5. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UZTEGI

Auzobideak eta mendi pistak arautzen dituen ordenantza
Behin betiko onespena

Uztegiko Kontzejuko Batzarrak, 2015eko irailaren 26an egin zuen bilkuran, Uztegiko Kontzejuaren mugapeko auzobideak eta mendi pistak arautzen dituen ordenantza hasiera batez onetsi zuen.

Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia paratuta, 208. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2015eko urriaren 20an, eta Kontzejuko iragarki oholean. Inork ez du erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu eta horren ondorioz ordenantza behin betiko onetsita dago.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Uztegin, 2015eko azaroaren 25ean.–Lehendakaria, Pello Goikoetxea Garralda.

UZTEGIKO KONTZEJUAREN MUGAPEKO AUZOBIDEAK ETA MENDI PISTAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Uztegiko Kontzejuaren mugapeko auzobideak eta mendi pistak erabiltzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Kontzejuari dagokionez bide eta pista horiek zaintzea, beharrezkoa da haien erabilera arautzea.

3. artikulua. Kontzejuari baimena eskatzera behartuta daude partikularrak, edozein izaera juridikoko sozietateak, eta baita elkarte eta entitate publiko zein pribatuak ere, ondoko artikuluetan ezarritako eran eta balditzetan. Uztegiko Kontzejua da salbuetsirik dagoen bakarra.

4. artikulua. Kontzejuaren baimena beharko da ondoko hauetarako:

a) Zurgai diren oihaneko gaiak pista eta bide horietatik ateratzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira. Berariaz salbuetsi dira nekazarien produktuak eta etxerako egurra, horiek oso garrantzi txikikoak baitira.

b) Eraikuntzako materialak pista eta bide horietatik garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez egiten bada.

c) Makina astunak bide eta pista horietatik pasatzea, salbu eta Uztegiko Kontzejuak berak eskatuta erabiltzen badira.

Erabat debekaturik dago oihaneko gaiak eta eraikuntzako materialak arrastaka eramatea, dela ibilgailu motordunen bidez edo animaliak erabiliz, baldin eta gaiok behar bezala eta ibilgailu egokian kargaturik ez badaude. Debeku hau haustea zorrotz zehatuko da. Egindako kalte guztien ordaina eskatzeaz gain garraiatutako oihaneko gaiek edo eraikuntzako materialek balio dutenaren halako bi joko duen isuna ordainaraziko da.

5. artikulua. Honako hauek eskatu beharko dute baimena:

a) Zura denean, zurketariak edo oihan gaiak ateratzeaz arduratzen den enpresak. Halakorik ezean, zuraren jabea izanen da erantzulea.

b) Eraikuntzako materialen kasuan, obraren sustatzaileak.

c) Makina astunak direnean, makina horien zerbitzuak kontratatzen dituenak.

6. artikulua. Bide eta pista horiek erabiltzeko asmoa dutenek aldez aurretik esan beharko diote Uztegiko Kontzejuari, eta orobat, bertatik zenbat zur garraiatu nahi duten adierazi beharko dute. Mendia ustiatzeko baimen ofiziala ere aurkeztu beharko dute. Hori guztia, zerga behar bezala ordaintzeko. Adierazi beharko da, halaber, zenbat eraikuntzako material garraiatu nahi den eta zenbat tona pisatzen duten makinek.

7. artikulua. Zuraren edo eraikuntzako materialen garraioa edo makina astunen pasatzea euri edo elur garaian egiten bada, Kontzejuari jakinarazi beharko zaio, garraioa edo pasatzea debekatu beharko ote den kalte handiagoak ez daitezen gerta.

8. artikulua. Bide horiek erabiltzen dituztenek

a) Toneladako 1 euroko tasa ordaindu beharko dute.

b) Beraien jarduerarekin eragiten dituzten kalteak konpondu beharko dituzte. Hartara, jarduera hasi baino lehen, toneladako 3 euroko fidantza utzi beharko dute Uztegiko Kontzejuan.

9. artikulua. Kasu bakoitzean, betiere jardueraren, urte sasoiaren, baimenduko diren ibilgailuen eta abarren arabera, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion mugak eta fidantzak ezarriko ditu, ordenantza honetan biltzen direnen osagarri.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izanen da. Orobat, arau-haustea izanen da baimenik ez eskatzea, edota oro har ordenantza honetan ezarritakoak ez betetzea.

Arau-hausteak isunekin zehatuko dira. Isuna ezingo da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakotik gorakoa izan.

11. artikulua. Kalte-ordainak.

Bideetan eragindako kalteak konponduko dira ordenantza honetan ezarritako jarduketak egin dituenaren kargura. Kalteen balorazioa administrazio bidez eginen da.

12. artikulua. Isunak ez badira borondatez ordaintzen, premiamendu bidez ordainaraziko dira.

Iragarkiaren kodea: L1517119