53. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRASOAÑA

Herritarren lana edo auzolana arautzen duen ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena

Larrasoañako Kontzejuak, 2015eko urriaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Auzolana arautzen duen udal ordenantza aldatzea.

Onespenaren erabakia 2016ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 12an, eta jendaurrean egon bitartean zenbait alegazio aurkeztu ziren. Horiek ebatzita, Larrasoañako Kontzejuak, 2016ko otsailaren 25ean egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Auzolana arautzen duen ordenantzako aldaketa. Ordenantza horretan egindako aldaketa behin betikoz onetsi da eta xedatu osorik argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatuari jarraikiz.

Larrasoañan, 2016ko otsailaren 25ean.–Alkate udalburua, Argiloa Mangado González.

AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

Lehena.–Xedea.

Ordenantza honen xedea da auzolana izeneko lan pertsonala arautzea, eraikuntza eta zainketa lanetarako, herriko bideak hobetzeko eta, orokorrean, toki entitate honen eskumeneko obrak egiteko.

Bigarrena.–Funtsa.

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12., 53. eta 54. artikuluetan xedatutakoaren babesean ezarri da.

Hirugarrena.–Auzolana egin behar duten subjektuak.

18 urtetik 55 urtera bitarteko erroldatuak (biak barne).

Bizilagunen batek bere burua Udalaren erroldatik kentzen badu auzolana ez egiteko eta herrian bizi dela frogatzen bada, auzolanaren ordenantza bete behar dutenen zerrendan sartuko dute.

Laugarrena.–Salbuespenak.

Lan pertsonala edo auzolana egitetik salbuetsita egonen dira honako pertsona hauek:

–18 urtetik beheitikoak.

–Ezindu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak.

–Presondegietan giltzapetuak daudenak.

Bosgarrena.–Erregulazioa.

Larrasoañako Kontzejuak behar den asegurua hartuko du herritarrak auzolanean ari direla izan ditzaketen istripuen arriskuaz babesteko.

Seigarrena.–Pertsona bakoitzak 2 auzolan egin beharko ditu urtean, eta etxe bakoitzean gehienez 4 eginen dira.

Pertsona batek auzolana egiteko edozein makina motordun (soropil-ebakitzekoa, motosega...) erabiltzen duenean, auzolan bat egin duela iritziko da.

Asteko edozein egunetan eginen dira auzolanak, ahal dela larunbatean. Kontzejuak urtero finkatuko ditu egin beharreko auzolanak, premien arabera.

Auzolana egiteko gaztigua bi egun lehenago jakinaraziko zaie herrian bizi direnei, oholean iragarkia paratuz eta herrian ohi den maneran.

Lana egin beharra duen bizilagun batek ezin baldin badu auzolana egin, eritasunengatik edo lana dela-eta, idatziz jakinaraziko dio Kontzejuari 24 orduko epean, jakinarazpenaren ondotik.

Kontzejuak uste badu auzolanera joateko ezintasuna dakarren arrazoia bidezkoa dela, egin gabe utzitako auzolan horretarako deia egiten ahalko dio, ezintasun hori desagertzen denean.

Kontzejuak eskumena izanen du auzolaneko egitekoak antolatzeko eta banatzeko.

Zazpigarrena.–Auzolanetara joaten diren lagunak zerrenda batean sartuko dira eta hura jendaurrean jarriko.

Zortzigarrena.–Beste pertsona baten ordez egin daiteke auzolana (jakinarazi ondoren), edo 40 euro ordaindu egiten ez den auzolan bakoitzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Modu osagarrian aplikatzekoa izanen da, bidezko denean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

Iragarkiaren kodea: L1602500