40. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Udal ordenantza, Oltza Zendeako trafikoarena Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2014ko urtarrilaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Oltza Zendeako trafikoaren udal ordenantza. Iragarkia 2014ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, otsailaren 18an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Oltza Zendean, 2016ko otsailaren 11n.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.

UDAL ORDENANTZA, OLTZA ZENDEAKO TRAFIKOARENA

Zioen azalpena

Gaur egun Oltza Zendeako Udalak ez du Trafikoari buruzko udal ordenantzarik. Kontuan izanik martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legea, 7. artikuluan trafikoaren arloan Udalak dituen eskumenak arautzen baititu, eta, orobat, azaroaren 23ko 18/2009 Legea ere, aurrekoaren testu artikuluduna aldatzen baitu zehapen gaiei dagokienez. Bestalde, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 39. artikuluan zirkulazioa mugatzeko aukera ematen da, baita abiadura ere (50. artikulua), eta 93. artikuluan zehazten da udal ordenantzaren bidez erregulatuko dela hiriko bideetan gelditzeko eta aparkatzeko araubidea. Hori guztia dela eta, Oltza Zendeako trafikoa arautzen duen udal ordenantza hau prestatu da.

Aplikazio eremua

1. artikulua.

Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikuluan eta martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Dekretuak onetsitako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta aplikatzekoa izanen da Oltza Zendeako herrietako hiriguneetako bide publikoetan.

Portaera arau orokorrak

2. artikulua.

Ibilgailuek debeku dute asotsa egitea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, baita ihes-hodi trukatuek, ozen-ozen jarritako musika ekipoek edo bertzelako ezohiko inguruabarrek eragin dezaketena ere.

3. artikulua.

Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

4. artikulua.

Debeku da suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.

5. artikulua.

1. Debeku da Salgai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren (1754/1976 Dekretuaren bidez onetsia) 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, Erregelamendu horren arriskuko 1 edo 2. etiketak eraman behar dituztenak Oltza Zendeako udal mugapean barna ibiltzea, ez bada bertatik iragaten diren ingurabide eta zeharbideetan barna.

2. Ibilgailu horiek aipatu eremua zeharkatzeko, Udaleko organo eskudunaren baimena beharko dute. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak egun, ordu eta ibilbideei dagokienez.

Guztiz debekatua dago artikulu honetan aipatu ibilgailuak Oltza Zendeako udal mugape osoan aparkatzea.

6. artikulua.

Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo bertze zerbait direla eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.

Seinaleak

7. artikulua.

1. Manuzko seinaleak ezarriko dira bereziki, udalerriko bide-sarearen halako tarte batzuetan, edo orokorrean, herri osoan; azken kasu honetan seinaleak herriko sarrera guztietan jarriko dira.

2. Zirkulazio murriztuko eremuaren sarreran diren seinaleek, oro har, eremu horietako barruti osoan dute indarra.

8. artikulua.

1. Ez da seinale manuzkorik ez informatiborik paratzen ahalko, aitzinetik Udalaren baimenik izan gabe.

2. Udal agintaritzaren iritzian benetako interes orokorra duten seinale informatiboak baizik ez dira paratzen ahalko.

9. artikulua.

Udalak, behar bezala baimendu gabeko seinaleak edo indarrean dauden arauak betetzen ez dituztenak kenduko ditu berehala.

Oztopoak eremu publikoan

10. artikulua.

1. Debeku da oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorriak eragotz ditzakeen edozein oztopo edo gauza eremu publikoan jartzea edo aparkatzeko tokietan uztea.

2. Aurrekoa hala izanik ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak direnean baimentzen ahalko da eremu publikoa aldi baterako okupatzea zenbait lekutan, baldin okupazioak inolako arriskurik sortzen ez badu eta, trafikoari begira, ahal den nahasmendurik txikiena gertatzen bada.

11. artikulua.

Oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorriak traba ditzaketen oztopo guztiek behar bezala seinalaturik egon beharko dute.

12. artikulua.

a) Udal agintaritzak oztopoak kentzen ahalko ditu ondoko kasu hauetan:

1. Bideen erabiltzaileendako arriskutsuak badira.

2. Behar den baimenik erdietsi ez bada.

3. Hura paratzea arrazoirik gabekoa gertatu bada.

4. Baimendutako epea amaitu bada edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

b) Oztopoak kentzeagatik, baita haiendako seinale bereziak paratzeagatik ere, sortutako gastuak interesdunen kontura izanen dira.

Aparkatzea

13. artikulua.

Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, betiere zirkulazioak eraginda ez bada edo erregelamenduko betekizun baten ondorio.

Ibilgailuak aparkatzeko, arau hauek begiratu behar dira:

1. Ibilgailuak ilaran aparka daitezke, hau da, espaloiarekiko paraleloan; baterian, hots, espaloiarekiko perpendikularrean eta erdibaterian, zeharka.

2. Ibilgailuak aparkatzean, espaloitik ahal den hurbilena paratuko dira, baina tartetxo bat utziz, galtzadaren zati hori ere garbitu ahal izateko.

3. Bertze erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

4. Seinaleak zoladuran dituzten aparkalekuetan, ibilgailuak markatutako esparruaren barnean kokatuko dira.

14. artikulua.

Debeku da arras baldintza hauetan aparkatzea:

1. Behar den seinaleak debekatzen duen tokietan.

2. Zirkulazioa trabatzen edo oztopatzen den tokietan.

3. Bertze gidariak erregelamenduaren aurkako maniobrak egitera behartzen direnean.

4. Bigarren lerroan, lehenbiziko lerroan ibilgailua nahiz edukiontzia dagoenean, baita bertze zeren bat edo babeseko bertze elementuren bat dagoenean ere.

5. Galtzadaren zabaleragatik ibilgailu-lerro bat pasatzea ezinezkoa egiten denean.

6. Karrikaburuetan, bertze ibilgailuren bati biratzea eragozten edo trabatzen zaionean.

7. Erregelamenduaren arabera aparkatutako bertze ibilgailuei aterabidea oztopatzen zaienean.

9. Espaloietan, kaietan, babestokietan, erdiko nahiz alboetako pasealekuetan, lorategietan eta galtzadan zerrendak paratuz seinalatutako aldeetan, okupazioa partziala nahiz osoa izan.

10. Aldi batez jarduera baimenduek okupatu beharreko aldeetan, eta konpondu, seinalatu edo garbitu behar diren tokietan. Kasu horietan debekua behar bezala eta aski garaiz seinalaturik egonen da.

11. Eremu publikoko espazio erreserbetan edo pasabideetan, Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta eremu publikoa aparkaleku esklusiborako, ibilgailuak gelditzeko nahiz edozein motatako salgaien zamalanetarako erreserbatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean jasotzen badira.

12. Oinezkoen pasabide diren galtzada pusketan.

13. Minusbaliatuek beste inork ez erabiltzeko toki seinaleztatuetan.

14. Garraio publikorako, eskolakorako edo taxietarako toki seinaleztatuetan.

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

15. artikulua.

Ibilgailua eremu publikotik kendu ahalko da:

1. Baimen espresik gabe, espaloi, ibiltoki, babesgune, pasealeku, lorategi, arretaz ibiltzeko gune edo zolan marraz pintatuta dauden tokietan, osorik nahiz zati baten gainean aparkatua dagoenean.

2. Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

3. Pasabideetan eta aparkatzeko edo zamalanetarako erreserbatutako eremu publikoan aparkaturik badago, osoki nahiz parte bat.

Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte honelakoetan:

1.–Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.

2.–Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak paratu ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

3.–Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean.

16. artikulua.

Aurreikusitako salbuespenak ukatu gabe, ibilgailua kentzeagatik eta Udalaren altxatokian edukitzeagatik sortutako gastuak titularraren kontura izanen dira, eta hark ordaindu beharko ditu edo ordainketa ziurtatuko du ibilgailua berreskuratzeko baldintza gisa, bidezko diren errekurtsoak aurkezteko eskubidea ukatu gabe.

17. artikulua.

Ibilgailua kentzea bertan behera utziko da, baldin eta gidaria agertzen bada ibilgailua estekatu eta garabia abiatzen hasi baino lehen, eta behar diren neurriak hartzen baditu ibilgailua lehen zegoen egoera okerretik ateratzeko. Jarduketa horren ondorioz sortutako garabi gastuak ordaindu beharko ditu.

18. artikulua.

Ibilgailu abandonatuak karrikan luzaroan eta mugagabeko epean egon ez daitezen, eremu publikoa erabiltzeko ohiko aukerak nabarmen murriztu eta narriadura estetikoa eta zikinkeria ekartzen baitituzte, jarraian zehaztutako jarduketak eginen dira.

Ibilgailu bat abandonatutzat hartuko da ondoko kasuotan:

1. Eremu publikoan edo jabari publiko edo pribatuko ondoko lurretan, toki berean laurogeita hamar egun baino gehiago aparkatuta baldin badago.

2. Dituen kalteak ikusita, uste izatekoa denean erabili gabe dagoela edo bere kabuz ezin dela mugitu, edo matrikula plakarik ez duenean.

19. artikulua.

1. Eremu publikoan abandonatutako ibilgailuak bertatik kendu eta Udalaren altxatokira edo horretarako gaitutako tokira eramanen dira. Berehalaxe, titularra nor den zehazteko tramiteak egiten hasiko dira eta jakinarazpenetik hilabeteko epean ibilgailua eraman dezala aginduko diote.

2. Ibilgailua kendu eta edukitzeagatik sortutako eskubideak titularraren bizkar izanen dira.

Aurreko artikuluko 1) atalean jasotzen den kasuan, abandonatze zantzuak izanik ere, ibilgailuak matrikula plakari kontu edo titularra identifikatzeko parada ematen duen edozein arrasto edo marka agerian badu, errekerimendu eginen zaio delako titularrari, behar diren epeak iragandakoan, hamabortz egunean ibilgailua altxatokitik ken dezan eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidoaren tratamendua emanen zaiola.

Neurri bereziak

20. artikulua.

Inguruabar bereziek beharrezko egiten badute, trafikoa antolatzeko behar diren neurriak hartzen ahal dira, ibilgailuen zirkulazioa debekatuz nahiz murriztuz, edo sarbideak herriko alderdi batzuetara eta halako bide batzuetatik desbideratuz, baita aparkalekuak berrantolatuz ere.

Garraio publikoaren geralekuak

21. artikulua.

Udal administrazioak zehaztuko du garraio publikoaren, eskolakoaren edo taxien geralekuak non izanen diren.

Zamalanak

22. artikulua.

Udalak zamalanetarako toki erreserbatuak ezarri ahalko ditu, erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoaren bidez adieraziak.

Zamalanak behar den arretaz eginen dira ahalik eta traba gutxien egitearren, eta erabilitako lekua garbi utzi beharko da.

Pasabideak

23. artikulua.

Udalak, Ibilgailuak espaloian barna sartzeko tasak arautzen dituen ordenantzaren bidez, ezarriak ditu eremu publikoaren erreserbei dagozkien baimenak, garajeetan, finketan eta higiezinetan sartu ahal izateko; horiek behar bezala seinalaturik egon beharko dute.

Edukiontziak

24. artikulua.

1. Altzariak edo etxeko tresnak, eta orobat obra eta etxeko hondakinak biltzeko edukiontziak, udal organo eskudunak erabakita, eremu publikoko toki jakin batzuetan jarri beharko dira.

2. Horretarako erreserbaturiko tokietan ezin izanen da, inolaz ere, aparkatu.

Zirkulatzeko baimen bereziak

25. artikulua.

Erregelamenduz baimendutakoak baino pisu eta tamaina handiagoko ibilgailuak ezin izanen dira udalerriko eremu publikoetan barna ibili Udalaren baimenik gabe.

Zehatzeko prozedura

26. artikulua.

Azaroaren 23ko 18/2009 Legearen 3. kapituluan eta hura garatzen duten erregelamenduzko xedapenetan xedatuarekin bat instruituko da prozedura, baita, osagarri gisa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuarekin bat ere.

27. artikulua.

Ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik irekitako espedienteak Oltza Zendeako Udaleko langileek, edo horien eginkizunetan ari denak eta, kasua bada, zinegotziek instruituko dituzte. Hura burututa, alkateak bidezko ebazpena emanen du.

28. artikulua.

Zehapen espedienteetan emandako ebazpenek administrazio bideari amaiera emanen diote eta haien aurka aukeran berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita; administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau egin eta biharamunetik hasita, edo bestela, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten den egunetik hasita.

29. artikulua.

Alkateak isun bidez zehatuko ditu ordenantza honetako xedapenen aurkako arau-hausteak, ordenantza honen eranskineko zehapenen taulako zenbatekoak erabilita.

30. artikulua.

Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den bertze araudi batean arau-hauste larriaren edo oso larriaren kalifikazioa ez baldin badu.

31. artikulua. Berehalako ordainketa.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalean %50 merkeago ordainduko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzen bada, uko eginen zaio alegaziorik aurkezteari eta ebazpen espresa eman beharrik gabe bukatu daiteke prozedura. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.

Bakarra.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Bigarrena.

Ordenantza hau edo toki entitate honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren izapide berberak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

Zehapenen taula

Arau-hauste soila.

Ordenantza honetan ezarritako edozein neurriren aurkako lehenengo arau-hausteagatik 90,00 euroko isuna ezarriko dute agintaritzaren agenteek.

Berrerortzea.

Arau-hauste bera berriz egiteagatik arau-hauste soilerako ezarritako zenbatekoa bikoiztuko da.

Iragarkiaren kodea: L1601815