2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ORKOIEN
Udal ordenantza, lehorreko herrilurren aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena
Orkoiengo Udalak, 2015eko azaroaren 19an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Lehorreko herrilurren aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2015eko 247. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 14an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.
Orkoienen, 2016ko urtarrilaren 27an.–Alkatea, Carlos Arroniz Loyola.
ERANSKINA
LEHORREKO LABORANTZAKO HERRILURREN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Orkoiengo Udalaren lehorreko laborantzako herrilurren esleipena eta aprobetxamendua egiteko arauak ezartzea.
2. artikulua. Herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira herrilurretako ondasunak.
3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen. Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1.990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.
II. TITULUA
Lehorreko herrilurretako ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
5. artikulua. Oro har, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu eta/edo judizialki gaitua.
b) Orkoiengo Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea bost urteko antzinatasunez.
c) Orkoienen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.
d) Orkoiengo Udalean ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.
Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.
Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Orkoiengo Udalak argituko ditu, banan-banan.
II. KAPITULUA
Lehorreko laborantzako herrilurren aprobetxamendu moduak
6. artikulua. Orkoiengo laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:
a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.
b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoaren bidez esleitzea edo Orkoiengo Udalak zuzenean ustiatzea.
Orkoiengo Udalak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.
1. ATALA
Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak
7. artikulua. 1.–Aprobetxamendu modu horren onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 5. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata horren eta erdiaren azpitik egon.
2.–Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.
3.–Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz bertze edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako bertze edozein datu ere.
8. artikulua. 1.–Modalitate honetan, 10 erreguko azalera ezarri da eredu-lotearentzat.
2.–6. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:
a) Hiru kide bitarteko familia unitateak: 1 koefizientea, hau da, 10 erregu.
b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak: 2 koefizientea, hau da, 20 erregu.
c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak: 3 koefizientea, hau da, 30 erregu.
d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak: 5 koefizientea, hau da, 50 erregu.
9. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Orkoiengo Udalak, ordenantza honen 7. eta 8. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.
Halakoetan, Orkoiengo Udalak laborantzako herrilurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.
10. artikulua. Aprobetxamenduaz baliatzeko epea ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Hainbat urtetarako laborantzak badira, Orkoiengo Udalak baimendu ondotik, epe hori landare motaren bizitzaren arabera luzatuko da.
11. artikulua. Aprobetxamendu modu horretan, herrilurretako lurzatien onuradunek urtean 15 euro ordaindu beharko dituzte lur erregu bakoitzeko.
Zenbateko hori urtero eguneratuko da nekazaritzako KPIaren igoera gehituz gehienez ere. Edonola ere, kanonak Orkoiengo Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez.
12. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.
Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 5. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
13. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 5. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Orkoiengo Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Udalari, behar den baimena eman dezan. Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Orkoiengo Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, hurrengo artikuluan xedatua aplikatuko da.
14. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Orkoiengo Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez.
Orkoiengo Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.
Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.
Gisa honetara, lurzatirik gabe gelditu diren onuradunek apartzeria edo lagapena egin zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Orkoiengo Udalaren Diruzaintzan.
15. artikulua. Orkoiengo Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:
a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitutako herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.
b) Esleitutako lurzatiak ez dituenean zuzenean norberak lantzen.
c) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erosteko eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Orkoiengo Udalak baimendutako pertsonek eginak.
d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.
e) Esleituriko lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez denean.
f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.
2. ATALA
Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak
16. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean.
17. artikulua. Orkoiengo Udalak erabakiko du zein den herritarrendako esleipen zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenendako esleipena egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.
18. artikulua. Esleipenaren epea 10. artikuluan adierazitako berbera izanen da.
19. artikulua. Herrilurretako lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan: 25,00 euro/erregu/urtea.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere KPIaren arabera.
20. artikulua. Esleipen-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 12., 13. eta 14. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.
21. artikulua. Orkoiengo Udalak beretako gorde ahalko du laborantzako herrilurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei esleitzeko.
22. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.
Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 7.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.
3. ATALA
Udalak zuzenean egindako ustiapena edo enkante publikoa
23. artikulua. Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lur sobera baldin badago, enkante publikoan eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.
Orkoiengo Udalak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.
Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Orkoiengo Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.
4. ATALA
Esleitzeko prozedura
24. artikulua. Orkoiengo Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Udalaren iragarki oholean ediktua agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten.
25. artikulua. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:
a) Orkoiengo biztanleak izatea, gutxienez bost urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.
b) Udal honekiko zerga beharkizunak beteak dituela.
c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.
d) Familia unitateko kide bakoitzak udal honetan eta beste batzuetan jabetzan dituen erregu kopuruari buruzkoa.
e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugape honetan bai beste batzuetan.
f) Familia unitateko kide bakoitzaren hirilurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Orkoiengo mugapean bai beste batzuetan.
g) Familia unitateko kide bakoitzaren abeltzaintzako ondasunen zergapeko kapitalak edo abelburu kopurua eta espeziea, mugape honetan nahiz beste batzuetan.
h) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.
Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Orkoiengo Udalak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak onetsi beharrez; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 7.3 artikuluan zehazten den bezala.
26. artikulua. Orkoiengo Udalak esleipen modu bakoitzera –lehentasuna duten herritarrena nahiz esleipen zuzenekoa– onartu direnen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
27. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki oholean jarriko da 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.
28. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta esleipen modalitate bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea duten bizilagunen behin betiko zerrenda onetsiko du.
29. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, Orkoiengo Udalak ordenantza honen 8. artikuluan ezarritako ezaugarriak betetzen dituzten loteak esleituko ditu.
Laborantzarako herrilurren gainontzeko azalerari dagokionez, Orkoiengo Udalak laborantzarako loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitatearen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 16. artikuluaren araberakoak izanen dira.
Lurzatiak esleituta, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, Udalaren iragarki oholean. Zerrendak Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.
30. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Orkoiengo Udalak behin betikotzat joko du laborantzako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.
III. KAPITULUA
Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan
31. artikulua. 1.–Orkoiengo Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herrilurra hobetzea.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela frogatzen duten herritarrei laguntzeko.
2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.
3. Kasu horietan prozedura honi jarraituko zaio:
a) Orkoiengo Udalaren erabakia, horren bidez onetsiz proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.
b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Orkoiengo Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.
c) Nafarroako Gobernuaren onespena.
4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
32. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Orkoiengo Udalak baizik ez ditu onetsi behar, aitzinetik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.
III. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
33. artikulua. Oro har, arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.
d) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.
e) Herrilurrak Orkoiengo Udalak esleitu gabe lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak edo lur utziak izan.
f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak etab.) Orkoiengo Udalaren baimenik gabe landatzea.
g) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.
h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.
34. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
Aipatu diren a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe. Aipatu g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.
Iragarkiaren kodea: L1601068