50. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BARAÑAIN

Deialdia, hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzeko, aldi baterako kontratatzeko Barañaingo Udalaren instalazioetan etxezaintza, atezaintza eta antzeko lanak egiteko langileak

Tokiko Gobernu Batzarrak 2016ko otsailaren 19an egin bilkuran hartutako erabakiaren bidez, ondotik argitaratzen den deialdiaren oinarriak onetsi ziren, hautaproben bidez zerrenda bat osatzeko, aldi baterako kontratatzeko Barañaingo Udalaren instalazioetan etxezaintza, atezaintza eta antzeko lanak egiteko langileak.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Barañainen, 2016ko otsailaren 19an.–Alkate udalburua, Oihane Indakoetxea Barberia.

OINARRI ARAUTZAILEAK, HAUTAPROBEN BIDEZ IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO, BARAÑAINGO UDALAREN INSTALAZIOETAN ETXEZAINTZA, ATEZAINTZA ETA ANTZEKO LANAK EGITEKO LANGILEAK ALDI BATERAKO KONTRATATZEKO

1.–Arau orokorrak:

1.1.–Deialdia iragartzen da hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzeko, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42.2.c) artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Barañaingo Udalaren instalazioetan etxezaintza, atezaintza eta antzeko lanak egiteko langileak aldi baterako kontratatzeko, Udalean sortzen diren beharrei aldi baterako erantzun beharrez.

Zerrenda horrek 5 urteko indarraldia izanen du eta, Alkatetzaren urriaren 8ko 1469/2013 Ebazpenaren bidez onetsitako izangaien zerrendak indarrari eusten dion bitartean, horren azpian egonen da.

Prozesu honen ondoriozko izangaien zerrenda Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera kudeatuko da, haren bitartez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

1.2.–Plantilla organikoan eta enpresaren hitzarmen kolektiboan aurreikusten diren ordainsariak izanen ditu lanpostuak. Bere lanbide kategoriarako oro har ezarritako eginkizunak izanen ditu.

Deialdi honen bidez izendatzen direnek, besteak beste, ondotik ematen diren eginkizunak beteko dituzte, eta, oro har, beren lanbide kategoriari egun dagozkion edo etorkizunean egokituko zaizkion guztiak:

–Udal instalazioak ireki eta ixtea eta alarma sistemak, argiak, berokuntza eta erreprodukzio makinak martxan jartzea.

–Udal instalazioak eta hango sistemak zaindu, berrikusi, jagon eta mantentzea.

–Herritarrei eta udal langileei arreta ematea.

–Agiriak eta espedienteak eramatea Udalaren bulegoen artean eta beste administrazio publiko batzuetara.

–Aipatutakoez gain, bere esku jartzen direnak, lanpostuari dagozkion ahalmen eta gaitasunekin bat helduz gero.

1.3.–Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1.–Prozesu honetan onartua izateko, izangaiek beharkizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroko gehieneko adina ez izatea.

b) Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek hartu ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Eskola graduatuen titulua edo horren baliokide bat izatea, edo izateko maneran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Titulua atzerrian eskuratu baldin bada, haren homologazioa frogatzen duen ziurtagiriaren jatorrizko agiria edo notario batek edo administrazioak berak konpultsaturiko kopia.

Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute edo, bestela, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria aurkeztu.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik diziplinako kaleratze bidez bereizia ez izatea.

f) Euskara jakitea eskatzen duten lanpostuetan, halaber, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B1 edo B2 mailari dagokion egiaztagiria beharko da.

Euskara maila hori frogatzeko bertze bide bat izanen da proba egitea Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin. Hala izanez gero, proba egin nahi duten izangaiek deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean adierazi beharko dute. Proba hori eginen da deialdiko 8. oinarrian aurreikusitako probaren aitzinetik.

2.2.–Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta haiei eutsiko zaie prozedurak iraun bitartean.

2.3.–Baldintza horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

2.4.–Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

3.–Eskaerak.

3.1.–Deialdian parte hartzeko eskabideak Barañaingo Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, Barañaingo Udaletxeko plazan, z.g. baitago (Herritarrarendako Harrera Bulegoa, ordutegia: 8:30etik 14:00etara) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren aukeretako edozein erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera; hura Barañaingo Udalaren Herritarrarendako Harrera Bulegoan eskuratzen ahalko da, Udaletxeko plazan, z.g. baitago, edo bertzenaz Internet bidez www.baranain.es gunean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua eta eskatzen den titulazioarena edo eskabideak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko maneran izanen dela adierazten den agiriarena aurkeztu beharko dituzte. Orobat, ES 84 2100 5181 14 2200064922 kontuan edo Barañaingo Udaleko Herritarrendako Harrera Bulegoan 9,60 euro ordaindu izanaren frogagiria, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak ordaintzeko. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

3.2.–Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Barañaingo Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta jendaurrean jarriko da Barañaingo Udalaren iragarki oholean, bai eta Udalaren web orrian ere.

Oholean agertzen denetik hasita, izangaiek 5 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Barañaingo Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Barañaingo Udalaren iragarki oholean eta Udalaren web orrian jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7.–Epaimahaia.

7.1.–Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Jaione López Lapieza, Barañaingo Udaleko Zerbitzu Orokorretako, Teknologia Berrietako, Merkataritzako eta Enpleguko zinegotzia.

Mahaikidea: Oscar Larrea Turrillas, Barañaingo Udalaren zerbitzuko lan-kontratudunen enpresa batzordearen ordezkaria.

Mahaikidea: Fernando Biurrun Urriza, Barañaingo Alaitz ikastetxe publikoko eskolazaina.

Mahaikidea: María Pilar Rodríguez Martín, udaletxeko mandataria.

Idazkaria: Blanca de la Fuente Iparaguirre, Barañaingo Udaleko Herritarrendako Harrera Bulegoko administrari-ofiziala.

7.2.–Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Barañaingo Udalari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3.–Hautaproba hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

7.4.–Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

7.5.–Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautapen espedientearen garapena.

8.1.–Hautapena proba idatzi baten bidez eginen da.

Berrogeita hamar galdera sortako galdetegi bat erantzun beharko da, idatziz eta gehienez ere berrogeita bost minutuan, deialdi honen II. eranskinean agertzen den gaitegiari buruz. Galdera bakoitzean, hiru aukera egonen dira, eta horietako bat izanen da balio duena. Erantzun baliozko bakoitzak puntu bateko balorazioa izanen du; erantzun okerrek galdera bakoitzari emandako balorazioaren 0,50eko zigorra izanen dute. Galdera guzti-guztiei balorazio bera emanen zaie.

Ariketak 50 puntu izanen ditu gehienez eta bazterturik geldituko dira 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Hautaproba egiteko orduan, halaxe eskatzen duten minusbaliatuek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.2.–Barañaingo Udalaren iragarki oholean eta webgunean iragarkia jarriz eginen zaie probaren deialdia izangaiei. Hori aski izanen da hitzordua egina dela ulertzeko.

8.3.–Probarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, gidabaimena edo pasaportea eraman beharko dute. Kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1.–Probaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean edukiko du Barañaingo Udalaren iragarki oholean eta proba egin den tokian gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa, eta Tokiko Gobernu Batzarrari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, behin betiko onets dezan.

Izangai bi edo gehiago puntuetan berdindurik badaude, berdinketa hausteko izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

9.2.–Gainditu duten izangaiei sortzen diren premien arabera dei egiten ahalko zaie, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.3.–Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.

9.4.–Kontratatuei alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean eta bertan afiliatuko dira, beraz haiek ordaindu beharko dute kasuan kasuko kuota eta PFEZaren atxikipenaren zenbatekoa.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Barañainen, 2016ko otsailaren 12an.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDF).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Herritarrei arreta ematea telefono bidez eta buruz buru, eta jakinarazpenak ematea.

2.–Gutuneria eta agiriak banatzea.

3.–Gidak, zerrendak, telefonoak aise erabiltzeko hurrenkera alfabetiko eta numerikoak jakitea eta menderatzea eta dokumentuak artxibatzea.

4.–Sinboloak, irudiak eta grafiko sinpleak ulertzea.

5.–Erreprografia, berokuntza, alarma eta argiztatze ekipoen funtzionamendua.

6.–Udalaren instalazioen oinarrizko mantentze-lanak.

Iragarkiaren kodea: L1602161