Iragarkia
48. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 10a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
SANTAKARA
Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, administrazio araubidekoa, oposizio-lehiaketa bidez aldi
baterako betetzeko
Santakarako Udalak, 2016ko otsailaren 3an egin osoko bilkuran, onetsi zuen zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, administrazio-araubidekoa, oposizio-lehiaketa bidez aldi baterako betetzeko deialdia.
Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, aipatutako estatutua garatu eta gauzatzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.
Santakaran, 2016ko otsailaren 3an.–Alkatea, Jesús Luis Caparroso Ruiz.
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi publiko honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatu izateko aldi baterako lanpostu bat, lan-araubidekoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea, betiere ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 40 eta 42.1 artikuluetan, eta haiekin bat datozenetan ezarritakoari jarraituz.
1.2. Lanpostuak D mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz. Langileak Udaleko plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritako lansariak jasoko ditu.
1.3. Lanaldia osoa izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera. Lanaldiari dagokionez, ordu kopurua, oporrak, baimenak, lizentziak eta antzinatasuna Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuari (251/1993 Legegintzako Foru Dekretua) lotutako langileentzat ezarritako berberak izanen dira.
1.4. Aldi baterako kontratazio hau indarrean izanen da lanpostua legez ezarritako prozedurari jarraituz behin betiko bete arte, edo lanpostua amortizatzen ez den bitartean. Betiere kontratatutako pertsonak lanpostua utziko du, hautaproben ondorioz lanpostua lortzen duen izangaiak haren jabetza hartzen duenean.
1.5. Hiru hilabeteko probaldia ezartzen da.
1.6. Oinarri hauetan zehaztuta ez dauden gaietan, Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da.
2.–Eginkizunak.
2.1. Deialdi honen ondorioz izendatzen den lagunak bere mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizun eta lanak eginen ditu, bereziki ondotik aipatzen direnak, bestelakorik izaten ahal bada ere:
–Zerbitzu anitzetako eta garbiketako lan taldearen koordinazioa, plangintza eta segimendua, esleitutako giza baliabide eta materialen eraginkortasunaren ardura izanen duela. Bere kargu dauden langileen antolaketa eta plangintza.
–Udalaren eraikin, azpiegitura eta berdeguneetan honako lan hauek antolatu eta eginen ditu: igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, uraren ingurukoak, garbiketa, lorezaintza, pintura, zurgintza eta mantentze-lanak, baita beste arlo batzuetan laguntza emanen ere, beharrezkoa denean.
–Kanpoko zerbitzuekin koordinatzea eta kudeaketa egitea, eta haien lanak koordinatzea, beharrezko denean.
–Materialaren edo tresnen erosketa aurreikustea, organo eskudunak ikus-onetsi ondoan, eta erosketa horiek kontrolatzea.
–Lanpostuari lotutako memoria txikiak, idazkiak eta proposamenak egitea.
–Materialaren, tresnen, ibilgailuen eta gainerako makineriaren kontrolaz, inbentarioaz eta mantentze-lanez arduratzea.
–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak kontrolatzea eta horiez arduratzea; eta horiei buruzko proposamen eta aurrekontu osoak egitea.
–Segurtasun eta higiene arauak betetzea eta betearaztea, lan bakoitzean erabiltzen diren babes ekipo egokiak behar bezala baliatuta.
–Zerbitzuak hobetu daitezen sustatu eta laguntzea, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatuz. Lanerako ezarritako arau, prozedura eta argibide guztiak ezagutu eta aplikatzea.
–Noizbehinka, egoerari egokitzea, bere lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.
–Kontrolatzea bide eta espazio publikoen egoera berrikusteko lanak, eta/edo hobekuntzak egitea.
Bestelako udal zerbitzuetan emandako laguntza eta egindako mandatuak kontrolatzea:
–Iragarkiak, bandoak, Udalaren publizitatea banatu eta jartzea, baita bankuak ere, agiriak eraman eta haien legezko jakinarazpenak egitea, gauzak garraiatzea eta pertsonak leku batetik bestera eramatea.
–Udal mugapearen zaintza-lanak: aparkatzeari eta eremu publikoaren okupazioari dagokionez.
–Udalaren instalazio eta eraikinen, kaleen, bide eta gainerako ondasunen mantentze-lanak eskatzen dituen zereginak, halako espezializazio baten beharrik ez dutenak, baina bai lanbidea nolabait ezagutzea edo hartan trebetasuna izatea.
–Larrialdi eta ezusteko saihestezinetan laguntzea (edo laguntza koordinatzea), ohiko lan ordutegitik kanpo.
–Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta Alkatetzak bere esku uzten dituen beste edozein zeregin; betiere, bere eskumen, maila eta kategoriaren barrenean.
–Ekipoak mantendu eta konpondu eta/edo aldatzeko koordinazio lanetan kultura energetikoa sustatzea eta ingurumen irizpideak aplikatzea, betiere helburu izanik energia kontsumoaren murrizketa eta ingurumeneko baliabideen aprobetxamendu jasangarria.
–Hilero instalazio publikoen energia kontsumoa kontralatzea (elektrizitatea, gasa, gasoila, ura) eta hura murrizteko neurriak proposatzea.
–Kanpoan lan egiten duten udal langileen laneko arriskuen prebentzioa kontrolatzeko lanen arduraduna izatea.
–Udalak manatzen dizkion bertze guztiak, dagokion kategoriaren barnean sartzen badira, betiere.
2.2. Kontratatua goizez arituko da normalean eta urteko denboraldi batzuetan, goizez eta arraltsaldez, betiere zerbitzuaren beharren arabera.
3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 4.1 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarri den bezala.
b) 18 urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Eskola Graduatuaren titulua edo Lanbide Heziketako 1. mailako titulua, edo baliokideren bat, izatea.
d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren Estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.
d) Gutxienez B motako gidabaimena edo haren baliokidea izatea.
4.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Santakarako Udaletxeko Erregistroan aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, hogei egun naturaleko epean. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean adierazitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten. Santakarako Udaletxeko Erregistroan aurkezten badira, kontuan hartuko da jendea hartzeko ordutegia 11:00etatik 14:30era dela, astelehenetik ostiralera.
4.2. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).
4.3. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia konpultsatua.
b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia konpultsatua.
c) Alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituen dokumentazioaren kopia konpultsatua.
d) Udal Diruzaintzan azterketa eskubideengatik 10,00 euro ordaindu izanaren frogagiria. Azterketa eskubideengatik zenbateko hori ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Prozedura hauetakoren bat erabiliz ordaindu ahalko da zenbateko hori:
–Santakarako Udal bulegoan eskudirutan ordaintzea (Udaletxe plaza, 1. 31314 Santakara. Nafarroa).
–Sarrera eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez eginez, Nafarroako Rural Kutxako ES56-3008-0024-1507-0127-1223 kontuan. Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–Kontzeptua: “Azterketa eskubideak, zerbitzu anitzetako enplegatua”.
4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzendu ahalko dira, noiznahi ere.
4.6. Desgaitasunen bat aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera elbarriak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.
5.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Santakarako Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
5.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
6.–Epaimahaia.
6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Mahaiburua: Jesús Luis Caparroso Ruiz, Santakarako Udaleko alkatea.
Mahaiburuaren ordezkoa: Pedro Jiménez Sota, Santakarako Udaleko zinegotzia.
Lehen mahaikidea: Jorge Cervera Ibiricu, Santakarako Udaleko zinegotzia.
Lehen mahaikidearen ordezkoa: Raquel Navarro Crespán, Santakarako Udaleko zinegotzia.
Bigarren mahaikidea: Javier Abaurrea Turrillas, Tafallako IIPn irakaslea.
Hirugarren mahaikidea: Iván Lahaba Guerrero, Tafallako IIPn irakaslea.
Bigarren eta hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Joaquín Rodríguez del Río, LHko eta DBHko irakaslea.
Idazkaria: Javier López Monreal, Santakarako Udaleko idazkaria.
Ordezko idazkaria: Ana Gloria Iribarren Pérez, Caparrosoko Udaleko idazkaria.
Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.
6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Organo kolegiatu horren osaerak balio dezan, bertan mahaiburuak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.
6.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.
7.–Oposizioa nola eginen den.
7.1. Oposizioa gehienez ere hilabeteko epean hasiko da, deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Ondotik, epaimahaiak argitara emanen ditu gainerako proben iragarkiak, Santakarako Herriko Etxeko iragarki oholean eta proba bakoitza egin den tokian.
7.2. Oposizioaldiaren garapena (guztira 75 puntu). Oposizioaldiak ondoko hiru proba hauek izanen ditu:
1. Proba teorikoa (28 puntu):
–Santakarako udalerria: izena, dermioak, kaleak, bideak, herrilurrak, alderdiak, ondarea, festak, historia eta abar. 15 puntu.
–Elektrizitate, iturgintza, igeltserotza, zurgintza, soldadura, lorezaintza eta mantentze lanetako erreminta, material eta lanen gaineko teoria. 10 puntu.
–Hizkuntzako eta ortografiako gaitasuna, bai eta zenbaki, administrazio eta informatika arloetako gaitasunak ere. 3 puntu.
2. Proba praktikoa (37 puntu): proba praktikoak izanen dira, guztiak ere lanpostuarekin eta hartan egin beharreko eginkizun eta lanekin zerikusia dutenak. Proba bat edo batzuk eginen dira honako hauei buruz:
–Makinen erabilera: 13 puntu emanen dira, gehienez.
–Elektrizitatea: 6 puntu emanen dira, gehienez.
–Igeltserotza: 6 puntu emanen dira, gehienez.
–Lorezaintza: 6 puntu emanen dira, gehienez.
–Iturgintza: ariketa honetan gehienez ere 6 puntu lor daitezke.
3. Buruz buruko elkarrizketa: elkarrizketagatik, gehienez ere 10 puntu emanen dira.
Proba teorikoa: Aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik, epaimahaiaren arabera, II. eranskinean adierazitako gaien inguruan: erantzun okerrak zigortuko dira. Ariketa hau adieraziko den egunean eginen da eta egiterakoan ez da inongo hiztegirik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo telefono mugikorrik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdin edo beltza ez bada. Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.
Proba praktikoa: Proba bat edo gehiago egin beharko dira, praktikoak, epaimahaiak zehaztuta, deialdiko lanpostuaren gaineko eginkizunez izangaiek dituzten ezagutza praktikoak neurtu beharrez. Ariketen gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du, hasi aitzin. Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera. Lehenengo ariketaren emaitzak argitaratzen diren unean iragarriko da ariketa hori zein egunean eginen den.
Buruz buruko elkarrizketa: epaimahaiak buruz buruzko elkarrizketa eginez baloratuko du aurreko bi probak gainditu dituzten izangaiak egokiak diren ala ez, haien motibazioa, prestasuna eta lanpostura egokitzeko duten gaitasuna. Ez da inola ere baztergarria izanen.
7.3. Oposizioko ariketen balorazioa:
Proba teorikoaren ariketa: 0tik 28 puntura bitarte kalifikatuko da, eta gutxienez 12 puntu lortu beharko dira gainditzeko. Proba honetan gutxienez 12 puntu lortzen ez dituzten izangaiak baztertu eginen dira. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte epaimahaiak probak hasi aurretik ezarritako proportzioan.
Proba praktikoko ariketak: 0tik 37 puntura bitarte kalifikatuko dira, eta gutxienez 20 puntu lortu beharko dira gainditzeko. Proba honetan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak baztertu eginen dira.
7.4. Lehen ariketa kalifikatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Santakarako Udalaren iragarki oholean eta proba teorikoa egin den lekuan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko ariketa praktikoak non, zein egunetan eta zer ordutan eginen diren adieraziko du, gutxienez haiek hasi baino 48 ordu lehenago.
7.5. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.
Oposizioko ariketak egiteko, egokitzapenak jarriko dira denbora eta baliabide aldetik urritasunen bat dutenentzat, eskabidean eskatutakoaren arabera.
8.–Lehiaketaldia.
Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 30 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:
A.–Laneko esperientzia (20 puntu gehienez).
a.1.–Udaletan zerbitzu anitzetako arduradun edo enplegatu gisa, D mailako kategoriarekin, egindako zerbitzu urte bakoitzeko: lau puntu eta gehienez ere 20 puntu.
a.2.–Udaletan edo beste administrazio publikoetan, zerbitzu anitzetako enplegatu gisa, E mailako kategoriarekin, egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 3 puntu, eta gehienez ere 18 puntu.
a.3.–Administrazio publikoetan edo enpresa pribatuetan, lanpostuarekin zerikusia duten eginkizunetan aritutako urte bakoitzeko: puntu bat, eta gehienez ere hamar puntu.
Urtebetera iristen ez diren zerbitzualdiak dagokien tartearen arabera hainbanatuko dira. Atal honetan metatutako merezimenduengatik gehienez ere 20 puntu lortu ahalko ditu izangai bakoitzak.
B.–Prestakuntza (gehienez ere 10 puntu).
b.1.–LHII edo baliokideren bat, lanpostuaren egitekoekin zerikusia duten espezialitateetan: puntu 5.
b.2.–Lanpostuaren egitekoekin zerikusia duen prestakuntza, ikastaroen bitartez, 30 ordutik gorakoa bada: 0,50 puntu, ikastaro bakoitzeko; gehienez ere, 5 puntu. Lanpostuko gaiak lantzen dituzten ikastaroak baloratuko dira soilik: makinen erabilera, igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, lorezaintza, soldadura, mantentze-lanak edo fitosanitarioak.
b.3.–C-1 motako gidabaimena izateagatik hiru puntu emanen dira eta bi puntu gehiago, garraiorako lanbide gaitasunaren agiriaren ikastaroa egin bada.
Atal honetan metatutako merezimenduengatik gehienez ere 10 puntu lortu ahalko ditu izangai bakoitzak.
9.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena, kontratazioa eta agirien aurkezpena.
9.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioekin, Santakarako Udaleko iragarki oholean. Gero, alkateari igorriko dio probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamena.
Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda guztizko puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuko da. Guztizko puntuazioa aterako da bi faseen puntuazioen batuketatik. Hautaproben azken emaitzan berdinketarik bada, oposizioaldiko ariketetan -egin diren alderantzizko ordenan- puntuaziorik altuena lortzen dutenen alde ebatziko da. Irizpide horiek erabili ondotik, oraindik ere berdinketak segitzen badu, probetan, egin diren ordenan, akatsik gutxien dituenaren alde joko da.
9.2. Proposamena jakinarazi eta 15 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Santakarako Udalaren erregistroan:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Deialdiaren hirugarren oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.
c) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragozten dion akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik ez duela erakusten duena.
d) Ezgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.
e) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi ez izanaren zinpeko aitorpena edo aitorpen irmoa.
f) Proposatutako izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, bere Estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.
g) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.
h) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizitzeko eta lan egiteko baimena.
i) Familia liburua, 3.1.a) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.
j) Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.
9.3. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu edo kontratatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.
9.4. Aurreko lerroaldean aurreikusitako kasuan, alkateak puntuazioen zerrendan, 8.1. idatz-zatian aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta honekin aurreko idatz-zatietan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
10.–Izendapena eta kontratatzeko baimena.
Alkateak, ebazpen bidez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia administrazio-araubideko zerbitzu anitzetako langile izateko kontratatuko du aldi baterako.
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Santakaran, 2016ko otsailaren 3an.–Alkatea, Jesús Luis Caparroso Ruiz.
I. ERANSKINA
–Eskabide eredu ofiziala (PDF).
II. ERANSKINA
Gai zerrenda
1.–Santakarako udalerria: izena, dermioak, kaleak, bideak, erretenak, herrilurrak, mendiak, alderdiak, udal ondarea, festak, historia, eta usadio-ohiturak. Plano eta mapen irakurketa eta interpretazioa, dermioen, eraikinen eta lurzatien identifikazioa.
2.–Santakarako Udala. Osaera, organoak, funtzionamenduko araubidea. Egintza eta ebazpenen jakinarazpena: epeak eta prozedura. Dokumentazio administratiboa, ofizioak, errekerimenduak, eskabideak, ziurtagiriak, erabakiak, ebazpenak eta bandoak.
3.–Hizkuntza, ortografia eta zenbakien arloetako gaitasuna. Oinarrizko informatika, Officeko erreminta garrantzitsuenak.
4.–Elektrizitateko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Eraikinetako instalazio elektrikoen mantentze lanak, aginte-koadro orokorra eta babesa, bigarren mailako koadroak, mekanismoak, argiteria. Banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala. Ohiko argien eta fluoreszenteen zirkuituak: etengailuak, konmutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.
5.–Herriko argien instalazioak. Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak, argien euskarrien banaketa, luminaria motak eta haien ezaugarriak.
6.–Iturgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza eta klimatizazio zirkuituak, airea betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai nagusiak. Kloratze sistema eta metodoak, eta funtzionamendua. Igerilekuetako mantentze lanak.
7.–Zurgintzako erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, bonbinak eta pertsianak. Egurrezko egiturak eta itxiturak, edo mistoak, muntatu eta desmuntatzea. Soldadurako erremintak ezagutu eta erabiltzea.
8.–Lorezaintzako produktuak eta erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Bide eta eremu publikoak garbitu, belar-sastrakak kendu eta mantentzea; berdeguneak ureztatu eta mantentzea.
9.–Igeltserotzako produktu eta erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Ondasun eta eraikin publikoak mantentzeko obrak, obra-zuinketak, konponketak eta moldaketak eraikin eta eremu publikoetan. Hondakinen kudeaketa. Garbiketako produktu eta erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Pinturak: motak, produktuak, erremintak eta aplikazioa.
10.–Lan-arriskuen prebentzioko oinarrizko ezagutzak eta haien harremana zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuarekin. Oinarrizko segurtasun neurriak. Lehen sorospenak. Suteak atzemateko eta itzaltzeko ekipoak.
Iragarkiaren kodea: L1602476
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
