56. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURUGARREN

Ordenantza, Landabideen erabilera arautzen duena.
Hasierako onespena

Murugarrengo Kontzejuak, 2015eko urriaren 31n, hasiera batean onetsi zuen Murugarrengo Kontzejuaren (Deierri) eskumeneko landabideen erabilera arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2015eko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 25ean, bai eta Murugarrengo Kontzejuaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Lehen aipatutako jendaurreko epean alegazioak aurkeztu ziren, eta Murugarrengo Kontzejuak 2016ko otsailaren 13an egindako osoko bilkuran ebatzi ziren, aipatutako Foru Legearen 325.1.c) artikuluko manuak betez.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraituz, argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan:

Argitara ematen da aipatutako agindua betez, eta ohartarazten da ezen honako ordenantza honen aurka –xedapen administratibo bat baita– ez dela administrazio bidean errekurtsorik paratzen ahal (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Murugarrenen, 2016eko otsailaren 22an.–Alkatea, Oscar Azcona Sesma.

ORDENANTZA, MURUGARRENGO (DEIERRI) KONTZEJUAREN ESKUMENEKO LANDABIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Murugarrengo (Deierri) Kontzejuaren eskumeneko landabide publikoen sarea Murugarrengo herritar guztien ondarearen atala da. Oso garrantzi handia du, Kontzejuaren mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbide izateko. Sarea, orobat, nahitaezkoa da nekazaritzako lanak egiteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Landabideak gero eta gehiago erabiltzen direnez, haien erabilera arautu beharra dago, xede hauek lortzearren:

–Kontzejuko natur ondarearen balioak atxikitzea.

–Erabiltzaile guztien erabilera orekatua bultzatzea.

–Erabiltzeko maneran mantentzea.

Horrenbertzez, Murugarrengo Kontzejuak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek Murugarrengo Kontzejuaren mugapeko bide publikoak arautzea du xede.

2. artikulua. Murugarrengo Kontzejuaren meneko bideetan, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearekin bat eginen da zirkulazioa.

3. artikulua. Debeku da arras:

1.–Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea buelta ematera.

2.–Harriak eta nekazaritzako hondakinak bidera, arekara eta erretenera botatzea.

3.–Bideko arekara lurra bota eta hura betetzea, lur-sailetan nekazaritzako lanak egitean.

4.–Nekazaritzako hondakinak areka, bide eta erretenetan erretzea baimenik gabe.

5.–Administrazioaren baimenik gabe, lehiaketak edo lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.

6.–Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

4. artikulua. Finken titularrek izanen dute arekak eta finketako mugetako ezpondak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten. Edozergatik ere finkaren jabeak ez badu betetzen arekak garbi izateko betebeharra, Kontzejuak hartuko du garbiketaren ardura, eta finkaren jabeak pagatuko du kostua, galarazi gabe arau-hauste administratiboa ezarri ahal izatea.

5. artikulua. Debeku da bidea goldatzea, bidearen trazadura eta zabalera aldatzea eta bidea nolanahi ere aldatzea, eta lehengoratzeko kostua arau-hauslearen kargura izanen da, galarazi gabe arau-hauste administratiboa ezarri ahal izatea.

6. artikulua. Zuhaitzak bideetatik 4 metrora landatuko dira, adarrak areketatik atera ez daitezen. Dauden zuhaitzek behar bezala inausirik egon behar dute.

7. artikulua. Murugarrengo Kontzejuaren landabideetan ibiltzean, bideen egoerak eta haien ezaugarriek erakutsiko dute zer abiadura komeni den, eta abiadura apalduko da ibilgailu bereziekin, motel dabiltzan ibilgailuekin, azienda saldoekin edo oinezkoekin topo egitean; are gehiago hautsa pilatzen deneko aro idorretan; izan ere, abiadura bizian joanez gero, bideak hondatu egiten dira, zirkulazioa hobetzeko botatzen den harea-geruza desagertzen delako.

Dena dela, 20 kilometro ordukoa da gehieneko abiadura.

8. artikulua. Partikularrek baimena eskatu beharko diote Murugarrengo Kontzejuari lur-sailetako pasabideak egiteko edo aldatzeko, eta gutxienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin eginen dituzte, haien kontura egin ere. Murugarrengo Kontzejuak egokitzat jotzen duen fidantza eskatzen ahal du, lur-sailetako sarbideak behar den bezala egiten direla bermatzeko.

9. artikulua. Landabideetan ibiltzeko gehieneko pisua 30.000 kilogramokoa da.

30.000 kilogramo baino gehiagoko ibilgailuetarako, berariazko baimena eskatuko zaio Murugarrengo Kontzejuari.

10. artikulua. Finken itxituretan zortasun eremu bat izanen da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik neurtuta.

11. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

12. artikulua. Ordenantza hau hausten duenak 150,25 euroko zehapena izanen du, deusetan galarazi gabe egindako kalteengatik ordaindu beharreko kalte-ordainak; hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat. Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

13. artikulua. Fidantzak.

30.000 kilo baino gehiagoko ibilgailuek gutxienez ere 200 euroko fidantza eman beharko dute, eta hori 2.000 euro bitartekoa izaten ahalko da, bideetan asko ibiliz gero. Fidantza hori itzuliko da, Kontzejuak kalterik ez dela egin egiaztatzen duenean. Kontzejuko kideek erabakiko dituzte epeak, kantitateak etab., kasu zehatz bakoitza aztertuta.

14. artikulua. Zehapenak.

Murugarrengo Kontzejuko mugapeko bideetan kalteak egiten dituen ibilgailua horien erantzulea izanen da Kontzeju honetan eta kalteak ekarritako gastu guztiak ordainduko ditu.

15. artikulua. Aurrekontuko kontu-saila.

Urtero, Murugarrengo Kontzejuak aurrekontu-laguntza bat esleituko du mantentze-lanerako. Interesdunek eskaera zehaztu bat aurkeztu beharko dute, idatziz.

Murugarrenen, 2016eko otsailaren 22an.–Alkatea, Oscar Azcona Sesma.

Iragarkiaren kodea: L1602890