48. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

115/2016 EBAZPENA, otsailaren 17koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, toki entitateek eta eragile pribatuek sustatzen dituzten baso jardueretarako laguntzen araubideen oinarri arautzaileak ezartzen dituena 2016ko kanpainarako, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 13ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoak, zehazten du basogintza landa garapenaren zati bat dela, eta neurri bakar batean inplementatzen ditu basogintzako eta haren kudeaketako inbertsio guztiak, zeinek Europar Batasunak hartutako nazioarteko konpromisoetara egokitu eta Europako baso-estrategia aplikatzen lagundu behar baitute.

Europako Batzordeak, 2015eko azaroaren 18an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa onetsi zuen. Programa horretan, Nafarroak baso-jarduketa batzuk inplementatu ditu helburu hauek lortzeko: baso-ekosistemen egokitzapen gaitasuna eta ingurumen balioa handitzea, basoko suteak prebenitzea, gaixotasunek edo bestelako hondamendi naturalek kaltetutako basoak lehengoratzea, basoko azpiegituretako inbertsioak eta baso-teknologietakoak sustatzea eta baso produktuak eraldatu, mobilizatu eta merkaturatzeko inbertsioak eta mendiak antolatzekoak bultzatzea. Europar Batasunak ere finantzatzen ditu jarduketa gehienak; guztira, gastu publikoaren %31.

Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluek arau horren helburuak ezartzen ditu. Otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen aipatu legea. Hona hemen helburu horietako batzuk:

1. Basoetako ingurune naturala eta egoera ekologikoa zaindu eta hobetzea.

2. Nafarroako baso eremua gehitzea, batez ere bizkortze eta eboluzioaren bidez jatorrizko baso izateko ahalmena duten landarediak sortaraziz.

3. Toki entitateen lankidetza suspertzea baso lurrak zaindu eta babesteko.

4. Mendiko produktuen lehen mailako transformaziorako ekintzak bultzatzea.

66. artikuluaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, dagozkion aurrekontuen mugen barnean, laguntza teknikoa eta ekonomikoa emanen die mendi edo oihan lur publiko nahiz pribatuen titularrei, oihan aprobetxamenduen titularrei eta oihan elkarteei.

Abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 70., 71. eta 72. artikuluek auzi orokorrak ezartzen dituzte laguntzen mailaketari eta bateragarritasunari buruz, baita diru-laguntzaren baremoei buruz ere. Otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuak onetsitako Mendien Erregelamenduaren 104., 105. eta 107. artikuluetan garatu dira alderdi horiek. Erregelamendu horrek berak ezartzen du, 105.9 artikuluan, ebazpen batek garatuko duela artikulu horren edukia.

Gobernuak 2015eko urriaren 28an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari urte anitzeko konpromisoak hartzeko, 2016ko ekitaldiari egoztekoak, guztira 2.350.000 eurokoak, toki entitateek eta eragile eta elkarte pribatuek sustatzen dituzten baso lanetarako laguntzen deialdiak sustatzeko 2015-2016ko kanpainarako. Neurri horiek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean daude.

Kontuan harturik Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan onartutako neurriak garatu behar direla, eta Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak helburuak eta haiek lortzeko laguntza neurriak ezartzen dituela, Mendi Zerbitzuak toki entitateek eta eragile pribatuek sustatzen dituzten baso lanetarako laguntzen oinarri arautzaileen proposamena prestatu du 2016ko kanpainarako, sektoreko eragileek egindako ekarpenak aztertu ondoren.

Ebazpen honen bidez inplementatzen diren laguntzek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan onartutako neurri hauek garatzen dituzte:

–8. neurria: Baso eremuak garatzeko eta basoen bideragarritasuna hobetzeko inbertsioak. Azpineurriak/eragiketak:

  • 08.05.01. Baso-ekosistemen ingurumen balioa lehengoratzeko inbertsioak.

–4. neurria: Inbertsioak aktibo fisikoetan.

  • 04.03.05. Inbertsioak basoko azpiegituretan.

Oihangintzako Aholku Kontseiluak egindako ekarpenen ondorioz, laguntzen kanpaina honetan aurrekoekin alderatuta egin diren aldaketa nagusiak hauek dira:

–Diru-laguntzaren portzentajeak honako hauetan handitzea: basoberritze modalitateak, obra zuzendaritza eta dokumentazio teknikoaren prestaketa; eta basoberritzeko laguntzen eskaerak haren faseen arabera xehatzea (hondakinak ezabatzea, lurra prestatzea, landatu edo ereitea, itxiturak edo bestelako babes neurriak).

–Laguntza eskatzeko eta lanak bukatzeko epeak aldatzea.

–Eskaerak onartzeko irizpideak berrikustea, bereziki onura publikoko mendietarako berrinbertsioak kuantifikatzean kontuan hartzen diren basogintzako diru-sarreren definizioari dagokionez.

–Diruz lagundu daitekeen jardueratzat hartzea olgetako erabilera sustatzeko azpiegiturak eta basogintzako bestelako lanak (hala nola, bakantzeak basoberritze baten ondoriozko zuhaiztietan).

–Larreak kudeatzeko plan bat edo makaldiak erabiltzeko plan bat egitera behartzen duten gutxieneko azalerak kuantifikatzea.

–Kimatzeak eta eitea emateko inausteak, diru-laguntza jasotzeko, egin beharreko epeak malgutzea.

–Laguntzen eskaeretan behar diren udal ziurtagirien edukia zehaztea.

Ikusirik Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzak aldeko txostena eman duela ebazpen proposamenari buruz.

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Toki entitateek sustatzen dituzten baso lanetarako laguntzen deialdia onestea 2016ko kanpainarako, ebazpen honen I. eranskinean azaltzen diren oinarri arautzaileekin bat.

2. 1.450.000 euroko gastua baimentzea 2016ko aurrekontuko “Oihan lanen diru-laguntzak toki entitateentzat. LGP LGENF 2014-2020” izeneko 740004/74400/7609/456702 kontu-sailaren kargura, eta 550.000 euroko gastua 2016ko aurrekontuko “Oihan azpiegituren diru-laguntzak toki entitateentzat. LGP LGENF 2014-2020” izeneko 740004/74400/7609/456703 kontu-sailaren kargura, ebazpen honen I. eranskineko deialdiari aurre egiteko. Guztirako aurrekontu hori honela banatuko dira azpineurrien arabera:

08.05.01 azpineurria

Baso-ekosistemen ingurumen balioa lehengoratzeko inbertsioak

04.03.05 azpineurria

Inbertsioak basoko azpiegituretan

1.450.000

550.000

3. Eragile pribatuek sustatzen dituzten baso lanetarako laguntzen deialdia onestea 2016ko kanpainarako, ebazpen honen II. eranskinean azaltzen diren oinarri arautzaileekin bat.

4. 250.000 euroko gastua baimentzea 2016ko aurrekontuko “Oihan lanen diru-laguntzak eragile pribatuentzat. LGP LGENF 2014-2020” izeneko 740004/74400/7709/456700 kontu-sailaren kargura, eta 50.000 euroko gastua 2016ko aurrekontuko “Oihan azpiegituren diru-laguntzak eragile pribatuentzat. LGP LGENF 2014-2020” izeneko 740004/74400/7709/456702 kontu-sailaren kargura, ebazpen honen II. eranskineko deialdiari aurre egiteko. Guztirako aurrekontu hori honela banatuko dira azpineurrien arabera:

08.05.01 azpineurria

Baso-ekosistemen ingurumen balioa lehengoratzeko inbertsioak

04.03.05 azpineurria

Inbertsioak basoko azpiegituretan

250.000

50.000

5. Neurri edo azpineurri bakoitzaren espediente guztiak baloratu ondoren aurreko 2. eta 4. puntuetan ezarritako aurrekontu esleipenaren portzentajeak gainditzen badira, aurrekontuan izendatutako kreditua agorturik ez duten neurri edo azpineurriak kreditua agorturik dutenetara doituko dira.

6. Laguntza eta ordainketa jasotzeko eskaerei erantsi beharreko inprimakien ereduak onestea, ebazpen honen III. eranskinean agertzen diren bezala.

7. Deialdi hauek Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera bidaltzea, Diru-Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

8. Ebazpen hau Mendi Zerbitzuari eta Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

10. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitara ematen denetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeren 114. eta 115. artikuluekin bat.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko otsailaren 17an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINAREN KODEA

IZENA

I. eranskina

Oinarri arautzaileak, 2016ko kanpainarako toki entitateek sustatutako baso lanetarako laguntzen araubiderako

II. eranskina

Oinarri arautzaileak, 2016ko kanpainarako eragile pribatuek sustatutako baso lanetarako laguntzen araubiderako

III. eranskina

Laguntzeko eta ordaintzeko eskaerei gehitu beharreko inprimakiak

I. ERANSKINA

2016ko kanpainarako toki entitateek sustatutako baso lanetarako laguntzen araubidearen oinarri arautzaileak

Lehenbizikoa.–Xedea, aplikazio eremua eta onuradunak.

1.–Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak 2. eta 3. artikuluetan ezartzen ditu legearen helburuak, eta honako hauek nabarmentzen dira:

1. Basoetako ingurune naturala eta egoera ekologikoa zaindu eta hobetzea.

2. Nafarroako baso eremua gehitzea, batez ere bizkortze eta eboluzioaren bidez jatorrizko baso izateko ahalmena duten landarediak sortaraziz.

3. Toki entitateen lankidetza suspertzea baso lurrak zaindu eta babesteko.

4. Mendiko produktuen lehen mailako transformaziorako jarduerak bultzatzea.

Helburu horiek erdiesteak berarekin ekarriko du Nafarroako Foru Komunitateko baso sistemek irautea eta horiek hobetzea, horrek dituen onura zuzeneko eta zeharkako guztiekin, hasi landako populazioak finkatzearekin eta buka baso suteen prebentzioarekin, higaduraren kontrako borrokarekin, egurra bezalako gai berriztagarrien erabilerarekin eta energia menpekotasuna txikitzearekin. Horiek denak onura publikokoak eta interes sozial handikoak dira.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean dago toki entitateek sustatutako baso jardueretarako laguntzen proposamen hori, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamendua garatzen duen horretan. Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa da aipatutako erregelamendu hori.

Haren xedea da Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateetako mendietan baso jarduerak sustatzeko laguntzak esleitu, kudeatu eta kontrolatzeko araubidea ezartzea.

2.–Ebazpen honetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradun izan daiteke geroko epigrafeetan azaltzen diren lanak egiteko diru-laguntzak eskatzen dituen toki entitate oro.

3.–Toki entitateen 50 hektareatik gorako mendiek kudeaketa plan bat edo oihan plangintzako tresna baliokide bat izan beharko dute. Mendi txikiagoen kasuan, eskualdeko planetako basogintzako kudeaketarako jarraibideak aplikatuko dira.

Bigarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen modalitateak eta arau teknikoak

1.–Desadostasunik bada sustatzailearen eta Mendi Zerbitzuaren artean, Mendi Zerbitzuaren irizpidea gailenduko da.

2.–Mendiaren kudeaketa jasangarrirako diru-laguntzak (08.05.01 eragiketa).

Honako modalitate hauek jaso dezakete diru-laguntza:

A.1 modalitatea.–Basoberritzeak.

A.2 modalitatea.–Basogintzako lanak.

B modalitatea.–Biodibertsitatea.

C modalitatea.–Baso-proiektuen dokumentazio teknikoa egitea eta obra zuzendaritza.

A.1 modalitatea.–Basoberritzeak (08.05.01 eragiketa)

Oro har, diru-laguntza jaso dezakete, geroko epigrafeetan azaltzen diren salbuespenetan izan ezik, honako ekintza hauek:

a) Aldez aurreko lanak:

a.1. Hondakinak ezabatzea.

a.2. Lurra prestatzea.

b) Landatu edo ereitea.

c) Itxiturak eta banakako beste babes sistema batzuk instalatzea.

d) Basoberritzea egin eta lehenbiziko bost urtean egin behar diren mantentze-lanak: hutsarteak betetzea eta landare lehiatzaileak kontrolatzea.

Oinarri hauek araututako kanpainan basoberritze osoa egiten duten eskatzaileen kasuan, modalitate honetan eskatu beharko dituzte beharrezko ekintza guztiak.

Landatu edo erein aurreko lanak baino ez dituzten espedienteetan, laguntza ematen bada, onuradunak nahitaez 2017an landatu edo ereinen du, baldintza klimatikoek eta lurrekoek horretarako bide ematen dutenean, eta ez dira berriz emango aldez aurreko lanetarako laguntzarik.

Landatu edo ereiteko lan horiek diru-laguntza jaso dezakete dagokien laguntzen kanpainan. Kanpaina horretarako deialdia egiten ez bada, kasu horretan ere onuraduna behartuta dago landatzera; bestela, aldez aurreko lanengatik jasotako laguntzak itzuli beharko ditu.

Ekintzek honako arau tekniko hauek beteko dituzte:

Basoberritzeetarako arau teknikoak. (08.05.01 eragiketa).

1. Espezie multzoak:

Deialdi honen ondorioetarako, espezie multzo hauek ezarri dira, beren epe teknologikoaren arabera:

–Mozketa-epe erdiko espezieak: 13 urtetik 70era bitarteko mozketa-epea duten espezieak dira, hala nola makala, pinu beltza, Korsikako larizio pinua, izei gorria, Sitkako izeia, Douglas izeia, Lawson altzifrea, alertzea, sekuoia, zedroa, basagereziondoa, lizarra, intxaurrondoa, tulipa arbola, haritz amerikarra, urkia, gurbeondoa, haltza, ezkia, platanoa, zurzuria, astigarra eta gaztainondoa.

–Mozketa-epe luzeko espezieak: 70 urtetik gorako mozketa-epea dutenak, hala nola ler gorria, larizio pinu hispanikoa, Austriako larizio pinua, Aleppo pinua, pinazi-pinua, mendi-pinua, izeia, hagina, artea, haritz arrunta, haritz kandugabea, haritz ilaunduna, erkametza eta ametza.

–Zuhaixka espezieak: abaritza, gurbitza, legeltxorra, ezpela, gorostia, elorri beltza, hurritza, ipurua, miterra eta hostazuria, besteak beste.

Baldin oihangintzako edo merkatuko helburuengatik basoberritzeko baso espezieen epe teknologikoak hemen ezarritakoak ez bezalakoak badira, eskatzaileak salbuespen hori justifikatu egin beharko du. Inola ere ez da onartuko ebazpen honetan ezarritakotik gorako epe teknologikorik.

Deialdi honetan diru-laguntza jaso dezaketen baso-espezie guztien zerrenda III. eranskinean (“Diru-laguntza jaso dezaketen baso-espezien zerrenda”) agertzen da. Zerrenda hori LGP 2014-2020 dokumentuan sartu zen, Europar Batasuneko agintaritzek proposaturik.

2. Berariazko oharrak zenbait basoberritze motatarako.

Oro har, ez dute diru-laguntzarik jasoko honako hauek:

1. Pagoekin egindako basoberritzeak, honako kasu hauetan: espezie hori ugaritzeko landaketak, berezko birsortze eskasaren ondorioz, behin Kontserbazio Bereziko Eremu bateko Kudeaketa Planean aurreikusitako birsortzeko mozketak edo landaketak egin eta gero.

2. Hektarea batetik beherako basoberritzeak, herrilurretan eginak eta mendiko zuhaitzek inguratzen dituztela. Hau hala da baso sistemaren mosaiko egiturari eusteko, eta kontuan harturik etorkizunean kudeatzeko bideragarritasun eskasa izanen dela. Ohar honetatik kanpo gelditzen dira basoberritze horiek zeinak, ezaugarri horiek izanik ere, Kontserbazio Bereziko Eremu bateko Kudeaketa Plan batean aurreikusi diren.

3. Koniferoekin egindako basoberritzeak, lur horietan non Pinus, Picea edo Pseudotsuga generoko espezieen arraseko mozketak egin diren, negualdi bat bederen igaro gabe, bermatu dadin Hylobius abietisek ez diola basoberritze berriari eraginen. Proiektuan edo memorian, ekintza honetarako zehaztu beharko da mozketaren eta basoberritzearen artean iragandako denbora.

4. Pinus radiata espeziearekin egindako baso landaketak Nafarroan Fusarium circinatum gisa mugatutako eremuan. Egoera horri eutsiko zaio harik eta gai honetan araudia aldatzen den arte.

Nafarroan Fusarium circinatum gisa mugatutako eremuan, eta ikusirik zer emaitza lortu diren azken hamar urtean eta zer jokabide izan duten espezieek, eta maiatzaren 26ko 637/2006 Errege Dekretuaren (haren bidez ezartzen da lehen aipatutako patogenoa ezabatzeko eta kontrolatzeko programa nazionala) 6. artikuluko 4. puntuarekin bat –ezartzen baitu autonomia erkidegoak baimendu dezakeela espezie sentikorren jatorrikoak eta klonak landatzea, baldin erresistenteak badira, esperimentatzeko– zilegi izanen da Pinus generoko basoberritzeetarako diru-laguntzak ematea, baldin Pinus radiata ez badira, baita Pseudotsuga spp-ko landaketak egiteko ere. Kasu horietan, ekintza honi dagokion deskripzio memoriak epigrafe bat izan beharko du, 3. puntuan landare eta hazietarako aurreikusitakoaz gain, non zehaztuko baita erabiltzen den baso-materialaren jatorriak bermatzen duela ez dagoela patogenoak kutsaturik, eta, orobat, zehaztuko da aipatutako espezieak esperimentaziorako erabiltzen direla.

Errekekin muga egiten duten basoberritzeen kasuan, ekintzaren deskripzio memorian atal berariazko bat zehaztuko da, erreka bazterreko lehenbiziko bost metroan egin beharreko kudeaketari buruz, errekako ibarbasoa lehengoratzeko edo kontserbatzeko. Zerrenda horretan zerbait egitea teknikoki beharrezkoa baldin bada, hauxe egin daiteke: aberasteko basoberritzeak egitea, inguruneko berezko ur bazterreko baso espezieak erabiliz horretarako, eta, behar denean, bertako landaredia errespetatuz eta gainerako basoberritzeraino tarte egokia utziz.

5 metroko edo gehiagoko babes-zerrendaren azalera hori beste edozein basoberritzetarako laguntzen barrenean sartuko da.

Makaldiak:

Diru-laguntza jaso ahal izateko, makaldien mozketa-epea 13 urtekoa edo luzeagoa izanen da, eta gainera haien produktuekin ezin da energia produzitu, eta zuhaitzak ezin dira oinberritu (basoberako tratamendua).

Makaldien kasuan, landaketarekin eta kimaketarekin zuzenean erlazionatutako lanetarako bakarrik emanen da diru-laguntza. Ez da diru-laguntzarik emanen aratzeko, sasiak kentzeko eta ureztatzeko.

3 hektareatik gorako makaldietan, plangintzako tresna batean sartuta ez badaude, laguntzaren eskaerarekin batera Kudeaketa Plan soil bat / Baso Jarduketen Plan bat aurkeztuko da. Memoria tekniko edo proiektutzat hartuko da, obra unitateen araberako aurrekontu xehakatua izan beharko du eta Mendi Zerbitzuak onetsi beharko du. Baso Jarduketen Plana honako honetan ezarritakoarekin bat idatziko da: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/5013/Planificacion-y-certificacion-de-terrenos-forestales-privados.

Nolanahi ere, eskatzaileak konpromisoa hartzen du Kudeaketa Plana gauzatzeko. Plan hori gauzatzen ez bada, hasierako basoberritzerako jasotako laguntzak itzuli eginen dira, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen II. kapituluarekin bat, berandutza interesekin edo gabe, bidezkoa dena.

Landaketak ilaran, eta heskaiak:

Ilaratan egindako landaketak, heskaiak ezartzea eta instalatu ondoko bost urteetan bi ekintza horiek mantentzeko behar diren lanak, diru-laguntza portzentaje berariazkoak dituztela, basoberritzetzat hartuko dira, eta, hortaz, exijentzia eta baldintza berberak izanen dituzte, eta behar diren ohar osagarriak.

a) Horretarako erabiliko diren espezieak eremuko hostozabal autoktonoak izanen dira. Eremu mediterraneoan baimenduko da Pinus halepensisa, Cupressus sp.-a eta Juniperus sp.-a erabiltzea. Erabiliko diren zuhaitz espezieek oso heliofiloak beharko dute izan.

b) Ilarako landaketen kasuan, 5-10 metroko tartea izanen da zuhaitzen artean.

c) Heskaien kasuan, halakoak ezartzeko ekintzek diru-laguntza jasoko dute baldin lurzatien artean, ezpondetan eta landatu gabeko bazterretan egiten badira. Zuhaiztiaren zabalera 1,5 metrokoa izanen da gutxienez. Orobat, diru-laguntza jaso daiteke landatutako lurzatietan heskaiak jartzeko, betiere heskai-zerrenda baso lurzoru izatera igarotzen bada.

3. Baso landareen eta hazien ezaugarriak.

Fusarium circinatum izendatutako eremuan Pinus eta Pseudotsuga generoko basoberritzeei buruzko epigrafean aurreikusitakoaz gain, edozein landaketetarako landareek eta haziek behar den kalitate-baldintzak beteko dituzte, hau da, behar den kalitate komertzial osoa izanen dute, indarreko araudian ezarritakoarekin bat. Aurkeztutako proiektu eta memoria teknikoetara egokituko dira, eta horietan zehaztuko da zein diren erabiliko diren landareen gutxieneko adina eta tamaina, baita hazien jatorria ere, erein behar denean.

Landatze edo ereite ekintzaren ziurtagirian, obra zuzendariaren erantzukizuneko aitorpen bat erantsiko da, frogatzeko indarreko araudiaren araberako eta proiektuan edo memoria teknikoan deskribatutakoaren araberako kalitate osoko eta komertzialeko hazi edo landareak erabili direla; eta gehituko zaio ugalketarako baso materialaren jatorriari buruzko ziurtagiria, erabilitako landareaz edo haziaz hornitzen duen mintegiak emana.

4. Hondakinak ezabatzea.

Birsortzeko mozketa baten ondoren adaburuak moztea, hobetzeko mozketa edo birsortzeko mozketa baten ondoren produktuak ateratzea edo hondakinak ezabatzea bezalako jarduketak baso aprobetxamenduak berezkoak dituela jotzen da, eta, hortaz, baso aprobetxamenduko baldintza tekniko edo administratiboen baldintzen agiriak hala ezartzen duenean, nahitaez egin beharrekoak izanen dira, eta ez ekintza horiek ezin izanen dute diru-laguntzarik jaso.

Horregatik, eta ebazpen honen ondorioetarako, hondakinak ezabatzeko jarduketatzat hartuko dira arraseko mozketen hondarrak desagerrarazteko jarduketak, baldin horrek lurra prestatzeko eta landatzeko edo berezko birsortze lanak baldintzatzen baditu. Horrenbestez, etorkizuneko basoberritze edo berezko birsortze bat egiteko lurraren prestaketaren zatitzat hartzen dira, eta, beraz, diru-laguntza jaso ahal izateko, basoberritzerako edo berezko birsortzerako nahitaezko ekintza gisa sartuko dira.

5. Basoberritzeen babesa.

Itxituren edo/eta hodi babesleen kostua ez dago basoberritzearen edo hutsarteak betetzearen kostuaren barrenean, hau da, bereizirik aurkeztu behar da kontzeptu hori.

Itxituretan, itxitura horrek bide bat mozten duenean, jendearendako pasabideak aurreikusi behar dira, nahitaez, eta gainera jendearendako pasabide bat itxituraren 250 metro lineal bakoitzeko gutxi gorabehera, behar bezala arrazoitutako salbuespenetan izan ezik.

Ungulatuen kontrako itxiturek diru-laguntza jasoko dute baldin behar bezala justifikaturik badaude ikuspuntu teknikotik, eta beharra eta diseinua frogatzen badira. Itxitura horiek diru-laguntza jasotzen badute, ez da diru-laguntzarik jasoko etorkizunean basoberritze horietan ungulatuen kalteengatik egin daitezkeen hutsarteen betetzeetarako.

6. Basoberritzeen mantentze-lanak.

Ebazpen honen ondorioetarako, landare lehiatzaileak kontrolatzea eta hutsarteak betetzea hartzen dira basoberritzeen mantentze lantzat.

Oro har:

1. Ez da mantentzeetarako diru-laguntzarik emanen behin landaketatik bost urte igaro direnean, salbu justifikatutako salbuespenetan, Mendi Zerbitzuak baimendurik.

2. Urteko garbiketa bakarrerako emanen da diru-laguntza. Ekintza hori maiatzaren 15etik abuztuaren 15era bitarte gauzatu beharko da. Lanen azkeneko ziurtatzearen unean obra zuzendariaren erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko da, garbiketa unea ziurtatzen duena.

3. Ez da hutsarteak betetzeko diru-laguntzarik emanen baldin horretarako erabilitako landareak landare guztien %10era iristen ez badira.

4. Portzentaje hori gainditzen denean, hutsarteak betetzeko diru-laguntza honako kasu hauetan bakarrik emanen da: mendiko (ez mintegi bateko) izurrite edo eritasun baten ondorioz gertatu direnean hutsarteak, edo klimarekin lotutako muturreko arrazoiengatik gertatu direnean. Gai honetan desadostasunik bada eskatzailearen eta Mendi Zerbitzuaren artean, Mendi Zerbitzuaren erabakia gailenduko da.

Basoberritze berrietan (ilaratan egindako landaketak eta heskaiak barne).

Eskaera aurkezteko unean, eskatzaileak, laguntza kobratzeko, nahitaez aurkeztu beharko du memorian edo proiektuan sartutako mantentze plan bat. Hartan, lehenbiziko 5 urtean aurreikusten diren esku-hartzeen programa baloratu bat (jarduketen justifikazioa, egutegia eta aurrekontua) zehaztuko da, Mendi Zerbitzuak onetsi beharko duena. Onuradunak konpromisoa hartzen du mantentze plan hori gauzatzeko, eskabidean ezarrita dagoenari jarraikiz.

Mantentze plana nahitaez gauzatu beharrekoa izanen da, etorkizunean gauzatzeko laguntzak jaso edo ez, behar den denboran eta behar bezala, aldi horrek irauten duen bitartean. Plan horretako ekintzek bidezko diren diru-laguntzen kanpainetan jaso ditzakete diru-laguntzak. Plan hori aldatu behar bada, horri buruzko eskaera aurkeztuko zaio Mendi Zerbitzuari, eta berariaz baimendu beharko da.

Basoberritzeari itxitura jartzen bazaio, edo hodi babesleak erabiltzen badira, horiek kentzeko, nahitaezkoa baita, diru-laguntza jasoko da, eta mantentze planak zehaztu behar du zer unetan aurreikusi den horiek kentzea, baita lehenbiziko bost urteak eta gero kendu behar badira ere.

Lehenagoko basoberritzeetan:

Itxiturak eta hodi babesleak kentzeko emanen dira diru-laguntzak.

Aurreko kanpainetan mantentze planik aurkeztu bada, horri buruzko aipamena eginen da. Mantentze plan horretarako eskatutako ekintzetan aldaketarik izan bada, justifikatu eginen dira. Aurreko mantentze planik ez badago, plan bat aurkeztu beharko da, ezaugarri, baldintza eta betebehar berberak dituena, zehazturik, basoberritze berrietarako.

A.2 modalitatea.–Basogintzako lanak (08.05.01 eragiketa)

Oro har, diru-laguntza jaso dezakete, geroko epigrafeetan azaltzen diren salbuespenetan izan ezik, honako ekintza hauek:

a) Bakantzeak.

b) Sasi garbiketak.

c) Basoberritzeekin loturik ez dauden itxiturak.

d) Kimatzeak eta eitea emateko inausteak.

Basogintzako lanetarako arau teknikoak.

1. Bakantzeak.

Honetarako ez da diru-laguntzarik emanen:

1. Eskatzaileari diru-sarrerak edo sarrerak gauzatan ekartzen dizkioten bakantzeak.

2. Auzotarrentzako egur epaitzen aprobetxamenduei lotutako basogintzako lanak.

Edozein espezietako berezko zuhaiztitako bakantzeetarako eta koniferoen basoberritzeetarako bakarrik emanen dira diru-laguntzak, behin bakarrik.

Memorio teknikoan edo proiektuan, basogintzako jarduketaren ezaugarriak zehaztuko dira, proposamena baloratzeko balio dutenak, eta, koniferoen basoberritzeen kasuan, zuhaiztien batez besteko diametroa adierazi beharko da. Parametro hori 12 cm-tik gorakoa bada, ez da diru-laguntza emanen.

Lanen azkeneko ziurtapenean, toki entitateko idazkariak edo, bestela, entitate horretako agintari eskudunak sinatutako agiria aurkeztuko da, ziurtatzen duena ez dela inolako diru-sarrerarik aterako. Ziurtagiri hori aurkeztu ezean, ez da esleitutako diru-laguntza ordainduko.

2. Sasi garbiketak.

Sasiak kentzeko diru-laguntzak emanen dira baldin honako helburu hauetakoren baterako bada:

1. Mozketen ondoren berezko birsortzea errazteko diren sasi-garbiketak. Horien beharra justifikatuko da. Gai honetan desadostasunik bada eskatzailearen eta Mendi Zerbitzuaren artean, Mendi Zerbitzuaren erabakia gailenduko da.

2. Sasi-garbitzeak, abeltzaintzan erabiltzeko. Leku bererako behin bakarrik emanen da sasi-garbitze hauetarako diru-laguntza, baldin:

a) Hazienda erabiltzeko plan bat bada, eta horren arabera laguntzaren eskaeran aipatzen den larre-unitatean bazka eskaintza hobetu behar bada; memoria tekniko edo proiektutzat hartuko da, eta Mendi Zerbitzuak onetsi beharko du. Laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztuko da. Soilik 5 hektareatik gorako azalerek bete behar dute baldintza hau. Erabiltzeko planaren eredua URL helbide honetan dago eskuragarri: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/5617/Ayudas-para-actividades-forestales-promovidas-por-entidades-locales-y-por-agentes-privados#documentacion.

b) Eskatzaileak konpromisoa hartzen du eremu hori abereen bidez mantentzeko.

c) Salbuespenez, diru-laguntza ematen ahal zaio bigarren sasi-garbitze bati, betiere mantentzeko konpromisoa edo erabiltzeko plana betez gero, halakorik bada.

3. Habitatak hobetzeko sasi-garbitzeak, Kontserbazio Bereziko Eremu baten Kudeaketa Planean aurreikusitakoak. Kasu hauetan, aurkeztutako memoriak edo proiektuak espresuki adieraziko du zer habitat motatan egin behar den sasi-garbitzea.

3. Basoberritzeei lotu gabeko itxiturak.

Halakoak ezartzeko eta mantentzeko diru-laguntzak honako kasu hauetan emanen dira bakarrik:

1. Mozketa baten xede den zuhaizti baten berezko birsortzea babestera bideratutakoak.

2. Larre naturaletan, soil-soilik aurreko atalean abeltzaintzarako zehaztutako sasi-garbitzeetarako esleipen baldintza berberetan.

3. Baso plangintzarako tresna batean aurreikusitakoak, hermendiko erabileren zonifikazioa ezartzera bideratuak.

Orobat, diru-laguntza jaso dezakete birsortzeak babesteko ezarritako itxiturak kentzea, larreetan, edo Basogintzako Antolamendu Proiektuetan aurreikusitako jarduketak betetzeko kentzea itxiturak.

4. Kimatzeak eta eitea emateko inausteak.

Kimatzeek eta eitea emateko inausteek diru-laguntza jaso dezakete soilik baldin basoberritzeetan egiten badira eta helburu nagusia kalitatezko zura ekoiztea bada. Basoberritzearen ondoko lehenbiziko hamar urtean bi jarduketek bakarrik jaso dezakete diru-laguntza, makaldietan egiten direnak izan ezik (gero zehazten dira).

Kimatzeek diru-laguntza jaso dezakete soilik basoberritze horietan non mantentzeak bat etorri diren lehen aipatutako helburuarekin. Nahitaezkoa izanen da eskabidean hauek zehaztea: zuhaiztiaren adina edo adin mota, kimatu beharreko zuhaitzen batez besteko diametroa, eta kimatuko diren espezieak.

Koniferoak kimatzea:

1. Lehenbiziko kimaketa, 2,5 metroko garaiera bitartekoa: hektarea bakoitzeko 400 zuhaitzetarako emanen da diru-laguntza gehienez ere.

2. Garaierako kimaketa, 2,5 metrotik 5 metrora bitartekoa: hektarea bakoitzeko 250 zuhaitzetarako emanen da diru-laguntza gehienez ere.

Hostozabalak kimatzea:

1. Garaierako kimaketa, 2,5 metrotik 5 metrora bitartekoa: hektarea bakoitzeko 250 zuhaitzetarako emanen da diru-laguntza gehienez ere.

Makaldietako kimaketek diru-laguntza jaso ahal izateko, justifikazio teknikoa izan behar dute kalitatezko azken produktua lortzeko, egungo merkatuaren arabera.

Nafarroa osoan ez zaie diru-laguntzarik emanen Pinus radiatako basoberritzeetan egindako kimaketei.

B modalitatea.–Biodibertsitatea (08.05.01 eragiketa)

Diruz lagundu daitezke soilik beste edozein modalitatetan sarturik ez dauden ekintzak, zeinak, helburu nagusia izanik basoko espezieen habitatak kontserbatzea, Kontserbazio Bereziko Eremuen Kudeaketa Plan onetsi batean aurreikusirik dauden. Ur ibilguekin muga egiten duten landaketetarako, lehenbiziko bost urterako, aurreikusi diren arau tekniko berberak aplikatuko dira ibarbasoak lehengoratzearen landaketetarako, barnean dela mantentze plana aurkeztu eta gauzatzearen betebeharra.

C modalitatea.–Baso proiektu eta memorien dokumentazio teknikoa egitea eta obra zuzendaritza (08.05.01 eragiketa)

C.1.–Dokumentazio teknikoa egitea.

Mendi Zerbitzuak kontrata bakoitzean onetsitako gauzatze aurrekontuaren %5 (*) izanen da diru-laguntza hau, eta diru kopuru honek ez du gaindituko dokumentazioa prestatzeak izan duen kostu erreala. Dokumentazio teknikoa agiri bakarra izanen da. Hamahirugarren oinarrian zehazten den gutxieneko edukia izanen du, eta espedientean eskatzen diren neurri/azpineurri guztiak jasoko ditu.

(*) Gauzatze aurrekontua kontrata bakoitzean: Administrazioak onartutako inbertsioa gehi industria mozkina eta gastu orokorrak. BEZik gabe.

Dokumentazio teknikoari dagokion diru-laguntza ordainduko da baldin eta espedientean sartutako ekintza bat, gutxienez, ordaintzen bada.

C.2.–Obra zuzendaritza.

Proiektua eskatzen den guztietan, eskatzaileak lanen zuzendaritza teknikoa izan beharko du, espedientean onartzen diren neurri/azpineurri guztientzat (08.05.01 eta 04.03.05). Zuzendaritza teknikoak eginbehar hauek bete beharko ditu:

a) Obra zuzendariak, baita proiektu egileak ere, egungo legeriaren araberako arlo horretako unibertsitate-teknikari eskuduna beharko du izan.

b) Obra zuzendariak eguneratua eraman beharko du obra liburua.

c) Obra liburuak honako hauek bildu beharko ditu, gutxienez: lanen hasierako akta, ziurtagiri bakoitzaren akta, obrako aldaketaren akta, horrelakorik balitz, prezio kontrajarrien aktak, horrelakorik balitz, eta lanen bukaerako ziurtagiriaren akta.

d) Justifikatutako kasuetan izan ezik, nahitaezkoa da obra liburu bat izatea esleipen-hartzaile den kontratista bakoitzeko.

e) Mendi Zerbitzuak obra liburua aurkezteko eska dezake edozein momentutan.

f) Proiektuetan segurtasun eta osasun arloko koordinatzaile bat izanen da, arlo horretako araudi aplikagarrian hala agintzen bada.

g) Ziurtapen motak hala eskatzen badu, obra zuzendaritzarekin batera plano bat erantsi beharko da, proiektuaren gauzatzeekin. Beharrezkoa izanen da hala egitea obra zuzendaritzak hasieran onetsitakoez bestelako unitate batzuk ziurtatzen dituenean eta aldaketa horren erreferentzia geografikoak poligonoaren eta katastroko lurzatiaren araberako xehatzearekin egokiro ezartzerik ez dagoenean. Xehatze hori III. eranskineko laguntzaren xedeko ekintzen inprimakiarekin bat aurkeztuko da.

Mendi Zerbitzuak kontrata bakoitzean likidatutako gauzatze aurrekontuaren %6 izanen da diru-laguntza hau. (*) Zenbateko hori ez da inola ere benetako kostua baino handiagoa izanen.

(*) Gauzatze aurrekontua kontrata bakoitzean: Administrazioak likidatutako inbertsioa gehi industria mozkina eta gastu orokorrak. BEZik gabe.

Obra zuzendaritza pagatu ahal izateko, ebazpen honen hamargarren oinarrian (“Diru-laguntzen kontrola”) ezarritakoari jarraituko zaio.

3.–Aktibo fisikoetarako inbertsioen diru-laguntzak: basoko azpiegiturak (04.03.05 eragiketa).

Honako modalitate hauek jaso dezakete diru-laguntza:

C modalitatea.–Baso-proiektuen dokumentazio teknikoa egitea eta obra zuzendaritza.

C modalitaterako 2. puntukoa aplikatuko da, basoko azpiegituretako ekintzei dagokienez.

D modalitatea.–Basoko bideak egin eta hobetzea (04.03.05 eragiketa).

E modalitatea.–Azpiegitura txikiak (08.05.01 eragiketa).

Oro har, diru-laguntza jaso dezakete, geroko epigrafeetan azaltzen diren salbuespenetan izan ezik, honako ekintza hauek:

a) Kaxa irekitzea (barnean direla zelaitzea, konpaktazioa, irekitzea eta arekak profilatzea).

b) Lur-berdinketa hobetzea (zelaitzea eta konpaktazioa barne).

c) Arekak egitea eta garbitzea.

d) Zeharkako drainatze erretenak, lur gainekoak eta lur azpikoak, eta areka gaineko pasabideak eta sakanguneak.

e) Harri-lubetak eta ezpondak egonkortzeko bestelako sistemak.

f) Zabor-legarrez zolatzea edo antzekoa.

g) Hormigoitzea eta asfaltozko zoladurak erabiltzea, aparteko kasuetan soilik, behar bezala arrazoiturik.

h) Mendiko aisiarako erabilerarekin lotutako azpiegitura txikiak.

Azaldutakoez bestelako obrek ez dute diru-laguntzarik jasoko, salbu horiek egitea presakoa eta beharrezkoa bada, eta horien helburuak lekurik baldin badu geroko epigrafeetan aurreikusitakoen artean.

Toki entitateen kasuan, ez da diru-laguntzarik emanen, edo, hala denean, eskatzen ahalko da itzul daitezela azpiegiturak egiteko edo mantentzeko jasotako diru-laguntzak, baldin horiei udal tasak jartzen bazaizkie eta, Mendi Zerbitzuaren ustez, baso kudeaketa zailtzen badute zerbitzua ematen duten lurraldean, 13/1990 Foru Legearen 6. artikuluko 6. puntuan ezarritakoarekin bat. Kasu horietan, eskaera egiteko unean toki entitateak komunikatu beharko du tasa horiek aplikatzen direla eta horiek inplementatzeko arrazoiak azaldu beharko ditu. Horretan toki entitatearekin desadostasunik izanez gero, eta ebazpen honen ondorioetarako bakarrik, Mendi Zerbitzuaren irizpidea gailenduko da. Irizpide hori behar bezala arrazoitu behar da, eta ukitutako toki entitateek alegazioak aurkezten ahal dituzte.

Basoko bideak eta azpiegitura txikiak egiteko eta hobetzeko arau teknikoak:

Basoko bideak:

1. Basoko bide berriak egitea.

Ez da diru-laguntzarik emanen aldi baterako basoko bideetarako, egurra ateratzeko bidezidorretarako eta baso aprobetxamendua eta lanak egiteko beharrezkoak diren nahitaezko sarbideetarako, baldin lanak bukaturik ez badira nahitaez eta etengabe erabiltzen mendia behar bezala kudeatzeko. Halaber, ez da azpiegituretarako diru-laguntzarik emanen baldin horien helburu nagusia bada baserri, etxebizitza, nabe eta abeltzaintzako azpiegiturei sarbidea ematea.

Basoko bideetarako (nagusiak eta bigarren mailakoak) eta kargaleku iraunkorretarako bakarrik emanen dira diru-laguntzak. Kargaleku iraunkortzat joko da baso aprobetxamenduen ondorioz moztutako zuhaitz edo enborren multzoa biltzen den tokia. Bertan produktu horiek sailkatu edo metatzen dira gero industriara edo beste destino batera eramateko.

Basoko bideen kasuan, helburu nagusiak izanen dira zur eta egurretako baliabideak mugitzea, basoko suteen prebentzioa edo itzaltzea eta abeltzaintzako aprobetxamendu estentsiboa. Ez dute diru-laguntzarik jasoko beste azpiegitura batzuk, baldin helburu nagusia ez bada aurrekoetako bat bederen.

Lehenbiziko kasurako, justifikatu beharko da lehenbiziko bost urtean ateratzea espero den zur edo egur bolumena, baita produktu horien balioa ere, kontuan harturik laguntza eskatzen den urteko merkatuko prezioak.

Bigarren kasurako, teknikoki justifikatu beharko da azpiegituraren helburu nagusia dela basoko suteei aurrea hartzea edo horiek itzaltzea. Azpiegiturarako, kontuan hartu beharko da segurtasunerako zer ezaugarri berariazko izan behar diren, basoko suteak itzali behar direnean.

Hirugarren kasurako, teknikoki justifikatuko da obra egiteko beharra, abeltzaintza estentsiboa zuzen kudeatzeko, eta larratzeko eremuak eta dauden Azienda Larriko Unitateak identifikatuko dira, eta garrantzitsutzat jotzen den beste edozein informazio tekniko ere emanen da.

2. Azpiegitura txikiak eraikitzea.

Diru-laguntza jaso dezakete azpiegitura txikiek, (esaterako zurezko atakek) edo bestelakoek, mendiko aisiarako erabilerarako direnek (esaterako altzariak, barandak edo bestelako babes sistemak, informazio edo interpretazio panelak edo seinaleztapen elementuak kenduta), betiere azpiegitura horiek, osoki baso-lurretan egonik, erabilera horien erregulazioa hobetzen badute. Erabiliko den gai nagusia zura izanen da, jatorri jasangarria duena, eta horretarako behar den baso ziurtagiria izanen du: PEFC, FSC® edo jatorri hori bermatzen duen beste edozein.

Eskatzaileak nahitaez mantenduko ditu azpiegiturak, eta geroko kanpainetan gastu horrek diru-laguntza jaso dezake.

Basoko bideak hobetzea:

Basoko bide nagusi eta bigarren mailakoen eta kargaleku iraunkorren mantentzeetarako diru-laguntza emanen da soilik baldin helburu nagusiak badira zur eta egurretako baliabideak mugitzea, basoko suteen prebentzioa edo itzaltzea eta abeltzaintzako aprobetxamendu estentsiboa. Ez da diru-laguntzarik emanen bestelako azpiegiturak mantentzeko, baldin helburu nagusia aurrekoetako bat behintzat ez bada.

Diru-laguntza ematen ahal da basoko bide iraunkorretako bazterreko sasiak garbitzeko, baldin aurreko 3 urtean toki berean jardun ez bada. Printzipio hori aplikatuko zaie, oro har, bide horiek mantentzeko lanei, hala nola, arekak garbitzeari, non ez dauden bestela jokatzeko arrazoi teknikoak, esaterako ibaialdiek edo beste hondamendi natural batzuek sortutako kalteak.

Mantentzeko konpromisoa:

Sustatzaileak konpromisoa hartzen du proposatutako azpiegitura mantentzeko, edo hobekuntza lanak zer azpiegituratarako eskatu diren, hori mantentzeko, eskabidean adierazten den bezala.

Konpromiso hori nahitaez bete behar da, eta geroko kanpainetako laguntzak jaso daitezke horretarako.

Laguntza hauek jaso dituzten azpiegiturak Administrazioaren ikuskapenen mende egonen dira, eta erabakitzen bada azpiegitura ez dagoela egoerarik onenean hura egin zen erabilerarako, eskatzaileak laguntzak itzuli beharko ditu.

Hirugarrena.–Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.–Gehieneko eta gutxieneko mugak.

Laguntzen ahal den inbertsioaren gehieneko muga (gauzatze aurrekontua kontrata bakoitzean) 200.000 (berrehun mila) eurokoa da eskaera bakoitzeko, eta gutxieneko muga, 5.000 (bost mila) eurokoa. Basoberritzeak mantentzeko lanak edo nahitaez bete beharreko bestelako mantentze-lanak baizik hartzen ez dituzten eskaeren kasuan, aurreko kanpainetan diru-laguntza izan badute edo Nafarroako Gobernuak osotara egin baditu, ez da aplikatzekoa izanen gutxieneko muga.

2.–Diru-laguntzen kalkulua.

Ebazpen honen hamaikagarren oinarrian (“Diru-laguntzaren gehieneko mugak, modalitateen arabera”) ezarritako portzentajeak aplikatuko zaizkio, modalitate bakoitzean, Mendi Zerbitzuak kontrata bakoitzean onartutako gauzatze aurrekontuari (BEZik gabe).

Mendi Zerbitzuak baliozkotutakoa izanen da kontrata bakoitzean onartutako gauzatze aurrekontua. Aipatutako Zerbitzuak Nafarroako Oihan Jardueraren Prezioen Tarifak erabiliko ditu erreferentziatzat, aurrekontu hori baliozkotzeko. Aurkeztutako memoria edo proiektuan agertzen diren prezioak tarifa horietakoak ez badira, hura idatzi duen teknikariak justifikatuko du, eta Mendi Zerbitzuak onartu edo ukatu eginen du.

Tarifak ikusteko esteka: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/A2A096EC-3FC1-4059-A52E-5BEE2D9A75D2/308598/TFNA2015_ver109.pdf.

3.–Mendi katalogatuak, Batasunaren Intereseko Lekuak, Kontserbazio Bereziko Eremuak eta Mendietako Baso-kudeaketa Jasangarriaren Ziurtagiria duten mendiak dituzten toki entitateentzako oharrak.

Diru-laguntza kalkulatzeko, “Diru-laguntzaren gehieneko mugak, modalitateen arabera” izeneko hamaikagarren oinarrian “Mendi katalogatuetarako” ezarritako ehunekoak aplikatuko dira toki entitateak aurkeztutako jarduketa guztietarako, baldin toki entitatea Onura Publikoko Mendien titularra bada, edo bere herrilurrak edo haien zati bat Kontserbazio Bereziko Eremu batean edo Batasunaren Intereseko Leku batean badaude.

Laguntza hauek hartu ahal izateko, onura publikoko mendien titular diren toki entitateek bertako idazkariak edo, bestela, entitate horretako agintari eskudunak sinatutako agiria aurkeztu beharko dute, non ziurtatzen den 2010-2014 aldian egindako zur, egur eta larre aprobetxamenduen (BEZa barne) diru-sarreren %20 gutxienez hermendietan inbertitu dela. Egindako lanak eta 2010-2015 aldiko lanen aurrekontua (BEZa barne) identifikatuko dira bertan, eta, beraz, 2015eko diru-sarrerak ez dira kontabilizatuko.

Ebazpen honen ondorioetarako, ez beste ezertarako, diru-sarreratzat hartuko dira zur, egur eta larre aprobetxamenduei lotutakoak. Bestelako aprobetxamenduetatik (esaterako ehiza, turismo, harrobi edo haize-sorgailuetatik) sortzen diren diru-sarrerak ez dira kontuan hartuko, ez eta mendiko jarduketengatik jasotako diru-laguntzak ere.

Ziurtagiria duten mendien titular diren toki entitateek, laguntzak hartu ahal izateko, konpromisoa hartuko dute ziurtagiri horri eusteko behar diren agiriak prestatuko dituztela Nafarroako Baso Ziurtapenaren eskualdeko entitate eskatzaileak erabakitzen duen epeetan eta moduan. (Eskabidean eta laguntzen eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agirietan zehazten den bezala).

4.–Diru-laguntzarik jasoko ez duten gastuak:

Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

1. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa).

2. Auzolanak, hots, herriko auzotarrek egindako lanak, herriarekin kontratu-harremanik izan gabe. Diruz laguntzen ahalko dira lan horietarako erabiltzen diren materialen kostuak.

3. Bitarteko berekiekin egin direla justifikatutako lanak, erabilitako materialen kostua izan ezik (kostu horrek diru-laguntza jaso dezake).

Laugarrena.–Laguntza eskaerak.

1.–Aurkezpena.

Eskaerei ingurumen arloko baimena gehituko zaie, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan, baita Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez ere, www.navarra.es web-orrialdetik abiatuta (sinadura elektronikoa behar da).

Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du, egin gogo diren jarduketa guztiak azaltzen dituena.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, ebazpen honen “Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzen deskribatzailearen” arabera egituratuko dira laguntza eskaerako ekintzak, eta ingurumen arloko baimena izanen dute.

Eskaerak aurkezten direnean oinarri arautzaile honetako 3. puntuan adierazten den dokumentazioa erantsi beharko da. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

2.–Epeak.

Eskabideak aurkezteko epea berrogei egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Arlo honetako Europako araudia kontuan hartuta, laguntzarako eskaera aurkeztu aurretik hasi gabe dauden ekintzek bakarrik jaso dezakete diru-laguntza. Horregatik, eta lanen azkeneko ziurtapenean, ordainketa frogatzen duten faktura eta dokumentu guztiek laguntza eskaeraren ondokoak izan beharko dute. Salbuespenak dira C1 modalitateko (“Dokumentazio teknikoa egitea”) ekintzak, laguntza eskatu baino lehen gauzatu baitaitezke.

3.–Dokumentazioa.

“Laguntzeko eta ordaintzeko eskaerari erantsitako inprimakiak” izeneko III. eranskinean zehazten diren agiriak erantsita aurkeztuko dira eskaerak:

1. Eskabide orri ofiziala, behar bezala betea, zigilatua eta sinatua. Inprimaki hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan dago, (González Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), www.navarra.es webgunean, eta laguntza hauei dagokien aplikazio informatikoan.

2. IFK/IFZren fotokopia: beharrezkoa izanen da soilik eskatzailea erregistraturik agertzen ez denean Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren kudeaketa-aplikazioan.

3. Transferentziaz ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, beste banku batean helbideratuta kobratu gogo bada, Administrazioak haren daturik ez badu.

4. “Eskatutako ekintzak” izeneko inprimakia. Proiektu edo memoria teknikoari erantsiko zaio, behar bezala betea, zigilatua eta sinatua. Inprimaki horren datuak eskatutako laguntzaren laburpena izanen dira eta beraz bat etorri beharko dute espedientean sartutako memoria edo proiektu teknikoan justifikatutakoekin. Argi gelditu beharko da jarduketarako lekuaren udalerri, poligono eta lurzatiaren katastroko erreferentzia.

5. Onura publikoko mendien titular diren toki entitateen kasuan. Erantzukizuneko aitorpena, inbertsioaren %20ari buruzkoa, ebazpen honen 3. oinarriko 3. puntuan zehazten den bezala.

6. Ebazpen honen “Balorazio irizpideak” izeneko puntuan ezarritako puntuazioak lortu ahal izateko behar eta eskatzen den dokumentazioa, jadanik Baso Administrazioak ez dauzkanak, eta, zehazki:

6.1. Toki entitateko idazkariak edo, bestela, entitate horretako agintari eskudunak sinatutako erantzukizuneko aitorpena, non ziurtatzen den 2010-2014 aldian egindako zur, egur eta larre aprobetxamenduen (BEZa barne) diru-sarreren %30 gutxienez hermendietan inbertitu dela. Egindako lanak eta 2010-2015 aldiko lanen aurrekontua (BEZa barne) identifikatuko dira bertan, eta, beraz, 2015eko diru-sarrerak ez dira kontabilizatuko.

6.2. Zehaztu ea 2015. urtean (kanpaina honetako eskaera aurkeztu arte) izandako hondamendi naturalek hondatutako baso-azpiegiturak lehengoratzeko laguntzak eskatzen diren.

7. Memoriaren edo proiektu teknikoaren kopia bat, aurreko epigrafeetan eskatzen diren berariazko planak barne (esaterako, hazienda erabiltzeko plana edo kudeaketa plana makaldietan). Aski izanen da PDF edo WORD formatuko artxibo bat, legeria indardunaren araberako arlo horretako unibertsitate-teknikari eskudunak elektronikoki sinatua eta ebazpen honetan ezarritako jarraibideen arabera egina. Artxiboetako bakar bat ere ez da zortzi megakoa baino handiagoa izanen. Planoak SHP formatuan erantsiko dira. Kartografia digitalak ETRS89 proiekzioan egon beharko du.

8. Eskatzaileek nahi badute diru-laguntzen eskabideen tramitazioan beste batzuek ordezkatu ditzatela, ordezkariendako baimena aurkeztu beharko dute, eredu normalizatuaren araberakoa, ordezkariaren NANaren fotokopiarekin batera; fotokopia hori ez da beharrezkoa izanen ordezkariak aurreko 3 kanpainetakoren batean aurkeztu baldin badu, edo laguntza hauen kudeaketan departamentuari laguntzen dion kabineteko bateko teknikari bat baldin bada.

9. Lurzatiaren titularraren baimen idatzia, bere jabetzako lurretan jarduketak egiteko. Toki entitateen eta partikularren artean titulartasunari buruz gatazka dagoen lurretarako ez da laguntzarik emanen.

10. Eskaera batean landaketen mantentze-lanak bakarrik sartu badira, eta jarduketa horietarako diru-laguntza eman bada aurreko kanpainetan, eskabidea eta eskatutako ekintzen inprimakia bakarrik aurkeztuko dira, honako hauek azalduz: jatorrizko espedientearen erreferentzia, egin nahi den mantentzearen laburpen txiki bat edo, 15.000 euroko inbertsioa gainditzen bada, proiektu teknikoaren kopia bat.

11. Basoko bideak eta azpiegitura txikiak eta kargaleku iraunkorrak egiteko eta hobetzeko ekintzetan aurreikusitako diru-laguntzaren gehieneko mugak gainditzea eskatzen bada, hamaikagarren oinarrian horretarako ezarritako erabaki eta ziurtagiri guztiak aurkeztu beharko dira.

4.–Eskaera osatugabeak.

Eskaerarekin batera behar den dokumentazioa aurkezten ez bada, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

Errekerimendua kasu guztietan eskatzaileari bidaliko zaio, eta, alderdi tekniko batengatik egiten denean, kabinete teknikoari ere bai. Eskaerei elektronikoki erantzutea onartuko da, betiere laguntzak kudeatzeko aplikazio berariazkoa edo erregistro elektronikoa erabiliz tramitatzen badira.

Bosgarrena.–Baloraziorako irizpideak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoari eta Europar Batasunaren araudian xedatutakoari jarraituz, norgehiagokako araubidean tramitatuko da laguntza hauek emateko prozedura.

Aurkezten diren eskaerak konparatuta ematen zaizkie laguntzak eskatzaileei, horrela ezartzen baita haien arteko lehentasuna hurrengo balorazio irizpideen arabera.

Espedienteak aztertuko dira, egiaztatzeko ea proiektatutako jarduketek diru-laguntza jaso dezaketen edo ez eta laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudiekin bat heldu diren.

Toki entitateen kasuan eta aurkezten den espediente osoaren gainean, honako alderdi hauek baloratuko dira:

ATALA

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

1

Onura Publikoko Mendiak daude toki entitatearen mugapean

15

2

Kontserbazio Bereziko Eremuak eta Batasunaren Intereseko Lekuak daude toki entitatearen mugapean

15

3

Hermendiak daude toki entitatearen mugapean, indarreko antolamendu proiektua duena, eta hori Mendi Zerbitzuaren adostasunarekin gauzatzen da

15

4

Aurkeztutako proiektuaren edo memoriaren egokitasuna eta bideragarritasun teknikoa (1)

20

5

Baso-kudeaketa Jasangarriaren Ziurtagiria duten hermendiak daude toki entitatearen mugapean, edo lanen azken zertifikazio eguna baino lehen ziurtatu gogo direnak

10

6

Neurri bereziei loturiko hermendiak daude, toki entitatearen mugapean Fusarium circinatuma dagoelako

10

7

2015. urtean (laguntza eskatu arte) izandako hondamendi naturalek (uholdeak, ibaialdiak) hondatutako baso-azpiegiturak lehengoratzeko laguntzak eskatzen dira (2)

10

8

Toki entitateak diru-sarreren %30, gutxienez ere, inbertitu du bere mendietan, aurreko epigrafeetan adierazten den bezala (3)

5

(1) Memoria edo proiektu bat egokitzat eta bideragarritzat joko da eta, beraz, irizpide honetan aurreikusitako puntuazio osoa emanen da baldin eta eremuko baso-kudeaketaren helburu orokorretara egokitu eta haiekin koherenteak badira, eta haren baso eta ingurumen baldintzak hobetzen baditu; bestela, puntuazioa murriztuko da. Gai honetan adostasunik ez bada, Mendi Zerbitzuaren irizpidea gailenduko da.

(2) Baso eta mendietako zur produktuak edo egurretarako direnak mugitzea helburu nagusi duten azpiegiturak bakarrik hartuko dira kontuan, eta toki entitateak egoera horren berri emana dionean Nafarroako Gobernuari eskaera hasi baino lehen.

(3) Epigrafe hau baloratuko da toki entitateko idazkariak edo entitate horretako agintari eskudunak alderdi hori eskaeraren unean ziurtatzen duenean.

Eskaera onartu ahal izateko, gutxienez 10 puntu eskuratu behako ditu aurreko baremoa aplikatzean.

Balorazio irizpideak aplikatu ondoren, bi eskaeraren edo gehiagoren artean berdinketarik bada, lehentasuna emanen zaio 1., 2., 3., 5., 6., 7. edo 8. atalean, hurrenkera horretan, puntuazio handiena lortu duen espedienteari. Laguntza eskatua duten ekintzak gauzatzen ez diren kasuan, onuradunak oinarri arautzaile hauen bederatzigarren klausulan aurreikusitako moduan haren berri emanik, laguntzak ematen dituzten ebazpenetan aldaketak egin ondoren askatzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontuko diru-izendapen eskasagatik laguntza ukatu zaien eskatzaileei emateko. Horretarako, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz ateratzen den lehentasun ordenari jarraituko zaio.

Seigarrena.–Prozeduraren instrukzioa, Balorazio Batzordea eta laguntza emateko prozedura.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Mendi Zerbitzua izanen da prozedura instruitzeko organo eskuduna. Instrukzio organo horrek, espedienteak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza azaltzeko. Txostena bi hilabeteko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita.

Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

Batzordeko burua: Mendi Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen batzordekidea: Oihanak Kudeatzeko Ataleko burua.

Bigarren batzordekidea: Pirinioaldeko Bulegoko burua.

Hirugarren batzordekidea: Kantaurialdeko Bulegoko burua.

Laugarren batzordekidea: Erdialdeko eta Erriberako Bulegoko burua.

Idazkaria: Oihan Plangintzarako Bulegoko burua.

Batzordeko kide bakoitzak Mendi Zerbitzuko beste teknikari bati eman diezaioke bere eskuordetza.

Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Mendi Zerbitzuko langileek aldez aurretiko bisitak eginen dituzte, baita beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak ere, zehazteko ea titularrek proposatutako jarduketak baso eta ingurumen arloetan egokiak diren eta proiektuan edo memoria teknikoan ageri diren obra unitateen neurketak ongi dauden.

Aurkezten diren eskaeren gainean:

Baso eta ingurumen arloko baimena ez duten eskaerak ez dira baloratuko, ez eta ebaluatuko ere, laguntza ematearen ondorioetarako. Mendi Zerbitzuak baso eta ingurumen arloko baimena ukatzen ahalko die dokumentazio teknikorik ez duten espedienteei edo dokumentazio akastuna dutenei, eskaerako jarduketen egokitasuna ebaluatzen uzten ez dutelako; orobat, teknikoki bideragarriak ez diren espediente bateko ekintzei.

Balorazio Batzordeak diru-laguntza ukatzea proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik egokiak ez diren ekintzetarako eta laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako.

Mendi Zerbitzuak, egindako ebaluazioa eta Balorazio Batzordearen txostena ikusirik, laguntza proposamen bat eginen du espedientearen neurri/azpineurri bakoitzerako, 2016ko programazio finantzarioak bakoitzari ezartzen dion aurrekontu mugekin bat. Azpineurri/eragiketa baten espedienteei laguntza eman ondoren egiaztatzen bada aurrekontuan izendatutako kreditua agorturik ez dagoela, kreditua agorturik duen beste neurri batean aurreikusitako diru kopurura doitzen ahalko da. Azpineurri/eragiketa bakoitzerako laguntza Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen da.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak, Mendi Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, eskatutako diru-laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoko hiru hilabetean, gehienez ere. Interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko da, diru-laguntzaren xedeko kanpainaren prozesuaren emaitzarekin batera.

Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkeztutako eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela.

Jakinarazpenarekin batera, laguntza izan dezaketen jarduketa eta unitateei buruzko txostena emanen zaio interesdunari, baita onartu zaion diru-laguntza ere.

Lanak gauzatzen ari direla, Mendi Zerbitzuak edozein unetan egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu jarduerari buruz, eta haren frogagiri guztiak izanen ditu eskura; halaber, eskatzailea ager dadin eskatzen ahalko du bere erabakia hobeki oinarritzeko.

Zazpigarrena.–Lanen bukaera.

1.–Epeak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

2016ko kanpainako eskaeretarako, lanak 2016eko urriaren 31rako bukatuko dira.

Azaroaren 3a baino lehen, dokumentazio honek Mendi Zerbitzuan jasota egon beharko du:

a) Obra liburu osoa, ziurtagiri guztiekin. Mendi Zerbitzuari aurkeztutako ziurtagiri bakoitza proiektuko obra unitateei lotua egonen da (edo zein den kasua, dagozkien aldaketei, betiere horiek aurretik onartuak izan badira eta haien gaineko akta baldin bada). Modu berean, aurkeztutako faktura edo gastuen egiaztagiri bakoitza aurkeztutako frogagiriari lotua egonen da.

b) Obrak bukatzean aurkeztu beharreko inprimakia, obra zuzendariak behar bezala betea, toki entitatearen adostasuna duena (zigilatua eta sinatua), IV. eranskineko “Obrak bukatzean obra zuzendariak aurkeztu beharreko inprimakia” ereduari jarraikiz. Toki entitateak idazkaria badu, lanen gastuak eta ordainketak ziurtatzeko inprimakia aurkeztuko da, V. eranskineko “Toki entitateko idazkariak lanen gastuak eta ordainketak ziurtatzeko inprimakia” ereduari jarraikiz, eta gastuen egiaztagirien (fakturen) eta ordainagirien (bankuko transferentzien) jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak erantsiko zaizkio. Toki entitateak idazkaria ez badu, “Toki entitateko idazkariak lanen gastuak eta ordainketak ziurtatzeko inprimakia” agiria ez da bete behar.

c) Ordainketa eskaera. Ordainketa frogatzen duten faktura eta dokumentu guztiek laguntza eskaeraren ondokoak izan beharko dute. Salbuespena da C1 modalitaterako (“Dokumentazio teknikoa egitea”) laugarren oinarriko 2. puntuan ezarritakoa. Dokumentuek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute, eta hirugarrenek egindako lanak edo material erosketa justifikatuko dituzte. Eskudirutan ordaindutakoaren justifikazioa onartuko da, 600 eurotik beherako fakturak direnean. Kasu horretan, fakturan enpresaren sinadura eta zigilua daramatzan hartu-agiri baten bidez egiaztatuko da justifikazioa.

d) Obra zuzendaritzarik eskatzen ez bada, lanak bukatu izanaren jakinarazpena aurkeztuko du onuradunak, hari fakturak erantsita. Ordainketaren eta gastuaren frogagiriek memorian aurreikusitako obra unitateei edo/eta ziurtagiriei buruzkoak izan beharko dute.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza arloko enpresek zerbitzuak ematen dituzten kasuan, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko du onuradunak. Horretarako, eta toki entitateen kasuan, obrak esleitzeko prozedurari buruzko txostena emanen du idazkariak, enpresa esleipen-hartzaileari eta hura hautatzeko prozesuari buruzko datuekin; publizitate gabeko prozedura negoziatuetan gutxienez ere hiru enpresa gonbidatu direla frogatu beharko da.

f) Basoberritze ekintzen gaineko ziurtagirien kasuan, obra zuzendariaren erantzukizuneko aitorpena, indarreko araudiaren eta proiektuan edo memoria teknikoan deskribatutakoaren araberako kalitate osoko eta komertzialeko hazi edo landareak erabili direla frogatzeko; ugalketarako baso materialaren jatorriari buruzko ziurtagiria, erabilitako landareez edo haziez hornitzen duen mintegiak emana, gehituko zaio.

g) Basoberritzeko mantentze-lanen gaineko ziurtagirien kasuan, obra zuzendariaren erantzukizuneko aitorpena, garbiketa egin den egunei buruzkoa.

h) Kimatze jarduketetarako laguntza eskatzen denean, obra zuzendariaren erantzukizuneko aitorpena, zenbat zuhaitz kimatu diren eta noiz ziurtatuko duena.

Aurreko dokumentazioa epean aurkeztu ezean, emandako diru-laguntzari %1 kenduko zaio justifikazioa atzeratzen den egun natural bakoitzeko, eta 25 egunez, gehienez ere. Gehiago atzeratuz gero, diru-laguntza galdutzat emanen da.

Salbuespen gisa eta arrazoiturik, eta lanak amaitzeko epea bukatu baino lehen, kanpaina batean baimendutako lanak egiteko luzapenak eskatzen ahalko dira. Mendi Zerbitzuak espres baimendu beharko ditu luzapen horiek ofizio bidez; horrela, lanak egiteko beste epe bat emanen da, hilabetekoa gehienez ere.

Zortzigarrena.–Diru-laguntzaren ordainketa.

a) Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ordainduko dira laguntzak, deialdiko lanak egin direla egiaztatu ondoren eta horiek baso eta ingurumen eta arloko baimenari egokitu zaizkiola egiaztatuta. Mendi Zerbitzuak ahalmena izanen du ekintzen ziurtagiriak ez egiteko, haiek gauzatzeko moduagatik proiektuaren helburuaren arabera teknikoki bideraezintzat jotzen direnean.

b) Landaketari esleitutako laguntzak ez dira ordainduko hutsarteak %10 baino gehiago badira, behar bezala justifikatutako eta Mendi Zerbitzuak ziurtatutako arrazoiak salbu.

c) Ekintza batean hasiera batean onartutako aurrekontuaren aldaketak onar daitezke, emandako zenbatekoa, guztira, igotzen ez bada eta hauetako baten ondorioak badira: akats tipografikoak, laguntza eman ondoren gertatu eta laguntzaren xedeko ekintzak ukitzen dituzten hondamendi naturalak, eta lanak hasi baino lehen zenbait unitateren neurria dimentsionatzeko ezintasun teknikoren bat duten obrak (adibidez: basoko bideak irekitzean ikusten ez ziren arrokak aurkitzea). Aldaketa horiek neurri bereko ekintzen barruak doitzen ahalko dira.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Diru-laguntzen onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako lanak egitea, baso eta ingurumen arloko baimenean ezarritako baldintza teknikoekin eta Mendi Zerbitzuak eman ditzakeen jarraibideekin bat. Baimenik ez duten jarduketek ez dute diru-laguntzarik jasoko, baimendu ziren beste batzuen ordez egiten badira ere.

Ekintza baten barrenean aldaketa partzialak onar daitezke, bai proiektuan bai lanetan, betiere aurretik Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak onetsi baditu. Aipatu aldaketa horiek onetsiz gero, obra liburuan jaso beharko dira, horrelakorik baldin badago.

b) Mendi Zerbitzuko langileei diru-laguntzen xedeko lurzatietan sartzen uztea, lanak gainbegiratzeko eta, hala bada, hurrengo 5 urtean inbertsioei eusteko konpromisoa bete ote den ikuskatzeko.

c) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpen proposamena egin baino lehen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan sarturik ez egotea eta, zehazki, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak izatea.

d) Ebazpen honetan xedatutakoa eta laguntza emateko proposamenaren izaeraren ondorioz ezartzen diren gainerako eginbeharrak betetzea.

e) Onartutako inbertsioak 808/2014 (EB) Erregelamenduaren III. eranskineko 2. puntuan ezarritako mugak gainditzen baditu, onuradunak arau horretan ezarritako publizitate neurriak hartu beharko ditu.

f) Diruz lagundutako inbertsioek irauteko konpromisoa: onuradunak konpromisoa hartzen du laguntzaren likidazioaren ondoko 5 urtean inbertsioak ez duela aldaketa garrantzitsurik izanen. Aldaketa garrantzitsutzat hartuko dira inbertsioaren izaera edo laguntza emateko baldintzak ukitzen dituztenak:

1. Basoberritzeak eta beste landaketa batzuk: inbertsiorako onartutako dentsitateen %10etik gorako hutsarteak egotea, behar bezala justifikatutako eta Mendi Zerbitzuak ziurtatutako arrazoiak salbu.

2. Produkzioko basoberritzeetarako ezinbestekoak diren mantentze-lanak (kimatzeak eta aratzeak) eta eskaeran aurkeztu zen mantentze planean deskribatutakoak ez egitea.

3. Landaketen edo berezko birsortze eremuen babesa: itxiturek edo zuhaitzak banaka babesteko beste sistema batzuek funtzionaltasuna galtzea.

4. Sasi garbiketak: lurrazala hondatzea eta garbiketaren aurreko egoerara bueltatzea 5 urte baino gutxiagoko epean.

5. Basoko bideak: hobetutako azpiegituraren baldintzak andeatzea 5 urte baino lehenago (non ez dituen hondamendi natural larriren batek eragin), egindako obraren ezkutuko akatsak agertzen dituela.

Era berean, azpiegitura horiek ez dira kargatuko udal tasekin, Mendi Zerbitzuaren iritziz azpiegitura horietaz baliatzen den eremuaren baso-kudeaketa eragozten badute. Egoera hori gertatzen bada, eta emandako laguntzak itzultzearen ondorioetarako, Mendi Zerbitzuaren irizpidea gailenduko da.

Diruz lagundutako beste inbertsio batzuk: oro har, inbertsioak bilatzen zuen helburua 5 urte baino lehenago galtzea, horretarako justifikaziorik edo ezinbesteko arrazoirik izan gabe.

g) Xede berarekin jasotako bestelako diru-laguntzen berri ematea Mendi Zerbitzuari.

h) Laguntza jaso duten ekintzak burutu gabe uztearen berri ematea Mendi Zerbitzuari, laguntza eman dela jakinarazi eta bi hilabetean, gehienez ere; horrenbestez, laguntza ematen duen hasierako ebazpena aldatzeko eskatuko da.

Hamargarrena.–Diru-laguntzen kontrola, murrizketak, zehapenak eta salbuespenak.

1.–Aurreko oinarrian ezarritako konpromisoak ez betetzeak berarekin ekarriko du emandako laguntza deuseztatzea edo jasotako diru-laguntzak itzuli beharra, osorik nahiz zati batean, kasuen arabera, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen II. kapituluarekin bat, berandutza interesak barne izan edo ez, bidezkoa denaren arabera.

2.–Mendi Zerbitzuak beharrezko kontrol guztiak eginen ditu, oinarri arautzaile hauek, diru-laguntza eta funts komunitarioen arloko Nafarroako eta Europako araudia eta, bereziki, kostuak gutxitzearekin eta iruzurraren kontrolarekin zerikusia duten alderdiak betetzen ote diren egiaztatzeko.

3.–Onuradunak, ekintza batean, organo kudeatzailearen kontrolen arabera burutu ez diren unitateak eskatzen baditu, ez-betetze bat dela ulertuko da baldin eta, eskatutako unitateen eta zehaztutakoen arteko aldearen ondorioz, eskatutako zenbatekoen eta zehaztutakoen arteko aldea %10etik gorakoa bada. Kasu horretan, lotutako zehapen ekonomikoa bi zenbateko horien arteko aldea izanen da, baina ez da laguntza osoa kentzeaz haratago joanen.

4.–Konpromiso horien ez-betetzeak mailakatu eginen dira, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira:

4.1.–Basoberritzeak eta beste landaketa batzuk:

Laguntza pagatu ondoko hirugarren, laugarren edo bosgarren urtean hutsarteak antzematen badira, eta landaketen edo babes sistemen mantentze-lanak behar bezala ez egitearen ondorioa bada:

–Hutsarteak %10-%25 tartean badaude, landaketagatik (babes sistemei dagokiona barne) eta lehenbiziko bi urteetako mantentze-lanengatik jasotako laguntzaren %25 itzuli beharko da.

–Hutsarteak %25etik gorakoak badira, landaketagatik (babes sistemei dagokiona barne) eta lehenbiziko bi urteetako mantentze-lanengatik jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

4.2.–Mantentze-lanak:

Produkzioko basoberritzeetarako ezinbestekoak diren mantentze-lanak (kimatzeak eta aratzeak) eta eskaeran aurkeztu zen mantentze planean deskribatutakoak egiten ez badira, ezinbesteko kasuetan izan ezik, egoera hori antzeman arte jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

4.3.–Sasi garbiketak: lurrazala hondatzea eta garbiketaren aurreko egoerara bueltatzea 5 urtetik beherako epean.

Garbitutako azalera laguntza pagatu ondoko hirugarren, laugarren edo bosgarren urtean hondatzen bada:

–Azalaren %10etik %25era hondatzen bada, jasotako laguntzaren %25 itzuli beharko da.

–Azalaren %25etik gora hondatzen bada, jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

4.4.–Basoko bideak: hobetutako azpiegituraren baldintzak andeatzea 5 urte baino lehenago (non ez dituen hondamendi natural larriren batek eragin), egindako obraren ezkutuko akatsak agertzen dituela.

–Jasotako laguntzaren %25 itzuliko da diruz lagundutako azpiegiturek funtzionaltasuna galtzen badute edo hondatzen badira, eta ibilgailuak hortik ibiltzen ahal badira.

–Jasotako laguntzaren %100 itzuliko da zelaitzea hobetzen edo basoko bide berriak egiten direnean, eta ibilgailuak ezin badira hortik ibili.

4.5.–Diruz lagundutako beste inbertsio batzuk: oro har, inbertsioaren xedea 5 urtetik beherako epean galtzea, horretarako justifikaziorik edo ezinbesteko arrazoirik izan gabe.

Hirugarren urtetik aurrera antzematen bada galera, jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

5.–Onuradunak ez badio laguntza jaso duten ekintzak ez egitearen berri ematen Mendi Zerbitzuari, bederatzigarren oinarriaren h) letran ezarritakoarekin bat, %5 gutxituko da eskaera osatzen duten eta gauzatu diren gainerako ekintzetarako emandako diru-laguntza.

6.–Obra zuzendaritza nahitaezkoa denean egiten ez bada, funtsean okerra bada neurri edo unitate ziurtatuei dagokienez, edo ez osoa hura egiaztatzen duen dokumentazioari dagokionez, ez zaio laguntzarik emanen espediente horri.

Obra zuzendaritza nahitaezkoa bada eta zuzendaritzatik gabe egindako lanen portzentajea haiek gauzatzeko aurrekontu likidatuaren %15etik gorakoa bada (aholkularitza ekintzak kanpo), ez da obra zuzendaritzari dagokion diru-laguntza ordainduko. Gainera, portzentaje hori %30etik gorakoa bada, ez da obra zuzendaritzarik gabe egindako lanei dagokien diru-laguntza ordainduko. Bestetik, ez da obra zuzendaritza ordainduko obrako zuzendaria eta haiek gauzatzen dituen kontratista pertsona bera denean.

7.–Ordainketa jasotzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan datu faltsuak antzematen badira, onuraduna laguntza hauetatik bazterturik geldituko da kanpaina honetan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren arabera aplikagarria dena.

Hamaikagarrena.–Diru-laguntzaren gehieneko mugak, modalitateen arabera.

1.–Kontrata bakoitzean onartutako gauzatze aurrekontuari ondoko taulan ageri diren diru-laguntzaren portzentajeak aplikatuta kalkulatuko dira eskatutako ekintza bakoitzerako laguntzak.

Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea garatzearren Mendien Erregelamendua onesten duen otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuan ezarritako mugak ez dira inola ere gaindituko, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan aurreikusten den bezala.

MODALITATEA

MENDI
KATALOGATUAK (KBEak EDO BILak)

(diru-laguntzaren %)

MENDI
EZ-KATALOGATUAK

(diru-laguntzaren %)

A.1

Basoberritzeak (1)

Makaldiak

%50

%50

Mozketa-epe erdiko espezieekin egindako basoberritzeak (prestaketa lanak eta landaketa lanak barne)

%60

%60

Mozketa-epe luzeko espezieekin egindako basoberritzeak (prestaketa lanak eta landaketa lanak barne)

%60

%60

Itxitura babeslea

%60

%60

Hodi babeslea

%60

%60

Hondakinak ezabatzea: pilatzea edo/eta erre gabe ezabatzea

%60

%60

Hondakinak erreta ezabatzea

%60

%60

Landaketak ilaran, eta heskaiak

%60

%60

Basoberritzeen mantentze-lanak

%60

%60

A.2

Basogintzako lanak

Bakantzeak, kimatzeak eta eitea emateko inausteak

%60

%50

Sasiak garbitzea eta beste lan batzuk, berezko birsortzeari laguntzeko.

%60

%50

Sasi-garbitzeak, abeltzaintzan erabiltzeko

%60

%45

KBEetan aurreikusitako habitatak hobetzeko sasi-garbitzeak

%60

-

Basoberritzeei lotu gabeko itxiturak (2)

%55

%45

B

Biodibertsitatea

%80

-

C.1

Dokumentazio teknikoa (*)

%100

%100

C.2

Obra zuzendaritza (*)

%100

%100

D.

Basoko bideak eta kargaleku iraunkorrak eraiki eta mantentzea (3)

%55

%40

Bestelako ekintzak (salbuespenak deialdi honetan)

%40

%30

E

Aisiarako azpiegitura txikiak

%40

%30

(*) Diru-laguntzaren portzentajeak bigarren oinarrian (C modalitatea) ezarritakoak dira.

2.–Aurreko taulan adierazitako diru-laguntzen mugak igoko dira kasu hauetan (betiere, eskaeraren unean betetzen badira).

(1) A.1 modalitateko diru-laguntzaren gehieneko muga ehuneko hamabost puntuan igoko da, ekintzak Fusarium circinatumak hartutako esparru batean egiten direnean.

(2) Toki entitateak beren hermendien zonifikazio prozesuetan inplikaturik badaude, onetsitako basogintzako antolamendu proiektuetan aurreikusitakoetan, beren eskaeretan diru-laguntzaren gehieneko muga bost puntuan igoko da.

(3) Basoko bideak eta kargaleku iraunkorrak eraiki eta hobetzeko ekintzetarako diru-laguntzaren gehieneko muga igo eginen da baldin kasu hauetakoren bat gertatzen bada eta eskaeran justifikatzen bada:

1. Ekintzak 2015. urtetik eskaera datara arteko epealdian azpiegituretan eragina izan duten hondamendi naturalen ondorio direnean: 5 puntu.

2. Bi toki entitateri edo gehiagori ematen zaienean zerbitzua, eta horien arteko akordio idatzia dagoenean erabili ahal izateko: 5 puntu.

3. Baso aprobetxamenduen administrazio baldintzen agirietan toki entitateak atal bat sartzen duenean non baloratzen duen egurketariak bere esku izatea zaintza katea mendia ziurtaturik dagoen sisteman, eta hori frogatzeko idazkariaren edo toki entitateko agintari eskudunaren ziurtagiria aurkezten duenean: 2 puntu.

4. Akordio bat egin denean espediente administratibo berean batera saltzeko zurezko produktuak edo egurretarako direnak: 3 puntu. (Salmentan honako hauen aprobetxamendua sar daiteke: bi toki entitate edo gehiago, toki entitate bat edo gehiago eragile pribatuekin edo bi eragile pribatu edo gehiago). Egitate hori ziurtatzen duen toki entitate(ar)en idazkariaren edo toki entitateko agintari eskudunaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, baita eragile pribatuaren erantzukizuneko aitorpena ere.

Hamabigarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzen deskriptorea.

Eskaeretan atalak eginen dira: modalitateak, ekintzak eta azpiekintzak, ondoko taulan ageri bezala. Taula honetan jasotzen ez diren ekintzak ez dira diru-laguntzen xede izanen.

MODALITATEA

UNITATEA

EKINTZA

AZPIEKINTZA

A1

ha

Basoberritzea

Makalak, motzondoak aterata

Makalak, motzondoak atera gabe

Mozketa-epe luzeko espezieak. Lurra prestatzea

Mozketa-epe luzeko espezieak. Landatzea/ereitea

Mozketa-epe erdiko espezieak. Lurra prestatzea

Mozketa-epe erdiko espezieak. Landatzea/ereitea

ml

Itxitura babeslea

Basoberritze berrietan jartzea

Lehenagoko basoberritzeetatik kentzea

Un.

Hodi babeslea

Basoberritze berrietan jartzea

Lehenagoko basoberritzeetatik kentzea

ha

Hondakinak ezabatzea

Pilatzea eta/edo ezabatzea, erre gabe.

Erreta ezabatzea

ml

Landaketak ilaran, eta heskaiak

Ilarako landaketa

Heskaia landatzea

ha

Basoberritzeen mantentze-lanak

Udako garbiketak

Hutsarteak betetzea

ml

Landaketak ilaran, eta heskaiak. Mantentze-lanak

Udako garbiketak

Hutsarteak betetzea

A2

ha

Bakantzea

Berezko zuhaiztiak

Koniferoen basoberritzeak

Un.

Hostozabalak kimatzea

Eitea emateko inaustea

Altueran kimatzea (gehienez 250 arbola/ha)

Kimatzeak makaldietan

Un.

Koniferoak kimatzea

2,5 m arte kimatzea

(gehienez 400 zuhaitz/ha)

2,5 eta 5 m arte kimatzea

(gehienez 250 zuhaitz/ha)

ha

Sasi-garbitzeak

Berezko birsorkuntzari laguntzea (beste lan batzuk)

Abeltzaintzakoak

KBEetan aurreikusitako habitatak hobetzea

ml

Basoberritzeei lotu gabeko itxiturak

Berezko birsortzea ezartzea-babestea

Larre naturala ezartzea

Berezko birsortzea mantentzea-babestea

Berezko larrea mantentzea

Itxitura kentzea

B

Un.

Biodibertsitatea

Onetsitako KBEak kudeatzeko planean aurreikusitako beste ekintza batzuk

Ibarbasoa lehengoratzea

C

Un.

Dokumentazio teknikoa

Obra zuzendaritza

D

km

Kaxa irekitzea

Zolatzea

Zelaitzea hobetzea

Arekak egitea

Arekak garbitzea

Sasi-garbitzea basoko bidearen bazterretan

Un.

Hodia (fabrika-obra barne)

Areka gaineko pasabidea

Zola gaineko zeharkako erretenak

Hodiak garbitzea

Zurezko atakak

Kargalekua eraikitzea

Goragunea

Lubeta

Un.

Bestelako ekintzak

Deialditik salbuetsitako ekintzak

E

Un.

Aisiarako azpiegitura txikiak

Instalazioa

Mantentze-lanak

Hamahirugarrena.–Proiektuen eta memoria teknikoen gutxieneko edukia.

Proiektuek atal hauek izanen dituzte gutxienez: memoria, aurrekontua, baldintza-agiriak, Ingurumen ukipenen azterlana edo Ingurumen eraginaren azterlana (arloko foru araudiak hala eskatzen duenean), 1:10.000ko edo eskala handiagoko planoak eta segurtasun eta osasun arloko oinarrizko azterlana, indarreko araudiaren arabera.

Memoria teknikoa eskatzen den kasuetan, honakoak bildu beharko ditu: memoria, aurrekontua, Ingurumen ukipenen azterlana (arloko foru araudiak hala eskatzen duenean) eta 1:10.000ko edo eskala handiagoko planoak.

Ekintzaren batek KBEetan edo BILetan sartutako lurrak ukitzen dituenean, proiektuak edo memoriak beti jasoko du tokiko kontserbazio balioetan egindako ukipenen ebaluazioa.

Memoria: laguntza zein jarduketatarako eskatzen den, haiek deskribatu beharko ditu, baita jarduketaren aurrekariak eta helburuak ere. Helburuak guztiz garrantzitsuak dira. Helburu horiek behar bezala justifikatzen ez badira, gerta liteke proposatutako ekintzak diru-laguntzarik gabe gelditzea.

1.–Jarduketen erreferentzia geografikoak eta planoetako kokaguneak adierazita egonen dira. Jarduketak katastroko lurzati bati baino gehiagori eragiten badie, memorian lurzati horietako bakoitzean zehaztu beharko dira jarduketaren unitate fisikoak. Bat etorriko da guztiz “Eskaerako ekintzak” izeneko inprimakian jasotako datuekin.

2.–Deialdi honetako ekintza bakoitzean zehaztutako informazio guztia sartu beharko da: jarduketak ukitutako espeziea(k), landaketa urtea basoberritze berrietako mantentze-lanetarako, mantentze-lanetarako plan bakuna aurreko oinarrietan zehaztutako ezaugarriekin, inauste eta kimatze lanetarako behar diren datuak, eta abar.

Baldintza-agiria: proiektuetan baizik ez da eskatuko. Laguntza zein lanetarako eskatu den, lan horiek guztiak aipatu beharko ditu eta adierazi, gutxienez, obra bakoitzean erabiliko diren baliabideak.

Aurrekontua: guztiz bat etorriko da “Eskaerako ekintzak” izeneko inprimakian jasotako datuekin, eta dokumentu hauek osatuko dute, gutxienez:

3.1.–Neurketen taula.

3.2.–Prezioen taula: eskulanaren prezioak eta makineriarena zehazteko behar direnak, bai eta obra unitateko behar diren prezioak ere.

3.3.–Prezio osagarrien taula.

3.4.–Aurrekontu osoa.

Planoak: laguntza zer jarduketarako eskatu den, horren erreferentzia geografiko guztiak eman beharko dira, baita eremu horietara sartzeko behar den informazio guztia ere (sartzeko pistak), Mendi Zerbitzuko langileek jakin dezaten non dauden. Gutxienez hauek izanen ditu:

4.1.–Kokalekuaren planoa.

4.2.–1:10.000 eskalako planoa edo eskala handiagokoa, lan berezietarako, hala nola, pistak irekitzeko. Maldarik gabeko topografia duten tokietan ez da sestra-kurbarik beharko.

4.3.–Aurrekontuetako eta memoriako unitateek bat etorri beharko dute planoetan ageri direnekin.

Ingurumen ukipenen azterlana: gutxienez datu hauek jasoko ditu:

a) Proiektatutako jarduketaren eragina jaso dezaketen balio historiko-artistikoen, ekologikoen eta ingurumenekoen deskribapena eta ebaluazioa.

b) Planak edo proiektuak aurreko puntuan aipatutako alderdi bakoitzean izan ditzakeen ukipenen deskribapena eta balorazioa.

c) Hartu beharreko babes eta zuzenketa neurriak.

Segurtasun eta osasun azterlan oinarrizkoa. Agiri hau proiektuetan baizik ez da eskatuko, eta eduki hau izanen du:

1.–Memoria: obren ezaugarrien deskribapena, egiteko epea, aurreikusitako langileak, behin-behineko instalazioak eta osasun laguntza, aurreikusitako makineria eta bitarteko lagungarriak, arriskuen azterketa orokorra eta aurreneurriak.

2.–Aurrekontua. Espedientean eskatutako aurrekontua oinarritzat harturik zehaztuko da.

Hamalaugarrena.–Ordezko araudia.

Deialdiko oinarri hauetan aurreikusirik ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, 2016ko kanpainarako eragile pribatuek sustatutako baso lanetarako laguntzen araubiderako

Lehenbizikoa.–Xedea, aplikazio eremua eta onuradunak.

1.–Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak 2. eta 3. artikuluetan ezartzen ditu legearen helburuak, eta honako hauek nabarmentzen dira:

1. Basoetako ingurune naturala eta egoera ekologikoa zaindu eta hobetzea.

2. Nafarroako baso eremuaren gehikuntza sustatzea, batez ere bizkortze eta eboluzioaren bidez jatorrizko baso izateko ahalmena duten landarediak sorraraziz.

3. Toki entitateen lankidetza suspertzea baso lurrak zaindu eta babesteko.

4. Mendiko produktuen lehen mailako transformaziorako ekintzak bultzatzea.

Helburu horiek erdiesteak berarekin ekarriko du Nafarroako Foru Komunitateko baso sistemek irautea eta horiek hobetzea, horrek dituen onura zuzeneko eta zeharkako guztiekin, hasi landako populazioak finkatzearekin eta buka baso suteen prebentzioarekin, higaduraren kontrako borrokarekin, egurra bezalako gai berriztagarrien erabilerarekin eta energia menpekotasuna txikitzearekin. Horiek denak onura publikokoak eta interes sozial handikoak dira.

Eragile pribatuek sustatutako baso jarduerei dagokienez, Europako Batzordeak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa onestearen menpe daude. Programa hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1301/2013 (EB) Erregelamendua oinarri harturik garatu zen. Aipatutako erregelamendua Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoa zen, eta haren bidez Kontseiluaren irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamendua indarrik gabe utzi zen. Deialdiaren xedea da Nafarroako Foru Komunitateko mendietan, titulartasun pribatukoetan, baso jarduerak sustatzeko laguntzak esleitu, kudeatu eta kontrolatzeko araubidea ezartzea.

2.–Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan daiteke edozein baso jabe pribatu, pertsona fisiko edo juridiko, baldin diru-laguntzak eskatzen baditu Nafarroako Foru Komunitateko lurretan geroko epigrafeetan azaltzen diren lanak egiteko.

3.–Partikularren edo haien batasunen 50 hektareatik gorako mendiek kudeaketa plan bat edo oihan plangintzako tresna baliokide bat izan beharko dute. Mendi txikiagoen kasuan, eskualdeko planetako basogintzako kudeaketarako jarraibideak aplikatuko dira.

Bigarrena.–Diru-laguntza jasotzeko modalitateak eta arau teknikoak.

1.–Desadostasunik bada sustatzailearen eta Mendi Zerbitzuaren artean, Mendi Zerbitzuaren irizpidea gailenduko da.

2.–Mendiaren kudeaketa jasangarrirako diru-laguntzak (08.05.01 eragiketa).

Honako modalitate hauek jaso dezakete diru-laguntza:

A.1 modalitatea.–Basoberritzeak.

A.2 modalitatea.–Basogintzako lanak.

B modalitatea.–Biodibertsitatea.

C modalitatea.–Baso-proiektuen dokumentazio teknikoa egitea eta baso-obren zuzendaritza.

A.1 modalitatea. Basoberritzeak (08.05.01 eragiketa):

Oro har, diru-laguntza jaso dezakete, geroko epigrafeetan azaltzen diren salbuespenetan izan ezik, honako ekintza hauek:

a) Aldez aurreko lanak:

a.1. Hondakinak ezabatzea.

a.2. Lurra prestatzea.

b) Landatu edo ereitea.

c) Itxiturak eta banakako beste babes sistema batzuk instalatzea.

d) Basoberritzea egin eta lehenbiziko bost urtean egin behar diren mantentze-lanak: hutsarteak betetzea eta landare lehiatzaileak kontrolatzea.

Oinarri hauek araututako kanpainan basoberritze osoa egiten duten eskatzaileen kasuan, modalitate honetan eskatu beharko dituzte beharrezko ekintza guztiak.

Landatu edo erein aurreko lanak baino ez dituzten espedienteetan, laguntza ematen bada, onuradunak nahitaez 2017an landatu edo ereinen du, baldintza klimatikoek eta lurrekoek horretarako bide ematen dutenean, eta ez dira berriz emango aldez aurreko lanetarako laguntzarik.

Landatu edo ereiteko lan horiek diru-laguntza jaso dezakete laguntzen dagokion kanpainan. Kanpaina horretarako deialdia egiten ez bada, kasu horretan ere eskatzailea behartuta dago landatzera; bestela, aldez aurreko lanengatik jasotako laguntzak itzuli beharko ditu.

Ekintzek honako arau tekniko hauek beteko dituzte:

Ekintzek honako arau tekniko hauek beteko dituzte:

Basoberritzeetarako arau teknikoak (08.05.01 eragiketa).

1. Espezie multzoak:

Deialdi honen ondorioetarako, espezie multzo hauek ezarri dira, beren epe teknologikoaren arabera:

–Mozketa-epe erdiko espezieak: 13 urtetik 70era bitarteko mozketa-epea duten espezieak dira, hala nola makala, pinu beltza, Korsikako larizio pinua, izei gorria, Sitkako izeia, Douglas izeia, Lawson altzifrea, alertzea, sekuoia, zedroa, basagereziondoa, lizarra, intxaurrondoa, tulipa arbola, haritz amerikarra, urkia, gurbeondoa, haltza, ezkia, platanoa, zurzuria, astigarra eta gaztainondoa.

–Mozketa-epe luzeko espezieak: 70 urtetik gorako mozketa-epea dutenak, hala nola ler gorria, larizio pinu hispanikoa, Austriako larizio pinua, Aleppo pinua, pinazi-pinua, mendi-pinua, izeia, hagina, artea, haritz arrunta, haritz kandugabea, haritz ilaunduna, erkametza eta ametza.

–Zuhaixka espezieak: abaritza, gurbitza, legeltxorra, ezpela, gorostia, elorri beltza, hurritza, ipurua, miterra eta hostazuria, besteak beste.

Baldin oihangintzako edo merkatuko helburuengatik basoberritzeko baso espezieen epe teknologikoak hemen ezarritakoak ez bezalakoak badira, eskatzaileak salbuespen hori justifikatu egin beharko du. Inola ere ez da onartuko ebazpen honetan ezarritakotik gorako epe teknologikorik.

Deialdi honetan diru-laguntza jaso dezaketen baso-espezie guztien zerrenda III. eranskinean (“Diru-laguntza jaso dezaketen baso-espezien zerrenda”) agertzen da. Zerrenda hori LGP 2014-2020 dokumentuan sartu zen, Europar Batasuneko agintaritzek proposaturik.

2. Berariazko oharrak zenbait basoberritze motatarako.

Oro har, ez dute diru-laguntzarik jasoko honako hauek:

1. Pagoekin egindako basoberritzeak, honako kasu hauetan: espezie hori ugaritzeko landaketak, berezko birsortze eskasaren ondorioz, behin Kontserbazio Bereziko Eremu bateko Kudeaketa Planean aurreikusitako birsortzeko mozketak edo landaketak egin eta gero.

2. Koniferoekin egindako basoberritzeak, lur horietan non Pinus, Picea edo Pseudotsuga generoko espezieen arraseko mozketak egin diren, negualdi bat bederen igaro gabe, bermatu dadin Hylobius abietisek ez diola basoberritze berriari eraginen. Proiektuan edo memorian, ekintza honetarako zehaztu beharko da mozketaren eta basoberritzearen artean iragandako denbora.

3. Pinus radiata espeziearekin egindako baso landaketak Nafarroan Fusarium circinatum gisa mugatutako eremuan. Egoera horri eutsiko zaio harik eta gai honetan araudia aldatzen den arte.

Nafarroan Fussarium circinatum gisa mugatutako eremuan, eta ikusirik zer emaitza lortu diren azken hamar urtean eta zer jokabide izan duten espezieek, eta maiatzaren 6ko 637/2006 Errege Dekretuaren (haren bidez ezartzen da lehen aipatutako patogenoa ezabatzeko eta kontrolatzeko programa nazionala) 6. artikuluko 4. puntuarekin bat –ezartzen baitu autonomia erkidegoak baimendu dezakeela espezie sentikorren jatorrikoak eta klonak landatzea, baldin erresistenteak badira, esperimentatzeko– zilegi izanen da Pinus generoko basoberritzeetarako diru-laguntzak ematea, baldin Pinus radiata ez badira, baita Pseudotsuga spp-eko landaketak egiteko ere. Kasu horietan, ekintza honi dagokion deskripzio memoriak epigrafe bat izan beharko du, 3. puntuan landare eta hazietarako aurreikusitakoaz gain, non zehaztuko baita erabiltzen den baso-materialaren jatorriak bermatzen duela ez dagoela patogenoak kutsaturik, eta, orobat, zehaztuko da aipatutako espezieak esperimentaziorako erabiltzen direla.

Errekekin muga egiten duten basoberritzeen kasuan, ekintzaren deskripzio memorian atal berariazko bat zehaztuko da, erreka bazterreko lehenbiziko bost metroan egin beharreko kudeaketari buruz, errekako ibarbasoa lehengoratzeko edo kontserbatzeko. Zerrenda horretan zerbait egitea teknikoki beharrezkoa baldin bada, hauxe egin daiteke: aberasteko basoberritzeak egitea, inguruneko berezko ur bazterreko baso espezieak erabiliz horretarako, eta, behar denean, bertako landaredia errespetatuz eta gainerako basoberritzeraino tarte egokia utziz.

5 metroko edo gehiagoko babes-zerrendaren azalera hori beste edozein basoberritzetarako laguntzen barrenean sartuko da.

Makaldiak.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, makaldien mozketa-epea 13 urtekoa edo luzeagoa izanen da, eta gainera haien produktuekin ezin da energia produzitu, eta zuhaitzak ezin dira oinberritu (basoberako tratamendua).

Makaldien kasuan, landaketarekin eta kimaketarekin zuzenean erlazionatutako lanetarako bakarrik emanen da diru-laguntza. Ez da diru-laguntzarik emanen aratzeko, sasiak kentzeko eta ureztatzeko.

3 hektareatik gorako makaldietan, plangintzako tresna batean sartuta ez badaude, laguntzaren eskaerarekin batera Kudeaketa Plan soil bat / Baso Jarduketen Plan bat aurkeztuko da. Memoria tekniko edo proiektutzat hartuko da, obra unitateen araberako aurrekontu xehakatua izan beharko du eta Mendi Zerbitzuak onetsi beharko du. Baso Jarduketen Plana honako honetan ezarritakoarekin bat idatziko da: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/5013/Planificacion-y-certificacion-de-terrenos-forestales-privados.

Nolanahi ere, eskatzaileak konpromisoa hartzen du Kudeaketa Plana gauzatzeko. Plan hori gauzatzen ez bada, hasierako basoberritzerako jasotako laguntzak itzuli eginen dira, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen II. kapituluarekin bat, berandutza interesekin edo gabe, bidezkoa dena.

Landaketak ilaran, eta heskaiak:

Ilaratan egindako landaketak, heskaiak ezartzea eta instalatu ondoko bost urteetan bi ekintza horiek mantentzeko behar diren lanak, diru-laguntza portzentaje berariazkoak dituztela, basoberritzetzat hartuko dira, eta, hortaz, exijentzia eta baldintza berberak izanen dituzte, eta behar diren ohar osagarriak.

a) Horretarako erabiliko diren espezieak eremuko hostozabal autoktonoak izanen dira. Eremu mediterraneoan baimenduko da Pinus halepensisa, Cupressus sp.-a eta Juniperus sp.-a erabiltzea. Erabiliko diren zuhaitz espezieek oso heliofiloak beharko dute izan.

b) Ilarako landaketen kasuan, 5-10 metroko tartea izanen da zuhaitzen artean.

c) Heskaien kasuan, halakoak ezartzeko ekintzek diru-laguntza jasoko dute baldin lurzatien artean, ezpondetan eta landatu gabeko bazterretan egiten badira. Zuhaiztiaren zabalera 1,5 metrokoa izanen da gutxienez. Orobat, diru-laguntza jaso daiteke landatutako lurzatietan heskaiak jartzeko, betiere heskai-zerrenda baso lurzoru izatera igarotzen bada.

3. Baso landareen eta hazien ezaugarriak.

Fusarium circinatum izendatutako eremuan Pinus eta Pseudotsuga generoko basoberritzeei buruzko epigrafean aurreikusitakoaz gain, edozein landaketetarako landareek eta haziek behar den kalitate-baldintzak beteko dituzte, hau da, behar den kalitate komertzial osoa izanen dute, indarreko araudian ezarritakoarekin bat. Aurkeztutako proiektu eta memoria teknikoetara egokituko dira, eta horietan zehaztuko da zein diren erabiliko diren landareen gutxieneko adina eta tamaina, baita hazien jatorria ere, erein behar denean.

Landatze edo ereite ekintzaren ziurtagirian, obra zuzendariaren erantzukizuneko aitorpen bat erantsiko da, frogatzeko indarreko araudiaren araberako eta proiektuan edo memoria teknikoan deskribatutakoaren araberako kalitate osoko eta komertzialeko hazi edo landareak erabili direla; eta gehituko zaio ugalketarako baso materialaren jatorriari buruzko ziurtagiria, erabilitako landareaz edo haziaz hornitzen duen mintegiak emana.

4. Hondakinak ezabatzea.

Birsortzeko mozketa baten ondoren adaburuak moztea, hobetzeko mozketa edo birsortzeko mozketa baten ondoren produktuak ateratzea edo hondakinak ezabatzea bezalako jarduketak baso aprobetxamenduak berezkoak dituela jotzen da, eta, hortaz, baso aprobetxamenduko baldintza tekniko edo administratiboen baldintzen agiriak hala ezartzen duenean, nahitaez egin beharrekoak izanen dira, eta ez ekintza horiek ezin izanen dute diru-laguntzarik jaso.

Horregatik, eta ebazpen honen ondorioetarako, hondakinak ezabatzeko jarduketatzat hartuko dira arraseko mozketen hondarrak desagerrarazteko jarduketak, baldin horrek lurra prestatzeko eta landatzeko edo berezko birsortze lanak baldintzatzen baditu. Horrenbestez, etorkizuneko basoberritze edo berezko birsortze bat egiteko lurraren prestaketaren zatitzat hartzen dira, eta, beraz, diru-laguntza jaso ahal izateko, basoberritzerako edo berezko birsortzerako nahitaezko ekintza gisa sartuko dira.

5. Basoberritzeen babesa.

Itxituren edo/eta hodi babesleen kostua ez dago basoberritzearen edo hutsarteak betetzearen kostuaren barrenean, hau da, bereizirik aurkeztu behar da kontzeptu hori.

Itxituretan, itxitura horrek bide bat mozten duenean, jendearendako pasabideak aurreikusi behar dira, nahitaez, eta gainera jendearendako pasabide bat itxituraren 250 metro lineal bakoitzeko gutxi gorabehera, behar bezala arrazoitutako salbuespenetan izan ezik.

Ungulatuen kontrako itxiturek diru-laguntza jasoko dute baldin behar bezala justifikaturik badaude ikuspuntu teknikotik, eta beharra eta diseinua frogatzen badira. Itxitura horiek diru-laguntza jasotzen badute, ez da diru-laguntzarik jasoko etorkizunean basoberritze horietan ungulatuen kalteengatik egin daitezkeen hutsarteen betetzeetarako.

6. Basoberritzeen mantentze-lanak.

Ebazpen honen ondorioetarako, landare lehiatzaileak kontrolatzea eta hutsarteak betetzea hartzen dira basoberritzeen mantentze lantzat.

Oro har:

1. Ez da mantentzeetarako diru-laguntzarik emanen behin landaketatik bost urte igaro direnean, salbu justifikatutako salbuespenetan, Mendi Zerbitzuak baimendurik.

2. Urteko garbiketa bakarrerako emanen da diru-laguntza. Ekintza hori maiatzaren 15etik abuztuaren 15era bitarte gauzatu beharko da. Lanen azkeneko ziurtatzearen unean obra zuzendariaren erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko da, garbiketa unea ziurtatzen duena.

3. Ez da hutsarteak betetzeko diru-laguntzarik emanen baldin horretarako erabilitako landareak landare guztien %10era iristen ez badira.

4. Portzentaje hori gainditzen denean, hutsarteak betetzeko diru-laguntza honako kasu hauetan bakarrik emanen da: mendiko (ez mintegi bateko) izurrite edo eritasun baten ondorioz gertatu direnean hutsarteak, edo klimarekin lotutako muturreko arrazoiengatik gertatu direnean. Gai honetan desadostasunik bada eskatzailearen eta Mendi Zerbitzuaren artean, Mendi Zerbitzuaren erabakia gailenduko da.

Basoberritze berrietan (ilaratan egindako landaketak eta heskaiak barne).

Eskaera aurkezteko unean, eskatzaileak, laguntza kobratzeko, nahitaez aurkeztu beharko du memorian edo proiektuan sartutako mantentze plan bat. Hartan, lehenbiziko 5 urtean aurreikusten diren esku-hartzeen programa baloratu bat zehaztuko da, Mendi Zerbitzuak onetsi beharko duena. Onuradunak konpromisoa hartzen du mantentze plan hori gauzatzeko, eskabidean ezarrita dagoenari jarraikiz.

Mantentze plana nahitaez gauzatu beharrekoa izanen da, etorkizunean gauzatzeko laguntzak jaso edo ez, behar den denboran eta behar bezala, aldi horrek irauten duen bitartean. Plan horretako ekintzek bidezko diren diru-laguntzen kanpainetan jaso ditzakete diru-laguntzak. Plan hori aldatu behar bada, horri buruzko eskaera aurkeztuko zaio Mendi Zerbitzuari, eta berariaz baimendu beharko da.

Basoberritzeari itxitura jartzen bazaio, edo hodi babesleak erabiltzen badira, horiek kentzeko, nahitaezkoa baita, diru-laguntza jasotzen ahalko da, eta mantentze planak zehaztu behar du zer unetan aurreikusi den horiek kentzea, baita lehenbiziko bost urteak eta gero kendu behar badira ere.

Lehenagoko basoberritzeetan:

Itxiturak eta hodi babesleak kentzeko emanen dira diru-laguntzak.

Aurreko kanpainetan mantentze planik aurkeztu bada, horri buruzko aipamena eginen da. Mantentze plan horretarako eskatutako ekintzetan aldaketarik izan bada, justifikatu eginen dira. Aurreko mantentze planik ez badago, plan bat aurkeztu beharko da, ezaugarri, baldintza eta betebehar berberak dituena, zehazturik, basoberritze berrietarako.

A.2 modalitatea.–Basogintzako lanak (08.05.01 eragiketa)

Oro har, diru-laguntza jaso dezakete, geroko epigrafeetan azaltzen diren salbuespenetan izan ezik, honako ekintza hauek:

a) Bakantze lanak.

b) Sasi garbiketak.

c) Basoberritzeekin loturik ez dauden itxiturak.

d) Kimatzeak eta eitea emateko inausteak.

Basogintzako lanetarako arau teknikoak.

1. Bakantze lanak.

Honetarako ez da diru-laguntzarik emanen:

–Eskatzaileari diru-sarrerak edo sarrerak gauzatan ekartzen dizkioten bakantzeak.

Edozein espezietako berezko zuhaiztitako bakantzeetarako eta koniferoen basoberritzeetarako bakarrik emanen dira diru-laguntzak, behin bakarrik.

Memorio teknikoan edo proiektuan, basogintzako jarduketaren ezaugarriak zehaztuko dira, proposamena baloratzeko balio dutenak, eta, koniferoen basoberritzeen kasuan, zuhaiztien batez besteko diametroa adierazi beharko da. Parametro hori 12 cm-tik gorakoa bada, ez da diru-laguntza emanen.

Lanen azkeneko ziurtatzean, sustatzaileak sinatutako agiria aurkeztuko da, ziurtatzen duena ez dela inolako diru-sarrerarik aterako. Ziurtagiri hori aurkeztu ezean, ez da esleitutako diru-laguntza ordainduko.

2. Sasi garbiketak.

Sasiak kentzeko diru-laguntzak emanen dira baldin honako helburu hauetakoren baterako bada:

1. Mozketen ondoren berezko birsortzea errazteko diren sasi-garbiketak. Horien beharra justifikatuko da. Gai honetan desadostasunik bada eskatzailearen eta Mendi Zerbitzuaren artean, Mendi Zerbitzuaren erabakia gailenduko da.

2. Sasi-garbitzeak, abeltzaintzan erabiltzeko. Leku bererako behin bakarrik emanen da sasi-garbitze hauetarako diru-laguntza, baldin:

a) Hazienda erabiltzeko plan bat bada, eta horren arabera laguntzaren eskaeran aipatzen den larre-unitatean bazka eskaintza hobetu behar bada; memoria tekniko edo proiektutzat hartuko da, eta Mendi Zerbitzuak onetsi beharko du. Laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztuko da. Soilik 5 hektareatik gorako azalerek bete behar dute baldintza hau. Erabiltzeko planaren eredua URL helbide honetan dago eskuragarri: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/5617/Ayudas-para-actividades-forestales-promovidas-por-entidades-locales-y-por-agentes-privados#documentacion.

b) Eskatzaileak konpromisoa hartzen du eremu hori abereen bidez mantentzeko.

c) Salbuespenez, bigarren sasi-garbitze baterako diru-laguntzak ere eman daitezke, geroko kanpainetan, baldin, mantentze konpromisoa beterik, betiere larreak erabiltzeko eta hobetzeko planaren esparruaren barnean, hori ez-nahikoa izan bada.

3. Habitatak hobetzeko sasi-garbitzeak, Kontserbazio Bereziko Eremu baten Kudeaketa Planean aurreikusitakoak. Kasu hauetan, aurkeztutako memoriak edo proiektuak espresuki adieraziko du zer habitat motatan egin behar den sasi-garbitzea.

3. Basoberritzeei lotu gabeko itxiturak.

Halakoak ezartzeko eta mantentzeko diru-laguntzak honako kasu hauetan emanen dira bakarrik:

1. Mozketa baten xede den zuhaizti baten berezko birsortzea babestera bideratutakoak.

2. Larre naturaletan, soil-soilik aurreko atalean abeltzaintzarako zehaztutako sasi-garbitzeetarako esleipen baldintza berberetan.

Orobat, diru-laguntza jaso dezakete birsortzeak babesteko ezarritako itxiturak kentzea, larreetan, edo Basogintzako Antolamendu Proiektuetan aurreikusitako jarduketak betetzeko kentzea itxiturak.

4. Kimatzeak eta eitea emateko inausteak.

Kimatzeek eta eitea emateko inausteek diru-laguntza jaso dezakete soilik baldin basoberritzeetan egiten badira eta helburu nagusia kalitatezko zura ekoiztea bada. Basoberritzearen ondoko lehenbiziko hamar urtean bi jarduketek bakarrik jaso dezakete diru-laguntza, makaldietan egiten direnak izan ezik (gero zehazten dira).

Kimatzeek diru-laguntza jaso dezakete soilik basoberritze horietan non mantentzeak bat etorri diren lehen aipatutako helburuarekin. Nahitaezkoa izanen da eskabidean hauek zehaztea: zuhaiztiaren adina edo adin mota, kimatu beharreko zuhaitzen batez besteko diametroa, eta kimatuko diren espezieak.

Koniferoei eitea emateko inausteak:

1. Lehenbiziko kimaketa, 2,5 metroko garaiera bitartekoa: hektarea bakoitzeko 400 zuhaitzetarako emanen da diru-laguntza gehienez ere.

2. Garaierako kimaketa, 2,5 metrotik 5 metrora bitartekoa: hektarea bakoitzeko 250 zuhaitzetarako emanen da diru-laguntza gehienez ere.

Hostozabalak kimatzea:

1. Garaierako kimaketa, 2,5 metrotik 5 metrora bitartekoa: hektarea bakoitzeko 250 zuhaitzetarako emanen da diru-laguntza gehienez ere.

Makaldietako kimaketek diru-laguntza jaso ahal izateko, justifikazio teknikoa izan behar dute kalitatezko azken produktua lortzeko, egungo merkatuaren arabera.

Nafarroa osoan ez zaie diru-laguntzarik emanen Pinus radiatako basoberritzeetan egindako kimaketei.

B modalitatea.–Biodibertsitatea (08.05.01 eragiketa)

Diruz lagundu daitezke soilik beste edozein modalitatetan sarturik ez dauden ekintzak, zeinak, helburu nagusia izanik basoko espezieen habitatak kontserbatzea, Kontserbazio Bereziko Eremuen Kudeaketa Plan onetsi batean aurreikusirik dauden.

Ur ibilguekin muga egiten duten landaketetarako, lehenbiziko bost urterako, aurreikusi diren arau tekniko berberak aplikatuko dira ibarbasoak lehengoratzearen landaketetarako, barnean dela mantentze plana aurkeztu eta gauzatzearen betebeharra.

C modalitatea.–Baso proiektu eta memorien dokumentazio teknikoa egitea eta obra zuzendaritza (08.05.01 eragiketa)

C.1.–Dokumentazio teknikoa egitea:

Mendi Zerbitzuak kontrata bakoitzean onetsitako gauzatze aurrekontuaren %5 (*) izanen da diru-laguntza hau, eta diru kopuru honek ez du gaindituko dokumentazioa prestatzeak izan duen kostu erreala. Dokumentazio teknikoa agiri bakarra izanen da. Hamahirugarren oinarrian zehazten den gutxieneko edukia izanen du, eta espedientean eskatzen diren neurri/azpineurri guztiak jasoko ditu.

(*) Gauzatze aurrekontua kontrata bakoitzean: Administrazioak onartutako inbertsioa gehi industria mozkina eta gastu orokorrak. BEZik gabe.

Dokumentazio teknikoari dagokion diru-laguntza ordainduko da baldin eta espedientean sartutako ekintza bat, gutxienez, ordaintzen bada.

D.2.–Obra zuzendaritza.

Proiektua eskatzen den guztietan, eskatzaileak lanen zuzendaritza teknikoa izan beharko du, espedientean onartzen diren neurri/azpineurri guztientzat (08.05.01 eta 04.03.05). Zuzendaritza teknikoak eginbehar hauek bete beharko ditu:

a) Obra zuzendariak, baita proiektu egileak ere, egungo legeriaren araberako arlo horretako unibertsitate-teknikari eskuduna beharko du izan.

b) Obra zuzendariak eguneratua eraman beharko du obra liburua.

c) Obra liburuak honako hauek bildu beharko ditu, gutxienez: lanen hasierako akta, ziurtagiri bakoitzaren akta, obrako aldaketaren akta, horrelakorik balitz, prezio kontrajarrien aktak, horrelakorik balitz, eta lanen bukaerako ziurtagiriaren akta.

d) Justifikatutako kasuetan izan ezik, nahitaezkoa da obra liburu bat izatea esleipen-hartzaile den kontratista bakoitzeko.

e) Mendi Zerbitzuak obra liburua aurkezteko eska dezake edozein momentutan.

f) Proiektuetan segurtasun eta osasun arloko koordinatzaile bat izanen da, arlo horretako araudi aplikagarrian hala agintzen bada.

g) Ziurtapen motak hala eskatzen badu, obra zuzendaritzarekin batera plano bat erantsi beharko da, proiektuaren exekuzioekin. Beharrezkoa izanen da hala egitea obra zuzendaritzak hasieran onetsitakoez bestelako unitate batzuk ziurtatzen dituenean eta aldaketa horren erreferentzia geografikoak poligonoaren eta katastroko lurzatiaren araberako xehatzearekin egokiro ezartzerik ez dagoenean. Xehatze hori III: eranskineko laguntzaren xedeko ekintzen inprimakiarekin bat aurkeztuko da.

Mendi Zerbitzuak kontrata bakoitzean likidatutako gauzatze aurrekontuaren %6 izanen da diru-laguntza hau. (*) Zenbateko hori ez da inola ere benetako kostua baino handiagoa izanen.

(*) Gauzatze aurrekontua kontrata bakoitzean: Administrazioak likidatutako inbertsioa gehi industria mozkina eta gastu orokorrak. BEZik gabe.

Obra zuzendaritza pagatu ahal izateko, ebazpen honen hamargarren oinarrian (“Diru-laguntzen kontrola”) ezarritakoari jarraituko zaio.

3.–Aktibo fisikoetarako inbertsioen diru-laguntzak: basoko azpiegiturak (04.03.05 eragiketa).

Honako modalitate hauek jaso dezakete diru-laguntza:

C modalitatea.–Baso-proiektuen dokumentazio teknikoa egitea eta obra zuzendaritza.

C modalitaterako 2. puntukoa aplikatuko da, basoko azpiegituretako ekintzei dagokienez.

D modalitatea.–Basoko bideak egin eta hobetzea (04.03.05 eragiketa).

E modalitatea.–Azpiegitura txikiak (08.05.01 eragiketa).

Oro har, diru-laguntza jaso dezakete, geroko epigrafeetan azaltzen diren salbuespenetan izan ezik, honako ekintza hauek:

a) Kaxa irekitzea (barnean direla zelaitzea, konpaktazioa, irekitzea eta arekak profilatzea).

b) Lur-berdinketa hobetzea (zelaitzea eta konpaktazioa barne).

c) Arekak egitea eta garbitzea.

d) Zeharkako drainatze erretenak, lur gainekoak eta lur azpikoak, eta areka gaineko pasabideak eta sakanguneak.

e) Harri-lubetak eta ezpondak egonkortzeko bestelako sistemak.

f) Zabor-legarrez zolatzea edo antzekoa.

g) Hormigoitzea eta asfaltozko zoladurak erabiltzea, aparteko kasuetan soilik, behar bezala arrazoiturik.

h) Mendiko aisiarako erabilerarekin lotutako azpiegitura txikiak.

Azaldutakoez bestelako obrek ez dute diru-laguntzarik jasoko, salbu horiek egitea presakoa eta beharrezkoa bada, eta horien helburuak lekurik baldin badu geroko epigrafeetan aurreikusitakoen artean.

Basoko bideak eta azpiegitura txikiak egiteko eta hobetzeko arau teknikoak.

Basoko bideak:

1. Basoko bide berriak egitea.

Ez da diru-laguntzarik emanen aldi baterako basoko bideetarako, egurra ateratzeko bidezidorretarako eta baso aprobetxamendua eta lanak egiteko beharrezkoak diren nahitaezko sarbideetarako, baldin lanak bukaturik ez badira nahitaez eta etengabe erabiltzen mendia behar bezala kudeatzeko. Halaber, ez da azpiegituretarako diru-laguntzarik emanen baldin horien helburu nagusia bada baserri, etxebizitza, nabe eta abeltzaintzako azpiegiturei sarbidea ematea.

Basoko bideetarako (nagusiak eta bigarren mailakoak) eta kargalekuetarako bakarrik emanen dira diru-laguntzak. Kargaleku iraunkortzat joko da baso aprobetxamenduen ondorioz moztutako zuhaitz edo enborren multzoa biltzen den tokia. Bertan produktu horiek sailkatu edo metatzen dira gero industriara edo beste destino batera eramateko.

Basoko bideen kasuan, helburu nagusiak izanen dira zur eta egurretako baliabideak mugitzea, basoko suteen prebentzioa edo itzaltzea eta abeltzaintzako aprobetxamendu estentsiboa. Ez dute diru-laguntzarik jasoko beste azpiegitura batzuk, baldin helburu nagusia ez bada aurrekoetako bat bederen.

Lehenbiziko kasurako, justifikatu beharko da lehenbiziko bost urtean ateratzea espero den zur edo egur bolumena, baita produktu horien balioa ere, kontuan harturik laguntza eskatzen den urteko merkatuko prezioak.

Bigarren kasurako, teknikoki justifikatu beharko da azpiegituraren helburu nagusia dela basoko suteei aurrea hartzea edo horiek itzaltzea. Azpiegiturarako, kontuan hartu beharko da segurtasunerako zer ezaugarri berariazko izan behar diren, basoko suteak itzali behar direnean.

Hirugarren kasurako, teknikoki justifikatuko da obra egiteko beharra, abeltzaintza estentsiboa zuzen kudeatzeko, eta larratzeko eremuak eta dauden Azienda Larriko Unitateak identifikatuko dira, eta garrantzitsutzat jotzen den beste edozein informazio tekniko ere emanen da.

2. Azpiegitura txikiak eraikitzea.

Diru-laguntza jaso dezakete azpiegitura txikiek, (esaterako zurezko atakek) edo bestelakoek, mendiko aisiarako erabilerarako direnek (esaterako altzariak, barandak edo bestelako babes sistemak, informazio edo interpretazio panelak edo seinaleztapen elementuak kenduta), betiere azpiegitura horiek, osoki baso-lurretan egonik, erabilera horien erregulazioa hobetzen badute. Erabiliko den gai nagusia zura izanen da, jatorri jasangarria duena, eta horretarako behar den baso ziurtagiria izanen du: PEFC, FSC® edo jatorri hori bermatzen duen beste edozein.

Eskatzaileak nahitaez mantenduko ditu azpiegiturak, eta geroko kanpainetan gastu horrek diru-laguntza jaso dezake.

Basoko bideak hobetzea:

Basoko bide nagusi eta bigarren mailakoen eta kargaleku iraunkorren mantentzeetarako diru-laguntza emanen da soilik baldin helburu nagusiak badira zur eta egurretako baliabideak mugitzea, basoko suteen prebentzioa edo itzaltzea eta abeltzaintzako aprobetxamendu estentsiboa. Ez da diru-laguntzarik emanen bestelako azpiegiturak mantentzeko, baldin helburu nagusia aurrekoetako bat behintzat ez bada.

Diru-laguntza ematen ahal da basoko bide iraunkorretako bazterreko sasiak garbitzeko, baldin aurreko 3 urtean toki berean jardun ez bada. Printzipio hori aplikatuko zaie, oro har, bide horiek mantentzeko lanei, hala nola, arekak garbitzeari, non ez dauden bestela jokatzeko arrazoi teknikoak, esaterako ibaialdiek edo beste hondamendi natural batzuek sortutako kalteak.

Mantentzeko konpromisoa:

Sustatzaileak konpromisoa hartzen du proposatutako azpiegitura mantentzeko, edo hobekuntza lanak zer azpiegituratarako eskatu diren, hori mantentzeko, eskabidean adierazten den bezala.

Konpromiso hori nahitaez bete behar da, eta geroko kanpainetako laguntzak jaso daitezke horretarako.

Laguntza hauek jaso dituzten azpiegiturak Administrazioaren ikuskapenen mende egonen dira, eta erabakitzen bada azpiegitura ez dagoela egoerarik onenean hura egin zen erabilerarako, eskatzaileak laguntzak itzuli beharko ditu.

Hirugarrena.–Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.–Gehieneko eta gutxieneko mugak.

Laguntzen ahal den inbertsioaren gehieneko muga (gauzatze aurrekontua kontrata bakoitzean) 90.000 (laurogeita hamar mila) eurokoa da eskaera bakoitzeko, eta gutxieneko muga, 2.000 (bi mila) eurokoa. Basoberritzeak mantentzeko lanak edo nahitaez bete beharreko bestelako mantentze-lanak baizik hartzen ez dituzten eskaeren kasuan, aurreko kanpainetan diru-laguntza izan badute edo Nafarroako Gobernuak osotara egin baditu, ez da aplikatzekoa izanen gutxieneko muga.

2.–Diru-laguntzen kalkulua.

Ebazpen honen hamaikagarren oinarrian (“Diru-laguntzaren gehieneko mugak, modalitateen arabera”) ezarritako portzentajeak aplikatuko zaizkio, modalitate bakoitzean, Mendi Zerbitzuak kontrata bakoitzean onartutako gauzatze aurrekontuari (BEZik gabe).

Mendi Zerbitzuak baliozkotutakoa izanen da kontrata bakoitzean onartutako gauzatze aurrekontua. Aipatutako Zerbitzuak Nafarroako Oihan Jardueraren Prezioen Tarifak erabiliko ditu erreferentziatzat, aurrekontu hori baliozkotzeko. Aurkeztutako memoria edo proiektuan agertzen diren prezioak tarifa horietakoak ez badira, hura idatzi duen teknikariak justifikatuko du, eta Mendi Zerbitzuak onartu edo ukatu eginen du.

Tarifak ikusteko esteka: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/A2A096EC-3FC1-4059-A52E-5BEE2D9A75D2/308598/TFNA2015_ver109.pdf.

3.–Eragile pribatuen eskaeretarako oharrak.

Laguntza hauek hartu ahal izateko, mendi babesleen titular diren eragile pribatuek agiri bat aurkeztu beharko dute, non ziurtatzen den 2010-2014 aldian egindako zur, egur eta larre aprobetxamenduen (BEZa barne) diru-sarreren %20 gutxienez bere mendietan inbertitu dela. 2010-2015 aldian egindako lanak eta lanen aurrekontua (BEZa barne) identifikatuko dira bertan, eta, beraz, 2015eko diru-sarrerak ez dira kontabilizatuko.

Ebazpen honen ondorioetarako, ez beste ezertarako, eta bakarrik mendi babesleen kasuan, diru-sarreratzat hartuko dira zur, egur eta larre aprobetxamenduei lotutakoak. Bestelako aprobetxamenduetatik (esaterako ehiza, turismo, harrobi edo haize-sorgailuetatik) sortzen diren diru-sarrerak ez dira kontuan hartuko, ez eta mendiko jarduketengatik jasotako diru-laguntzak ere.

Ziurtatutako mendien titular diren eragile pribatuek, laguntzak hartu ahal izateko, erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztuko dute espedienteko eskaeran, non konpromisoa hartuko duten ziurtapen hori Nafarroako Baso Ziurtapenaren eskualdeko entitate eskatzaileak erabakitzen duen epeetan eta moduan mantentzeko beharrezko dokumentazioa prestatzeko.

“Mendi katalogatuentzat” ezarritako portzentajeak aplikatuko zaizkie honako hauei:

–Mendi Babesleen Katalogoan dauden mendien titularrek eskatutako inbertsioak.

–Mendi Batasunetan dauden lurretan egiten diren ekintzak.

Ulertuko da Batasun bat eratu dela baldin batutako lurrek Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak onetsitako Kudeaketa Plan Tekniko bat badute.

4.–Diru-laguntzarik jasoko ez duten gastuak:

Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

1. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa).

2. Bitarteko berekiekin egin direla justifikatutako lanak, erabilitako materialen kostua izan ezik (kostu horrek diru-laguntza jaso dezake).

Laugarrena.–Laguntza eskaerak.

1.–Aurkezpena.

Eskaerei ingurumen arloko baimena gehituko zaie, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan, baita Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez ere, www.navarra.es web-orrialdetik abiatuta (sinadura elektronikoa behar da).

Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du, egin gogo diren jarduketa guztiak azaltzen dituena.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, ebazpen honen “Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzen deskribatzailearen” arabera egituratuko dira laguntza eskaerako ekintzak, eta ingurumen arloko baimena izanen dute.

Eskaerak aurkezten direnean oinarri arautzaile honetako 3. puntuan adierazten den dokumentazioa erantsi beharko da. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

2.–Epeak.

Eskabideak aurkezteko epea berrogei egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Arlo honetako Europako araudia kontuan hartuta, laguntzarako eskaera aurkeztu aurretik hasi gabe dauden ekintzek bakarrik jaso dezakete diru-laguntza. Horregatik, eta lanen azkeneko ziurtapenean, ordainketa frogatzen duten faktura eta dokumentu guztiek laguntza eskaeraren ondokoak izan beharko dute. Salbuespenak dira C1 modalitateko (“Dokumentazio teknikoa”) ekintzak, laguntza eskatu baino lehen gauzatu baitaitezke.

3.–Dokumentazioa.

“Laguntzeko eta ordaintzeko eskaerari erantsitako inprimakiak” izeneko III. eranskinean zehazten diren agiriak erantsita aurkeztuko dira eskaerak.

–Eskabide orri ofiziala, behar bezala betea, zigilatua eta sinatua. Inprimaki hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan dago, (González Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), www.navarra.es webgunean, eta laguntza hauei dagokien aplikazio informatikoan.

–IFK/IFZren fotokopia: beharrezkoa izanen da soilik eskatzailea erregistraturik agertzen ez denean Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren kudeaketa-aplikazioan.

–Transferentziaz ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, beste banku batean helbideratuta kobratu gogo bada, Administrazioak haren daturik ez badu.

–”Eskatutako ekintzak” izeneko inprimakia. Proiektu edo memoria teknikoari erantsiko zaio, behar bezala betea, zigilatua eta sinatua. Inprimaki horren datuak eskatutako laguntzaren laburpena izanen dira eta beraz bat etorri beharko dute espedientean sartutako memoria edo proiektu teknikoan justifikatutakoekin. Argi gelditu beharko da jarduketarako lekuaren udalerri, poligono eta lurzatiaren katastroko erreferentzia.

–Mendi Babesleen jabe diren eragile pribatuentzat: Erantzukizuneko aitorpena, inbertsioaren %20ari buruzkoa, ebazpen honen 3. oinarriko 3. puntuan zehazten den bezala.

–Ebazpen honen “Balorazio irizpideak” izeneko puntuan ezarritako puntuazioak lortu ahal izateko behar eta eskatzen den dokumentazioa, jadanik Baso Administrazioak ez dauzkanak.

–Memoriaren edo proiektu teknikoaren kopia bat, aurreko epigrafeetan eskatzen diren berariazko planak barne (esaterako, hazienda erabiltzeko plana edo kudeaketa plana makaldietan). Aski izanen da PDF edo WORD formatuko artxibo bat, legeria indardunaren araberako arlo horretako unibertsitate-teknikari eskudunak elektronikoki sinatua eta ebazpen honetan ezarritako jarraibideen arabera egina. Artxiboetako bakar bat ere ez da zortzi megakoa baino handiagoa izanen. Planoak SHP formatuan erantsiko dira. Kartografia digitalak ETRS89 proiekzioan egon beharko du.

–Eskatzaileek nahi badute diru-laguntzen eskabideen tramitazioan beste batzuek ordezkatu ditzatela, ordezkariendako baimena aurkeztu beharko dute, eredu normalizatuaren araberakoa, ordezkariaren NANaren fotokopiarekin batera; fotokopia hori ez da beharrezkoa izanen ordezkariak aurreko 3 kanpainetakoren batean aurkeztu baldin badu, hau da, departamentuko laguntza hauen kudeaketan departamentuari laguntzen dion kabineteko bateko teknikari bat.

–Baso lanetarako diru-laguntzen deialdian lehenbiziko aldiz parte hartzen duten Mendi Batasunen kasuan, eskabidea batasunaren alde izanen da, eta honako dokumentazio osagarri hau izanen du:

a) Batasunaren estatutuak; Batasunaren IFK.

b) Ordezkariaren izendapena, baldin bera ez bada Estatutuek zehaztutako Batasuneko lehendakaria.

–Lurrak baliatzen ahal direla frogatzea.

Katastroaren arabera eskatzailea jarduketako lurzatiaren titularra bada, ez da beharrezkoa lurrak baliatzen ahal direla frogatzea. Bestela, frogatu egin beharko du, modu hauetakoren batean:

a) Jabea dela justifikatuz, lurren jabetza eta erabilgarritasuna bermatzen duten beste agiri ofizial batzuen bidez, esaterako: Jabetza Erregistroko ziurtagiria, eskritura publikoa, erregistroko ohar bakuna, katastroko ziurtagiria eta katastroko erroldako ziurtagiria, udaleko idazkariak emana.

b) “Lurzatiaren titularraren baimena eskatzaileari” inprimakia, lurraren titular bakoitzaren NANaren/IFZren/IFKren fotokopiarekin batera.

c) Errentamenduko kontratuak, herrilurretarako udalen baimenak edo erabili edo edukitzeko eskubidea frogatzen duen beste edozein agiri, zuzenbidearen araberakoak betiere.

–Toki entitateen eta partikularren artean titulartasunari buruz gatazka dagoen lurretarako ez da laguntzarik emanen.

–Eskaera batean landaketen mantentze-lanak bakarrik sartu badira, eta lan horietarako diru-laguntza eman bada aurreko kanpainetan, eskabidea eta eskatutako ekintzen inprimakia bakarrik aurkeztuko dira, honako hauek azalduz: jatorrizko espedientearen erreferentzia, egin nahi den mantentzearen laburpen txiki bat edo, 15.000 euroko inbertsioa gainditzen bada, proiektu teknikoaren bi kopia.

–Basoko bideak eta azpiegitura txikiak eta kargaleku iraunkorrak egiteko eta hobetzeko ekintzetan aurreikusitako diru-laguntzaren gehieneko mugak gainditzea eskatzen bada, hamaikagarren oinarrian horretarako ezarritako erabaki eta ziurtagiri guztiak aurkeztu beharko dira.

4.–Eskaera osatugabeak.

Eskaerak adierazitako dokumentazioa ez badu, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

Errekerimendua kasu guztietan eskatzaileari bidaliko zaio, eta, alderdi tekniko batengatik egiten denean, kabinete teknikoari ere bai. Eskaerei elektronikoki erantzutea onartuko da, betiere laguntzak kudeatzeko aplikazio berariazkoa edo erregistro elektronikoa erabiliz tramitatzen badira.

Bosgarrena.–Baloraziorako irizpideak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoari eta Europar Batasunaren araudian xedatutakoari jarraituz, norgehiagokako araubidean tramitatuko da laguntza hauek emateko prozedura.

Aurkezten diren eskaerak konparatuta ematen zaizkie laguntzak eskatzaileei, horrela ezartzen baita haien arteko lehentasuna hurrengo balorazio irizpideen arabera.

Espedienteak aztertuko dira, egiaztatzeko ea proiektatutako jarduketek diru-laguntza jaso dezaketen edo ez eta laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudiekin bat heldu diren.

Aurkezten den espediente osoaren gainean baloratuko dira alderdi hauek:

ATALA

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

1

Eskatzailea Kontserbazio Bereziko Eremu deklaratuta edo proposatuta dauden mendien jabea/kudeatzailea da

15

2

Eskatzailea mendi babesgarrien jabea da

15

3

Aurkeztutako proiektuaren edo memoriaren egokitasuna eta bideragarritasun teknikoa (1)

15

4

Baso jabeen elkarte batek aurkeztu du eskaera

10

5

Eskatzailea indarreko plangintza tresna bati lotutako mendien jabea/kudeatzailea da

10

6

Eskatzailea baso kudeaketa jasangarriko mendi ziurtagiridunen jabea/kudeatzailea da

10

7

Eskatzailea neurri bereziei lotutako mendien jabea da, haietan Fusarium circinatuma dagoelako

10

8

2015. urtean (laguntza eskatu arte) izandako hondamendi naturalek (uholdeak, ibaialdiak) hondatutako baso-azpiegiturak lehengoratzeko laguntzak eskatzen dira (2)

10

9

Basoberritzeko laguntzak eskatzen dira, arboladian azken mozketa egin ondoren.

5

(1) Memoria edo proiektu bat egokitzat eta bideragarritzat joko da eta, beraz, irizpide honetan aurreikusitako puntuazio osoa emanen da baldin eta eremuko baso-kudeaketaren helburu orokorretara egokitu eta haiekin koherenteak badira, eta haren baso eta ingurumen baldintzak hobetzen baditu; bestela, puntuazioa murriztuko da. Gai honetan adostasunik ez bada, Mendi Zerbitzuaren irizpidea gailenduko da.

(2) Baso eta mendietako zurezko produktuak edo egurretarako direnak mugitzea helburu nagusi duten azpiegiturak bakarrik hartuko dira kontuan, eta sustatzaileak egoera horren berri emana dionean Nafarroako Gobernuari kanpaina hasi baino lehen.

Eskaera onartu ahal izateko, gutxienez 10 puntu eskuratu behako ditu aurreko baremoa aplikatzean.

Balorazio irizpideak aplikatu ondoren, bi eskaeraren edo gehiagoren artean berdinketarik bada, lehentasuna eman zaie 1., 2., 4., 5., 6., 7., 8. edo 9. atalean, hurrenkera horretan, puntuazio handiena lortu duen espedienteari. Laguntza eskatua duten ekintzak gauzatzen ez diren kasuan, onuradunak oinarri arautzaile hauen bederatzigarren klausulan aurreikusitako moduan haren berri emanik, laguntzak ematen dituzten ebazpenetan aldaketak egin ondoren askatzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontuko diru-izendapen eskasagatik laguntza ukatu zaien eskatzaileei emateko. Horretarako, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz ateratzen den lehentasun ordenari jarraituko zaio.

Seigarrena.–Prozeduraren instrukzioa, balorazio batzordea eta laguntza emateko prozedura.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Mendi Zerbitzua izanen da prozedura instruitzeko organo eskuduna. Instrukzio organo horrek, espedienteak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza azaltzeko. Txostena bi hilabeteko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita.

Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

Batzordeko burua: Mendi Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen batzordekidea: Oihanak Kudeatzeko Ataleko burua.

Bigarren batzordekidea: Pirinioaldeko Bulegoko burua.

Hirugarren batzordekidea: Kantaurialdeko Bulegoko burua.

Laugarren mahaikidea: Erdialdeko eta Erriberako Bulegoko burua.

Idazkaria: Oihan Plangintzarako Bulegoko burua.

Batzordeko kide bakoitzak Mendi Zerbitzuko beste teknikari bati eman diezaioke bere eskuordetza.

Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Mendi Zerbitzuko langileek aldez aurretiko bisitak eginen dituzte, baita beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak ere, zehazteko ea titularrek proposatutako jarduketak baso eta ingurumen arloetan egokiak diren eta proiektuan edo memoria teknikoan ageri diren obra unitateen neurketak ongi dauden.

Aurkezten diren eskaeren gainean:

Baso eta ingurumen arloko baimena ez duten eskaerak ez dira baloratuko, ez eta ebaluatuko ere, laguntza ematearen ondorioetarako. Mendi Zerbitzuak baso eta ingurumen arloko baimena ukatzen ahalko die dokumentazio teknikorik ez duten espedienteei edo dokumentazio akastuna dutenei, eskaerako jarduketen egokitasuna ebaluatzen uzten ez dutelako; orobat, teknikoki bideragarriak ez diren espediente bateko ekintzei.

Balorazio Batzordeak diru-laguntza ukatzea proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik egokiak ez diren ekintzetarako eta laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako.

Mendi Zerbitzuak, egindako ebaluazioa eta Balorazio Batzordearen txostena ikusirik, laguntza proposamen bat eginen du espedientearen neurri/azpineurri bakoitzerako, 2016ko programazio finantzarioak bakoitzari ezartzen dion aurrekontu mugekin bat. Azpineurri/eragiketa baten espedienteei laguntza eman ondoren egiaztatzen bada aurrekontuan izendatutako kreditua agorturik ez dagoela, kreditua agorturik duen beste neurri batean aurreikusitako diru kopurura doitzen ahalko da. Azpineurri/eragiketa bakoitzerako laguntza Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen da.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak, Mendi Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, eskatutako diru-laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoko hiru hilabetean, gehienez ere. Interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko da, diru-laguntzaren xedeko kanpainaren prozesuaren emaitzarekin batera.

Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkeztutako eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela.

Jakinarazpenarekin batera, laguntza izan dezaketen jarduketa eta unitateei buruzko txostena emanen zaio interesdunari, baita onartu zaion diru-laguntza ere.

Lanak gauzatzen ari direla, Mendi Zerbitzuak edozein unetan egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu jarduerari buruz, eta haren frogagiri guztiak izanen ditu eskura; halaber, eskatzailea ager dadin eskatzen ahalko du bere erabakia hobeki oinarritzeko.

Zazpigarrena.–Lanen bukaera.

1.–Epeak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

2016ko kanpainako eskaeretarako, lanak 2016ko urriaren 31erako bukatuko dira.

Azaroaren 3a baino lehen, dokumentazio honek Mendi Zerbitzuan jasota egon beharko du:

a) Obra liburu osoa, ziurtagiri guztiekin. Mendi Zerbitzuari aurkeztutako ziurtagiri bakoitza proiektuko obra unitateei lotua egonen da (edo zein den kasua, dagozkien aldaketei, betiere horiek aurretik onartuak izan badira eta haien gaineko akta baldin bada). Modu berean, aurkeztutako faktura edo gastuen egiaztagiri bakoitza aurkeztutako frogagiriari lotua egonen da.

b) Obrak bukatzean aurkeztu beharreko inprimakia, obra zuzendariak behar bezala betea, eskatzailearen adostasuna duena, IV. eranskineko “Obrak bukatzean obra zuzendariak aurkeztu beharreko inprimakia” ereduari jarraikiz.

c) Ordainketa eskaera. Ordainketa frogatzen duten faktura eta dokumentu guztiek laguntza eskaeraren ondokoak izan beharko dute. Salbuespena da C1 modalitaterako (“Dokumentazio teknikoa egitea”) laugarren oinarriko 2. puntuan ezarritakoa. Dokumentuek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute, eta hirugarrenek egindako lanak edo material erosketa justifikatuko dituzte. Eskudirutan ordaindutakoaren justifikazioa onartuko da, 600 eurotik beherako fakturak direnean. Kasu horretan, fakturan enpresaren sinadura eta zigilua daramatzan hartu-agiri baten bidez egiaztatuko da justifikazioa.

d) Onuradunek duten gardentasun betebeharraren aitorpena, entitate eta pertsona juridikoak badira, non deklaratuko duten betebehar hori bete behar duten ala ez, III. eranskineko “Gardentasunaren betebeharrari buruzko aitorpena” inprimakiari jarraikiz.

e) Obra zuzendaritzarik eskatzen ez bada, lanak bukatu izanaren jakinarazpena aurkeztuko du onuradunak, hari fakturak erantsita. Ordainketaren eta gastuaren frogagiriek memorian aurreikusitako obra unitateei edo/eta ziurtagiriei buruzkoak izan beharko dute.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza arloko enpresek zerbitzuak ematen dituzten kasuan, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko du onuradunak. Eragile pribatuen kasuan, eskatzaileak dokumentazioa aurkeztuko du, egiaztatzeko hiru enpresa gonbidatu dituela muga horiek gainditzen direnean, eta hornitzailea hautatzeko arrazoiak adieraziz.

g) Basoberritze ekintzak ziurtatzen diren kasuan, obra zuzendariaren erantzukizuneko aitorpena, indarreko araudiaren araberako eta proiektuan edo memoria teknikoan deskribatutakoaren araberako kalitate osoko eta komertzialeko hazi edo landareak erabili direla frogatzeko; ugalketarako baso materialaren jatorriari buruzko ziurtagiria, erabilitako landareaz edo haziaz hornitzen duen mintegiak emana, gehituko zaio.

h) Basoberritzearen mantentze-lanak ziurtatzen diren kasuan, obra zuzendariaren erantzukizuneko aitorpena, garbiketa egin den egunei buruzkoa.

i) Kimatze jarduketetarako laguntza eskatzen denean, obra zuzendariaren erantzukizuneko aitorpena, zenbat zuhaitz kimatu diren eta noiz ziurtatuko duena.

Aurreko dokumentazioa epean aurkeztu ezean, emandako diru-laguntzari %1 kenduko zaio justifikazioa atzeratzen den egun natural bakoitzeko, eta 25 egunez, gehienez ere. Gehiago atzeratuz gero, diru-laguntza galdutzat emanen da.

Salbuespen gisa eta arrazoiturik, eta lanak amaitzeko epea bukatu baino lehen, kanpaina batean baimendutako lanak egiteko luzapenak eskatzen ahalko dira. Mendi Zerbitzuak espres baimendu beharko ditu luzapen horiek ofizio bidez; horrela, lanak egiteko beste epe bat emanen da, hilabetekoa gehienez ere.

Zortzigarrena.–Diru-laguntzaren ordainketa.

a) Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ordainduko dira laguntzak, deialdiko lanak egin direla egiaztatu ondoren eta horiek baso eta ingurumen eta arloko baimenari egokitu zaizkiola egiaztatuta. Mendi Zerbitzuak ahalmena izanen du ekintzen ziurtagiriak ez egiteko, haiek gauzatzeko moduagatik proiektuaren helburuaren arabera teknikoki bideraezintzat jotzen direnean.

b) Landaketari esleitutako laguntzak ez dira ordainduko hutsarteak %10 baino gehiago badira, behar bezala justifikatutako eta Mendi Zerbitzuak ziurtatutako arrazoiak salbu.

c) Ekintza batean hasiera batean onartutako aurrekontuaren aldaketak onar daitezke, emandako zenbatekoa, guztira, igotzen ez bada eta hauetako baten ondorioak badira: akats tipografikoak, laguntza eman ondoren gertatu eta laguntzaren xedeko ekintzak ukitzen dituzten hondamendi naturalak, eta lanak hasi baino lehen zenbait unitateren neurria dimentsionatzeko ezintasun teknikoren bat duten obrak (adibidez: basoko bideak irekitzean ikusten ez ziren arrokak aurkitzea). Aldaketa horiek neurri bereko ekintzen barruak doitzen ahalko dira.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Diru-laguntzen onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako lanak egitea, baso eta ingurumen arloko baimenean ezarritako baldintza teknikoekin eta Mendi Zerbitzuak eman ditzakeen jarraibideekin bat. Baimenik ez duten jarduketek ez dute diru-laguntzarik jasoko, baimendu ziren beste batzuen ordez egiten badira ere.

Ekintza baten barrenean aldaketa partzialak onar daitezke, bai proiektuan bai lanetan, betiere aurretik Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak onetsi baditu. Aipatu aldaketa horiek onetsiz gero, obra liburuan jaso beharko dira, horrelakorik baldin badago.

b) Mendi Zerbitzuko langileei diru-laguntzen xedeko lurzatietan sartzen uztea, lanak gainbegiratzeko eta, hala bada, hurrengo 5 urtean inbertsioei eusteko konpromisoa bete ote den ikuskatzeko.

c) Diru-laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izatea galarazten dion debekurik ez urratzea eta, zehazki, bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

d) Ebazpen honetan xedatutakoa eta laguntza emateko proposamenaren izaeraren ondorioz ezartzen diren gainerako eginbeharrak betetzea.

e) Eragile pribatuen kasuan, inbertsioa 50.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak 808/2014 (EE) Erregelamenduak III. eranskinean publizitateari buruz ezarritako neurriak bete beharko ditu.

f) Diruz lagundutako inbertsioek irauteko konpromisoa: onuradunak konpromisoa hartzen du laguntzaren likidazioaren ondoko 5 urtean inbertsioak ez duela aldaketa garrantzitsurik izanen. Aldaketa garrantzitsutzat hartuko dira inbertsioaren izaera edo laguntza emateko baldintzak ukitzen dituztenak:

1. Basoberritzeak eta beste landaketa batzuk: inbertsiorako onartutako dentsitateen %10etik gorako hutsarteak egotea, behar bezala justifikatutako eta Mendi Zerbitzuak ziurtatutako arrazoiak salbu.

2. Produkzioko basoberritzeetarako ezinbestekoak diren mantentze-lanak (kimatzeak eta aratzeak) eta eskaeran aurkeztu zen mantentze planean deskribatutakoak ez egitea.

3. Landaketen edo berezko birsortze eremuen babesa: itxiturek edo zuhaitzak banaka babesteko beste sistema batzuek funtzionaltasuna galtzea.

4. Sasi garbiketak: lurrazala hondatzea eta garbiketaren aurreko egoerara bueltatzea 5 urte baino gutxiagoko epean.

5. Basoko bideak: hobetutako azpiegituraren baldintzak andeatzea 5 urte baino lehenago (non ez dituen hondamendi natural larriren batek eragin), egindako obraren ezkutuko akatsak agertzen dituela.

Diruz lagundutako beste inbertsio batzuk: oro har, inbertsioak bilatzen zuen helburua 5 urte baino lehenago galtzea, horretarako justifikaziorik edo ezinbesteko arrazoirik izan gabe.

g) Xede berarekin jasotako bestelako diru-laguntzen berri ematea Mendi Zerbitzuari.

h) Laguntza jaso duten ekintzak burutu gabe uztearen berri ematea Mendi Zerbitzuari, laguntza eman dela jakinarazi eta bi hilabetean, gehienez ere; horrenbestez, laguntza ematen duen hasierako ebazpena aldatzeko eskatuko da.

Hamargarrena.–Diru-laguntzen kontrola, murrizketak, zehapenak eta salbuespenak.

1.–Aurreko oinarrian ezarritako konpromisoak ez betetzeak berarekin ekarriko du emandako laguntza deuseztatzea edo jasotako diru-laguntzak itzuli beharra, osorik nahiz zati batean, kasuen arabera, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen II. kapituluarekin bat, berandutza interesak barne izan edo ez, bidezkoa denaren arabera.

2.–Mendi Zerbitzuak beharrezko kontrol guztiak eginen ditu, oinarri arautzaile hauek, diru-laguntza eta funts komunitarioen arloko Nafarroako eta Europako araudia eta, bereziki, kostuak gutxitzearekin eta iruzurraren kontrolarekin zerikusia duten alderdiak betetzen ote diren egiaztatzeko.

3.–Onuradunak, ekintza batean, organo kudeatzailearen kontrolen arabera burutu ez diren unitateak eskatzen baditu, ez-betetze bat dela ulertuko da baldin eta, eskatutako unitateen eta zehaztutakoen arteko aldearen ondorioz, eskatutako zenbatekoen eta zehaztutakoen arteko aldea %10etik gorakoa bada. Kasu horretan, lotutako zehapen ekonomikoa bi zenbateko horien arteko aldea izanen da, baina ez da laguntza osoa kentzeaz haratago joanen.

4.–Konpromiso horien ez-betetzeak mailakatu eginen dira, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira:

4.1.–Basoberritzeak eta beste landaketa batzuk:

Laguntza pagatu ondoko hirugarren, laugarren edo bosgarren urtean hutsarteak antzematen badira, eta landaketen edo babes sistemen mantentze-lanak behar bezala ez egitearen ondorioa bada:

–Hutsarteak %10-%25 tartean badaude, landaketagatik (babes sistemei dagokiona barne) eta lehenbiziko bi urteetako mantentze-lanengatik jasotako laguntzaren %25 itzuli beharko da.

–Hutsarteak %25etik gorakoak badira, landaketagatik (babes sistemei dagokiona barne) eta lehenbiziko bi urteetako mantentze-lanengatik jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

4.2.–Mantentze-lanak:

Produkzioko basoberritzeetarako ezinbestekoak diren mantentze-lanak (kimatzeak eta aratzeak) eta eskaeran aurkeztu zen mantentze planean deskribatutakoak egiten ez badira, ezinbesteko kasuetan izan ezik, egoera hori antzeman arte jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

4.3.–Sasi garbiketak: lurrazala hondatzea eta garbiketaren aurreko egoerara bueltatzea 5 urtetik beherako epean.

Garbitutako azalera laguntza pagatu ondoko hirugarren, laugarren edo bosgarren urtean hondatzen bada:

–Azalaren %10etik %25era hondatzen bada, jasotako laguntzaren %25 itzuli beharko da.

–Azalaren %25etik gora hondatzen bada, jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

4.4.–Basoko bideak: hobetutako azpiegituraren baldintzak andeatzea 5 urte baino lehenago (non ez dituen hondamendi natural larriren batek eragin), egindako obraren ezkutuko akatsak agertzen dituela.

–Jasotako laguntzaren %25 itzuliko da diruz lagundutako azpiegiturek funtzionaltasuna galtzen badute edo hondatzen badira, eta ibilgailuak hortik ibiltzen ahal badira.

–Jasotako laguntzaren %100 itzuliko da zelaitzea hobetzen edo basoko bide berriak egiten direnean, eta ibilgailuak ezin badira hortik ibili.

4.5.–Diruz lagundutako beste inbertsio batzuk: oro har, inbertsioaren xedea 5 urtetik beherako epean galtzea, horretarako justifikaziorik edo ezinbesteko arrazoirik izan gabe.

Hirugarren urtetik aurrera antzematen bada galera, jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

5.–Onuradunak ez badio laguntza jaso duten ekintzak ez egitearen berri ematen Mendi Zerbitzuari, bederatzigarren oinarriaren h) letran ezarritakoarekin bat, %5 gutxituko da eskaera osatzen duten eta gauzatu diren gainerako ekintzetarako emandako diru-laguntza.

6.–Obra zuzendaritza nahitaezkoa denean egiten ez bada, funtsean okerra bada neurri edo unitate ziurtatuei dagokienez, edo ez osoa hura egiaztatzen duen dokumentazioari dagokionez, ez zaio laguntzarik emanen espediente horri.

Obra zuzendaritza nahitaezkoa bada eta zuzendaritzatik gabe egindako lanen portzentajea haiek gauzatzeko aurrekontu likidatuaren %15etik gorakoa bada (aholkularitza ekintzak kanpo), ez da obra zuzendaritzari dagokion diru-laguntza ordainduko. Gainera, portzentaje hori %30etik gorakoa bada, ez da obra zuzendaritzarik gabe egindako lanei dagokien diru-laguntza ordainduko. Bestetik, ez da obra zuzendaritza ordainduko obrako zuzendaria eta haiek gauzatzen dituen kontratista pertsona bera denean.

7.–Ordainketa jasotzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan datu faltsuak antzematen badira, onuraduna laguntza hauetatik bazterturik geldituko da kanpaina honetan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren arabera aplikagarria dena.

Hamaikagarrena.–Diru-laguntzaren gehieneko mugak, modalitateen arabera

1.–Kontrata bakoitzean onartutako gauzatze aurrekontuari ondoko taulan ageri diren diru-laguntzaren portzentajeak aplikatuta kalkulatuko dira eskatutako ekintza bakoitzerako laguntzak.

Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea garatzearren Mendien Erregelamendua onesten duen otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuan ezarritako mugak ez dira inola ere gaindituko, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan aurreikusten den bezala.

MODALITATEA

MENDI KATALOGATUAK (KBEak EDO BILak) ETA ERAGILE PRIBATUEN BASO BATASUNAK

(diru-laguntzaren %)

MENDI
EZ-KATALOGATUAK

(diru-laguntzaren %)

A1

Basoberritzeak (1)

Makaldiak

%50

%50

Mozketa-epe erdiko espezieekin egindako basoberritzeak (prestaketa lanak eta landaketa lanak barne)

%60

%60

Mozketa-epe luzeko espezieekin egindako basoberritzeak (prestaketa lanak eta landaketa lanak barne)

%60

%60

Itxitura babeslea

%60

%60

Hodi babeslea

%60

%60

Hondakinak ezabatzea: pilatzea edo/eta erre gabe ezabatzea

%60

%60

Hondakinak erreta ezabatzea

%60

%60

Landaketak ilaran, eta heskaiak

%60

%60

Basoberritzeen mantentze-lanak

%60

%60

A2

Basogintzako lanak

Bakantzeak, kimatzeak eta eitea emateko inausteak

%60

%50

Sasiak garbitzea eta beste lan batzuk, berezko birsortzeari laguntzeko

%60

%50

Sasi-garbitzeak, abeltzaintzan erabiltzeko

%60

%45

KBEetan aurreikusitako habitatak hobetzeko sasi-garbitzeak

%60

-

Basoberritzeei lotu gabeko itxiturak

%55

%45

B

Biodibertsitatea

%80

-

C.1

Dokumentazio teknikoa (*)

%100

%100

C.2

Obra zuzendaritza (*)

%100

%100

D.

Basoko bideak eta kargaleku iraunkorrak eraiki eta mantentzea (2)

%55

%40

Bestelako ekintzak (salbuespenak deialdi honetan)

%40

%30

E

Aisiarako azpiegitura txikiak

%40

%30

(*) Diru-laguntzaren portzentajeak bigarren oinarrian (C modalitatea) ezarritakoak dira.

Eskaeraren unean aurkezten diren aldiro (bestela, ez daudela ulertuko da) aurreko taulan adierazitako diru-laguntzen mugak igoko dira kasu hauetan:

(1) A.1 modalitateko diru-laguntzaren gehieneko muga ehuneko hamabost puntuan igoko da, ekintzak Fusarium circinatumak hartutako esparru batean egiten direnean.

(2) Basoko bideak eta kargaleku iraunkorrak eraiki eta hobetzeko ekintzetarako diru-laguntzaren gehieneko muga igo eginen da kasu hauetakoren bat gertatzen denean:

1. Ekintzak 2015. urtetik eskaera datara arteko epealdian azpiegituretan eragina izan duten hondamendi naturalen ondorio direnean: 5 puntu.

2. Akordio bat egin denean espediente administratibo berean batera saltzeko zurezko produktuak edo egurretarako direnak: 3 puntu. (Salmentan honako hauen aprobetxamendua sar daiteke: bi toki entitate edo gehiago, toki entitate bat edo gehiago eragile pribatuekin edo bi eragile pribatu edo gehiago). Egitate hori ziurtatzen duen toki entitateko idazkariaren edo agintari eskudunaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, baita eragile pribatuaren erantzukizuneko aitorpena ere.

Hamabigarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzen deskriptorea.

Eskaeretan atalak eginen dira: modalitateak, ekintzak eta azpiekintzak, ondoko taulan ageri bezala. Taula honetan jasotzen ez diren ekintzak ez dira diru-laguntzen xede izanen.

MODALITATEA

UNITATEA

EKINTZA

AZPIEKINTZA

A1

ha

Basoberritzea

Makalak, motzondoak aterata

Makalak, motzondoak atera gabe

Mozketa-epe luzeko espezieak. Lurra prestatzea

Mozketa-epe luzeko espezieak. Landatzea/ereitea

Mozketa-epe erdiko espezieak. Lurra prestatzea

Mozketa-epe erdiko espezieak. Landatzea/ereitea

ml

Itxitura babeslea

Basoberritze berrietan jartzea

Lehenagoko basoberritzeetatik kentzea

Un.

Hodi babeslea

Basoberritze berrietan jartzea

Lehenagoko basoberritzeetatik kentzea

ha

Hondakinak ezabatzea

Pilatzea eta/edo ezabatzea, erre gabe.

Erreta ezabatzea

ml

Landaketak ilaran, eta heskaiak

Ilarako landaketa

Heskaia landatzea

ha

Basoberritzeen mantentze-lanak

Udako garbiketak

Hutsarteak betetzea

ml

Landaketak ilaran, eta heskaiak. Mantentze-lanak

Udako garbiketak

Hutsarteak betetzea

A2

ha

Bakantzea

Berezko zuhaiztiak

Koniferoen basoberritzeak

Un.

Hostozabalak kimatzea

Eitea emateko inaustea

Altueran kimatzea (gehienez 250 arbola/ha)

Kimatzeak makaldietan

Un.

Koniferoak kimatzea

2,5 m arte kimatzea

(gehienez 400 zuhaitz/ha)

2,5 eta 5 m arte kimatzea

(gehienez 250 zuhaitz/ha)

ha

Sasi-garbitzeak

Berezko birsorkuntzari laguntzea (beste lan batzuk)

Abeltzaintzakoak

KBEetan aurreikusitako habitatak hobetzea

ml

Basoberritzeei lotu gabeko itxiturak

Berezko birsortzea ezartzea-babestea

Larre naturala ezartzea

Berezko birsortzea mantentzea-babestea

Berezko larrea mantentzea

Itxitura kentzea

B

Un.

Biodibertsitatea

Onetsitako KBEak kudeatzeko planean aurreikusitako beste ekintza batzuk

Ibarbasoa lehengoratzea

C

Un.

Dokumentazio teknikoa

Obra zuzendaritza

D

km

Kaxa irekitzea

Zolatzea

Zelaitzea hobetzea

Arekak egitea

Arekak garbitzea.

Sasi-garbitzea basoko bidearen bazterretan

Un.

Hodia (fabrika-obra barne)

Areka gaineko pasabidea

Zola gaineko zeharkako erretenak

Hodiak garbitzea

Zurezko atakak

Kargalekua eraikitzea

Goragunea

Lubeta

Un.

Bestelako ekintzak

Deialditik salbuetsitako ekintzak

E

Un.

Aisiarako azpiegitura txikiak

Instalazioa

Mantentze-lanak

Hamahirugarrena.–Proiektuen eta memoria teknikoen gutxieneko edukia.

Proiektuek atal hauek izanen dituzte gutxienez: memoria, aurrekontua, baldintza-agiriak, Ingurumen ukipenen azterlana edo Ingurumen eraginaren azterlana (arloko foru araudiak hala eskatzen duenean), 1:10.000ko edo eskala handiagoko planoak eta segurtasun eta osasun arloko oinarrizko azterlana, indarreko araudiaren arabera.

Memoria teknikoa eskatzen den kasuetan, honakoak bildu beharko ditu: memoria, aurrekontua, Ingurumen ukipenen azterlana (arloko foru araudiak hala eskatzen duenean) eta 1:10.000ko edo eskala handiagoko planoak.

Ekintzaren batek KBEetan edo BILetan sartutako lurrak ukitzen dituenean, proiektuak edo memoriak beti jasoko du tokiko kontserbazio balioetan egindako ukipenen ebaluazioa.

Memoria: laguntza zein jarduketatarako eskatzen den, haiek deskribatu beharko ditu, baita jarduketaren aurrekariak eta helburuak ere. Helburuak guztiz garrantzitsuak dira. Helburu horiek behar bezala justifikatzen ez badira, gerta liteke proposatutako ekintzak diru-laguntzarik gabe gelditzea.

–Jarduketen erreferentzia geografikoak emanen dira, eta planoetan kokatuko dira. Jarduketak katastroko lurzati bati baino gehiagori eragiten badie, memorian lurzati horietako bakoitzean zehaztu beharko dira jarduketaren unitate fisikoak. Bat etorriko da guztiz “Eskaerako ekintzak” izeneko inprimakian jasotako datuekin.

–Deialdi honetako ekintza bakoitzean zehaztutako informazio guztia sartu beharko da: jarduketak ukitutako espeziea(k), landaketa urtea basoberritze berrietako mantentze-lanetarako, mantentze-lanetarako plan bakuna aurreko oinarrietan zehaztutako ezaugarriekin, inauste eta kimatze lanetarako behar diren datuak, eta abar.

Baldintza-agiria: proiektuetan baizik ez da eskatuko. Laguntza zein lanetarako eskatu den, lan horiek guztiak aipatu beharko ditu eta adierazi, gutxienez, obra bakoitzean erabiliko diren baliabideak.

Aurrekontua: guztiz bat etorriko da “Eskaerako ekintzak” izeneko inprimakian jasotako datuekin, eta dokumentu hauek osatuko dute, gutxienez:

–Neurketen taula.

–Prezioen taula: eskulanaren prezioak eta makineriarena zehazteko behar direnak, bai eta obra unitateko behar diren prezioak ere.

–Prezio osagarrien taula.

–Aurrekontu osoa.

Planoak: laguntza zer jarduketarako eskatu den, horren erreferentzia geografiko guztiak eman beharko dira, baita eremu horietara sartzeko behar den informazio guztia ere (sartzeko pistak), Mendi Zerbitzuko langileek jakin dezaten non dauden. Gutxienez hauek izanen ditu:

–Kokalekuaren planoa.

–1:10.000 eskalako planoa edo eskala handiagokoa, lan berezietarako, hala nola, pistak irekitzeko. Maldarik gabeko topografia duten tokietan ez da sestra-kurbarik beharko.

–Aurrekontuetako eta memoriako unitateek bat etorri beharko dute planoetan ageri direnekin.

Ingurumen ukipenen azterlana: gutxienez datu hauek jasoko ditu:

a) Proiektatutako jarduketaren eragina jaso dezaketen balio historiko-artistikoen, ekologikoen eta ingurumenekoen deskribapena eta ebaluazioa.

b) Planak edo proiektuak aurreko puntuan aipatutako alderdi bakoitzean izan ditzakeen ukipenen deskribapena eta balorazioa.

c) Hartu beharreko babes eta zuzenketa neurriak.

Segurtasun eta osasun azterlan oinarrizkoa. Agiri hau proiektuetan baizik ez da eskatuko, eta eduki hau izanen du:

1.–Memoria: -Obren ezaugarrien deskribapena, egiteko epea, aurreikusitako langileak, behin-behineko instalazioak eta osasun laguntza, aurreikusitako makineria eta bitarteko lagungarriak, arriskuen azterketa orokorra eta aurreneurriak.

2.–Aurrekontua. Espedientean eskatutako aurrekontua oinarritzat harturik zehaztuko da.

Hamalaugarrena.–Ordezko araudia.

Deialdiko oinarri hauetan aurreikusirik ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

III. ERANSKINA

Laguntzeko eta ordaintzeko eskaerei gehitu beharreko inprimakiak

Diru-laguntza jaso dezaketen baso-espezien zerrenda.

Baso lanetarako laguntzak eskatzeko inprimakia 2016ko kanpaina.

Laguntzaren xedeko ekintzen inprimakia (Baso lanetarako laguntza, 2016ko kanpainarako).

Obrak bukatzean obra zuzendariak aurkeztu beharreko inprimakia(Baso lanetarako laguntza, 2016ko kanpainarako).

Toki entitateko idazkariak lanen gastuak eta ordainketak ziurtatzeko inprimakia (Baso lanetarako laguntza, 2016ko kanpainarako).

Ordezkaritza baimentzea (Baso lanetarako laguntza, 2016ko kanpainarako).

Lurzatiaren titularraren baimena eskatzaileari (Baso lanetarako laguntza, 2016ko kanpainarako).

Inprimakia Ziurtagiria / Erantzukizuneko aitorpena (laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharra).

Obra zuzendariaren erantzukizuneko aitorpenaren inprimakia.

Inprimakia Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria (lanak bukatzean aurkeztu beharra).

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1602164