4. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Udal mugapeko ur horniduraren zerbitzua eta haren ondorioz ordainarazten diren tasen tarifak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Agoizko Udalak, 2015eko urriaren 7an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen “Agoizko udal mugapeko ur horniduraren zerbitzua eta haren ondorioz ordainarazten diren tasen tarifak arautzen dituen udal ordenantza”.

Espedientea (2015eko 208. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 20an) jendaurrean hogeita hamar lanegunean egonik, eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez gero, bidezko da behin betiko onestea eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Agoitzen, 2015eko abenduaren 9an.–Alkatea, Unai Lako Goñi.

AGOIZKO UDAL MUGAPEKO UR HORNIDURAREN ZERBITZUA ETA HAREN ONDORIOZ ORDAINARAZTEN DIREN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Oinarria eta xedea

1. ATALA

Ordenantzaren oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunen arauei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 7, 52 eta 100. artikuluetan eta hurrengoetan xedatuaren babesean ezarri da ordenantza hau, kontuan hartuta tasei, prezio publikoei eta enbargaezintasunaren araubideari buruz martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak egindako aldaketak, bai eta Nafarroako toki araubidea eguneratzen duen urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearenak ere.

2. ATALA

Ordenantzaren xedea

2. artikulua. Ordenantza honen bitartez, Agoizko udal mugapeko etxebizitzak eta instalazioak edateko uraz hornitzeko Agoizko Udalak egiten duen zerbitzua arautzen da, bai eta horren ondorioz ordainarazten diren tasak eta aplikatzen diren tarifak ere.

II. TITULUA

Edateko uraren erabilerak eta kontsumoak Udalaren hornidura saretik

1. ATALA

Edateko uraren erabilerak

3. artikulua. Honako erabilera edo kontsumoak ditu Udalaren ur horniduraren saretik datorren edateko urak, zertan erabili lehenik, haren arabera ordenatuta:

–Hiri hornidura, giza erabilerarako.

–Nekazaritzarako.

–Industriarako.

–Ureztatzeko (baratzeak, soropila eta lorategiak).

–Josteta edo aisiarako (igerilekuak eta abar).

2. ATALA

Horniduraren gehieneko kopuruak, edateko ura erabiltzeko

4. artikulua. Ordenantza honen I. eranskinean (gehieneko kopuruak hainbat erabilera eta kontsumotarako) ezarri dira Udalaren saretik gehienez hartuko den edateko ura zenbait erabilera edo kontsumotarako. Ebro Arroko Plan Hidrologikoa onetsi zuen uztailaren 24ko 1664/1998 Errege Dekretuaren 2 eta 3. eranskinetan ezarritako gehienekoak errespetatuz (1998ko 191. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 11koa) ezarri da. Plan horren arauzko determinazioak Ministerioaren 1999ko abuztuaren 13ko Aginduaren bidez argitaratu ziren (1999ko 222. Estatuko Aldizkari Ofiziala, irailaren 16koa).

III. TITULUA

Udalaren ur hornidura sareko zerbitzuaren tasa
eta haren ondoriozko tarifak

1. ATALA

Tasaren zergapeko egintza

5. artikulua. 1. Agoizko Udalak edateko uraz hornitzeko edo hura banatzeko ematen duen zerbitzua da tasaren zergapeko egintza, eta ondorioz subjektu pasiboek edateko ura eskura izatea, artikulu honen hurrengo zenbakian ezarritako kontzeptuengatik.

2. Edateko uraz hornitzeko edo hura banatzeko zerbitzuaren tasak kontzeptu hauengatik ordainaraziko dira:

a) Hornidura zerbitzua erabilgarri edukitzeagatik eta bera mantentzeko lanengatik.

b) Etxean erabiltzeko hornidura eta kontsumoagatik, hartutako metro kubiko bakoitzeko.

c) Nekazaritzan erabiltzeko hornidura eta kontsumoagatik, hartutako metro kubiko bakoitzeko.

d) Industrian erabiltzeko hornidura eta kontsumoagatik, hartutako metro kubiko bakoitzeko.

e) Ureztatzen erabiltzeko hornidura eta kontsumoagatik, hartutako metro kubiko bakoitzeko.

f) Jostetan eta aisian erabiltzeko hornidura eta kontsumoagatik, hartutako metro kubiko bakoitzeko.

g) Hornidurako hargune berriengatik.

3. Aurreko zenbakiko e) eta f) letretan adierazitako ondorioetarako, ureztatzeko eta jostetan edo aisian erabiltzeko, etxean edo lokalean duten hargunea baliatuz, sare publikotik kontsumitu gogo duten subjektu pasiboek horren berri emanen diote Udalari ordenantza hau onetsi eta hilabeteko epean, edo ordenantzak indarra hartzen duenetik, erabilera horiek noiz eskuratu gogo diren, hilabete lehenago bederen.

4. Aurreko zenbakian aipatu jakinarazpenean, ureztatzeko bada, zein den azalera zehaztu beharko da, bai eta zenbat zuhaitz edo landare ureztatu gogo diren ere, halakorik bada; jostetan edo aisian erabiltzekotan, hau da, igerilekuak beteta edukitzeko, haien edukiera zehazki eta haietako ura berritzeko hilabetean behar duten bolumena. Azken kasu horretan, bi datu horiek (igerilekuaren edukiera eta berritzen den bolumena) frogatu beharko dira instalaziorako gaitua den teknikari batek emandako ziurtagiriaren bidez.

5. Aurreko 3. zenbakian aipatu jakinarazpena eginik, eta Udalak ura hartzeko baimena emanik ureztatzeko eta jostetan edo aisian erabiltzeko, Udalak, besterik gabe, ordenantza honen II. eranskineko 6. zenbakian erabilera konbinatuetarako ezarritako tarifak aplikatuko dizkio subjektu pasiboari, artikulu honetako bereko 7. zenbakian adierazitako kasuan izan ezik.

6. Artikulu honetako 3tik 5era bitarteko zenbakietan adierazitakoa betetzen ez denean, ordenantzaren II. eranskineko 6. zenbakian erabilera konbinatuetarako ezarritako tarifak aplikatuko dizkio Udalak higiezinaren titular den subjektu pasiboari, etxebizitzan honako hauek izateagatik:

a) Edo erabilera partikularreko igerilekua.

b) Edo baratze, lorategi edo soropila, Agoizko herrigunean.

c) Edo aurreko bi letretan aipatu elementuetako bi edo gehiago.

7. Udalak ez ditu ordenantzaren II. eranskineko (tarifak) 6. zenbakian erabilera konbinatuetarako ezarritako tarifak aplikatuko subjektu pasiboak Udalari frogatzen dionean bi kontagailu dituela, bata etxeko erabilerarako eta bestea ureztatzeko edo jostetan edo aisian erabiltzeko, bai eta hiru kontagailu ere, aipatu erabilera bakoitzeko bat. Kasu horretan, ordenantzaren aipatu II. eranskineko (tarifak) 1., 4. eta 5. zenbakietan erabilera bakoitzerako ezarritako tarifak aplikatuko dira.

2. ATALA

Salbuespenak

6. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen bosgarren eta seigarren xedapen gehigarrietan ezarritako salbuespenak baino ez dira onartuko, ordenantza honetan araututako tasak ordaintzeko.

3. ATALA

Subjektu pasiboak

7. artikulua. 1. Zergadun gisa, honako hauek dira ordenantzan ezarritako tasen subjektu pasiboak: pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren hornidura zerbitzua eskatu dutenak, halako higiezin baterako edo zerbitzu horren onuradun direnak.

2. Zergadunaren ordezkotzat hartuko dira edateko uraren hornidura duten higiezinen jabeak; horiek onuradunei pasatuko dizkiete kuotak, halakorik bada. Betiere, zergadunaren ordezko gisa, higiezinaren jabea tributu zorraren erantzule izanen da, solidario eta subsidiarioki.

4. ATALA

Tasetako tarifen zenbatekoa

8. artikulua. 1. Edateko uraz hornitzen duen zerbitzuaren tasaren tarifa edo zenbatekoa ezin da, guztira, hornidura zerbitzuaren kostu erreala edo ustezkoa baino handiagoa izan, edo, bestela, hartutako prestazioaren balioa baino handiagoa.

2. Aurreko zenbakian aipatu kostua zehazteko, aintzat hartuko dira zerbitzuaren kostu osoaren zati diren zuzeneko kostuak eta zeharkakoak, bai eta kostu finantzarioak, ibilgetua amortizatzekoak eta, hala tokatzen bada, hornidura zerbitzuaren mantentzea eta garapen arrazoizkoa bermatzeko kostuak ere, zein ere den tasa ordaintzen duen erakunde edo aurrekontua.

3. Edateko uraz hornitzen duen zerbitzuaren mantentze lana eta garapen arrazoizkoa kalkulatzeko, organo eskudunak onetsitako aurrekontua eta proiektua hartuko dira aintzat.

9. artikulua. 1. Ordenantzaren II. eranskinean, hartutako metro kubiko bakoitzeko, ezarritako tarifak kontsumoei aplikatuta aterako da tributu kuota; betiere, aipatu II. eranskineko IV. epigrafean adierazitako saneamendu kanona aplikatuko da, bai eta beste kargu batzuk ere, unean uneko legerian ezartzen direnak.

2. Halaber, etxebizitza edo lokal bateko kontagailua ez bada hiru hilabeteko gutxieneko kontsumora iritsi (18 m³), ordenantzaren II. eranskineko III. epigrafean ezarritakoa izanen da hiru hilabeteko gutxieneko tasa.

5. ATALA

Sortzapena

10. artikulua. 1. Edateko uraz hornitzen duen zerbitzuaren tasa sorraraziko da, 5. artikuluko 2. zenbakian ezarritako kontzeptuengatik, zerbitzua egiten hasten den unean.

2. Edateko uraz hornitzen duen zerbitzuaren tasa hiru hilean behin kobratuko da.

6. ATALA

Kudeaketarako eta diru-bilketarako arauak

11. artikulua. 1. Sarerako hargunea edo hornidura eskatzen duenaren kontura izanen dira hargunea instalatzeko gastuak, materialak eta esku-lana barne, bai eta kontagailua erosi eta instalatzeko gastuak ere.

2. Sustatzaile edo eraikitzaileek, edo eraikinean lehen hargunea egin gogo duten pertsona fisiko edo juridikoek eskabidea aurkeztu beharko diote Udalari, hornidura partikularrak zein etxebizitza, etxabe edo lokaletan ezarri gogo diren, haien kopurua adierazita, bai eta zenbatek jasoko duten hornidura zerbitzua, higiezinaren azalera erabilgarria eta ezarri gogo den hargunearen diametroa ere.

Eskabidea ikusi ondoren, Udalak erabakia hartuko du eta beharrezkotzat jotzen badu, informazio osagarria eskatuko. Halaber, hargune orokorra egiterakoan, jarraibideak eman ditzake.

3. Aurreko zenbakian adierazitako ondorioetarako, lehenengo hargunetzat joko dira eraiki berriak diren higiezinetakoak, edo jadanik eraikita dauden higiezinetakoak, baldin eta eskabidea egin aurreko hamar urtean ez bada urik kontsumitu.

4. Aurreko bi zenbakietan araututako kasuetan, nahitaezkoa izanen da kontagailu bat instalatzea herritar edo familia-unitate bakoitzeko edo lokal edo jarduera bakoitzeko.

12. artikulua. Lau hilean behin, Udalak tasaren likidazioak egin eta zuzenean igorriko dira banku edo kutxa bidez kobratzeko.

Ondorio horietarako, subjektu pasibo guztiak behartuta daude banku bidez helbideratzera Udalari dagozkion likidazio edo ordainagiriak.

13. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusitako ordainarazpenak hiru hilean behin ordainduko dira, behar bezala jakinarazitzat joko dira banku bidezko helbideratzea igorri eta biharamunetik, eta egun horretatik aitzina hasiko da hogeita hamar egun balioduneko epea, borondatez ordaintzeko.

Borondatez ordaintzeko epea iragan eta tasa ordaindu ez bada, Agoizko Udalak premiamendu prozeduraren bitartez ordaintzeko eskatuko du, dagokion errekarguarekin, mugaeguna betea duen zor likidoa denez.

7. ATALA

Hornidura zerbitzuaren arau iragankorrak

14. artikulua. 1. Udalaren hornidura sareak ur eskasia duen denboraldietan, Udalak ur kontsumoa eta erabilera murrizteko arauak emanen ditu, Udalaren saretik egiten diren erabilera edo kontsumoen gehieneko kopuruak, ordenantzaren 4. artikuluan eta I. eranskinean ezarritakoak (hainbat erabilera eta kontsumotarako gehieneko kopuruak), aldatuta. Zenbait erabilera debekatu ere egin ditzake.

2. Murrizte aldi horietan etxeko kontsumo eta erabilerek lehentasuna izan dezaten, aurreko zenbakian jasotako kasuan, lehen-lehenik, jostetako edo aisiako erabilerentzat izanen dira kontsumoa eta erabilerak murrizten dituzten arauak; ureztatzeko, gero; industriarako eta nekazaritzarako, ondoren. Azken tokian, eta beste aukerarik ez dagoenean, etxeko erabileretan izanen du eragina.

3. Artikulu honen 2. artikuluan aipatu ureztatzeari dagokionez, kontsumoa eta erabilerak murrizten dituzten arau horietan nahitaez sartuko da ureztatzeko debeku erabatekoa, ura Udalaren saretik hartuta.

4. Artikulu honen 2. artikuluan aipatu josteta edo aisiako erabilerei dagokienez, kontsumoa eta erabilerak murrizten dituzten arau horietan nahitaez sartuko da igerileku partikularretan ura berritzeko debeku erabatekoa, ura Udalaren saretik hartuta.

5. Orobat, aurreko zenbakian adierazitako erabilerei dagokienez, baldin eta, artikulu honen 1. zenbakian adierazitako arrazoiak gertatuz gero, Udala behartua bada maiatzaren 20a baino lehen kontsumoa eta erabilerak murrizten dituzten arauak ematera, nahitaez sartuko da arau horietan igerileku partikularrak betetzeko erabateko debekua, ura Udalaren saretik hartuta.

6. Alkatetzak bando bidez emanen ditu uraren kontsumoa aldi batez murrizten duten arauak. Udalak zuzenean eta banan-banan jakinaraziko die Agoizko etxe eta industriako zein zerbitzuetako lokal guztiei. Arau horiek nahitaez errespetatu eta bete beharko dira subjektu pasiboei jakinarazten zaizkienetik aitzina.

7. Udal zerbitzuek eginen dute aurreko 6. zenbakian adierazitako jakinarazpena herriko etxe edo lokal guztietan, eta ondorio guztiak izanen ditu ordenantzan ezarritako kontu guztietan, nahiz eta une horretan etxean edo lokalean den hartzaileak edo pertsonak jakinarazpena jasotzeari uko egin, eta Udaleko funtzionarioek behar bezala jasota utzi beharko dituzte jakinarazteko egin dituzten saio edo eginbide guztiak.

8. ATALA

Erabiltzaileen betebeharrak

15. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak dira:

1. Udalari berehala jakinaraztea ura banatzeko Udalaren sarean edo bere jabetzako edo okupatzen ari den higiezinean matxura edo ihes baten ondorioz gertatutako inguruabar oro.

2. Ura norberaren kontsumorako erabiltzea. Erabiltzaileak ezin du inondik ere beste inor uraz hornitu, ez eta hargune eskubidea ez duenari hartzen utzi ere. Gainera, galarazi beharko du hornidura zerbitzuan gertatzen ahal den iruzur oro. Halakorik bada, iruzurrari, bai ekintzaz bai ez-egitez, bidea eman dion erabiltzailea izanen da erantzule bakarra.

3. Kontagailua, paso-giltza eta ura banatzeko eraikinen barreneko sarea funtzionamendu baldintza egokietan egon daitezen zaintzea, bai eta kontagailua eta paso-giltza dauden tokia ere, Udaleko langileek ikuskatzeko, baldintza egokietan izan dadin. Orobat, Udalak ematen dituen jarraibideak bete beharko dituzte.

4. Kontagailua dagoen tokira sartzen uztea irakurketa egiten duen langile kreditatuari edo Udalak izendatutako edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo antzeko zerbaitengatik etxera edo lokalera sartu behar bada.

5. Uneoro eta, batez ere, ordenantzaren 14. artikuluan jasotako kasuetan, erabileren lehentasun ordena, 3. artikuluan ezarritakoa, errespetatzea.

6. Ordenantzaren 14. artikuluan ezarritako kasuetan Udalak kontsumoa eta erabilerak murrizteko ematen dituen arauak zintzo betetzea.

7. Kasu bakoitzean, ordenantza honetan ezarritako arau guztiak zintzo betetzea.

9. ATALA

Arau-hausteak eta zehapenak

16. artikulua. 1. Ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako arau-haustetzat joko dira:

a) Udalak neurgailuak edo kontsumo-aparatuak aldatzeari buruz edo hargunerako egin beharreko obrei buruz emandako jarraibideak ez betetzea.

b) Udalak izendatutako langileek, behar bezala kreditaturik, etxebizitza eta lokalak ikuskatzeko egiten dituzten bisitei oztopoak jarri edo haiek galaraztea.

c) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikusteko duten frogaketak eragoztea.

d) Udalaren hornidura eta saneamendu sareko edozein elementu sar dadin oztopatu edo galaraztea.

e) Udalak ezarritako prezintu, sarraila edo aparatuak aldatzea edo Udalaren hornidura eta saneamendu sareko edozein elementu hondatzea.

f) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

g) Ordenantzaren 14. eta 15.5 artikuluei loturik, erabilerak lehenesteko ordena, 3. artikuluan ezarritakoa, ez betetzea.

h) Ura kontsumitzeko eta erabiltzeko arau murriztaile iragankorrak, ordenantzaren 14. artikuluan 15.6 artikuluari loturik aipatuak, ez betetzea.

i) Ordenantzaren 4. artikuluko 2. zenbakian ezarritako debekua ez betetzea.

2. 15.1 artikuluan eta 16. artikuluko 1. zenbakiko a) letran adierazitakoak arau-hauste arinak dira.

3. Artikulu honen 1. zenbakiko b), c), d) e) eta f) letretan adierazitakoak arau-hauste larriak dira; orobat, ordenantzaren 15. artikuluan adierazitako eginbeharretatik edozein ez betetzea, arau-hauste arintzat edo oso larritzat jotzen ez bada. Bestetik, Nafarroako Toki Ogasunen arauei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen I. tituluko IV. kapituluko 6. atalean ezarritako arau-hausteak.

4. Artikulu honen 1. zenbakiko g), h) eta i) letretan adierazitakoak arau-hauste oso larriak dira.

17. artikulua. 1. Zehapen prozedurari, zehapenen graduazioari eta arau-hausteen erantzukizuna iraungitzeari dagokienez, zuzenean aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen I. tituluko IV. kapituluko 6. atalean jasotako aginduak, bai eta administrazio prozedurari buruzko arau orokorrak eta administrazio publikoen zehapen ahalmena arautzen dutenak ere.

2. Ordenantzaren 15.1 artikuluan eta 16.1.a) artikuluan aurreikusitako arau-hausteei, 16.2 artikuluan arintzat jotzen baitira, 50etik 100 euro bitarteko isuna ezarriko zaie, arau-hauste bakoitzeko.

3. Ordenantzaren 16.1 artikuluko b), c), d) e) eta f) letretan aurreikusitako arau-hausteei, ordenantzaren 15. artikuluan adierazitako edozein eginbehar betetzen ez dutenei, arau-hauste larriak baitira 16.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen I. tituluko IV. kapituluko 6. atalean ezarritakoei 100,01etik 200,00 euro bitarteko isuna ezarriko zaie, arau-hauste bakoitzeko.

Isun horiek kasu bakoitzean moldatuko dira kontuan hartuta zenbat ur kontsumitu den eta, bereziki, zer ondorio izan dituen arau-hausteak Udalaren sareko hornidura eta saneamendu zerbitzuaren operatibitatean.

4. Ordenantzaren 16.1 artikuluko g), h) eta i) letretan aurreikusitako arau-hausteei, 16.4 artikuluan oso larritzat jotzen baitira, 200,01etik 300 euro bitarteko isuna ezarriko zaie, arau-hauste bakoitzeko.

Isun horiek kasu bakoitzean moldatuko dira kontuan hartuta zenbat ur kontsumitu den eta, bereziki, zer ondorio izan dituen arau-hausteak Udalaren sareko hornidura eta saneamendu zerbitzuaren operatibitatean.

5. Martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52.3 artikuluan adierazitakoari jarraituz (Nafarroako toki araubidea eguneratzen duen urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen 16. artikuluan erredaktatu den moduan), nork bere borondatez ordaintzen ez duenean, isunak premiamendu bidez bilduko dira.

10. ATALA

Udalaren betebeharrak eta erantzukizunak

18. artikulua. 1. Udalak ardura handiz begiratuko du edateko uraz hornitzen duen zerbitzua eta hari lotutakoak behar bezala egiten direla, baina horregatik ez da erantzule izanen erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeretan, presio eskasa izan, ur hornidura eten edo zerbitzuan beste edozein gorabehera gertatuz gero.

2. Udalak abisua emanen du, bando bidez, eten luzeak izaten direnean, salbu eta premia handiko kasuak badira.

Horretarako, Udalak zuzenean eta banan-banan jakinaraziko die bandoa Agoizko etxe eta industriako nahiz zerbitzuko lokal guztiei. Kasu horietan, ordenantzaren 14. artikuluko 7. zenbakian adierazitakoa aplikatuko da.

3. Udalak, aurreneurri gisa, ur hornidura eten ahalko dio hargune baten titularrari, baldin eta instalazio barrenean ur-galera dakarten matxurak baditu. Orobat, asmo txar agerikoa, iruzurra egiteko edo ez ordaintzekoa, edo mota bereko bi arau-hauste baino gehiago egiteko asmoa dagoenean, hornidura moztu ahalko du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta harekin bat heldu den legeria aplikatuko dira.

Bigarrena.–Nafarroako Toki Administrazioa arautzen duen uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324 eta 326. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, ordenantza honek indarra hartuko du, eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Udalak, aipatu Foru Legearen 325. artikuluan adierazitako tramiteei jarraituz (Nafarroako toki araubidea eguneratzen duen urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen 13. artikuluak erredaktatu duen moduan), behin betiko onetsi eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan.

I. ERANSKINA

Gehieneko kopuruak Udalaren sareko ura erabili eta kontsumitzeko

a) Gehieneko kopuruak, gizakiak erabili edo kontsumitzeko (populazio iraunkorra zein urtaroei lotua): 220 litro, biztanle eta egun bakoitzeko.

b) Gehieneko kopuruak, abeltzaintzan erabili edo kontsumitzeko:

–Behi azienda: 35 litro, buru eta egun bakoitzeko.

–Behor azienda: 25 litro, buru eta egun bakoitzeko.

–Zerri azienda: 15 litro, buru eta egun bakoitzeko.

–Ardi/ahuntz azienda: 5 litro, buru eta egun bakoitzeko.

–Untxiak: litro bat, buru eta egun bakoitzeko.

–Hegaztiak: 0,50 litro, buru eta egun bakoitzeko.

c) Gehieneko kopuruak, industrian erabili edo kontsumitzeko: 210 litro, langile eta egun bakoitzeko.

d) Gehieneko kopuruak, ureztatzen erabili edo kontsumitzeko: 600 litro/m²ko urtean (hau da, 6.000 m³ hektareako, urtean; edo 538.841,5 litro erreguko, urtean).

II. ERANSKINA

Tarifak, gutxieneko kontsumoak eta saneamenduko kanona

I.–Gutxieneko tarifak.

1.–Tarifa finkoa kontagailu bakoitzeko, urtean: 19,232 euro.

2.–Lotune edo hargunerako eskubidea: 80,00 euro.

II.–Prezioen tarifak, kontsumitutako m³ bakoitzeko.

1.–Jendearen erabilera edo kontsumoa, edo etxekoa:

a) 36 m³ bitarteko kontsumoa hiru hilean: 0,216 euro/m³.

b) 36 m³-tik gorako kontsumoa hiru hilean: 0,312 euro/m³, 36 m³-tik gorako kontsumoarentzat.

2.–Abeltzaintzako erabilera edo kontsumoa:

a) 36 m³ bitarteko kontsumoa hiru hilean: 0,24 euro/m³.

b) 36 m³-tik gorako kontsumoa hiru hilean: 0,328 euro/m³, 36 m³-tik gorako kontsumoarentzat.

3.–Industriako erabilera edo kontsumoa:

a) 36 m³ bitarteko kontsumoa hiru hilean: 0,264 euro/m³.

b) 36 m³-tik gorako kontsumoa hiru hilean: 0,336 euro/m³, 36 m³-tik gorako kontsumoarentzat.

4.–Ureztatzeko erabilera edo kontsumoa:

a) 36 m³ bitarteko kontsumoa hiru hilean: 0,28 euro/m³.

b) 36 m³-tik gorako kontsumoa hiru hilean: 0,36 euro/m³, 36 m³-tik gorako kontsumoarentzat.

5.–Josteta edo aisiako erabilera edo kontsumoa (jabetza partikularreko igerilekuak bete eta mantentzea):

a) 36 m³ bitarteko kontsumoa hiru hilean: 0,304 euro/m³.

b) 36 m³-tik gorako kontsumoa hiru hilean: 0,40 euro/m³, 36 m³-tik gorako kontsumoarentzat.

6.–Erabilera edo kontsumo konbinatuak:

6.1. Jendearen kontsumoaz gain, ureztatzeko kontsumoa ere duten etxeetan:

a) 36 m³ bitarteko kontsumoa hiru hilean: 0,216 euro/m³.

b) 36 m³-tik gorako kontsumoa hiru hilean: 0,36 euro/m³, 36 m³-tik gorako kontsumoarentzat.

6.2. Giza kontsumoaz gain, josteta edo aisiako erabilera edo kontsumoa (igerilekuak bete eta mantentzea) duten etxeetan:

a) 36 m³ bitarteko kontsumoa hiru hilean: 0,216 euro/m³.

b) 36 m³-tik gorako kontsumoa hiru hilean: 0,40 euro/m³, 36 m³-tik gorako kontsumoarentzat.

III.–Gutxieneko kontsumoak.

Etxebizitza eta lokal guztiei, kontagailua hiru hilabeteko kontsumoan gutxienekora iritsi ez bada, gutxieneko tasa aplikatuko zaie hiru hilean behin: 6,01 euro.

IV.–Saneamenduaren kanona.

Kontsumitutako ur guztiari, zein den ere erabilera, etxeko isurien saneamendu kanona aplikatuko zaio, Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeetan urtero ezartzen dena.

Nafarroako ur-hondakinen saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legeak eta apirilaren 5eko 82/1990 Errege Dekretuak, aipatu Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuenak, arautzen dute saneamendu kanona. Urtero, ekitaldi bakoitzeko Aurrekontuei buruzko Foru Legeak ezarriko du haren zenbatekoa, aipatu Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorraren arabera.

Ordenantza hau prestatzeko unean, aipatu kanona 0,57 euro/m³ da etxeko erabilerarako, eta 0,71 euro/m³ etxekoa ez den erabilerarako (Tributu Neurriei buruzko abenduaren 24ko 28/2014 Foru Legea, 2014ko 254. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 31n, argitaratua).

Iragarkiaren kodea: L1516538