1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
KULTURA, KIROL ETA GAZTERIA DEPARTAMENTUA. Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren otsailaren 12ko 13/2016 Foru Aginduaren laburpena. Haren bidez diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdia onesten da, 2016rako, Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei laguntzeko, hain zuzen ere 2015eko urriaren 1etik 2016ko irailaren 30era bitarte egiten diren lehiaketetan.
Oharra: Testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/index). BDNS (Identifikazioa): 301445.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra, eta bertan finkatzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen arabera kirola herritarren eskubidea da, eta interes publikoko gizarte jarduera bat, laguntzen duena pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala bultzatzen eta bizi kalitatea eta norbanakoen eta kolektiboaren ongizatea hobetzen. Gainera, elkarbizitza eta gizartearen kohesioa eta barne-lotura errazten ditu, osasun publikoa hobetzen du, eta garapen ekonomikoa sustatzen.
Foru legeak modu berri batean jorratzen du goi mailako kirol jarduera, oinarrizko kirol praktikarako pizgarri gisa hartzen baita. Horrez gain, Foru Komunitatea estatuan eta nazioartean ordezkatu eta sustatzen laguntzen du.
Egun Nafarroan indarra duen Kirol Plan Estrategikoan, Gobernuak 2009ko irailaren 7ko Erabakian onetsi, eta Nafarroako Parlamentuak 2010ean berretsi zuen horretan, Kirolari buruzko Legean aipatzen diren kirolaren berezko balioak jasotzen dira, heziketari eta bizi kalitateari dagokienez, eta bereziki aipatzen dira osasun gastuen aurrezkia, aberastasuna sortzeko gaitasuna eta Nafarroaren irudiaren proiekzioa, eta kirol ekintzan parte hartzen duten eragile guztientzako jarduketa esparru baten sorkuntza.
Honela laburbiltzen ahal dira plan estrategikoaren helburuak goi mailako kirol proiektuei dagokienez: klubetako kirol proiektuak diru aldetik bideragarriak izan daitezen bermatzea; kirol baliabideen aprobetxamendua kirol antolamenduaren bidez bultzatzea kluben arteko akordioak eginez, kirol proiektu berean piramide moduan diharduten kirolari nafarrei irtenbidea emateko; eta kirolari nafarrek gure eliteko taldeetan parte har dezaten bultzatzea.
Betiere, laguntzak emateko, diru-izendapena beharko da aurrekontuan.
Iruñean, 2016ko otsailaren 12an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.
Iragarkiaren kodea: F1602541