56. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

42E/2016 EBAZPENA, otsailaren 23an, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaio Castejongo udal mugapean telekomunikazioen sare publikoa handitzeko proiektuari. Sustatzailea Telefonica de España SAU da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren helburua da 4G zerbitzua ematea Castejongo Telefónica Servicios Móvilesen oinarrizko estazioari. Horretarako, zuntz optikozko kable berri baten linea beharrezkoa da zanga zenbait tartetan, guztira 533 metro luze baita. Zanga horren zati bat lurzoru urbanizaezinean dago (225 metro, gutxi gorabehera), hilerriaren paraleloan, eta Soria-Castejón trenbidearen azpitik igarotzen den asfaltozko bide batean barna. Ingurumen ukipenetarako baimen hau soilik tarte horri dagokio.

Espedientean Castejongo Udalaren aldeko txostena dago, ADIFi txostena eskatu beharko zaiola adierazten duena, zuntz optikoaren kanalizazioa trenbidearen azpian dagoen tuneletik igarotzen delako. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Castejongo udal mugapean telekomunikazioen sare publikoa handitzeko proiektuari. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen hau baliagarri izan dadin, ADIFek aldeko txostena eman behar du.
  • Azpiegiturak lurzorutik ateratzen diren elementuak baditu, horiek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bideen kanpoko ertzetik neurtuta, halaxe ezarrita baitago 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan.
  • Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, kondukzioa Soria-Castejón trenbideko pasabide goratu baten azpitik igarotzen denez, zerbitzurik gabe baitago, sustatzaileak ADIFi (Administrador de Infraestructuras Ferroviarias) eskatu beharko dio horren inguruko baimena.
  • Herrilurren Atalaren 2015eko abenduaren 15eko txostenaren arabera, Castejongo Udalak okupazio espedientea tramitatu behar du sarea handitzeko, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 2/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarri bezala.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak telekomunikazioen sarera lotzea.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Baimendutako jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere 5 urteko epean, instalazioak eraitsiz eta/edo kenduz.
  • Udalari igortzea Herrilurren Atalaren 2015eko abenduaren 15eko aipatu txostena. Bertan adierazten da 2. poligonoko 5072. herri lurzatian antena bat dagoela eta ez dagoela frogaturik Herrilurren Atalaren beharrezko baimena tramitatu denik. Halaber, aditzera ematen da Castejongo Udalak okupazio espedientea tramitatu behar duela sarea handitu eta instalazioa erregularizatzeko, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 2/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarri bezala.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Castejongo Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko otsailaren 23an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1602391