Iragarkia
5. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 11
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ANTSOAINGO, BERRIOBEITIKO, BERRIOZARKO, ITZAKO ETA TXULAPAINGO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Diru-laguntza zuzenak larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei banakako ebaluazio araubidean emateko 2016ko oinarriak
Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Itzako eta Txulapaingo Udalen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2015eko abenduaren 29an egin bilkura arruntean, ondoko oinarri hauek onetsi zituen:
DIRU-LAGUNTZA ZUZENAK LARRIALDI SOZIALEAN DAUDEN PERTSONEI ETA/EDO FAMILIEI BANAKAKO EBALUAZIO ARAUBIDEAN EMATEKO 2016KO OINARRIAK
1.–Xedea eta helburua.
Oinarri hauen xedea da gizarte zerbitzuen arloetako diru-laguntzak emateko prozedura garatzea, banakako ebaluazio araubidean.
Diru-laguntza zuzentzat hartuko dira larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei ematen zaizkienak.
Zuzeneko diru-laguntzak puntualak eta subsidiarioak dira, eta ez dira aldian behingoak eta bai aldiz borondatearen araberakoak; ezusteko larrialdi sozialeko egoeretarako dira, bizirauteko oinarrizko beharrak estaltzeko xedea dute, betiere bestelako diru-laguntzek edo zerbitzuek ez badituzte asetzen, eta gutxieneko errentengatik jasotzen direnekin bateragarriak dira.
Bizikidetasun unitateak dira ondokoek osatzen dituztenak: ezkontideak, bikote iraunkorrak edo antzeko harreman afektiboak dituztenak, bai eta haien seme-alabak eta bigarren mailako odolkideak eta lehen mailako ezkontza-ahaideak ere, etxebizitza berean bizi badira.
Ekonomiaren aldetik eta/edo gizarte eta osasunaren aldetik gabezia frogatuak izanda, gizarteratzeko oinarrizko beharrak estaltzeko zailtasunak dituzten pertsonak eta/edo familiak diruz laguntzea da oinarri hauen xedea, betiere Mankomunitate hau osatzen duten herrietako edozeinetan bizi badira. Horretarako, diru sarien bidez babesa emateko bitartekoak sortuko dira, bateragarriak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitate honek ematen dituen programen jardun profesionalekin. Izaera berezia izanen dute, ez baitira aldian behingoak baizik eta subsidiarioak beste sari batzuen aldera.
2.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
Interesdunek eskabide sinatua aurkeztuko dute Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean, betiere Mankomunitateak emanen duen eredu normalizatuari jarraikiz.
Eskabideak aurkezteko epea 2016ko lehen egun baliodunetik aurrera hasiko da, oinarri hauek lehenago argitaratu badira Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, eta, aurrekontuko kontsignazioari eusten bazaio, 2016. urte osoa iraunen du.
Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu. Eskabideekin batera 4. oinarrian aipatzen den dokumentazioa aurkeztuko da.
Eskabideak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, interesdunari errekerimendua eginen zaio, gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean konpon dezan. Adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela; hori baino lehen, ebazpen bat emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 71. artikuluan adierazi moduan.
Zuzeneko diru sariak jaso ahal izateko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen profesionalek ezagutu eta baloratu behar dute kasua, eta hemen azaltzen diren kasuen artean sailkatu.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean laguntza jasotzeko kasua hartzen duen profesionalak Mankomunitateko Burutzari igorriko dizkio bai eskabidea, bai dagokion gizarte txostena, laguntzaren beharra frogatzen duena, bai eta laguntza onetsi edo ukatzeko proposamena ere.
3.–Betebeharrak
Ondoko baldintzak betetzen dituzten norbanakoek edo bizikidetasun unitateek eskatzen ahalko dute saria:
1. Mankomunitate hau osatzen duten udalerrietan bizilaguna izatea eta haietako batean erroldatuta egotea urtebeteko antzinatasunez bederen.
2. Mankomunitate honen oinarrizko gizarte zerbitzuen erabiltzaileak izatea eta esku-hartze sozialeko prozesuren batean sartua egotea.
3. Ez izatea egoera horri aurre egiteko nahikoa baliabide ekonomiko propio eta gizartearen edo familiaren laguntzarik.
4. Nafarroako Gobernuaren laguntza berezien hartzaileak ez izatea. Halakoak badira, Administrazioaren beste esparruetan eskatu beharko dituzte kontzeptu berberetarako dauden laguntzak/baliabideak.
5. Ezinbestean eta nahi gabe ezbeharren bat pairatu izana.
6. Mankomunitate hau osatzen duten udalerri guztiekin eta Mankomunitatearekin berarekin eginbehar guztien ordainketa eguneratua izatea, izan horiek tributu arlokoak nahiz bestelakoak. Bestela, eskatuko zaio ordaintzeko konpromisoa har dezala.
Dena dela, Mankomunitateak diru-laguntza ematen ahalko die Udalarekiko betebeharrak eguneratu gabe dituzten pertsonei, haiek edozein motatakoak direla ere, udal organo eskudunak kasu bakoitzean ezartzen dituen irizpide eta baldintzetan oinarrituz.
Aipatu baldintzak betetzen direla frogatuko da 4. oinarrian zehazten den dokumentazioa aurkeztuta.
Ez da beharrezkoa izanen Mankomunitatearen esku dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea.
Salbuespenez eta kasua hartu duen Mankomunitatearen profesionalak txosten baloratua eman ondoan, premia gorriko egoera batean kontuan hartzen ahalko dira oinarri hauetan bildutako baldintza bat edo batzuk betetzen ez dituzten espedienteak, salbu eta Mankomunitatea osatzen duten herrietan erroldatua izatearena.
Nafarroako Gobernuak 2016an diru-laguntza ematen badio Mankomunitate honi larrialdi sozialeko laguntzetarako, horietan dauden baldintzak hobeak izanik eskaera egiten duten pertsona edo familientzat (esate baterako: diruz laguntzen diren kontzeptu gehiago edo kopuru handiagoak, bai kontzeptuen aldetik, bai bizikidetza unitatearen gutxieneko etekinen aldetik), Mankomunitateak kontuan hartzen ahalko ditu burutzak ematen duen ebazpenean, zeina Mankomunitatearen iragarki oholean jarriko baita jendaurrean, aplikazioko baldintza eta epemugak zehaztuta.
4.–Aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabideei agiri hauek erantsiko zaizkie:
a) Eskabide betea, Mankomunitateak emanen duen eredu normalizatuarekin bat.
b) NANa/pasaportea edo lan baimena/eskatzailearen bizitokia eta, hala balegokio, haren izenean diharduen ordezkariarena.
c) Eskatu aurreko 6 hilabetean bizikidetasun unitateak izan dituen diru-sarrera guztien (nominak, pentsioak, sariak etab.) eta etxebizitzaren gastuen frogagarria.
d) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak oinarri hauetako baldintzak betetzen dituela adierazteko.
e) Laguntza emateko beharrezkoak diren eta egoera sozio-sanitarioa eta/edo ekonomikoa egiaztatzen duten beste agiri interesgarri batzuk.
Eskatzen diren agiriak jada Mankomunitatearen esku badaude, erantzukizuneko aitorpena emanen da haien ordez. Aitorpen horretan adieraziko da zer egunetan eta zer programatan aurkeztu ziren edo zeinek eman zituen edo non dauden. Baldintza da haien prozedura bukatu ondoren ez direla bost urte baino gehiago iragan behar.
Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Mankomunitateak ezin badu dokumentua eskuratu, eskatzaileari aurkezteko eskatzen ahalko zaio edo, bestela, dokumentuan aipatzen diren baldintzak beste baliabide batzuen bitartez frogatzeko, laguntza ematen edo ukatzen duen proposamena egin aurretik. (Ezinezkoa denean zenbait egoera frogatzea berariazko dokumentazioa aurkeztuz, eskatzailearen erantzukizuneko aitorpenaren bidez ordeztuko da).
Mankomunitatea osatzen duten udalek ofizioz egiaztatuko dute eskatzaileak bertan erroldaturik daudela. Orobat, egiaztatuko dira familia unitateko kide bakoitzaren izenean Udal Katastroan agertzen diren ondasunak, eta zerga arloko betebeharrak eguneratuta daudela.
5.–Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak.
Diru-laguntza jasotzen ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat datozen gastuak. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Laguntza ekonomiko hauek eskatzen dituzten familiak kontzeptu horietaz baliatzen ahal dira urte natural batez, aurrekontuan horretarako kontsignaziorik dagoen bitartean. 2016an 1.000 euro artekoak izan daitezke gehienez.
Salbuespenez eta kasua hartu duen Mankomunitateko profesionalak txostenean arrazoituta, premia gorriko egoera batean kontuan hartzen ahalko da gehieneko zenbatekoa handitzea, betiere aurrekontuan horretarako dirurik badago.
Eskatzailearen mantenuarekin, ostatu ematearekin eta ohiko etxebizitzari eustearekin ikusteko duten egoerak hartuko dira kontuan, ondoan deskribatzen diren baldintzetan.
5.1. Mantenua.
Diru saria familia unitateko kideak egunero zuzen elikatzeko beharra estaltzeko.
Kontzeptu horrengatik gehienez ematen den diru saria ondoko laukian ezartzen da, gehienez ere bi hilabetez:
BIZIKIDETASUN UNITATEA | EURO HILEAN |
Pertsona bat | 180 euro |
Bi pertsona | 225 euro |
Hiru pertsona | 265 euro |
Lau pertsona edo gehiago | 300 euro |
5.2. Ostatu ematea.
Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak (betiere Nafarroako Gobernuari ezin bazaio eskatu Gobernuak berak bere laguntzetarako ezarririk indarra duten irizpideen arabera edo dagoeneko eskatu badira):
–Etxebizitza edo etxebizitza partekatuko gela alokatzeko zorrak, hura galtzea ekar dezakeen egoera koiunturala gertatzen denean; hori guztia, eskatzailearen ohiko etxebizitza benetakoari buruz.
–Etxebizitzaren edo etxebizitza partekatuko gelaren alokairuaren ordainketa, hura eskatzailearen ohiko bizileku benetakoa denean egoera koiuntural baten ondorioz, eta etxebizitza izan dezala segurtatzearren.
Kontzeptu honengatik gehienez 800 euro emanen dira urtean, eta partekatutako etxebizitzan gela ordaintzeko kasurako, aldiz, 500 euro urtean gehienez.
5.3. Eskatzailearen ohiko etxebizitza mantentzea.
Diru saria ondoko zor motak ordaintzeko:
–Edozein hornidura (argia, gasa, ura), zerbitzua eteteko abisua dakarrenean eta puntuala denean.
–Altak energia edo ur horniduren kontratuetan, sustapen publikoko etxebizitza berrietan edo ezaugarri berdintsukoetan.
Telefonia gastuak berariaz uzten dira kanpoan.
Kontzeptu hauengatik diru-laguntzak jasotzen ahalko dira, betiere posible ez bada Eskubide Sozialetako Departamentuari eskatzea, honek bere laguntza berezietarako gaur egun ezarriak dituen irizpideekin. Eskubide Sozialetako Departamentuari eskatzea kontuan hartzen bada, batera eginen da, kontura itzultzeko eskatuz.
Kontzeptu honengatik gehienez 225 euro emanen dira urtean energia horniduraren zorretarako (argia eta gasa), eta 160 euro urtean ur horniduraren zorretarako.
Hornidura-kontratuetan alta emateari dagokionez, argi, gas eta/edo ur kontratuetan alta emateko adina emanen da, betiere oinarri hauetan ezartzen diren gehieneko mugak kontuan hartuta.
5.4. Urteko zenbatekoa eskaera bakoitzeko, gehienez.
Eskaera bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko zenbatekoa honela zehaztuko da:
–Bizikidetasun unitatearen baliabide ekonomikoak eta baliabide horien egonkortasuna.
–Kontzeptu bakoitzeko 5. oinarrian ezartzen den gehieneko zenbatekoa.
–Eskatutako zenbatekoa.
Hilabeteko errendimendu garbia lortuko da bizikidetasun unitatearen diru-sarrera gordinei etxebizitza, alokairu edo hipotekaren gastuak kenduta (hilabetean 450,00 euroko muga edukita).
3.3 oinarrian aurreikusiari dagokionez, uste da behar adinako baliabide ekonomikorik ez dagoela hilabeteko etekin garbiek, bizikidetasun unitateko kideen arabera, taulan ezarritako zenbatekoak gainditzen ez dituztenean:
KIDE KOPURUA | HILABETEKO ETEKIN GARBIAK |
Kide bat | 510,00 euro |
Bi kide | 630,00 euro |
Hiru kide | 690,00 euro |
Lau kide | 750,00 euro |
Bost kide | 810,00 euro |
Sei kide edo gehiago | 870,00 euro |
Goiko taulan ezarritako zenbatekoak gainditzen badira, diru-laguntza ukatuko da, hura emateko ezarri diren baliabide ekonomikoak gainditzen direlako.
6.–Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.
Oinarri hauetako diru-laguntzen eskaerak baloratzeko, irizpide hauek baliatuko dira:
1. Behar adinako baliabide ekonomiko propiorik ez izatea (5. oinarriko taularen arabera) eta gizartearen edo familiaren laguntzaren babesik gabe egotea ezinbestean eta nahi gabe pairatutako ezbeharrari aurre egiteko (3. oinarrian aurreikusi bezala).
2. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eskatzen duen dokumentazioa aurkeztea.
3. Seme-alabak eskolatuak daudenean, jantokiko laguntza jasotzen badute, oinarrietan elikaduraren kontzeptuagatik ezartzen den zenbateko osoa ez da jasoko.
4. Laguntza emateak behin-behinekoz arinduko du ezbeharra. Handik gutxira (2 hilabete), beste erantzun egonkorrago bat emanen da, epe luzera begira.
5. Salbuetsita daude eritasunen ondorioz sortutako ezbeharrak eta zehazten zailak diren bestelako egoerak.
Honako hau lehenetsiko da:
a) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzuak eskatu dituztenak, esku-hartze sozialeko prozesu baten barnean badaude.
b) Bakarrik bizi diren pertsonekin familia kargak dituztenak, haien adina edozein izanda ere.
c) 35 urtetik goitikoak, adin horretatik beheitikoen aldean.
Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira edo behar den dokumentazioa epe barrenean aurkezten ez bada, eskatzen den laguntza ukatuko da.
7.–Onuradunen betebeharrak.
a) Dagokion profesionalarekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, diru-laguntza eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin.
b) Mankomunitatearen aitzinean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.
c) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
d) Hartutako dirua itzuli beharko da eta diru-laguntza ordaindu zenetik aitzina dagokion berandutza interesa ordaindu, honako kasu hauetan:
–Justifikatzeko beharra ez betetzea.
–Eskatzen diren baldintzak bete gabe eskuratzea diru-laguntza.
–Diru-laguntza jasotzeko ezarririko baldintzak ez betetzea.
–Ikuskatzearen edo kontrolaren ondorioz atzematen denean diru-laguntzak oker eskuratu edo erabili direla.
e) Mankomunitateak diru-laguntzen inguruan egiten dituen egiaztapen jarduketei eta finantza kontrolekoei men egitea.
8.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta iruzurra, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:
a) Diru-laguntza edo laguntza lortzea, horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.
b) Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.
c) Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, diru-laguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.
d) Funts publikoei emandako erabilera ez justifikatzea.
Aipatu portaerak dituzten onuradunak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.
Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, gaizki aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.
Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:
a) Laguntza eman duen administrazioaren diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea, bost urte arteko epean.
b) Laguntza eman duen administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bost urte arteko epean.
Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin; Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuaren arabera tramitatuko da espedientea.
Dirua itzultzearen eta zehapenaren erantzule subsidiarioak izanen dira haien jarduera bertan behera utzi duten pertsona juridikoen administratzaileak.
9.–Diru-laguntzak bideratzeko eta ebazteko organo eskudunak.
Mankomunitatean kasua hartzen duen profesionala izanen da diru-laguntzen prozedura instruitzeko organo eskuduna. Ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokiak iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu, ofizioz, zerbitzu horrek.
Ebazpen proposamena Mankomunitateko burutzari igorriko zaio, hura baita ebazteko organo eskuduna.
Diru saria onesteko edo ukatzeko ebazpena Mankomunitateko burutzak onetsi behar du.
10.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.
Ebazpena eman eta jakinarazteko epea, gehienez ere, 15 egun baliodunekoa izanen da. Ebazpena hasiko da eskaera Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistroan sartzen denetik aurrera.
Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.
11.–Ordainketa eta justifikazioa.
Kontu-hartzailetzaren ikus-onespenarekin eta laguntza emateko ebazpenarekin bat, gehienez 5 egun balioduneko epean ordainduko da diru saria, laguntza hauek azkar ematekoak baitira. Laguntza emateko ebazpena onesten den egunean hasiko da epea.
Oinarri hauetan zehazten diren egoerak aldi berean gertatzeagatik ematen direnean diru sariak, egiaztapen teknikoa beste justifikaziorik ez dute beharko. Egiaztapen hori eginen da eskatutako dokumentazioa aurkeztuz, eskaera jaso duen Mankomunitateko profesional bakoitzak kontrastatua eta baloratua. Horrekin batera aurkeztuko dira egoera hura frogatzen duen gizarte txostena eta kontzesioaren aurretik egoera hari dagokion eskaera, diru-laguntza jaso duen onuradunaren egoera egiaztatzen duena.
Hala ere, diru sariak emanen dira baldin eta Mankomunitatearen aurrekontuan -alegia, indarra duen horretan- krediturik eskura badago.
12.–Aplikatu beharreko arauak.
Oinarri hauetan jasotzen ez den orotan honako honi jarraituko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea eta, osagarri gisa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea, Diru-laguntzei buruzko Foru Legea eta arlo horretan aplikatzen ahal den gainerako araudia.
13.–Errekurtsoen araubidea.
Oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran.
1. Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.
2. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.
3. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.
Berriozarren, 2015eko abenduaren 29an.–Mankomunitateko burua, Patricia Abad Encinas.
Iragarkiaren kodea: L1517411
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
