59. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERBINTZANA

Aisiarako eta biltoki gisa erabiltzen diren lokalak (piperoak) arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Berbintzanako Udalak, 2015eko azaroaren 24an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Berbintzanako Aisiarako eta biltoki gisa erabiltzen diren lokalak (piperoak) arautzen dituen ordenantza.

Aitzineko erabakia 2016ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 22an, argitaratu ondotik, hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez gero, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluei zein Nafarroako Toki Araubidea eguneratzen duen urriaren 29ko 11/2004 Legeari jarraituz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da Aisiarako eta biltoki gisa erabiltzen diren lokalak (piperoak) arautzen dituen Berbintzanako ordenantzaren testu osoa.

Berbintzanan, 2016ko martxoaren 2an.–Alkatea, sinadura ulertezina.

ORDENANTZA, AISIARAKO ETA BILTOKI GISA ERABILTZEN DIREN LOKALAK (PIPEROAK) ARAUTZEN DITUENA

Azken aldian, oso ohikoa bilakatu da kuadrillek betiko “bestetako piperoak” izenekoak urte osoan zehar erabiltzen hastea. Horrek bizilagunen kexak ekarri ditu, batez ere gabezia handiak izan direlako ingurumenaren aldetik eta higiene-osasunaren aldetik, bai lokal horien barruan bai kanpoan.

Aldi berean, ikusi da lokal horietako anitz kontserbazio egoera txarrean daudela, eta horrek arriskuan jartzen du ez bakarrik erabiltzaileen segurtasuna, baizik eta gainerako bizilagun guztiena ere. Gainera, orobat ikusi da gutieneko zerbitzurik ere ez dutela, ura eta komunak kasu.

Egoera berri honen aitzinean, Berbintzanako Udalak espazio horiek arautuko dituen ordenantza prestatu du, lehenik eta behin herritar guztien segurtasunaren arduraduna delako, bigarrenik ordena publikoaren arduraduna delako eta hirugarrenik, Nafarroako Toki Ogasunarekin lankidetzan aritzeko betebeharra duen entitatea delako.

Xedea

1. artikulua. Piperotako lokal eta etxabeen erabilera arautzea du xede ordenantza honek, haiek aisiarako eta jendea biltzeko izanik, aldi baterako edo jarraian.

Ordenantza hau ez dagokie jendea bizi den familia bakarreko etxebizitzen nahiz etxebizitza kolektiboen barreneko etxabeei, baldin haien eranskinak badira. Nolanahi ere, Udalak erabakiko du piperotzat hartzen den edo ez.

Aplikazio eremua

2. artikulua. Gaur egun Berbintzanako Udalaren mugapean piperotako erabiltzen diren lokal edo etxabe guztiei aplikatuko zaie, baita berritik irekitzen direnei ere.

Erantzukizuna

3. artikulua. Jabeak bakarrik du erantzukizuna piperotako erabiltzen den lokalak edo etxabeak ordenantza honetan eskatutako arauak bete ditzan, ez bertze inork.

Ordenantza honen edukia ez jakitea ez da aitzakiatzat hartuko, hura betetzen ez bada.

Izena ematea

4. artikulua. Higiezinaren jabeak Udalaren bulegoetan inskribatu beharko du, horretarako sortutako piperoen erregistroan, zehaztuta lokalaren poligonoa, lurzatia, unitatea eta metroak. Inskribatzeko, jabeak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Txosten bat, piperoa erabiltzeko segurtasun baldintzak betetzen dituela adierazten duena. Udalaren teknikariak, higiezinaren egoera ikusita, lokalaren segurtasunean akatsak atzematen baditu, teknikari eskudun batek prestatutako ziurtagiria eskatuko du, eraikinaren egituraren segurtasunari eta sendotasunari buruz.

b) Suteen aseguru poliza eta erantzukizun zibilekoa, lokala babesteko eta 50.000 euroko kaltea estaltzeko.

c) Jabeak lokala alokatzen duenean, “Lokalen alokairua” izeneko 186120 epigrafean inskribatuko da, edo horren ordez ezartzen den epigrafean.

Erabiltzeko baldintzak eta arauak

5. artikulua. Piperotako lokalak hauek izan beharko ditu: argia, iturriko ura, komun-zuloa, konketa, su-itzalgailua 6 kg ABC hauts dituena, eta larrialdiko argiak.

6. artikulua. Asotsa ez da 35 dezibeletik goitikoa izanen egunez (8:00etatik 22:00ak arte), ezta 30 dezibeletik goitikoa ere gauaz (22:00etatik 8:00ak arte), Zarata eta bibrazioen sortzaile diren jarduerek bete beharreko baldintza teknikoei buruzko 35/1989 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Musika ekipoa piztuta dagoen aldiro, ate-leihoek itxita egon beharko dute.

7. artikulua. Piperotako lokaletan ezin izanen da kozinatu, baina bai jakiak berotu, sukalde izaera ez duen gailuan.

8. artikulua. Higiezinaren kanpoko aldeak (espaloia, kalea etab.) garbi egon beharko du, zabor, altzari, likido edo erabileraren ondoriozko hondarrik gabe. Bestetik, ezin da altzaririk edo erregailurik atera kalera.

9. artikulua. Hartutako altaren kopia batek eta jabearen txostenaren beste batek egon beharko dute piperoan, agintari eskudunak eskatzen ahal baitituzte.

Ikuskaritza

10. artikulua. Udalak egokiak iruditzen zaizkion ikuskatze lanak eginen ditu bere langileak baliatuz, bai bere ekimenez bai edozein bizilagunek eskatuta, lehen aipatu arauak bete daitezen. Gainera, jabea aurrean egotea eskatzen ahal du, beharrezkotzat joz gero.

Zehapenak

11. artikulua. Arauak betetzen ez badira, erantzuleei 150etik 3.000 eurora bitarteko isuna ezartzen ahalko zaie, larritasunaren arabera. Araua berriz hautsiz gero, piperotako lokala ixten ahalko da.

12. artikulua. Auzoei behin eta berriz traba egiten zaiela egiaztatzen bada edo pertsonen segurtasuna arriskuan badago, sorburua lokalaren barrenean nahiz kanpoan egon (azken kasu honetan, jakina, arazoa lokalaren jarduerari lotuta dagoela frogaturik), Udalak, kautelazko neurri gisa, lokala zuzenean ixten ahalko du, gertaerak egiaztatuta eta aldez aurreko errekerimendurik gabe.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Gaur egun pipero gisa erabiltzen diren lokalek 6 hilabeteko epea dute araudi honetara egokitzeko, eta, hala egiten ez badute, itxi eginen dira.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespena testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L1602994