50. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

92/2016 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, 2015-2016 ikasturterako nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programen laguntza osagarrien deialdia egiten duena.

Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du eta bertan proposatu 2015-2016 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien deialdia onetsi eta argitaratzea. Deialdia ikasturte honetan Espainiako unibertsitateek sustatzen dituzten nazioarteko mugikortasunerako programen onuradunak diren ikasleei zuzentzen zaie.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2015-2016 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programen laguntza osagarrien deialdia onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. 230.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2016ko aurrekontuko “Atzerriko Unibertsitateekin trukeak egitea: Erasmus eta beste batzuk” izeneko 411001-41210-4800-322300 kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari, Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Nafarroako Unibertsitateari, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Araubide Administratiboaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Argibide Bulegoari eta Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2016ko otsailaren 22an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Juan Ramón Elorz Domezain.

ERANSKINA

2015-2016 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programen laguntza osagarrien deialdia

OINARRIAK

1. Xedea.

Nazioarteko dimentsioaren garapena gakoetako bat da unibertsitateko ikasketetan gaur egun. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarriak Nafarroako Gobernuak egiten duen ekarpen zuzena dira, Nafarroako unibertsitateetako ikasleen eta beste unibertsitateetako ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.

2. Laguntzen hartzaileak.

Laguntza horiek unibertsitateko ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako unibertsitateek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren baldintzak betetzen badituzte.

Laguntzak onuradunei ordainduko zaizkie zuzenean.

3. Laguntzen bateragarritasuna.

Onuradun bakoitzari emandako zenbateko osoa 100 euroko modulua aplikatzetik datorrena izanen da egonaldiko hilabete bakoitzeko, behar bezala frogaturik, gehienez ere bederatzi hilabete. Ez da laguntzarik emanen hiru hilabetetik beherako egonaldietarako.

4. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiako unibertsitate batean lehen edo bigarren zikloko edo graduko unibertsitate ikasketetan matrikulaturik egotea. Goi mailako arte eta musikako ikasketak ez daude sarturik.

b) Unibertsitateen arteko nazioarteko mugikortasunerako programa batean parte hartzea.

c) Aurreko deialdietan halako laguntzarik jaso ez izana.

d) Egoera hauetako batean izatea:

–Nafarroan jaioa izatea.

–Nafarroan erroldaturik egon izana eskaera egunaren aurreko azken bi urteetan, gutxienez.

e) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laguntzaren eskabidea eta eskaturiko agiriak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko Erregistroko edozein bulegotan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bulegoetako edozeinetan edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia erabiliz ere aurkezten ahalko da eskaera, hamazazpigarren oinarrian agertzen den helbidean.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko Legearen 76. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskabidea behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Horrela egin ezean, artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.

Deialdian agertzen den helbide elektronikoaren bidez ere egiten ahalko da zuzenketa.

6. Dokumentazioa.

1. Laguntza eskabidea, deialdiaren I. eranskineko ereduaren araberakoa. Eskabide hori “navarra.es” atariko tramiteen katalogotik jaisten ahalko da edo, bestela, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia bete.

2. Laguntza kobratzeko erabiliko den banku edo aurrezki kutxako libretaren lehen orriaren fotokopia. Laguntzaren onuradunak kontuaren titularra izan behar du, eta kontu hori irekita eduki behar da laguntza jaso arte.

3. Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, bi aldeetatik.

4. Nafarroan jaio ez diren eskatzaileek erroldatze-agiri bat aurkeztu beharko dute, azkeneko bi urteotan Nafarroan bizi izan direla frogatzeko.

5. Betebeharren a) eta b) atalak frogatzeko agiria:

Nafarroako unibertsitate batean matrikulatuta dauden eskatzaileen kasuan, unibertsitateak berak ofizioz aurkeztuko du ziurtagiria.

Beste unibertsitate batzuetan matrikulatuta dauden eskatzaileen kasuan, eskatzailea partaide duen truke programaren edo hitzarmenaren datuen ziurtagiria aurkeztuko dute: destinoko unibertsitatea, egonaldiaren hasiera eta bukaera egunak, etab.

6. 2014-2015 ikasturteko notak frogatzen dituen agiria, ondoko datu hauekin: egindako irakasgai guztiak, irakasgai bakoitzaren kreditu balioa eta ikasturte horretan erabilitako deialdi guztietan eskuraturiko kalifikazioa. Baliozko agiri gisa onartuko da ikasleak espedientea web bidez kontsultatzea, baldin eta bertan bere izena, NANa eta eskatutako datu guztiak agertzen badira.

7. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituela azaltzen duen erantzukizuneko aitorpena. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da aitorpen hori.

8. Nafarroatik kanpo dauden unibertsitateen ikasleen kasuan: erantzukizuneko aitorpena, dioena bere unibertsitatea dagoen autonomia erkidegoan ez duela beste laguntza osagarri bat hartu nazioarteko mugikortasunerako programetarako.

9. Egonaldia eskaera aurkeztu baino lehen amaitu bada, “Egonaldiaren amaierako agiria” ere aurkeztuko da, behar bezala betea eta destinoko unibertsitateak zigilatua.

7. Laguntzak emateko irizpideak.

Izangaien lehentasun ordena ikasketa espedienteen batez besteko notaren arabera ezarriko da. Batez besteko nota hori Europako kreditu sistema eta unibertsitate tituluen kalifikazio sistema ezartzen duen irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat kalkulatuko da, kontuan hartu beharreko ohar hauekin:

1. Zenbakizko kalifikaziorik ez dagoenean, eskuraturiko kalifikazioak honako baremo honi jarraikiz zenbatuko dira:

a) Ohorezko matrikula = 10 puntu.

b) Bikain = 9 puntu.

c) Oso ongi = 7,5 puntu.

d) Nahikoa edo gai = 5,5 puntu.

“Gai” kalifikazioa duten irakasgaiak eta konpentsatutakoak nahiko batekin baloratuko dira.

2. Irakasgaien arabera antolatutako ikasketa planak izanez gero, batez besteko nota kalkulatuko da guztira lortutako puntuak irakasgai guztien artean zatituz. Lauhileko irakasgaiak irakasgai erdiak izanen dira.

3. Kredituen arabera antolatutako ikasketa planak baldin badira, irakasgai bakoitza osatzen duten kreditu kopuruaren arabera emanen da puntuazioa. Batez besteko nota honela kalkulatuko da: kalifikaturiko kredituen batura, horietako bakoitza kasuko kalifikazioen balioarekin biderkatuta, zati kalifikatutako kredituen kopuru osoa.

4. Titulu teknikoen batez besteko nota 1,17 koefizientearekin biderkatuko da.

Batez besteko notan berdinketa baldin badago, kalifikazio onenen arabera ezarriko da hurrenkera. Lehenik, lortutako ohorezko matrikulak hartuko dira kontuan; hala ere berdinketa hausten ez bada, bikain notak eta, hala, hurrenez hurren.

8. Ebazpena.

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eman edo ukatuko dira laguntzak.

Laguntzak emanen dira aurrekontuko kontu-sailean eskuragarri dagoen zenbatekoa agortu arte. Baldintzak bete arren laguntza jaso ez duten eskatzaileek erreserba zerrenda osatuko dute, ezarritako lehentasun ordenaren arabera.

Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta “navarra.es” atarian argitaratuko da, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei. Posta elektronikoa eman duten interesdunei bide hori erabiliz jakinaraziko zaie laguntza jasoko dutela.

9. Onuradunen betebeharrak.

Egonaldia amaituta, laguntzen onuradunek “Egonaldiaren amaiera” izeneko agiria aurkeztu behar dute (deialdiaren II. eranskina), behar bezala beteta eta destinoko unibertsitateak zigilatuta. Agiri hori “navarra.es” atariko zerbitzuen katalogoan ere eskuratzen ahal da.

Agiria, laguntzak ordaintzeko ezinbesteko baldintza, Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuari zuzenduko zaio eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Erregistroan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetako batean aurkeztuko da. Posta elektronikoaren bidez ere igor daiteke.

10. Uko egiteak.

Laguntzari uko eginez gero, Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio. Uko egiteak jasotako dirua itzuli beharra ekarriko du berarekin. Zerbitzuaren posta elektronikoa erabiltzen ahalko da komunikazio bide gisa.

11. Ez-betetzeak.

Arrazoi hauetako bat gertatzen denean galduko da laguntza:

a) Egonaldia ez egitea edo egin dela frogatzen duen “Egonaldiaren amaiera” agiria ez aurkeztea. Kasu horretan, ez da ordainduko laguntzaren zenbatekoa.

b) Eskatu eta emandako egonaldia baino laburragoa egitea, egindako egonalditzat hartuta “Egonaldiaren amaiera” agirian agertzen dena. Laguntzaren onuradunak agirian justifikatzen diren hilabeteei dagokien zenbatekoa jasoko du soilik.

12. Diru-laguntza ordaintzea.

Laguntzen onuradunek zenbateko osoa jasoko dute egonaldia bukatu ondoren.

Laguntzak bi datatan ordainduko dira: 2016ko ekainean eta irailean. Data bakoitzean laguntza ordainduko zaie egonaldia hilabete hori baino lehen amaitu duten eta egonaldia gauzatu dela frogatzeko agiria aurkeztu duten onuradunei.

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eginen da ordainketa.

13. Erreserba zerrenda.

Onuradunen batek uko egiteagatik edo ez-betetzeren bat gertatzeagatik aurrekontuan dirua gelditzen bada, erreserba zerrendako izangairen bat laguntzen onuradun bihur liteke. Kasu horretan, laguntza emateko, zerrendaren lehentasun ordenari jarraituko zaio eta Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du.

14. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

15. Errekurtsoak.

Oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

16. Argibideak eta harremanak.

Eskabide orria eta “Egonaldiaren amaiera” ziurtagiria Hezkuntza Departamentuko Argibide Bulegoan eta Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuan eskuratzen ahal dira. Era berean, oinarriak eta aipatu agiriak “navarra.es” atarian argitaratuko dira, “Zerbitzuak: laguntzak eta bekak” atalean, hain zuzen.

Hezkuntzaren atarian ere eskuragarri egonen da web bidezko eskabidea.

Edozein zalantza argitzeko, interesdunek honetara jotzen ahalko dute:

Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzua.

Hezkuntza Departamentua.

Santo Domingo kalea, zk.g. - 31001 Iruña (Nafarroa).

Telefonoak: 848 426078 848 426064.

helbide elektronikoa: ensenanzas.universitarias@cfnavarra.es.

Zerbitzuen katalogoa, “navarra.es” atarikoa.

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/3673/Nazioarteko-mugikortasuneko-unibertsitate-programetarako-laguntza-osagarriak.

Hezkuntzaren ataria:

http://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/estudios-universitarios/movilidad-internacional.

I. ERANSKINA

Eskabide orria. Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak (PDF).

II. ERANSKINA

Certificate of attendance-Egonaldiaren ziurtagiria (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1602512