin izanen dute eremuan jarraitu. Ez dute erraza izanen inguru hurbilean bizilekuak aurkitzea, eremu egoki gutxi daudelako eta, gainera, egotekotan, ziur aski beste animalia batzuek okupatzen dituztelako eremu horiek. Populazioak murriztuko dira, eta horrek Foru Komunitatean desagertzeko arrisku handia ekarriko die mirotz urdin, Naumann belatz, ganga azpibeltz, basoilo handi, ganga azpizuri eta Dupont hegatxabala espeziei, besteak beste, zeinak urriak baitira Nafarroan eta batez ere eraldatu nahi den eremuan bizi baitira.

Horrez gain, alegazioetan adierazten dute La Plana de Olite ureztaketatik kanpo dagoela 2007ko urtarrilaren 8tik indarrean dagoen Erriberriko Udal Plan Orokorrean, estepako hegaztien populazioak manten daitezen. Izan ere, hirigintzako arau horrek, 52.3 artikuluan, estepako hegaztiak babesteko eremu gisa definitzen du La Plana. Arauak, babes araubidean, honako hau debekatzen du: “estepako hegaztien bizi garapen egokia galarazten duen edozein jarduera klase”.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak txosten batean adierazi du “La Plana de Olite” izeneko bazkalekua garrantzi handiko eremutzat jotzen dela Nafarroan estepako abifauna zaintzeko. Gaur egun espezie hauetako populazioak bizi dira: basoilo handia, Naumann belatza, ganga azpizuria, ganga azpibeltza, basoilo txikia, atalarra, mirotz urdina, mirotz zuria eta zingira-mirotza; eta paseriforme hauek: kalandria, kutturlio mokolaburra, landa-txirta eta txoriandre arrunta.

Nafarroako Ubidearen lV.1, lV.2, lV.3, lV.4 eta lV.5 sektoreak ureztalur bihurtu dira berriki, eta horren ondorioz aipatu espeziek habitatak galdu dituzte. Horrenbestez, eremuak estepako hegaztiak zaintzeko duen garrantzia handitu da, orain haientzako habitat egokiak dituzten eremu bakarrak baitira. Ureztaketatik kanpo gelditu diren eremu horiek espezie horiek hartzeko ahalmena galdu dute, ertz-efektua dela-eta, hautespen negatiboko habitatez inguraturik daudelako. Gainera, eremuak isolaturik daude haien artean, eta horregatik konektagarritasun ekologikoa zaila da.

Eremu hori ureztalur bihurtuz gero, estepako hegaztien espeziek, nagusiki basoilo handiak eta ganga azpizuriak, funtsezko habitata galduko lukete. Basoilo txikiak joera negatiboa du Nafarroan, eta berak ere jasanen luke eragina.

Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legea kontuan hartu behar da. Legeak, “Natura 2000 Sarea zaintzeko neurriak” izeneko 45. artikuluaren 7. idatz-zatian, honako hau ezartzen du: “II. edo IV. eranskineko galzorian diren espezieak ukitzen ahal dituzten plan, programa edo proiektuak gauzatzen ahal dira bakarrik, beste alternatibarik ez dagoenean, aurreko atalean aipatutako arrazoi bat gertatzen denean (giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutakoak; ingurumenerako lehen mailako ondorio positiboei lotutakoak; eta, Europako Batzordeari galdetu ondoren, interes publikoko beste lehen mailako arrazoi batzuk)”. Kasu horretan daude basoilo handia, ganga azpizuria eta Naumann belatza.

Basa hegaztiak zaintzeari buruzko 2009/147 Zuzentaraua ere hartu behar da kontuan. Bere 4. artikuluaren 1. idatz-zatian hauxe dio: “I. eranskinean aipatzen diren espeziak zaintzeko neurri bereziak hartuko dira, bere banaketa-arean bizirauten eta ugaltzen direla bermatzeko”. I. eranskin horretan Nafarroan dauden estepako hegazti gehienak daude: basoilo txikia, basoilo handia, atalar, ganga azpibeltza, ganga azpizuria eta Naumann belatza.

Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak uste du ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura behar bezala burutu dela. Egin duen txostenaren arabera, proiektuak kalte larriak sortuko lituzke estepako hegaztien populazioengan, eta ezin dira neurri zuzentzaile edo konpentsatzaile eraginkorrak aplikatu. Proposamenaren eremuak, “La Plana” izenekoak, estepako hegaztiak zaintzeko interesa du, eta horregatik ureztaketatik kanpo gelditu zen Nafarroako Ubidearen eta haren Eremu Ureztagarrien Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi eta haren ingurumen ondorioen adierazpena formulatu baino lehen egin ziren azterlanetan (Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren apirilaren 29ko 558/1999 Foru Agindua, Nafarroako Ubidearen eta haren Eremu Ureztagarrien Eraldaketarako Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren Ingurumen ondorioen adierazpena formulatzen duena).

Gero, estepako hegaztien espezien populazioei buruzko azterlanek baieztatu dute eremu horren interesa. “Nafarroako estepako hegaztiak zaintzeko garrantzizko eremuak” katalogoan dago, AE 8-d “Erriberriko Merindadeko zereal-estepak” (“La Plana” azpieremua) izenarekin. Bestetik, Nafarroako Ubidearen ureztaketa sektoreei dagozkien proiektuen garapenean, azterketa zehatzak egin dira eta informazioa eguneratu da ureztaketak ukitutako eremuen erabilerari buruz, estepako hegaztiei dagokienez, eta egokitzapena egin da bateragarritasun handiena lortzeko, ingurumen ondorioen adierazpena egin zenetik espeziek izan duten bilakaera ikusirik. Ildo horretan, “La Plana de Olite” eremuan ez da aldaketarik egin Nafarroako Ubidearen IV. Sektorea garatzeko prozesuan, eta ureztaketatik kanpo mantendu da, estepako hegaztientzat duen interesagatik.

Horrez gain, La Planaren inguruan ezarri den ureztalur berriak (Nafarroako Ubidearen sektoreak) oso zabalak dira, eta hurrengo urteetan bere balio erlatiboa handitu liteke, estepako espeziak, haien ziklo biologikoaren fase guztietan, bizi diren habitata den aldetik.

Azkenik, adierazi du lurzoru urbanizaezinaren sailkapenean eta haren babes araubidean ezarritako muga berariazkoak aplikatu behar direla, 2007ko urtarrilaren 8an onetsitako Erriberako Udal Plan Orokorraren arabera. Hirigintza araudi partikularrak, 52.3 artikuluan (57. eta 58. orrialdeak), estepako hegaztiak babesteko eremua definitzen du (“La Plana” finkarekin bat egiten duena), baita haren babes araubidea ere, zeinaren arabera debekatzen diren estepako hegaztien bizi garapen egokia galarazten duen edozein jarduera klase.

Abenduaren 4an Ingurumen eraginaren kontrako adierazpena bidali zitzaion sustatzaileari, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 52.1 artikuluarekin bat. 2015eko abenduaren 14an sustatzailearen erantzuna jaso zen, datu berririk gabe, ingurumen eraginaren azterlanean aurkeztutakoekin alderatuta.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osatuta dagoela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren kontrako adierazpena egitea Erriberrin 571 hektarea ureztalur bihurtzeko proiektuari, estepako hegaztientzat interesa duen eremu batean ukipen larriak sortuko lituzkeelako, azalpen zatian adierazten den bezala. Sustatzailea Valle de Odieta S Coop da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Basozaintzari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, sustatzaileari, Erriberriko Udalari eta alegazio egileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko otsailaren 29an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1602613