1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
31/2016 EBAZPENA, otsailaren 17koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, jarraibideak ematen dituena 24/2015 Foru Dekretuan arautzen diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikaskuntzetako 1. edo 3. mailako ikasleak 2015-2016 ikasturtean ebaluatzeko prozesua arautzeko.
Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuak, 13. artikulutik 17.era bitarte, ikasleak ebaluatu, hurrengo mailara igo eta haiei tituluak emateko prozesua arautu behar duten alderdi orokorrak xedatzen ditu.
2015-2016 ikasturte honetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumaren lehen eta hirugarren maila ezarri dira, foru dekretu horren azken xedapenetako lehenean (“Ezartzeko egutegia”) finkatzen den egutegiari jarraikiz. Behin ezarrita, Hezkuntza Departamentuaren eskumena da DBHko 1. edo 3. mailako ikasleak ebaluatzeko prozesuari buruzko arau esparrua ezartzea, ikastetxeetako irakasle taldeek aplika dezaten.
Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta hirugarren mailako ikasleak ebaluatzeko prozesua arautzeko jarraibideak ematen dituen ebazpen hau onesteko.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan diren ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. edo 3. mailako ikasleen ebaluazioa arautzea, I. eranskinean ezartzen diren oinarrien arabera.
2. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialari jakinaraztea, argitara daitezen.
3. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Plangintzaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen honen eta bere eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2016ko otsailaren 17an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.
I. ERANSKINA
Oinarriak
1.–Xedea eta aplikazio eremua.
Ebazpen honen helburua da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan diren ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. edo 3. mailako ikasleen ebaluazioa arautzeko jarraibideak ematea.
2.–Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.
1. Ebazpen honen xedeko ikasleen ebaluazio prozedura arautzen duten ezaugarri orokorrak apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuaren 13. artikuluan adierazitakoak dira. Foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezarri zen.
2. Halaber, ebaluazio etengabeak eta azken ebaluazioak, oro har, Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 18ko 217/2007 Foru Aginduaren 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoari jarraituko diote.
3.–Kalifikazioen eskala.
1. Ebaluazioaren emaitzak 1etik 10erako kalifikazioarekin adieraziko dira, dezimalik gabe, eta hauetako batekin: Gutxiegi (G), Nahikoa (N), Ongi (O), Oso Ongi (OO) edo Bikain (B), baliokidetasun hauen arabera:
Gutxiegi: 1, 2, 3 edo 4.
Nahikoa: 5.
Ongi: 6.
Oso Ongi: 7 edo 8.
Bikain: 9 edo 10.
2. Gutxiegi kalifikazioa (G) negatiboa izanen da, eta gainerako laurak positiboak.
3. Azken ebaluazio berezian aurkezten ez bada, “Aurkeztu Gabea” (AG) adieraziko da irakasgai, proiektu edo esparru horietan. Ondorio guztietarako, AG kalifikazioa negatiboa izanen da.
4. Batez besteko notaren kalkuluaren ondorioetarako, ikasleak deialdi arruntean lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan deialdi berezian aurkezten ez bada (AG).
4.–Irakasleak eta irakasle taldea.
1. Ikasleari eskolak ematen dizkioten irakasleek osatzen dute irakasle taldea. Taldea kide anitzeko organo bezala arituko da ebaluazio prozesu osoan, tutoreak koordinaturik, eta ikasleen ebaluazio prozesua garatzeko ardura izanen du.
2. Irakasgai bakoitzean ardura duen irakasleak erabakiko du irakasgai horretako kalifikazioa. Ikasle jakin bati buruzko gainerako erabakiak haren irakasle taldeak hartuko ditu adostasunez. Adostasuna ezinezkoa denean, erabakiak gehiengo soilaren bidez hartuko dira. Berdinketarik gertatuz gero, tutorearen kalitatezko botoa izanen da erabakigarria.
3. Talde bakoitzaren tutorea izanen da ebaluazio saioak zuzendu eta araudia betetzen dela bermatuko duena, ikasketaburuak koordinatuta. Orientazioaz arduratzen denak, bere eginkizunak betez, tutorea aholkatzen ahalko du saio horiek behar bezala garatzeko.
5.–Hurrengo mailara igotzea.
1. Lehen eta hirugarren mailak bukatzean, azken ebaluazio saioetan, ebaluazio prozesuaren ondorioz, irakasle taldeak, kide anitzeko organo bezala, erabakiko du ikasle bakoitza hurrengo mailara igotzen den ala maila errepikatzen duen, honako hauen arabera: irakasgai, esparru edo proiektu bakoitzean izandako errendimendua, etapako helburuen lorpena eta dagozkion gaitasunen eskuratze-maila.
2. Maila bakoitzean azken ebaluazioaren bi saio eginen dira, bat arrunta eta bestea berezia. Azken ebaluazio arruntaren saioan, irakasle taldeak erabakiko du ordura arteko ikasitako irakasgai guzti-guztiak gainditu dituzten ikasleak hurrengo mailara igotzea, ez beste inor. Gainerako ikasleek gainditu ez dituzten irakasgaien ebaluazio berezian aurkeztu beharko dute.
3. 1. mailatik 2.era edo 3.etik 4.era igotzeko erabakiak hartzeko, 24/2015 Foru Dekretuaren 14. artikuluan hurrengo mailara igotzeari buruz arautzen dena eta ebazpen honen II. eranskinean jasotzen diren aukerak hartuko dira kontuan.
6.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasgaien arteko jarraitutasuna.
1. Eduki progresiboko irakasgaitzat joko dira etapa berean izen bera duten irakasgaiak. Halaber, hirugarren mailako Irakaskuntza Aplikatuetara bideratutako Matematika eta Irakaskuntza Akademikoetara bideratutako Matematika irakasgaiak eduki progresiboko irakasgaitzat joko dira bigarren mailako Matematika irakasgaiari dagokionez.
2. Ikastetxeak diseinatzen dituen irakasgaiak ez dira inola ere eduki progresiboko irakasgaitzat joko.
3. Eduki progresiboko irakasgaiak modu independentean hartuko dira kontuan, bakoitza bere mailarako, eta maila batekoak ezin dira kalifikatu aldez aurretik aurreko mailakoek kalifikazio positiboa izan ez badute. Ezin bada kalifikatu, kasuko ebaluazio agirietan GGP (Gainditu Gabe, Progresiboa delako) agertuko da. Ondorio guztietarako, GGP kalifikazio negatiboa izanen da, eta “1” kalifikazioa esleituko zaio espedientearen batez besteko nota kalkulatzean.
4. Orobat, ikasturte honetarako, irakasgai hauek eduki progresiboko irakasgaitzat joko dira:
EDUKI PROGRESIBOKO IRAKASGAIA | IRAKASGAI HONI DAGOKIONEZ |
Irakaskuntza Aplikatuetara Bideratutako Matematika (3. maila) | Matematika (2. maila) |
Irakaskuntza Akademikoetara Bideratutako Matematika (3. maila) | Matematika (2. maila) |
Biologia eta Geologia (3. maila) | Natur Zientziak (2. maila) |
Fisika eta Kimika (3. maila) | Natur Zientziak (2. maila) |
Geografia eta Historia (3. maila) | Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia (2. maila) |
Atzerriko Lehen Hizkuntza (3. maila) | Atzerriko hizkuntza (2. maila) |
Plastika, Ikus eta Ikus-entzunezko Hezkuntza (3. maila) | Plastika eta Ikus-hezkuntza (2. maila) |
7.–Aniztasunari erantzutea. Hezkuntzan berariazko laguntza behar duten ikasleak.
1. Hezkuntzan berariazko laguntza behar duten ikasleen eskolatzea arautu behar duten printzipioei jarraikiz, ikasteko zailtasunak hauteman bezain pronto, aniztasunari erantzuteko neurriak (antolamendukoak zein curriculumekoak) gauzatuko dira. Hona hemen neurriak, besteak beste:
–Curriculum egokitzapenak.
–Irakasgaiak esparruka biltzea.
–Taldekatze malguak.
–Errefortzua edo laguntza.
–Taldeak banatzea.
–Berariazko irakasgaiak eskaintzea.
–Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programak.
–Curriculum Egokituko Programak.
2. Ondorio horietarako, ikastetxeek autonomia izanen dute taldeak eta irakasgaiak malguki antolatzeko eta, haien ikasleen ezaugarriak eta haien baliabideak hobeki aprobetxatzeko aukera kontuan harturik, aniztasunari erantzuteko neurri egokienak hartzeko.
3. Horrenbestez, ikastetxeek antolaketan duten autonomia eta ikasleek ikasteko erritmo ezberdina izateko eskubidea kontuan hartuta, aniztasunari erantzuteko neurri guztien helburuak hauek izanen dira: ikasleen berariazko hezkuntza premiei erantzutea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren helburuak lortzea eta gaitasunak eskuratzea.
4. Hezkuntzan berariazko laguntza behar duten ikasleendako, curriculumetik nabarmen aldentzen diren egokitzapenak egin ahal izanen dira, helburuen eta gaitasunen garapenik handiena bilatuz. Etengabeko ebaluazioa egiteko eta hurrengo mailara igotzeko erabakia hartzeko, haien curriculum egokitzapenetan finkatutako elementuak hartuko dira erreferentziatzat.
5. Curriculum egokitzapen esanguratsuak egiten direnean, irakasgai horien kalifikazioak ebazpen honen 3. oinarrian ezarritako kalifikazioen eskalaren arabera erregistratuko dira, hiruhileko ebaluazioetan zein azken ebaluazioan, eta CEE (Curriculum Egokitzapen Esanguratsua) eta egokitzapenaren ikasturtea agertuko dira.
8.–DBHko 1. mailako irakasgaiak esparruka biltzea.
Ikastetxeek, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 15eko 46/2015 Foru Aginduaren laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera lehen mailako irakasgaiak esparruka biltzeko baimena badute, esparruetako kalifikazioak haiek osatzen duten irakasgai bakoitzean jarri beharko dituzte.
9.–Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programak.
1. 3. maila Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programa batean ikasten duten ikasleen ebaluazioa egiteko, ebazpen honetan ezarritakoari jarraituko zaio. Azken ebaluazioaren bi saio eginen dira, bat arrunta eta bestea berezia. Hurrengo mailara igotzeko erabakia ebazpen honen II. eranskinean bildutako aukeretakoen artean hartu beharko da.
2. Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programa batean hasten diren ikasleek aurreko mailetan gainditu ez dituzten irakasgaietan ere matrikulatu beharko dute, eta horiek errekuperatzeko plangintza bete beharko dute.
3. Ebaluazioaren ondorioz 4. mailara igotzen badira, baina atzerriko hizkuntzetako irakasgai, proiektu edo esparruren bat gainditu gabe, horietan ere matrikulatu beharko du, eta errekuperatzeko plangintza bete, ebazpen honetan ezartzen den bezala.
10.–Ebaluazio agiriak.
1. Ebaluazio agiri ofizialak 217/2007 Foru Aginduan zerrendatzen direnak eta 1. edo 3. mailako ikasle guztientzat eman behar den aholku orientatzailea izanen dira.
2. Hezkuntza Departamentuak egunera dezake ebaluazio agirien edukia.
3. Agiriak bete, gorde eta igortzeko, 217/2007 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituko zaio.
11.–Erlijioaren eta Balio Etikoen irakaskuntzak.
1. Erlijioaren eta Balio Etikoen irakaskuntzaren ebaluazioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gainerako irakasgaien ebaluazioa egiten den bezalaxe eginen da eta haiek dituzten ondorio berdinak izanen ditu.
2. Aipatu irakasgaien ebaluazioan lortzen den kalifikazioa batez besteko notaren kalkuluan eta ikasketen espedienteen arteko lehia dagoen deialdietan hartuko da aintzat.
II. ERANSKINA Hurrengo mailara igotzeko aukerak |
EGOERA KURTSO BUKAERAN | HARTZEN AHAL DIREN ERABAKIAK |
DBHko 1. maila |
Osorik gainditua, edo gainditu gabeko 2 irakasgairekin gehienez1 | –DBHko 2. mailara igotzea gainditu gabeko irakasgaiekin, halakorik badu. |
Ikasten den lehenbiziko aldia, eta gainditu gabeko 2 irakasgairekin2 | –DBHko 1. maila errepikatzea. –Salbuespenez, DBHko 2. mailara igotzea gainditu gabeko irakasgaiekin, 24/2015 Foru Dekretuaren 14.3.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. –Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programako 2. mailara igotzea gainditu gabeko irakasgaiekin, Lehen Hezkuntzan errepikatu badu. –Salbuespenez, Curriculum Egokituko Programara igotzea gainditu gabeko irakasgaiekin, araudi indardunak ezarritako baldintzei jarraikiz. |
Ikasten den lehenbiziko aldia, eta gainditu gabeko 3 irakasgairekin edo gehiagorekin | –DBHko 1. maila errepikatzea. –Salbuespenez, gainditu gabeko 3 irakasgai baditu, DBHko 2. mailara igotzea gainditu gabeko irakasgai horiekin, 24/2015 Foru Dekretuaren 14.3.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. –Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programako 2. mailara igotzea gainditu gabeko irakasgaiekin, Lehen Hezkuntzan errepikatu badu. –Salbuespenez, Curriculum Egokituko Programara igotzea gainditu gabeko irakasgaiekin, araudi indardunak ezarritako baldintzei jarraikiz. |
Ikasten den bigarren aldia, eta gainditu gabeko 2 irakasgairekin2 edo gehiagorekin | –DBHko 2. mailara igotzea gainditu gabeko irakasgaiekin. –Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programako 2. mailara igotzea gainditu gabeko irakasgaiekin. –Curriculum Egokituko Programara igotzea gainditu gabeko irakasgaiekin, araudi indardunak ezarritako baldintzei jarraikiz. |
DBHko 3. maila |
Osorik gainditua, edo gainditu gabeko 2 irakasgairekin gehienez1 , ikasturte batekoak ala batzuetakoak | –DBHko 4. mailara igotzea gainditu gabeko irakasgaiekin, halakorik badu. –Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat, araudi indardunak ezarritako baldintzei jarraikiz. |
Ikasten den lehenbiziko aldia, eta gainditu gabeko 2 irakasgairekin2 , ikasturte batekoak ala batzuetakoak | –Errepikatu ez badu edo etapan bakarrik behin errepikatu badu, DBHko 3. maila errepikatzea gainditu gabeko irakasgaiekin, halakorik badu. –Errepikatu ez badu edo etapan bakarrik behin errepikatu badu, Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programako 3. maila errepikatzea gainditu gabeko irakasgaiekin, halakorik badu. –Salbuespenez, DBHko 4. mailara igotzea gainditu gabeko irakasgaiekin, 24/2015 Foru Dekretuaren 14.3.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. –Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat, araudi indardunak ezarritako baldintzei jarraikiz. |
Ikasten den lehenbiziko aldia, eta gainditu gabeko 3 irakasgairekin edo gehiagorekin, ikasturte batekoak ala batzuetakoak | –Errepikatu ez badu edo etapan bakarrik behin errepikatu badu, DBHko 3. maila errepikatzea gainditu gabeko irakasgaiekin, halakorik badu. –Errepikatu ez badu edo etapan bakarrik behin errepikatu badu, Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programako 3. maila errepikatzea gainditu gabeko irakasgaiekin, halakorik badu. –Salbuespenez, gainditu gabeko 3 irakasgai baditu, DBHko 4. mailara igotzea gainditu gabeko irakasgai horiekin, 24/2015 Foru Dekretuaren 14.3.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. –Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat, araudi indardunak ezarritako baldintzei jarraikiz. |
Ikasten den bigarren aldia, lortutako emaitzak kontuan hartu gabe | –DBHko 4. mailara igotzea gainditu gabeko irakasgaiekin, halakorik badu. –Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat, araudi indardunak ezarritako baldintzei jarraikiz. |
Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programako 3. maila |
Osorik gainditua, edo atzerriko hizkuntzetako irakasgai, proiektu eta esparruen artean gainditu gabeko 2rekin gehienez, ikasturte batekoak ala batzuetakoak | –DBHko 4. mailara igotzea gainditu gabeko irakasgaiekin, halakorik badu. –Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat, araudi indardunak ezarritako baldintzei jarraikiz. |
Ikasten den lehenbiziko aldia, eta Hizkuntza eta Gizartea esparrua edo Zientzia eta Matematika esparrua gainditu gabe, edo atzerriko hizkuntzetako irakasgai, proiektu eta esparruen artean gainditu gabeko 3rekin edo gehiagorekin, ikasturte batekoak ala batzuetakoak | –Errepikatu ez badu edo etapan bakarrik behin errepikatu badu, Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programako 3. maila errepikatzea gainditu gabeko irakasgaiekin, halakorik badu. –Salbuespenez, DBHko 4. mailara igotzea, 24/2015 Foru Dekretuaren 14.3.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. –Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat, araudi indardunak ezarritako baldintzei jarraikiz. |
Ikasten den bigarren aldia, lortutako emaitzak kontuan hartu gabe | –DBHko 4. mailara igotzea gainditu gabeko irakasgaiekin, halakorik badu. –Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat, araudi indardunak ezarritako baldintzei jarraikiz. |
Eranskin honetan jasotzen ez den beste edozein erabaki hartzeko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak aldeko txostena egin beharko du, eta Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak onartu. (1) Betiere bi irakasgai horiek Matematika eta Gaztelania eta Literatura ez badira, edozein hizkuntza eredutan, edo Matematika eta Euskal Hizkuntza eta Literatura, D ereduan. (2) Bi irakasgai horiek Matematika eta Gaztelania eta Literatura badira, edozein hizkuntza eredutan, edo Matematika eta Euskal Hizkuntza eta Literatura, D ereduan. F1602144 |
Iragarkiaren kodea: F1602144