40. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

30/2016 EBAZPENA, otsailaren 17koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, jarraibideak ematen dituena 25/2015 Foru Dekretuan arautzen diren Batxilergoko ikaskuntzetako 1. mailako ikasleak 2015-2016 ikasturtean ebaluatzeko prozesua arautzeko.

Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuak, 11. artikulutik 16.era bitarte, ikasleak ebaluatu, hurrengo mailara igo eta haiei tituluak emateko prozesua arautu behar duten alderdi orokorrak xedatzen ditu.

2015-2016 ikasturte honetan Batxilergoko curriculumaren lehen maila ezarri da, foru dekretu horren azken xedapenetako lehenean (“Ezartzeko egutegia”) finkatzen den egutegiari jarraikiz. Behin ezarrita, Hezkuntza Departamentuaren eskumena da Batxilergoko 1. mailako ikasleak ebaluatzeko prozesuari buruzko arau esparrua ezartzea, ikastetxeetako irakasle taldeek aplika dezaten.

Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko lehen mailako ikasleak ebaluatzeko prozesua arautzeko jarraibideak ematen dituen ebazpen hau onesteko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan diren ikastetxe pribatuetan eta pribatu itunduetan Batxilergoko 1. mailako ikasleen ebaluazioa arautzea, eranskinean ezartzen diren oinarrien arabera.

2. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialari jakinaraztea, argitara daitezen.

3. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunera Zerbitzuari, Hezkuntzako Plangintzaren Zerbitzuari eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen eta bere eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko otsailaren 17an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

Ebazpen honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan diren ikastetxe pribatuetan eta pribatu itunduetan Batxilergoko 1. mailako ikasleen ebaluazioa arautzeko jarraibideak ematea.

2.–Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.

1. Ebazpen honen xedeko ikasleen ebaluazio prozedura arautzen duten ezaugarri orokorrak apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuaren 11. artikuluan adierazitakoak dira. Foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezarri zen.

2. Halaber, ebaluazio etengabeak eta azken ebaluazioak, oro har, Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 4ko 191/2008 Foru Aginduaren 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoari jarraituko diote.

3.–Kalifikazioen eskala.

1. Ebaluazioaren emaitzak 0tik 10erako kalifikazioarekin adieraziko dira, dezimalik gabe. Bostetik beherako kalifikazioak negatibotzat hartzen dira eta gainerakoak, berriz, positibotzat.

2. Azken ebaluazio berezian aurkezten ez bada, “Aurkeztu Gabea” (AG) adieraziko da irakasgai horietan. Ondorio guztietarako, AG kalifikazioa negatiboa izanen da.

3. Batez besteko notaren kalkuluaren ondorioetarako, ikasleak deialdi arruntean lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan deialdi berezian aurkezten ez bada (AG).

4.–Irakasleak eta irakasle taldea.

1. Ikasleari eskolak ematen dizkioten irakasleek osatzen dute irakasle taldea. Taldea kide anitzeko organo bezala arituko da ebaluazio prozesu osoan, tutoreak koordinaturik, eta ikasleen ebaluazio prozesua garatzeko ardura izanen du.

2. Irakasgai bakoitzean ardura duen irakasleak erabakiko du irakasgai horretako kalifikazioa.

3. Talde bakoitzaren tutorea izanen da ebaluazio saioak zuzendu eta araudia betetzen dela bermatuko duena, ikasketaburuak koordinaturik. Orientazioaz arduratzen denak, bere eginkizunak betez, tutorea aholkatzen ahalko du saio horiek behar bezala garatzeko.

5.–Hurrengo mailara igotzea.

1. Batxilergoko lehen maila bukatzean, azken ebaluazio saioetan, ebaluazio prozesuaren ondorioz, irakasle taldeak, kide anitzeko organo bezala, erabakiko du ikasle bakoitza hurrengo mailara igotzen den ala maila errepikatzen duen, honako hauen arabera: irakasgai bakoitzean izandako errendimendua, etapako helburuen lorpena eta dagozkion gaitasunen eskuratze-maila.

2. Hurrengo mailara igotzeko edo maila errepikatzeko erabakiak azken ebaluazio saioetan (ebaluazio arruntean edo berezian) hartuko ditu irakasle taldeak. Azken ebaluazio arruntaren saioan, irakasle taldeak erabakiko du irakasgai guzti-guztiak gainditu dituzten ikasleak hurrengo mailara igotzea, ez beste inor. Gainerako ikasleek gainditu ez dituzten irakasgaien ebaluazio berezian aurkeztu beharko dute. Kasu horretan, bigarren mailara igotzeko, gehienez bi irakasgaitan izan dezakete ebaluazio negatiboa.

3. Irakasgai guztiak gainditu gabe bigarren mailara igotzen direnek lehen mailan gainditu ez dituzten irakasgaietan ere matrikulatu beharko dute.

4. Bigarren mailara igotzen ez diren lehen mailako ikasleek beste ikasturte batez jarraituko dute lehen mailan, eta maila horretako irakasgai guztietan matrikulatuko dira.

6.–Aniztasunari erantzutea. Hezkuntzan berariazko laguntza behar duten ikasleak.

1. Hezkuntzan berariazko laguntza behar duten ikasleen eskolatzea arautu behar duten printzipioei jarraikiz, apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuaren 17. eta 18. artikuluetan aniztasunari erantzuteko xedatzen diren neurriak gauzatu beharko dira.

2. Horrez gain, entzumen, ikusmen edo motrizitate arazo larrien ondorioz edo beste desgaitasun baten ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, behar bezala frogatutako ohiz kanpoko inguruabarrengatik hala egitea gomendagarria denean, zilegi izanen da neurri hauek hartzea:

–Sartzeko curriculum egokitzapenak eta curriculum egokitzapen esanguratsuak.

–Batxilergoko bi mailak egitea curriculuma osatzen duten irakasgaiak multzokatuz. Neurri hori osasun arazo larriak dituzten ikasleei ere eskaintzen ahalko zaie.

3. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen etengabeko ebaluazioa egiteko eta hurrengo mailara igotzeko erabakia hartzeko, haien curriculum egokitzapenetan finkatutako elementuak hartuko dira erreferentziatzat.

7.–Ebaluazio agiriak.

1. Hauek dira ebaluazio agiri ofizialak:

–Ikasketa espedientea.

–Ebaluazio txostena.

–Azken ebaluazio arruntaren akta.

–Azken ebaluazio bereziaren akta.

–Gainditu gabeko irakasgaien ebaluazio arruntaren akta.

–Gainditu gabeko irakasgaien ebaluazio bereziaren akta.

–Batxilergoko ikasketen historiala.

–Lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala.

2. Hezkuntza Departamentuak egunera dezake ebaluazio agirien edukia.

3. Agiriak bete, gorde eta igortzeko, Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 4ko 191/2008 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituko zaio.

8.–Erlijio ikasketak.

1. Erlijio ikasketen ebaluazioa Batxilergoko gainerako irakasgaien ebaluazioa egiten den bezalaxe eginen da eta haiek dituzten ondorio berdinak izanen ditu.

2. Aipatu irakasgaiaren ebaluazioan lortzen den kalifikazioa batez besteko notaren kalkuluan eta ikasketen espedienteen arteko lehia dagoen deialdietan hartuko da aintzat.

9.–Matrikula baliogabetzea.

1. Batxilergoa ikasten ari diren ikasleek zilegi dute ikasketa espedientea dagoen ikastetxeko zuzendaritzari matrikula baliogabetzeko eskatzea, hauetako inguruabarren bat gertatu dela frogatzen badute agiri bidez eta era frogagarrian:

–Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.

–Lanpostu batean hasi izana.

–Familia beharrak izatea.

–Aparteko beste inguruabar batzuk.

2. Eskaerak apirilaren 30erako egin beharko dira eta, ikaslearen irakasle taldeari entzun ondoren, ikastetxeko zuzendariak eskaera ebatzi eta matrikula baliogabetzeko baimena emanen du, baldin eta aipatu arrazoi horietako bat frogatzen bada eta, hori dela kausa, ezinezkoa izan bada eskatzailea eskolara normalki joatea eta etengabeko ebaluazioaren bidez haren kalifikazioa egitea.

3. Matrikula baliogabetzeko baimena ematen den kasu guztietan, ikaslearen ebaluazio agirietan jasoko da eta kontuan hartuko da baliogabetze horrek baimendu den ikasturte horretan bakarrik izanen duela eragina. Horrelako kasuetan, ikasturte hori ez da kontuan hartuko irakaskuntza horietan egoteko gehieneko epea kontatzean. Matrikula baliogabetzen duten Batxilergoko ikasleak beharturik daude hurrengo ikasturtean berriz matrikulatzera. Horrela egin ezean, ikasle ofizial gisa dagozkien eskubide guztiak galduko dituzte.

10.–Helduen Hezkuntza.

Ebazpen honetan ezarritakoa Hezkuntzako kontseilariak abuztuaren 7an emandako 72/2015 Foru Aginduan araututako Helduendako Batxilergoko 1. maila ikasten duten ikasleei ere aplikatuko zaie, deusetan galarazi gabe haien egoera berezira egokitu behar izatea.

Iragarkiaren kodea: F1602143