4. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

205E/2015 EBAZPENA, abenduaren 1ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Vianako udal mugapean dagoen hondakinak kudeatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzen duena. Instalazioaren titularra Saica Natur SL da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 13ko 612/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero zenbait aldiz aldatua.

2015eko maiatzaren 22an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, kudeatutako hondakin berriak sartzeko. Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2015eko ekainaren 10ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa ez da funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, horregatik, ez da beharrezkoa Ingurumen baimen integratu berria ematea; aldaketa nabarmena da ordea, aldakuntza garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan, eta, horregatik, aldaketak Ingurumen baimen integratuan jaso eta hura aldatu beharra dago.

2015eko uztailaren 30ean titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuaren aldaketa, dagokion proiektua aurrera eramateko, hau da, plantara nahasita iristen diren hondakin batzuk eskuz bereizteko. Xedea da energetikoki balorizatzeko moduko hondakinak bereiztea, horrela horiek zabortegian ezabatzea saihestuz. Halaber, eskatzen da hondakin berriak sartzea transferentzia zentroaren jardueraren barnean.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez esleitu zaizkidan eskumenak erabiliz, haren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren, Mendi Zerbitzuko zuzendariaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten baita indarreko araudiak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari esleitzen dizkion zenbait eskumen administratiboren erabilera.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan titularrari entzutea emateko tramitea bete da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu,

EBATZI DUT:

Lehena.–Vianako udal mugapean dagoen hondakinak kudeatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzea, kudeatutako hondakin berriak sartzeko proiektua gauzatzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen I. eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Saica Natur SL da.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua burutu dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena aurkezten duen egunean edo, edozein kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean hasiko dira aplikatzen Ingurumen baimen integratuaren aldaketa honetan ezarritako baldintzak. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Saica Natur SLri eta Vianako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko abenduaren 1ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1516306