1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
139/2015 EBAZPENA, abenduaren 1ekoa, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Telefónica Móviles España SAk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatu eta eguneratzeko aurkeztu duen 5. espedientea onesten duena.
Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera, operadoreek planaren edukiaren edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari jakinarazi beharko diote, plana behar den moduan eguneratuz.
Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusiaren urriaren 5eko 41/2015 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Telefónica Móviles España SAk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatu eta eguneratzeko aurkeztu duen 5. espedientearen tramitazioari, eta agindua eman zen eskatutako kokapenak Nafarroako Gobernuaren gobernu irekiaren atarian argitaratzeko, interesdunek bidezko alegazioak aurkez zitzaten.
Orobat, ebazpen horretan errekerimendua egin zitzaien Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, bakoitzak bere eskumenen esparruan txostena egiteko azpiegituren lurralde planeko aipatu aldaketari buruz. Aipatu unitateek eta Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak txosten bana egin dute, eta horietan ezarritako determinazioak ebazpen honen II. eranskinean bildu dira.
Aipatu atarian jendaurrean egon den bitartean, honako alegazio hauek jaso dira:
–Zizur Nagusiko Udala.
–Corellako Udala.
–Añarbeko Urak SA.
Alegazioen laburpena eta haiei eman zaien erantzuna ebazpen honen III. eranskinean daude.
2015eko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez, 10/2002 Foru Legean arautzen diren Nafarroako Foru Komunitateko azpiegituren lurralde planei dagokienez, Nafarroako Gobernuak erabaki du telekomunikazioen arloan eskumenak dituen departamentuak tramitatu eta ebatziko dituela plan horiek.
Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren 4. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Telefónica Móviles España SAk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatu eta eguneratzeko aurkeztu duen 5. espedientea onestea, barne direla ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren kokapenak eta II. eranskinean agertzen diren determinazioak, ukitutako instalazioek bete beharko dituztenak.
2. Aurkeztu diren alegazioak ebazpen honen III. eranskinean azaldutako moduan ebaztea.
3. Ebazpena honako hauei igortzea: Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzua, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzua, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzua, Ondare Historikoaren Zerbitzua eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua.
4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Telefónica Móviles España SAri eta Añarbeko Urak SAri jakinaraztea, eta aditzera ematea gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoarekin bat (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen).
5. Ebazpen hau, eranskinekin batera, Zizur Nagusiko eta Corellako Udalei jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2015eko abenduaren 1ean.–Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusia, Mikel Sagués García.
I. ERANSKINA
ESTAZIOA | UDALERRIA | UTMX | UTMY |
Añorbe | Añorbe | 605173,2 | 4723629,7 |
Arano_Añarbeko Urak | Arano | 589742,1 | 4784083,5 |
Arantza | Arantza | 602605,1 | 4783040,5 |
Arraioz_Simply | Arraioz (Baztan) | 616030,1 | 4777320,5 |
Castejón_Trenasa | Castejón | 608193,4 | 4670171 |
Corella_Erribera | Corella | 599290,4 | 4662669 |
Los Arcos_Zirkuitua | Los Arcos | 568137,1 | 4712190,2 |
Luzaide_Peio Benta | Luzaide | 640715,2 | 4775392,1 |
P_Mogotes | Iruña | 609665,5 | 4742717,6 |
P_Puerta del Camino | Iruña | 610868,5 | 4741759,6 |
Sarriguren_Berrikuntzaren Hiria | Sarriguren (Eguesibar) | 614329,5 | 4741233,6 |
Zizur_Hotela | Zizur Nagusia | 606855,4 | 4738438,7 |
Baimen partziala (Ikus II. eranskina-Berariazko determinazioak):
Lizarra_Ospitalea | Lizarra | 578741,3 | 4726081,1 |
II. ERANSKINA
Determinazio orokorrak
–Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:
Irekitzeko lizentziaren fasean, eta oinarrizko estazioak martxan jarri baino lehen, teknikari eskudun baten ziurtagiria aurkeztuko da dagokion udalean. Txosten horretan justifikatuko da estazioak proiektu teknikoarekin eta aurkeztutako eranskinekin bat egin direla, eta emisio irrati-elektrikoetako esposizio mailen neurketa errealen emaitzak emanen dira. Neurketak erradiazio handiena den iristeko moduko tokian eginen dira, barne direla bereziki aintzat hartu beharreko erabilera-eremuak, urtarrilaren 11ko CTE23/2002 Aginduan eta geroko aldaketetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:
Sustatzaileari gogorarazi behar zaio ezen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera, obretako udal lizentziak eman baino lehen instalazio bakoitzaren ingurumen ukipenetarako baimen egokia tramitatu beharko dela, betiere instalazioa lurzoru urbanizaezinean bada eta aldez aurretik baimen hori ez badu.
–Ondare Historikoaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:
–Aurreikusitako lanetan, horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, lanak gelditu eta horren berri eman beharko dio, berehala, Arkeologiaren Atalari, ondare historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak). Aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatzeko, oharpen hori ez betetzeagatik ondare historikoari gerta dakiokeen edozein ukipen arau-hauste larritzat joko da.
–Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:
Abenduaren 31n martxan dauden estazioen zerrenda aurkeztu beharko du operadoreak, egun hori baino lehen, gutxienez datu hauekin: estazioaren kodea, UTMx eta UTMy koordenatuak, erabilitako teknologiak (GSM, UMTS, LTE, etab.), emisio frekuentziak eta sektoreen potentziak. Azken urtean estazioan aldaketarik izan ez bada, aski izanen da estazioaren kodea ematea eta aldaketarik ez duela izan adieraztea.
–Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:
35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan xedatutakoarekin bat, lurzoru urbanizaezineko kokapenek, lurzoru urbanizaezineko jardueretako baimena behar badute, instalatu baino lehen tramitatu beharko dute baimena. Orobat, aditzera ematen da baimen horiek eskatzeko behar den dokumentazio teknikoa aipatu legearen 119. artikuluan agertzen dela, eta ohartarazten da ezen, egin gogo diren jarduerak nahi diren tokietan gauzatzeak uki ditzakeen edo gauzatze hori baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta/edo zortasunei dagokienez, operadoreek, obrak gauzatzen baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko dituztela kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
Berariazko determinazioak
–Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak aditzera ematen du ezen, 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan xedatutakoarekin bat, kokapen hauek lurzoru urbanizaezineko jardueretako baimena behar dutela:
ESTAZIOAREN KODEA | HERRIA | UTMX | UTMY |
Arano_Añarbeko Urak | Arano | 589742,07 | 4784083,5 |
–“Ilundain EB” estazioa. Ondare Historikoaren Zerbitzuak lehen txostenean, 2014ko urriaren 9koan, eskaera egiten zion operadoreari ez zezala “Ilundain EB” izeneko estazioa ezarri, planteatzen zen kokalekua elizari (eraikin katalogatua) erantsitako eraikin bat zelako, eta horrek haren itxuran kalte eginen zuelako.
Txosten hori operadoreari igorririk, hark 2015eko urriaren 28ko idazkia bidali zuen, eta hartan alegatu ezen 9/2014 Legearentzat telekomunikazioak interes orokorreko zerbitzuak direla, eta oinarrizko estazioak funtsezko ekipamendua, eta haren determinazioak egiturazkoak; hortaz, haien instalazioa eta obrak interes orokorrekoak direla. Bestetik, antena kolineal bat hautatu dela alegatzen du, bistarako duen inpaktu txikiarengatik eta ingurunean mimetizatzen delako; gainera, antena ezarriko zaion eraikina ez dagoela babestua.
Idazki hori Ondare Historikoaren Zerbitzuari igorririk, hark beste bat bidali zuen 2015eko azaroaren 6an; hartan dioenez, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Legearen aurreikuspenak dira ondare arkitektonikoa babesteko oinarria. Eta kultur ondarearen babes hori interesekoa dela, eta ez orokorra bakarrik. Beraz, uste du antenak ezartzen direnean ondare arkitektonikoaren babesa errespetatu behar dela, eta harekin bat jokatu, babes horrekin bat heldu diren kokalekuak bilatuz. Orobat, uste du “antena bat toki jakin batean (udalerri horren planteamenduan inolaz ere aurreikusia) jartzeak ez duela ezer ikustekorik Telekomunikazioei buruzko 9/2014 Legearen 34. artikuluarekin, non esaten baita haiek egiturazko determinazio gisa aurreikusten direla hirigintzaren plangintzako tresnetan”. Azkenik, Ondare Historikoaren Zerbitzuak berriro dio kokaleku hori baztertu behar dela.
Horregatik guztiagatik baztertu da kokaleku hori lurralde planetik eta, hortaz, ez da baimendu.
–“Lizarrako ospitalea” estazioa. Azpiegituren eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak eta Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuak txosten bana igorri dute estazio horri buruz, eta antzeko edukia dute. Txosten horietan eskaera egiten zaio operadoreari, igorpen elektromagnetikoen gaineko azterlan zehatz bat aurkez dezala eraikinaren sotoetan ezarri gogo diren barreneko bi antenei buruz. Orobat, eskaera egiten zaio operadoreari, azterlan bat aurkez dezala barreneko antena horiek jasoko dituzten paralelepipedoei buruz, bai eta teknikari eskudun batek egindako ziurtagiria ere, egiaztatzeko paralelepipedo horien barrenean ez dagoela pasabide edo/eta gelarik, non jendea noiznahi dagoen eta noiznahi erabiltzen duen. Aurkezten diren neurketa elektromagnetikoei buruzko txostenetan bi puntu, gutxienez ere, agertu beharko dira, aipatu paralelepipedoen kanpoko mugan hain zuzen.
Operadoreak 2015eko azaroaren 4an eman zien erantzuna errekerimenduei, eta eskatu zuen estazioa hein batean onesteko (kanpoko antenei dagokienez) eta onetsi gabe uzteko sotoetako barreneko antenak, haietarako eskatzen den den dokumentazioa aurkeztu zain.
Horregatik guztiagatik onetsi da kokaleku hau, baina 50º, 165º eta 270ºko orientazioak dituzten kanpoko 3 antenei dagokienez bakarrik.
III. ERANSKINA
Alegazioen gaineko ebazpena
–Zizur Nagusiko Udala. “Zizur Hotela” izeneko estazioari buruzko alegazioak aurkeztu ditu. Haietan dio estazio horren kokalekua hiri-lurzorua dela, A-25 unitate morfologikoa hain zuzen. Bestetik, aditzera ematen du Zizur Nagusiko Udal Planeko hirigintza araudiaren 99.3 artikuluak telekomunikazioetako oinarrizko estazioen instalazioa debekatzen duela hiri-lurzoru guztian. Gainera, estazio hau aurkezteko erabiltzen den figura (Lurralde plana) ez dela udal planarena baino maila handiagoko figura eta, beraz, ezin dela obra-lizentziarik eman.
Erantzuna:
Azpiegituren lurralde planak edo horien aldaketak onetsita izatearen ondorioz, plan horietako kokalekuek maiatzaren 10eko 10/2002 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen da, eta ez dira Udalaren eskumenak galarazten lizentziak udal araudi berariazkoaren arabera emateko edo ukatzeko. Eskaerako estazio berriek hura betetzen duten edo ez, ez du zerikusirik haien lurralde planak edo aldaketak onestearekin eta, horrenbestez, alegazioa ezesten da.
–Corellako Udala. “Corella Erribera” izeneko estazioari buruzko alegazioak aurkeztu ditu. Haietan Udalak telefonia mugikorreko antenak herrigunetik kentzeko komenientziaren alde egin zuen, Gobernu Batzordearen 2011ko azaroaren 14ko Erabakiaren bitartez. Operadoreak adierazitako kokalekuaren alternatiba gisa, azpiegitura hori 7. poligonoko 1293. lurzatian ezartzea planteatzen du, telefonia mugikorreko operadoreen erabilera partekaturako erreserbatuta baitago.
Erantzuna:
Azpiegituren lurralde planak edo horien aldaketak onetsita izatearen ondorioz, plan horietako kokalekuek maiatzaren 10eko 10/2002 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen da, eta ez dira Udalaren eskumenak galarazten lizentziak udal araudi berariazkoaren arabera emateko edo ukatzeko. Eskaerako estazio berriek hura betetzen duten edo ez, ez du zerikusirik haien lurralde planak edo aldaketak onestearekin eta, horrenbestez, alegazioa ezesten da.
–Añarbeko Urak SA. Alegazioak aurkeztu ditu Arano/Añarbeko Urak izeneko estazioari buruz. Haietan dio Añarbeko Urak SArena dela estazioa ezartzeko aukeratu duen lurzatia eta hori fitxaren informazioan kontuan hartzeko eskatzen du. Gainera, antena berriak orain ezarrita dagoena ordeztuko ote duen zehazteko eskatzen du, eta antena berri hori dorrean dagoen tximistorratzetik 2 metrora baino urrunago kokatzeko. Orobat, eskaera egiten dio operadoreari hartzen den soluzioak Añarbeko presako zenbait aldeek duten estaldura arazoa konpontzen duela bermatzeko.
Erantzuna:
Ukitutako lurren jabetzak, estaldura arazoen soluzioak eta alegatu diren gainerako kontuek ez dute zerikusirik azpiegituren lurralde planaren onespenarekin eta haren aldaketekin, maiatzaren 10eko 10/2002 Legearen baldintzak betetzea baitu arau bakarra. Horrenbestez, ezetsi egin da alegazioa.
Iragarkiaren kodea: F1516385