Iragarkia
56. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LIZARRA
Diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza orokorra.
Behin betiko onespena
Lizarrako Udalak, 2015eko abenduaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lizarrako Udalak kultur, hezkuntza, kirol, gazteria, laguntza, giza eta gizarte xedeetarako ematen dituen diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza, eta 2016ko 13. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 21ean.
Hasierako onespenaren espedientea jendaurrean jarri ondoan, Lizarrako Udaleko Berdintasunaren Alorrak eta Euskararen Zerbitzuak testuan zenbait aldaketa egitea proposatu zuten, hura hobeki ulertzeko asmoz.
Berdintasunaren Alorrak eta Euskararen Zerbitzuak proposatu dituzten eta espedientean jaso diren aldaketak eginik eta Ogasun Batzordeak 2016ko otsailaren 29an horren gaineko irizpena emanik, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 17. artikuluan ezarritakoa betez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatutakoarekin bat, 2016ko martxoaren 3ko osoko bilkuran behin betiko onetsi zen Lizarrako Udalaren diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza orokorra eta osorik eman zen argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.
Lizarran, 2016ko martxoaren 4an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.
ERANSKINA
LIZARRAKO UDALAREN DIRU-LAGUNTZEN GAINEKO ORDENANTZA OROKORRA
Zioen azalpena
I.–Lizarra bere gizarte egitura egunero hazten ikusten duen herria da, bai zenbakitan neurturik, bai, bereziki, komunitatearen, partaidetzaren eta konpromisoaren ezagutzan neurturik egungo bizia garatzeko alor desberdinetan: kultura, elkartasuna, berdintasuna, kirola, boluntario lana, ingurumena eta bizikidetzarako eta kulturen arteko trukaketarako, gizarte partaidetzarako eta herritartasuna eraikitzeko espazioak, industria, turismoa eta abar.
Lizarrako Udala ohartua da egiten diren jarduerek balio erantsi handia dutela udalerriko gizartearentzat, hala zuzeneko parte hartzaile eta bultzatzaileentzat nola jardueren onuradunentzat. Horregatik, gero eta kontu-sail handiagoak ematen ditu elkarteen lana erraztu eta, aldi berean, jardueraren balorazio soziala aitortu beharrez.
II.–Bertzalde, publikotasuna, tratu berdintasuna eta bat etortzea dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak (221. artikulua eta hurrengoak), Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak eman eta sustatzeko arauak jartzen dituenean.
Xedapen horiek betetzeko, ezinbertzekoa da udal arau batzuk jartzea, diru-laguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bertzetik, udalerriaren aipatu errealitate berriari.
III.–Horrenbertzez, aipatu eremuetan egiten den jarduera guztira iritsi nahi du Udalaren ordenantza honek eta Administrazioaren jarduera guztietan agintzen duten printzipio nagusietan oinarritzen da. Printzipio horietako batzuk dira objektibotasuna eta eragimena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3. artikuluan aipatuak; orobat, diru-laguntzen esparruari dagokionez, berdintasunaren, publikotasunaren eta bat egitearen printzipio arestian aipatuak, gardentasunaren eta objektibotasunaren printzipioekin batera.
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honek diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura finkatzea du xede, Lizarrako udalerriaren esparruan, eta baldintza berak bermatzea herritar eta entitateei onura publiko edo interes sozialeko helburu zehatz bati erantzuten dioten zerbitzu eta jardueretarako laguntzak eskuratzeko.
2. artikulua. Udalak pertsona edo entitate publikoei nahiz pribatuei dirua zein gauzak emateari esaten zaio diru-laguntza, horren xedea baldin bada onura publiko edo interes sozialeko jarduerak bultzatu edo sustatzea, hala nola bekak, primak, laguntzak, eta laguntza pertsonal, material eta ekonomikoa dakarten gainerako xedapen guztiak.
Printzipio orokorrak
3. artikulua. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen laguntzak:
1. Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, bereizkeria eza eta kontrola.
2. Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.
3. Eragimena, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.
4. artikulua. Diru-laguntzen xedeko alor baten edo gehiagoren gainean onesten diren oinarrietan aurreikusitako irizpide, xede eta prozedurei begiratuta eman beharko dira diru-laguntzak.
Oinarriak onetsi aitzin, aginduzkoa izanen da xede horretarako dirua aurreikustea aurrekontuetan.
Onuradunak
5. artikulua. Hona nor diren diru-laguntzak eskatzen ahal dituztenak:
a) Irabazi asmorik gabeko entitate, erakunde eta elkarteak, udalerrian egoitza edo ordezkaritza iraunkorra dutenak.
b) Pertsona fisikoak, jende talde baten ordezkari gisa, baldin eta udalerrian bizi badira, eta ekimenak berariazkoak eta irabazteko asmorik gabeak badira.
Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarriek ezarri ahal izanen dutenez, diru-laguntza publikoak entitate laguntzaile baten bidez ematen ahalko zaizkie onuradunei. Hala bada, lankidetza hitzarmena eginen da Udalaren eta entitate laguntzailearen artean, eta hartan arautuko dira entitateak bere gain hartzen dituen baldintzak eta betebeharrak. Hitzarmen horrek ez du inondik ere lau urte baino gehiago iraunen.
Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak
6. artikulua. Diru-laguntza bil dezakete diru-laguntzen deialdi bakoitzari dagokion aldian Lizarrako udalerriaren barrenean egiten diren jarduera programatuek, arlo hauetakoak badira:
–Kultura.
–Hezkuntza.
–Euskara.
–Industria, Berrikuntza eta Enplegua.
–Merkataritza eta Turismoa
–Kirolak.
–Gazteria.
–Berdintasuna.
–Gizarte laguntza.
–Giza laguntza eta/edo garapenerako lankidetza programak hirugarren munduko herrietan.
–Interes sozialeko jarduerak egiten dituzten entitate irabazi asmorik gabeendako laguntzak.
–Herritarren entitate eta talde irabazi asmorik gabeendako laguntzak, herritarren partaidetzaren arloan.
–Udal honetako beste alor edo departamentu batzuek tramitatzen dituzten beste diru-laguntza batzuk.
Banakako ebaluazioaren sistema hautatzen denean diru-laguntza emateko, haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera diru-laguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.
7. artikulua. Ezin izanen dira diruz lagundu honako hauek:
a) Lokalen moldaketa edo Udalaren jabetzakoak ez diren eraikinetan egiten den beste edozein esku-hartze.
b) Ondasun higiezinen erosketa.
Prozedura
8. artikulua. 1. Orokorrean, diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.
Honako hau joko da norgehiagokatzat: diru-laguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzean ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei diru-laguntza esleitzea, deialdi bakoitzean gastuendako ezarritako muga gainditu gabe.
Eskaerak ebaluatzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, diru-laguntzaren xedeko jarduerari dagokion udal alorreko informazio batzorde iraunkorreko kideek osatua.
Batzordearen jarduna Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak II. tituluaren II. kapituluan kide anitzeko organoendako ezarri duen araubideari lotuko zaio, halako moduz non txosten-proposamen arrazoitu bat emanen baitu, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txosten-proposamen hori igorriko zaio organo eskudunari, emakida egiteko, kasuan kasuko informazio batzordeko burutzaren bitartez, ondorio horietarako bidezkotzat jotzen dituen jarduketak egin ondoren, kasua bada.
Salbuespenez, deialdiaren xedea zein den eta horrexekin bat, eta deialdian hala aurreikusiz gero, organo eskudunak diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatzen ahalko du diru-laguntzetarako jarritako gehieneko zenbateko osoa.
Udalak zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, diru-laguntza bil dezaketen jardueretarako.
Diru-laguntzak eman aitzin, organo eskudunak kasuan kasuko diru-laguntzetarako deialdia egin beharko du.
2. Aurreko atalean xedatua goiti-beheiti, diru-laguntzaren izaera kontuan harturik “lehia” izan bai, baina horrek ez badu “norgehiagokaduna” izateko ezaugarririk, hau da, “norgehiagokarik gabeko lehia” bada, “banakako ebaluazioaren araubidea” aplikatuko da.
“Banakako ebaluazioaren araubidetzat”, berriz, norgehiagokarik gabeko prozedura joko da, non eskaerak jaso ahala espedienteak tramitatu eta ebatziko baitira, eta diru-laguntzak emanen dira horretarako aurrekontu-krediturik dagoen bitartean.
Banakako ebaluazioaren araubideari ordenantza honetan jasotako norgehiagokaren prozeduraren arau orokorrak zaizkio aplikagarri, salbu eta, diru-laguntza mota hauen izaera berezia dela-eta, “lehiakortasun” ezaugarri berariazkoari dagozkion alderdietan edo galdakizunetan arau orokor horiek aplikagarri ez badira.
Araubide berezi horretan ez da nahitaez kide anitzeko balorazio batzorderik osatu beharrik, aitzineko atalean aipatu bezala; izan ere, instrukzio organoari egokituko zaio bere kabuz egitea eskaeren gaineko ebaluazioa, betiere deialdian, hitzarmenean, ebazpenean edo berariazko ordenantzan ezarritako irizpideekin, moldeekin eta lehentasunekin bat.
3. Nolanahi ere, bertze diru-laguntza batzuk modu zuzenean ematen ahalko dira, horretarako egiaztatzen diren arrazoiak interes publiko, sozial, ekonomiko, hezkuntzako, kultural, zientifiko, humanitario edo bertzelakoak direnean, baldin eta, hartzailea dela-eta, ez badago lehia publikorako aukerarik, diru-laguntzaren xedea aurrera eramateko onuradun bakarra edo onuradun talde bakarra dagoelako.
Kasu hauetan ematen diren diru-laguntzak ere zuzenekoak izanen dira:
a) Udalaren aurrekontuan berariaz aurreikusita daudenean.
b) Lege mailako arau batek agintzen badio Administrazioari diru-laguntza emateko edo zenbat eman behar duen.
c) Diru-laguntzaren izaeragatik edo helburuagatik lehiaketa publikoaren deialdirik behar ez denean, edo izaeragatik nahiz helburuagatik publikotasunaren tramitea betetzea ezinezko bada, gauzatzeko gaitasuna duen onuraduna bakarra delako.
d) Gizarte ongizateko laguntzak; hala nola, larrialdi sozialeko laguntzak eta banakoendako gizarte laguntzak.
Atal honi jarraikiz ematen diren diru-laguntzak emakidaren erabakian edo erabaki edo lankidetza hitzarmenetan gauzatuko dira. Haietan diru-laguntzak arautzeko oinarriak ezarriko dira, ordenantza honetako aurreikuspenekin bat, publikotasunaren eta lehiaren printzipioei dagozkienetan izan ezik.
4. Hala norgehiagokaren araubidearen nola zuzenean emateko prozeduraren bidez emandako diru-laguntzek ezin izanen dute gainditu dagokion deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean ezarritako zenbatekoa, eta ez dira aurrekontuko zenbatekoa baino handiagoak izanen.
9. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarra ordenantza honetan aipatzen den deialdiaren oinarriak onetsi, argitaratu, zuzendu, luzatu edo deuseztatzeko organoa da, baita diru-laguntza guztien kontzesioa erabaki edo ukatzekoa eta haien zenbatekoa zehaztekoa, dagokion batzordeak txostena egin ondoan.
10. artikulua. Diru-laguntza emateko deialdi bakoitzaren oinarri partikularretan ezarriko da eskabideak aurkezteko epea zein den.
Zuzeneko kontzesioak direlako epe zehatza ez duten diru-laguntzak direnean, eskabideak aurkezteko epea abenduaren 31n bukatuko da, urtero.
11. artikulua. Laguntzen eskatzaileek, eskabidearekin batean, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute: Programa zehatza eta guztirako aurrekontua, egin gogo diren jardueren arabera banatua, haietarako eskatzen baita diru-laguntza.
Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak
12. artikulua. Deialdiaren oinarriak onestean finkatzen diren irizpide berariazkoez gain, honako hauek jotzen dira diru-laguntzak emateko irizpide objektibo orokortzat:
a) Jardueraren interes orokorra Lizarrako Udalarentzat.
b) Biztanleriaren partaidetza aktiboa programa hauetan, eta jardueren eragina gizartean.
c) Prestakuntzaren edo hezkuntzaren aldetik biztanleriaren bizi mailaren hobekuntza eragiten ahal duten alderdiei mesede egitea.
d) Proiektua zer esparrutan garatuko den, horrexen baldintzetara egokitzea gizartearen, kulturaren eta abarren aldetik.
e) Jarduerak Lizarrako herritarren eskura izatea eta iritzi publikoa sentsibilizatzen laguntzea.
f) Boluntarioek parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen.
g) Antzinatasuna Lizarrako erroldan.
h) Gisako jardueren urritasuna.
i) Oinarrizko kirola eta kultura sustatzea.
j) Diru-laguntzarik gabe nekez gauza litezkeen interes orokorreko jarduerei laguntza ematea.
k) Proiektuan ingurumenaren, gizartearen edo genero berdintasunaren ikuspegia txertatzea.
l) Antzinatasuna eta eskarmentua, gisako proiektuetan.
m) Eskatzailearen gaitasun teknikoa nahiz antolaketarako eta kudeaketarako gaitasuna.
13. artikulua. Diru-laguntzaren eskaerek 18.a) eta b) artikuluetan zehaztutako dokumentazioa jasoko dute. Kasuan kasuko batzordeak aztertuko du espedientea eta Tokiko Gobernu Batzarrari edo Osoko Bilkurari proposatuko dio onets eta ordain dezala, bere eskumenen mugen barrenean, eta, edonola ere, beretako gordeko du diru-laguntza benetan egindako gastuen mugaraino murriztea proposatzeko ahalmena.
Dagokion informazio batzordeak eskaerak aztertuko ditu eta horren ondoan txostena aurkeztuko dio Tokiko Gobernu Batzarrari. Horrek ebazpena emanen du eta diru-laguntza onartuko, biltzen diren inguruabarrak azterturik, kasu bakoitzean zenbateraino eta zer ehunekotan laguntzen ahal den zenbatetsi ondoan. Arau orokorra da jarduerendako diru-laguntzek, guztira, ez gainditzea hartarako aurkeztu den aurrekontua. Gehieneko zenbatekoa deialdi bakoitzaren oinarri partikularrek adieraziko dute.
Diru-laguntza eman ondoan, zenbatekoaren %80 ordainduko da emakidarekin batera, eta gainerakoa, berriz, gastu guztia justifikatutakoan (18. oinarrian arautua). Abenduaren 31n justifikatu ez diren diru-laguntzak galduko dira, eta onuradunak itzuli beharko du jaso bai baina justifikatu ez duen zenbatekoa. Itzuli ezean, zorra premiamendu bidez eskatuko da.
Onuradunen betebeharrak
14. artikulua. Hauek dira onuradunen betebeharrak:
Diru-laguntza jasotzeko behar den portaera izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.
–Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.
–Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bertzetik, lehenagoko jarduketen ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.
–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egitean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izatea.
–Egiaztatze eta kontrol ahalmenak erabili ahal daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, diru-laguntzak arautzeko oinarrietan eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.
–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.
–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diruak itzultzea.
–Udal ordenantzetan ezarritakoa betetzea.
15. artikulua. Entitate laguntzaileak, onuradunak eta diru-laguntzen xedearekin edo haren justifikazioarekin ikusteko duten hirugarrenak beharturik daude Udalaren kontrol organoen lana erraztera, baita kontrol organo eskudunek finantzen egiaztatze eta kontrolaren arloan egin ditzaketen gainerakoak ere, bereziki uztea kontrolaren eta segimenduaren xedeko dokumentazioa aztertzen eta lokaletan sartzen.
16. artikulua. Jarduera baterako diru-laguntzaren eskabidea aurkezte hutsak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak ezagutzea eta onartzea.
17. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta aginduak ez betetzeak diru-laguntza itzuli beharra ekar dezake. Erabaki hori organo emaileak hartuko du, espedientea ireki ondoan. Hartan, zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batean, bidezko diren txosten eta frogak aurkeztuko dira, baita onuradunaren alegazioak ere, halakorik bada. Espedientea hiru hilabetean ebatzi beharko da.
Diruz lagundutako jardueren finantziazioa
18. artikulua. 1. Diruz lagundutako jarduera zati batean edo portzentaje batean funts propioekin finantzatu dadila eskatu ahal izanen da diru-laguntzaren deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean. Justifikatu beharra dago finantzaketa horren zenbatekoa, jatorria eta diru-laguntzaren xedea den jardueran egindako aplikazioa.
2. Diru-laguntzaren deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak bateragarritasun edo bateraezintasun araubidea zehaztuko dute bertze edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik xede bererako bertze diru-laguntzak, laguntzak edo baliabideak eskuratzeko, hurrengo atalean xedatzen dena deusetan ukatu gabe.
3. Diru-laguntzen zenbatekoa, berez edo bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, inoiz ez da izanen diru-laguntza ematen zaion jardueraren kostua baino handiagoa.
4. Diru-laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, betiere, deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean baimendutako kasuetatik at bertze hainbat diru-iturri eskuratzen badira, aldatzen ahalko da diru-laguntzak emateko ebazpena.
5. Deialdiaren, hitzarmenaren edo ebazpenaren oinarriek horretarako bidea ematen badute, aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio, aldaketak egiten ahalko dira proiektuan; kasu honetan, organo eskudunak onetsi beharko ditu horiek, Udalaren kasuan kasuko alorrak balorazioa egin eta gero.
6. Benetako defizita edo benetako gastuak eskaera egitean aurreikusiak baino gutxiago diren kasuetan, kontuan harturik, betiere, azken horiek zedarritzen dutela hasiera batez diru-laguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu behar den kopurua.
Justifikazioa eta kobrantza
19. artikulua. Ordenantza honetako aginduei jarraikiz emandako diru-laguntzak biltzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da Herriko Etxean:
a) Eskabidea, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako eskuordetzea duenak sinatua, alkatetzari idatzia, diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.
b) Egindako jardueraren memoria zehatza.
c) Fakturak, diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dutenak.
d) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio inprimatua.
e) Bertze entitate publiko nahiz pribatuek emandako diru-laguntzen zerrenda.
Salbuespenak: Irabazi asmorik gabeko entitateei, Udalarekin jarduteko hitzarmena sinaturik badute eta horren arabera diru-laguntza bat jasotzekoak badira, hura ordainduko zaie konpentsazio justifikagaitza bezala, eta gehienez ere 63 euro ordainduko dira pertsona eta jarduneko egun bakoitzeko.
Diru-laguntza jakin horiek udal arlo bakoitzak eskatuta ordainduko dira, eta Tokiko Gobernu Batzarrak tramitatuko ditu, betiere alkatearen aldez aurreko esku-hartzea eta ikus-onespena edukita. Udal arlo bakoitzak zehazten duen egunean, eta betiere jarduketak bukatu ondoren, txosten bat aurkeztuko da, entitate horiekin sinatutako konpromisoak gauzatu direla dioena, eta une horretan ordainduko da diru-laguntzen %20, jaso gabe dagoena; horrela ez bada, itzultzeko eskatuko da jaso gabekoa baino handiagoa bada, eta jaso gabe dagoena ez da jasoko.
20. artikulua. Aitzineko artikuluan aipatu fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izatea.
b) Diru-laguntza emateko epekoak izatea. Jarduera puntuala baldin bada, aipatu jarduerari dagokion data.
c) Hartzailearen nortasun agiri nazionala edo lizentzia fiskalaren zenbakia edukitzea.
d) Etxe hornitzailearen zigilua eta izenpea edukitzea.
e) Eskabidea egitean aurkeztutako aurrekontuarekin bat etortzea.
21. artikulua. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean arau-hauste eta zehapen administratiboei buruz eta zehapen prozedurari buruz zehaztutako xedapenak dira aplikatu beharrekoak.
22. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikatzekoak izanen dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, hari buruz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1602756
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
