2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
DEIERRI
Aldaketa, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena
Deierriko Udalak, 2015eko azaroaren 12an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantzan, 2015eko 241. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, abenduaren 2an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Deierrin, 2016ko martxoaren 1ean.–Alkatea, Ramiro Urra Marcotegui.
ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da, aplikatzekoa den araudia betez, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzea (legea martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuko aurreikuspenak jasota (haren bidez Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren).
2. artikulua. Titularrak.
Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:
1.–Desgaitasunen bat duten pertsona fisikoak, Deierrin erroldatuak, ondoko egoera hauetakoren batean badaude:
a) Desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren araberako mugikortasun murriztua dutenak.
Aipatu eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C ataletan deskribatutako egoeretakoren batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa lortzea gainerako ataletan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan.
b) Begirik onenean begi-zorroztasuna 0,1 edo gutxiago dutenak leiar zuzentzaileekin, edo ikusmen eremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.
Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalaren irizpena jaso behar dute.
2.–Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Halaber, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta horien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak.
3. artikulua. Erabilerarako baldintzak.
Aparkatzeko txartela titularraren alde eta soilik berak erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta soilik erabiliko da baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.
Aurreko artikuluko 2. atalean jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.
Aparkatzeko txartela erabiliko bada, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.
4. artikulua. Balio epea.
Aparkatzeko txartelen balio epea honako hau izanen da: 4 urte.
Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea.
Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.
Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, ulertuko da indarraldian jarraitzen duela berritzeko prozedura ebatzi arte.
Txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusteko epea artikulu honetan aipatutako balio epea baino epe motzagoa bada, txartelaren balio epea bat etorriko da desgaitasun maila berrikusteko falta den denbora tartearekin.
5. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.
Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatu mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik. Betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean.
Halako egoerak osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak baliozkotu beharko du.
Txartel hori urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko da, emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen baldin badira.
Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.
6. artikulua. Txartela emateko prozedura.
Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela.
Txartela Deierriko Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.
Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Eskatzailearen izen-deiturak.
–Txarteletarako argazki bat.
–NANa.
–Herrian erroldaturik dagoelako ziurtagiria.
–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.
–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. atalean jasotako baldintzetan. Dokumentazioa desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek bete beharko dute.
Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa baderitzo, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatzen ahalko dio, eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela frogatzen duena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.
–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.
–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. atalean aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.
Eskatzen diren baldintzak betez gero, behar den aparkatzeko txartela luzatuko da.
7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.
Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatu kideetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.
8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.
1.–Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak edukiko dituzte Estatu osoan, betiere, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago.
a) Bizilekutik nahiz lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatutakoa bada eta premia justifikatuz gero.
b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.
c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea.
d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.
e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.
f) Zirkulazioa bertako bizilagunentzat mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzea; betiere, helmuga aipatu eremu horren barnean badago.
2.–Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta balizkoetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.
9. artikulua. Titularren betebeharrak.
1.–Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:
a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.
b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aginte-panelean jartzea, edo barnetik aurreko haizetakoan itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da, eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.
c) Agintaritzaren agente batek eskatzen badio, bere burua identifikatzea.
d) Agintaritzaren agenteei laguntzea aparkatzeko txartela erabiltzeak berarekin dakartzan eskubideak betetzeak sor ditzakeen trafiko arazoak ahal den neurrian saiheste aldera.
e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea txartela berritzeko unean edo iraunaldia bukatzen denean.
10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Ordenantza honek ezarritakoari kontra egiten dioten eginak eta ez eginak arau-hauste izanen dira eta behar bezala zehatuko dira.
Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
Aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiltzeak hura kentzea ekartzen ahalko du, izan daitezkeen erantzukizun administratibo, zibil edo penalak galarazi gabe.
10.1. Arau-hauste arinak.
Hauek izanen dira arau-hauste arinak:
1.–Txartela osoki ikusteko maneran ez paratzea.
2.–Txartelean paperen bat edo beste zeren bat paratzea, haren daturen bat ezkutatzen duena.
3.–Herri honen barnean bizilekua aldatuz gero, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.
4.–Ibilgailua aparkatzeko toki batean utzi, hala etorkikoa nola helmugakoa, eta 96 orduko epean handik ez mugitzea.
5.–Ordenantza honetako beste edozein arau-hauste, larria edo oso larria ez bada.
10.2. Arau-hauste larriak.
Hauek izanen dira arau-hauste larriak:
1.–Titularra ez den beste norbaiti txartela lagatzea, mailegatzea edo uztea.
2.–Mugikortasunean hobekuntzarik izanez gero, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.
3.–Txartela ez itzultzea, horretarako errekerimendua egin bazaio.
4.–Minusbaliatuen aparkatzeko txartela erabiltzea, haren titularra izan gabe.
5.–Izatez nahiz zuzenbidez bizilekua aldatuz gero herri honetatik kanpora, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.
6.–Txartela erabiltzea indarra galdu duenetik hiru hilabete baino gehiago iraganik. Halakoetan, udaltzainek txartela kentzen ahalko diote badaezpadako neurri gisa, harik eta titularrak frogatzen duen arte ezin izan duela epearen barnean berritu.
7.–Urtean hiru arau-hauste arin egitea.
10.3. Arau-hauste oso larriak:
Hauek izanen dira arau-hauste oso larriak:
1.–Txartel faltsutu eta/edo manipulatu bat erabiltzea, hortik etor daitezkeen erantzukizun penalez aparte.
2.–Bi urtean hiru arau-hauste larri egitea.
10.4. Arau-hausteen preskripzioa.
Arau-hauste arinak hiru hilabetean preskribatuko dira, larriak sei hilabetean eta oso larriak urtebetean.
Preskripzio epea egitateak gertatzen diren egunetik hasten da kontatzen.
Preskripzioa etenen da administrazioaren edozein jarduketagatik, salatuak horren berri badu edo salatua nor den edo non bizi den jakitea helburua badu eta, zein dependentziatan sortzen den, hortik kanpoko proiekzioarekin egiten bada. Orobat etenen da preskripzioa, horren jakinarazpena egiten badu agintaritzaren agente batek.
Preskripzioak jarraipena izanen du prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.
10.5. Zehapenak.
Arau-hauste arin bat egiteagatik, zehapena 100 euro arteko isuna izanen da.
Arau-hauste larri bat egiteagatik, zehapena 200 euro arteko isuna izanen da. Halaber, txartela aldi baterako kentzea ekartzen ahalko du, gehienez ere hiru hilabetez, hain zuzen ere.
Arau-hauste oso larri bat egiteagatik, zehapena 1.000 euro arteko isuna izanen da, eta zehatuek txartel berria eskatu beharko dute.
Garabiak eraman ahalko ditu leku erreserbatu batean aparkaturik dauden ibilgailuak, aparkatzeko txartelik ikusgai ez badute edo txartelaren datu guztiak ikusteko maneran ez badaude. Ibilgailua altxatokitik eramateko, aitzinetik behar den tasa ordaindu beharko da ibilgailua kendu, egon eta gordetzeagatik; tasa horrek ez du inondik ere zehapen izaerarik.
10.6. Zehapenen graduazioa.
Zehapenen zenbatekoa honen araberakoa izanen da: egitatearen larritasuna eta garrantzia, arau-hausleak gai horretan dituen aurrekariak edo behin baino gehiagotan egin ote duen, zuzenean nahiz zeharka egin duen kaltea, eta proportzionaltasun irizpidea.
Salaketa egiten duen udaltzainak emanen du salatzen diren egitateen eta horren inguruko xehetasunen berri, zehapena behar bezala mailakatzeko.
10.7. Zehapenen preskripzioa.
Zehapenen preskripzio epea lau urtekoa izanen da, dagokion zehapena ezartzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik hasita.
Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du, eta berriz ere epea iraganen da, baldin prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.
11. artikulua. Zehatzeko prozedura.
Alkate udalburuak ezarriko ditu zehapenak, kontuan harturik ordenantza honetan ezarritakoa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio prozedura Erkideari buruzko Legean zehapen prozeduraz agertzen diren arauak, haietaz gero egin diren aldaketak eta haien erregelamenduzko garapena.
Prozedura hasi zenetik urtebete iragan eta ez bada zehatzen duen ebazpenik eman, hura iraungi eginen da eta jarduketak artxibatuko ditu ebazpena emateko organo eskudunak, edozein interesdunek eskatuta edo ofizioz.
Prozedura geldiarazten bada jurisdikzio penalak egitateen berri izateagatik, iraungitze epea eten eginen da, eta berriz ere hasiko da beste urtebeteko iraungitze epea, ebazpen judizialaren organo eskudunari jakinarazi ondoan.
Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza hau onartu aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den mugaegunera arte.
Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe geratzen da Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza, 2004ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 27an, argitaratu zena.
Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
ERANSKINA
Eskabide eredua
Titularraren datuak:
Izen-deiturak
Helbidea
NANa ...........................
Harremanetarako telefonoa
Ibilgailuaren datuak*:
Desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako erabiltzen den ibilgailuaren matrikula ........................
ESKATZEN DUT:
Eskatutako baldintzak betetzen ditudala egiaztatuta, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela eman dakidala.
...........................(e)n, .......(e)ko .......................aren .......(e)(a)n
Sinadura
(*) Soilik eskatzailea baldin bada Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea arautzen duen ordenantzaren 1. artikuluko 2. atalak aipatzen dituen pertsona fisiko edo juridikoen sailekoa.
Erantsi beharreko agiriak.
–Txarteletarako argazki bat.
–NANa.
–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.
–Eskatzailea desgaitasuna duen pertsona bada: desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikus eremua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. atalean jasotako baldintzetan. Dokumentazioa kalifikaziorako eta desgaitasun maila aitortzeko talde multifuntzionalek eman beharko dute.
–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.
–Pertsona fisikoek edo juridikoek desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako txartela eskatzen badute, honako hau frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte: autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta emateko zerbitzuak edo desgaitasuna duten pertsonendako eta horiek gizarteratzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela frogatzeko agiriak.
Iragarkiaren kodea: L1602571