Iragarkia
56. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
40C/2015 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Uharteko Udalaren, Musika Patronatuaren eta Uharteko Kirol Patronatuaren zerbitzuko funtzionario publikoen eta lan-kontratudunen akordioa edo itun mistoa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Ikusirik Uharteko Udalaren, Musika Patronatuaren eta Uharteko Kirol Patronatuaren zerbitzuko funtzionario publikoen eta lan-kontratudunen akordio edo itun mistoaren testua (kode zenbakia: 31100010142015), Erregistro honetan 2015eko azaroaren 30ean sartu zena eta udal ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko azaroaren 27an izenpetu zutena, bere eraginpean funtzionarioak, lan-kontratudunak (aldi baterakoak zein finkoak) eta administrazio-kontratudunak hartzen dituena, honako hauetan xedatutakoarekin bat: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikulua, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatiak eta lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2015eko abenduaren 30ean.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.
UHARTEKO UDALAREN, MUSIKA PATRONATUAREN ETA UHARTEKO KIROL PATRONATUAREN ZERBITZUKO FUNTZIONARIOEN LAN AKORDIOA.
2012. URTETIK 2015.ERA
Hitzaurrea
Uharteko Udala eta bere zerbitzuko langileen ordezkari diren sindikatuak bat etorri dira Administrazioaren helburuan; hau da, gizartearen eskaerei erantzun behar zaiela eta lehentasuna eman behar zaiola eskaera horiek azkar eta modu eraginkor eta efikazean betetzeari.
Orobat, uste dute kalitateko zerbitzu publikoak izatea eta giza baliabideen kudeaketa eraginkorra bateragarriak direla langileen laneko baldintzen hobekuntzarekin.
Sinatzaileek badakite Administrazioa modernizatzeko prozesua bultzatu behar dela eta hor ezinbestekoa dela sindikatuen zeregina, administrazioaren zerbitzuko langileen berezko ordezkariak direnez gero.
Uharteko Udalak eta sindikatuek uste dute modernizazioa emeki-emeki egin behar dela, esparru guztietan, kemenez egin beharrekoa. Kudeatu, eskumenak eta erantzukizunak banatu, eginkizunen emaitzak neurtu eta ekoizpen-tasa handitzeko sistema eta teknika berriak behar ditu, espezializazioaren bidez. Lanpostu bakoitzari eskumen zehatz batzuk dagozkio, plantilla organikoan adierazi behar direnak. Horren guztiaren ondorioz, administrazioko langileen irudia hobetu eta duintzen da.
Bi aldeek uste dute jarduketa horiek, profesionaltasunetik eta kudeaketatik begiratuta, solaskide sozialen lankidetzan eta elkarren arteko konfiantzan oinarritu behar direla, zein bere eremuan, eta prozesuari urtebetetik gorako epea eman behar zaiola.
Genero-berdintasuna.
Emakumeen eta gizonen arteko tratu berdina eta aukeren berdintasuna da akordio honen printzipio gidarietako bat, oinarrizko tresna dena enpleguan generoa dela-eta diskriminazio zuzena eta zeharkakoa ezabatzeko, sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren kontra egiteko eta lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzeko.
Emakumeen eta gizonen arteko tratu berdinak berarekin dakar sexuagatiko inolako diskriminaziorik ez izatea, diskriminazio hori zuzenekoa nahiz zeharkakoa izan, eta, bereziki, amatasun-egoeraren, familia-betebeharrak hartzearen eta egoera zibilaren ondoriozko diskriminaziorik ez izatea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 3. artikulua).
Sexuagatiko zuzeneko diskriminazioa honako hau da: antzeko egoera batean, sexuaren ondorioz pertsona batek, beste batekin alderatuta, tratu ez hain ona izatea, orain, iraganean edo etorkizunean aukera hori izatea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 6.1 artikulua).
Sexuagatiko zeharkako diskriminazioa honako hau da: itxuraz neutroa den xedapen, irizpide edo praktika batek sexu bateko pertsonentzat desabantaila zehatz bat ekartzea beste sexuko pertsonen aldean, salbu xedapen, irizpide edo praktika horiek modu objektiboan justifikatzen badira xede legitimo batekin, betiere xede horiek lortzeko bideak beharrezkoak eta egokiak badira. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 6.2 eta 6.3 artikuluak).
Sexuagatiko jazarpena honako hau da: pertsona baten sexua dela-eta haren duintasuna gutxiesteko eta giro beldur eragilea, degradatzailea eta iraingarria sortzeko asmoz egiten den jokabide oro. Sexuagatiko bereizkeriatzat hartuko da, halaber, eskubide bat edo eskubide baterako espektatiba sexu jazarpen edo sexuagatiko jazarpen egoera bat onartzearekin baldintzatzea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 7.4/2007 Lege Organikoaren 7.2, 7.3 eta 7.4 artikuluak).
Sexu jazarpena honako hau da: pertsona baten duintasunaren aurka egiteko asmoa edo ondorio hori duen edozein sexu jokaera, hitzezkoa nahiz fisikoa, batez ere giro beldur eragilea, degradatzailea edo iraingarria sortzen badu. Sexuagatiko bereizkeriatzat hartuko da, halaber, eskubide bat edo eskubide baterako espektatiba sexu jazarpen edo sexuagatiko jazarpen egoera bat onartzearekin baldintzatzea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 7.1, 7.3 eta 7.4 artikuluak).
Lana eta familiako bizitza bateratzea: familiako arrazoiak direla-eta baimenak emateko sistemak ezartzea, baita guraso baimenak eta haurrei eta adinekoei arreta ematekoak ere, eta lan ingurunean egitura eta antolaketa bat sortzea gizonek eta emakumeek errazagoa izan dezaten lana eta etxeko nahiz familiako ardurak bateratzea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko terminoen glosarioa. Europako Batzordea).
Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko benetako berdintasuna lortu nahian, garrantzitsua da emakumezkoak subjektu aktibotzat hartzea gizartean; hartara, gizartean parte hartzen dutela eta haren zati direla ahaztuta ez dira mespretxatu edo desagerrarazi behar eguneroko mintzairan. Hori oinarritzat hartuta eta erabili beharreko idatzizko eta ahozko mintzairari dagokionez, akordio honek eta Udalaren eta sindikatuen ordezkarien artean dauden lan harreman guztiek mintzaira inklusiboa eta ez-sexista erabiliko dute.
Inguruabar horiek guztiak kontuan harturik, bi aldeek sinatu dute hitzarmen hau:
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Akordio honen xedea da Uharteko Udalean, Musika Patronatuan eta Kirol Patronatuan ari diren funtzionarioen lan baldintzak arautzea lan-harremana eta harreman juridikoa betez.
Kontratu izaera duenez, betebeharrak eta eskubideak dakartza aplikazio esparru osoan.
Akordio honek berariaz uzten ditu indarrik gabe, eta, hortaz, ondoriorik gabe ere bai, kasuan-kasuan aplikatu ziren aurreko hitzarmen guztiak.
2012ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31ra bitarte izanen du indarra. Indarraldia bukatu aurreko hiru hilabeteetan espresuki haren bukaera iragarri ezik, hurrengo urteetarako luzatu eginen da. Betiere, hurrengo hitzarmena izenpetu arte indarrean iraunen du.
Hitzarmena salaturik, bere klausula arauemaileek eta betebeharren klausulek (bake-betebeharra izan ezik) indarrean jarraituko dute eta erabat aplikagarriak izanen dira hurrengo hitzarmenak ordeztu arte.
Hitzarmena salatzen denetik hogei hilabete igaro badira eta alderdiek ez badute akordiorik lortu gaur egungo hitzarmena ordezten duen hitzarmenaren negoziazioan, indarreko araudian aurreikusitako bitartekaritza edo arbitraje prozedurara joaten diren adostuko dute. Betiere, hitzarmen honek indarrean jarraituko du hurrengo hitzarmena adostu arte.
Aldeek onesten dutenean hartuko du indarra akordioak, eta 2012ko urtarrilaren 1etik ondorio ekonomikoak izanen ditu.
Akordio honetan aipatzen ez den guztian, Nafarroako Gobernuak eta bere lan-kontratudunek izenpeturiko hitzarmenean, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginean, Nafarroako Gobernuak eta bere funtzionarioek izenpeturiko akordioan, Langileen Estatutuan eta aplikatzekoak diren beste orotariko arauetan xedaturikoa izanen da arau.
Izenpeturiko baldintzen edozein aldaketa langileen ordezkarien adostasunaz egin beharko da.
Aurrekoa gorabehera, hitzarmen honetan jasotako alderdi partzial eta zehatzak berariaz negoziatzen ahalko dira alde batek hala eskatzen duenean eta udalez gaindiko arauak aplikatu behar diren guztietan, aldaketek hobekuntzarik badakarte langileentzat.
2. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lana antolatu eta zuzentzea administrazioen organo eta zuzendaritza talde eskudunei dagokie.
Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ordezkari sindikalek eskubidea dute lan baldintzak ezartzeko erabiltzen diren prozeduretan parte hartzeko, indarra duten xedapenen arabera eta laneko araudiak enpresa batzordeei, langile batzordeei eta langileen ordezkariei gai honetan aitortzen dizkien eskumenei dagokienez.
3. artikulua. Lanaldia.
Nafarroako Gobernuak finkatuko du lanaldia. Oro har, 1.592 ordukoa izanen da urtean. Lanaldi zatituan, igande eta jaiegunetan barne, lan egiten dutenek eta goiz eta arratsaldez, jaiegunetan barne, lan egiten dutenek 1.554 ordu eginen dituzte; gaueko txanda finkoak egiten dituztenek 1.535 ordu eginen dituzte; eta goiz, arratsalde eta gaueko txandetan ari direnek 1.457 ordu izanen dituzte.
Nafarroako Gobernuak akordio honetan adierazten den urteko lanordu kopurua baino txikiagoa ezarriko balu Nafarroako Administrazio Publikoetako langileentzat, automatikoki aplikatuko litzaieke kopuru bera Uharteko Udaleko funtzionarioei.
a) Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da. Nahitaezkoa izanen da 7:50etik 14:50era bitarte aritzea, eta gainerako 20 minutuak betetzeko aukera malgua utziko da (zerbitzu bakoitzean modu bateratuan), langilearen esku, 7:30tik 7:50era bitarte eta 14:50etik 15:10era bitarte.
b) Aurreko lerroaldean aipatzen den lanaldi banaketa familia eta lana bat etorrarazteko lanaldi mota bereziren bat hartua daukaten langileei ez zaie aplikatuko, ez eta ordu-konpentsazioa dutenei ere. Horiek, betiere, beren lan egutegi espezifikoa bete beharko dute. Egutegi horrek langile guztiendako ezarririko lanaldiaren urteko lanordu kopurua bete beharko du. Batzorde Paritarioko negoziazio mahaia osatzen duten langileen ordezkariekin negoziatuko da aldez aurretik.
Ikastetxeetan lan egiten duten langileen kasuan, beren ordutegia ikastetxeko irakastorduetara egokituko da.
c) Aurreko lerroaldeetan aipatzen den lanaldi banaketa ez zaio aplikatuko Albienteen Zerbitzuari, akordio honen I. eranskinean ezarritakoak arautuko baitu, ez eta Musika Eskolako langileei edo eskolazainei ere, II. eta III. eranskinetan hurrenez hurren ezarritakoak arautuko baitu horien lanaldi banaketa.
d) Hitzarmen kolektibo honetan aipatzen den jai-egutegia urtero zehaztuko da, Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko langileendako finkatzen duenarekin bat, Uharteko festak kontuan hartuz. Hona hemen festa egun horiek:
–Herriko festak: (7) jaietako lehen bost egunak, gehi jaietako bigarren asteburuari dagozkion bi egunak.
–San Juan eguna: abenduaren 27a.
e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileek Iruñetik kanpo egiten badute lan, jaietako bezpera jaieguntzat hartuko da 12:00etatik aurrera. Uharteko kasuan, bezpera beti larunbata denez, hiru ordu horiek beste egun batzuetan finkatuko dira urteko egutegia egitean, aldez aurretik langileen ordezkariei galdetuta.
f) Larunbatak ez dira laneguntzat joko, oporrak, lizentziak eta abar zenbatzeko, eta jaieguntzat joko dira, ohiko lanaldiaren barnean horietan lan egiten bada. Kasu horretan, bidezko ordainak aplikatzeko zenbatuko dira.
g) Orain ezarririk dauden ordutegi, lan txanda, egutegi eta oporrak betiere langileen ordezkariei entzun ondoren aldatuko dira. Arrazoiak eman beharko dira horretarako.
4. artikulua. Oporrak.
Oporrak urtero onartzen den lan egutegian finkatuko dira, Nafarroako Gobernuaren araudia aintzat hartuta, eta urte natural bakoitzaren barnean hartu beharko dira. Opor egun horiek hartzeko epea gehienez ere hurrengo urteko urtarrilaren 15era arte luzatzen ahalko da, langilearen hautura.
Zerbitzu anitzak, albienteak eta bulegoak saiatuko dira oporraldiak bata bestearen ondoren hartzen, ez batera, langileak ordezteko kontratuak errazago egin daitezen.
Oro har, langile guztiek eskubidea dute erregelamenduz zor zaizkien oporren erdiak gutxienez udan hartzeko (ekainaren 15etik irailaren 15era). Gainerakoa urtean zehar hartuko dute, zerbitzuko beharren arabera.
Ikastetxeetako langileek beren zentroko oporraldiekin batera hartuko dituzte oporrak, behar bezala justifikatutako zerbitzu beharrek kontrakoa agintzen dutenean izan ezik. Musika Patronaturako, ikus hitzarmen honen II. eranskina.
Langile batek, oporretan dagoela, baja hartzen badu, oporraldia eten eta falta zaizkion egunak lizentziaren edo baimenaren ondoren edo alta medikoarekin lanera itzuli ondotik hartuko ditu, opor egun horien urte naturala bukatu bada ere.
Langileak baja izaten badu bere kontuetarako baimen egunak nahiz aparteko orduak egiteagatiko denbora konpentsazioak hartu aurretik, edo data nahiz epe zehatz batean gauzatzekoak ez diren baimen ordainduak edo lizentziak hasi baino lehen, egun horiek gero hartuko dira, langilea bere lanpostura itzultzen denean, urte naturala bukatu bada ere.
Hamabost lanegunetik gorako oporraldiak behin-behineko langileekin beteko dira, zerbitzuaren beharren arabera eta zerbitzuko arduradunak aldez aurretik egindako txosten edo balorazio loteslearekin.
Opor egunak ezin izanen dira diru truke ordaindu, ez osorik ez hein batean, salbu eta enpresa utziz gero edo eszedentzia hartuz gero, opor guztiak hartu ez direnean.
Aurreko atalean xedaturikoaren salbuespen gisa, langileek eskubidea izanen dute oporrak erditze, adopzio edo harreraren ondoriozko lizentzien eta gurasotasun baimenen edo lanaldi osoko edoskitze aldiaren ondoren hartzeko, opor horien urte naturala bukatu bada ere.
Larunbatak ez dira kontatzen oporren barrenean.
Albienteen Zerbitzurako, I. eranskinari jarraituko zaio.
Oporrak idatziz eskatuko dira eta langilea zer arlotakoa den, bertako buruak baimendu beharko ditu, behin zerbitzuko beharrak aseta, eta gerora, Udaleko langileriaren arloko buruak sinatuko ditu. Oporraldiak banatzeko lehentasuna txandaka arautuko da eta langilearen familia erantzukizunak hartuko dira lehentasun irizpidetzat, are gehiago familia gurasobakarren, banandutako edo dibortziatutako pertsonen kasuak. Oporrak eskatu ondoren, eman direla uste izanen da horien ukapenaren berri ematen ez bada horiek eskatzeko eta hurrengo hogei eguneko epean. Ukatzeko ebazpenak arrazoitua izan beharko du beti.
Zerbitzuak uzten badu, baimena emanen da 12 urtetik beherako seme-alabak dituztenek arauzko oporrak eskolako oporrak direnean eskatzeko. Baldintza berberetan, hilabete bat gehiago ere eska dezakete, eta dagokion soldata-murrizketa aplikatuko zaie.
5. artikulua. Baimenak eta lizentziak.
Langileek, aldez aurretik abisatu eta justifikatuta, kasua bada, baimena dute lanera ez agertzeko, ondorengo artikuluetan aurreikusitako denboretan eta kasuetan. Artikulu honek aipatzen dituen baimenak eskuratu nahi dituzten langileek haiek eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzeari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkiote organo eskudunari.
1.–Ordaindutako baimenak.
1.1.–Ordaindutako baimenak emanen dira justifikatutako ondoko arrazoiengatik:
a) Seme edo alaba baten jaiotza, adopzioa edo harrera (amatasun lizentziarekin bateragarriak direnak): lau aste, eta jaiotza multiplea izanez gero, astebete gehiago haur bakoitzeko, bigarrenetik aurrera.
b) Ezkontidearen, bizikidearen eta lehen mailako odol bidezko ahaideen heriotza: lau egun, Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bost egun Nafarroatik kanpora izanez gero.
Lehen mailako ezkontza bidezko ahaideen eta anai-arreben heriotza: hiru egun, Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta lau egun Nafarroatik kanpora izanez gero.
Bigarren mailako odol bidezko ahaideen edo norberaren aiton-amonen heriotza: bi egun.
c) Ezkontidea edo bizikidea eta lehen mailako odol edo ezkontza bidezko ahaideak ospitaleratzea bost egunean, gutxienez, edo sendagilearen irizpenaren arabera gaixotasuna larria edo oso larria izanez gero (ospitaleratzearekin nahiz gabe): lau egun, Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bost egun, Nafarroatik kanpo izanez gero.
Anai-arrebak ospitaleratzea bost egunean, gutxienez, edo sendagilearen irizpenaren arabera gaixotasuna larria edo oso larria izanez gero (ospitaleratzearekin nahiz gabe): hiru egun, Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta lau egun, Nafarroatik kanpo izanez gero.
Bigarren mailako odol bidezko ahaideen ospitalizazioa, baldin eta ospitalizazioak bost egun baino gehiago irauten badu edo sendagilearen irizpena eritasun larri edo oso larriarena bada (ospitaleratzearekin nahiz gabe): bi egun.
d) Lehenengo lerroaldeko b) eta c) ataletan aipatutako arrazoi berberengatik, bigarren mailako odol bidezko ahaideen kasuetan sartzen ez diren ahaideei eragiten dienean: egun bat, Foru Komunitatean gertatzen denean eta bi egun, Nafarroatik kanpo izanez gero.
e) Iraupen laburragoko ospitaleratzeen kasuan, edo irizpen medikoa pronostiko erreserbatuarena edo ez horren larriarena baldin bada, ordaindutako baimena egun batekoa izanen da, Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bi egunekoa, Nafarroatik kanpo izanez gero.
f) Aurreko ataletan aurreikusitako gaixotasun edo ospitaleratzeen kasuan, ordaindutako baimeneko lan egunak, gertakaria hasi zen eguna kontuan hartuta, gertakariak irauten duen guztian erabiltzen ahalko dira, baldin eta hori zerbitzuaren betebeharrekin bateragarria bada.
c), d) eta e) ataletan araututako baimena hartzeko, f) atalean ezarritako arauei jarraituko zaie, ahaideak gaixotzeagatik edo ospitaleratzeagatik denean. Ahaideen heriotzagatik denean, baimena heriotzaren egunean emanen da, edo, enplegatuarentzat laneguna ez bada, hurrengo egun naturalean.
Ahaideen gaixotasunagatik edo heriotzagatik aurreko artikuluetan ezarritako baimen ordainduen kasu guztietan, enplegatuak lan egin badu baimenaren lehendabiziko egunean, egun osoan zein zati batean, lan egindako aldia baimena bukatu ondoren hartuko da.
g) Bi eguneko baimen ordaindua emanen da ezkontideari, bizikideari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia handi anbulatorioko ebakuntzaren bat egin behar izanez gero. Ondorio horietarako, kirurgia handi anbulatoriotzat hartuko dira gaixoak ebakuntzaren egun berean etxera itzultzen direneko prozedura kirurgikoak, kontuan hartu gabe aplikatu zaien anestesia eta denbora tarte bat iraganik.
h) Aldairagatik: egun bat.
i) Hamabi hilabete baino gutxiagoko haurra duten langileek eskubidea izanen dute egunean ordubetez lantokitik lekutzeko. Denbora horren ordez hiru ordu laurdeneko bi zatiki hartzen ahalko dira. Aldi berean, orduak metatzen ahalko dira, amatasun lizentziaren ondoren hartzeko.
Aurreko lerroaldeko baimenaz ezin izanen dira baliatu honako hauek:
–Edozein langile, haren ezkontideak xede bererako baimena lortu badu.
–Gizonezko langilea, baldin eta haren ezkontidea bere kontura nahiz besteren kontura lan jarduerarik ez badu, salbu ama eri egonik, semea/alaba zaintzea ezinezkoa bazaio.
1.2.–Baimen ordainduak eman beharko dira, saihestu ezin daitekeen betebehar publiko edo pertsonal bat betetzeko behar den denboran, bai eta eginkizun sindikaletan, prestakuntza sindikalean edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko ere, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bateginaren 82.9 artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe.
1.3.–Urtean zehar, langileek eskubidea izanen dute beren aferetarako gehienez ere hiru baimen egun, ordainduak, hartzeko, aurreko artikuluetan ezarritakoez aparte. Egun horiek ezin izanen zaizkie batu inolaz ere urteko opor ordainduei.
1.4.–Langile haurdunek eskubidea dute lanetik alde egiteko, ordainsaria izateko eskubidearekin, jaioaurreko azterketak eta erditzearen prestaketa teknikak egiteko. Horretarako, aldez aurretik organo eskudunari abisatu egin behar zaio.
1.5.–Odol emaileek, odola eman behar duten egunean, horretarako behar den denbora izanen dute, betiere, aldez aurretik jakinarazita.
2.–Ordaindutako lizentziak.
a) Baimen ordaindua izateko eskubidea izanen da azken azterketak eta hein bateko proba liberatzaileak egiteko. Deialdian aipatzen den ordua baino zortzi ordu lehenagotik emanen da lizentzia. Zentro ofizialetako behin betiko gaitasun probak eta ebaluazioak egiteko ere izanen dute baimen ordainduetarako eskubidea.
Azterketetarako baimen ordainduetan, enplegatuak garaiz eginen du eskaera eta behar bezala frogatu beharko du matrikula egina duela eta probetara joaten dela.
Udalak, Patronatuak edo Uharteko eta Esteribarko Zerbitzuen Mankomunitateak antolaturiko azterketa edo ikastaroak egiteko, langileek behar duten denborarako eskubidea izanen dute.
Azterketak enplegatuaren laneko egoitzaz bestelako toki batean eginez gero, joan-etorrirako baimena hartzeko eskubidea izanen du. Kasu horretan, bidaiari azterketara edo ikastarora deialdiaren orduan ailegatzeko moduan behar den gutxieneko denborarekin ekinen zaio.
b) Ezkontzeagatik edo bikote egonkorrean izateagatik, langileek 15 egun naturaleko lizentzia ordaindua hartzeko eskubidea dute, eta opor egunekin eta norberaren kontuetarako egunekin bateratzen ahal da. Ezkontza edo bikote egonkorra justifikatzeko, familia liburua edo Erregistro Zibileko nahiz Batasun Zibilen Udal Erregistroko ziurtagiria aurkeztuko zaio dagokion departamentuari.
c) Norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentziak ematen ahalko zaizkie langile finkoei; haien iraupenak ez du inoiz ere ondokoa gaindituko: bi urtetik behin, sei hilabete.
d) Era berean, aipatu baimena ematen ahal zaie langile finkoei Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatzen dituen eta funtzio publikoan sartzeko hautapen prozeduretan sartzen diren oinarrizko prestakuntza ikastaroetara joateko. Baimen horiek ez dira kontuan hartuko aurreko atalean ezarritako denbora mugaren ondorioetarako, eta eskaera ikasturtea hasi aurretik eginez emanen dira, oinarrizko prestakuntza ikastaro horiek egiteko behar den denboran.
e) Hitzarmen honen aplikazio eremuko langileek eskubidea izanen dute, erdituz gero edo haur bat seme-alabatzat hartuz gero, lizentzia hartzeko. Lan arloko legeetan zehaztuko dira lizentzia horren baldintzak, arau horietantxe zehaztuko baita hartu beharreko laguntzaren zenbatekoa. Hurrengo aldea zehaztuko da:
Amatasun-lizentzia: amatasun edo adopzio lizentzia 19 astez luzatzea, gehi lau aste gehiago, erditzea multiplea bada.
Hitzarmen honetan araututakoa galarazi gabe, ama edo aita bihurtzeagatik eta familia zaintzeagatik ematen diren lizentzia eta baimenei dagokienez, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenei buruzko Erregelamenduan ezarririkoa izanen da aplikatzekoa.
f) Erditu baino lehenagoko kontsulta, tratamendu, esplorazio mediko eta prestakuntza klaseetara joateko lizentzia ordainduak emanen dira, baita ezkontide edo bizikideari laguntzeko ere, bikotekideari edo guraso eta seme-alabei, betiere langiletik aparte inork ezin lagundu badie. Iruñerrian izanez gero, behar den denbora izanen da. Iruñerritik kanpo izanez gero, egun oso bat izanen da. Kasu guztietan, ziurtagiri medikoa beharko da.
g) Senar-emazteei dagozkien eskubideak izatezko bikoteei edo bizikideei berdin-berdin dagozkie, sexu orientazioa aintzakotzat hartu gabe.
h) Udaleko langileak, Europako Parlamentuko kide izateko, Gorte Nagusietako diputatu edo senatari karguetarako, Nafarroako Parlamentuko kide izateko edo beste edozein autonomia erkidegotako legebiltzarreko kide izateko eta udalbatzetako kide izateko hauteskundeetan hautagai aurkezten direnak zerbitzua ematetik libratu ahal izanen dira hauteskunde kanpainak irauten duen guztian, behar den baimen ordainduaren bitartez; betiere, interesdunak eskaria egin beharko du.
i) Urritu fisikoak nahiz psikikoak beren kargura dituzten langileek eskubidea izanen dute urrituak adingabeak diren bitartean edo beste kasu berezietan behar duten denborarako kontratu etenaldia nahiz baimen ordaindugabeko bat izateko. Etenaldia edo lizentziaren denbora ez da kontuan hartuko ez antzinatasunerako, ezta beste edozein ondoriotarako ere. Etenaldia edo lizentzia amaituta, jatorrizko Administraziora itzultzeko eskubidea izanen dute eszedentzia berezietarako ezarritako baldintza beretan. Araudi horrek erregulatuko ditu atal honek aipatzen ez dituen egoerak.
6. artikulua. Eszedentziak.
1.–Borondatezko eszedentzia.
Borondatezko eszedentzia deklaratzea, langile finko batek eskatuta, bidezkoa izanen da ondoko kasuetan:
a) Administrazio publikoetako kidego edo maila bateko jardun egoerara pasatzeko edo eskatzailea zein administraziotan ari eta hori ez beste administrazio baten menpekoak diren erakunde autonomo edota nortasun juridiko berezia duten entitateetara joateko.
Gainera, aurreko lanpostuan borondatezko eszedentzia eman dakieke administrazio publiko berean, talde berean edo beste batean, beste lanpostu batera aldatutako langile finkoei, unitate organikoetako burutzak edo zuzendaritzak salbuetsita.
b) Alderdi politikoetan, sindikatuetan edo erakunde profesionaletan zuzendaritza karguak betetzeagatik, baldin eta funtzio publikoan aritzearekin edo norbere Administrazioaren zerbitzuko langile finko gisa aritzearekin bateraezina bada.
c) Langilearen interes partikularrengatik, jatorrizko lanpostua lehenbiziko urte eta erdiaz gordeta, zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute eta interesdunak egiaztatzen baldin badu eskaera egin aurreko urtean, gutxienez, jardunean edo horren antzeko lan egoera batean aritu dela. Egiaztatutako arrazoiak salbu, pertsona bat kontratatuko da eszedentziak betetzeko.
Eszedentzia eskarietan baloratuko da eskatzen direnek eragin sakonik ote duten lan arloren batean; haiek ematea gehienez ere hilabetez atzeratuko da.
Borondatezko eszedentziak ez du denbora mugarik izanen, hura ematen den kasu guztietan.
Behar bezala justifikaturiko kasuetan izan ezik, borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izanen dute jardunera itzultzeko eskatu egoera horretan urte bat bete arte. Itzultzea erabaki ondoren, hilabeteko epean gauzatu behar da. Hala egiten ez bada, langileak galdu eginen du langile izaera.
Borondatezko eszedentzian dauden langile finkoek gorde eginen dituzte lehendik dituzten maila, gradua eta antzinatasuna, baina ez dute soldatarik jasoko eta egoera horretan emandako denbora ez zaie inolako ondoriotarako kontuan hartuko.
2.–Eszedentzia berezia.
Langileek eskubidea dute sei urteko eszedentzia hartzeko, gehienez, seme-alaba bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatua izan, edo etxean hartua, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko harrera-fasean. Urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.
Eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat –odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa– zaindu behar duten langileek. Gehienez ere hiru urtekoa izanen da.
Atal honetan ezartzen den eszedentzia langile bakoitzaren eskubidea da, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Halako pertsona jakin bat zaintzeko eskubidea bi langilek edo gehiagok izaten badute, entitateak aukera izanen du aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzeko, Udalaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago.
Beste subjektu eragile batek beste eszedentzialdi bat izateko eskubidea sortzen duenean, hori hastearekin bukatuko da ordura artekoa, halakorik izanez gero.
Kasu guztietan, eszedentzia berezia emateko, langileak deklaratu beharko du bitartean ez duela beste jarduera profesionalik edo lanik egin behar.
Eszedentzia berezian dauden langileek jatorrizko lanpostua gordetzeko eskubidea izanen dute, baina ez dute eskubide ekonomikorik sortuko. Dena den, antzinatasunaren ondorioetarako, egoera horretan ematen duten aldi osoa aintzat hartuko zaie. Halaber, langileak eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko, Udalak edo Patronatuek deituta, batez ere lanera itzuli behar duenean. Eskubide pasiboen ondorioetarako, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean eta xedapen osagarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.
7. artikulua. Lanaldiaren eta soldataren murrizketa.
Lanaldia murrizteko baimena emateko (lanaldiaren zortziren bat, gutxienez, eta erdia, gehienez, dagokien murrizketa proportzionalarekin), ondoko arauei lotuko zaie:
1.–Lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute Uharteko Udaleko eta haren patronatuetako langileek, behar bezala justifikatuta, inguruabar hauetako batean daudenean:
a) Legezko zaintza dela-eta, langileek beren ardurapean 12 urtetik beherako haur bat badute edo legez onartutako desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenetakoa duen pertsona bat, ordaindutako lanik egiten ez duena.
b) Enplegatuaren ezkontideak edo bizikideak edo odol edo ezkontza bidezko lehen graduko ahaideren batek desgaitasunen bat badu. Halaber, langileak eritasun kronikoren edo desgaitasunen bat duen pertsona adindua zaintzen badu (odol edo ezkontza bidezko bigarren familiako gradura bitarteko ahaideak).
c) Genero indarkeriaren biktima izan diren emakumezko langileak, egiaz babestuak izan daitezen edota gizarte laguntza osoa izan dezaten, eskubidea izanen dute lanaldia murrizteko, beharrezkoa izanez gero.
2.–Halaber, zerbitzuaren beharrek bide emanez gero, lanaldi murriztua ondoko langileek hartzen ahalko dute:
a) 50 urte edo gehiago dituzten langileak, zerbitzuaren beharren arabera eta zerbitzuko arduradunak aldez aurretik egindako txosten edo balorazioarekin.
b) Langileak lanerako aldi baterako ezintasunik edo ezintasun iraunkorrik sor ez dezakeen eritasuna badu, laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuak hari buruz emandako txostenaren arabera.
c) Legezko zaintza dela-eta, 12 eta 16 urte bitarteko adingabe bat euren kargura duten langileak.
d) Langilearen beraren interesagatik, betiere ez badu zailtasunik sortzen zerbitzuen jardunean.
Lanaldia laburtzeko kasu honetan eta haren balizko luzapenetan ez da inolaz ere baimenduko emandako denbora epea baino lehenago bukatzea, non ez duen langileak amatasunagatik ordaindutako baimena hasten edo ez zaion zerbitzu aktibokoa ez bezalako administrazio egoera aitortzen.
3.–Eskubide horretaz bi ezkontideetako bat baizik ezin izanen da baliatu.
4.–Lanaldi murrizketa lortzen duten langileak denbora tarte horretan ezin izanen dira beste ezein lanbide jarduera edo lanpostu ordaindutan aritu.
5.–Organo eskudunak ebatziko du lanaldi murrizketa, interesdunak eskatuta, eta harekin batera familia-liburuaren edo eskaera arrazoitzen duen ziurtagiri ofizialen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.
6.–Lanaldi murrizketa sei hilabeterako izanen da gutxienez, eskaera arrazoitu duen zioa epe laburragoan bukatzen ez bada.
7.–Oro har, lanaldi murrizketa egunerokoa izan beharko da eta langileak duen ordutegiaren hasierako edo bukaerako orduetan, zerbitzuaren beharrizanekin bat etorriz (legezko zaintza salbuespena izanen da; kasu horietan ordutegi hori aldatzen ahalko da). Bestela, murrizketa hori lanaldi osotan pilatzen ahalko du.
8.–Lanaldi murrizketak berarekin dakar langilearen ordainsari guztien murrizketa proportzionala egitea, familiarako laguntzarena salbu.
9.–Era berean, kotizazio sozialak eta dagozkien deskontuak lanaldi murriztuari dagozkion ordainsarien arabera kalkulatuko dira, 2.a) atalekoa salbu.
10.–Lanaldia murrizteko epea bukatu baino hilabete lehenago luzapena eskatzen ahal da, betiere, murrizketa emateko inguruabarrek badiraute.
Lanaldiaren gainerako denbora beste kontratazio batez ordeztuko da, egoerak dirauen bitartean.
8. artikulua. Genero indarkeriaren biktimak.
Genero indarkeriaren biktima den langileak eskubidea izanen du bere lanaldia murrizteko edo berrantolatzeko, lanpostua gorderik lan harremana eteteko eta lan-kontratua amaitzeko, Langileen Estatutuan ezarri bezala.
Genero indarkeriatik ondorioztatutako egoera fisikoak edo psikologikoak direla-eta lanera ez joatea edo berandu heltzea justifikatutzat joko dira, laguntzarako gizarte zerbitzuek edo osasun zerbitzuek (egokia denaren arabera) hori zehazten dutenean, nahiz eta langileak horien berri eman beharko dion enpresari, ahal bezain laster.
Eskubide horiek onartzea dakarren indarkeria egoera biktimaren aldeko babes aginduaren bidez egiaztatuko da.
Genero indarkeriaren biktimentzako eszedentzia berria, lehenbiziko sei hilabeteetan lanpostua gorde eta lehen bi hilabeteetako ordainsari osoak jasotzeko eskubidearekin. Eszedentzia amaituta, jatorrizko Administraziora itzultzeko eskubidea izanen dute eszedentzia berezietarako ezarritako baldintza beretan. Araudi horrek erregulatuko ditu atal honek aipatzen ez dituen egoerak.
9. artikulua. Gidabaimena berritzea.
Lanpostu bat eskuratzeko edozein gidabaimen eskatu bada, berritzearen gastuak pagatuko dira. Era berean, zerbitzuaren beharrizanak direla-eta hori erabiltzea onartu dutenek hori kobratzeko eskubidea izanen dute. Erakunde eskudunak ezartzen duen kosturainokoa izanen da laguntza hori, hertsiki harturik, kudeatzaile-komisiorik, errekargurik eta bestelakorik gabe.
10. artikulua. Aseguruak.
1.–Udaleko edo patronatuetako funtzionarioentzat 40.000 euroko banakako bizi-aseguru bat itunduko da, lan istripuak edo lanbide gaixotasunak ez beste zergatikoek eragindako heriotza eta erabateko ezintasun iraunkorra estaliko duena. Langile guztiei aseguru horren kopia bana emanen zaie.
2.–Udaleko edo patronatuetako funtzionarioentzat istripu aseguruko poliza bat itunduko da lanorduetan edo “in itinere” gerta daitezkeen istripuetarako, heriotza kasurako 59.100 euroko estaldura izanen duena eta 103.400 eurokoa baliaezintasun iraunkor erabateko, oso edo partzialerako, baremoaren arabera. Polizaren baldintzen eta estalduraren kopia gaurkotua emanen zaie ordezkari sindikalei.
3.–Udalak edo patronatuek erantzukizun zibileko asegurua kontratatuko dute, funtzionarioek beren egikinzunen jardunean egin ditzaketen kalteetarako, are delitu nahiz edozein modutako hutsegite deklaratutako egintzen ondoriozkoak badira.
4.–Ondasunen kontra burututako egintza txikiziogile eta terroristek egindako kalteen ordaina. Udaleko langileentzat atentatuaren errebindikazioaren salbuespena ezartzen da, kalte-ordaina jasotzearen ondorioetarako, eta honako prozedura hau ezarri da jarraibidetzat:
a) Kalteak ofizialki salatzea.
b) Kalteen aurrekontua eskatzea.
c) Uharteko Udaleko erregistroan kalte-ordainen eskaera idatzia aurkeztea, salaketarekin eta aurrekontuarekin batera.
d) Kalte horiek langilea Udaleko langilea zelako gertatu izanaren aztarnaren bat izatea.
5.–Ibilgailu guztiak gidaria eta laguntzailea babesten dituzten polizekin aseguratuak egonen dira eta indarra duten legeetan ezarririko moduan ibilgailuen ikuskapen teknikoa gainditu beharko dute. Langileen segurtasuna bermatzeko, segurtasun aktibo eta pasiboko osagarriak (gurpilak, balaztak, gerrikoak eta abar) hertsiki mantenduko dira.
Langileen ordezkariei aseguru gaurkotu guztien kopia bat emanen zaie.
6.–Laneko kontuak direla-eta, bere lanpostutik kanpo joan-etorriak egin behar dituen langileak honako protokolo hau jarrituko du:
a) Lehenbiziko aukera, garraio publikoa erabiltzea izanen da.
b) Horretarako aukerarik ez badago, udal ibilgailuak erabiliko ditu.
c) Hori posiblea ez balitz, taxiaren zerbitzua erabiliko du, langileria arloko buruak aldez aurretik baimena emanda.
Bere ibilgailu propioa erabiltzen badu, inolaz ere derrigorrezkoa izanen ez dena, kilometrajea kobratuko du, 23. artikuluko 19. puntuan ezarritakoaren arabera.
11. artikulua. Osasun azterketa eta osasun prestazioak.
Urtero, langile guztiei osasun azterketa eginen zaie, haiek nahi izanez gero, eta tetanosen, gripearen eta hepatitisaren kontra txertatuko dira.
Azterketa ginekologikoa eginen da lau urtean behin langile finkoentzat eta behin-behineko langileentzat, sei hiletik gorako antzinatasuna badute eta hala eskatzen badute.
Azterketa urologikoa eginen da lau urtean behin langile finkoentzat eta behin-behineko langileentzat, sei hiletik gorako antzinatasuna badute eta 45 urte baino gehiago, hala eskatzen dutenean.
Batzorde Paritarioak aztertuko du norekin komeni den osasuna zaintzeko zerbitzua eta aurreneurrietarako zerbitzua.
Betaurrekoak apurtzeak (300 euro arte, gehienez ere) eta odontologiak dakartzaten gastuen zenbatekoaren %100 ordainduko zaie langileei (faktura erakutsita eta zerbitzuburuak behar bezala justifikatuta), gastu horiek lanaldian eta lanpostuaren ondorioz edozein inguruabarrek eragiten baditu.
Udalak edo patronatuek kontrataturiko bahituretxea arduratuko da lantokietan botika-ontziak paratzeaz eta aldatzeaz.
1.700 euroko poltsa bat sortuko da Gizarte Segurantzak pagatzen ez dituen errehabilitazio tratamenduetarako laguntzetarako, errehabilitazio horren zuzeneko zergatikoa lan istripu bat edo lanbide gaixotasun bat izanez gero eta medikuaren aginduz egin bada.
12. artikulua. Prestakuntza ikastaroak.
1.–Langileen prestakuntza ahalbidetzeko, udalak edo patronatuek konpromisoa hartzen dute honako neurri hauek hartzeko:
a) Langileei erraztasunak ematea Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta antzeko organoek antolaturiko prestakuntza ikastaroetara joateko.
b) Urtean gehienez ere berrogei orduko baimen ordainduak ematea lanbide prestakuntzako eta hobekuntzako ikastaroetara joateko, haien edukia zuzenean lanpostuari edo langileak udalean edo patronatuetan duen lanbide karrerari lotua bada eta lan orduetan joaten bada.
c) Udal intereserako egokitzapenaren arabera, Udalak proposatuta, langileak aldaketa teknikoetara egokitzeko lanaldiaren barnean zein horretatik kanpo antolatzen diren ikastaroei eta lanbide birmoldaketarako eta hobekuntzarako ikastaroei dagokienez, lanean emandako ordutzat hartuko da langileak ikastaroetan ematen duen denbora, eta zerbitzua dela-eta, egindako gastuengatik erregelamenduz ezarritako kalte-ordainak kobratzeko eskubidea izanen du (kilometrajea, dietak...).
2.–Lanbide hobekuntza eta prestakuntza.
Hitzarmen honen eraginpeko langileei erraztasunak emanen zaizkie titulu profesionalak edo akademikoak eskuratzeko ikasketak egiteko, prestakuntza profesionaleko ikastaroetara joateko, eta lanbide birmoldaketarako eta gaikuntzarako ikastaroak egiteko nahiz lanerako euskara ikasi edo hobetzeko.
Langileriaren arloko buruak eta zerbitzuburuak aztertuko dituzte langileen prestakuntza beharrak. Horiek erabakiko dute bai artikulu honetan sartzen diren ikastaro motak, bai egokitu beharreko ordutegia. Langile bati ikastaro batera joatea ukatzen bazaio, langileen ordezkariei jakinaraziko zaie Batzorde Paritarioa dei dezaten, hark azken erabakia har dezan. Hona, jarraituko diren irizpideak:
a) Ikastaroa udaleko eginkizunak betetzeko nahitaezkoa edo funtsezkoa dela uste bada. Honako hau da irizpidea: langileak ahalegina eginen du eta udalak, ordainetan, gastuekin eta orduekin konpentsatuko du.
b) Ikastaroak edo ikasketak ez badaude zuzenean lotuak langilearen lanpostuarekin, baina bai udalak egiten dituen zereginekin eta lanorduetan bada, udalak gastuen parte bat konpentsatuko du eta emandako denboraren %50, urtean 40 orduko gehieneko zenbatekoarekin.
c) Langileen ezagupenak handitu bai, baina ikastaroek lanpostuarekin zerikusi zuzenik ez badute, ezta udalean edo patronatuetan duen lanbide-karrerarekin ere, udalak gastuen zati bat ordainduko du, eta orduak langilearen kontura izanen dira.
3.–Laguntza ikasketetarako.
a) Udalak edo patronatuek konpromisoa hartzen dute urtero poltsa bat sortzeko, gutxienez ere 4.144 eurokoa, hala eskatzen duten langileei erraztasunak emateko prestakuntza ikastaroetan izena emateko (DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Unibertsitatea eta beste batzuk). Langileek bi eskaera egiten ahal dituzte urtean gehienez.
Laguntzak emateko erabiliko diren irizpideak honako hauek dira:
–Langile finkoek nahiz mugagabeek eskatzen ahalko dituzte laguntzak.
–Laguntzak gainditutako ikasturteko emanen dira; hortaz, aipatu ikasturtea bukatu ondoren eginen da eskaera.
–Ez da laguntzarik emanen aurretik jasotako kontzeptu eta ikasturte beragatik.
Honako zenbateko eta baldintza hauetan banatuko dira laguntzak:
–Hizkuntz eskolako ikasketengatik: matrikularen zenbatekoaren %75. Gehienekoa: 195 euro.
–Erdi mailako ikasketengatik: matrikularen zenbatekoaren %75. Gehienekoa: 195 euro.
–Unibertsitatera sartzeko ikasketengatik: matrikularen zenbatekoaren %75. Gehienekoa: 195 euro.
–Unibertsitateko ikasketengatik: gehienez ere 390 euro lanpostuarekin lotutako ikastaroetarako eta 195 euroko zenbatekoa gainerako ikastaroetarako. Laguntza kalkulatzeko, honako formula hau aplikatuko da: gehieneko zenbatekoa zati ikasturtearen kreditu kopuruaren %75a, eta hortik ateratzen dena izanen da gainditutako kreditu bakoitzeko ordainduko den diru-laguntza. Nolanahi ere, ateratzen den kantitatea ezin izanen da langileak ordaindutako kostua baino handiagoa izan.
b) Eskaerak urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira, behin ikasturtea bukatuta. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
–Zein ikasturterako eskatzen den laguntza, hori ordaindu izanaren egiaztagiria.
–Zein ikasturterako eskatzen den laguntza, hori gainditu izanaren agiria.
–Unibertsitateko ikasketen kasuan, ikasturteak duen kreditu kopurua.
Laguntza ematearen aldeko erabakia hartzen bada, ordainketa urtea bukatu baino lehen eginen da. Mota horretako laguntzak eta titularraren zein bere ezkontidearen lan hitzarmen edo akordioetatik ateratzen diren antzeko laguntzak bateraezinak izanen dira.
c) Urtero ikasketen poltsa horren onuradunen zerrenda sindikatuen ordezkariei emanen zaie.
Udalak konpromisoa hartzen du langileen ordezkariei udal edo patronatuetako lanpostuei loturiko ikastaroei buruzko argibide guztiak langileen ordezkariei emateko.
13. artikulua. Baja istripuagatik edo eritasunagatik.
Lan istripu edo eritasunak sortutako bajen kasuan, langileak istripua gertatutako edo eritasunaren hasierako egunean legokiokeen lansaria jasoko du, gehi urteko lan egutegi onetsian legozkiokeen jaiegunen, gaueko txanden eta guardien %100.
Langilearen aldi baterako ezintasuna eritasun arrunt baten edo lanetik kanpoko istripu baten ondorio baldin bada, ezintasun egoera hasi zenean esleiturik zituen hileroko ordainsari kontzeptuak konputatuko dira, eta, orobat, txandakako lanari dagozkionak, horrelakorik baldin bada. Kontzeptu horiei dagozkien kopuruak batuko dira.
Hamabost lanegunetik gorako edozein baja aldi baterako langileekin beteko da, kasuan kasuko zerbitzuko buruak edo arduradunak aldez aurretik txosten loteslea eginda.
14. artikulua. Lan-osasuna.
Laneko arriskuen prebentziorako araudiaren aplikazio eraginkorra bultzatuko da, arreta honako alderdi hauetan jarriz bereziki:
a) Arriskuen ebaluazioa:
Arriskuen hasierako ebaluazioa eginen da, lanpostuz lanpostu, onetsitako prozeduren eta finkatutako lehentasun hurrenkeraren arabera.
Arriskuak ebaluatu eta emaitzak ikusirik, prebentzio jardueraren plangintza eginen da, neurri zuzentzaileak, prestakuntzakoak eta jarraipen edo kontrolekoak hartuz, detektatzen diren arrisku egoeren aurrean, Administrazio bakoitzeko arduradunek beren gain hartu beharreko planaren edo programaren barnean.
Prebentzio jardueren plangintza behar bezala egite aldera, Administrazioak behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarriko ditu eta diru baliabide egokiak esleituko ditu.
b) Laneko arriskuen prebentziorako lan prozedurak.
Laneko arriskuen prebentzioaren arloan, lan prozedurak ezarri eta eguneratuko dira, arreta honako hauetan jarriz bereziki:
–Kontratak eta azpikontratak.
–Ondasunak eskuratu edo erostea.
–Osasuna zaintzea.
–Laneko istripuak eta lanbide eritasunak.
–Larrialdietarako neurriak eta planak.
–Prestakuntza eta informazioa.
c) Langileen osasuna zaintzea eta kontrolatzea.
Langileei aldian-aldian mediku azterketa eginen zaie, lanpostu bakoitzean izaten ahal diren arriskuen arabera.
d) Beren lanpostuan jarduteko ezintasuna duten langileen birkokapena.
Langile ezinduak lanean aritzeko beste toki batera eramateko prozedurak abian jartzea, Osasun Batzordearen bidez.
Horretarako, erregelamendua aldatu da. Izan ere, beste toki batera joateko aukerak lehentasuna izanen du lanpostu hutsak betetzeko beste edozein prozeduraren gainetik.
Beste toki batera eramateko prozedura horien barruan Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko langileak sartzeko aukera aztertzea, baldin eta ohiko lanpostuan aritzeko baliaezintasun iraunkor osoa aitortu bazaie.
e) Larrialdietarako planak edo neurriak.
Administrazioko lantoki guztietan larrialdietarako planak edo neurriak idatzi eta betearaziko dira, eta behar den tokietan simulazioak eginen dira aldian-aldian.
f) Langileentzako prestakuntza eta informazioa.
Langileentzako prestakuntza eta informazioa bultzatuko dira, prestakuntza teoriko eta praktikoa jaso dezaten, nahikoa eta egokia, beren lanpostuan atzemandako arrisku faktoreak kontrolatzeko hartu beharreko babes eta prebentzioko neurriei buruz.
Prestakuntza emanen da, administrazioan sartzean lehenbizikoz eta aldian-aldian lan baldintzak aldatzen badira ekipo berriak erosi edo teknologia berriak ezarri direlako, eta lanpostuarekin zerikusia duten alderdi guztiak ukituko dira.
g) Segurtasun eta Osasun Batzordeak.
Segurtasun eta Osasun Batzorde bat sortuko da. Prebentzioko ordezkari batek, langileen sindikatuen eta udalak prebentzio lanetarako izendaturiko langilearen ordezkari batek eta udaleko zinegotzi batek osatuko dute.
Prebentzio lanetarako ordezkari eskudunak hileko 10 ordu ordainduko kreditua izanen du, eginkizun horiek garatzeko. Ordezkari sindikala ere bada, ordu horiek berezkoak dituen orduei gehituko zaizkie.
2.–Segurtasun arroparen edo norberaren babeseko ekipoen poltsa bat, beste inori ezin emanezkoa, udaleko eta haren erakunde autonomoetako langile guztiei bermea emanen diena esleitzen zaizkien lanak egiteko behar dituzten babes osagaiak izateko. Poltsa hori nahitaez erabiltzekoa izanen da.
3.–Zerbitzuburu bakoitzak zainduko du Udaleko Prebentzio Zerbitzuak segurtasun arloan emaniko neurri zuzentzaileak betearazten eta aplikatzen direla eta segurtasun arloko arauak betetzen direla. Horretarako behar den prestakuntza izanen du. Gutxienez ere lan aurriskuen prebentziorako oinarrizko ikastaroa egina izanen du.
4.–Udalak Prebentzio Zerbitzuarekin kontrataturiko ikastaroak xede dituzten langile guztiek nahitaez egin beharko dituzte.
15. artikulua. Aparteko orduak.
Langileen ordezkariek eta Uharteko Udalak eta patronatuek konpromisoa hartzen dute aparteko orduak gutxitzeko. Helburua haiekin bukatzea da.
Halakorik bada, aparteko orduak bakarrik salbuespen gisa eginen dira. Kasuan kasuko zerbitzuaren arduradunak arrazoiak eman beharko ditu idatziz. Langileak ez dira behin ere behartuak egonen urtean 50 aparteko ordu baino gehiago egitera.
Betiere gutxienez ere aparteko bi ordu kontatuko dira.
Diru-ordainen ordez atsedenaldiak ematea izanen da udal edo patronatuen araua, eskatzaileek berek aparteko orduak eskudirutan kobratzea eskatu ezik. Urtean gehienez ere 50 aparteko ordu egiten ahal dira.
Salbuespenezko kasu horietarako arau hauek ematen dira:
a) Lanorduetatik kanpoko larrialdietarako betiere boluntarioak eskatuko dira.
b) Herriko festetan eta iragartzen ahal diren bestelako ekitaldietan, aldi baterako langileen kontratazioak bultzatuko dira edo lan antolaketa aldatuko da, aparteko orduak gutxitzeko. Hautatze irizpideak langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie.
c) Herriko festen egunetan Nafarroako Gobernuko izozte/elurteetako jaiegunetako orduak bezala kobratuko dira aparteko orduak.
Egun horiek jaiegunak bezala ordainduko dira.
d) Urteko beste edozein jaiegunetan edo gaueko orduetan jaiegunetako aparteko bi ordu kobratuko dira gutxienez, eta horri gaueko lanaren konpentsazioa gehituko zaio gaueko ordutegian egiten bada. Langilea guardian dagoelako joaten bada, guardia hori kobratuko du, baina ez du gaueko lanaren konpentsazioa kobratuko.
e) Dirua ordaindu beharrean atsedenaldi bat ematen bada, herriko festetan edo legezko jaiegunetan eginiko ordu bakoitzeko bi orduko atsedena izanen da, salbu eta hiru ordu edo gutxiago direnean, kasu horretan lanaldi erdia hartuko baita.
Laneguna izanez gero, eginiko ordu bakoitzeko ordu bat eta berrogeita bost minutuko atsedena hartzeko eskubidea izanen da.
Langileen Batzordeak, langileen ordezkarien laguntzaz, aparteko orduak kontrolatuko ditu, langile batek ere berrogei aparteko ordu baino gehiago ez egiteko moduan, erregelamenduak ezarri bezala.
Aparteko orduak ordaintzeko emaniko atsedenaldia hurrengo lau hilabeteetan hartu beharko da.
Gainera, langileen ordezkariei zerbitzu bakoitzean eginiko aparteko orduen berri emanen zaie hilero.
Lanaldia luzatzen bada, denbora hori minutuen arabera konputatuko da eta honela konpentsatuko da: lehen minututik 30. minutura bitarte, minutu bakoitza bi minututan konputatuko da. 31. minututik aurrera, minutu bat eta 45 segundo konputatuko dira minutu bakoitzeko.
f) Ohiko lanaldiaz kanpo egiten diren ehorzketak honelaxe pagatuko dira:
–Larunbatean, 15:00ak baino lehen, edo lanegunetan 15:00etatik aurrera, eginiko ehorzketa bakoitzagatik langileei (maila gorabehera) Nafarroako Gobernuaren soldaten tauletan ezarritako ordainsariak ordainduko zaizkie: izozte/elurteetako jaiegunetako 2 aparteko ordu, E mailakoak.
–Larunbatetan, 15:00etatik aurrera, igandeetan edo jaiegunetan eginiko ehorzketa bakoitza: aurreko puntuan ezarritakoaren bikoitza ordainduko da. Bilagailua aldean dela egin beharreko guardia lokalizatuak ezarriko dira, ostiralean 15:00etatik 21:00etara eta larunbatetan 9:00etatik 20:00etara; eta jaiegunen bezperetako igandeetan 9:00etatik 20:00etara.
Ehorzketa bakoitzera gutxienez ere udaleko bi langilek joan beharko dute.
g) Babes zibileko alertetan (elurteetan, uholdeetan eta abarretan) bertan egon beharreko guardia zerbitzuak Nafarroako Gobernuko lansarietan izozte/elurteetako aparteko ordu gisa ezarririkoaren arabera pagatuko dira.
h) Albienteen Zerbitzuari I. eranskinean ezarritakoa aplikatuko zaio.
16. artikulua. Langileak Uharteko Udaleko Administrazioan sartzea, mailaz igotzea eta mugitzea.
Udalaren premia eta zerbitzu iraunkorrei dagozkien lanpostuak langile finkoen edo aldizkako langile finkoen bitartez beteko dira, kasu orotan, Udal Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egonkortasuna bermatzeko.
Uharteko Udalaren zerbitzuko langileak, sartzeko eskatzen zaien titulazioaren eta euren eginkizunen arabera, ondorengo maila edo taldeetan sartuko dira:
–A maila: talde honetako langileen eginkizunak zuzendaritzakoak edo profesionalak izanen dira eta horretarako doktore, lizentziadun, arkitekto edo ingeniari titulu unibertsitarioak beharko dituzte.
–B maila: maila honetako langileak, unibertsitateko diplomadun, ingeniari tekniko, arkitekto tekniko edo Lanbide Heziketako hirugarren mailako tituluen jabe izanen direnak, A mailako eginkizunetan laguntza eta sostengu lanetan arituko dira, bai eta euren titulazioari dagozkion lan profesionaletan ere.
–C maila: talde honetako langileak exekuzio lanetan arituko dira eta titulu hauen jabe izanen dira: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea.
–D maila: maila honetako langileak laguntza lanetan edo antzekoetan arituko dira eta titulu hauen jabe izanen dira: Eskola Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea.
–E maila: talde honetako langileak menpeko laguntza lanetan arituko dira eta titulu hauen jabe izanen dira: Eskola Ziurtagiria edo baliokidea.
Desgaitasuna dutenentzako lanpostuak sortzeko aukera kontuan hartuko da, lanpostuaren ezaugarriek horretarako bide ematen badute, udalean diharduten langile finkoen %5 desgaitasuna dutenak izan daitezen.
1.–Hitzarmen kolektibo honetan langileak mailaz igotzeko ezartzen den araubidea antolaketaren garapenak behar duen langileen gaitasunarekin bat dator eta haren oinarriak langile talde bakoitzaren gaitasuna eta praktika eta diharduten lanpostura egokitzea izanen dira.
Burutzak esleitzeko sistema objektiboagoa ezarriko da, merezimendu lehiaketaren bidez.
2.–Mailaz igotzea da lan-kontratudun finkoen edo funtzionarioen kategoria aldatzea, maila batetik goragokoa den hurrengora.
3.–Udalaren barneko mugigarritasun funtzionala izateko eskubideak ez du beste mugarik izanen lan horietarako behar diren ikasketen edo lanbide tituluek eskatzen dutena eta lanbide maila edo talde batekoa izatea baizik. Lanpostuetarako edozein deialdi egin baino lehen, egungo langileen barne mugikortasuna agortuko da, lekualdatze lehiaketen bidez.
Bete beharreko lanposturik bada, jendaurrean eskaini aitzin, langile finkoei idatziz jakinaraziko zaie, horretarako ematen den epean, adieraz dezaten lanpostu horiek lekualdatze bidez aukeratu nahi dituztenetz. Ezer esan ezik ulertuko da ez dutela parte hartu nahi. Halaber, interesa duten langileek lanpostua zer departamentutan gelditu den hutsik edo sortu den eta horrexetara joatea eskatzen ahalko dute. Bai udalak, bai mugigarritasuna onartu eta lanpostu hutsa betetzen duen langileak, bete beharreko lanpostuari lotutako prestakuntza ikastaroak egiteko eskatzen ahalko dute.
Lanbide maila edo taldeari edo kategoria baliokideei ez dagozkien eginkizunak egiteko eginkizunen nahitaezko mugigarritasuna teknika edo antolaketaren aldetik arrazoiak daudenean onartuko da bakarrik eta arrazoi horiek konpontzeko beharrezkoa den denborarako bakarrik, hori dena langileen duintasuna eta haien lanbide-prestakuntza eta maila-igoera galarazi gabe.
4.–Mugigarritasun funtzionalaren aukera aplikatu ondoren Uharteko Udalean sortzen diren lanpostu huts guztiak barne-igoeraren bidez beteko dira jendaurrean eskaini aurretik, betiere hitzarmen honetan aipatzen diren betebeharrak betetzen badira. Izangaiek hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik hutsik gelditzen diren barne-igoerako txandako lanpostu hutsak lan eskaintza publikokoei gaineratuko zaizkie. Eraginkortasuna eta zuhurtasuna dela-eta, lanpostuen antolaketa eta eginkizunak aldatzea komeni bada, eta aldaketa horrek nahitaez lanpostuak goragoko maila batean kokatzera behartzen baditu, udalak, salbuespen gisa, hautaproba murriztuak egiten ahalko ditu bere langileen artean, baldin eta deialdiaren xede diren lanpostuek plantillako lanpostu kopurua gehitzen ez badute.
5.–Barne-igoerako lanpostuak lortu ahal izateko, betebehar hauek lortu beharko dira:
a) Deialdiaren xede den lanpostu berekoa edo beheragokoa izatea.
b) Administrazio Publikoetan egiazki bost urtez zerbitzuak eman izana frogatzea. Urte horietako hiru abiaburuko mailan emanak beharko ditu langile hautagaiak.
c) Borondatezko eszedentzian ez egotea.
d) Kasuan kasuko hautaprobak gainditzea. Hautagaien artean berdinketarik gertatuz gero, Udal honetan antzinatasunik handiena duen langilea lehenetsiko da eta berdinketak badirau, zaharrena lehenetsiko da.
6.–A eta B mailetako lanpostu hutsetarako, eta egin beharreko eginkizunak direla-eta berariazko titulu bat behar duten horietarako, aurreko puntuan eskatzen direnez gain, maila bakoitzerako ezarririk dagoen titulua izanen da ezinbesteko betebeharra.
7.–Aldi baterako kontratazioa.
Aldi baterako kontratatu aitzin, udalak eta haren erakunde autonomoek aukera emanen diete bertako langile finkoei bete nahi dituen lanpostuetan aritzeko. Zerbitzu berezietara pasako dira.
7.1.–Aldi bateko kontratuak lan berezi eta puntualetarako lanetarako bakarrik izanen dira zilegi. Behin-behineko langileak ezin dira %15etik gorakoak izan.
7.2.–Aldi baterako lan-kontratudunak hautatzea.
Lan-kontratua mugagabea ez duten lan-kontratudunak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 95. artikuluan eta haren xedapen osagarrietan, bereziki ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren IV. tituluan, ezarritakoaren arabera hautatuko dira.
Aldi baterako langileak hautatzeko prozedurek kontratazioa ahalik agudoena egitea bermatu beharko dute.
Horretarako, presa izanez gero, udalak aukera hauek izanen ditu:
a) Antzeko lanpostu baterako funtzionario edo lan-kontratudun finko bihurtzeko hauta-probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenak kontratatzea, lorturiko puntuen hurrenkerari jarraituz.
b) Hautaprobak antolatzea, gainditzen dituztenekin araubide administratiboan edo aldi baterako lan araubidean bitarteko langileak kontratatzeko zerrenda bat osatzearren eta gero horiek kontratatzearren, zerbitzuaren betebeharren arabera, betiere lorturiko puntuen hurrenkerari jarraituz.
c) Enpleguko Institutu Nazionalari hurrengo paragrafoan aipatzen diren betebehar eta baldintzak biltzen dituzten lan eskatzaileen zerrenda bat eskatzea eta zerrenda horretan sarturik daudenei bakarrik uztea hautaprobetan parte hartzen.
Kontratatzen diren langileek betiere orotariko betebeharrak eta bete beharreko lanpostuen gainerako baldintzak bildu beharko dituzte.
Batzorde Paritarioak zerrendak kudeatzeko onetsitako akordio indarduna aplikatuko da.
Plantilletako lanpostu hutsak aldi baterako betetzeko kontratatzen diren langileek kasuan kasuko deialdian ezartzen den egunean utziko dute lanpostua eta betiere sartzeko hautaprobetan lanpostua lortu duen izangaia lanpostuaz jabetzen den egunean.
7.3.–Langileen ordezkarien parte-hartzea. Aldi baterako lan-kontratudunak hautatzeko prozeduretan, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduak, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuak onetsitako hark, 42.2 artikuluaren c) atalean aurreikusi bezala, Enpresa Batzordeek edo Langileen ordezkariek parte hartzen ahal dute, hala behar izanez gero, aipaturiko Erregelamenduaren 37. artikuluan lan-kontratudun finkoak hautatzeko aurreikusitako moduan; dena den, parte hartze horrengatik ez da prozedura geldiaraziko edo atzeratuko.
Hori eskatu eta gero, Erregelamenduaren 42.2 artikulu horren a) eta b) ataletan aurreikusitako kasuetan, langileen ordezkariei bi prozedura horien babesean eginiko kontratazioen berri emanen zaie, kontratuak egin ondoren.
7.4.–Aldi baterako lan-kontratazioen faseak Administrazioak berak kudeatuko ditu, eta ordezkari sindikalei horien berri emanen zaie.
8.–Kontratuaren forma.
Kontratazio mota bakoitzerako eskumena duen legeriari jarraikiz eginen dira kontratuak edo, bestela, lortzen den akordioaren arabera, administrazio kontratuen kasuan. Idatziz eginen dira beti. Indarreko legediak lan-kontratuen modalitate batzuetarako ezartzen dituen aipamen berariazkoez gain, espresuki adierazita egonen dira honakoak:
–Zein taldetakoa den.
–Lanpostua eta haren plantilla zenbakia.
–Probaldiaren iraupena.
–Ordainsarien egitura eta zenbatekoa, langile finkoenak bezalakoak izanen direnak.
9.–Probaldia.
Aldi baterako langileek probaldi bat pasatu beharko dute:
–A mailako langileak: sei hilabete.
–B mailako langileak: sei hilabete.
–C mailako langileak: bi hilabete.
–D mailako langileak: bi hilabete.
–E mailako langileak: hilabetea.
Kontratatzen den langile horrek aurreko hamabi hilabeteetan ere kontraturik izan badu, probaldia ezarritakoaren %50 izanen da, betiere antzeko lanpostua bete behar badu.
17 artikulua. Kategoria handiagoko eta txikiagoko lanak.
a) Langileek ezin izanen dituzte egin lanbide talde handiagoko edo antzeko kategoriako eginkizunak. Horiek behin-behinean baino ezin izanen dira egin, eta langilearen ordainsariak gauzatzen ari den lanari lotutako talde edo kategoriari dagozkionak parekatzen dituen osagarria kobratuta.
b) Aitortu zaion lanbide kategoria baino goragoko kategoriako eginkizunak urte batean sei hilabete baino gehiagoz edo bi urtean zortzi hilabete baino gehiagoz egiten dituen langileak enpresaren zuzendaritzari lanbide sailkapen egokitua eskatzen ahalko dio.
c) Enpresak uko egiten badio, langileen ordezkariek txostena egin ondoren, zilegi du jurisdikzio eskudunean erreklamatzea.
d) Goragoko kategoriako eginkizunak egiten direnean baina mailaz igotzea bidezko ez denean, langileak eskubidea izanen du esleturiko kategoriaren eta egiazki egiten duen eginkizunaren arteko aldea kobratzeko.
e) Nahitaezko edo ustekabeko beharrengatik, langile batek bere kategoria baino beheragoko lanetan aritu behar baldin badu, ezinbesteko denboran arituko da bakarrik, inoiz ez sei hilabete baino gehiagoz. Bere lanbide kategoriari dagozkion sari eta eskubideei eutsiko die. Langileen ordezkariei jakinarazi beharko zaie.
18. artikulua. Langilea birkokatzea.
Osasunagatik lanpostuak aldatu beharko dira, betiere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun txostenarekin eta langile bati ere kalterik egin gabe.
Udalak edo patronatuek beste osasun azterketa bat egiten ahalko diote langileari lehen txostena egiaztatzeko. Bestelako txostenik izan ezik, loteslea izanen da udal edo patronatuendako.
55 urte betetzean, lan nekagarri, toxiko edo arriskutsuak egiten dituzten langileak beren gaitasunei egokiago zaizkien beste lan batzuk egiten hasiko dira, beren zerbitzuaren barnean. Lan horiek bigarren jarduerako lantzat joko dira, posible izanez gero. Halaber, langile hauek kalean egiten dituzten lanak murriztuko dira.
Dagokion epaimahai medikoak horretarako aholkua ematen badu, adin horretara iritsi baino lehen hasiko dira langileak bigarren jarduerako lanetan.
19. artikulua. Epaimahaiak.
1.–Udalak laguntza juridikoa emanen die langile guztiei, udalak esleituriko zerbitzuak egitearen ondorioz auzitara emanak direnean. Udaleko langileen kontra erasorik edo atentaturik gertatuz gero, udala akusazio partikular gisa aurkeztuko da epaitegietan.
2.–Udalak bere gain hartuko du edonolako prozesu judizialetan parte hartzen duten langileen laguntza juridikoa, gertaerak haien eginkizunetan aritzeagatik gertatu badira.
3.–Egoki irizten badio, udaleko langileak libreki aukera dezake laguntza juridiko pribatua. Hori udalak ordainduko du eta udaleko aholkulari juridikoak ezartzen duen muga ekonomikoa izanen du.
20. artikulua. Eskubide sindikalak.
1.–Nafarroako Gobernuak bere langileei aitortu dizkien berak dira.
2.–Langileen Batzordeak gutxienez ere kide bat izanen du langileak hautatzeko prozesu guztietan, epaimahaikidea izanen delarik lan-kontratudun eta funtzionarioendako lanpostuak betetzeko prozesuetan, lekualdatze lehiaketetan, mailaz igotzekoetan eta aldi baterako hautatzeko probetan.
Langileak hautatzeko prozeduretan, langileen delegatuek prozesuan parte hartzeko ordezkariak izendatuko dituzte (Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen 113/1985 Foru Dekretuaren 21. artikulua).
3.–Udaleko langileak ukitzen dituzten gai orokorren berri emanen zaio Batzordeari, horien gainean erabaki baino lehen, bai eta arau aplikagarria dela-eta haiengan eragina duten gai berezien berri ere.
4.–Langileak kontratatzeko argibideak hartuko dira haien beharrei eta haien kontratu motari dagokienez.
5.–Negoziazio Mahaiko, Batzorde Paritarioko eta antzekoetako langileek horietaz arduratzeko adinako denbora izango dute ordu sindikaletatik aparte.
6.–Hitzarmen honen aplikazio eremuko langileen ordezkariek 20 orduko kreditu ordaindua izanen dute hilean. Ordezkarien kredituak haietako batenean metatzen ahalko dira. Kreditu hori hiru hilean behin kontatuko da.
21. artikulua. Bilerak egiteko eskubidea.
1.–Uharteko Udaleko eta Musika eta Kirol Patronatuetako langileek batzarrean biltzeko eskubidea dute, udalaren beraren lokaletan eta beren lanarekin loturiko gaietarako.
2.–Batzarrak lanaldiaren hasieran edo bukaeran egin beharko dira. Salbuespenez, batzarrak lanaldiaren beste tarte batean egiten ahalko dira, horrela kalte gutxiago egiten bazaio zerbitzuen ohiko funtzionamenduari.
Deialdia langileen ordezkariek edo langileen %33k baino gehiagok eskatuta egin beharko da. Deialdian eguneko aztergaiak eta batzarrerako eguna jarri beharko dira.
Langileen ordezkariek deialdiarekin batera jakinaraziko dute enpresa kanpotik joanen direnen kopurua, eta enpresak hori jaso izana adierazi beharko du.
Langileen ordezkariek, batzarra bukatu eta ahal bezain laster, enpresari buruz hartutako erabakiak jakinaraziko dizkiote Alkatetzari.
22. artikulua. Ordainsariak.
1.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko lan-kontratudunentzako eta funtzionarioentzako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeetan zehaztuko dira maila edo taldeen ordainsariak.
Nafarroako KPI errealaren gehikuntza.
2.–Soldaten berrikuspena.
Eros-ahalmenari eutsiko zaio, KPI erreala hurrengo idatz-zatian aipatzen den gehikuntza baino handiagoa izanez gero. Ordainketa bat eginen da, aurreikusiriko KPIaren eta egiazkoaren arteko aldearen adinakoa.
KPI errealaren eta aurreikusiriko KPIaren arteko aldea zuzenean ordainsariei aplikatuko zaie. Finkagarria izanen da, eta uneko urteko urtarriletik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak eta horrela hurrengo urteetan.
3.–Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen ordainsariak zehazten dituen foru dekretua eta eskubide pasiboetan eragina duten ordainsarien zenbatekoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean berandu argitara daitezkeenez, urteko ekitaldi bakoitzerako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean xedaturikoa betez, udalak ofizioz kalkulatuko ditu KPIaren gaurkotzeak, urtarrileko nominako ordainsariak eguneratzeko.
4.–Antzinatasuna.
Lan-kontratudunek eta funtzionarioek antzinatasunagatiko osagarri bat kobratuko dute, Administrazio Publiko bakoitzean eman duten denbora osoagatik, bai kontratudun finko gisa, bai aldi baterako langile gisa. Hirurteko, bosturteko edo gradu bakoitzerako saria Nafarroako Gobernuak bere langileendako ezartzen duen bera izanen da.
Administrazio bakoitzean sartuz geroztik egindako zerbitzuen arabera kontatuko da antzinatasuna.
Langileen antzinatasun denbora gisa zenbatuko da, aurreko atalean xedatutakoarekin bat etorriz, dagokion Administrazioan sartu aurretik beste edozein administrazio publikotan emandako denbora.
Antzinatasuna betetzen den egunetik ordainduko da ofizioz atzeraeraginezko izaerarekin.
5.–Gradua. Graduari dagokion ordainsaria kasuan kasuko mailaren hasierako soldataren honako ehuneko hau izanen da:
–7. gradua: %54.
–6. gradua: %45.
–5. gradua: %36.
–4. gradua: %27.
–3. gradua: %18.
–2. gradua: %9.
–1. gradua: Ordainsaririk gabe.
Funtzionarioak pausoz pauso igoko dira, norberari dagokion mailan, 1. gradutik 7.enera Administrazio Publikoetan egindako 6 urte eta 7 hilabeteko antzinatasunagatik.
Funtzionario sartu berriak kasuan kasuko mailaren 1. graduan egonen dira.
6.–Txandakako lana.
Txandakako lanaren osagarria ezarriko da txanda birakarietarako (hau da, hiruhileko baten lanegun guztien heren batetik gorakoetan lanorduak aldatuak dituztenentzat) edo goizaren eta arratsaldearen artean zatituriko txandetarako, kasuan kasuko mailako hasiera bateko sariaren 100eko 6koa.
7.–Arriskuak eta nekagarritasuna.
Enpresa espezializatu batek baloratuko du lanpostu bakoitzaren arrisku-maila eta osagarri bat emanen zaie toxikotasuna, nekagarritasuna edo arriskua sortzen duten egoeretan aritzekoak diren lanpostuei, arrisku bereziagatik, bereziki:
–Albienteak-Zerbitzu anitzak: mantentze-lanak, lorezaintza, kaleen eta eraikinen garbiketa.
Osagarri horren zenbatekoa ez da behin ere kasuan kasuko mailako hasiera bateko lansariaren 100ko 10 baino gehiagokoa izanen eta enpresa espezializatuak arriskuak ebaluatzeko prestaturiko agirian zehazturiko arrisku-mailaren araberakoa izanen da.
Albienteen, lorezainen eta zerbitzu anitzetako langileen kasuan, 4. arrisku-maila dutenez, arrisku bereziaren osagarria 100eko 8koa izanen da.
Eraikinen garbitzaileen eta atezainen kasuan, berriz, 3. arrisku-maila dutenez, arrisku bereziaren osagarria 100eko 6koa izanen da.
8.–C, D eta E mailetako osagarria.
Mailagatiko osagarriak C, D eta E mailei ordainduko zaizkie, %12, %12 eta %15, hurrenez hurren.
9.–Guardia lokalizatuak: Nafarroako Gobernuak kasuan kasuko mailarako ezartzen duena pagatuko da.
10.–Igandean edo jaiegunetan aritzen diren langileek mailaren araberako diru konpentsazioa izanen dute, Nafarroako Gobernuaren ordainsarien taulekin bat.
11.–Igande edo jaiegunetan lan egiteagatik ezarririko ordaina 100eko 50 gehituko da eginiko 33. jaiegunetik aurrera.
12.–Lana gauez egiten duten langileek, lanegunean edo jaiegunean izan, mailaren araberako konpentsazioa izanen dute, Nafarroako Gobernuaren ordainsarien taulekin bat.
Ordain hau pagatzeko, gaueko lana 22:00etatik 8:00ak bitarte eginikoa da, eskuarki ezarririko lanaldia egiten duten langileena izan ezik, behin ere ez baitute ordain hori hartuko.
13.–Igande edo jaiegunetan eginiko lanagatik diru-ordaina gauez eginiko lanaren ordainari gehituko zaio, bi gorabeherak batera gertatzen direnean.
Igande edo jaiegunetan eta gauez lan egiteagatik ordaintzekoa aurreko artikuluetan ezarri dena izanen da.
14.–Aurreko artikuluetan ezarritako diru konpentsazioetan, baita erregelamendu bidez ordutan hartzen direnetan ere, bilduak daude lanpostu guztietan gerta daitezkeen gorabeherak eta berezitasunak oro; besteak beste, txandakako lanaldiak, txanden arteko informazio ematea, etab. Lanpostuen ezaugarriak aldatuz gero, bestelako osagarri batzuk aplikatuko dira.
15.–Aurreko artikuluetan xedatutakoak ukitzen dituen langileek eskubidea izanen dute urte bakoitzaren bukaeran, oporraldiari dagokion ordainsariaren kontzeptuan, aurreko urtean gauez eta jaiegunetan lan egiteagatik hartutakoaren batez bestekoa hartzeko.
16.–Familia-laguntza.
Familia-laguntza dela eta, urteko kopuru bat ordainduko zaio Uharteko Udaleko funtzionarioari, dauzkan familia inguruabarren arabera. Kopuru hori kalkulatzeko, “E” mailaren hasierako soldatari ondoko ehunekoak aplikatuko zaizkio:
a) Diru-sarrerarik gabeko ezkontideagatik: %3,50.
b) Ezkontideagatik, hari ebazpen judizialaren bidez ezarritako pentsioa ordaintzera behartua egonik: %3,50.
Pentsioa laguntzaren diru kopurua baino txikiagoa balitz, laguntza haren berdina izanen litzateke.
c) Emantzipatu gabeko seme-alaba adingabe bakoitzeko: %3,00.
d) Langilearekin bizi eta ekonomikoki haren menpe dagoen aurreko ahaide bakoitzeko edo anai-arreba adingabe emantzipatugabe bakoitzeko, ez aitarik ez amarik ez duen umezurtza bada: %3,00.
e) Seme-alaba minusbaliatu fisiko nahiz psikiko bakoitzeko: %15.
Aurreko atalean ezarritakoa aplikatzean ateratzen den kopurua handitu eginen da, langilearekin bizi diren emantzipatu gabeko seme/alaba adingabeen kopuruaren arabera, portzentaje hauetan:
a) 3 - 5 seme-alabarengatik: %30.
b) 6 - 8 seme-alabarengatik: %35.
c) 8 seme-alabatik gora: %40.
17.–Zerbitzuagatik egiten diren gastuen kalte-ordainak.
Soldatari ez dagozkion ordainak honako hauek izanen dira:
a) Zerbitzuagatik egiten diren gastuen ordainak.
b) Bidaiak egitearen ondoriozko gastuen ordainak.
c) Beste lantoki batera nahitaez joan beharrak bizileku-aldaketa baldin badakar, aldaketa horren gastuen ordaina.
d) Langileak hautatzeko epaimahaietan parte hartzeagatik ematen diren diru konpentsazio eta ordainak.
Nafarroako Foru Administrazioko langileentzat urtero ezartzen direnak izanen dira ordain horien zenbatekoak eta jasotzeko baldintzak.
18.–Langileek beren autoa erabiltzen badute laneko eginkizunen barnean joan-etorriak egiteko, kilometrajea ordainduko zaie, honela: 0,32 euro/km 2014an eta 0,34 euro/km 2015ean.
23. artikulua. Aurrerakinak.
1.–Uharteko Udaleko eta bere patronatuetako funtzionarioek aukera izanen dute aurrerakin arruntak edo bereziak eskuratzeko:
a) Aurrerakin arruntak: soldataren aurrerakinak izanen dira eta hilabetean behin emanen dira, eskatzeko unera arte sorrarazitako egunen kargura. Aurrerakina dagokion hilabeteko nominatik deskontatuko da.
b) Aurrerakin bereziak: 24.000 euroko funtsa sortuko da.
Gehienez ere 3.000 euro eskatzen ahalko dira. Eskatzaileak gehiago nahiko balu, hala adieraziko beharko du eskabidean eta funtsik gelditzen bada, Langile Batzordeak erabakiko du.
Itzultzeko epea gehienez hogeita lau hilabetekoa da eta zati berdinetan itzuliko da; jaso duenak bere esku dauka lehenago kitatzea. Aurrerakina jasotzen den urtarrileko nominatik aitzina deskontatuko zaio langileari nominatik.
2.–Soldata aurrerakina eskatzen dutenek bete beharreko baldintzak.
a) Soldata aurrerakina eskatzen ahalko dute 1. puntuan aipatutako langileek, betiere eskaera egiten duten unean eta aurrerakina ematen eta ordaintzen zaienean Uharteko Udalean eta bere patronatuetan badaude zerbitzu ematen eta ordainsariak jasotzen.
b) Ezin izanen dute aurrerakinik eskatu eskaerak aurkezteko epean aurretik emandako beste aurrerakin bat itzultzen ari diren langileek. Aldez aurretik osorik kitatu bada, aurrerakina itzultzeko hasiera batean ezarritako epe osoan zehar aplikatuko da bazterketa hori.
3.–Soldata aurrerakinen eskaerak urte bakoitzeko urriaren 1etik 15era bitarte eginen dira.
Eskatutako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatutakoan, Alkatetzak soldata aurrerakinak emateari buruzko ebazpena emanen du. Aurrerakinak emateko ebazpenak iragarki oholetan argitaratuko dira.
b) puntuari jarraikiz, eremu bakoitzari esleituko zaion diru-zenbateko osoa eremu horretan eskatu diren aurrerakin guztiei erantzuna emateko nahikoa ez baldin bada, zozketan erabakiko da zein langilek jasoko duten aurrerakina. Lehentasuna izanen dute aurretik soldata aurrerakinik jaso ez dutenek.
Aurrerakina dagokion urteko urtarrilean ordainduko da.
Soldata aurrerakina itzultzen ari dela, langileak edozein arrazoirengatik Administrazioan baja hartzen badu edo hilabetez edo gehiagoz ordainsaria galtzea edo etetea dakarren egoeraren batean jartzen bada, une horretan itzultzeko geratzen zaion zenbateko osoa likidatuko du derrigorrez.
Hemen ezarritakoaren arabera emandako aurrerakinak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen 15. eta 16. artikuluetan xedatutako araubidearen eta hori erregelamenduz garatzen duen araudiaren menpe egonen dira.
Soldata aurrerakinetan urtero ematen ahal den gehieneko diru-zenbateko osoa izanen da dagokion ekitaldiko Uharteko Udaleko Aurrekontuetan kontzeptu horretarako erabilgarri dagoen aurrekontua.
4.–Aparteko aurrerakinak aparteko arrazoiengatik:
a) 6.000 euroko funtsa sortuko da.
b) Salbuespenezko arrazoiak direla medio, ezin bada ohiko tramitazioa egin arte itxaron, Batzorde Paritarioak aurrerakina ematea aztertuko du.
24. artikulua. Plantilla organikoa.
1.–Langileen ordezkariei plantilla organikoaren proposamenaren kopia bat igorriko zaie.
Hutsik dauden lanpostu guztiek agertu beharko dute eta uneko urtean dei eginen da haietarako.
Lan eskaintza publikoa langileen ordezkariei jakinaraziko zaie.
2.–Langileak mailen arabera sailkatuko dira eta mailen barruan kategorien arabera, esleiturik dauzkaten eskumenen eta horiek egiteko zailtasun-maila eta trebetasunaren arabera. Kategorietan, ohi bezala, igoera-txanden, lekualdatzeen edo birkokatzeen bidez sartuko dira langileak, oposizio lehiaketa ireki edo murriztuaren bidez.
3.–Hitzarmenak plantilla organikoan indarrean diraueino, udalak eta langileen ordezkariek batera beharrak baloratu ondoren, zerbitzu guztiek ongi jarduteko behar diren lanpostu guztiak sortuko dira.
Udalak eta sindikatuen ordezkariek plantilla organikoa, haren balizko aldaketak eta lan eskaintza publikoa negoziatuko dituzte urtero, osoko bilkuran onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik. Negoziazio horien barruan, dauden hutsuneak betetzeko behar diren lanpostuak sortzeko aukera eztabaidatuko da.
4.–Plantilla organikoko lanpostu bakoitzari zenbaki bat emanen zaio eta haren eskumenak eta haren eginkizunak argi eta garbi zehaztuko zaizkio lanpostua betetzen duenari.
5.–Euskara Uharteko udalerrian erabili eta sustatzeko ordenantza betez, lanpostu bakoitzerako hizkuntz eskakizun bat ezarriko da, plantilla organikoan agertuko dena.
6.–Eskumen eta eginkizun horiek bat etorriko dira aplikatzekoak diren lan eta administrazio arloko legeekin eta sindikatuen ordezkariekin eta zerbitzuburuekin adostuko dira.
25. artikulua. Euskara.
Administrazio elebiduna lortu eta zerbitzua euskaraz ematen ahal dela bermatzeko, udalak erraztasunak emanen dizkie euskaldundu nahi duten langile guztiei.
Hizkuntz politikari dagokionez, Uharteko Udala eta patronatuak Nafarroako Gobernuak bere langileendako ezarria daukanari eta euskara Uharteko udalerrian erabili eta sustatzeko ordenantzari lotuko zaizkie, udalak edo patronatuek aukera hori hobetzeko aukera deusetan galarazi gabe.
Udal honen xede denez Uharteko biztanle guztiei bermatzea arreta eta zerbitzuen eskaintza Nafarroako hizkuntza berekietako edozeinetan izanen dutela, nahi duten langileek beren lanpostuarekin bat datorren hizkuntza maila edo goragoko bat eskuratzeko bitartekoak jarriko dira, aintzat hartuz hitzarmen honek udalaren barneko mugigarritasuna jasotzen duela. Horretarako, indarra duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.
Udalak zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den euskara bete beharreko eta ziurtatu beharreko eskakizun espezifikoa. Era berean, langileen hizkuntz gaitasuna orientatuko du, hau da, lanpostuaren destinoarengatik edo ezaugarriengatik behar handiagoa duten sustapen ekintzei lehentasuna emanen die.
26. artikulua. Langileria.
1.–Behar duen lantoki bakoitzean aldagela bat izanen da, horretarako bakarrik erabiliko dena.
2.–Udal edo patronatuen zerbitzu anitzei eta ibilgailuen parkeari loturiko material guztia, aldagelak, jantokia eta osasun zerbitzuak zentralizatuko dira.
Zerbitzu anitzetako lokalaren zati bat zerbitzu horretarako bulegotako erabiliko da.
3.–Urtero bilera bat eginen da, zerbitzuen arteko funtzionamendua koordinatzeko eta zerbitzuetarako materiala erosi behar den aztertzeko. Bilera hori hurrengo urteko aurrekontua prestatu baino lehen eginen da. Bilera horretara ukituriko zerbitzuburuak, langileen ordezkariak eta udalaren edo patronatuen ordezkariak joanen dira.
4.–Larrialdi zibiletarako oinarrizko jarduketa-protokoloak ezarriko dira, egoera bakoitzerako hautatuko diren langileekin.
5.–Gorabeheren barne-erregistro bat sortuko da, zeinetara edozein langilek jotzen ahalko baitu kasuan kasuko zerbitzua hobetzeko proposamenak egiteko eta, udalaren instalazioetako, hiriko altzarietako edo seinale publikoetako txikizioak eta laneko segurtasun eta higienearen, lorezaintzaren edo administrazioaren arloetako akatsak adierazteko, baita lanaren etekinak eta herritarrendako zerbitzua hobetzeko beste edozein ohar ere.
6.–Egunero udalaren barneko agiriak eta kanpoko oharrak aztertuko dira zerbitzuburu bakoitzari igortzeko, horrek konpon ditzan. Zerbitzuburuak antolatuko ditu normalean eginkizunen lehentasunak, berritasunak aurreikusiriko lan egutegira egokituko dituelarik. Aurretik jarduteko arauei jarraituz, urteroko lanaren 100eko 80ak aldez aurretik programaturik beharko du. Lanaren 100eko 20 ustekabeko gertaeretarako izanen da.
Aurrea hartzea funtsezkoa da herritarrei kalitateko zerbitzu bat eskaintzeko.
7.–Erregistro hori informatizatua eta on-line (webgune batean) egonen da. Hori dela eta, zerbitzuko buru bakoitzak harekin lan egiteko behar dituen baliabideak izanen ditu.
8.–Eskumenen orotariko organigrama bat banatuko da, langile guztien esku izanen dena, eskumen bakoitza nori dagokion jakin eta lana ongi egin dezaten. Komunikazioetarako bide egokiak sortuko dira.
27. artikulua. Jantziak eta ekipamendu pertsonala.
1.–Zenbait lanbidetako funtzionarioek, obretakoek, lorezainek, garbitzaileek eta atezainek beren eginkizunetarako egokiak diren jantziak izanen dituzte.
2.–Udaleko kasuan kasuko batzordeak erabakiko ditu kostua, mota eta saltzailea, langileen iritzia entzun ondoren. Halaber, udalak segurtasun jantzi eta tresnak emanen dizkie langileei euren eginkizunak egin ditzaten.
3.–Obrak, lorategiak eta kaleen garbiketa:
Udan:
- Mahuka motzeko bi polo.
- 2 galtza pare.
- Zapatila pare bat.
- Udako bota pare bat.
- Udako galtzerdiak, bi pare.
- Kapela bat.
- Txaleko distiragarri homologatu bat.
Apirilaren 1ean banatuko dira.
Neguan:
- Polar bat.
- Txano bat.
- Mahuka luzeko 2 atorra.
- Praka lodiak, bi pare.
- 2 jaka.
- Jertse bat, idun garaikoa.
- Anorak bat.
- Txaleko bat
- Gore-tex bota pare bat.
- Katiuska pare bat.
- Neguko galtzerdiak, bi pare.
- Uretako jantzi bat.
Urriaren 1ean banatuko dira.
Jantzi guztiak urtebeterako izanen dira, polarra, anoraka, udako botak, uretako botak, txalekoa, uretako jantzia, gore-tex botak eta txaleko distiragarria izan ezik, bi urtean behin banatuko dira eta.
4.–Albienteen Zerbitzua:
Udan:
- Mahuka motzeko atorra/poloa. Bi, lanpostuan aritzen den lehenengo urtean edo uniformea aldatzean, eta beste bat, berriz, hurrengo urteetan.
- Zapatak, urtean pare bat.
- Galtzerdi finak, urtean hiru pare.
- Prakak. Bi, lanpostuan aritzen den lehenengo urtean edo uniformea aldatzean, eta beste bat, berriz, hurrengo urteetan.
- Jertse bat bi urtean behin.
Urte bakoitzeko maiatzaren 1a baino lehen banatuko dira.
Neguan:
- Mahuka luzeko atorra/poloa. Bi, lanpostuan aritzen den lehenengo urtean edo uniformea aldatzean, eta beste bat, berriz, hurrengo urteetan.
- Zapatak, urtean pare bat.
- Galtzerdi lodiak, urtean hiru pare.
- Prakak. Bi, lanpostuan aritzen den lehenengo urtean edo uniformea aldatzean, eta beste bat, berriz, hurrengo urteetan.
- Jertse edo polar bat bi urtean behin.
- 3/4ko anoraka, hiru urtean behin.
- Bota pare bat hiru urtean behin, edo bi urtean behin baldin eta zapata pare bat hartzen badira bi urtean behin urtean behin hartu beharrean.
Urte bakoitzeko azaroaren 1a baino lehen banatuko dira.
Osagarriak:
- Uretako jantziak (3/4ko jaka eta galtzak); bat bi urtean behin.
- Uhalak; bat bi urtean behin.
- Eskularruak, pare bat bi urtean behin.
- Txapela, urtean bat.
- Bestelakoak: makila, girgiluak, islatzaileak, defendatzeko espraia, buletinak eramateko poltsa, labana, etab.
5.–Ikastetxeetako atezainak:
- 2 jaka.
- 3 galtza pare.
- Margotzeko lanjantzia.
- 3 atorra.
- Eskalapoi edo zapatilla pare bat.
- Bi pare zapata.
- Jertse bat.
Material hori urtero emanen da.
6.–Udal eraikinetako garbitzaileak:
- Hiru mantal edo pijama sanitario.
- Hiru pare eskalapoi edo zapatilla.
Material hori urtero emanen da.
7.–Lanean hondatzen diren jantzi guztiak lehen aipatu diren epeak kontuan hartu gabe aldatuko dira.
Hondaturiko edozein arropa aldatzeko, goragoko buruari jakinarazi beharko zaio.
8.–Bi aldeak ados daudela, idatziz, jantzi batzuen kalitatea hobetzea negoziatzen ahalko da, gutxiagotan aldatuz.
Material guztien kalitatea egin beharreko lanetarako egokia izanen da.
9.–Urtebete baino gutxiagorako kontratatzen diren langileei lanean diharduten aldiarekiko proportzioan banatuko zaie arropa.
10.–Kalean lan egin ohi duten langileen arropa guztia islagailuen bidez nabarmenduko da. Lorategietako zerbitzuetako langileen oinarrizko kolorea berdea izanen da. Garbitzaileena, horia. Besteena, urdina.
11.–Hornidura aurreikusiriko datan emanen da, sindikatuek eskaturik. Eskaera hori idatziz aurkeztuko zaio jantzien arduradunari.
12.–Arduraduna edo hark eskuordetutakoa ardurako da langileei arropa emateaz. Horrela gertatu ezik, epeak betetzen ez badira, langileak hautaturiko erosleengana joaten ahalko dira arropa bila.
13.–Prebentzioko ordezkariek aldez aurretik gainbegiratuko dituzte emanen diren jantziak.
28. artikulua. Udal instalazioen erabilera.
Uharteko Udaleko eta haren patronatuetako langileek, haien ezkontideek eta ondorengoek eskubidea izanen dute Ugarrandia kiroldegian sartzeko, Uharteko auzoek bezal-bezala.
Sasoian egoteak zauriak saihesten ditu eta lanari on egiten dio, estresa eta gaixotasunak gutxituz. Hori dela eta, udaleko langileek kirol-instalazioak (hezegunea eta gimnasioa zehazki) astean bi egunean erabiltzen ahalko dituzte, dohainik. Lanpostu bakoitzak dituen arazoetarako ariketen taulak banatuko dira.
Haur Eskolako postuak Uharteko auzoen artean bezala banatuko dira.
Musika Eskolan sartzeko, Uharteko Udaleko langileek, haien ezkontideek, izatezko bikotekideek eta ondorengoek lehentasuna izanen dute Uharten bizi ez direnen aurrean, eta Uharteko auzokoei aplikatzen zaizkien tarifa berdinak ordaindu beharko dituzte.
Udalak antolatzen dituen ikastaro eta/edo jadueretan edo bere laguntza nahiz babesa ematen duen zerbitzuetan, udalarentzat lan egiten duten langileek erroldan dauden pertsonei aplikatzen zaizkien baldintza eta tarifa berak izanen dituzte.
29. artikulua. Funtzionario bihurtzea, nahi izanez gero.
Nafarroako Gobernuak beste epe bat irekitzen badu Nafarroako toki entitateetako lan-kontratudun finkoak funtzionario bihurtzeko, Uharteko Udalak edo patronatuek aukera horretaz baliatzeko erraztasunak emanen dizkiete beren langileei eta beren erakunde autonomoetakoei.
30. artikulua. Batzorde Paritarioa.
1.–Akordio hau aplikatzeko edo interpretatzeko sor daitezkeen zalantzak argitzeko, Batzorde Paritarioa osatuko da, Administrazioak eta ordezkaritza sindikalak kide kopuru bera edukita; kopuru hori Batzordea osatzeko unean zehaztuko da. Indarra duten arauek kasu bakoitzean zehazten dituzten ahalmenak izanen ditu batzorde horrek jarduteko.
Batzorde horren esku daude hitzarmenaren interpretazioa, jarraipena, zaintza eta edukiaren garapena, baita haren menpe jarritako gatazkak aztertu eta erabakia hartzea ere arazoei irtenbidea emateko prozeduretan; orobat, premiazkoa denean, hitzarmenaren edukia osatzea, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.
Kide bakoitzak boto bat izanen du. Ordezkari sindikaletako edozeinek eskatzen badu, botoa ponderatua izanen da, sindikatu bakoitzeko ordezkari kopuruaren arabera.
Hitzarmen honetan xedatutakoaren interpretazioaz edo aplikazioaz edozein gatazka kolektibo planteatu aurretik (hala aurretiazko erreklamazioa eginez edozein administraziori edo laneko agintaritza eskudunari, nola eskumena duten organo jurisdikzionaletan), auzia Batzorde Paritarioaren esku jarriko da.
Aldian-aldian bilduko da, desadostasunen bat sortu edo garatzeko beharrik bada, bi alde horietako edozeinek hala eskaturik. Bilera egiteko eskaria egiten denetik hamabost lanegun iraganez gero bilera egin gabe, eskaria egin duen alderdiak aukera izanen du agintaritza eskudunari edo justizia epaitegiei erreklamatzeko, bidezkoa den moduan.
Batzordeak hartzen dituen erabakiak ebazpenak emateko eskudun den udaleko organora igorriko dira.
Jarraipen Batzordeari kontsulta eginda, haren irizpena erabakitzailea izanen da, eta aktan jaso beharko da. Edonola ere, alderdiek, libreak eta independenteak izanik, edozein unetan ustez dauzkaten eskubideak erabiltzen ahalko dituzte, behar den denboran eta moduan, agintari edo jurisdikzio eskudunaren aurrean, legez indarra duten xedapenen arabera
Aipaturiko Batzordeak hitzarmen honen xede diren gaiei buruz eta hura interpretatzeko edo garatzeko hartzen dituen erabakiak hitzarmenean sartuko dira eta haren izaera juridiko bera izanen dute, erregistratu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Azken tramite horiek akordio batzuetan bakarrik beteko dira, Batzordearen iritziz beharrezkoak direnetan, hain zuzen ere.
2.–Batzorde Paritarioan harturiko akordioen testua Uharteko Udaleko langileen ordezkariei jakinaraziko zaie.
31. artikulua. Enplegu publikoaren sustapena.
Enplegu publikoa sustatzeko, pribatizatu diren hainbat lan Uharteko Udalari itzultzeko metodoa aztertuko da.
Udalaren langileek egiten ahal dituzten lanak ez zaizkie esleituko enpresa pribatu edo publikoei. Udalaren langileak diogunean ulertu behar da udalak une bakoitzean dituen langileez edo zerbitzuak egiteko behar lituzkeen langileez ari garela. Beraz, baliteke lanpostuak sortu eta lan publikoaren eskaintza egin behar izatea.
(Lan edo zerbitzuren bat enpresei esleitu beharra badago, akordio honetatik legez aplika daitezkeen baldintza guztiak jaso eta aplikatzeko eskatuko zaie. Halakoetan aldi baterako kontratatzen diren langileak subrogatu egin beharko dira, Langileen Estatutuaren 44. artikuluarekin bat).
32. artikulua. Eguneratzea.
Hitzarmen honetako zenbateko eta ordainsari guztiak urtero egineratuko dira KPIarekin.
I. ERANSKINA
Albienteen Zerbitzua
1.–Lanaldia.
Lanaldiari buruz hitzarmen honetan araututakoa galarazi gabe, honako hauek zehaztu dira:
a) Eguneko lanaldia 7 ordu eta 30 minutukoa izanen da orokorrean, eta honela eginen da:
–Goizeko eta arratsaldeko txandak egiten badira, goizekoa 07:45etik 15:15era, eta arratsaldekoa 15:00etatik 22:30era.
b) Bidezko ordu konpentsazioez gain, langileek hitzarmen honetan finkatutakoaren araberako konpentsazio ekonomikoak jasotzeko eskubidea izanen dute, txandaka, gauez eta jaiegunez egindako lanaren truke.
c) Betiere beren lan egutegi berariazkoari lotuko zaizkio, zeinak orokorrean ezarritako lanaldiaren urteko ordu kopurua beteko baitu, egiten dituzten txanden arabera.
d) Agente bakoitzari behar adinako aurrerapenarekin jakinaraziko zaizkio ordutegia edo dagozkion txandak, eta asteko atsedenaldirako eskubidea izanen du: gutxienez 24 orduko atsedenaldia jarraian. Horretarako, zerbitzuburuak urtero eginen du berariazko lan egutegia, gutxienez ere indarra hartu baino hilabete lehenago, oporrak egokitze aldera.
5.2 artikuluan ageri den ordukako txanda edo errefortzua egutegitik kanpoko lanaldi gisa kontatuko da.
e) Administrazioak eta ordezkari sindikalek absentismoa gutxitu nahi dute, eta presentziaren kontrola hobetu; horretarako behar diren neurriak hartuko dira, bi aldeen ordezkarien parte-hartzearekin, herritarrei zerbitzu hobea ematearren.
2.–Oporrak, lizentziak eta baimen ordainduak.
Opor, lizentzia eta baimen ordainduei buruz hitzarmen honetan araututakoa galarazi gabe, honako hauek zehaztu dira:
a) Urte bakoitzeko maiatzaren 1a baino lehen, langileek oporrak hartzeko lehentasuna aurkeztuko diote zerbitzuburuari. Lehentasunak adieraztean, langileek opor egunik gorde nahi ote duten eta, hala bada, zenbat izanen diren adierazten ahalko dute. Zerbitzuburuak aldez aurretik eskatuta ere, langileek ez badute halakorik aurkezten, zerbitzuburuak berak erabakiko du oporraldiak nola esleitu. Lehentasun eta aldaketa horiek hurrengo maiatzaren 15a baino lehen sartuko dira lan egutegian.
Oporrak markatutako egunetan baino lehen hartu nahi badira edo lehenetsitako egunen ondotik, 4. artikuluan aparteko orduengatiko ordu konpentsazioa hartzeari buruz araututakoa aplikatuko da.
Zerbitzuko arrazoiak tarteko, bateraezintasunik bada adierazitako lehentasunak aplikatzeko, honako irizpide hau jarraituko da:
–Aurreko hiru urteetan bere lehentasunak gehien aldatu behar izan dituen langileak aukeratuko du. Berdinketarik bada, Uharteko Udalean antzinatasun handiena duenak aukeratuko du.
3.–Txanda aldaketak eta soberakintzat hartzen diren egunak.
3.1.–Txanda aldaketak.
Txanda aldaketak ukitutako langileei jakinaraziko zaizkie astebete lehenagotik gutxienez, betiere errespetatuz, ahal izanez gero, txanden artean gutxienez ere 12 ordu egotea.
Zerbitzuak eta txandak langileen artean aldatzen ahalko dira, betiere egin behar dituztenak ados badaude eta dagokion buruak edo hark eskuordetutakoak aldez aurretik eta espresuki onartzen baditu. Dagokion buruak edo hark eskuordetutakoak espresuki onartzen ez badu, zerbitzuaren beharrengatik dela justifikatu beharko du. Aldaketa horiek eskatzeko, interesa duten pertsonek idatzizko eskaera egin beharko diote zerbitzuburuari. Zerbitzuburuak edo hark eskuordetutakoak 48 orduko epean emanen du ebazpena derrigorrez, eskaera jaso edo jakinarazten zaion unetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori igarota, eskaera onartu dela ulertuko da baldin eta ez bada ebazpen espresurik eman.
Zerbitzuburuak edo hark eskuordetutakoak jarraian adierazten den irizpidea aplikatuko du langileen txandak aldatzeko, betiere zerbitzuan hori justifikatzen duen arrazoirik bada:
–Lehenik eta behin, egun beretan txanda ezberdinetan ari diren langileen txandak aldatuko dira. Baldintza hori betetzen dutenen artean, azken 18 hilabeteetan derrigorrezko aldaketa gutxien jasan duen langileari. Berdinketarik bada, Uharteko Udalean antzinatasun gutxien duenari. Ezin bada halakorik egin zerbitzua minimoen azpitik geratzen delako, hurrengo paragrafoa aplikatuko da.
–Egutegiko ezberdintasunak direla-eta, atsedenaldian dagoenari eskatuko zaio. Oporrak ez dira atsedenalditzat hartuko. Baldintza hori betetzen dutenen artean, azken 18 hilabeteetan derrigorrezko aldaketa gutxien jasan duen langileari. Berdinketarik bada, Uharteko Udalean antzinatasun gutxien duenari.
Egindako aldaketen xedea istripuagatiko edo gaixotasunagatiko bajak betetzea bada, aldaketa horiek adostasunez leheneratzen ahalko dira ordeztutako pertsona bere lanpostura itzultzen denean edo bere lanpostura itzultzeko asmoaren berri garaiz ematen duenean. Adostasunik ez badago, aldaketa leheneratzen ahalko da aldez aurretik ukitutako pertsonari abisatuta, gutxienez ere 48 ordu lehenago.
Aldaketa horiek ez dute inolaz ere hurrengo puntuan adierazten den kasurik edo ordainik sortuko.
3.2.–Soberakintzat hartzen diren zerbitzuak.
a) Egutegia onartu eta gero zerbitzuko betebeharrak direla-eta premiazkoa balitz atsedenaldian dauden agenteak lanean aritzea, Administrazioak espresuki eta aldez aurretik laneratzeko eskatzen dien agente horiek eman egin beharko dituzte zerbitzu horiek, dela txanda osotan dela ordukako errefortzutan.
b) Aurretik definitutako zerbitzu horiek soberakintzat hartuko dira, ez dira lanaldi gisa zenbatuko eta honako ordain hau izanen dute:
–Langileari astebete baino gutxiagoko aurrerapenarekin baina 48 ordu baino gehiagokoarekin abisatzen bazaio, soberakinak aparteko orduekin beteko dira (jaieguna edo arrunta, dagokionaren arabera) gehi dagokion gaueko lanaren osagarria, bidezkoa bada).
–Langileari 48 ordutik beherako aurrerapenarekin abisatzen bazaio, emandako orduak honela konpentsatuko dira:
- Laneguna: jaiegunetako aparteko ordua.
- Jaieguna: jaiegunetako aparteko ordua × 1,50.
- Gehi gaueko lanaren osagarria, bidezkoa bada.
c) Zerbitzuburuak edo hark eskuordetutakoak honako irizpide hau aplikatuko du sortutako soberakinak langileekin betetzeko:
–Lehenik eta behin, egutegiko ezberdintasunak direla-eta atsedenaldian dagoenari eskatuko zaio, bete beharreko soberakinaren eta egutegian esleitutako edozein txandaren artean gutxienez ere 12 orduko tartea badago. Oporrak ez dira atsedenalditzat hartuko. Baldintza horiek betetzen dituztenen artean, azken 18 hilabeteetan aparteko ordu gutxien egin dituen langileari. Berdinketarik bada, Uharteko Udalean antzinatasun handien duenari.
d) Txanda edo ordukako errefortzu horiek ez dira inolaz ere automatikoki sortuko, eta beti nahitaezkoa izanen da langileriaren arloko buruak soberakintzat onartzea eta zerbitzuburuak espresuki eskatzea.
4.–Aparteko orduak.
Ordu konpentsazioa hartzeko, honakoa egin beharko da:
–Zerbitzuburuari baimena eskatu gutxienez ere 10 egun lehenago aldaketak zerbitzua minimoen azpitik uztea dakarrenean. Zerbitzua minimoen azpitik geratu dela ulertuko da, baldin eta ordu konpentsazioa hartu nahi den txandan bi pertsona baino gutxiago geratzen badira lanean (eta arau orokor gisa urteko txanda guztiak gutxienez ere bi pertsonarekin betetzen badira), edo pertsona bat baino gutxiago gainerako kasuetan. Baimen hori eskuratzeko, beharrezkoa izanen da zerbitzuburuaren baimen berariazkoa. Berak baloratuko ditu zerbitzuko beharrak eta aukerak.
–Baimena berariaz adierazitako aurrerapenik gabe eskatzea, baldin eta aldaketa horrekin zerbitzua ez bada minimoen azpitik geratzen. Beti emanen da baimen hori, salbu eta zerbitzuko beharrak direla-eta, ezinezkoa bada (behar bezala justifikatuko da hori).
Atseden denbora hartzen bada, orduak hurrengo 120 egun naturalen barnean hartu beharko dira. Horrela egin ezean, nominan kobratuko dira orduak iraungitu ondoko hilabeteetako edozeinetan, interesdunak hala eskatuta.
b) Aparteko orduei dagokienez, eranskin honetan arautzen ez den orotan, hitzarmenak aurreikusitakoa aplikatuko da.
c) Auzitegira agertzea.
Albienteen Zerbitzuko kide bati, lanean ari ez dela, epaitegi batera edo beste segurtasun kidego batera joan behar badu, zitazioarekin eta zerbitzuko zioengatik, honelaxe ordainduko zaio:
–Aparteko orduei dagokien ordainsaria emanen zaio, epaitegiko joan-etorrien denbora barne dela (Uhartetik kalkulatuak).
–Ordainsarien ondorioetarako, sartutako denbora aparteko ordu gisa konpentsatuko da, konputatu beharreko gutxienekoa bi ordu delarik.
Epaitegiko justifikantea aurkeztu beharko da, bertan irteera ordua adierazita.
5.–Lan bilerak.
Zerbitzu orduez kanpoko lan bilerak denboraz konpentsatuko dira edo aparteko orduei dagozkien ordainsariez ordainduko dira, ordu bakoitzeko ordu eta erdiko ordainaz.
Alkatetzari 24 orduko aurrerapenarekin jakinaraziko zaizkio egin nahi diren bilera guztiak, bai bilera bitartean bai “in itinere” gertatzen diren istripuen aseguruaren ondorioetarako.
6.–Antzinatasun konputagarria: sartzeko ikastaroa.
Udaleko plantillan sartu aurretik Nafarroako Gobernuaren menpeko Segurtasun Eskolan prestakuntza ikastaroa egin zutenei, antzinatasun kontuetarako 1997ko abenduaren 29ko Erabakian onartzen den bezalaxe onartzen zaie epe hori (testua 1998ko 9. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 21ean).
7.–Prestakuntza fisikoa.
a) Lanpostu honetarako behar den sasoian egoteko, baimena ematen zaie Albienteen Zerbitzuko agente eta agintariei kirol instalazioetako muskulazio eta uren gunea doan erabiltzeko (ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte izan ezik).
b) Halaber, ahal dela beste udal batzuekin hitzarmenak eginen dira, Albienteen Zerbitzuko langileek Uhartetik kanpoko kirol instalazioetara joateko aukera izan dezaten.
8.–Defentsa pertsonala:
Albienteen Zerbitzuko langileek, arautzen dituzten legeek hainbat egoeratan indarra erabiltzera behartzen dituztenez, fisikoki, psikologikoki eta intelektualki prestatuta egon behar dute, indarraren erabilera ahalik eta eraginkorrena eta arrazionalena izan dadin.
Prestakuntza beren eginkizunak betetzeko eskubide beharrezkoa dela kontuan hartuz, “Defentsa pertsonalean” arituz sasoi onean izan nahi duten agenteek horren kuotak aurkeztuko dituzte Administrazioak %50 ordain diezaien, gehienez ere 20 euro hilean.
9.–Ordainsaria:
Hitzarmen honetan ordainsariei buruz araututakoa galarazi gabe, honako hauek zehaztu dira:
Larunbat arratsaldean lan egiten duen Albienteen Zerbitzuko langileari dagokion plusa ordainduko zaio, Nafarroako Gobernuaren lansarien taularen arabera, 7 orduko konpentsazioa jaiegunean egindako lanagatik C mailan.
II. ERANSKINA
Musika Eskola
1.–Kontratazioa eta enpresa uztea.
a) Kontratazioa.
Hitzarmen honen eraginpeko langileak lan-kontratu mugagabeetarako eta behin-behineko eta bitarte baterako kontratuetarako legez ezarritako modalitateen bidez kontratatzen ahalko dira, eta lan-baldintza berberak izanen dituzte denek.
Langileen kontratua 12 hilabetekoa izanen da, modalitatea gorabehera.
Lanaldi partzialeko kontratu mugagabea duten langileen kasuan, zuzendaritzak, ikasturte bakoitzaren hasieran, idatziz jakinaraziko dizkie beren lanaldiak aurreko ikasturtearekiko izan dituen aldaketak.
Kontratuaren ezaugarriei eta betebeharrei dagokienez, indarra duten legezko xedapenei men eginen zaie.
2.–Lanaldia.
Eskolan aritzen diren irakasleek lanaldi hau izanen dute:
Astean 34 ordu. Astelehenetik ostiralera, honela:
a) 23 irakastordu ikasleekin zuzenean.
b) Irakastordu ez diren 11 ordu.
–Zentroan egon beharreko eta irakastordu ez diren bost ordu, irakasleen talde lanean, koordinazioan, ikasleekin eta gurasoekin harremanetan eta berariazko beste zenbait lanetan aritzeko.
–Ikasgelaz kanpoko sei ordu.
Lanaldi partzialeko kontratua duten irakasleek irakastordu ez diren orduetatik dagokien denbora eman beharko dute zentroari laguntzeko lanetan. Zentroan nahitaez egotekoak ez diren orduen kopurua kontratuan finkatuko da.
Zuzendariak, irakasle gisa duen lanaldiaren barnean, 7 ordu emanen ditu astean zuzendaritza-lanetan.
Idazkariak, irakasle lanaz gain, 5 ordu emanen ditu astean Patronatuko idazkaritza-lanetan.
Ezein kasutan ezin izanen da erregelamenduz ezarritako lanaldia gainditu.
Irakasleek ezarrita dagoen ordutegitik kanpo ikasleekin aparteko jardueretan sartzen dituzten orduak (kontzertuak, entseguak, trukeak...), irakastordu ez diren ikasgelako ordutegiarekin konpentsatuko dira.
3.–Urteko oporrak.
a) Hitzarmen honek ukitzen dituen langile guztiek hilabete bat opor ordaindu, bederen, izanen dute zerbitzu aktiboko urte oso bakoitzeko. Zerbitzuaren denbora urtebetea baino txikiagokoa baldin bada, opor egunak proportzioan aterako dira.
Oporrak, nagusiki, udaldian hartuko dira eta horiei buruzko lan-legeetan ezarritakoari jarraikiz emanen dira.
Langileen oporraldia egutegian paratuko da eta Patronatuko Batzordeari aurkeztuko zaio ikasturtea hasi baino lehen, honek onets dezan.
Lan egutegian musika eskolaren beharrak kontuan hartuko dira.
b) Irakasleek Aste Santuan, Eguberrietan eta udan eskolak ikasleendako finkatuko duen oporraldi bera izanen dute.
III. ERANSKINA
Ikastetxe publikoko atezaintza
1.–Lanaldia.
Nafarroako Gobernuak finkatuko du lanaldia. Oro har, 1.592 ordukoa izanen da urtean.
a) Zerbitzuak ikastetxeko atezaintzan baizik ematen ez dituen pertsonak (40/26 lanpostua) honela banatuko du urteko orduen kopurua:
–Urtarriletik maiatzera eta urritik abendura: astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan 8:15etik 17:15era (9 ordu); 15:00etan atsedenaldi bat eginen da bazkaltzeko, ordu horretan zerbitzua betea baitago.
–Asteazkenetan, ekainean, irailean eta urteko lanaldi jarraituko egunetan (ikastetxeko egutegiaren arabera): 7:30etik 15:00etara (7 ordu eta 30 minutu).
–1.592 ordura iristeko gainerako orduak: langilearen eta zerbitzuburuaren artean zehaztu beharrekoa.
b) Zerbitzu Anitzak - Eskolazain ondokoaren lanpostuan ari den langileak (40/20 lanpostua), honela banatuko du urteko orduen kopurua:
–Urtarriletik maiatzera eta urritik abendura: astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan 7:45etik 13:00etara eta 14:40tik 16:45era (7 ordu eta 20 minutu). Hilabete horietan, goizeko eta arratsaldeko txanda zatituetarako txandakako laneko osagarria kobratuko du, dagokion mailaren hasierako soldataren %6 (hitzarmen honen 22.6 artikulua).
–Asteazkenetan, ekainean, irailean eta urteko lanaldi jarraituko egunetan (ikastetxeko egutegiaren arabera): 7:30etik 14:50era (7 ordu eta 20 minutu).
–Ikastetxeko egutegiaz kanpoko gainerako egunetan: 7:30etik 14:50era (7 ordu eta 20 minutu), zerbitzu anitzetako langile gisa.
Oporrak, ahal dela, irakastalditik kanpo hartu beharko dira.
IV. ERANSKINA
Ugazte-Uharteko Gazte Lokala
1.–Animazio lanpostuen lanaldia.
Nafarroako Gobernuak finkatuko du lanaldia.
Lanpostu batzuk desberdinak dira lanegunei eta ordutegiei dagokienez; hortaz, honako forma hau ezartzen da:
a) Astean zeharreko lanaldia duen lanpostuak, oro har, urtean 1.592 orduko lanaldia daukanak, honela banatuko du urteko orduen kopurua:
–Ugazte neguan jendeari irekitzeko ordutegia:
- Astelehenetik ostegunera: 17:00etatik 21:00etara.
- Ostiraletan eta jaiegunen bezperan (astean zehar): 17:00etatik 22:00etara.
–Ugazte udan jendeari irekitzeko ordutegia:
- Astelehenetik ostiralera: 18:00etatik 22:00etara.
b) Asteburuetako lanaldia duen lanpostuak, oro har, urtean 1.554 orduko lanaldia daukanak, honela banatuko du urteko orduen kopurua:

- Larunbatetan: 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 16:45era.
- Igandeetan eta jaiegunetan: 17:00etatik 22:00etara.
–Ugazte udan jendeari irekitzeko ordutegia:
- Larunbatetan: 11:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 16:45era.
- Igandeetan eta jaiegunetan: 18:00etatik 22:00etara.
Bere lanaldiak osatu arteko gainerako orduak: langilearen eta zerbitzuburuaren artean zehaztu beharrekoa.
Oporrak urtero onartzen den lan egutegian ezarrita egonen dira.
V. ERANSKINA
Lanean etsaitasunezko jokabideei aurrea
hartzeko eta horien kontra jarduteko protokoloa
1.–Sarrera.
Osasunari buruzko Lege Orokorrak, langileen osoko osasunaren babesari buruz ari dela, 21. artikuluan nabarmentzen duenez, pertsonen osasunaren zainketak patologia fisikoen zein psikikoen babesa ere barnean hartu behar du.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazita du laneko baldintzek osasunean duten garrantzia, eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak enpresaburua behartzen du langileen osasuna babestuko duten neurriak hartzera; bestetik, lana pertsonari egokitzeko printzipioa jasotzen du –lanpostuen nolakoari dagokionez– eta prebentzioa planifikatu beharra, teknikaren, lanaren antolaketaren, lanaren baldintzen eta gizarte harremanen arteko multzo koherente bat bilatuz (15.1 artikulua). OMEk zentzurik zabalenean eta sozialenean definitzen du osasuna: “Osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabatekoa da eta ez bakarrik gaixotasun eza”.
Halaber, Langileen Estatutuak 4.2 artikuluan ezartzen du langileen osotasun fisikoa zaintzeko, segurtasun eta higiene politika izateko eta bere intimitatea errespetatzeko eta bere duintasuna kontuan hartzeko eskubidea, barne izanik arraza edo etnia, erlijoa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo sexu orientazioa direla-eta jazarpenaren aurreko babesa, baita sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurreko babesa ere.
2.–Definizioak.
Mari France Irigoyen psikiatrak ondoko lau talde hauetan banatzen ditu lantokian pertsonen artean izan daitezkeen etsaitasunezko ekintzak:
–Pertsonaren izen onaren edo duintasunaren kontra doazen ekintzak: adierazpen laidogarriak edo iraingarriak egitea edo besteen aurrean itxura fisikoaz, keinuez, ahotsaz, sinesmen pertsonalez, politikoez edo erlijiosoez iseka egitea, zurrumurruak zabaltzea, arazo psikologikoak leporatzea, hitz lizun edo umiliagarriekin iraintzea.
–Lana egitearen kontra doazen ekintzak: gehiegizko lana ematea, edo zailegia edo egin behar ez dena, lanik ez ematea edo lan tresnak eskuratzea eragoztea, lanpostuari dagozkionak baino lan apalagoak edo maila goragokoak ematea, jarduketa edo erabaki guztiei erantzutea sistematikoki, egindako lana sobera edo bidegabe kritikatzea, eskubideak erabiltzea eragoztea, lan arriskutsuak egitera behartzea, kontuan ez izatea Prebentzio Zerbitzuko medikuen oharrak...
–Bakartzea eta komunikazioa ukatzea: pertsona baten jarduna sistematikoki etetea, soilik idatziz komunikatzea, pertsona baten komunikazioa haren lankideekin edo alderantziz murriztea edo debekatzea, lantokia isolatzea, pertsona bati ez ikusiarena egitea soilik besteekin arituz, zuzendaritzarekin elkarrizketa bat izateko eskaera ukatzea...
–Indarkeria fisikoa edo ahozkoa: pertsona bat mehatxuen bidez kikilaraztea, fisikoki erasotzea modu apalean bada ere (bultzaka edo atea muturren aurrean itxiz...), oihuka edo irainka hastea pertsona baten kontra, errespetu falta ezaugarri pertsonalengatik...
Etsaitasunezko ekintza edo jokabide erasokorrak aldian-aldian edo noizean behin gerta daitezke (pertsonen kontrako erasoa edo indarkeria) edo jokamolde gisa egitura daitezke, denboran mantenduz (jazarpen psikologikoa, jazarpen morala edo mobbing-a).
2.1.–Jazarpen psikologikoa (jazarpen morala edo mobbing-a).
Europar Batasunak emandako definizioaren arabera, jazarpen morala da edozein jokaera diskriminatzaile, iraingarri, umiliagarri, beldur eragile edo bortxazko, baita bizitza pribatuan bidegabe sartzea ere, horrelako jokaerek pertsona baten duintasunari eraso egiten badiote lanean edo lanari lotuta, pertsona horri edo hark egindako lanari omena kenduz, halako moduan non erasandakoari kalte psikiko edo/eta fisikoa eragiten zaion.
Biktimak M. F. Irigoyenek zehaztutako 4 taldeetako edozein egoera pairatzen du.
2.2.–Erasoak edo indarkeria pertsonen kontra.
Aurretik azaldutako ekintzetako edozein noizbehinka gertatu eta ondorio negatiboa badu hura jasaten duenarengan pertsonen kontrako eraso edo indarkeriatzat joko da.
Prebentzioko 489. ohar teknikoaren arabera, laneko indarkeria kanpokoa izan liteke (lapurretak, bezeroen, erabiltzaileen, pazienteen indarkeria...) edo barnekoa (indarkeriaz jokatzen duenak laneko harremana duenean biktimarekin, bai lankideen artean, bai goragoko mailakoek beren menpeko langileei edo alderantziz).
Jarduteko protokoloa kanpoko erasoen aurrean: Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren martxoaren 31ko 964/2008 Ebazpena, lantokian kanpoko erasoei aurrea hartzeko eta horien kontra jarduteko plan orokorra onesten duena.
2.3.–Tratu txarra nagusien aldetik.
Barneko indarkeriaren eremuan figura bat definitu da, “goragoko mailakoek egindako tratu txarra”. Hierarkian gorago daudenen jokabidea da, laneko talde osoa edo haren parte bat presio handiaren menpe jartzen duena, menpekoak indarkeriaz eta begirunerik gabe tratatuta. Jazarpen psikologikoan ez bezala, zuzendaritzakoen tratu txarra ikusi egiten den portaera da eta, eskuarki, talde jakin batek hartzen du tratu txarra.
3.–Xedea eta aplikazio eremua.
Protokolo honek legezko eskakizunak betetzen ditu eta etsaitasunezko jokabideei aurrea hartzea du helburu, baita behar bezalako arreta ematea ere gertatzen diren kasuei. Horretarako, udalak eta bere patronatuek baliabideak eskuratuko dituzte, erasoa gertatzen denean, arreta osoa emateko erasoaren biktimari eta haren laneko eta familiako inguruneari, lanaren, osasunaren eta legearen ikuspuntutik.
Prozedura honen edukia Segurtasun eta Osasun Batzordeak onetsiko du eta Uharteko Udalean, Musika Patronatuan eta Kirol Patronatuan lan egiten duten pertsona guztiei aplikatuko zaie, funtzionarioak nahiz lan-kontratudunak izan.
3.1.–Printzipioen deklarazioa.
Udalak, bere egitekoak betetzean, pertsonen duintasuna errespetatzea eta pertsonari berez dagozkion eskubide bortxaezinak babestea ditu oinarrizko printzipiotzat.
Hortaz, udalean lan egiten duten pertsonek aukera eta berdintasun tratua gozatzeko eskubidea dute. Hala, gizabidez, errespetuz eta duintasunez tratatuak izan behar dute eta ez da inola ere onartuko eskubide horiek urratzea bere baitan.
Erakundean lan egiten duten pertsonen identitate pertsonal eta profesionala garatuz zerbitzuen kalitatea hobetzeko asmoz, udalak eta bere patronatuek debekatu egiten dute bere erakundearen barrenean, eta batez ere lan esparruan, ekintza edo jokabide erasokorrak izatea. Horretarako, kasu bakoitzean egokiak diren neurriak, prebentziozkoak nahiz legezkoak, hartuko dira.
4.–Aurreneurriak.
Prozedura honen aplikazio eremuan sartutako langile guztiek eskubidea dute haren edukia ezagutzeko.
Protokolo hau udaleko eta bere patronatuetako plantillaren artean zabalduko da bitarteko informatikoen bidez.
Gainera, sor daitezkeen beharren arabera, plantilla osoarentzako aldizkako eta etengabeko prestakuntza etengabea eginen da.
–Gatazkak kudeatu eta ebazteko prestakuntza langile guztiei.
–Etsaitasunezko jokabideen prebentzioari buruzko prestakuntza, langileen kudeaketa eta gatazken ebazpena, bereziki azpimarratuz zuzendarien, karguen eta agintarien parte-hartzea.
–Oinarrizko prestakuntza bitartekaritzari buruz bitartekotza edo adiskidetze prozesuan nola edo hala parte hartzen dutenentzat, barnean sartuta prebentzioko ordezkariak.
Uharteko Udalak eta bere patronatuek konpromisoa hartzen dute aldizkako eta etengabeko prestakuntza egiten jarraitzeko, betiere aurrekontu-mugen barrenean.
Lanaren antolakuntzatik eratorritako arrisku psikosozialen ebaluazio eta prebentziorako, Segurtasun eta Osasun Batzordeak erabakiko du zein den aplikatu beharreko metodoa, eta horretarako, udalak eta bere patronatuek kontratatutako prebentzioaren arloko kanpoko enpresa baten aholkularitza izanen du.
5.–Jarduteko prozedura.
5.1.–Kasuak atzematea.
Kasuak lau egoeratatik atzeman daitezke:
–Etsaitasunezko jokabideek ukitutako pertsonarengandik.
–Agintariengandik, batez ere agintari zuzenak badira eta erne badaude ea udaleko eta bere patronatuetako pertsonen artean etsaitasunezko jokabiderik agertzen den.
–Enpresako beste pertsona batek etsaitasunezko jokabideak pairatu dituela antzematen duten lankideengandik.
–Sindikatuen ordezkariengandik.
5.2.–Kasuen kudeaketa.
Ondoren laburbiltzen dira esku-hartzeak izan ditzakeen bi kudeaketa mailak. Bitartekotzatik hastea gomendatzen da, baina ez da ezinbestekoa.
5.2.1.–Konponbidea bitartekaritzaren bidez.
Kasu honetan, bi aldeek konponbiderako konpromisoa hartuko dute. Hainbat bitartekarik hartzen ahal dute parte (besteak beste, Prebentzio Zerbitzuak, biktimari informazioa eta aholku emateko bakarrik), eta ez da bestelako dokumentaziorik jasoko (Prebentzio Zerbitzuari kontsulta egiten bazaio, orduan bai, legeak hala aginduta).
–Etsaitasunezko jokabide onartezinak (lehen fasean) jasan dituen edo jasaten ari den biktima bultzatu egiten da egoera lehen saioan zuzenean konpontzen saia dadila eta, modu estraofizialean, behar den pertsonarekin edo taldearekin. Horretarako, informazioa eta aholkuak bilatzeko, honako hauengana jo dezake:
- Udaleko edozein ataletan hierarkian gorago dagoena.
- Prebentzio Zerbitzua.
- Ordezkari sindikala.
–Beste aldearekin egon behar duenean, biktimak eskatzen duen edozein izaten ahal du laguntzaile, eta biktimak hala eskatuz gero, hura saiatuko da konponbidea errazten adiskidetze eta bitartekaritza baliatuz. Egoera maila honetan konpontzeko ahalegin guztiak lehenbailehen egin beharko dira, salaketa jakinarazi ondoren.
–Kudeaketaren lehen maila honetan, 10 egun baliodunekoa da konponbidearen epea, salaketa aurkezten denetik.
–Aldeetako baten ustez, proposatzen den konponbidea bidezkoa ez bada, beharrik gabe luzatzen bada edo arrakastarik izan ez badu, kudeaketaren bigarren mailari heltzen ahal dio, kudeaketaren hurrengo mailari heltzen ahal dio kasua aztertzeko.
5.2.2.–Salaketa jasotzea.
Protokolo honen aplikazio eremuan sartua dagoen langile orok, uste badu jazarpen psikologikoa edo etsaitasunezko jokabideak jasaten ari dela, edo horrelako egoeren berri dakien beste edozein pertsonak salaketa jartzen ahalko dute idatziz, bi kasuetan aski zantzu aurkeztuz, Uharteko Udaleko eta bere patronatuetako Prebentzio Zerbitzuan.
5.2.3.–Hasierako azterketa.
Prebentzio Zerbitzuak hasierako azterketa txiki bat eginen du kasuaren datu objektiboei buruz salaketa benetakoa dela egiaztatzeko; horretarako, besteak beste, kontatzen diren egintzen koherentzia aztertuko da, edota zehazgabetasunik eta kontraesanik ote dagoen, edo egintzen lekukorik ote dagoen egiaztatuko da. Beharrezkoa balitz, kanpoko aholkularitza ere eska dezake.
Lehen azterketa honen ondorio gisa, Prebentzio Zerbitzuak honakoa egiten ahalko du:
–Salaketari tramiterako sarrerarik ez eman haren egiazkotasuna ez egiaztatzeagatik edo protokolo honen esparrukoa ez izateagatik.
–Prozedura informalari hasiera eman.
–Prozedura formalari hasiera eman.
–Egokitzat jotzen bada, kautelazko neurriak proposatzea.
5.2.4.–Prozedura informala.
Betiere ukitutako pertsonaren egoerak ahalbidetzen badu, salaketa jaso ondoko hamar egunetan emanen zaio hasiera.
Prebentzio Zerbitzuak parte hartuko du atzemandako arazoa konpontzen saiatzeko. Prebentzio Zerbitzua salatutako pertsonarekin harremanetan jarriko da, bere jarrerari buruzko kexa bat dagoela jakinarazteko eta bere bertsioa ezagutzeko.
Prozedura informalaren xedea da arazoa konpontzea prozedura formalari hasiera eman beharrik gabe. Horrela, ondoko egoera hauek eman daitezke:
–Salatzaileak eta salatuak/salatuek egoera identifikatzen eta aztertzen dute eta ez errepikatzeko konpromisoa lortzen da.
–Prebentzio Zerbitzuak hainbat jarduketa proposatzen ditu arazoa konpontzeko eta eta bi aldeek beren akordioa eta adostasuna erakusten dute.
–Ez da inolako akordiorik lortzen eta Prebentzio Zerbitzuak egokitzat jotzen badu, prozedura formalari hasiera ematen zaio azken horrek eskatuta.
Kasu horretan, Prebentzio Zerbitzuak prozedura informalaren emaitzaren berri emanen dio prebentzioko koordinatzaileari eta Segurtasun eta Osasun Batzordeari.
Edozein unetan, salatutako pertsonak salatutako jarrerak berriz errepikatzen baditu egoera are gehiago larriagotuz, eta Prebentzio Zerbitzuak egokitzat jotzen badu, hasiera eman beharko zaio prozedura formalari.
5.2.5.–Prozedura formala.
Prebentzio Zerbitzuaren bitartekotzaren bidez arazoa konpondu ez bada, lanean jarraituko da eta konponbideren bat bilatzen saiatuko da Batzorde Paritario baten bidez.
Honako kide hauek izanen ditu batzordeak:
–Langileriaren ardura duen zinegotzia edo hark eskuordetutakoa.
–Prebentzioko teknikaria.
–Prebentzioko bi ordezkari.
–Prebentzio Zerbitzuko teknikari bat.
–Arloko zerbitzuburua.
Batzorde Paritarioak ikerketaren diseinuan eta garapenean parte hartuko du, eta horretarako, oharrak, iradokizunak eta galderak eginen ditu, edozein unetan informazioa eska dezakeelarik.
Batzordeko kide guztiek ikus dezakete bildutako informazioa, baldintza beretan.
Elkarrizketatutako pertsonek, hala eskatuz gero, legezko ordezkari bat edo ordezkari sindikal bat aldean dutela agertzen ahalko dira. Laguntzaile horiek ez dute inolako erantzukizunik izanen ikerketaren exekuzioan.
Prebentzio Zerbitzuak honako hauetan oinarritutako ikerketa abiaraziko du:
–Informazioa biltzea: elkarrizketak lankideei, arazoa duenari eta gatazkaren ustezko arduradunari edo arduradunei.
–Faktore psikosozialen balorazioa.
–Dokumentazioa biltzea.
–Kanpoko aholkularitza, teknikoa nahiz legezkoa.
–Ondorioen txostena prestatzea.
Ikerketa hau egiteko epea 15 egunekoa izanen da; epe hori luzatzen ahalko da, aldez aurretik justifikatuta.
Batzordeak txostena aztertuko du eta etsaitasunezko jokabideen kasua konpontzeko egokitzat jotzen dituen prebentzio neurriak proposatuko ditu.
Ondokoei igorriko zaie txostena:
–Aurreikusitako prebentzio neurriak aplikatu behar dituen arloko zuzendaritzari.
–Batzorde Paritarioari, beharrezkoa balitz inplikatutako alderdietako bati zehapen-espedientea hastea.
–Inplikatutakoei.
–Segurtasun eta Osasun Batzordeari.
Prozesuko fase guztien eta emandako ebazpenaren berri emanen da.
Proposatutako neurrien jarraipena eginen da, eraginkorrak ote diren ikusteko. Prebentzio Zerbitzuak eta batzordeko kideek eginen dute jarraipen hori.
Laneko gatazketan jarduteko prozedura ebazteko epea bi hilekoa izanen da gehienez, salbu eta behar bezala justifikatutako kausa batek jarduketak epe horren barnean gauzatzea galarazten badu.
Txostena igorrita eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, salatzailea ados ez badago, enpresaz kanpoko instantzietara jotzen ahalko du: Lan Ikuskatzailetza, Institutu tenikoak, etab.
6.–Bermeak.
Uharteko Udalak eta bere patronatuek langile guztiei bermatuko die protokolo honen prozedurei heltzeko eskubidea, eta ziurtatuko da ez dutela larderiarik, bidegabeko traturik, diskriminaziorik edo errepresaliarik jasaten. Babes hori aplikatuko zaie, halaber, kasu bat ikertzean informazioa ematen dutenei edo protokolo honen edozein prozeduratan parte hartzen dutenei.
Protokolo hau aplikatzeari buruzko informazio guztia erabiltzean bermatuko da parte hartzen duten guztien intimitaterako eskubidea. Prozeduran parte hartzen duten pertsonek, bai eta inplikatutako alderdiek ere (salatzailea, salatua, lekukoak), egia esateko betebeharra dute, kondentzialtasuna eta erreserba gordetzeko betebeharra eta ezin izanen dute bildutako salaketen edo lekukotzen edukiari buruzko informazioa transmititu edo zabaldu. Konfidentzialtasuna bortxatzeak dagokion diziplinako erantzukizuna ekarriko du.
Batzorde Paritarioko kideek ez dute parte hartuko, Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. aritukuluan parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude. Salatzaileek eta/edo salatuek aipatu batzordeko kideak errefusatzen ahalko dituzte aipatu artikuluan adierazitako egoeretakoren batean baldin badaude.
Protokolo honekin, Uharteko Udalak eta bere patronatuek konpromisoa hartzen dute kasua ebatzi arte eramateko, kasu guztietan datuen konfidentzialtasuna bermatuz eta haiek ez direla erabiliko agiri honetan ezarritako beste helburu batzuetarako ziurtatuz.
7.–Protokoloaren ebaluazioa.
Urtero baloratuko dira protokoloa aplikatzearen ondoriozko emaitzak eta emaitza horiek hala gomendatzen badute, protokoloa berrikusi eginen da.
UHARTEKO UDALAREN, MUSIKA PATRONATUAREN ETA KIROL PATRONATUAREN ZERBITZUKO LAN-KONTRATUDUNEN HITZARMEN KOLEKTIBOA
2012 - 2015
Hitzaurrea
Uharteko Udala eta bere zerbitzuko langileen ordezkari diren sindikatuak bat etorri dira Administrazioaren helburuan; hau da, gizartearen eskaerei erantzun behar zaiela eta lehentasuna eman behar zaiola eskaera horiek azkar eta modu eraginkor eta efikazean betetzeari.
Orobat, uste dute kalitateko zerbitzu publikoak izatea eta giza baliabideen kudeaketa eraginkorra bateragarriak direla langileen laneko baldintzen hobekuntzarekin.
Sinatzaileek badakite Administrazioa modernizatzeko prozesua bultzatu behar dela eta hor ezinbestekoa dela sindikatuen zeregina, administrazioaren zerbitzuko langileen berezko ordezkariak direnez gero.
Uharteko Udalak eta sindikatuek uste dute modernizazioa emeki-emeki egin behar dela, esparru guztietan, kemenez egin beharrekoa. Kudeatu, eskumenak eta erantzukizunak banatu, eginkizunen emaitzak neurtu eta ekoizpen-tasa handitzeko sistema eta teknika berriak behar ditu, espezializazioaren bidez. Lanpostu bakoitzari eskumen zehatz batzuk dagozkio, plantilla organikoan adierazi behar direnak. Horren guztiaren ondorioz, administrazioko langileen irudia hobetu eta duintzen da.
Bi aldeek uste dute jarduketa horiek, profesionaltasunetik eta kudeaketatik begiratuta, solaskide sozialen lankidetzan eta elkarren arteko konfiantzan oinarritu behar direla, zein bere eremuan, eta prozesuari urtebetetik gorako epea eman behar zaiola.
Genero-berdintasuna.
Emakumeen eta gizonen arteko tratu berdina eta aukeren berdintasuna da akordio honen printzipio gidarietako bat, oinarrizko tresna dena enpleguan generoa dela-eta diskriminazio zuzena eta zeharkakoa ezabatzeko, sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren kontra egiteko eta lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzeko.
Emakumeen eta gizonen arteko tratu berdinak berarekin dakar sexuagatiko inolako diskriminaziorik ez izatea, diskriminazio hori zuzenekoa nahiz zeharkakoa izan, eta, bereziki, amatasun-egoeraren, familia-betebeharrak hartzearen eta egoera zibilaren ondoriozko diskriminaziorik ez izatea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 3. artikulua).
Sexuagatiko zuzeneko diskriminazioa honako hau da: antzeko egoera batean, sexuaren ondorioz pertsona batek, beste batekin alderatuta, tratu ez hain ona izatea, orain, iraganean edo etorkizunean aukera hori izatea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 6.1 artikulua).
Sexuagatiko zeharkako diskriminazioa honako hau da: itxuraz neutroa den xedapen, irizpide edo praktika batek sexu bateko pertsonentzat desabantaila zehatz bat ekartzea beste sexuko pertsonen aldean, salbu xedapen, irizpide edo praktika horiek modu objektiboan justifikatzen badira xede legitimo batekin, betiere xede horiek lortzeko bideak beharrezkoak eta egokiak badira. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 6.2 eta 6.3 artikuluak).
Sexuagatiko jazarpena honako hau da: pertsona baten sexua dela-eta haren duintasuna gutxiesteko eta giro beldur eragilea, degradatzailea eta iraingarria sortzeko asmoz egiten den jokabide oro. Sexuagatiko bereizkeriatzat hartuko da, halaber, eskubide bat edo eskubide baterako espektatiba sexu jazarpen edo sexuagatiko jazarpen egoera bat onartzearekin baldintzatzea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 7.2, 7.3 eta 7.4 artikuluak).
Sexu jazarpena honako hau da: pertsona baten duintasunaren aurka egiteko asmoa edo ondorio hori duen edozein sexu jokaera, hitzezkoa nahiz fisikoa, batez ere giro beldur eragilea, degradatzailea edo iraingarria sortzen badu. Sexuagatiko bereizkeriatzat hartuko da, halaber, eskubide bat edo eskubide baterako espektatiba sexu jazarpen edo sexuagatiko jazarpen egoera bat onartzearekin baldintzatzea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 7.1, 7.3 eta 7.4 artikuluak).
Lana eta familiako bizitza bateratzea: familiako arrazoiak direla-eta baimenak emateko sistemak ezartzea, baita guraso baimenak eta haurrei eta adinekoei arreta ematekoak ere, eta lan ingurunean egitura eta antolaketa bat sortzea gizonek eta emakumeek errazagoa izan dezaten lana eta etxeko nahiz familiako ardurak bateratzea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko terminoen glosarioa. Europako Batzordea).
Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko benetako berdintasuna lortu nahian, garrantzitsua da emakumezkoak subjektu aktibotzat hartzea gizartean; hartara, gizartean parte hartzen dutela eta haren zati direla ahaztuta ez dira mespretxatu edo desagerrarazi behar eguneroko mintzairan. Hori oinarritzat hartuta eta erabili beharreko idatzizko eta ahozko mintzairari dagokionez, akordio honek eta Udalaren eta sindikatuen ordezkarien artean dauden lan harreman guztiek mintzaira inklusiboa eta ez-sexista erabiliko dute.
Inguruabar horiek guztiak kontuan harturik, bi aldeek sinatu dute hitzarmen hau:
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Akordio honen xedea da harreman juridiko laboralen arabera Uharteko Udalean, Musika Patronatuan eta Kirol Patronatuan ari diren lan-kontratudun finkoen, aldi baterako zein finko, kontratudun administratiboen eta beste edozein langileren lan baldintzak arautzea.
Kontratu izaera duenez, betebeharrak eta eskubideak dakartza aplikazio esparru osoan.
Akordio honek berariaz uzten ditu indarrik gabe, eta, hortaz, ondoriorik gabe ere bai, kasuan-kasuan aplikatu ziren aurreko hitzarmen guztiak.
2012ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31ra bitarte izanen du indarra. Indarraldia bukatu aurreko hiru hilabeteetan espresuki haren bukaera iragarri ezik, hurrengo urteetarako luzatu eginen da. Betiere, hurrengo hitzarmena izenpetu arte indarrean iraunen du.
Hitzarmena salaturik, bere klausula arauemaileek eta betebeharren klausulek (bake-betebeharra izan ezik) indarrean jarraituko dute eta erabat aplikagarriak izanen dira hurrengo hitzarmenak ordeztu arte.
Hitzarmena salatzen denetik hogei hilabete igaro badira eta alderdiek ez badute akordiorik lortu gaur egungo hitzarmena ordezten duen hitzarmenaren negoziazioan, indarreko araudian aurreikusitako bitartekaritza edo arbitraje prozedurara joaten diren adostuko dute. Betiere, hitzarmen honek indarrean jarraituko du hurrengo hitzarmena adostu arte.
Aldeek onesten dutenean hartuko du indarra akordioak, eta 2012ko urtarrilaren 1etik ondorio ekonomikoak izanen ditu.
Akordio honetan aipatzen ez den guztian, Nafarroako Gobernuak eta bere lan-kontratudunek izenpeturiko hitzarmenean, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginean, Nafarroako Gobernuak eta bere funtzionarioek izenpeturiko akordioan, Langileen Estatutuan eta aplikatzekoak diren beste orotariko arauetan xedaturikoa izanen da arau.
Izenpeturiko baldintzen edozein aldaketa langileen ordezkarien adostasunaz egin beharko da.
Aurrekoa gorabehera, hitzarmen honetan jasotako alderdi partzial eta zehatzak berariaz negoziatzen ahalko dira alde batek hala eskatzen duenean eta udalez gaindiko arauak aplikatu behar diren guztietan, aldaketek hobekuntzarik badakarte langileentzat.
2. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lana antolatu eta zuzentzea administrazioen organo eta zuzendaritza talde eskudunei dagokie.
Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ordezkari sindikalek eskubidea dute lan baldintzak ezartzeko erabiltzen diren prozeduretan parte hartzeko, indarra duten xedapenen arabera eta laneko araudiak enpresa batzordeei, langile batzordeei eta langileen ordezkariei gai honetan aitortzen dizkien eskumenei dagokienez.
3. artikulua. Lanaldia.
Nafarroako Gobernuak finkatuko du lanaldia. Oro har, 1.592 ordukoa izanen da urtean. Lanaldi zatituan, igande eta jaiegunetan barne, lan egiten dutenek eta goiz eta arratsaldez, jaiegunetan barne, lan egiten dutenek 1.554 ordu eginen dituzte; gaueko txanda finkoak egiten dituztenek 1.535 ordu eginen dituzte; eta goiz, arratsalde eta gaueko txandetan ari direnek 1.457 ordu izanen dituzte.
Nafarroako Gobernuak hitzarmen honetan adierazten den urteko lanordu kopurua baino txikiagoa ezarriko balu Nafarroako Administrazio Publikoetako langileentzat, automatikoki aplikatuko litzaieke kopuru bera Uharteko Udaleko administrazio-kontratudunei eta lan-kontratudunei.
a) Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da. Nahitaezkoa izanen da 7:50etik 14:50era bitarte aritzea, eta gainerako 20 minutuak betetzeko aukera malgua utziko da (zerbitzu bakoitzean modu bateratuan), langilearen esku, 7:30tik 7:50era bitarte eta 14:50etik 15:10era bitarte.
b) Aurreko lerroaldean aipatzen den lanaldi banaketa familia eta lana bat etorrarazteko lanaldi mota bereziren bat hartua daukaten langileei ez zaie aplikatuko, ez eta ordu-konpentsazioa dutenei ere. Horiek, betiere, beren lan egutegi espezifikoa bete beharko dute. Egutegi horrek langile guztiendako ezarririko lanaldiaren urteko lanordu kopurua bete beharko du. Batzorde Paritarioko negoziazio mahaia osatzen duten langileen ordezkariekin negoziatuko da aldez aurretik.
Ikastetxeetan lan egiten duten langileen kasuan, beren ordutegia ikastetxeko irakastorduetara egokituko da.
c) Aurreko lerroaldeetan aipatzen den lanaldi banaketa ez zaio aplikatuko Albienteen Zerbitzuari, akordio honen I. eranskinean ezarritakoak arautuko baitu, ez eta Musika Eskolako langileei edo eskolazainei ere, II. eta III. eranskinetan hurrenez hurren ezarritakoak arautuko baitu horien lanaldi banaketa.
d) Hitzarmen kolektibo honetan aipatzen den jai-egutegia urtero zehaztuko da, Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko langileendako finkatzen duenarekin bat, Uharteko festak kontuan hartuz. Hona hemen festa egun horiek:
–Herriko festak: (7) jaietako lehen bost egunak, gehi jaietako bigarren asteburuari dagozkion bi egunak.
–San Juan eguna: abenduaren 27a.
e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileek Iruñetik kanpo egiten badute lan, jaietako bezpera jaieguntzat hartuko da 12:00etatik aurrera. Uharteko kasuan, bezpera beti larunbata denez, hiru ordu horiek beste egun batzuetan finkatuko dira urteko egutegia egitean, aldez aurretik langileen ordezkariei galdetuta.
f) Larunbatak ez dira laneguntzat joko, oporrak, lizentziak eta abar zenbatzeko, eta jaieguntzat joko dira, ohiko lanaldiaren barnean horietan lan egiten bada. Kasu horretan, bidezko ordainak aplikatzeko zenbatuko dira.
g) Orain ezarririk dauden ordutegi, lan txanda, egutegi eta oporrak betiere langileen ordezkariei entzun ondoren aldatuko dira. Arrazoiak eman beharko dira horretarako.
4. artikulua. Oporrak.
Oporrak urtero onartzen den lan egutegian finkatuko dira, Nafarroako Gobernuaren araudia aintzat hartuta, eta urte natural bakoitzaren barnean hartu beharko dira. Opor egun horiek hartzeko epea gehienez ere hurrengo urteko urtarrilaren 15era arte luzatzen ahalko da, langilearen hautura.
Zerbitzu anitzak, albienteak eta bulegoak saiatuko dira oporraldiak bata bestearen ondoren hartzen, ez batera, langileak ordezteko kontratuak errazago egin daitezen.
Oro har, langile guztiek eskubidea dute erregelamenduz zor zaizkien oporren erdiak gutxienez udan hartzeko (ekainaren 15etik irailaren 15era). Gainerakoa urtean zehar hartuko dute, zerbitzuko beharren arabera.
Ikastetxeetako langileek beren zentroko oporraldiekin batera hartuko dituzte oporrak, behar bezala justifikatutako zerbitzu beharrek kontrakoa agintzen dutenean izan ezik. Musika Patronaturako, ikus hitzarmen honen II. eranskina.
Langile batek, oporretan dagoela, baja hartzen badu, oporraldia eten eta falta zaizkion egunak lizentziaren edo baimenaren ondoren edo alta medikoarekin lanera itzuli ondotik hartuko ditu, opor egun horien urte naturala bukatu bada ere.
Langileak baja izaten badu bere kontuetarako baimen egunak nahiz aparteko orduak egiteagatiko denbora konpentsazioak hartu aurretik, edo data nahiz epe zehatz batean gauzatzekoak ez diren baimen ordainduak edo lizentziak hasi baino lehen, egun horiek gero hartuko dira, langilea bere lanpostura itzultzen denean, urte naturala bukatu bada ere.
Hamabost lanegunetik gorako oporraldiak behin-behineko langileekin beteko dira, zerbitzuaren beharren arabera eta zerbitzuko arduradunak aldez aurretik egindako txosten edo balorazio loteslearekin.
Opor egunak ezin izanen dira diru truke ordaindu, ez osorik ez hein batean, salbu eta enpresa utziz gero edo eszedentzia hartuz gero, opor guztiak hartu ez direnean.
Aurreko atalean xedaturikoaren salbuespen gisa, langileek eskubidea izanen dute oporrak erditze, adopzio edo harreraren ondoriozko lizentzien eta gurasotasun baimenen edo lanaldi osoko edoskitze aldiaren ondoren hartzeko, opor horien urte naturala bukatu bada ere.
Larunbatak ez dira kontatzen oporren barrenean.
Albienteen Zerbitzurako, I. eranskinari jarraituko zaio.
Oporrak idatziz eskatuko dira eta langilea zer arlotakoa den, bertako buruak baimendu beharko ditu, behin zerbitzuko beharrak aseta, eta gerora, Udaleko langileriaren arloko buruak sinatuko ditu. Oporraldiak banatzeko lehentasuna txandaka arautuko da eta langilearen familia erantzukizunak hartuko dira lehentasun irizpidetzat, are gehiago familia gurasobakarren, banandutako edo dibortziatutako pertsonen kasuak. Oporrak eskatu ondoren, eman direla uste izanen da horien ukapenaren berri ematen ez bada horiek eskatzeko eta hurrengo hogei eguneko epean. Ukatzeko ebazpenak arrazoitua izan beharko du beti.
Zerbitzuak uzten badu, baimena emanen da 12 urtetik beherako seme-alabak dituztenek arauzko oporrak eskolako oporrak direnean eskatzeko. Baldintza berberetan, hilabete bat gehiago ere eska dezakete, eta dagokion soldata-murrizketa aplikatuko zaie.
5. artikulua. Baimenak eta lizentziak.
Langileek, aldez aurretik abisatu eta justifikatuta, kasua bada, baimena dute lanera ez agertzeko, ondorengo artikuluetan aurreikusitako denboretan eta kasuetan. Artikulu honek aipatzen dituen baimenak eskuratu nahi dituzten langileek haiek eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzeari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkiote organo eskudunari.
1.–Ordaindutako baimenak.
1.1.–Ordaindutako baimenak emanen dira justifikatutako ondoko arrazoiengatik:
a) Seme edo alaba baten jaiotza, adopzioa edo harrera (amatasun lizentziarekin bateragarriak direnak): lau aste, eta jaiotza multiplea izanez gero, astebete gehiago haur bakoitzeko, bigarrenetik aurrera.
b) Ezkontidearen, bizikidearen eta lehen mailako odol bidezko ahaideen heriotza: lau egun, Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bost egun Nafarroatik kanpora izanez gero.
Lehen mailako ezkontza bidezko ahaideen eta anai-arreben heriotza: hiru egun, Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta lau egun Nafarroatik kanpora izanez gero.
Bigarren mailako odol bidezko ahaideen edo norberaren aiton-amonen heriotza: bi egun.
c) Ezkontidea edo bizikidea eta lehen mailako odol edo ezkontza bidezko ahaideak ospitaleratzea bost egunean, gutxienez, edo sendagilearen irizpenaren arabera gaixotasuna larria edo oso larria izanez gero (ospitaleratzearekin nahiz gabe): lau egun, Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bost egun, Nafarroatik kanpo izanez gero.
Anai-arrebak ospitaleratzea bost egunean, gutxienez, edo sendagilearen irizpenaren arabera gaixotasuna larria edo oso larria izanez gero (ospitaleratzearekin nahiz gabe): hiru egun, Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta lau egun, Nafarroatik kanpo izanez gero.
Bigarren mailako odol bidezko ahaideen ospitalizazioa, baldin eta ospitalizazioak bost egun baino gehiago irauten badu edo sendagilearen irizpena eritasun larri edo oso larriarena bada (ospitaleratzearekin nahiz gabe): bi egun.
d) Lehenengo lerroaldeko b) eta c) ataletan aipatutako arrazoi berberengatik, bigarren mailako odol bidezko ahaideen kasuetan sartzen ez diren ahaideei eragiten dienean: egun bat, Foru Komunitatean gertatzen denean eta bi egun, Nafarroatik kanpo izanez gero.
e) Iraupen laburragoko ospitaleratzeen kasuan, edo irizpen medikoa pronostiko erreserbatuarena edo ez horren larriarena baldin bada, ordaindutako baimena egun batekoa izanen da, Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bi egunekoa, Nafarroatik kanpo izanez gero.
f) Aurreko ataletan aurreikusitako gaixotasun edo ospitaleratzeen kasuan, ordaindutako baimeneko lan egunak, gertakaria hasi zen eguna kontuan hartuta, gertakariak irauten duen guztian erabiltzen ahalko dira, baldin eta hori zerbitzuaren betebeharrekin bateragarria bada.
c), d) eta e) ataletan araututako baimena hartzeko, f) atalean ezarritako arauei jarraituko zaie, ahaideak gaixotzeagatik edo ospitaleratzeagatik denean. Ahaideen heriotzagatik denean, baimena heriotzaren egunean emanen da, edo, enplegatuarentzat laneguna ez bada, hurrengo egun naturalean.
Ahaideen gaixotasunagatik edo heriotzagatik aurreko artikuluetan ezarritako baimen ordainduen kasu guztietan, enplegatuak lan egin badu baimenaren lehendabiziko egunean, egun osoan zein zati batean, lan egindako aldia baimena bukatu ondoren hartuko da.
g) Bi eguneko baimen ordaindua emanen da ezkontideari, bizikideari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia handi anbulatorioko ebakuntzaren bat egin behar izanez gero. Ondorio horietarako, kirurgia handi anbulatoriotzat hartuko dira gaixoak ebakuntzaren egun berean etxera itzultzen direneko prozedura kirurgikoak, kontuan hartu gabe aplikatu zaien anestesia eta denbora tarte bat iraganik.
h) Aldairagatik: egun bat.
i) Hamabi hilabete baino gutxiagoko haurra duten langileek eskubidea izanen dute egunean ordubetez lantokitik lekutzeko. Denbora horren ordez hiru ordu laurdeneko bi zatiki hartzen ahalko dira. Aldi berean, orduak metatzen ahalko dira, amatasun lizentziaren ondoren hartzeko.
Aurreko lerroaldeko baimenaz ezin izanen dira baliatu honako hauek:
Edozein langile, haren ezkontideak xede bererako baimena lortu badu.
–Gizonezko langilea, baldin eta haren ezkontidea bere kontura nahiz besteren kontura lan jarduerarik ez badu, salbu ama eri egonik, semea/alaba zaintzea ezinezkoa bazaio.
1.2.–Baimen ordainduak eman beharko dira, saihestu ezin daitekeen betebehar publiko edo pertsonal bat betetzeko behar den denboran, bai eta eginkizun sindikaletan, prestakuntza sindikalean edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko ere, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bateginaren 82.9 artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe.
1.3.–Urtean zehar, langileek eskubidea izanen dute beren aferetarako gehienez ere hiru baimen egun, ordainduak, hartzeko, aurreko artikuluetan ezarritakoez aparte. Egun horiek ezin izanen zaizkie batu inolaz ere urteko opor ordainduei.
1.4.–Langile haurdunek eskubidea dute lanetik alde egiteko, ordainsaria izateko eskubidearekin, jaioaurreko azterketak eta erditzearen prestaketa teknikak egiteko. Horretarako, aldez aurretik organo eskudunari abisatu egin behar zaio.
1.5.–Odol emaileek, odola eman behar duten egunean, horretarako behar den denbora izanen dute, betiere, aldez aurretik jakinarazita.
2.–Ordaindutako lizentziak.
a) Baimen ordaindua izateko eskubidea izanen da azken azterketak eta hein bateko proba liberatzaileak egiteko. Deialdian aipatzen den ordua baino zortzi ordu lehenagotik emanen da lizentzia. Zentro ofizialetako behin betiko gaitasun probak eta ebaluazioak egiteko ere izanen dute baimen ordainduetarako eskubidea.
Azterketetarako baimen ordainduetan, enplegatuak garaiz eginen du eskaera eta behar bezala frogatu beharko du matrikula egina duela eta probetara joaten dela.
Udalak, Patronatuak edo Uharteko eta Esteribarko Zerbitzuen Mankomunitateak antolaturiko azterketa edo ikastaroak egiteko, langileek behar duten denborarako eskubidea izanen dute.
Azterketak enplegatuaren laneko egoitzaz bestelako toki batean eginez gero, joan-etorrirako baimena hartzeko eskubidea izanen du. Kasu horretan, bidaiari azterketara edo ikastarora deialdiaren orduan ailegatzeko moduan behar den gutxieneko denborarekin ekinen zaio.
b) Ezkontzeagatik edo bikote egonkorrean izateagatik, langileek 15 egun naturaleko lizentzia ordaindua hartzeko eskubidea dute, eta opor egunekin eta norberaren kontuetarako egunekin bateratzen ahal da. Ezkontza edo bikote egonkorra justifikatzeko, familia liburua edo Erregistro Zibileko nahiz Batasun Zibilen Udal Erregistroko ziurtagiria aurkeztuko zaio dagokion departamentuari.
c) Norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentziak ematen ahalko zaizkie langile finkoei; haien iraupenak ez du inoiz ere ondokoa gaindituko: bi urtetik behin, sei hilabete.
d) Era berean, aipatu baimena ematen ahal zaie langile finkoei Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatzen dituen eta funtzio publikoan sartzeko hautapen prozeduretan sartzen diren oinarrizko prestakuntza ikastaroetara joateko. Baimen horiek ez dira kontuan hartuko aurreko atalean ezarritako denbora mugaren ondorioetarako, eta eskaera ikasturtea hasi aurretik eginez emanen dira, oinarrizko prestakuntza ikastaro horiek egiteko behar den denboran.
e) Hitzarmen honen aplikazio eremuko langileek eskubidea izanen dute, erdituz gero edo haur bat seme-alabatzat hartuz gero, lizentzia hartzeko. Lan arloko legeetan zehaztuko dira lizentzia horren baldintzak, arau horietantxe zehaztuko baita hartu beharreko laguntzaren zenbatekoa. Hurrengo aldea zehaztuko da:
Amatasun-lizentzia: amatasun edo adopzio lizentzia 19 astez luzatzea, gehi lau aste gehiago, erditzea multiplea bada.
Hitzarmen honetan araututakoa galarazi gabe, ama edo aita bihurtzeagatik eta familia zaintzeagatik ematen diren lizentzia eta baimenei dagokienez, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenei buruzko Erregelamenduan ezarririkoa izanen da aplikatzekoa.
f) Erditu baino lehenagoko kontsulta, tratamendu, esplorazio mediko eta prestakuntza klaseetara joateko lizentzia ordainduak emanen dira, baita ezkontide edo bizikideari laguntzeko ere, bikotekideari edo guraso eta seme-alabei, betiere langiletik aparte inork ezin lagundu badie. Iruñerrian izanez gero, behar den denbora izanen da. Iruñerritik kanpo izanez gero, egun oso bat izanen da. Kasu guztietan, ziurtagiri medikoa beharko da.
g) Senar-emazteei dagozkien eskubideak izatezko bikoteei edo bizikideei berdin-berdin dagozkie, sexu orientazioa aintzakotzat hartu gabe.
h) Udaleko langileak, Europako Parlamentuko kide izateko, Gorte Nagusietako diputatu edo senatari karguetarako, Nafarroako Parlamentuko kide izateko edo beste edozein autonomia erkidegotako legebiltzarreko kide izateko eta udalbatzetako kide izateko hauteskundeetan hautagai aurkezten direnak zerbitzua ematetik libratu ahal izanen dira hauteskunde kanpainak irauten duen guztian, behar den baimen ordainduaren bitartez; betiere, interesdunak eskaria egin beharko du.
i) Urritu fisikoak nahiz psikikoak beren kargura dituzten langileek eskubidea izanen dute urrituak adingabeak diren bitartean edo beste kasu berezietan behar duten denborarako kontratu etenaldia nahiz baimen ordaindugabeko bat izateko. Etenaldia edo lizentziaren denbora ez da kontuan hartuko ez antzinatasunerako, ezta beste edozein ondoriotarako ere. Etenaldia edo lizentzia amaituta, jatorrizko Administraziora itzultzeko eskubidea izanen dute eszedentzia berezietarako ezarritako baldintza beretan. Araudi horrek erregulatuko ditu atal honek aipatzen ez dituen egoerak.
6. artikulua. Eszedentziak.
1.–Borondatezko eszedentzia.
Borondatezko eszedentzia deklaratzea, langile finko batek eskatuta, bidezkoa izanen da ondoko kasuetan:
a) Administrazio publikoetako kidego edo maila bateko jardun egoerara pasatzeko edo eskatzailea zein administraziotan ari eta hori ez beste administrazio baten menpekoak diren erakunde autonomo edota nortasun juridiko berezia duten entitateetara joateko.
Gainera, aurreko lanpostuan borondatezko eszedentzia eman dakieke administrazio publiko berean, talde berean edo beste batean, beste lanpostu batera aldatutako langile finkoei, unitate organikoetako burutzak edo zuzendaritzak salbuetsita.
b) Alderdi politikoetan, sindikatuetan edo erakunde profesionaletan zuzendaritza karguak betetzeagatik, baldin eta funtzio publikoan aritzearekin edo norbere Administrazioaren zerbitzuko langile finko gisa aritzearekin bateraezina bada.
c) Langilearen interes partikularrengatik, jatorrizko lanpostua lehenbiziko urte eta erdiaz gordeta, zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute eta interesdunak egiaztatzen baldin badu eskaera egin aurreko urtean, gutxienez, jardunean edo horren antzeko lan egoera batean aritu dela. Egiaztatutako arrazoiak salbu, pertsona bat kontratatuko da eszedentziak betetzeko.
Eszedentzia eskarietan baloratuko da eskatzen direnek eragin sakonik ote duten lan arloren batean; haiek ematea gehienez ere hilabetez atzeratuko da.
Borondatezko eszedentziak ez du denbora mugarik izanen, hura ematen den kasu guztietan.
Behar bezala justifikaturiko kasuetan izan ezik, borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izanen dute jardunera itzultzeko eskatu egoera horretan urte bat bete arte. Itzultzea erabaki ondoren, hilabeteko epean gauzatu behar da. Hala egiten ez bada, langileak galdu eginen du langile izaera.
Borondatezko eszedentzian dauden langile finkoek gorde eginen dituzte lehendik dituzten maila, gradua eta antzinatasuna, baina ez dute soldatarik jasoko eta egoera horretan emandako denbora ez zaie inolako ondoriotarako kontuan hartuko.
2.–Eszedentzia berezia.
Langileek eskubidea dute sei urteko eszedentzia hartzeko, gehienez, seme-alaba bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatua izan, edo etxean hartua, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko harrera-fasean. Urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.
Eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat –odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa– zaindu behar duten langileek. Gehienez ere hiru urtekoa izanen da.
Atal honetan ezartzen den eszedentzia langile bakoitzaren eskubidea da, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Halako pertsona jakin bat zaintzeko eskubidea bi langilek edo gehiagok izaten badute, entitateak aukera izanen du aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzeko, Udalaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago.
Beste subjektu eragile batek beste eszedentzialdi bat izateko eskubidea sortzen duenean, hori hastearekin bukatuko da ordura artekoa, halakorik izanez gero.
Kasu guztietan, eszedentzia berezia emateko, langileak deklaratu beharko du bitartean ez duela beste jarduera profesionalik edo lanik egin behar.
Eszedentzia berezian dauden langileek jatorrizko lanpostua gordetzeko eskubidea izanen dute, baina ez dute eskubide ekonomikorik sortuko. Dena den, antzinatasunaren ondorioetarako, egoera horretan ematen duten aldi osoa aintzat hartuko zaie. Halaber, langileak eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko, Udalak edo Patronatuek deituta, batez ere lanera itzuli behar duenean. Eskubide pasiboen ondorioetarako, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean eta xedapen osagarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.
7. artikulua. Lanaldiaren eta soldataren murrizketa.
Lanaldia murrizteko baimena emateko (lanaldiaren zortziren bat, gutxienez, eta erdia, gehienez, dagokien murrizketa proportzionalarekin), ondoko arauei lotuko zaie:
1.–Lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute Uharteko Udaleko eta haren patronatuetako langileek, behar bezala justifikatuta, inguruabar hauetako batean daudenean:
a) Legezko zaintza dela-eta, langileek beren ardurapean 12 urtetik beherako haur bat badute edo legez onartutako desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenetakoa duen pertsona bat, ordaindutako lanik egiten ez duena.
b) Enplegatuaren ezkontideak edo bizikideak edo odol edo ezkontza bidezko lehen graduko ahaideren batek desgaitasunen bat badu. Halaber, langileak eritasun kronikoren edo desgaitasunen bat duen pertsona adindua zaintzen badu (odol edo ezkontza bidezko bigarren familiako gradura bitarteko ahaideak).
c) Genero indarkeriaren biktima izan diren emakumezko langileak, egiaz babestuak izan daitezen edota gizarte laguntza osoa izan dezaten, eskubidea izanen dute lanaldia murrizteko, beharrezkoa izanez gero.
2.–Halaber, zerbitzuaren beharrek bide emanez gero, lanaldi murriztua ondoko langileek hartzen ahalko dute:
a) 50 urte edo gehiago dituzten langileak, zerbitzuaren beharren arabera eta zerbitzuko arduradunak aldez aurretik egindako txosten edo balorazioarekin.
b) Langileak lanerako aldi baterako ezintasunik edo ezintasun iraunkorrik sor ez dezakeen eritasuna badu, laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuak hari buruz emandako txostenaren arabera.
c) Legezko zaintza dela-eta, 12 eta 16 urte bitarteko adingabe bat euren kargura duten langileak.
d) Langilearen beraren interesagatik, betiere ez badu zailtasunik sortzen zerbitzuen jardunean.
Lanaldia laburtzeko kasu honetan eta haren balizko luzapenetan ez da inolaz ere baimenduko emandako denbora epea baino lehenago bukatzea, non ez duen langileak amatasunagatik ordaindutako baimena hasten edo ez zaion zerbitzu aktibokoa ez bezalako administrazio egoera aitortzen.
3.–Eskubide horretaz bi ezkontideetako bat baizik ezin izanen da baliatu.
4.–Lanaldi murrizketa lortzen duten langileak denbora tarte horretan ezin izanen dira beste ezein lanbide jarduera edo lanpostu ordaindutan aritu.
5.–Organo eskudunak ebatziko du lanaldi murrizketa, interesdunak eskatuta, eta harekin batera familia-liburuaren edo eskaera arrazoitzen duen ziurtagiri ofizialen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.
6.–Lanaldi murrizketa sei hilabeterako izanen da gutxienez, eskaera arrazoitu duen zioa epe laburragoan bukatzen ez bada.
7.–Oro har, lanaldi murrizketa egunerokoa izan beharko da eta langileak duen ordutegiaren hasierako edo bukaerako orduetan, zerbitzuaren beharrizanekin bat etorriz (legezko zaintza salbuespena izanen da; kasu horietan ordutegi hori aldatzen ahalko da). Bestela, murrizketa hori lanaldi osotan pilatzen ahalko du.
8.–Lanaldi murrizketak berarekin dakar langilearen ordainsari guztien murrizketa proportzionala egitea, familiarako laguntzarena salbu.
9.–Era berean, kotizazio sozialak eta dagozkien deskontuak lanaldi murriztuari dagozkion ordainsarien arabera kalkulatuko dira, 2.a) atalekoa salbu.
10.–Lanaldia murrizteko epea bukatu baino hilabete lehenago luzapena eskatzen ahal da, betiere, murrizketa emateko inguruabarrek badiraute.
Lanaldiaren gainerako denbora beste kontratazio batez ordeztuko da, egoerak dirauen bitartean.
8. artikulua. Genero indarkeriaren biktimak.
Genero indarkeriaren biktima den langileak eskubidea izanen du bere lanaldia murrizteko edo berrantolatzeko, lanpostua gorderik lan harremana eteteko eta lan-kontratua amaitzeko, Langileen Estatutuan ezarri bezala.
Genero indarkeriatik ondorioztatutako egoera fisikoak edo psikologikoak direla-eta lanera ez joatea edo berandu heltzea justifikatutzat joko dira, laguntzarako gizarte zerbitzuek edo osasun zerbitzuek (egokia denaren arabera) hori zehazten dutenean, nahiz eta langileak horien berri eman beharko dion enpresari, ahal bezain laster.
Eskubide horiek onartzea dakarren indarkeria egoera biktimaren aldeko babes aginduaren bidez egiaztatuko da.
Genero indarkeriaren biktimentzako eszedentzia berria, lehenbiziko sei hilabeteetan lanpostua gorde eta lehen bi hilabeteetako ordainsari osoak jasotzeko eskubidearekin. Eszedentzia amaituta, jatorrizko Administraziora itzultzeko eskubidea izanen dute eszedentzia berezietarako ezarritako baldintza beretan. Araudi horrek erregulatuko ditu atal honek aipatzen ez dituen egoerak.
9. artikulua. Gidabaimena berritzea.
Lanpostu bat eskuratzeko edozein gidabaimen eskatu bada, berritzearen gastuak pagatuko dira. Era berean, zerbitzuaren beharrizanak direla-eta hori erabiltzea onartu dutenek hori kobratzeko eskubidea izanen dute. Erakunde eskudunak ezartzen duen kosturainokoa izanen da laguntza hori, hertsiki harturik, kudeatzaile-komisiorik, errekargurik eta bestelakorik gabe.
10. artikulua. Aseguruak.
1.–Udalean edo patronatuetan sei hileko antzinatasuna duten lan-kontratudun finkoentzat eta aldi baterako lan-kontratudunentzat edo administrazio-kontratudunentzat 40.000 euroko banakako bizi-aseguru bat itunduko da, lan istripuak edo lanbide gaixotasunak ez beste zergatikoek eragindako heriotza eta erabateko ezintasun iraunkorra estaliko duena. Langile guztiei aseguru horren kopia bana emanen zaie.
2.–Udaleko edo patronatuetako administrazio-kontratudunentzat, lan-kontratudun finkoentzat eta aldi baterako lan-kontratudun edo administrazio-kontratudunentzat, istripu aseguruko poliza kolektibo bat hitzartuko da lanorduetan edo “in itinere” gerta daitezkeen istripuetarako, heriotza kasurako 59.100 euroko estaldura izanen duena eta 103.400 eurokoa, aldiz, erabateko ezintasun iraunkor, oso edo partzialerako, baremoaren arabera. Polizaren baldintzen eta estalduraren kopia gaurkotua emanen zaie ordezkari sindikalei.
3.–Udalak edo patronatuek erantzukizun zibileko aseguru gaurkotua izanen dute, administrazio-kontratudunek, lan-kontratudun finkoek eta aldi baterako lan-kontratudunek beren eginkizunen jardunean egin ditzaketen kalteetarako, are delitu nahiz edozein modutako hutsegite deklaratutako egintzen ondoriozkoak badira.
4.–Ondasunen kontra burututako egintza txikiziogile eta terroristek egindako kalteen ordaina. Udaleko langileentzat atentatuaren errebindikazioaren salbuespena ezartzen da, kalte-ordaina jasotzearen ondorioetarako, eta honako prozedura hau ezarri da jarraibidetzat:
a) Kalteak ofizialki salatzea.
b) Kalteen aurrekontua eskatzea.
c) Uharteko Udaleko erregistroan kalte-ordainen eskaera idatzia aurkeztea, salaketarekin eta aurrekontuarekin batera.
d) Kalte horiek langilea Udaleko langilea zelako gertatu izanaren aztarnaren bat izatea.
5.–Ibilgailu guztiak gidaria eta laguntzailea babesten dituzten polizekin aseguratuak egonen dira eta indarra duten legeetan ezarririko moduan ibilgailuen ikuskapen teknikoa gainditu beharko dute. Langileen segurtasuna bermatzeko, segurtasun aktibo eta pasiboko osagarriak (gurpilak, balaztak, gerrikoak eta abar) hertsiki mantenduko dira.
Langileen ordezkariei aseguru gaurkotu guztien kopia bat emanen zaie.
6.–Laneko kontuak direla-eta, bere lanpostutik kanpo joan-etorriak egin behar dituen langileak honako protokolo hau jarrituko du:
a) Lehenbiziko aukera, garraio publikoa erabiltzea izanen da.
b) Horretarako aukerarik ez badago, udal ibilgailuak erabiliko ditu.
c) Hori posiblea ez balitz, taxiaren zerbitzua erabiliko du, langileria arloko buruak aldez aurretik baimena emanda.
Bere ibilgailu propioa erabiltzen badu, inolaz ere derrigorrezkoa izanen ez dena, kilometrajea kobratuko du, 23. artikuluko 19. puntuan ezarritakoaren arabera.
11. artikulua. Osasun azterketa eta osasun prestazioak.
Urtero, langile guztiei osasun azterketa eginen zaie, haiek nahi izanez gero, eta tetanosen, gripearen eta hepatitisaren kontra txertatuko dira.
Azterketa ginekologikoa eginen da lau urtean behin langile finkoentzat eta behin-behineko langileentzat, sei hiletik gorako antzinatasuna badute eta hala eskatzen badute.
Azterketa urologikoa eginen da lau urtean behin langile finkoentzat eta behin-behineko langileentzat, sei hiletik gorako antzinatasuna badute eta 45 urte baino gehiago, hala eskatzen dutenean.
Aldi baterako kontratudunek kontratudun finkoek dituzten osasun prestazio berak izanen dituzte. Batzorde Paritarioak aztertuko du norekin komeni den osasuna zaintzeko zerbitzua eta aurreneurrietarako zerbitzua.
Betaurrekoak apurtzeak (300 euro arte, gehienez ere) eta odontologiak dakartzaten gastuen zenbatekoaren %100 ordainduko zaie langileei (faktura erakutsita eta zerbitzuburuak behar bezala justifikatuta), gastu horiek lanaldian eta lanpostuaren ondorioz edozein inguruabarrek eragiten baditu.
Udalak edo patronatuek kontrataturiko bahituretxea arduratuko da lantokietan botika-ontziak paratzeaz eta aldatzeaz.
1.700 euroko poltsa bat sortuko da Gizarte Segurantzak pagatzen ez dituen errehabilitazio tratamenduetarako laguntzetarako, errehabilitazio horren zuzeneko zergatikoa lan istripu bat edo lanbide gaixotasun bat izanez gero eta medikuaren aginduz egin bada.
12. artikulua. Prestakuntza ikastaroak.
1.–Langileen prestakuntza ahalbidetzeko, udalak edo patronatuek konpromisoa hartzen dute honako neurri hauek hartzeko:
a) Langileei erraztasunak ematea Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta antzeko organoek antolaturiko prestakuntza ikastaroetara joateko.
b) Urtean gehienez ere berrogei orduko baimen ordainduak ematea lanbide prestakuntzako eta hobekuntzako ikastaroetara joateko, haien edukia zuzenean lanpostuari edo langileak udalean edo patronatuetan duen lanbide karrerari lotua bada eta lan orduetan joaten bada.
c) Udal intereserako egokitzapenaren arabera, Udalak proposatuta, langileak aldaketa teknikoetara egokitzeko lanaldiaren barnean zein horretatik kanpo antolatzen diren ikastaroei eta lanbide birmoldaketarako eta hobekuntzarako ikastaroei dagokienez, lanean emandako ordutzat hartuko da langileak ikastaroetan ematen duen denbora, eta zerbitzua dela-eta, egindako gastuengatik erregelamenduz ezarritako kalte-ordainak kobratzeko eskubidea izanen du (kilometrajea, dietak...).
2.–Lanbide hobekuntza eta prestakuntza.
Hitzarmen honen eraginpeko langileei erraztasunak emanen zaizkie titulu profesionalak edo akademikoak eskuratzeko ikasketak egiteko, prestakuntza profesionaleko ikastaroetara joateko, eta lanbide birmoldaketarako eta gaikuntzarako ikastaroak egiteko nahiz lanerako euskara ikasi edo hobetzeko.
Langileriaren arloko buruak eta zerbitzuburuak aztertuko dituzte langileen prestakuntza beharrak. Horiek erabakiko dute bai artikulu honetan sartzen diren ikastaro motak, bai egokitu beharreko ordutegia. Langile bati ikastaro batera joatea ukatzen bazaio, langileen ordezkariei jakinaraziko zaie Batzorde Paritarioa dei dezaten, hark azken erabakia har dezan. Hona, jarraituko diren irizpideak:
a) Ikastaroa udaleko eginkizunak betetzeko nahitaezkoa edo funtsezkoa dela uste bada. Honako hau da irizpidea: langileak ahalegina eginen du eta udalak, ordainetan, gastuekin eta orduekin konpentsatuko du.
b) Ikastaroak edo ikasketak ez badaude zuzenean lotuak langilearen lanpostuarekin, baina bai udalak egiten dituen zereginekin eta lanorduetan bada, udalak gastuen parte bat konpentsatuko du eta emandako denboraren %50, urtean 40 orduko gehieneko zenbatekoarekin.
c) Langileen ezagupenak handitu bai, baina ikastaroek lanpostuarekin zerikusi zuzenik ez badute, ezta udalean edo patronatuetan duen lanbide-karrerarekin ere, udalak gastuen zati bat ordainduko du, eta orduak langilearen kontura izanen dira.
3.–Laguntza ikasketetarako.
a) Udalak edo patronatuek konpromisoa hartzen dute urtero poltsa bat sortzeko, gutxienez ere 4.144 eurokoa, hala eskatzen duten langileei erraztasunak emateko prestakuntza ikastaroetan izena emateko (DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Unibertsitatea eta beste batzuk). Langileek bi eskaera egiten ahal dituzte urtean gehienez.
Laguntzak emateko erabiliko diren irizpideak honako hauek dira:
–Langile finkoek nahiz mugagabeek eskatzen ahalko dituzte laguntzak.
–Laguntzak gainditutako ikasturteko emanen dira; hortaz, aipatu ikasturtea bukatu ondoren eginen da eskaera.
–Ez da laguntzarik emanen aurretik jasotako kontzeptu eta ikasturte beragatik.
Honako zenbateko eta baldintza hauetan banatuko dira laguntzak:
–Hizkuntz eskolako ikasketengatik: matrikularen zenbatekoaren %75. Gehienekoa: 195 euro.
–Erdi mailako ikasketengatik: matrikularen zenbatekoaren %75. Gehienekoa: 195 euro.
–Unibertsitatera sartzeko ikasketengatik: matrikularen zenbatekoaren %75. Gehienekoa: 195 euro.
–Unibertsitateko ikasketengatik: gehienez ere 390 euro lanpostuarekin lotutako ikastaroetarako eta 195 euroko zenbatekoa gainerako ikastaroetarako. Laguntza kalkulatzeko, honako formula hau aplikatuko da: gehieneko zenbatekoa zati ikasturtearen kreditu kopuruaren %75a, eta hortik ateratzen dena izanen da gainditutako kreditu bakoitzeko ordainduko den diru-laguntza. Nolanahi ere, ateratzen den kantitatea ezin izanen da langileak ordaindutako kostua baino handiagoa izan.
b) Eskaerak urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira, behin ikasturtea bukatuta. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
–Zein ikasturterako eskatzen den laguntza, hori ordaindu izanaren egiaztagiria.
–Zein ikasturterako eskatzen den laguntza, hori gainditu izanaren agiria.
–Unibertsitateko ikasketen kasuan, ikasturteak duen kreditu kopurua.
Laguntza ematearen aldeko erabakia hartzen bada, ordainketa urtea bukatu baino lehen eginen da. Mota horretako laguntzak eta titularraren zein bere ezkontidearen lan hitzarmen edo akordioetatik ateratzen diren antzeko laguntzak bateraezinak izanen dira.
c) Urtero ikasketen poltsa horren onuradunen zerrenda sindikatuen ordezkariei emanen zaie.
Udalak konpromisoa hartzen du langileen ordezkariei udal edo patronatuetako lanpostuei loturiko ikastaroei buruzko argibide guztiak langileen ordezkariei emateko.
13. artikulua. Baja istripuagatik edo eritasunagatik.
Lan istripu edo eritasunak sortutako bajen kasuan, langileak istripua gertatutako edo eritasunaren hasierako egunean legokiokeen lansaria jasoko du, gehi urteko lan egutegi onetsian legozkiokeen jaiegunen, gaueko txanden eta guardien %100.
Langilearen aldi baterako ezintasuna eritasun arrunt baten edo lanetik kanpoko istripu baten ondorio baldin bada, ezintasun egoera hasi zenean esleiturik zituen hileroko ordainsari kontzeptuak konputatuko dira, eta, orobat, txandakako lanari dagozkionak, horrelakorik baldin bada. Kontzeptu horiei dagozkien kopuruak batuko dira.
Hamabost lanegunetik gorako edozein baja aldi baterako langileekin beteko da, kasuan kasuko zerbitzuko buruak edo arduradunak aldez aurretik txosten loteslea eginda.
14. artikulua. Lan-osasuna.
Laneko arriskuen prebentziorako araudiaren aplikazio eraginkorra bultzatuko da, arreta honako alderdi hauetan jarriz bereziki:
a) Arriskuen ebaluazioa:
Arriskuen hasierako ebaluazioa eginen da, lanpostuz lanpostu, onetsitako prozeduren eta finkatutako lehentasun hurrenkeraren arabera.
Arriskuak ebaluatu eta emaitzak ikusirik, prebentzio jardueraren plangintza eginen da, neurri zuzentzaileak, prestakuntzakoak eta jarraipen edo kontrolekoak hartuz, detektatzen diren arrisku egoeren aurrean, Administrazio bakoitzeko arduradunek beren gain hartu beharreko planaren edo programaren barnean.
Prebentzio jardueren plangintza behar bezala egite aldera, Administrazioak behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarriko ditu eta diru baliabide egokiak esleituko ditu.
b) Laneko arriskuen prebentziorako lan prozedurak.
Laneko arriskuen prebentzioaren arloan, lan prozedurak ezarri eta eguneratuko dira, arreta honako hauetan jarriz bereziki:
–Kontratak eta azpikontratak.
–Ondasunak eskuratu edo erostea.
–Osasuna zaintzea.
–Laneko istripuak eta lanbide eritasunak.
–Larrialdietarako neurriak eta planak.
–Prestakuntza eta informazioa.
c) Langileen osasuna zaintzea eta kontrolatzea.
Langileei aldian-aldian mediku azterketa eginen zaie, lanpostu bakoitzean izaten ahal diren arriskuen arabera.
d) Beren lanpostuan jarduteko ezintasuna duten langileen birkokapena.
Langile ezinduak lanean aritzeko beste toki batera eramateko prozedurak abian jartzea, Osasun Batzordearen bidez.
Horretarako, erregelamendua aldatu da. Izan ere, beste toki batera joateko aukerak lehentasuna izanen du lanpostu hutsak betetzeko beste edozein prozeduraren gainetik.
Beste toki batera eramateko prozedura horien barruan Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko langileak sartzeko aukera aztertzea, baldin eta ohiko lanpostuan aritzeko baliaezintasun iraunkor osoa aitortu bazaie.
e) Larrialdietarako planak edo neurriak.
Administrazioko lantoki guztietan larrialdietarako planak edo neurriak idatzi eta betearaziko dira, eta behar den tokietan simulazioak eginen dira aldian-aldian.
f) Langileentzako prestakuntza eta informazioa.
Langileentzako prestakuntza eta informazioa bultzatuko dira, prestakuntza teoriko eta praktikoa jaso dezaten, nahikoa eta egokia, beren lanpostuan atzemandako arrisku faktoreak kontrolatzeko hartu beharreko babes eta prebentzioko neurriei buruz.
Prestakuntza emanen da, administrazioan sartzean lehenbizikoz eta aldian-aldian lan baldintzak aldatzen badira ekipo berriak erosi edo teknologia berriak ezarri direlako, eta lanpostuarekin zerikusia duten alderdi guztiak ukituko dira.
g) Segurtasun eta Osasun Batzordeak.
Segurtasun eta Osasun Batzorde bat sortuko da. Prebentzioko ordezkari batek, langileen sindikatuen eta udalak prebentzio lanetarako izendaturiko langilearen ordezkari batek eta udaleko zinegotzi batek osatuko dute.
Prebentzio lanetarako ordezkari eskudunak hileko 10 ordu ordainduko kreditua izanen du, eginkizun horiek garatzeko. Ordezkari sindikala bada, ordu horiek norberaren orduei gehituko zaizkie.
2.–Segurtasun arroparen edo norberaren babeseko ekipoen poltsa bat, beste inori ezin emanezkoa, udaleko eta haren erakunde autonomoetako langile guztiei bermea emanen diena esleitzen zaizkien lanak egiteko behar dituzten babes osagaiak izateko. Poltsa hori nahitaez erabiltzekoa izanen da.
3.–Zerbitzuburu bakoitzak zainduko du Udaleko Prebentzio Zerbitzuak segurtasun arloan emaniko neurri zuzentzaileak betearazten eta aplikatzen direla eta segurtasun arloko arauak betetzen direla. Horretarako behar den prestakuntza izanen du. Gutxienez ere lan aurriskuen prebentziorako oinarrizko ikastaroa egina izanen du.
4.–Udalak Prebentzio Zerbitzuarekin kontrataturiko ikastaroak xede dituzten langile guztiek nahitaez egin beharko dituzte.
15. artikulua. Aparteko orduak.
Langileen ordezkariek eta Uharteko Udalak eta patronatuek konpromisoa hartzen dute aparteko orduak gutxitzeko. Helburua haiekin bukatzea da.
Halakorik bada, aparteko orduak bakarrik salbuespen gisa eginen dira. Kasuan kasuko zerbitzuaren arduradunak arrazoiak eman beharko ditu idatziz. Langileak ez dira behin ere behartuak egonen urtean 50 aparteko ordu baino gehiago egitera.
Betiere gutxienez ere aparteko bi ordu kontatuko dira.
Diru-ordainen ordez atsedenaldiak ematea izanen da udal edo patronatuen araua, eskatzaileek berek aparteko orduak eskudirutan kobratzea eskatu ezik. Urtean gehienez ere 50 aparteko ordu egiten ahal dira.
Salbuespenezko kasu horietarako arau hauek ematen dira:
a) Lanorduetatik kanpoko larrialdietarako betiere boluntarioak eskatuko dira.
b) Herriko festetan eta iragartzen ahal diren bestelako ekitaldietan, aldi baterako langileen kontratazioak bultzatuko dira edo lan antolaketa aldatuko da, aparteko orduak gutxitzeko. Hautatze irizpideak langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie.
c) Herriko festen egunetan Nafarroako Gobernuko izozte/elurteetako jaiegunetako orduak bezala kobratuko dira aparteko orduak.
Egun horiek jaiegunak bezala ordainduko dira.
d) Urteko beste edozein jaiegunetan edo gaueko orduetan jaiegunetako aparteko bi ordu kobratuko dira gutxienez, eta horri gaueko lanaren konpentsazioa gehituko zaio gaueko ordutegian egiten bada. Langilea guardian dagoelako joaten bada, guardia hori kobratuko du, baina ez du gaueko lanaren konpentsazioa kobratuko.
e) Dirua ordaindu beharrean atsedenaldi bat ematen bada, herriko festetan edo legezko jaiegunetan eginiko ordu bakoitzeko bi orduko atsedena izanen da, salbu eta hiru ordu edo gutxiago direnean, kasu horretan lanaldi erdia hartuko baita.
Laneguna izanez gero, eginiko ordu bakoitzeko ordu bat eta berrogeita bost minutuko atsedena hartzeko eskubidea izanen da.
Langileen Batzordeak, langileen ordezkarien laguntzaz, aparteko orduak kontrolatuko ditu, langile batek ere berrogei aparteko ordu baino gehiago ez egiteko moduan, erregelamenduak ezarri bezala.
Aparteko orduak ordaintzeko emaniko atsedenaldia hurrengo lau hilabeteetan hartu beharko da.
Gainera, langileen ordezkariei zerbitzu bakoitzean eginiko aparteko orduen berri emanen zaie hilero.
Lanaldia luzatzen bada, denbora hori minututan konputatuko da eta honela konpentsatuko da: lehen minututik 30. minutura, bi minututan konputatuko da minutu bakoitza. 31. minututik aurrera, minutu bakoitza honela konputatuko da: minutu bat eta 45 segundo.
f) Ohiko lanaldiaz kanpo egiten diren ehorzketak honelaxe pagatuko dira:
–Larunbatean, 15:00ak baino lehen, edo lanegunetan 15:00etatik aurrera, eginiko ehorzketa bakoitzagatik langileei (maila gorabehera) Nafarroako Gobernuaren soldaten tauletan ezarritako ordainsariak ordainduko zaizkie: izozte/elurteetako jaiegunetako 2 aparteko ordu, E mailakoak.
–Larunbatetan, 15:00etatik aurrera, igandeetan edo jaiegunetan eginiko ehorzketa bakoitza: aurreko puntuan ezarritakoaren bikoitza ordainduko da. Bilagailua aldean dela egin beharreko guardia lokalizatuak ezarriko dira, ostiralean 15:00etatik 21:00etara eta larunbatetan 9:00etatik 20:00etara; eta jaiegunen bezperetako igandeetan 9:00etatik 20:00etara.
Ehorzketa bakoitzera gutxienez ere udaleko bi langilek joan beharko dute.
g) Babes zibileko alertetan (elurteetan, uholdeetan eta abarretan) bertan egon beharreko guardia zerbitzuak Nafarroako Gobernuko lansarietan izozte/elurteetako aparteko ordu gisa ezarririkoaren arabera pagatuko dira.
h) Albienteen Zerbitzuari I. eranskinean ezarritakoa aplikatuko zaio.
16. artikulua. Langileak Uharteko Udaleko Administrazioan sartzea, mailaz igotzea eta mugitzea.
Udalaren premia eta zerbitzu iraunkorrei dagozkien lanpostuak langile finkoen edo aldizkako langile finkoen bitartez beteko dira, kasu orotan, Udal Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egonkortasuna bermatzeko.
Uharteko Udalaren zerbitzuko langileak, sartzeko eskatzen zaien titulazioaren eta euren eginkizunen arabera, ondorengo maila edo taldeetan sartuko dira:
–A maila: talde honetako langileen eginkizunak zuzendaritzakoak edo profesionalak izanen dira eta horretarako doktore, lizentziadun, arkitekto edo ingeniari titulu unibertsitarioak beharko dituzte.
–B maila: maila honetako langileak, unibertsitateko diplomadun, ingeniari tekniko, arkitekto tekniko edo Lanbide Heziketako hirugarren mailako tituluen jabe izanen direnak, A mailako eginkizunetan laguntza eta sostengu lanetan arituko dira, bai eta euren titulazioari dagozkion lan profesionaletan ere.
–C maila: talde honetako langileak exekuzio lanetan arituko dira eta titulu hauen jabe izanen dira: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea.
–D maila: maila honetako langileak laguntza lanetan edo antzekoetan arituko dira eta titulu hauen jabe izanen dira: Eskola Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea.
–E maila: talde honetako langileak menpeko laguntza lanetan arituko dira eta titulu hauen jabe izanen dira: Eskola Ziurtagiria edo baliokidea.
Desgaitasuna dutenentzako lanpostuak sortzeko aukera kontuan hartuko da, lanpostuaren ezaugarriek horretarako bide ematen badute, udalean diharduten langile finkoen %5 desgaitasuna dutenak izan daitezen.
1.–Hitzarmen kolektibo honetan langileak mailaz igotzeko ezartzen den araubidea antolaketaren garapenak behar duen langileen gaitasunarekin bat dator eta haren oinarriak langile talde bakoitzaren gaitasuna eta praktika eta diharduten lanpostura egokitzea izanen dira.
Burutzak esleitzeko sistema objektiboagoa ezarriko da, merezimendu lehiaketaren bidez.
2.–Mailaz igotzea da lan-kontratudun finkoen kategoria aldatzea, maila batetik goragokoa den hurrengora.
3.–Udalaren barneko mugigarritasun funtzionala izateko eskubideak ez du beste mugarik izanen lan horietarako behar diren ikasketen edo lanbide tituluek eskatzen dutena eta lanbide maila edo talde batekoa izatea baizik. Lanpostuetarako edozein deialdi egin baino lehen, egungo langileen barne mugikortasuna agortuko da, lekualdatze lehiaketen bidez.
Bete beharreko lanposturik bada, jendaurrean eskaini aitzin, langile finkoei idatziz jakinaraziko zaie, horretarako ematen den epean, adieraz dezaten lanpostu horiek lekualdatze bidez aukeratu nahi dituztenetz. Ezer esan ezik ulertuko da ez dutela parte hartu nahi. Halaber, interesa duten langileek lanpostua zer departamentutan gelditu den hutsik edo sortu den eta horrexetara joatea eskatzen ahalko dute. Bai udalak, bai mugigarritasuna onartu eta lanpostu hutsa betetzen duen langileak, bete beharreko lanpostuari lotutako prestakuntza ikastaroak egiteko eskatzen ahalko dute.
Lanbide maila edo taldeari edo kategoria baliokideei ez dagozkien eginkizunak egiteko eginkizunen nahitaezko mugigarritasuna teknika edo antolaketaren aldetik arrazoiak daudenean onartuko da bakarrik eta arrazoi horiek konpontzeko beharrezkoa den denborarako bakarrik, hori dena langileen duintasuna eta haien lanbide-prestakuntza eta maila-igoera galarazi gabe.
4.–Mugigarritasun funtzionalaren aukera aplikatu ondoren Uharteko Udalean sortzen diren lanpostu huts guztiak barne-igoeraren bidez beteko dira jendaurrean eskaini aurretik, betiere hitzarmen honetan aipatzen diren betebeharrak betetzen badira. Izangaiek hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik hutsik gelditzen diren barne-igoerako txandako lanpostu hutsak lan eskaintza publikokoei gaineratuko zaizkie. Eraginkortasuna eta zuhurtasuna dela-eta, lanpostuen antolaketa eta eginkizunak aldatzea komeni bada, eta aldaketa horrek nahitaez lanpostuak goragoko maila batean kokatzera behartzen baditu, udalak, salbuespen gisa, hautaproba murriztuak egiten ahalko ditu bere langileen artean, baldin eta deialdiaren xede diren lanpostuek plantillako lanpostu kopurua gehitzen ez badute.
5.–Barne-igoerako lanpostuak lortu ahal izateko, betebehar hauek lortu beharko dira:
a) Deialdiaren xede den lanpostu berekoa edo beheragokoa izatea.
b) Administrazio Publikoetan egiazki bost urtez zerbitzuak eman izana frogatzea. Urte horietako hiru abiaburuko mailan emanak beharko ditu langile hautagaiak.
c) Borondatezko eszedentzian ez egotea.
d) Kasuan kasuko hautaprobak gainditzea. Hautagaien artean berdinketarik gertatuz gero, Udal honetan antzinatasunik handiena duen langilea lehenetsiko da eta berdinketak badirau, zaharrena lehenetsiko da.
6.–A eta B mailetako lanpostu hutsetarako, eta egin beharreko eginkizunak direla-eta berariazko titulu bat behar duten horietarako, aurreko puntuan eskatzen direnez gain, maila bakoitzerako ezarririk dagoen titulua izanen da ezinbesteko betebeharra.
7.–Aldi baterako kontratazioa.
Aldi baterako kontratatu aitzin, udalak eta haren erakunde autonomoek aukera emanen diete bertako langile finkoei bete nahi dituen lanpostuetan aritzeko. Zerbitzu berezietara pasako dira.
7.1.–Aldi bateko kontratuak lan berezi eta puntualetarako lanetarako bakarrik izanen dira zilegi. Behin-behineko langileak ezin dira %15etik gorakoak izan.
7.2.–Aldi baterako lan-kontratudunak hautatzea.
Lan-kontratua mugagabea ez duten lan-kontratudunak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 95. artikuluan eta haren xedapen osagarrietan, bereziki ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren IV. tituluan, ezarritakoaren arabera hautatuko dira.
Aldi baterako langileak hautatzeko prozedurek kontratazioa ahalik agudoena egitea bermatu beharko dute.
Horretarako, presa izanez gero, udalak aukera hauek izanen ditu:
a) Antzeko lanpostu baterako lan-kontratudun finko bihurtzeko hauta-probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenak kontratatzea, lorturiko puntuen hurrenkerari jarraituz.
b) Hautaprobak antolatzea, gainditzen dituztenekin araubide administratiboan edo aldi baterako lan araubidean bitarteko langileak kontratatzeko zerrenda bat osatzearren eta gero horiek kontratatzearren, zerbitzuaren betebeharren arabera, betiere lorturiko puntuen hurrenkerari jarraituz.
c) Enpleguko Institutu Nazionalari hurrengo paragrafoan aipatzen diren betebehar eta baldintzak biltzen dituzten lan eskatzaileen zerrenda bat eskatzea eta zerrenda horretan sarturik daudenei bakarrik uztea hautaprobetan parte hartzen.
Kontratatzen diren langileek betiere orotariko betebeharrak eta bete beharreko lanpostuen gainerako baldintzak bildu beharko dituzte.
Batzorde Paritarioak zerrendak kudeatzeko onetsitako akordio indarduna aplikatuko da.
Plantilletako lanpostu hutsak aldi baterako betetzeko kontratatzen diren langileek kasuan kasuko deialdian ezartzen den egunean utziko dute lanpostua eta betiere sartzeko hautaprobetan lanpostua lortu duen izangaia lanpostuaz jabetzen den egunean.
7.3.–Langileen ordezkarien parte-hartzea. Aldi baterako lan-kontratudunak hautatzeko prozeduretan, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduak, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuak onetsitako hark, 42.2 artikuluaren c) atalean aurreikusi bezala, Enpresa Batzordeek edo Langileen ordezkariek parte hartzen ahal dute, hala behar izanez gero, aipaturiko Erregelamenduaren 37. artikuluan lan-kontratudun finkoak hautatzeko aurreikusitako moduan; dena den, parte hartze horrengatik ez da prozedura geldiaraziko edo atzeratuko.
Hori eskatu eta gero, Erregelamenduaren 42.2 artikulu horren a) eta b) ataletan aurreikusitako kasuetan, langileen ordezkariei bi prozedura horien babesean eginiko kontratazioen berri emanen zaie, kontratuak egin ondoren.
7.4.–Aldi baterako lan-kontratazioen faseak Administrazioak berak kudeatuko ditu, eta ordezkari sindikalei horien berri emanen zaie.
8.–Kontratuaren forma.
Kontratazio mota bakoitzerako eskumena duen legeriari jarraikiz eginen dira kontratuak edo, bestela, lortzen den akordioaren arabera, administrazio kontratuen kasuan. Idatziz eginen dira beti. Indarreko legediak lan-kontratuen modalitate batzuetarako ezartzen dituen aipamen berariazkoez gain, espresuki adierazita egonen dira honakoak:
–Zein taldetakoa den.
–Lanpostua eta haren plantilla zenbakia.
–Probaldiaren iraupena.
–Ordainsarien egitura eta zenbatekoa, langile finkoenak bezalakoak izanen direnak.
9.–Probaldia.
Aldi baterako langileek probaldi bat pasatu beharko dute:
–A mailako langileak: sei hilabete.
–B mailako langileak: sei hilabete.
–C mailako langileak: bi hilabete.
–D mailako langileak: bi hilabete.
–E mailako langileak: hilabetea.
Kontratatzen den langile horrek aurreko hamabi hilabeteetan ere kontraturik izan badu, probaldia ezarritakoaren %50 izanen da, betiere antzeko lanpostua bete behar badu.
17 artikulua. Kategoria handiagoko eta txikiagoko lanak.
a) Langileek ezin izanen dituzte egin lanbide talde handiagoko edo antzeko kategoriako eginkizunak. Horiek behin-behinean baino ezin izanen dira egin, eta langilearen ordainsariak gauzatzen ari den lanari lotutako talde edo kategoriari dagozkionak parekatzen dituen osagarria kobratuta.
b) Aitortu zaion lanbide kategoria baino goragoko kategoriako eginkizunak urte batean sei hilabete baino gehiagoz edo bi urtean zortzi hilabete baino gehiagoz egiten dituen langileak enpresaren zuzendaritzari lanbide sailkapen egokitua eskatzen ahalko dio.
c) Enpresak uko egiten badio, langileen ordezkariek txostena egin ondoren, zilegi du jurisdikzio eskudunean erreklamatzea.
d) Goragoko kategoriako eginkizunak egiten direnean baina mailaz igotzea bidezko ez denean, langileak eskubidea izanen du esleturiko kategoriaren eta egiazki egiten duen eginkizunaren arteko aldea kobratzeko.
e) Nahitaezko edo ustekabeko beharrengatik, langile batek bere kategoria baino beheragoko lanetan aritu behar baldin badu, ezinbesteko denboran arituko da bakarrik, inoiz ez sei hilabete baino gehiagoz. Bere lanbide kategoriari dagozkion sari eta eskubideei eutsiko die. Langileen ordezkariei jakinarazi beharko zaie.
18. artikulua. Langilea birkokatzea.
Osasunagatik lanpostuak aldatu beharko dira, betiere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun txostenarekin eta langile bati ere kalterik egin gabe.
Udalak edo patronatuek beste osasun azterketa bat egiten ahalko diote langileari lehen txostena egiaztatzeko. Bestelako txostenik izan ezik, loteslea izanen da udal edo patronatuendako.
55 urte betetzean, lan nekagarri, toxiko edo arriskutsuak egiten dituzten langileak beren gaitasunei egokiago zaizkien beste lan batzuk egiten hasiko dira, beren zerbitzuaren barnean. Lan horiek bigarren jarduerako lantzat joko dira, posible izanez gero. Halaber, langile hauek kalean egiten dituzten lanak murriztuko dira.
Dagokion epaimahai medikoak horretarako aholkua ematen badu, adin horretara iritsi baino lehen hasiko dira langileak bigarren jarduerako lanetan.
19. artikulua. Epaimahaiak.
1.–Udalak laguntza juridikoa emanen die langile guztiei, udalak esleituriko zerbitzuak egitearen ondorioz auzitara emanak direnean. Udaleko langileen kontra erasorik edo atentaturik gertatuz gero, udala akusazio partikular gisa aurkeztuko da epaitegietan.
2.–Udalak bere gain hartuko du edonolako prozesu judizialetan parte hartzen duten langileen laguntza juridikoa, gertaerak haien eginkizunetan aritzeagatik gertatu badira.
3.–Egoki irizten badio, udaleko langileak libreki aukera dezake laguntza juridiko pribatua. Hori udalak ordainduko du eta udaleko aholkulari juridikoak ezartzen duen muga ekonomikoa izanen du.
20. artikulua. Eskubide sindikalak
1.–Nafarroako Gobernuak bere langileei aitortu dizkien berak dira.
2.–Langileen Batzordeak gutxienez ere kide bat izanen du langileak hautatzeko prozesu guztietan, epaimahaikidea izanen delarik lan-kontratudunendako lanpostuak betetzeko prozesuetan, lekualdatze lehiaketetan, mailaz igotzekoetan eta aldi baterako hautatzeko probetan.
Langileak hautatzeko prozeduretan, langileen delegatuek prozesuan parte hartzeko ordezkariak izendatuko dituzte (Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen 113/1985 Foru Dekretuaren 21. artikulua).
3.–Udaleko langileak ukitzen dituzten gai orokorren berri emanen zaio Batzordeari, horien gainean erabaki baino lehen, bai eta arau aplikagarria dela-eta haiengan eragina duten gai berezien berri ere.
4.–Langileak kontratatzeko argibideak hartuko dira haien beharrei eta haien kontratu motari dagokienez.
5.–Negoziazio Mahaiko, Batzorde Paritarioko eta antzekoetako langileek horietaz arduratzeko adinako denbora izango dute ordu sindikaletatik aparte.
6.–Hitzarmen honen aplikazio eremuko langileen ordezkariek 20 orduko kreditu ordaindua izanen dute hilean. Ordezkarien kredituak haietako batenean metatzen ahalko dira. Kreditu hori hiru hilean behin kontatuko da.
21. artikulua. Bilerak egiteko eskubidea.
1.–Uharteko Udaleko eta Musika eta Kirol Patronatuetako langileek batzarrean biltzeko eskubidea dute, udalaren beraren lokaletan eta beren lanarekin loturiko gaietarako.
2.–Batzarrak lanaldiaren hasieran edo bukaeran egin beharko dira. Salbuespenez, batzarrak lanaldiaren beste tarte batean egiten ahalko dira, horrela kalte gutxiago egiten bazaio zerbitzuen ohiko funtzionamenduari.
Deialdia langileen ordezkariek edo langileen %33k baino gehiagok eskatuta egin beharko da. Deialdian eguneko aztergaiak eta batzarrerako eguna jarri beharko dira.
Langileen ordezkariek deialdiarekin batera jakinaraziko dute enpresa kanpotik joanen direnen kopurua, eta enpresak hori jaso izana adierazi beharko du.
Langileen ordezkariek, batzarra bukatu eta ahal bezain laster, enpresari buruz hartutako erabakiak jakinaraziko dizkiote Alkatetzari.
22. artikulua. Ordainsariak.
1.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko lan-kontratudunentzako eta funtzionarioentzako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeetan zehaztuko dira maila edo taldeen ordainsariak.
Nafarroako KPI errealaren gehikuntza.
2.–Soldaten berrikuspena.
Eros-ahalmenari eutsiko zaio, KPI erreala hurrengo idatz-zatian aipatzen den gehikuntza baino handiagoa izanez gero. Ordainketa bat eginen da, aurreikusiriko KPIaren eta egiazkoaren arteko aldearen adinakoa.
KPI errealaren eta aurreikusiriko KPIaren arteko aldea zuzenean ordainsariei aplikatuko zaie. Finkagarria izanen da, eta uneko urteko urtarriletik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak eta horrela hurrengo urteetan.
3.–Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen ordainsariak zehazten dituen foru dekretua eta eskubide pasiboetan eragina duten ordainsarien zenbatekoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean berandu argitara daitezkeenez, urteko ekitaldi bakoitzerako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean xedaturikoa betez, udalak ofizioz kalkulatuko ditu KPIaren gaurkotzeak, urtarrileko nominako ordainsariak eguneratzeko.
4.–Antzinatasuna.
Lan-kontratudunek, administrazio-kontratudunek eta aldi baterako langileek osagarri bat kobratuko dute antzinatasunagatik, Administrazio Publiko bakoitzean eman denbora guztiagatik, bai kontratudun finko gisa, bai aldi baterako langile gisa. Hirurteko, bosturteko edo gradu bakoitzerako saria Nafarroako Gobernuak bere langileendako ezartzen duen bera izanen da.
Administrazio bakoitzean sartuz geroztik egindako zerbitzuen arabera kontatuko da antzinatasuna.
Langileen antzinatasun denbora gisa zenbatuko da, aurreko atalean xedatutakoarekin bat etorriz, dagokion Administrazioan sartu aurretik beste edozein administrazio publikotan emandako denbora.
Antzinatasuna betetzen den egunetik ordainduko da ofizioz atzeraeraginezko izaerarekin.
5.–Gradua. Graduari dagokion ordainsaria kasuan kasuko mailaren hasierako soldataren honako ehuneko hau izanen da:
–7. maila: %54.
–6. maila: %45.
–5. maila: %36.
–4. maila: %27.
–3. maila: %18.
–2. maila: %9.
–1. maila: Ordainsaririk gabe.
Administrazio-kontratudunak pausoz pauso igoko dira, norberari dagokion mailan, 1. gradutik 7.enera Administrazio Publikoetan egindako 6 urte eta 7 hilabeteko antzinatasunagatik.
Funtzionario sartu berriak kasuan kasuko mailaren 1. graduan egonen dira.
6.–Txandakako lana.
Txandakako lanaren osagarria ezarriko da txanda birakarietarako (hau da, hiruhileko baten lanegun guztien heren batetik gorakoetan lanorduak aldatuak dituztenentzat) edo goizaren eta arratsaldearen artean zatituriko txandetarako, kasuan kasuko mailako hasiera bateko sariaren 100eko 6koa.
7.–Arriskuak eta nekagarritasuna.
Enpresa espezializatu batek baloratuko du lanpostu bakoitzaren arrisku-maila eta osagarri bat emanen zaie toxikotasuna, nekagarritasuna edo arriskua sortzen duten egoeretan aritzekoak diren lanpostuei, arrisku bereziagatik, bereziki:
–Albienteak-Zerbitzu anitzak: mantentze-lanak, lorezaintza, kaleen eta eraikinen garbiketa.
Osagarri horren zenbatekoa ez da behin ere kasuan kasuko mailako hasiera bateko lansariaren 100ko 10 baino gehiagokoa izanen eta enpresa espezializatuak arriskuak ebaluatzeko prestaturiko agirian zehazturiko arrisku-mailaren araberakoa izanen da.
Albienteen, lorezainen eta zerbitzu anitzetako langileen kasuan, 4. arrisku-maila dutenez, arrisku bereziaren osagarria 100eko 8koa izanen da.
Eraikinen garbitzaileen eta atezainen kasuan, berriz, 3. arrisku-maila dutenez, arrisku bereziaren osagarria 100eko 6koa izanen da.
8.–C, D eta E mailetako osagarria.
Mailagatiko osagarriak C, D eta E mailei ordainduko zaizkie, %12, %12 eta %15, hurrenez hurren.
9.–Guardia lokalizatuak: Nafarroako Gobernuak kasuan kasuko mailarako ezartzen duena pagatuko da.
10.–Igandean edo jaiegunetan aritzen diren langileek mailaren araberako diru konpentsazioa izanen dute, Nafarroako Gobernuaren ordainsarien taulekin bat.
11.–Igande edo jaiegunetan lan egiteagatik ezarririko ordaina 100eko 50 gehituko da eginiko 33. jaiegunetik aurrera.
12.–Lana gauez egiten duten langileek, lanegunean edo jaiegunean izan, mailaren araberako konpentsazioa izanen dute, Nafarroako Gobernuaren ordainsarien taulekin bat.
Ordain hau pagatzeko, gaueko lana 22:00etatik 8:00ak bitarte eginikoa da, eskuarki ezarririko lanaldia egiten duten langileena izan ezik, behin ere ez baitute ordain hori hartuko.
13.–Igande edo jaiegunetan eginiko lanagatik diru-ordaina gauez eginiko lanaren ordainari gehituko zaio, bi gorabeherak batera gertatzen direnean.
Igande edo jaiegunetan eta gauez lan egiteagatik ordaintzekoa aurreko artikuluetan ezarri dena izanen da.
14.–Aurreko artikuluetan ezarritako diru konpentsazioetan, baita erregelamendu bidez ordutan hartzen direnetan ere, bilduak daude lanpostu guztietan gerta daitezkeen gorabeherak eta berezitasunak oro; besteak beste, txandakako lanaldiak, txanden arteko informazio ematea, etab. Lanpostuen ezaugarriak aldatuz gero, bestelako osagarri batzuk aplikatuko dira.
15.–Aurreko artikuluetan xedatutakoak ukitzen dituen langileek eskubidea izanen dute urte bakoitzaren bukaeran, oporraldiari dagokion ordainsariaren kontzeptuan, aurreko urtean gauez eta jaiegunetan lan egiteagatik hartutakoaren batez bestekoa hartzeko.
16.–Familia-laguntza.
Familia-laguntza deta-eta, Uharteko Udaleko langile guztiei (administrazio-kontratudunei, lan-kontratudunei eta aldi baterako langileei), diru bat emanen zaie urtero, familien gorabeheren arabera. Diru hori E mailako oinarrizko lansariari ehuneko hauek aplikatuz kalkulatuko da:
a) Diru-sarrerarik gabeko ezkontideagatik: %3,50.
b) Ezkontideagatik, hari ebazpen judizialaren bidez ezarritako pentsioa ordaintzera behartua egonik: %3,50.
Pentsioa laguntzaren diru kopurua baino txikiagoa balitz, laguntza haren berdina izanen litzateke.
c) Emantzipatu gabeko seme-alaba adingabe bakoitzeko: %3,00.
d) Langilearekin bizi eta ekonomikoki haren menpe dagoen aurreko ahaide bakoitzeko edo anai-arreba adingabe emantzipatugabe bakoitzeko, ez aitarik ez amarik ez duen umezurtza bada: %3,00.
e) Seme-alaba minusbaliatu fisiko nahiz psikiko bakoitzeko: %15.
Aurreko atalean ezarritakoa aplikatzean ateratzen den kopurua handitu eginen da, langilearekin bizi diren emantzipatu gabeko seme/alaba adingabeen kopuruaren arabera, portzentaje hauetan:
a) 3 - 5 seme-alabarengatik: %30.
b) 6 - 8 seme-alabarengatik: %35.
c) 8 seme-alabatik gora: %40.
17.–Zerbitzuagatik egiten diren gastuen kalte-ordainak.
Soldatari ez dagozkion ordainak honako hauek izanen dira:
a) Zerbitzuagatik egiten diren gastuen ordainak.
b) Bidaiak egitearen ondoriozko gastuen ordainak.
c) Beste lantoki batera nahitaez joan beharrak bizileku-aldaketa baldin badakar, aldaketa horren gastuen ordaina.
d) Langileak hautatzeko epaimahaietan parte hartzeagatik ematen diren diru konpentsazio eta ordainak.
Nafarroako Foru Administrazioko langileentzat urtero ezartzen direnak izanen dira ordain horien zenbatekoak eta jasotzeko baldintzak.
18.–Langileek beren autoa erabiltzen badute laneko eginkizunen barnean joan-etorriak egiteko, kilometrajea ordainduko zaie, honela: 0,32 euro/km 2014an eta 0,34 euro/km 2015ean.
23. artikulua. Aurrerakinak.
1.–Uharteko Udaleko eta bere Patronatuetako langile finkoek eta bitartekoek aukera izanen dute aurrerakin arruntak edo bereziak eskuratzeko:
a) Aurrerakin arruntak: soldataren aurrerakinak izanen dira eta hilabetean behin emanen dira, eskatzeko unera arte sorrarazitako egunen kargura. Aurrerakina dagokion hilabeteko nominatik deskontatuko da.
b) Aurrerakin bereziak: 24.000 euroko funtsa sortuko da.
Gehienez ere 3.000 euro eskatzen ahalko dira. Eskatzaileak gehiago nahiko balu, hala adieraziko beharko du eskabidean eta funtsik gelditzen bada, Langile Batzordeak erabakiko du.
Itzultzeko epea gehienez hogeita lau hilabetekoa da eta zati berdinetan itzuliko da; jaso duenak bere esku dauka lehenago kitatzea. Aurrerakina jasotzen den urtarrileko nominatik aitzina deskontatuko zaio langileari nominatik.
2.–Soldata aurrerakina eskatzen dutenek bete beharreko baldintzak.
a) Soldata aurrerakina eskatzen ahalko dute 1. puntuan aipatutako langileek, betiere eskaera egiten duten unean eta aurrerakina ematen eta ordaintzen zaienean Uharteko Udalean eta bere patronatuetan badaude zerbitzu ematen eta ordainsariak jasotzen.
b) Ezin izanen dute aurrerakinik eskatu eskaerak aurkezteko epean aurretik emandako beste aurrerakin bat itzultzen ari diren langileek. Aldez aurretik osorik kitatu bada, aurrerakina itzultzeko hasiera batean ezarritako epe osoan zehar aplikatuko da bazterketa hori.
3.–Soldata aurrerakinen eskaerak urte bakoitzeko urriaren 1etik 15era bitarte eginen dira.
Eskatutako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatutakoan, Alkatetzak soldata aurrerakinak emateari buruzko ebazpena emanen du. Aurrerakinak emateko ebazpenak iragarki oholetan argitaratuko dira.
b) puntuari jarraikiz, eremu bakoitzari esleituko zaion diru-zenbateko osoa eremu horretan eskatu diren aurrerakin guztiei erantzuna emateko nahikoa ez baldin bada, zozketan erabakiko da zein langilek jasoko duten aurrerakina. Lehentasuna izanen dute aurretik soldata aurrerakinik jaso ez dutenek.
Aurrerakina dagokion urteko urtarrilean ordainduko da.
Soldata aurrerakina itzultzen ari dela, langileak edozein arrazoirengatik Administrazioan baja hartzen badu edo hilabetez edo gehiagoz ordainsaria galtzea edo etetea dakarren egoeraren batean jartzen bada, une horretan itzultzeko geratzen zaion zenbateko osoa likidatuko du derrigorrez.
Hemen ezarritakoaren arabera emandako aurrerakinak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen 15. eta 16. artikuluetan xedatutako araubidearen eta hori erregelamenduz garatzen duen araudiaren menpe egonen dira.
Soldata aurrerakinetan urtero ematen ahal den gehieneko diru-zenbateko osoa izanen da dagokion ekitaldiko Uharteko Udaleko Aurrekontuetan kontzeptu horretarako erabilgarri dagoen aurrekontua.
4.–Aparteko aurrerakinak aparteko arrazoiengatik:
a) 6.000 euroko funtsa sortuko da.
b) Salbuespenezko arrazoiak direla medio, ezin bada ohiko tramitazioa egin arte itxaron, Batzorde Paritarioak aurrerakina ematea aztertuko du.
24. artikulua. Plantilla organikoa.
1.–Langileen ordezkariei plantilla organikoaren proposamenaren kopia bat igorriko zaie.
Hutsik dauden lanpostu guztiek agertu beharko dute eta uneko urtean dei eginen da haietarako.
Lan eskaintza publikoa langileen ordezkariei jakinaraziko zaie.
2.–Langileak mailen arabera sailkatuko dira eta mailen barruan kategorien arabera, esleiturik dauzkaten eskumenen eta horiek egiteko zailtasun-maila eta trebetasunaren arabera. Kategorietan, ohi bezala, igoera-txanden, lekualdatzeen edo birkokatzeen bidez sartuko dira langileak, oposizio lehiaketa ireki edo murriztuaren bidez.
3.–Hitzarmenak plantilla organikoan indarrean diraueino, udalak eta langileen ordezkariek batera beharrak baloratu ondoren, zerbitzu guztiek ongi jarduteko behar diren lanpostu guztiak sortuko dira.
Udalak eta sindikatuen ordezkariek plantilla organikoa, haren balizko aldaketak eta lan eskaintza publikoa negoziatuko dituzte urtero, osoko bilkuran onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik. Negoziazio horien barruan, dauden hutsuneak betetzeko behar diren lanpostuak sortzeko aukera eztabaidatuko da.
4.–Plantilla organikoko lanpostu bakoitzari zenbaki bat emanen zaio eta haren eskumenak eta haren eginkizunak argi eta garbi zehaztuko zaizkio lanpostua betetzen duenari.
5.–Euskara Uharteko udalerrian erabili eta sustatzeko ordenantza betez, lanpostu bakoitzerako hizkuntz eskakizun bat ezarriko da, plantilla organikoan agertuko dena.
6.–Eskumen eta eginkizun horiek bat etorriko dira aplikatzekoak diren lan eta administrazio arloko legeekin eta sindikatuen ordezkariekin eta zerbitzuburuekin adostuko dira.
25. artikulua. Euskara.
Administrazio elebiduna lortu eta zerbitzua euskaraz ematen ahal dela bermatzeko, udalak erraztasunak emanen dizkie euskaldundu nahi duten langile guztiei.
Hizkuntz politikari dagokionez, Uharteko Udala eta patronatuak Nafarroako Gobernuak bere langileendako ezarria daukanari eta euskara Uharteko udalerrian erabili eta sustatzeko ordenantzari lotuko zaizkie, udalak edo patronatuek aukera hori hobetzeko aukera deusetan galarazi gabe.
Udal honen xede denez Uharteko biztanle guztiei bermatzea arreta eta zerbitzuen eskaintza Nafarroako hizkuntza berekietako edozeinetan izanen dutela, nahi duten langileek beren lanpostuarekin bat datorren hizkuntza maila edo goragoko bat eskuratzeko bitartekoak jarriko dira, aintzat hartuz hitzarmen honek udalaren barneko mugigarritasuna jasotzen duela. Horretarako, indarra duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.
Udalak zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den euskara bete beharreko eta ziurtatu beharreko eskakizun espezifikoa. Era berean, langileen hizkuntz gaitasuna orientatuko du, hau da, lanpostuaren destinoarengatik edo ezaugarriengatik behar handiagoa duten sustapen ekintzei lehentasuna emanen die.
26. artikulua. Langileria.
1.–Behar duen lantoki bakoitzean aldagela bat izanen da, horretarako bakarrik erabiliko dena.
2.–Udal edo patronatuen zerbitzu anitzei eta ibilgailuen parkeari loturiko material guztia, aldagelak, jantokia eta osasun zerbitzuak zentralizatuko dira.
Zerbitzu anitzetako lokalaren zati bat zerbitzu horretarako bulegotako erabiliko da.
3.–Urtero bilera bat eginen da, zerbitzuen arteko funtzionamendua koordinatzeko eta zerbitzuetarako materiala erosi behar den aztertzeko. Bilera hori hurrengo urteko aurrekontua prestatu baino lehen eginen da. Bilera horretara ukituriko zerbitzuburuak, langileen ordezkariak eta udalaren edo patronatuen ordezkariak joanen dira.
4.–Larrialdi zibiletarako oinarrizko jarduketa-protokoloak ezarriko dira, egoera bakoitzerako hautatuko diren langileekin.
5.–Gorabeheren barne-erregistro bat sortuko da, zeinetara edozein langilek jotzen ahalko baitu kasuan kasuko zerbitzua hobetzeko proposamenak egiteko eta, udalaren instalazioetako, hiriko altzarietako edo seinale publikoetako txikizioak eta laneko segurtasun eta higienearen, lorezaintzaren edo administrazioaren arloetako akatsak adierazteko, baita lanaren etekinak eta herritarrendako zerbitzua hobetzeko beste edozein ohar ere.
6.–Egunero udalaren barneko agiriak eta kanpoko oharrak aztertuko dira zerbitzuburu bakoitzari igortzeko, horrek konpon ditzan. Zerbitzuburuak antolatuko ditu normalean eginkizunen lehentasunak, berritasunak aurreikusiriko lan egutegira egokituko dituelarik. Aurretik jarduteko arauei jarraituz, urteroko lanaren 100eko 80ak aldez aurretik programaturik beharko du. Lanaren 100eko 20 ustekabeko gertaeretarako izanen da.
Aurrea hartzea funtsezkoa da herritarrei kalitateko zerbitzu bat eskaintzeko.
7.–Erregistro hori informatizatua eta on-line (webgune batean) egonen da. Hori dela eta, zerbitzuko buru bakoitzak harekin lan egiteko behar dituen baliabideak izanen ditu.
8.–Eskumenen orotariko organigrama bat banatuko da, langile guztien esku izanen dena, eskumen bakoitza nori dagokion jakin eta lana ongi egin dezaten. Komunikazioetarako bide egokiak sortuko dira.
27. artikulua. Jantziak eta ekipamendu pertsonala.
1.–Lanbide batzuetako (obra, lorezaintza, garbiketa eta atezaintzako) langile finkoek eta behin-behinekoek beren eginkizunetarako egoki diren jantziak izanen dituzte.
2.–Udaleko kasuan kasuko batzordeak erabakiko ditu kostua, mota eta saltzailea, langileen iritzia entzun ondoren. Halaber, udalak segurtasun jantzi eta tresnak emanen dizkie langileei euren eginkizunak egin ditzaten.
3.–Obrak, lorategiak eta kaleen garbiketa:
Udan:
- Mahuka motzeko bi polo.
- 2 galtza pare.
- Zapatila pare bat.
- Udako bota pare bat.
- Udako galtzerdiak, bi pare.
- Kapela bat.
- Txaleko distiragarri homologatu bat.
Apirilaren 1ean banatuko dira.
Neguan:
- Polar bat.
- Txano bat.
- Mahuka luzeko 2 atorra.
- Praka lodiak, bi pare.
- 2 jaka.
- Jertse bat, idun garaikoa.
- Anorak bat.
- Txaleko bat
- Gore-tex bota pare bat.
- Katiuska pare bat.
- Neguko galtzerdiak, bi pare.
- Uretako jantzi bat.
Urriaren 1ean banatuko dira.
Jantzi guztiak urtebeterako izanen dira, polarra, anoraka, udako botak, uretako botak, txalekoa, uretako jantzia, gore-tex botak eta txaleko distiragarria izan ezik, bi urtean behin banatuko dira eta.
4.–Albienteen Zerbitzua:
Udan:
- Mahuka motzeko atorra/poloa. Bi, lanpostuan aritzen den lehenengo urtean edo uniformea aldatzean, eta beste bat, berriz, hurrengo urteetan.
- Zapatak, urtean pare bat.
- Galtzerdi finak, urtean hiru pare.
- Prakak. Bi, lanpostuan aritzen den lehenengo urtean edo uniformea aldatzean, eta beste bat, berriz, hurrengo urteetan.
- Jertse bat bi urtean behin.
Urte bakoitzeko maiatzarean 1a baino lehen banatuko dira.
Neguan:
- Mahuka luzeko atorra/poloa. Bi, lanpostuan aritzen den lehenengo urtean edo uniformea aldatzean, eta beste bat, berriz, hurrengo urteetan.
- Zapatak, urtean pare bat.
- Galtzerdi lodiak, urtean hiru pare.
- Prakak. Bi, lanpostuan aritzen den lehenengo urtean edo uniformea aldatzean, eta beste bat, berriz, hurrengo urteetan.
- Jertse edo polar bat bi urtean behin.
- 3/4ko anoraka, hiru urtean behin.
- Bota pare bat hiru urtean behin, edo bi urtean behin baldin eta zapata pare bat hartzen badira bi urtean behin urtean behin hartu beharrean.
Urte bakoitzeko azaroaren 1a baino lehen banatuko dira.
Osagarriak:
- Uretako jantziak (3/4ko jaka eta galtzak); bat bi urtean behin.
- Uhalak; bat bi urtean behin.
- Eskularruak, pare bat bi urtean behin.
- Txapela, urtean bat.
- Bestelakoak: makila, girgiluak, islatzaileak, defendatzeko espraia, buletinak eramateko poltsa, labana, etab.
5.–Ikastetxeetako atezainak:
- 2 jaka.
- 3 galtza pare.
- Margotzeko lanjantzia.
- 3 atorra.
- Eskalapoi edo zapatilla pare bat.
- Bi pare zapata.
- Jertse bat.
Material hori urtero emanen da.
6.–Udal eraikinetako garbitzaileak:
- Hiru mantal edo pijama sanitario.
- Hiru pare eskalapoi edo zapatilla.
Material hori urtero emanen da.
7.–Lanean hondatzen diren jantzi guztiak lehen aipatu diren epeak kontuan hartu gabe aldatuko dira.
Hondaturiko edozein arropa aldatzeko, goragoko buruari jakinarazi beharko zaio.
8.–Bi aldeak ados daudela, idatziz, jantzi batzuen kalitatea hobetzea negoziatzen ahalko da, gutxiagotan aldatuz.
Material guztien kalitatea egin beharreko lanetarako egokia izanen da.
9.–Urtebete baino gutxiagorako kontratatzen diren langileei lanean diharduten aldiarekiko proportzioan banatuko zaie arropa.
10.–Kalean lan egin ohi duten langileen arropa guztia islagailuen bidez nabarmenduko da. Lorategietako zerbitzuetako langileen oinarrizko kolorea berdea izanen da. Garbitzaileena, horia. Besteena, urdina.
11.–Hornidura aurreikusiriko datan emanen da, sindikatuek eskaturik. Eskaera hori idatziz aurkeztuko zaio jantzien arduradunari.
12.–Arduraduna edo hark eskuordetutakoa ardurako da langileei arropa emateaz. Horrela gertatu ezik, epeak betetzen ez badira, langileak hautaturiko erosleengana joaten ahalko dira arropa bila.
13.–Prebentzioko ordezkariek aldez aurretik gainbegiratuko dituzte emanen diren jantziak.
28. artikulua. Udal instalazioen erabilera.
Uharteko Udaleko eta haren patronatuetako langileek, haien ezkontideek eta ondorengoek eskubidea izanen dute Ugarrandia kiroldegian sartzeko, Uharteko auzoek bezal-bezala.
Sasoian egoteak zauriak saihesten ditu eta lanari on egiten dio, estresa eta gaixotasunak gutxituz. Hori dela eta, udaleko langileek kirol-instalazioak (hezegunea eta gimnasioa zehazki) astean bi egunean erabiltzen ahalko dituzte, dohainik. Lanpostu bakoitzak dituen arazoetarako ariketen taulak banatuko dira.
Haur Eskolako postuak Uharteko auzoen artean bezala banatuko dira.
Musika Eskolan sartzeko, Uharteko Udaleko langileek, haien ezkontideek, izatezko bikotekideek eta ondorengoek lehentasuna izanen dute Uharten bizi ez direnen aurrean, eta Uharteko auzokoei aplikatzen zaizkien tarifa berdinak ordaindu beharko dituzte.
Udalak antolatzen dituen ikastaro eta/edo jadueretan edo bere laguntza nahiz babesa ematen duen zerbitzuetan, udalarentzat lan egiten duten langileek erroldan dauden pertsonei aplikatzen zaizkien baldintza eta tarifa berak izanen dituzte.
29. artikulua. Funtzionario bihurtzea, nahi izanez gero.
Nafarroako Gobernuak beste epe bat irekitzen badu Nafarroako toki entitateetako lan-kontratudun finkoak funtzionario bihurtzeko, Uharteko Udalak edo patronatuek aukera horretaz baliatzeko erraztasunak emanen dizkiete beren langileei eta beren erakunde autonomoetakoei.
30. artikulua. Batzorde Paritarioa.
1.–Akordio hau aplikatzeko edo interpretatzeko sor daitezkeen zalantzak argitzeko, Batzorde Paritarioa osatuko da, Administrazioak eta ordezkaritza sindikalak kide kopuru bera edukita; kopuru hori Batzordea osatzeko unean zehaztuko da. Indarra duten arauek kasu bakoitzean zehazten dituzten ahalmenak izanen ditu batzorde horrek jarduteko.
Batzorde horren esku daude hitzarmenaren interpretazioa, jarraipena, zaintza eta edukiaren garapena, baita haren menpe jarritako gatazkak aztertu eta erabakia hartzea ere arazoei irtenbidea emateko prozeduretan; orobat, premiazkoa denean, hitzarmenaren edukia osatzea, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.
Kide bakoitzak boto bat izanen du. Ordezkari sindikaletako edozeinek eskatzen badu, botoa ponderatua izanen da, sindikatu bakoitzeko ordezkari kopuruaren arabera.
Hitzarmen honetan xedatutakoaren interpretazioaz edo aplikazioaz edozein gatazka kolektibo planteatu aurretik (hala aurretiazko erreklamazioa eginez edozein administraziori edo laneko agintaritza eskudunari, nola eskumena duten organo jurisdikzionaletan), auzia Batzorde Paritarioaren esku jarriko da.
Aldian-aldian bilduko da, desadostasunen bat sortu edo garatzeko beharrik bada, bi alde horietako edozeinek hala eskaturik. Bilera egiteko eskaria egiten denetik hamabost lanegun iraganez gero bilera egin gabe, eskaria egin duen alderdiak aukera izanen du agintaritza eskudunari edo justizia epaitegiei erreklamatzeko, bidezkoa den moduan.
Batzordeak hartzen dituen erabakiak ebazpenak emateko eskudun den udaleko organora igorriko dira.
Jarraipen Batzordeari kontsulta eginda, haren irizpena erabakitzailea izanen da, eta aktan jaso beharko da. Edonola ere, alderdiek, libreak eta independenteak izanik, edozein unetan ustez dauzkaten eskubideak erabiltzen ahalko dituzte, behar den denboran eta moduan, agintari edo jurisdikzio eskudunaren aurrean, legez indarra duten xedapenen arabera
Aipaturiko Batzordeak hitzarmen honen xede diren gaiei buruz eta hura interpretatzeko edo garatzeko hartzen dituen erabakiak hitzarmenean sartuko dira eta haren izaera juridiko bera izanen dute, erregistratu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Azken tramite horiek akordio batzuetan bakarrik beteko dira, Batzordearen iritziz beharrezkoak direnetan, hain zuzen ere.
2.–Batzorde Paritarioan harturiko akordioen testua Uharteko Udaleko langileen ordezkariei jakinaraziko zaie.
31. artikulua. Enplegu publikoaren sustapena.
Enplegu publikoa sustatzeko, pribatizatu diren hainbat lan Uharteko Udalari itzultzeko metodoa aztertuko da.
Udalaren langileek egiten ahal dituzten lanak ez zaizkie esleituko enpresa pribatu edo publikoei. Udalaren langileak diogunean ulertu behar da udalak une bakoitzean dituen langileez edo zerbitzuak egiteko behar lituzkeen langileez ari garela. Beraz, baliteke lanpostuak sortu eta lan publikoaren eskaintza egin behar izatea.
(Lan edo zerbitzuren bat enpresei esleitu beharra badago, akordio honetatik legez aplika daitezkeen baldintza guztiak jaso eta aplikatzeko eskatuko zaie. Halakoetan aldi baterako kontratatzen diren langileak subrogatu egin beharko dira, Langileen Estatutuaren 44. artikuluarekin bat).
32. artikulua. Eguneratzea.
Hitzarmen honetako zenbateko eta ordainsari guztiak urtero eguneratuko dira KPIarekin.
I. ERANSKINA
Albienteen Zerbitzua
1.–Lanaldia.
Lanaldiari buruz hitzarmen honetan araututakoa galarazi gabe, honako hauek zehaztu dira:
a) Eguneko lanaldia 7 ordu eta 30 minutukoa izanen da orokorrean, eta honela eginen da:
–Goizeko eta arratsaldeko txandak egiten badira, goizekoa 07:45etik 15:15era, eta arratsaldekoa 15:00etatik 22:30era.
b) Bidezko ordu konpentsazioez gain, langileek hitzarmen honetan finkatutakoaren araberako konpentsazio ekonomikoak jasotzeko eskubidea izanen dute, txandaka, gauez eta jaiegunez egindako lanaren truke.
c) Betiere beren lan egutegi berariazkoari lotuko zaizkio, zeinak orokorrean ezarritako lanaldiaren urteko ordu kopurua beteko baitu, egiten dituzten txanden arabera.
d) Agente bakoitzari behar adinako aurrerapenarekin jakinaraziko zaizkio ordutegia edo dagozkion txandak, eta asteko atsedenaldirako eskubidea izanen du: gutxienez 24 orduko atsedenaldia jarraian. Horretarako, zerbitzuburuak urtero eginen du berariazko lan egutegia, gutxienez ere indarra hartu baino hilabete lehenago, oporrak egokitze aldera.
5.2 artikuluan ageri den ordukako txanda edo errefortzua egutegitik kanpoko lanaldi gisa kontatuko da.
e) Administrazioak eta ordezkari sindikalek absentismoa gutxitu nahi dute, eta presentziaren kontrola hobetu; horretarako behar diren neurriak hartuko dira, bi aldeen ordezkarien parte-hartzearekin, herritarrei zerbitzu hobea ematearren.
2.–Oporrak, lizentziak eta baimen ordainduak.
Opor, lizentzia eta baimen ordainduei buruz hitzarmen honetan araututakoa galarazi gabe, honako hauek zehaztu dira:
a) Urte bakoitzeko maiatzaren 1a baino lehen, langileek oporrak hartzeko lehentasuna aurkeztuko diote zerbitzuburuari. Lehentasunak adieraztean, langileek opor egunik gorde nahi ote duten eta, hala bada, zenbat izanen diren adierazten ahalko dute. Zerbitzuburuak aldez aurretik eskatuta ere, langileek ez badute halakorik aurkezten, zerbitzuburuak berak erabakiko du oporraldiak nola esleitu. Lehentasun eta aldaketa horiek hurrengo maiatzaren 15a baino lehen sartuko dira lan egutegian.
Oporrak markatutako egunetan baino lehen hartu nahi badira edo lehenetsitako egunen ondotik, 4. artikuluan aparteko orduengatiko ordu konpentsazioa hartzeari buruz araututakoa aplikatuko da.
Zerbitzuko arrazoiak tarteko, bateraezintasunik bada adierazitako lehentasunak aplikatzeko, honako irizpide hau jarraituko da:
–Aurreko hiru urteetan bere lehentasunak gehien aldatu behar izan dituen langileak aukeratuko du. Berdinketarik bada, Uharteko Udalean antzinatasun handiena duenak aukeratuko du.
3.–Txanda aldaketak eta soberakintzat hartzen diren egunak.
3.1.–Txanda aldaketak.
Txanda aldaketak ukitutako langileei jakinaraziko zaizkie astebete lehenagotik gutxienez, betiere errespetatuz, ahal izanez gero, txanden artean gutxienez ere 12 ordu egotea.
Zerbitzuak eta txandak langileen artean aldatzen ahalko dira, betiere egin behar dituztenak ados badaude eta dagokion buruak edo hark eskuordetutakoak aldez aurretik eta espresuki onartzen baditu. Dagokion buruak edo hark eskuordetutakoak espresuki onartzen ez badu, zerbitzuaren beharrengatik dela justifikatu beharko du. Aldaketa horiek eskatzeko, interesa duten pertsonek idatzizko eskaera egin beharko diote zerbitzuburuari. Zerbitzuburuak edo hark eskuordetutakoak 48 orduko epean emanen du ebazpena derrigorrez, eskaera jaso edo jakinarazten zaion unetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori igarota, eskaera onartu dela ulertuko da baldin eta ez bada ebazpen espresurik eman.
Zerbitzuburuak edo hark eskuordetutakoak jarraian adierazten den irizpidea aplikatuko du langileen txandak aldatzeko, betiere zerbitzuan hori justifikatzen duen arrazoirik bada:
–Lehenik eta behin, egun beretan txanda ezberdinetan ari diren langileen txandak aldatuko dira. Baldintza hori betetzen dutenen artean, azken 18 hilabeteetan derrigorrezko aldaketa gutxien jasan duen langileari. Berdinketarik bada, Uharteko Udalean antzinatasun gutxien duenari. Ezin bada halakorik egin zerbitzua minimoen azpitik geratzen delako, hurrengo paragrafoa aplikatuko da.
–Egutegiko ezberdintasunak direla-eta, atsedenaldian dagoenari eskatuko zaio. Oporrak ez dira atsedenalditzat hartuko. Baldintza hori betetzen dutenen artean, azken 18 hilabeteetan derrigorrezko aldaketa gutxien jasan duen langileari. Berdinketarik bada, Uharteko Udalean antzinatasun gutxien duenari.
Egindako aldaketen xedea istripuagatiko edo gaixotasunagatiko bajak betetzea bada, aldaketa horiek adostasunez leheneratzen ahalko dira ordeztutako pertsona bere lanpostura itzultzen denean edo bere lanpostura itzultzeko asmoaren berri garaiz ematen duenean. Adostasunik ez badago, aldaketa leheneratzen ahalko da aldez aurretik ukitutako pertsonari abisatuta, gutxienez ere 48 ordu lehenago.
Aldaketa horiek ez dute inolaz ere hurrengo puntuan adierazten den kasurik edo ordainik sortuko.
3.2.–Soberakintzat hartzen diren zerbitzuak.
a) Egutegia onartu eta gero zerbitzuko betebeharrak direla-eta premiazkoa balitz atsedenaldian dauden agenteak lanean aritzea, Administrazioak espresuki eta aldez aurretik laneratzeko eskatzen dien agente horiek eman egin beharko dituzte zerbitzu horiek, dela txanda osotan dela ordukako errefortzutan.
b) Aurretik definitutako zerbitzu horiek soberakintzat hartuko dira, ez dira lanaldi gisa zenbatuko eta honako ordain hau izanen dute:
–Langileari astebete baino gutxiagoko aurrerapenarekin baina 48 ordu baino gehiagokoarekin abisatzen bazaio, soberakinak aparteko orduekin beteko dira (jaieguna edo arrunta, dagokionaren arabera) gehi dagokion gaueko lanaren osagarria, bidezkoa bada).
–Langileari 48 ordutik beherako aurrerapenarekin abisatzen bazaio, emandako orduak honela konpentsatuko dira:
- Laneguna: jaiegunetako aparteko ordua.
- Jaieguna: jaiegunetako aparteko ordua x 1,50.
- Gehi gaueko lanaren osagarria, bidezkoa bada.
c) Zerbitzuburuak edo hark eskuordetutakoak honako irizpide hau aplikatuko du sortutako soberakinak langileekin betetzeko:
–Lehenik eta behin, egutegiko ezberdintasunak direla-eta atsedenaldian dagoenari eskatuko zaio, bete beharreko soberakinaren eta egutegian esleitutako edozein txandaren artean gutxienez ere 12 orduko tartea badago. Oporrak ez dira atsedenalditzat hartuko. Baldintza horiek betetzen dituztenen artean, azken 18 hilabeteetan aparteko ordu gutxien egin dituen langileari. Berdinketarik bada, Uharteko Udalean antzinatasun handien duenari.
d) Txanda edo ordukako errefortzu horiek ez dira inolaz ere automatikoki sortuko, eta beti nahitaezkoa izanen da langileriaren arloko buruak soberakintzat onartzea eta zerbitzuburuak espresuki eskatzea.
4.–Aparteko orduak.
Ordu konpentsazioa hartzeko, honakoa egin beharko da:
–Zerbitzuburuari baimena eskatu gutxienez ere 10 egun lehenago aldaketak zerbitzua minimoen azpitik uztea dakarrenean. Zerbitzua minimoen azpitik geratu dela ulertuko da, baldin eta ordu konpentsazioa hartu nahi den txandan bi pertsona baino gutxiago geratzen badira lanean (eta arau orokor gisa urteko txanda guztiak gutxienez ere bi pertsonarekin betetzen badira), edo pertsona bat baino gutxiago gainerako kasuetan. Baimen hori eskuratzeko, beharrezkoa izanen da zerbitzuburuaren baimen berariazkoa. Berak baloratuko ditu zerbitzuko beharrak eta aukerak.
–Baimena berariaz adierazitako aurrerapenik gabe eskatzea, baldin eta aldaketa horrekin zerbitzua ez bada minimoen azpitik geratzen. Beti emanen da baimen hori, salbu eta zerbitzuko beharrak direla-eta, ezinezkoa bada (behar bezala justifikatuko da hori).
Atseden denbora hartzen bada, orduak hurrengo 120 egun naturalen barnean hartu beharko dira. Horrela egin ezean, nominan kobratuko dira orduak iraungitu ondoko hilabeteetako edozeinetan, interesdunak hala eskatuta.
b) Aparteko orduei dagokienez, eranskin honetan arautzen ez den orotan, hitzarmenak aurreikusitakoa aplikatuko da.
c) Auzitegira agertzea.
Albienteen Zerbitzuko kide bati, lanean ari ez dela, epaitegi batera edo beste segurtasun kidego batera joan behar badu, zitazioarekin eta zerbitzuko zioengatik, honelaxe ordainduko zaio:
–Aparteko orduei dagokien ordainsaria emanen zaio, epaitegiko joan-etorrien denbora barne dela (Uhartetik kalkulatuak).
–Ordainsarien ondorioetarako, sartutako denbora aparteko ordu gisa konpentsatuko da, konputatu beharreko gutxienekoa bi ordu delarik.
Epaitegiko justifikantea aurkeztu beharko da, bertan irteera ordua adierazita.
5.–Lan bilerak.
Zerbitzu orduez kanpoko lan bilerak denboraz konpentsatuko dira edo aparteko orduei dagozkien ordainsariez ordainduko dira, ordu bakoitzeko ordu eta erdiko ordainaz.
Alkatetzari 24 orduko aurrerapenarekin jakinaraziko zaizkio egin nahi diren bilera guztiak, bai bilera bitartean bai “in itinere” gertatzen diren istripuen aseguruaren ondorioetarako.
6.–Antzinatasun konputagarria: sartzeko ikastaroa.
Udaleko plantillan sartu aurretik Nafarroako Gobernuaren menpeko Segurtasun Eskolan prestakuntza ikastaroa egin zutenei, antzinatasun kontuetarako 1997ko abenduaren 29ko Erabakian onartzen den bezalaxe onartzen zaie epe hori (testua 1998ko 9. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 21ean).
7.–Prestakuntza fisikoa.
a) Lanpostu honetarako behar den sasoian egoteko, baimena ematen zaie Albienteen Zerbitzuko agente eta agintariei kirol instalazioetako muskulazio eta uren gunea doan erabiltzeko (ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte izan ezik).
b) Halaber, ahal dela beste udal batzuekin hitzarmenak eginen dira, Albienteen Zerbitzuko langileek Uhartetik kanpoko kirol instalazioetara joateko aukera izan dezaten.
8.–Defentsa pertsonala:
Albienteen Zerbitzuko langileek, arautzen dituzten legeek hainbat egoeratan indarra erabiltzera behartzen dituztenez, fisikoki, psikologikoki eta intelektualki prestatuta egon behar dute, indarraren erabilera ahalik eta eraginkorrena eta arrazionalena izan dadin.
Prestakuntza beren eginkizunak betetzeko eskubide beharrezkoa dela kontuan hartuz, “Defentsa pertsonalean” arituz sasoi onean izan nahi duten agenteek horren kuotak aurkeztuko dituzte Administrazioak %50 ordain diezaien, gehienez ere 20 euro hilean.
9.–Ordainsaria:
Hitzarmen honetan ordainsariei buruz araututakoa galarazi gabe, honako hauek zehaztu dira:
Larunbat arratsaldean lan egiten duen Albienteen Zerbitzuko langileari dagokion plusa ordainduko zaio, Nafarroako Gobernuaren lansarien taularen arabera, 7 orduko konpentsazioa jaiegunean egindako lanagatik C mailan.
II. ERANSKINA
Musika Eskola
1.–Kontratazioa eta enpresa uztea
1.–Kontratazioa.
Hitzarmen honen eraginpeko langileak lan-kontratu mugagabeetarako eta behin-behineko eta bitarte baterako kontratuetarako legez ezarritako modalitateen bidez kontratatzen ahalko dira, eta lan-baldintza berberak izanen dituzte denek.
Langileen kontratua 12 hilabetekoa izanen da, modalitatea gorabehera.
Lanaldi partzialeko kontratu mugagabea duten langileen kasuan, zuzendaritzak, ikasturte bakoitzaren hasieran, idatziz jakinaraziko dizkie beren lanaldiak aurreko ikasturtearekiko izan dituen aldaketak.
Kontratuaren ezaugarriei eta betebeharrei dagokienez, indarra duten legezko xedapenei men eginen zaie.
2.–Lanaldia.
Eskolan aritzen diren irakasleek lanaldi hau izanen dute:
Astean 34 ordu. Astelehenetik ostiralera, honela:
a) 23 irakastordu ikasleekin zuzenean.
b) Irakastordu ez diren 11 ordu.
–Zentroan egon beharreko eta irakastordu ez diren bost ordu, irakasleen talde lanean, koordinazioan, ikasleekin eta gurasoekin harremanetan eta berariazko beste zenbait lanetan aritzeko.
–Ikasgelaz kanpoko sei ordu.
Lanaldi partzialeko kontratua duten irakasleek irakastordu ez diren orduetatik dagokien denbora eman beharko dute zentroari laguntzeko lanetan. Zentroan nahitaez egotekoak ez diren orduen kopurua kontratuan finkatuko da.
Zuzendariak, irakasle gisa duen lanaldiaren barnean, 7 ordu emanen ditu astean zuzendaritza-lanetan.
Idazkariak, irakasle lanaz gain, 5 ordu emanen ditu astean Patronatuko idazkaritza-lanetan.
Ezin izanen da inola ere erregelamenduz ezarritako lanaldia gainditu.
Irakasleek ezarrita dagoen ordutegitik kanpo ikasleekin aparteko jardueretan sartzen dituzten orduak (kontzertuak, entseguak, trukeak...), irakastordu ez diren ikasgelako ordutegiarekin konpentsatuko dira.
3.–Urteko oporrak.
a) Hitzarmen honek ukitzen dituen langile guztiek hilabete bat opor ordaindu, bederen, izanen dute zerbitzu aktiboko urte oso bakoitzeko. Zerbitzuaren denbora urtebetea baino txikiagokoa baldin bada, opor egunak proportzioan aterako dira.
Oporrak udaldian hartuko dira eta horiei buruzko lan-legeetan ezarritakoari jarraikiz emanen dira.
Langileen oporraldia egutegian paratuko da eta Patronatuko Batzordeari aurkeztuko zaio ikasturtea hasi baino lehen, honek onets dezan.
Lan egutegian musika eskolaren beharrak kontuan hartuko dira.
b) Irakasleek Aste Santuan, Eguberrietan eta udan eskolak ikasleendako finkatuko duen oporraldi bera izanen dute.
III. ERANSKINA
Ikastetxe publikoko atezaintza
1.–Lanaldia.
Nafarroako Gobernuak finkatuko du lanaldia. Oro har, 1.592 ordukoa izanen da urtean.
a) Zerbitzuak ikastetxeko atezaintzan baizik ematen ez dituen pertsonak (40/26 lanpostua) honela banatuko du urteko orduen kopurua:
–Urtarriletik maiatzera eta urritik abendura: astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan 8:15etik 17:15era (9 ordu); 15:00etan atsedenaldi bat eginen da bazkaltzeko, ordu horretan zerbitzua betea baitago.
–Asteazkenetan, ekainean, irailean eta urteko lanaldi jarraituko egunetan (ikastetxeko egutegiaren arabera): 7:30etik 15:00etara (7 ordu eta 30 minutu).
–1.592 ordura iristeko gainerako orduak: langilearen eta zerbitzuburuaren artean zehaztu beharrekoa.
b) Zerbitzu Anitzak - Eskolazain ondokoaren lanpostuan ari den langileak (40/20 lanpostua), honela banatuko du urteko orduen kopurua:
–Urtarriletik maiatzera eta urritik abendura: astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan 7:45etik 13:00etara eta 14:40tik 16:45era (7 ordu eta 20 minutu). Hilabete horietan, goizeko eta arratsaldeko txanda zatituetarako txandakako laneko osagarria kobratuko du, dagokion mailaren hasierako soldataren %6 (hitzarmen honen 22.6 artikulua).
–Asteazkenetan, ekainean, irailean eta urteko lanaldi jarraituko egunetan (ikastetxeko egutegiaren arabera): 7:30etik 14:50era (7 ordu eta 20 minutu).
–Ikastetxeko egutegiaz kanpoko gainerako egunetan: 7:30etik 14:50era (7 ordu eta 20 minutu), zerbitzu anitzetako langile gisa.
Oporrak, ahal dela, irakastalditik kanpo hartu beharko dira.
IV. ERANSKINA
Ugazte-Uharteko Gazte Lokala
1.–Animazio lanpostuen lanaldia.
Nafarroako Gobernuak finkatuko du lanaldia.
Lanpostu batzuk desberdinak dira lanegunei eta ordutegiei dagokienez; hortaz, honako forma hau ezartzen da:
a) Astean zeharreko lanaldia duen lanpostuak, oro har, urtean 1.592 orduko lanaldia daukanak, honela banatuko du urteko orduen kopurua:
–Ugazte neguan jendeari irekitzeko ordutegia:
- Astelehenetik ostegunera: 17:00etatik 21:00etara.
- Ostiraletan eta jaiegunen bezperan (astean zehar): 17:00etatik 22:00etara.
–Ugazte udan jendeari irekitzeko ordutegia:
- Astelehenetik ostiralera: 18:00etatik 22:00etara.
b) Asteburuetako lanaldia duen lanpostuak, oro har, urtean 1.554 orduko lanaldia daukanak, honela banatuko du urteko orduen kopurua:
–Ugazte neguan jendeari irekitzeko ordutegia:
- Larunbatetan: 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 22:00etara.
- Igande eta jaiegunetan: 17:00etatik 22:00etara.
–Ugazte udan jendeari irekitzeko ordutegia:
- Larunbatetan: 11:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 22:00etara.
- Igande eta jaiegunetan: 18:00etatik 22:00etara.
Bere lanaldiak osatu arteko gainerako orduak: langilearen eta zerbitzuburuaren artean zehaztu beharrekoa.
Oporrak urtero onartzen den lan egutegian ezarrita egonen dira.
V. ERANSKINA
Lanean etsaitasunezko jokabideei aurrea hartzeko
eta horien kontra jarduteko protokoloa
1.–Sarrera.
Osasunari buruzko Lege Orokorrak, langileen osoko osasunaren babesari buruz ari dela, 21. artikuluan nabarmentzen duenez, pertsonen osasunaren zainketak patologia fisikoen zein psikikoen babesa ere barnean hartu behar du.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazita du laneko baldintzek osasunean duten garrantzia, eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak enpresaburua behartzen du langileen osasuna babestuko duten neurriak hartzera; bestetik, lana pertsonari egokitzeko printzipioa jasotzen du –lanpostuen nolakoari dagokionez– eta prebentzioa planifikatu beharra, teknikaren, lanaren antolaketaren, lanaren baldintzen eta gizarte harremanen arteko multzo koherente bat bilatuz (15.1 artikulua). OMEk zentzurik zabalenean eta sozialenean definitzen du osasuna: “Osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabatekoa da eta ez bakarrik gaixotasun eza”.
Halaber, Langileen Estatutuak 4.2 artikuluan ezartzen du langileen osotasun fisikoa zaintzeko, segurtasun eta higiene politika izateko eta bere intimitatea errespetatzeko eta bere duintasuna kontuan hartzeko eskubidea, barne izanik arraza edo etnia, erlijoa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo sexu orientazioa direla-eta jazarpenaren aurreko babesa, baita sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurreko babesa ere.
2.–Definizioak.
Mari France Irigoyen psikiatrak ondoko lau talde hauetan banatzen ditu lantokian pertsonen artean izan daitezkeen etsaitasunezko ekintzak:
–Pertsonaren izen onaren edo duintasunaren kontra doazen ekintzak: adierazpen laidogarriak edo iraingarriak egitea edo besteen aurrean itxura fisikoaz, keinuez, ahotsaz, sinesmen pertsonalez, politikoez edo erlijiosoez iseka egitea, zurrumurruak zabaltzea, arazo psikologikoak leporatzea, hitz lizun edo umiliagarriekin iraintzea.
–Lana egitearen kontra doazen ekintzak: gehiegizko lana ematea, edo zailegia edo egin behar ez dena, lanik ez ematea edo lan tresnak eskuratzea eragoztea, lanpostuari dagozkionak baino lan apalagoak edo maila goragokoak ematea, jarduketa edo erabaki guztiei erantzutea sistematikoki, egindako lana sobera edo bidegabe kritikatzea, eskubideak erabiltzea eragoztea, lan arriskutsuak egitera behartzea, kontuan ez izatea Prebentzio Zerbitzuko medikuen oharrak...
–Bakartzea eta komunikazioa ukatzea: pertsona baten jarduna sistematikoki etetea, soilik idatziz komunikatzea, pertsona baten komunikazioa haren lankideekin edo alderantziz murriztea edo debekatzea, lantokia isolatzea, pertsona bati ez ikusiarena egitea soilik besteekin arituz, zuzendaritzarekin elkarrizketa bat izateko eskaera ukatzea...
–Indarkeria fisikoa edo ahozkoa: pertsona bat mehatxuen bidez kikilaraztea, fisikoki erasotzea modu apalean bada ere (bultzaka edo atea muturren aurrean itxiz...), oihuka edo irainka hastea pertsona baten kontra, errespetu falta ezaugarri pertsonalengatik...
Etsaitasunezko ekintza edo jokabide erasokorrak aldian-aldian edo noizean behin gerta daitezke (pertsonen kontrako erasoa edo indarkeria) edo jokamolde gisa egitura daitezke, denboran mantenduz (jazarpen psikologikoa, jazarpen morala edo mobbing-a).
2.1.–Jazarpen psikologikoa (jazarpen morala edo mobbing-a).
Europar Batasunak emandako definizioaren arabera, jazarpen morala da edozein jokaera diskriminatzaile, iraingarri, umiliagarri, beldur eragile edo bortxazko, baita bizitza pribatuan bidegabe sartzea ere, horrelako jokaerek pertsona baten duintasunari eraso egiten badiote lanean edo lanari lotuta, pertsona horri edo hark egindako lanari omena kenduz, halako moduan non erasandakoari kalte psikiko edo/eta fisikoa eragiten zaion.
Biktimak M. F. Irigoyenek zehaztutako 4 taldeetako edozein egoera pairatzen du.
2.2.–Erasoak edo indarkeria pertsonen kontra.
Aurretik azaldutako ekintzetako edozein noizbehinka gertatu eta ondorio negatiboa badu hura jasaten duenarengan pertsonen kontrako eraso edo indarkeriatzat joko da.
Prebentzioko 489. ohar teknikoaren arabera, laneko indarkeria kanpokoa izan liteke (lapurretak, bezeroen, erabiltzaileen, pazienteen indarkeria...) edo barnekoa (indarkeriaz jokatzen duenak laneko harremana duenean biktimarekin, bai lankideen artean, bai goragoko mailakoek beren menpeko langileei edo alderantziz).
Jarduteko protokoloa kanpoko erasoen aurrean: Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren martxoaren 31ko 964/2008 Ebazpena, lantokian kanpoko erasoei aurrea hartzeko eta horien kontra jarduteko plan orokorra onesten duena.
2.3.–Tratu txarra nagusien aldetik.
Barneko indarkeriaren eremuan figura bat definitu da, “goragoko mailakoek egindako tratu txarra”. Hierarkian gorago daudenen jokabidea da, laneko talde osoa edo haren parte bat presio handiaren menpe jartzen duena, menpekoak indarkeriaz eta begirunerik gabe tratatuta. Jazarpen psikologikoan ez bezala, zuzendaritzakoen tratu txarra ikusi egiten den portaera da eta, eskuarki, talde jakin batek hartzen du tratu txarra.
3.–Xedea eta aplikazio eremua.
Protokolo honek legezko eskakizunak betetzen ditu eta jokabide erasokorrei aurrea hartzea du helburu, baita behar bezalako arreta ematea ere gertatzen diren kasuei. Horretarako, udalak eta bere patronatuek baliabideak eskuratuko dituzte, erasoa gertatzen denean, arreta osoa emateko erasoaren biktimari eta haren laneko eta familiako inguruneari, lanaren, osasunaren eta legearen ikuspuntutik.
Prozedura honen edukia Segurtasun eta Osasun Batzordeak onetsiko du eta Uharteko Udalean, Musika Patronatuan eta Kirol Patronatuan lan egiten duten pertsona guztiei aplikatuko zaie, funtzionarioak nahiz lan-kontratudunak izan.
3.1.–Printzipioen deklarazioa.
Udalak, bere egitekoak betetzean, pertsonen duintasuna errespetatzea eta pertsonari berez dagozkion eskubide bortxaezinak babestea ditu oinarrizko printzipiotzat.
Hortaz, udalean lan egiten duten pertsonek aukera eta berdintasun tratua gozatzeko eskubidea dute. Hala, gizabidez, errespetuz eta duintasunez tratatuak izan behar dute eta ez da inola ere onartuko eskubide horiek urratzea bere baitan.
Erakundean lan egiten duten pertsonen identitate pertsonal eta profesionala garatuz zerbitzuen kalitatea hobetzeko asmoz, udalak eta bere patronatuek debekatu egiten dute bere erakundearen barrenean, eta batez ere lan esparruan, ekintza edo jokabide erasokorrak izatea. Horretarako, kasu bakoitzean egokiak diren neurriak, prebentziozkoak nahiz legezkoak, hartuko dira.
4.–Aurreneurriak.
Prozedura honen aplikazio eremuan sartutako langile guztiek eskubidea dute haren edukia ezagutzeko.
Protokolo hau udaleko eta bere patronatuetako plantillaren artean zabalduko da bitarteko informatikoen bidez.
Gainera, sor daitezkeen beharren arabera, plantilla osoarentzako aldizkako eta etengabeko prestakuntza etengabea eginen da.
–Gatazkak kudeatu eta ebazteko prestakuntza langile guztiei.
–Etsaitasunezko jokabideen prebentzioari buruzko prestakuntza, langileen kudeaketa eta gatazken ebazpena, bereziki azpimarratuz zuzendarien, karguen eta agintarien parte-hartzea.
–Oinarrizko prestakuntza bitartekaritzari buruz bitartekotza edo adiskidetze prozesuan nola edo hala parte hartzen dutenentzat, barnean sartuta prebentzioko ordezkariak.
Uharteko Udalak eta bere patronatuek konpromisoa hartzen dute aldizkako eta etengabeko prestakuntza egiten jarraitzeko, betiere aurrekontu-mugen barrenean.
Lanaren antolakuntzatik eratorritako arrisku psikosozialen ebaluazio eta prebentziorako, Segurtasun eta Osasun Batzordeak erabakiko du zein den aplikatu beharreko metodoa, eta horretarako, udalak eta bere patronatuek kontratatutako prebentzioaren arloko kanpoko enpresa baten aholkularitza izanen du.
5.–Jarduteko prozedura.
5.1.–Kasuak atzematea.
Kasuak lau egoeratatik atzeman daitezke:
–Etsaitasunezko jokabideek ukitutako pertsonarengandik.
–Agintariengandik, batez ere agintari zuzenak badira eta erne badaude ea udaleko eta bere patronatuetako pertsonen artean etsaitasunezko jokabiderik agertzen den.
–Enpresako beste pertsona batek etsaitasunezko jokabideak pairatu dituela antzematen duten lankideengandik.
–Sindikatuen ordezkariengandik.
5.2.–Kasuen kudeaketa.
Ondoren laburbiltzen dira esku-hartzeak izan ditzakeen bi kudeaketa mailak. Bitartekotzatik hastea gomendatzen da, baina ez da ezinbestekoa.
5.2.1.–Konponbidea bitartekaritzaren bidez.
Kasu honetan, bi aldeek konponbiderako konpromisoa hartuko dute. Hainbat bitartekarik hartzen ahal dute parte (besteak beste, Prebentzio Zerbitzuak, biktimari informazioa eta aholku emateko bakarrik), eta ez da bestelako dokumentaziorik jasoko (Prebentzio Zerbitzuari kontsulta egiten bazaio, orduan bai, legeak hala aginduta).
–Etsaitasunezko jokabide onartezinak (lehen fasean) jasan dituen edo jasaten ari den biktima bultzatu egiten da egoera lehen saioan zuzenean konpontzen saia dadila eta, modu estraofizialean, behar den pertsonarekin edo taldearekin. Horretarako, informazioa eta aholkuak bilatzeko, honako hauengana jo dezake:
- Udaleko edozein ataletan hierarkian gorago dagoena.
- Prebentzio Zerbitzua.
- Ordezkari sindikala.
–Beste aldearekin egon behar duenean, biktimak eskatzen duen edozein izaten ahal du laguntzaile, eta biktimak hala eskatuz gero, hura saiatuko da konponbidea errazten adiskidetze eta bitartekaritza baliatuz. Egoera maila honetan konpontzeko ahalegin guztiak lehenbailehen egin beharko dira, salaketa jakinarazi ondoren.
–Kudeaketaren lehen maila honetan, 10 egun baliodunekoa da konponbidearen epea, salaketa aurkezten denetik.
–Aldeetako baten ustez, proposatzen den konponbidea bidezkoa ez bada, beharrik gabe luzatzen bada edo arrakastarik izan ez badu, kudeaketaren bigarren mailari heltzen ahal dio, kudeaketaren hurrengo mailari heltzen ahal dio kasua aztertzeko.
5.2.2.–Salaketa jasotzea.
Protokolo honen aplikazio eremuan sartua dagoen langile orok, uste badu jazarpen psikologikoa edo etsaitasunezko jokabideak jasaten ari dela, edo horrelako egoeren berri dakien beste edozein pertsonak salaketa jartzen ahalko dute idatziz, bi kasuetan aski zantzu aurkeztuz, Uharteko Udaleko eta bere patronatuetako Prebentzio Zerbitzuan.
5.2.3.–Hasierako azterketa.
Prebentzio Zerbitzuak hasierako azterketa txiki bat eginen du kasuaren datu objektiboei buruz salaketa benetakoa dela egiaztatzeko; horretarako, besteak beste, kontatzen diren egintzen koherentzia aztertuko da, edota zehazgabetasunik eta kontraesanik ote dagoen, edo egintzen lekukorik ote dagoen egiaztatuko da. Beharrezkoa balitz, kanpoko aholkularitza ere eska dezake.
Lehen azterketa honen ondorio gisa, Prebentzio Zerbitzuak honakoa egiten ahalko du:
–Salaketari tramiterako sarrerarik ez eman haren egiazkotasuna ez egiaztatzeagatik edo protokolo honen esparrukoa ez izateagatik.
–Prozedura informalari hasiera eman.
–Prozedura formalari hasiera eman.
–Egokitzat jotzen bada, kautelazko neurriak proposatzea.
5.2.4.–Prozedura informala.
Betiere ukitutako pertsonaren egoerak ahalbidetzen badu, salaketa jaso ondoko hamar egunetan emanen zaio hasiera.
Prebentzio Zerbitzuak parte hartuko du atzemandako arazoa konpontzen saiatzeko. Prebentzio Zerbitzua salatutako pertsonarekin harremanetan jarriko da, bere jarrerari buruzko kexa bat dagoela jakinarazteko eta bere bertsioa ezagutzeko.
Prozedura informalaren xedea da arazoa konpontzea prozedura formalari hasiera eman beharrik gabe. Horrela, ondoko egoera hauek eman daitezke:
–Salatzaileak eta salatuak/salatuek egoera identifikatzen eta aztertzen dute eta ez errepikatzeko konpromisoa lortzen da.
–Prebentzio Zerbitzuak hainbat jarduketa proposatzen ditu arazoa konpontzeko eta eta bi aldeek beren akordioa eta adostasuna erakusten dute.
–Ez da inolako akordiorik lortzen eta Prebentzio Zerbitzuak egokitzat jotzen badu, prozedura formalari hasiera ematen zaio azken horrek eskatuta.
Kasu horretan, Prebentzio Zerbitzuak prozedura informalaren emaitzaren berri emanen dio prebentzioko koordinatzaileari eta Segurtasun eta Osasun Batzordeari.
Edozein unetan, salatutako pertsonak salatutako jarrerak berriz errepikatzen baditu egoera are gehiago larriagotuz, eta Prebentzio Zerbitzuak egokitzat jotzen badu, hasiera eman beharko zaio prozedura formalari.
5.2.5.–Prozedura formala.
Prebentzio Zerbitzuaren bitartekotzaren bidez arazoa konpondu ez bada, lanean jarraituko da eta konponbideren bat bilatzen saiatuko da Batzorde Paritario baten bidez.
Honako kide hauek izanen ditu batzordeak:
–Langileriaren ardura duen zinegotzia edo hark eskuordetutakoa.
–Prebentzioko teknikaria.
–Prebentzioko bi ordezkari.
–Prebentzio Zerbitzuko teknikari bat.
–Arloko zerbitzuburua.
Batzorde Paritarioak ikerketaren diseinuan eta garapenean parte hartuko du, eta horretarako, oharrak, iradokizunak eta galderak eginen ditu, edozein unetan informazioa eska dezakeelarik.
Batzordeko kide guztiek ikus dezakete bildutako informazioa, baldintza beretan.
Elkarrizketatutako pertsonek, hala eskatuz gero, legezko ordezkari bat edo ordezkari sindikal bat aldean dutela agertzen ahalko dira. Laguntzaile horiek ez dute inolako erantzukizunik izanen ikerketaren exekuzioan.
Prebentzio Zerbitzuak honako hauetan oinarritutako ikerketa abiaraziko du:
–Informazioa biltzea: elkarrizketak lankideei, arazoa duenari eta gatazkaren ustezko arduradunari edo arduradunei.
–Faktore psikosozialen balorazioa.
–Dokumentazioa biltzea.
–Kanpoko aholkularitza, teknikoa nahiz legezkoa.
–Ondorioen txostena prestatzea.
Ikerketa hau egiteko epea 15 egunekoa izanen da; epe hori luzatzen ahalko da, aldez aurretik justifikatuta.
Batzordeak txostena aztertuko du eta etsaitasunezko jokabideen kasua konpontzeko egokitzat jotzen dituen prebentzio neurriak proposatuko ditu.
Ondokoei igorriko zaie txostena:
–Aurreikusitako prebentzio neurriak aplikatu behar dituen arloko zuzendaritzari.
–Batzorde Paritarioari, beharrezkoa balitz inplikatutako alderdietako bati zehapen-espedientea hastea.
–Inplikatutakoei.
–Segurtasun eta Osasun Batzordeari.
Prozesuko fase guztien eta emandako ebazpenaren berri emanen da.
Proposatutako neurrien jarraipena eginen da, eraginkorrak ote diren ikusteko. Prebentzio Zerbitzuak eta batzordeko kideek eginen dute jarraipen hori.
Laneko gatazketan jarduteko prozedura ebazteko epea bi hilekoa izanen da gehienez, salbu eta behar bezala justifikatutako kausa batek jarduketak epe horren barnean gauzatzea galarazten badu.
Txostena igorrita eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, salatzailea ados ez badago, enpresaz kanpoko instantzietara jotzen ahalko du: Lan Ikuskatzailetza, Institutu tenikoak, etab.
6.–Bermeak.
Uharteko Udalak eta bere patronatuek langile guztiei bermatuko die protokolo honen prozedurei heltzeko eskubidea, eta ziurtatuko da ez dutela larderiarik, bidegabeko traturik, diskriminaziorik edo errepresaliarik jasaten. Babes hori aplikatuko zaie, halaber, kasu bat ikertzean informazioa ematen dutenei edo protokolo honen edozein prozeduratan parte hartzen dutenei.
Protokolo hau aplikatzeari buruzko informazio guztia erabiltzean bermatuko da parte hartzen duten guztien intimitaterako eskubidea. Prozeduran parte hartzen duten pertsonek, bai eta inplikatutako alderdiek ere (salatzailea, salatua, lekukoak), egia esateko betebeharra dute, kondentzialtasuna eta erreserba gordetzeko betebeharra eta ezin izanen dute bildutako salaketen edo lekukotzen edukiari buruzko informazioa transmititu edo zabaldu. Konfidentzialtasuna bortxatzeak dagokion diziplinako erantzukizuna ekarriko du.
Batzorde Paritarioko kideek ez dute parte hartuko, Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. aritukuluan parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude. Salatzaileek eta/edo salatuek aipatu batzordeko kideak errefusatzen ahalko dituzte aipatu artikuluan adierazitako egoeretakoren batean baldin badaude.
Protokolo honekin, Uharteko Udalak eta bere patronatuek konpromisoa hartzen dute kasua ebatzi arte eramateko, kasu guztietan datuen konfidentzialtasuna bermatuz eta haiek ez direla erabiliko agiri honetan ezarritako beste helburu batzuetarako ziurtatuz.
7.–Protokoloaren ebaluazioa.
Urtero baloratuko dira protokoloa aplikatzearen ondoriozko emaitzak eta emaitza horiek hala gomendatzen badute, protokoloa berrikusi eginen da.
Iragarkiaren kodea: F1600622
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50