1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
118/2016 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako unibertsitateen katedren proiektuetarako diru-laguntzen 2016ko deialdia eta bere oinarriak onesten dituena.
Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, eta bertan proposatu Nafarroako unibertsitateen katedren proiektuetarako diru-laguntzen 2016ko deialdia onets eta argitara dadila.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako unibertsitateen katedren proiektuetarako diru-laguntzen 2016ko deialdia eta bere oinarriak onestea.
2. Gehienez 200.000 euroko gastua baimentzea, 2016ko aurrekontuko “Nafarroako unibertsitateekin sinatutako hitzarmenak katedrak garatzeko” izeneko 411001 41210 4812 322303 kontu-sailaren kargura.
3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari, Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Nafarroako Unibertsitateari, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentroei, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2016ko martxoaren 2an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Juan Ramón Elorz Domezain.
ERANSKINA
Nafarroako unibertsitateen katedrek egindako proiektuetarako diru-laguntzen deialdia. 2016. urtea
OINARRIAK
1. artikulua. Xedea.
Deialdi honen xedea da Nafarroako unibertsitateen katedrek garatutako proiektuak finantzatzea, helburu hauek indartzen laguntzen badute: unibertsitateen eta haien ingurune sozialaren arteko harremana, ezagutza eta prestakuntzaren hedapena edo gizartearen sentsibilizazioa eremu hauetan:
1.–Politika ekonomikoak. Enplegua. Gizarte kohesioa. Gizarte politikak krisi garaietan.
2.–Haurrei zuzendutako gizarte lana. Gizarte hezkuntza. Gazteen emigrazioa krisi garaietan. Elkartegintza. Herritarren mugimenduak.
3.–Zahartze aktiboa. Adinekoentzako ingurune atseginak: gizartean parte hartzea, gizarte zerbitzuak, garraioak, etxebizitza...
4.–Genero azterlanak diziplinarteko ikuspegi batetik (alderdi juridikoak, psikosozialak, historikoak, kulturalak, hezkuntzakoak).
5.–Immigrazioari buruzko politikak Europan. Errefuxiatuak hartzeko politikak. Immigrazioaren alderdi juridiko eta sozialak. Bertakotze kulturala.
6.–Nafarroako ondasun kulturalak. Arte eta monumentu ondarea.
7.–Ukipen-hizkuntzak Nafarroan (gaztelania eta euskara). Azterlan soziolinguistikoak. Euskal hizkuntza eta kultura. Ikerketa etnografikoa eta etnolinguistikoa. Ondare ez-materiala.
8.–Profesionalen eginkizuna osasuna sustatzeko. Bizimodu osasungarriak.
9.–Kalitate sistemen eragina politika publikoetan.
10.–Ekologia. Hirigintza eta eraikuntza jasangarriak.
2. artikulua. Parte-hartzaileak.
Nafarroan egoitza duten unibertsitate zentroek parte hartzen ahal dute deialdi honetan: Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentroek.
Zentro bakoitzak gehienez hiru eskaera aurkez ditzake, bat katedra bakoitzeko. Eskaera bakoitzak proiektu bat edo batzuk izan ditzake.
3. artikulua. Deialdiaren aurrekontuko zuzkidura eta gehieneko laguntza katedra bakoitzeko.
Laguntzak finantzatzeko deialdiaren gehieneko zenbatekoa 200.000 eurokoa da.
Unibertsitate zentro bakoitzak gehienez bi katedratarako jasoko du laguntza.
Katedra bakoitzerako laguntzaren gehieneko zenbatekoa 40.000 eurokoa izanen da. Gehieneko zenbateko hori proportzionalki murriztuko da katedra onuradunen kopurua 5etik gorakoa bada.
4. artikulua. Gauzatzeko epea.
Proiektuak 2016an gauzatu behar dira, abenduaren 20a baino lehen. Horrenbestez, proiektuaren jarduerak eta gastua ekitaldi honetan gauzatu behar dira.
5. artikulua. Proiektuen betebeharrak.
Laguntzaren xedeko proiektuak zabalkundeari lotutakoak izanen dira, katedraren lan eremukoak, eta mota hauetako jarduerak izan ditzake:
–Zabalkunde jardunaldiak.
–Hitzaldi zikloa, mintegiak edo ikastaroak.
–Sentsibilizazio kanpainak.
–Erakusketak.
–Prestakuntza ekintzak unibertsitateaz kanpoko irakasleentzat.
–Bokazio eta gaitasun zientifiko, teknologiko edo berrikuntzakoak garatzeko jarduerak.
–Hezkuntza eta prestakuntza materialak (argitalpen-euskarria edo ikus-entzunezkoa) sortzea unibertsitatez kanpoko komunitaterako.
Proiektuak 1. artikuluan ezarritako eremuetako batekoak izan behar dira.
6. artikulua. Eskaerak.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Katedraren unibertsitate zentroak ardura izanen du eskaera aurkezteko.
Eskaerak 1. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dira. Banakako eskaera aurkeztuko da katedra bakoitzeko, eta unibertsitate zentro bakoitzak hiru aurkez ditzake gehienez. Eskaeran laguntzaren xedeko proiektu guztiak agertuko dira.
Eskabideari agiri hauek erantsiko zaizkio:
1.–Proiektu bakoitzaren memoria, gehienez 10 orrialdekoa, 3.000-3.500 hitzekoa, calibri 11 letra-tipoa eta 1,5 lerroartea erabiliz. Puntu hauek izanen ditu:
–Proiektuaren testuingurua: katedraren jarduerak eta proiektuaren azalpena, egiten duen lana zabaltzeko jarduera den aldetik, eta gizartean duen eragina.
–Proposatutako jardueren deskripzio zehatza eta helburuak.
–Jarduerak gauzatzeko egutegia.
2.–Gastuen aurrekontua, proiektu bakoitzaren arabera xehakatua, 2. eranskineko ereduari jarraikiz.
3.–Katedrak azken bost urtean egindako jardueren laburpena, eta katedra osatzen duen taldea.
Laguntzaren eskabidea eta eskaturiko agiriak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko Erregistroko edozein bulegotan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bulegoetako edozeinetan edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko Legearen 76. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskabidea behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Horrela egin ezean, artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.
7. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta proiektuen finantzaketa.
Gastuen aurrekontua aurkeztuko da, 2. eranskineko eskabide orriaren ereduari jarraikiz. Aurrekontuan katedrak egiten dituen proiektuak xehakatuko dira, eta, proiektu bakoitzean, bere jarduerak.
Proiektuen araberako aurrekontuan haiei lotutako gastuak agertuko dira bakarrik, hau da, proiektua osatzen duten jardueretako bakoitzari lotutakoak. Zuzeneko gastu horiek izaeraren arabera xehakatu beharko dira (ordainsariak, materialak, eskuorriak, etab.), 2. eranskineko ereduari jarraikiz.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira garatu beharreko jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak, betiere deialdi honetan ezarritako epean egin eta jarduketa planean sartu badira.
Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira egindako jarduerak eragindako zuzeneko gastuak, kontzeptu hauengatik: hizlarien ordainsari, bidaia, ostatu eta dietak, jardueren publizitatea eta propaganda, zabalkunde material ezberdinen argitalpena (liburuak, entzunezko materiala...) halako materiala behar duten zabalkunde jardueretan, egindako jarduera bakoitzean erabili diren zabalkunde materialen katalogazioa eta digitalizazioa (adibidez, hitzaldiak grabatzea gero web orrian jartzeko) eta garatu beharreko jarduerei zalantzarik gabe eta zuzenean lotutako beste edozein gastu.
Hitzaldien, ikastaroen eta antzekoen ordainsarien kontzeptuan, gehienez 68 euroko diru-laguntza emanen da orduko. Hitzaldi edo parte-hartzaile batzuk behar dituzten jardueren kasuan, muga hori 136 eurokoa izanen da orduko.
Ez dira diruz lagunduko katedraren barneko langileria gastuak, unibertsitatearen jarduera arruntarenak eta idazkaritza, kudeaketa eta antzeko gastuak. Zeharkako gastuak ere ez dira inola ere lagunduko, urtebetetik gorako bizitza baliagarria duten ekipo informatikoak edo antzekoak barne.
Diru-laguntza jaso dezake unibertsitateko langileria kostuak, baldin langile horiek hizlariak badira hitzaldi eta ikastaroetan. Horretarako, dagokion faktura egin beharko da zerbitzu horiek egiteagatik.
Jasandako BEZa justifikatu beharreko zenbatekoan sar daiteke, unibertsitate zentro eskatzailearen jarduerei aplikatzen ahal zaien BEZeko salbuespenari dagokion zati proportzionalean. Horretarako, unibertsitate zentroek Foru Ogasunak luzatutako egiaztagiri fiskala aurkeztuko dute.
Diru-sarrerak dituzten jarduerengatik (adibidez, parte-hartzaileen matrikulengatik) aurreikusitako diru-sarrerak gastuen aurrekontuan sartu beharko dira, eta guztizko zenbatekoa txikiagotuko dute.
8. artikulua. Prozedura eta hautaketa irizpideak.
Diru-laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, objektibotasun, gardentasun, berdintasun, bereizkeria eza eta publizitate printzipioekin bat.
Laguntzak emateko, katedra bakoitzak aurkeztutako proiektuak lortzen dituzten puntuazioaren arabera ordenatuko dira, aurreko artikuluetan ezarritako mugak errespetatuz: gehieneko zenbatekoa katedra bakoitzeko, eta gehieneko katedra kopurua unibertsitate zentro bakoitzeko.
Prozedura instruitzeko organo eskuduna Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusia da, eta, haren barnean, Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzua.
Balorazio batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak. Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuko teknikariek osatuko dute batzorde hori.
Eskaerak irizpide hauek kontuan hartuz ebaluatuko dira:
30 puntu, gehienez, proiektuaren egokitasuna, kalitatea eta koherentziagatik.
30 puntu, gehienez, proiektuaren berrikuntza eta eraginagatik.
30 puntu, gehienez, proposamenaren bideragarritasunagatik eta baliabideen eta proiektuaren arteko egokitzapenagatik.
10 puntu, gehienez, proiektua garatzen duen katedraren esperientzia eta gaitasun operatiboagatik.
Unibertsitate zentro baten eskaerek puntuazio bera lortzen badute, lehenbiziko irizpidean puntu gehien lortu duena lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, bigarren irizpidean puntu gehien lortu duena lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, hirugarren irizpidean puntu gehien lortu duena lehenetsiko da.
Gutxienez 60 puntu lortu behar dira diru-laguntza jasotzeko aukera izateko.
9. artikulua. Deialdia ebaztea eta laguntzak ematea.
Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, eta eskaerak ebaluatu ondoren, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak, sei hilabeteko epean, ebazpen bat emanen du laguntzak emateko. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Hezkuntzaren atarian argitaratuko da, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.
Gastuen aurrekontua eta ebazpen horretan onesten den laguntza ezin inanen dira gainditu behin betiko laguntzaren justifikazioan eta ordainketan.
10. artikulua. Unibertsitateekin sinatu beharreko hitzarmenak.
Deialdia ebatzi ondoren, katedra onuradunak zehaztuta, hitzarmenak sinatuko dira unibertsitateekin deialdian aurkeztutako proiektuak garatzeko. Hitzarmen bat sinatuko da katedra onuradun bakoitzeko. Sinatzen diren hitzarmenak deialdi honen oinarri arautzaileetara egokituko dira.
11. artikulua. Aldaketak proiektuetan.
Proiektu bakoitzari dagokion guztizko zenbatekoa alda daiteke proiektua gauzatzean, aurrekontuan hasieran aurreikusitako zenbatekoen +-%10 tartean.
Proiektua gauzatzean egutegia edo aurreikusitako jarduera bat aldatu behar bada, edo proiektuen guztizko zenbatekoetan aurreko atalean adierazitako %10 tartetik gorako aldaketak badira, proiektuaren arduradunak justifikazio arrazoitua aurkeztuko du.
12. artikulua. Ordainketa eta justifikazioa.
Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du diru-laguntzaren ordainketa baimentzeko, onuradunek Hezkuntza Departamentuko erregistroan ordura arte egindako gastu eta jardueren justifikazioa aurkeztu ondoren. Justifikazioa aurkezteko azken eguna 2016ko abenduaren 20a izanen da. Nolanahi ere, aurkezteko azken egunak aurrekontua ixteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak emanen duen arauan xedatutakoa bete beharko du.
Gastu eta jardueren justifikazioak bi alde izanen ditu: ekonomikoa eta akademikoa.
A.–Justifikazio ekonomikoa - Memoria ekonomikoa.
Proiektuetako gastuen laburpena, dagozkien fakturak xehakaturik, aurkeztuko da, 3. eranskineko ereduari jarraikiz.
Gastua justifikatzeko, fakturen fotokopiak eta ordainagiri fede-emaileenak aurkeztu beharko dira.
Hizlariek aurkezten dituzten fakturek zerbitzuan egindako ordu kopurua zehaztu beharko dute.
Laguntza horien zenbatekoa laguntzaren xedeko proiektuak egitean zuzenean sortzen diren gastuei aplikatzen ahal zaie bakarrik, deialdi honen 7. artikuluan zehaztutakoa kontuan harturik. Gastuen ordainagirien (fakturen) eguna 2016. urtekoa izan behar da. Diru laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira bakarrik justifikazio epea bukatu baino lehen egiazki ordainduak. Justifikazioa aurkeztean ordaintzeko epea indarrean duten gastuen kasuan, laguntzaren onuradunak ordaintzeko epearen azken eguna adierazi beharko du, eta konpromisoa hartu ordainagiria aurkezteko, epe hori amaitu ondoren. Epea amaituta ordainagiria aurkeztu ez badu, dagokion kopurua itzultzeko eskatuko zaio.
Diru-sarrerak izan dituzten jardueren kasuan (adibidez, parte-hartzaileen matrikulengatik), diru-sarrera horiek zenbatu eta justifikatu beharko dira. Diru-sarrera horiek jardueren gastuetatik kenduko dira jarduera horietan diruz lagundu daitekeen kostua kalkulatzean.
B.–Justifikazio akademikoa - Memoria akademikoa, edo jardueren memoria.
Jardueren urteko memoria erantsi beharko zaio egindako gastuaren justifikazio ekonomikoari. Memorian urtean egindako proiektu eta jarduerak zehatz-mehatz azalduko dira, deialdi honen kargura finantzatu badira.
Ahal dela, euskarri digitalean aurkeztuko dira agiri hauek:
–Antolatutako jardueren gaineko publizitatea komunikabideetan, eta prentsan edo komunikabideetan jarduera horiek aipatzen dituzten artikuluak.
–Triptikoak edo informazio agiriak jarduerak ezagutarazteko.
–Antolatutako jardueren material didaktikoa: zabaldutako materialaren dokumentazioa (aurkezpenak, idazkiak...), jendaurreko hitzaldi edo jardunaldien grabazioak, eta katedra bakoitzak erabilitako gainerako materiala (jardueren justifikazioan aurkeztu beharrekoa, eta haien web orrietan jendaurrean jarri beharrekoa).
–Beste edozein bitarteko, jarduerak egiazki egin direla justifikatzeko.
13. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
a) Hautatutako proiektua aurkeztu zen proposamenean aurreikusi bezala gauzatzea.
b) Proiektuaren aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
c) Proiektuak 2016ko abenduaren 20a baino lehen bukatzea.
d) Proiektuaren azken txostena 2016ko abenduaren 20a baino lehen aurkeztea. Jardueren memoria eta memoria ekonomikoa izanen ditu. Memoria horiek erabiliko dira laguntzen ordainketa justifikatzeko.
e) Programen zabalkundea egiteko jarduera eta inprimaki guztietan Nafarroako Gobernuak emandako laguntza aipatzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
f) Argitaratzen diren funts bibliografikoak egiazki banatzen direla bermatzea.
14. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.
Laguntza hauek aurkeztutako proiektuen gastu justifikatu guztiak finantzatzen dituztenez, 2. artikuluan aipatzen den 40.000 euroko muga kontuan hartuta, bateraezinak izanen dira katedrek proiektu horietarako jasotzen dituzten beste edozein laguntza edo kanpoko finantzaketarekin. Horretarako, onuradun bakoitzak, bai eskaera egitean bai azken justifikazio ekonomikoa aurkeztean, ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, adierazteko deialdi honetan aurkeztutako proiektuek ez dutela jaso beste laguntza edo kanpoko finantzaketarik.
15. artikulua. Laguntzen araubide juridikoa.
Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoa izanen da.
1. ERANSKINA
Eskabide orria. Nafarroako unibertsitateen katedrek egindako proiektuetarako diru-laguntza. 2016. urtea (PDF).
2. ERANSKINA
Gastuen aurrekontua. Nafarroako unibertsitateen katedrek egindako proiektuetarako diru-laguntza. 2016. urtea (PDF).
3. ERANSKINA
Gastuen justifikazioa. Nafarroako unibertsitateen katedrek egindako proiektuetarako diru-laguntza. 2016. urtea (PDF).
Iragarkiaren kodea: F1602678