Iragarkia
4. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 8a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ATARRABIA
Deialdia, Amalur haur eskolako zuzendari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
1. Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Atarrabiako Udalaren Amalur haur eskolako zuzendari izateko lanpostu bat betetzea, oposizio-lehiaketa bidez. Lan-kontratudunaren araubidekoa izanen da, eta 05 01 01 / 01 kodea izanen du plantillan.
1.2. Ezarria dago deialdiko plazarako nahitaezkoa dela euskara jakitea. Beraz, beharrezkoa izanen da Nafarroako Gobernuaren EGA titulua izatea, edo Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidetzat aitortua dagoen ziurtagiria.
1.3. Lanpostuak B mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenaren arabera, bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.
1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
1.5. Aukeratzen den pertsonak bete behar dituen eginkizun nagusiak izanen dira eskolako zuzendaritzarekin loturik daudenak, dagozkion lan arloetan: hezkuntza, administrazioa, sukalde zerbitzua eta instalazioa garbitzeko zerbitzua, baita esleitutako langileen zuzendaritza eta aurrekontuaren kudeaketa ere.
Ondorio horietarako, bere gain hartuko du aplikatzeko araudiak eskolari eskatzen dizkion beharkizunak betetzea, bai instalazioari dagokionez bai langileei dagokienez; behar diren neurriak ezartzea, bermatzeko familiek behar den elkarlana eta koordinazioa izanen dutela eskolarekin; kanpoko erakundeekin –ikastetxeak, premia bereziak– eta barne erakundeekin –beste udal zerbitzu batzuk, batzordeak...–; hezkuntza eta kudeaketa proiektuaren definizioa eta garapena gainbegiratzea, baita eskolako antolaketa eta funtzionamendu arauak gainbegiratzea ere, eta, oro har, lanpostuak bere dituen guztiak, edo etorkizunean izanen dituenak, eta ogibideen, lanbideen eta erabiltzen diren tresnen eta lanabesen bilakaerak ekar ditzakeenak, eta antolaketa sistemetako eta ematen diren zerbitzuetako aldaketek ere ekar ditzaketenak.
1.6. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan honako hauetan xedatuari jarraikiko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta betearazi beharrez Administrazio Publikoetan Sartzeko emandako Erregelamendua eta gainerako aplikatzeko arauak.
2. Izangaien betebeharrak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.
b) Adinez nagusia izatea.
c) Maisu edo maistra titulua izatea, haur hezkuntzan espezializatua, edo haur hezkuntzako maisu-maistren lanbidean aritzeko gaitzen duen gradu titulua edo baliokidea.
d) Nafarroako Gobernuaren EGA titulua izatea, edo Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidetzat aitortua dagoen ziurtagiria, edo behar den hizkuntza eskakizuna zehazten duen proba gainditzea, otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Horren bidez arautu zen euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan.
e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek aipatutako baldintza horiek betetzen dituztela frogatu beharko dute, deialdi honetako 9. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta horien jabe beharko dute izan oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.
3. Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Atarrabiako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, bertara agertuta edo bere egoitza elektronikoaren bitartez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean, azken eguneko 14:00ak arte. Egun hori baliogabea bada, hurrengo egun baliodunean bukatuko da epea. Eskabideak deialdi honen I. eranskin gisa argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriok ere aurkeztu beharko dira:
1.–Deialdian parte hartzeko eskubidea ematen duen titulu akademikoaren fotokopia.
2.–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri ofizial baliokideren batena.
3.–Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten agiri jatorrizkoak edo kautotuak.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoan, Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
5. Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduna.
5.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Mahaiburua: Atarrabiako Udaleko alkate udalburua. Ordezkoa: Hezkuntzako Batzordeko burua.
–Epaimahaiko kidea: Jaime Izal Elorz, Printzearen Harresi haur eskolako zuzendaria. Ordezkoa: Estefanía Valencia, Iruñeko Haur Eskolako zuzendaria.
–Mahaikidea: Atarrabiako Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria. Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.
–Epaimahaiko kidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.
–Mahaikide idazkaria: Atarrabiako Udaleko idazkaria. Ordezkoa: Zangozako Udaleko idazkaria.
5.2. Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.
5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
6. Oposizio-lehiaketaren garapena.
6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu: lehiaketaldia eta oposizioaldia, oinarri hauetan adierazten den gisan. Hasiera 2015eko otsailaren aitzinetik gauzatuko da, seguruenik.
6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioaldiko ariketak non eta zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Herriko Etxeko iragarki oholean emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.
7. Lehiaketaldia.
7.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea eta haren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, betiere deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin zuzeneko harremana duten gaiei loturik. Gehienez ere 20 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:
–Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 10 puntu.
–Prestakuntza osagarriagatik, haren edukiak lanpostuarekin zuzenean ikusteko badu, gehienez ere 10 puntu. Baloratuko da zuzendaritza eta kudeaketa eginkizunekin lotutako eskarmentua, baita hezkuntza eginkizunekin lotutakoa ere.
7.2. Epaimahaiak IV. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.
7.3. Oposizioaldiko hirugarren proba egitera iristen diren izangaiei baizik ez zaie eginen balorazio hori; iragarki oholean argitaratuko dira haren emaitzak.
7.4. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.
8. Oposizioaldia.
8.1. Oposizioaldiak ondoko ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 80 puntu lortzen ahal dira:
8.2. Lehenbiziko proba galde sorta teoriko-praktikoa izanen da, gaztelaniaz, deialdi honetako II. eranskinean agertzen den gai zerrendari buruz. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako proportzioan. Proba honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
8.3. Bigarren proban epaimahaiak proposatutako bi kasu praktiko garatu beharko dira, III. eranskineko gai zerrendarekin lotutako gaiei buruz. Proba honetan gehienez ere 50 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
8.4. Hirugarren proban ariketa psikotekniko bat edo gehiago egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da. Probaren gehieneko balioa 20 puntu da, eta bazterturik geldituko dira gutienez ere puntuazio horren erdia eskuratzen ez dutenak.
8.4.1. Lehen bi probetako emaitzak baturik puntuaziorik hoberena erdietsi duten lehen 15 izangaiek baizik ez dute hirugarren proba hori egiten ahalko.
8.5. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren. Haien iraupena epaimahaiak erabakiko du, hasi aitzin.
8.6. Dei bakarraren bidez eginen dira oposizioaldiko proba guztiak, eta izangaiak NANa aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.
9. Probak gainditu dituztenen zerrenda, kontratatzeko proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Azken ariketaren kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu Atarrabiako Udalaren iragarki oholean, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari.
9.2. Emaitzak argitara eman eta 15 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean:
a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
b) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.
c) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena, deialdiko lanpostuan egin beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloen arabera; Udaleko laneko arriskuei aurrea hartzeko zerbitzuak egiten duen osasun azterketaren bidez eginen da. Aipatu osasun azterketan “gai” kalifikazioa ez duten izangaiak ezin izanen dira kontratatu.
d) Zin egite edo hitzematea, Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiria aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.
e) Desgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.
f) Hala behar badu, Atarrabiako Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.
9.3. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbertzekoetan salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, izan dezaketen erantzukizuna ukatu gabe.
9.4. Aitzineko atalean aurreikusitako kasuan, Atarrabiako Udalak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, 9.1 atalean aipatzen den horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du lanpostua.
10. Kontratazioa.
10.1. Hautapen prozedura amaitu eta izangaiek oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoan, alkateak kontratazioa eginen du.
10.2. Deialdiaren emaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.3. Oposizio-lehiaketaren emaitza jakinarazten duen ebazpenean ezarritako egunean formalizatu beharko dute kontratua aukeratutakoek. Egun horretan, eta ezinbertzekoetan salbu, kontratua sinatzen ez badute, kontratatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Horrelakorik gertatuz gero, 9. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
11. Datu pertsonalen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Legearekin bat, izangaiek, deialdira aurkeztu hutsez, baimena emanen dute beren datu pertsonalen tratamendurako, eta jakinaren gainean geldituko dira “langileen kudeaketa” izeneko fitxategia dagoela, bertzeak bertze, langileak hautatzeko prozesuak egiteko.
Orobat ematen zaie aditzera izangaiei bildutako datuak hirugarrenei lagatzen ahal zaizkiela legean berariaz adierazten denetan, edo lagapena bertze administrazio publiko batzuei egiten zaienean, bakoitza bere eskumenetan ari dadin.
Hautapen prozesuaren emaitzak jendaurrean jarriko dira, ez bakarrik aplikatzeko arauetan ezartzen diren tokietan, baita Atarrabiako Herriko Etxeko iragarki oholean eta bertako Udalaren web orrian ere.
Udala da fitxategiaren arduraduna eta udal egoitzan erabiltzen ahalko dira fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak.
12. Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bertzenaz,
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.
c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
Atarrabian, 2015eko irailaren 22an.–Alkatea, sinadura ulertezina.
I. ERANSKINA
–Eskabide eredua (PDF).
II. ERANSKINA
Araudiari buruzko gai zerrenda
1. Nafarroako toki entitateen lege araubidea: udalerriak: Toki erakundeen eskumenak. Antolaketa eta administrazioa.
2. Atarrabiako Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko bilkura, alkatea eta Gobernu Batzordea. Informazio batzordeak. Udal erakundeen funtzionamendua.
3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.
4. Administrazio-prozedura. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea. Printzipioak eta aplikazio esparruak. Administrazio prozeduraren faseak. Administrazio errekurtsoak.
5. 0-3 urteko etapa indarreko legerian: Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa eta 28/2007 Foru Dekretua, Haur Hezkuntzako lehenbiziko zikloa arautzen duena.
III. ERANSKINA
Lanbideko gaiak
1. Ikastetxeko hezkuntza proiektua eta haur eskolako curriculum proiektua.
2. Zer da haur eskola bat: antolaketa eta funtzionamendua.
3. Girotzea, ekipamendua, material didaktikoa eta curriculumetakoa 0-3 urte bitarteko ikasketa aldian.
4. Teoria psikopedagogiko nagusien eragina haur eskolan: Vigotsky, Piaget, Bruner, Ausubel eta Malaguzzi.
5. Kalitatea, berrikuntza eta ebaluazioa. Kalitate faktoreak, haur eskola bateko antolaketan eta funtzionamenduan. Kultura estatikoa eta kultura dinamikoa. Ikastetxearen ebaluazioa eta hobekuntza planak.
6. Familiaren eta haur eskolaren arteko harremanak.
7. Hezkuntzan esku hartzeko printzipioak eta oinarrizko metodologia 0-3 urteko hezkuntza etapan.
8. Haurren bizitzarako inportanteak diren alderdiei arreta ematea eskolan: egokitzapena, jana, loa eta esfinterrak eta agresibitatea kontrolatzea.
9. Haur eskolako zuzendariaren eginkizunak eta erantzukizuna. Kudeaketa estiloak. Helburuak eta printzipioak.
10. Pertsonen arteko harremanak eta talde lana. Lantaldean parte hartzea zuzendariaren rola izanik. Langileen motibazioa. Bilerak eraginkorki gidatzea.
11. Arazoak aztertu eta erabakiak hartzea. Konponbideak eraikitzeko teknikak. Erabaki eraginkorrak.
12. Gatazkak konpontzea. Negoziazioa eta bitartekaritza. Akordio eraginkorrak. Elkar ulertzeko giroa sortzea. Estresa kudeatzea.
13. Adimen emozionala zuzendaritzari aplikatua. Giza faktorea, funtsezko elementua lanean eta antolaketan. Emozioak. Eraginkortasun komunikatiboa.
14. Informazioa eta komunikazioa. Komunikazioa hobetzeko teknikak. Laneko giroa.
15. Denbora kudeatzea: eskolako zuzendaritzan kontrolatu beharreko elementua. Norberaren lanaren antolaketa. Presako zereginak eta lehentasunezko zereginak. Denbora optimizatzea.
16. Arriskuen prebentzioaren kudeaketa haur eskoletan. Lan baldintzak eta osasuna.
IV. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 10 puntu.
–Ikastetxe publikoetan zuzendari aritzeagatik, deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunetan, urtebetez edo denbora luzeagoz: urtebete oso bakoitzetik, 2 puntu.
–Ikastetxe pribatuetan zuzendari aritzeagatik, deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunetan, urtebetez edo denbora luzeagoz: urtebete oso bakoitzetik, 1 puntu.
Laneko eskarmentua baloratzeko oharrak:
Laneko eskarmentua frogatuko da enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiriak eta Gizarte Segurantzako kotizazioaren ziurtagiria aurkeztuz.
Enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagirietan hauek jaso beharko dira: kategoria profesionala, lanaldi mota (lanaldi partzialak izanez gero, portzentajea edo ordu kopurua zehaztuta) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera data zehatzak.
Eskabideak aurkezteko epea bururatu aitzin gauzatu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.
Data beretan bi kontratu edo gehiago egon badira, izangaiari mesedegarrien zaion hura baloratuko da soilik.
Denbora partzialeko kontratuak eta urtebete baino gutiago irauten dutenak, proportzioaren arabera kontatuko dira.
b) Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean ikusteko duen edukiaren gaineko prestakuntza osagarriagatik, gehienez ere 10 puntu, baremo honi jarraikiz:
Pertsonen zuzendari eginkizunekin lotutako prestakuntza ikastaro bakoitzagatik, behar bezalako ziurtagiria izanik, iraupena gutxienez ere 10 ordukoa izanik: 0,2 puntu 10 orduko.
Haur hezkuntzako eginkizunekin lotutako prestakuntza ikastaro bakoitzagatik, behar bezalako ziurtagiria izanik, iraupena gutxienez ere 10 ordukoa izanik: 0,1 puntu 10 orduko, eta gehienez ere 5 puntu.
Prestakuntza osagarria baloratzeko oharrak:
Iraupena behar bezala frogatzen ez bada, ikastaroa 10 orduko gisa baloratuko da.
Iragarkiaren kodea: L1516065
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
