59. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Oinarriak, pianoko eta musika-hizkuntzako irakaslearen lanpostuan (B maila/taldearekin parekatuan) aritzeko zerrenda bat oposizio-lehiaketa bidez eratzeko, aldi baterako kontratuak egiteko, sortzen diren beharrei erantzutearren

Alkatetzaren martxoaren 4ko 386/2016 Ebazpenaren bitartez, onetsi zen deialdia, pianoko eta musika-hizkuntzako irakaslearen lanpostuan aritzeko zerrenda bat oposizio-lehiaketa bidez eratzeko, aldi baterako kontratuak egiteko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Oposizio hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta ondoko oinarrietan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

I.–Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak.

1.–Izaera: aldi baterako kontratatutako langileak/Prestakuntzarako zerbitzu berezietan ariko diren langileak.

2.–Izendapena: Pianoko eta musika-hizkuntzako irakaslea (B maila/taldearekin parekatua).

3.–Kokapena egitura organikoan: lanpostua Hezkuntzako Kudeaketa Zentroari atxikiko zaio, eta hura, orobat, Gizarte Gaien Alorrari. Eginkizunei eta hierarkiari dagokienez, “Fernando Remacha” eskolako zuzendariaren menpe egonen da.

4.–Laneko baldintzak:

Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez badira, eta udal honi dagokionez, Tuterako Udaleko funtzionarioen eta lan-kontratudun finko nahiz aldi baterakoen lan baldintzen gainean indarra duen egungo akordioan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Lanaldi-araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz.

Bere eginkizuna izanen da pianoko eta musika-hizkuntzako irakasle izatea Tuterako Udalaren “Fernando Remacha” musika eskolan.

II.–Tuterako Udalaren zerbitzuan, aldi baterako kontratazioaren bitartez, pianoko irakasle lanpostuan aritzeko zerrenda bat eratzeko deialdia.

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da aldi baterako kontratatazioaren bitartez pianoko eta musika-hizkuntzako irakaslearen lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat eratzea, oposizio-lehiaketa bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako, Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa eratzeko Itunean zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea izatea. Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartzen ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beheitikoak badira edo, adin horretatik goitikoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) 16 urte beteak izatea eta erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Eskaerak aurkezteko epea burutzen den egunean pianoko irakaslearen titulua izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea, irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren babespean luzatua, edo pianoko irakaslearen edo pianoko profesionalaren titulua, 1942ko ekainaren 15eko Dekretuaren babespean luzatua, edo pianoko titulu profesionala (LOGSE edo LOE).

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea, epai irmoaren bidez.

f) Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo promesa aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

g) Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, horretarako ezartzen zaien unean. Egiaztagiriak kopia konpultsatuen bidezkoak izanen dira.

h) Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

i) Baldintza horiek Tuterako Enplegu Agentziak izangaien zerrenda egiten duen egunean betetzen direla ulertuko da eta hautapen prozedura osoan kontratazioa egiten den arte bete beharko dira.

2.2. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

Hautaprobak gauzatuko dira Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat, III. atalean zehazten baitira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiendako dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoari jarraituz, haren bitartez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraituz ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

III.–Deialdiaren arauak.

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo Escos Catalán kalea, 1) aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

1.2. Eskabideak aurkeztuko dira deialdi honen IV. eranskineko ereduari jarraituz. Ereduak HLZ-Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskuratzen ahalko dira (Plaza Vieja, 1) edo Escós Catalán kaleko 1 zenbakiko bulegoetan, bai eta internet bidez ere, www.tudela.es helbidean.

Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

1.3. Behar bezala betetako eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren bat.

–Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

1.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbalioa duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

1.5. Eskabidearekin batera, alegatzen diren merezimendu guztien zerrenda eta haien egiaztagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, deialdiaren III.4. oinarrian ezartzen denari jarraikiz.

1.6. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.7. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

2.–Izangaien onarpena.

2.1. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkatea udalburuak onartu eta baztertuen zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Herriko Etxeko iragarkien oholean (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es web-orrian argitara dadila aginduko du. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

2.2. Onartuen eta baztertuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Dei egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.–Epaimahaia.

3.1. Epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Marisa Marqués Rodríguez (Tuterako Udaleko zinegotzia).

Ordezko mahaiburua: Tuterako Udaleko zinegotzia, beharrezkoa bada zehaztuko dena.

Mahaikidea: Diego Ramírez Parra, Fernando Remacha eskolako zuzendaria.

Ordezkoa: Raquel Cuartero Zardoya, Fernando Remacha eskolako ikasketa-burua.

Mahaikidea: Javier Romé Melero, diziplinako espezialista.

Ordezkoa: Cristóbal Segura Sesma, diziplinako espezialista.

Mahaikidea: Aitor Odriozola Ortiz, pianoko irakaslea.

Ordezkoa: Raquel Huarte del Barrio, pianoko irakaslea.

Mahaikidea: Mercedes Navarro Pedret (Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria).

Ordezkoa: M.ª Cruz Pérez Omeñaca (Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria).

Idazkaria: Ana Cristina Martínez Cisneros, Langileen Erdi Mailako teknikaria.

Ordezkoa: Miriam Mendoza Jiménez, Giza Baliabideetako Goi Mailako teknikaria.

3.2. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

3.3. Epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak egiteko eguna, ordua eta tokia finkatuko ditu eta argitara emanen, behar den denboraz.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: oposizio-lehiaketa.

4.1. Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako deialdi honetako hautapen prozesua bi urratsetan gauzatuko da hurrenez hurren, lehenbizi lehiaketaldia, eta, bigarrenez, oposizioaldia:

4.1.1. Lehiaketaldia:

4.1.1.1. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, 1.5 oinarriak dioen bezala, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Bestela, ez dira kontuan hartuko.

4.1.1.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

4.1.1.3. Aipatu baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia izan beharko dute agiriek. Ez dira kontatuko arrazoitzen ez diren merezimenduak.

Epaimahaiak edozein unetan eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak.

4.1.1.4. Lehiaketaldiak 19 puntuko balorazioa izanen du, gehienez ere. Deialdiko II. eranskinari jarraikiz banatuko dira puntuak, atal hauetan:

1.–Irakaskuntzako esperientzia. Puntuazioa, gehienez ere: puntu 9.

2.–Espediente akademikoa. Puntuazioa, gehienez ere: puntu 3.

3.–Tituluak. Puntuazioa, gehienez ere: 5 puntu.

4.–Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak. Puntuazioa, gehienez ere: puntu 1.

5.–Bertzelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak (argitalpenak, ponentziak, kontzertuak etab.). Puntuazioa, gehienez ere: puntu 1.

4.1.1.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan ikusi uste dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

4.1.1.6. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen.

4.1.1.7. Merezimenduen balorazioa egindakoan, epaimahaiak emaitzak Herriko Etxeko iragarki oholean jarriko ditu ikusgai, eta Interneten, www.tudela.es helbidean, “Lan eskaintza” atalean.

4.1.2. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Klase praktikoa: oposiziogileak eskola emanen dio edozein mailatako ume bati, musika eskolako curriculumaren barnean, gehienez ere 20 minutukoa. Horren ondotik, eta gehienez ere 10 minutuz, oposiziogileak ahoz erantzunen ditu epaimahaiak egiten dizkion galderak; horiek eskola bitartean sortu diren alderdi pedagogiko edo musikaren ingurukoen gainean izanen dira. Ariketa bukatu ondoren, izangaien puntuazioen zerrenda agertuko du epaimahaiak iragarki oholean. Eskolan emanen diren edukiak III. eranskinean jasotakoak izanen dira.

b) Kontzertu programa bat interpretatzea, oposiziogileak hautatua. Probak ez du inola ere 20 minutu baino gutxiago iraunen eta aurkeztutako programaren zailtasun teknikoa eta interes artistikoa baloratuko dira, baita barietate estilistikoa ere. Ariketa bukatu ondoren, izangaien puntuazioen zerrenda agertuko du epaimahaiak iragarki oholean.

4.1.3. Oposizioko ariketen balorazioan 50 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

Lehenbiziko ariketa: gehienez ere 30 puntu.

Bigarren ariketa: gehienez ere 20 puntu.

4.1.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Bazterturik geldituko dira horietako ariketaren batean gutxienez gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

4.1.5. Izangai bakoitzaren oposizioko ariketetako puntuazioa ateratzeko, epaimahaian parte hartzen duten kide guztien kalifikazioen banaz bertzeko aritmetikoa eginen da.

4.1.6. Izangaiek alfabeto hurrenkerari jarraikiz eginen dituzte probak.

4.1.7. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaituta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Herriko Etxeko iragarki oholean, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioko hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda www.tudela.es helbidean ere kontsultatzen ahalko da, “Lan eskaintza” izeneko atalean, deialdiaren aipamenean.

4.1.8. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bertzenaz, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen bertze nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.1.9. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.1.10. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean paratuko du Herriko Etxeko iragarki oholean eta Udalaren web gunean aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioaren araberakoa. Puntuazio hori lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura izanen da.

5.2. Zerrenda bakoitzean, aprobatu duten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuraren erabakian araututako irizpidearen arabera ebatziko dira (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioa gailenduko da eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoan ebatziko da afera.

5.3. Ondotik, epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautapenaldiko probak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntza/atxikipenekoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

7.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

A.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2016ko martxoaren 9an.–Alkate udalburua, sinadura ulertezina.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

(Lehiaketaldia)

1.–Irakaskuntzako esperientzia. Gehienez ere, 9 puntu.

1.1. Oposizio honetan eskuratu nahi den lanpostuaren espezialitate berean, irakaskuntza publikoan lanean aritutako ikasturte oso bakoitzeko (kontserbatorio nazionaletan, probintzietakoetan edo udalen musika eskoletan): 1,50 puntu. Aldi edo lanaldi txikiagoetan, zati proportzionala kalkulatuko da.

1.2. 1.1 atalean aipatzen diren lanpostuetan, irakaskuntza pribatuan eta lanaldi osoan egindako ikasturte oso bakoitzeko: 0,75 puntu. Aldi edo lanaldi txikiagoetan, zati proportzionala kalkulatuko da.

Ikasturte osotzat joko da dagokion ikastetxeak halakotzat egiaztatzen duena.

Egiaztagiriak:

Lan-kontratuak eta enpresaren ziurtagiriak, espezialitatea eta zerbitzuen benetako iraupena adierazten dutenak, bai eta egindako zerbitzuak ikaskurte oso bati dagozkion ere, hala dagokionean.

2.–Espediente akademikoa. Puntuazioa, gehienez ere: 3 puntu.

Atal honetan, ondoren adieraziko den gisan, izangaiak ekarritako espediente akademikoko nota guztien baturatik ateratzen den banaz bertzeko nota baizik ez da baloratuko; espedientea kidego batean sartzeko orokorrean eskatu zaion tituluari dagokiona izanen da. Espedientean agertzen diren ‘’gainditu gabea’’ edo ‘’aurkeztu gabea’’ notak ez dira kontuan hartuko.

2.1. 7tik 8,99ra: puntu 1.

2.2. 9tik 9,99ra: 2 puntu.

2.3. 10: 3 puntu.

Zenbateko zehatza agertzen ez den kasuetan, banaz bertzekoa ondoko baliokidetzen arabera eginen da:

–Gainditu du edo gai: 5.

–Oso ongi: 7.

–Bikain: 9.

–Ohorezko matrikula: 10.

Literalki “ongi” kalifikatutakoetan, 6 joko da notatzat.

Egiaztagiriak:

Izangaiak bere ziurtagiri akademikoa, jatorrizkoa nahiz fotokopia egiaztatua, igorri beharko du eta hartan agertuko dira alegatzen duen titulua lortzeko eskatutako irakasgai eta kurtso guztien puntuazioak. Ziurtagiri hori igorri ez eta ordainetan tituluaren fotokopia konpultsatua aurkezten bada, izangaiak “nahikoa” atera zuela hartuko da kontuan.

3.–Tituluak. Puntuazioa, gehienez ere: 5 puntu.

3.1. Pedagogiako goi mailako irakaslearen tituluagatik, irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren babespean luzaturik, edo Musikako goi mailako tituluagatik, hura izanik Kantuaren Pedagogiako espezialitatekoa eta musika tresnen artean Piano aukerakoa: 2 puntu.

3.2. Pianoko goi mailako tituluagatik, irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren babespean luzaturik, edo Musikako goi mailako tituluagatik, hura izanik Pianoko espezialitatekoa: 2 puntu.

3.3. Musikako goi mailako titulu bakoitzeko, deialdiko espezialitatekoa ez bada: 0,3 puntu.

3.4. Musikarekin ikusteko duen titulu bakoitzagatik, izanik hura eskuratu gogo den lanposturako eskatzen den mailakoa: 0,2 puntu.

Frogagiriak: tituluen fotokopia konpultsatuak.

4.–Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak. Puntuazioa, gehienez ere: puntu 1.

4.1. Gainditu diren prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak, hezkuntza administrazioek edo unibertsitateek antolatuak. Ikastaroak sartu nahi den espezialitatearekin lotuak edo eskola-antolamendu, hezkuntzari aplikatutako teknologia berri eta hezkuntzaren dinamika, psikopedagogia eta soziologiarekin lotuak izaten ahal dira. Ikastaro bakoitzeko ondoko puntuak banatuko dira:

–30 ordu baino gehiagokoak: 0,1 puntu.

–100 ordu baino gehiagokoak: 0,4 puntu.

–Honi dagokionez, metatzen ahalko dira irakasle zentroetan egindako 20 ordu baino gehiagoko ikastaroak, gai berarekin loturik badaude.

Egiaztagiriak:

Ziurtagiriak izanen dira, ikastaroaren ordu kopurua zehazki adierazten dutenak; aurkezten ez badira atal honetan ez da punturik lortuko. Musika tresnetan espezializatzeko ikastaroa denean, baina 4.1 atalean aipatutako erakundeek ez bertze batek antolatua bada, epaimahaiak horren ezaugarriak baloratuko ditu eta horri ordu kopuru bat eman ahalko dio.

5.–Bertzelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak (argitalpenak, ponentziak, kontzertuak etab.). Puntuazioa, gehienez ere: puntu 1.

III. ERANSKINA

(1. ariketarako erreferentziazko edukiak)

“Fernando Remacha” Udalaren Musika Eskolako 1., 2. eta 3. ikasturteetako musika-hizkuntzaren programazioa

1. IKASTURTEA

Berariazko helburuak.

1.–Erritmoa.

1.1. Pultsua eta azentua markatzeko gaitasuna eskuratzea.

1.2. Lerro erritmiko bat erreproduzitzea pultsuarekin edo konpasarekin.

1.3. Erritmikoki inprobisatzea.

1.4. Eskema erritmikoak imitatzea.

2.–Irakurketa-idazketa.

2.1. Musikako grafiaren ezagutzarekin jarraitzea.

3.–Irakurketa neurtua.

3.1. Irakurketa neurtu bat erreproduzitzea.

4.–Ahots espresioa.

4.1. Ahotsaren emisioa kontrolatzea, Si 2-tik Re 4-ra bitarteko tesituran.

5.–Entzumeneko hezkuntza.

5.1. Entzute aktiboa garatzea.

6.–Teoria.

6.1. Musika kontzeptuen ezagutzaren hastapenak.

Edukiak.

1.–Erritmoa.

1.1. Pultsua, azentua eta erritmoa.

1.2. Nota-irudiak: biribila, zuria, beltza, kortxea, kortxea puntuarekin, kortxeaerdia.

1.3. Isiluneak: beltzeko isilunea, zuriko isilunea, biribileko isilunea.

1.4. Balio-ligatura.

1.5. Konpasak: 2/4, 3/4, 4/4.

1.6. Anakrusia.

2.–Irakurketa-idazketa.

2.1. Pentagrama. Sol klabea. Do3-tik Do4-ra bitarteko notak. Konpas-barrak. Amaierako barra bikoitza. Balio-ligatura eta espresio-ligatura.

3.–Irakurketa neurtua.

3.1. Irakurketa neurtuen praktikak, 1 eta 2. ataletako edukiekin.

4.–Ahots espresioa.

4.1. Ahots imitazioak.

4.2. Serie melodikoen intonazioa.

4.3. Oroimen musikalaren garapena.

4.4. Do maior eskala. Tonikako arpegioa eta dominantea. Gradu konjuntuak eta hirudun bitarteak.

5.–Entzumeneko hezkuntza.

5.1. Diktaketa erritmikoak.

5.2. Soinuaren noranzkoa. Gutxieneko bitartea, bidun maiorra.

5.3. Gradu konjuntuko noten diktaketa, emandako nota batetik abiatuta.

5.4. Noten diktaketa, tonikako arpegioarekin.

5.5. Diktaketa erritmiko-melodikoa.

6.–Teoria.

6.1. Pentagrama. Klabea.

6.2. Konpasa. Konpas-barra. Amaierako barra bikoitza.

6.3. Nota-irudiak. Isiluneak.

6.4. Notak. Lerro gehigarriak.

6.5. Balio-ligaturak eta espresio-ligaturak.

6.6. Eskala, Do M. Akordea.

6.7. Bidun eta hirudun bitarteak.

6.8. Anakrusia.

6.9. Musika-forma. Hastapenak

Ebaluazioa irizpideak.

1.–Erritmoa.

1.2. Irakurketa erritmiko bat bat-batean ezagutu eta interpretatzea.

1.3. Hurrengo ikasturteko zailtasunak dituen eskema erritmikoak imitatzea.

2.–Irakurketa-idazketa.

2.1. Nota serie bat irakurtzea, 0 = 90 abiaduran.

3.–Irakurketa neurtua.

3.1. Irakurketa neurtu bat ezagutu eta interpretatzea.

4.–Ahots espresioa.

4.1. Ahotsarekin eskema melodikoak imitatzea (5 nota bitarte).

4.2. Hautatutako ikasgaiak buruz intonatzea.

4.3. Ikasturtean zehar landutako ikasgaiak intonatzea.

4.4. Gradu konjuntuko noten serie bat intonatzea.

5.–Entzumeneko hezkuntza.

5.1. Diktaketa erritmiko bat egitea, 2 konpasetako zatiak behin entzunda eta egiaztatzeko beste behin entzunda.

5.2. Bitarte melodikoen (gutxienez bidun maiorra) noranzkoa ezagutzea (goranzkoa edo beheranzkoa).

5.3. Gradu konjuntuko noten diktaketa bat egitea, emandako nota batetik abiatuta.

5.4. Tonikako arpegioko noten diktaketa bat egitea.

5.5. Diktaketa erritmiko-melodiko bat egitea.

6.–Teoria.

6.1. Musika teoriako alderdiei buruzko galderei erantzutea.

2. IKASTURTEA

Berariazko helburuak.

1.–Erritmoa.

1.1. Pultsazioa, azentuazioa eta erritmoa markatzeko gaitasuna finkatzea.

1.2. Lerro erritmiko bat erreproduzitzea pultsuarekin edo konpasarekin.

1.3. Erritmikoki inprobisatzea.

1.4. Eskema erritmikoak imitatzea.

2.–Irakurketa-idazketa.

a) Musikako grafiaren ezagutzarekin jarraitzea.

3.–Irakurketa neurtua.

a) Irakurketa neurtu bat erreproduzitzea.

4.–Ahots espresioa.

a) Ahotsaren emisioa kontrolatzea, La 2-tik Fa 4-ra bitarteko tesituran.

5.–Entzumeneko hezkuntza.

a) Entzute aktiboa garatzea.

6.–Teoria.

a) Musika kontzeptuen ezagutzarekin jarraitzea.

7.–Entzumena.

Edukiak.

1.–Erritmoa.

a) Pultsua, azentua eta erritmoa.

b) Nota-irudiak: biribila, zuria puntuarekin, zuria, beltza puntuarekin, beltza, kortxea puntuarekin, kortxea, kortxeaerdia.

c) Isiluneak: beltzeko isilunea, kortxeako isilunea, zuriko isilunea, biribileko isilunea.

d) Konpasak: 2/4, 3/4, 4/4, 6/8.

e) Balio-ligaturak.

f) Polirritmia: ariketak bi ahotsetara.

2.–Irakurketa-idazketa.

2.1. Sol klabea: Si 2-tik Mi 4-ra bitarteko notak.

2.2. Fa klabea: Do 2tik Sol 2-ra eta Do 3-ra bitarteko notak.

3.–Irakurketa neurtua.

3.1. Irakurketa neurtuen praktikak, 1 eta 2. ataletako edukiekin.

4.–Ahots espresioa.

4.1. Serie melodikoen intonazioa.

4.2. Oroimen musikalaren garapena.

4.3. Tonalitateak: Do M. Fa M. la m.

4.4. I eta V-eko eskala eta arpegioak.

5.–Entzumeneko hezkuntza.

5.1. Diktaketa erritmikoa.

5.2. Soinuaren noranzkoa (gutxieneko bitartea, bidun minorra).

5.3. Gradu konjuntuko noten diktaketa, emandako nota batetik abiatuta.

5.4. Diktaketa erritmiko-melodikoa.

5.5. Akordeen diktaketa (I eta V).

6.–Teoria.

6.1. Kalderoia. Errepikapen barrak.

6.2. Honako hauei buruzko hitzak:

6.2.1. Intentsitatea: ff, f, mf, p, pp.

6.2.2. Tempoa: lento, andante, allegro, presto, ritardando.

6.2.3. Azentuazioa: azentua, staccato.

6.3. Maior eskala. Minor eskala: naturala eta harmonikoa. Tonalitateak: Do M. Fa M. la m. Armadura. Alterazioak.

6.4. Akordeak: tonika eta dominantea. Akordearekiko nota arrotzak.

6.5. 4. lerroko fa klabea.

6.6. Bitarteak: 2. M eta m eta 3. M eta m eta 5. justua.

6.7. Musika-formaren ikasketekin jarraitzea.

Ebaluazioa irizpideak

1.–Erritmoa.

1.1. Irakurketa erritmiko bat bat-batean ezagutu eta interpretatzea.

1.2. Hurrengo ikasturteko zailtasunak dituen eskema erritmikoak imitatzea.

2.–Irakurketa-idazketa.

2.1. Nota serie bat irakurtzea:

2.1.1. Sol klabean 0 = 120 abiaduran.

2.1.2. Fa klabean 0 = 60 abiaduran.

3.–Irakurketa neurtua.

3.1. Irakurketa neurtu bat ezagutu eta interpretatzea.

4.–Ahots espresioa.

4.1. Eskema melodikoak imitatzea (5 soinu arte).

4.2. Hautatutako ikasgaiak buruz intonatzea.

4.3. Ikasturtean zehar landutako ikasgaiak intonatzea.

4.4. Noten serie bat bat-batean intonatzea (erritmorik gabe).

5.–Entzumeneko hezkuntza.

5.1. Diktaketa erritmiko bat egitea, 2 konpasetako zatiak behin entzunda eta egiaztatzeko beste behin entzunda.

5.2. Bitarte melodikoen (gutxienez bidun minorra) noranzkoa ezagutzea (goranzkoa edo beheranzkoa).

5.3. Noten diktaketa bat egitea, emandako nota batetik abiatuta.

5.4. Diktaketa erritmiko-melodiko bat egitea.

5.5. Akordeen diktaketa bat egitea.

6.–Teoria.

6.1. Musika teoriako alderdiei buruzko galderei erantzutea.

3. IKASTURTEA

Berariazko helburuak.

1.–Erritmoa.

1.1. Pultsazioa, azentuazioa eta erritmoa markatzeko gaitasuna finkatzea.

1.2. Lerro erritmiko bat erreproduzitzea pultsuarekin edo konpasarekin.

1.3. Erritmikoki inprobisatzea.

1.4. Eskema erritmikoak imitatzea.

2.–Irakurketa neurtua.

2.1. Irakurketa neurtu bat erreproduzitzea.

3.–Ahots espresioa.

3.1. Ahotsaren emisioa kontrolatzea, Sol 2-tik Fa 4-ra bitarteko tesituran.

4.–Entzumeneko hezkuntza.

4.1. Entzute aktiboa garatzea.

5.–Teoria.

5.1. Musika kontzeptuen ezagutzarekin jarraitzea.

6.–Entzunaldiak.

Edukiak.

1.–Erritmoa.

1.1. Pultsua, azentua eta erritmoa.

1.2. Nota-irudiak: biribila, zuria puntuarekin, zuria, beltza puntuarekin, beltza, kortxea puntuarekin, kortxea, kortxeaerdia.

1.3. Isiluneak: biribileko isilunea, zuriko isilunea, beltzeko isilunea, kortxeako isilunea.

1.4. Konpasak: 2/4, 3/4, 4/4, 6/8, 9/8, 12/8.

1.5. Polirritmia: ariketak bi ahotsetara.

2.–Irakurketa neurtua.

2.1. Irakurketa neurtuko praktikak, 1. ataleko edukiekin eta Sol klabean, Sol 2-tik Sol 4-ra, eta Fa klabean, Si 1-etik Do 3-ra.

3.–Ahots espresioa.

3.1. Oroimen musikalaren garapena.

3.2. Tonalitateak: Do M, Fa M, Sol M, la m, re m.

3.3. Eskala Maiorra eta minorra (naturala, harmonikoa eta melodikoa). Tonikako arpegioa eta dominantea.

3.4. Behin-behineko alterazioak ikasten hastea.

4.–Entzumeneko hezkuntza.

4.1. Diktaketa erritmikoa.

4.2. Noten diktaketa.

4.3. Diktaketa erritmiko-melodikoa.

4.4. Akordeen diktaketa (I eta V).

5.–Teoria.

5.1. Intentsitateari, tempoari eta azentuazioari buruzko hitzak.

5.2. Modu maiorreko eskala. Modu minorreko eskala: naturala, harmonikoa eta melodikoa.

5.3. Tonalitateak: Dieseen eta bemolen ordena. Tonalitate Maiorra eta hari dagokion minorra bilatzeko modua.

5.4. Akordeak: triada Maior eta minorra. Landutako tonalitateen tonika eta dominantea.

5.5. Bitarteak: 2. M eta m eta 3. M eta m eta 5. justua eta gutxitua. 7. M eta m.

5.6. Konpasak: Bakunak eta konposatuak.

5.7. Musika-formaren ikasketekin jarraitzea.

Ebaluazioa irizpideak.

1.–Erritmoa.

1.1. Irakurketa erritmiko bat bat-batean ezagutu eta interpretatzea.

2.–Irakurketa neurtua.

2.1. Irakurketa neurtu bat ezagutu eta interpretatzea.

3.–Ahots espresioa.

3.1. Hautatutako ikasgaiak buruz intonatzea.

3.2. Ikasturtean zehar landutako ikasgaiak intonatzea.

3.3. Ariketa bat bat-batean intonatzea.

4.–Entzumeneko hezkuntza.

4.1. Diktaketa erritmiko bat egitea.

4.2. Diktaketa erritmiko-melodiko bat egitea.

4.3. Akordeen diktaketa bat egitea.

5.–Teoria.

5.1. Musika teoriako alderdiei buruzko galderei erantzutea.

“FERNANDO REMACHA” UDALAREN MUSIKA ESKOLAKO 1., 2.
ETA 3. IKASTURTEETAKO PIANOKO PROGRAMAZIOA

PIANOA - 1. IKASTURTEA

Edukiak.

–Erritmikoa:

a) Pultsua, azentuazioa eta erritmoa markatzeko gaitasuna garatzen jarraitzea (irakasleak jotako piezetan oinarrituz).

b) Erritmoak imitatzea.

c) Lerro erritmikoak erreproduzitzea.

d) Lerro polirritmikoak erreproduzitzea bi eskuekin.

–Piano-teknika:

a) Teklatuaren aurreko posizioa finkatzea eta erlaxazioa.

b) Behatzen trebetasuna garatzen jarraitzea eta 5. behatza indartzea, eskuaren oreka lortzeko.

c) Teklatuaren azterketarekin eta ezagutzarekin jarraitzea.

d) Bi eskuen arteko koordinazioa garatzen jarraitzea.

e) Besoaren pisua nahita erabiltzen jarraitzea eta hobetzea.

–Melodikoa:

a) Zelula melodikoak imitatzea.

b) Eskolaniako kantak interpretatzea (entzumena, hatz-jokoa eta ohiko idatziak erabiliz).

c) Pieza txikiak interpretatzea, irakurketaren bidez.

–Harmonikoa:

Tonikako akordea eta dominantea ezagutzen eta praktikatzen hastea.

Irakurketa:

Sol klabean, La2-tik Mi4-ra eta Fa klabean, Si1-etik Do3-ra bitarteko noten eremu melodikoa menperatzea.

–Entzunaldiak.

PIANOA - 2. IKASTURTEA

Edukiak.

Ariketak:

–Erpuruaren pausua.

–Eskalak eta arpegioak: Hedadura zortziduna: DoM, SolM, ReM, lam.

–Posizio eutsia.

–Arintasuna.

Metodoak, obrak:

–”Le Petit Clavier” estudioak.

–Tchokov/Gemiuren “El Piano” hastapeneko eta 1. mailako liburua.

–Bastien.

–”El pianista contemporáneo” (26, 29, 30, 40, 47, 48 eta 49. zenbakiak).

–”De Bach a Stravinsky”.

–Le Carpentieren Recreo-ak (4, 5 eta 6. zenbakiak)

Lotura harmonikoak I-IV-V.

Entzunaldiak.

PIANOA - 3. IKASTURTEA

Edukiak.

Ariketak:

–Eskalak eta arpegioak: Hedadura zortziduna: La M., Mi M. eta re m. Hedadura bi zortzidunekoa: Do M, Sol M, Re M. eta la m.

–Posizio eutsia.

–Arintasuna.

Metodoak, Obrak:

–”El Piano” Tchokov/Gemiuren 1. eta 2. mailako liburua.

–”Cantos populares” (6, 8, 9, 11, 12 eta 13. zenbakiak).

–”De Bach a Stravinsky”.

–”El pianista contemporáneo” (24, 43, 44, 45, 53 eta 63. zenbakiak).

–Bela Bartoken “Para niños”.

–Burgmülerren op. 100 estudioak.

–Lemoineren estudioak.

Analisi harmonikoa eta formala:

Le Carpentierren 8, 9, 11, 12 eta 13. recreoak.

Obrak 4 eskuekin:

“El cocodrilo...”.

Entzunaldiak.

IV. ERANSKINA

Eskabide eredua: aldi baterako kontratatzeko izangaiak. (PDF).

Iragarkiaren kodea: L1603001