Iragarkia
56. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MARTZILLA
Edateko uraren horniduraren, saneamenduaren eta estolderiaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena
Martzillako Udalak, 2015eko azaroaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Edateko uraren horniduraren, saneamenduaren eta estolderiaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Iragarkia 2015eko 252. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 21ean.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Martzillan, 2016ko otsailaren 15ean.–Alkate udalburua, Mario Fabo Calero.
I. TITULUA
Martzillako Udalaren tasak, uraren ziklo integralari buruzkoak
I. KAPITULUA
Oinarria
1. artikulua. Ordenantza fiskalaren titulu honetan ezartzen diren tasak Nafarroako toki entitateei aplikatu beharreko araudi fiskalak entitate horiei emandako ahalmenen babesean eta haiekin bat etorriz ezarri dira.
II. KAPITULUA
Ordainarazpenaren izaera
2. artikulua. Titulu honen xedeko tasek oinarri dute beheko ur hornidura eta saneamenduaren zerbitzua ematea, baita aurrekoarekin eta uraren ziklo integralarekin ikusteko duten gainerako jarduera eta zerbitzuak ematea ere.
Ezartzen diren ordainarazpenak, beraz, ikuspegi fiskaletik begiratuta, tasak dira Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluaren 1., 2., 3. eta 5 t) ataletan aipatzen diren zerbitzu eta jarduerak egiteagatik, martxoaren 2ko 4/1999 Legeak egindako aldaketaren arabera.
III. KAPITULUA
Aplikazio eremua
3. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko da Martzillako udal mugape guztian eta mugape mugakideetan, erregelamenduzko testu honetan arautzen diren zerbitzuak ematen direnetan, baita, aurrekoetan sarturik egon gabe ere, urez hornitzen edo zaborrak biltzen diren horietan ere, halakorik bada.
Nolanahi ere, zerbitzua egiazki zer mugapetan egiten den, horietan baizik ez da aplikatuko.
IV. KAPITULUA
Zergapeko egintza
4. artikulua. Zergapeko egintza da ordenantza honek arautzen dituen zerbitzu edo jarduerak eskura izan edo eskuratu ahal izatea edo erabiltzea edo erabili ahal izatea. Horiek behar diren tasak sortzen dituzte, ondoko zerrenda honetakoak:
a) Edateko ur-horniduraren zerbitzuaren eskuragarritasuna eta mantentze lanak.
b) Herriko saneamendu eta estolderia sareen eskuragarritasuna eta mantentze lanak.
c) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eta herriko saneamendu eta estolderia sareak erabiltzea. Tasa desberdina izan daiteke, uraren erabileren edo xedeen arabera.
d) Edateko uraren hornidura edo/eta hondakin uren hustuketa behin betikoz kontratatzeko beharrezkoak diren jarduketen zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea.
Aipatutako zerbitzuak emateak ez du tasarik izanen erabilera edo titulartasun aldaketengatik kontratuak tramitatzen eta formalizatzen direnean.
e) Edateko uraren hornidura sareetan eta/edo hondakin uren hustuketa sareetan hargunea izateko eskubidea. Hor sartzen da hornidura eta saneamendu zerbitzua fisikoki eskura izate hutsa.
f) Behin-behineko horniduretarako izen emateak.
g) Ikuskapena, Martzillako Udaleko langileek egiten dutena, zerbitzuaren Erregelamenduak ezartzen dituen arauak zehatz-mehatz betetzen diren edo ez frogatzeko, haren kontrako arau-hausteak direnean.
h) Partikularrak eskatuta, Martzillako Udaleko langileek egindako edozein jarduera, abonatua izan edo ez, Martzillako Udalaren eskumeneko instalazioak ikuskatzeko dena.
V. KAPITULUA
Subjektu pasiboak
5. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.
1. Orokorrean, honako hauek daude behartuak tasen ondoriozko tributu zorra ordaintzera:
a) Zordun nagusi gisa: subjektu pasiboa, zergadun nahiz ordezko gisa, baita arau-hausleak ere, dirutan ezarritako zehapenak ordaintzeko.
b) Zordun subsidiario gisa: erantzule solidarioak, ustiategien eta jarduera ekonomikoen eskuratzaileak eta erantzule subsidiarioak.
2. Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko eta juridikoak eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, ordenantza honen xede diren zerbitzu eta jardueren onuradun bilakatzen edo haiek ukituta gertatzen badira. Zergadunaren ordezkotzat hartuko dira higiezinen jabeak, higiezinen okupatzaileek zerbitzu horiek hartzen badituzte.
Zehazki, honako hauek dira subjektu pasiboak:
a) Tasen zergapeko egintza ordenantza honen 4. artikuluaren a), b), c), d) eta f) ataletan zehazturik badago, kontratu bakoitzaren titularra, zergadun den aldetik.
b) Tasen zergapeko egintza ordenantza honen 4. artikuluaren e) atalean zehazturik badago:
b.1. Eraikinetako harguneak: Eraikinen sustatzailea egonen da ordaintzera beharturik, eta halakotzat hartuko da higiezinen jabea, etxebizitza horiek eraiki edo horien eraikuntza kontratatzen duena, saltzeko, alokatzeko edo berak erabiltzeko.
Nolanahi ere, eraikuntza proiektua gauzatzeko lana hartu duen eraikitzaileak ordaintzen ahalko du delako tasa, eta gero zenbateko hori, hala badagokio, sustatzaileari eskatu.
b.2. Beste hargune batzuk: obrak, suteak, ureztapena etab. Hargunearen eskatzailea egonen da ordaintzera beharturik.
c) Zergapeko egintza 4. artikuluko g) atalean definituta duten tasetarako, arau-haustea egin duten pertsona natural edo juridikoak dira zergadunak.
Hornitzeko kontraturik ez dagoen kasuetan, lur, eraikin, establezimendu, zentro, lokal eta gainerako ondasun higiezinetan ikuskapena egiten bada, haien jabe, errentari edo era guztietako erabiltzaileak izanen dira subjektu pasiboak, baldin eta jarduketaren onuradunak badira.
d) Zergapeko egintza 4. artikuluko h) atalean definituta duten tasetarako, jarduera eskatzen duten pertsona natural edo juridikoak dira zergadunak.
Hornitzeko kontraturik ez dagoen kasuetan, lur, eraikin, establezimendu, zentro, lokal eta gainerako ondasun higiezinetan jarduera bat eginik, haien jabe, errentari edo era guztietako erabiltzaileak izanen dira subjektu pasiboak, baldin eta jarduketaren onuradunak badira.
3. Kontzeptu batengatik edo bestearengatik titulartasunean edo erabileran ondorengoak direnei eskatzen ahal zaie pertsona fisikoek zein juridikoek egindako ustiapenen edo ekonomia jardueren ondoriozko zorra.
Ordaintzeko borondatezko epea akituta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izanen dira.
Ustiapen edota jarduera ekonomikoaren titulartasunaz jabetu nahi duenak, aldez aurretik titular denaren onespena izanik, eskubidea izanen du Martzillako Udalari kasuan kasuko jarduera edo ustiapenak sorrarazitako tributu-zorren ziurtagiri zehaztua eskatzeko.
VI. KAPITULUA
Zerga-oinarria
6. artikulua. 4. artikuluko zerrendan aipatutako zergapeko egintzetan hauek dira bakoitzaren karga-oinarriak:
a) 4. artikuluaren a) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: kuota finkoa, eranskinaren araberakoa. Kuota horri neurtzeko tresnen alokairu-kostua gehituko zaio, tresna horiek Martzillako Udalarenak direnean.
b) 4. artikuluaren b) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: kuota finkoa, eranskinaren araberakoa. Kuota horri neurtzeko tresnen alokairu-kostua gehituko zaio, tresna horiek Martzillako Udalarenak direnean.
c) 4. artikuluaren c) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren bidez edo bertze bide teknikoki onargarri batzuen bitartez zenbatetsiz.
d) 4. artikuluaren d) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: erabilitako teknikarien zerbitzuaren kostuak.
e) 4. artikuluaren e) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: eranskinaren araberakoa.
f) 4. artikuluaren f) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez zenbatetsiz.
g) 4. artikuluaren g) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: eranskinaren araberakoa.
h) 4. artikuluaren h) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: eranskinaren araberakoa.
VII. KAPITULUA
Tarifak
7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, I. eranskinean agertzen diren tarifak aplikatuko zaizkio zerga-oinarri bakoitzari.
VIII. KAPITULUA
Tributu-kuotak
8. artikulua. Tributu-kuota izanen da zergapeko egintza bakoitzari bere tarifa aplikatzearen ondorioz ateratzen den emaitza.
9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.
IX. KAPITULUA
Salbuespenak
10. artikulua. Nafarroako Parlamentuan onetsitako foru legeetan espresuki aurreikusirik dauden salbuespenak eta hobariak baizik ez dira onartuko, eta indarrik gabe gelditzen dira Nafarroako Gobernuak edo beste edozein entitate edo erakunde publikok hartutako erabaki edo egindako jarduketa orotik sortzen diren guztiak.
X. KAPITULUA
Sortzapena
11. artikulua.
1. 4. artikuluaren a) eta b) ataletako zerga oinarrietarako ezarritako tasak hiruhileko natural bakoitzaren lehenbiziko egunean sorraraziko dira, sarearekin lotura egina duten erabiltzaile guztiendako.
Zerbitzua lehen aldiz hartzen duten erabiltzaileendako, tasek –horien barnean direla, hala behar denean, neurtzeko tresnen alokairuaren kostua, 6. artikuluan ezarri bezala– hiruhileko natural horren lehenbiziko egunean izanen dute sorrarazpena.
2. 4. artikuluaren c) eta f) ataletako zerga oinarrietarako ezarritako tasek ur kontsumoa egiten den unean izanen dute sorrarazpena.
3. 4. artikuluaren d) ataleko zerga oinarrietarako ezarritako tasak edateko uraren horniduraren edo/eta hondakin uren hustuketaren kontratua sinatzen den unean sorraraziko dira.
4. 4. artikuluaren e) ataleko zerga oinarrietarako ezarritako tasek honela izanen du sorrarazpena:
4.1. Eraikin eta obretarako harguneetan, obra bakoitzerako hornidura kontratua formalizatzen den puntuan, harguneak lehenago egin badira ere poligono baten urbanizazioaren barnean.
4.2. Bestelako harguneetan, hargunea baimentzen den unean.
5. 4. artikuluko g) ataleko zerga oinarrirako ezarritako tasak sortuko dira, ordenantzen arau-haustea eginez gero, Martzillako Udaleko langileek ikuskapena egiten duten unean.
6. Martzillako Udaleko langileek laneko ikustaldia edo instalazioen ikuskapena egiten duten unean sorraraziko dira 4. artikuluko h) ataleko zergapeko egintzarako ezarritako tasak.
XI. KAPITULUA
Ordainarazpena
12. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasak hurrengo arauei jarraikiz ordainaraziko dira:
1. 4. artikuluaren a) eta b) ataletakoak hiruhilekoetan ordainaraziko dira, eta hori egiten ahal da aitzinaturik nahiz mugaeguna iraganik.
4. artikuluaren c) eta f) ataletakoak, mugaeguna iragandako hiruhilekoetan ordainaraziko dira.
2. d) eta e) ataletakoak, sorrarazten diren unean ordainaraziko dira.
3. g) atalean aurreikusitakoak subjektu pasiboari jakinarazten zaizkionean ordainaraziko dira.
4. h) atalean aurreikusitakoak subjektu pasiboari jakinarazten zaizkionean ordainaraziko dira.
XII. KAPITULUA
Diru-bilketa
13. artikulua.
1. Indarra duen legeriari jarraituz, ordenantza honetan aurreikusitako tasak aplikatzetik ateratzen diren zorrak jakinarazpen gabetzat hartuko dira, salbu 4.g) eta 4.h) artikuluetan ezarritako zergapeko egintzari dagokiona.
2. 4. artikuluaren a), b), c) eta f) ataletako zergapeko egintzek sorrarazitako zorrak, behin ordainarazirik daudela 12. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, modu orokorrean jakinaraziko dira, behar den iragarkia edo ediktua Martzillako Udaletxeko iragarki oholean argitaratuz, eta argitalpen horretatik aitzina hogeita hamar egun balioduneko epea kontatu beharko da borondatez ordaintzeko.
3. 4. artikuluaren d) ataleko zergapeko egintzak sorrarazitako zorrak sorrarazten diren puntuan ordaindu beharko dira.
4. 4. artikuluaren e) ataleko zergapeko egintzak sorrarazitako zorrak sorrarazten diren puntuan ordaindu beharko dira, hargune eskubidea onartu ondoan, zerbitzuaren Erregelamenduari jarraikiz.
5. 4. artikuluko g) atalean aurreikusitako zergapeko egintzaren ondoriozko zorrak 30 egun balioduneko epean ordaindu beharko dira, subjektu pasiboari jakinarazten zaion egunetik aitzina.
6. 4. artikuluko h) atalean aurreikusitako zergapeko egintzaren ondoriozko zorrak 30 egun balioduneko epean ordaindu beharko dira, subjektu pasiboari jakinarazten zaion egunetik aitzina.
14. artikulua. Borondatezko epean ordaindu ez diren tributu-zorrak premiamendu bidez ordainaraziko dira, salbu eta, ordaindu beharrekoak aitzinetik eskatu ondoan, Martzillako Udalak geroratzea edo zatikako ordainketa onartu duelarik, 2/1995 Foru Legearen 90. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
15. artikulua. Tributu-zorren ordainketa honela egiten ahal da:
a) Zorren ordainketa helbideratu duten subjektu pasiboek, haiek adierazitako banku edo aurrezki entitatean eta kontuan kargatuz.
b) Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboek, edota helbideratua izan arren edozein arrazoirengatik zorrak ordaindu gabe gelditu diren kasuetan, Martzillako Udalaren Diruzaintzan, edota honek kobratzeko gaitu ditzakeen banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.
XIII. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
16. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean aurreikusitakoaz gain, Martzillako Udalaren osoko bilkurak onetsitako Edateko uraren hornidura, saneamendu eta estolderia zerbitzuaren gaineko erregelamenduan ezarritako arau-hausteei eta zehapen araubideari buruz ezarritako xedapenak aplikatuko dira.
II. TITULUA
Saneamendu kanona
17. artikulua. Saneamenduko kanona Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean eta hura garatzeko apirilaren 5eko 82/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan arautua dago.
18. artikulua. Delako kanona 10/1988 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrarekin bat ezarri da eta haren zenbatekoa Nafarroako Aurrekontuei buruzko Foru Legean finkatua dago, aurrekontuen ekitaldi bakoitzerako.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA
Ur hornidura, estolderia eta saneamendua, arazketa eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu eta jarduerak
arautzen dituen ordenantza fiskaleko tarifak
1. 4.a) artikuluan aurreikusitako zergapeko egintzak.
1.1. Kuota finkoak (hornidura): etxeko eta industriako erabileraren tarifa, hiruhilekokoa: 5,8048 euro.
1.2. Kontagailuak mantentzeko kuota finkoa, hiruhilekoko tarifa: 1,5709 euro.
2. 4.b) artikuluan aurreikusitako zergapeko egintzak.
2.1. Kuota finkoak (saneamendua eta estolderia): etxebizitzetarako erabilera, hiruhilekoko tarifa: 3,279 euro.
3. 4.c) artikuluan aurreikusitako zergapeko egintzak.
–Kontsumoa.
Kuota aldakorra: prezioa m³ bakoitzeko.
1. tarifa.–Etxeko erabilera etxebizitzetan eta erabilera lotuak. Hor sartzen dira ofizialki aitortutako ikastetxeak, haur hezkuntzakoak, lehen eta bigarren hezkuntzakoak eta batxilergokoak: 0,6080 euro.
2. tarifa.–Industria eta merkataritzako erabilera. Tarifa horretan sartzen dira industriak, saltokiak, bulegoak eta langelak. bai eta obrak egiteko, etxabeak hornitzeko eta erabilera kolektiboko kirol instalazioetarako erabilerak ere, ureztaketakoa izan ezik: 0,8382 euro.
3. tarifa.–Baratze, aisiako finka eta kirol instalazio partikularretako (igerilekuak) erabilera, eta ureztatzea: 1,6979 euro.
–Saneamendu eta estolderia sarera isurtzea.
Kuota aldakorra isurketako: prezioa m³.
1. tarifa.–Etxeko estolderia, etxebizitzetan eta gisako erabilera duten eraikinetan (ikastegiak, tokiko kontsultategiak, erlijio etxeak), hartutako m³ bakoitzeko: 0,1421 euro.
2. tarifa.–Industria eta merkataritzarako uraren estolderia (haztegi, tailer, obra, industria, denda, zerbitzu eta bulegoak), kontsumitutako m³ bakoitzeko: 0,2122 euro.
4. 4.d) artikuluan aurreikusitako zergapeko egintzak.
Gutxieneko kantitate finkoa (BEZa kanpo): 105,06 euro.
Hargunea ezartzeko behar diren jarduketei dagozkien zerbitzu teknikoak emateagatiko kostua handiagoa bada zenbateko hori baino, diferentzia erantsiko da.
6. 4.f) artikuluan aurreikusitako zergapeko egintza.
Tarifarik gabe.
7. 4.g) eta 4.h) artikuluetan aurreikusitako zergapeko egintzak.
Tarifarik gabe.
8. Murrizketa berezia, lanbide arteko gutxieneko soldata adinako pentsioa edo txikiagoa hartzen dutenentzat.
Kontsumoaren gaineko 4.c) artikuluan (ordenantza honek arautzen baitu) aurreikusitako zergapeko egintzei dagokien kuotaren partea %50 murriztuko da orokorrean aplikatzen denaren aldean, ordaintzera behartuak Gizarte Segurantzaren edo Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren laguntza hartzen badu. Laguntza horrek ez du lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoa izan beharko, edo halako 1,2, gehienez ere, ezkontidea badu edo antzeko harremana duen norbaitekin biziz gero, bien guztirako diru-sarrerak batuta. Ezkontideaz bestelako familia kargak daudenean (adingabeko seme-alabak, legezko langabezian edo ikasten ari diren 23 urte arteko seme-alabak –23koak barne– edo diru-sarrerarik gabeko seme-alaba ezgaituak), lanbide arteko gutxieneko soldata halako 0,2 gehituko zaie aipatu muga ekonomikoei, menpeko pertsona bakoitzeko.
Nahiz aurreko baldintza bete, ez dute murrizketa berezi horretarako eskubiderik beste diru-sarrera batzuen bitartez urtean lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen dutenek, eskatzaileak berak edo etxean harekin bizi direnek sarrera horiek eskuratzen badituzte. Orobat, eskatzailearen edo bizilagunen ondare higigarria nahiz higiezina ez da 21.000 euro baino handiagoa izanen, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta.
Aipatu baldintzak betetzen dituztela erakusteko, eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
1.–Eskaera.
2.–Hartzen den laguntzaren ziurtagiria.
3.–Errentaren edo ondarearen aitorpena, edo hura aurkeztera beharturik ez daudela dioen Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, baita eskatzailearen edo bizilagunen diru-sarrerak frogatzen dituzten bestelako dokumentuak ere.
4.–Udal Erroldako Bizikidetzako Ziurtagiria.
Betiere, murrizketa bereziaren onuradunak ur hornidurari eta saneamenduari buruzko kontratuaren titularra izan beharko du.
Martzillako Udalak edozein unetan ikuskatzen ahal du murrizketa berezi horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren, eta kendu eginen ditu baldintzak betetzeari utzi dioten onuradunak, baita behar diren frogagiriak aurkezten ez dituztenak ere.
Iragarkiaren kodea: L1602892
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
