39. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Aldaketa, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Jendaurreko aldia igaro da eta inork ez du alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatua aplikatuz, behin betikotzat jo beharra dago Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duen ordenantzaren aldaketa:

–2. artikulua aldatu da, eta honela gelditu:

2. artikulua. Definizioa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartuko dira, 50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuan aipatzen eta zerrendatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1.–Izatez basa direnetakoak izanik, etxeko edo lagun egiteko erabiliz, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak direnak, eta ondasunei kalte egin ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

2.–Pit bull terrierra, Staffordshire bull terrierra, American Staffordshire terrierra, American bullya, rottweilerra, dogo argentinarra, fila brasildarra, tosa inua, akita inua. Horietaz gain, oro har, arraza horien aitzinekoa izanik, haien ezaugarri etnikoak dituena eta haien gurutzatzea.

3.–Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan diren animaliak.

4.–Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diotenak.

Animaliak dituztenek haiek identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz inmunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta Udalaren zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

Azken xedapena.–Ordenantza honen aldaketak indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko edo Foru Komunitateko administrazioek egintza edo erabakiak indargabetzeko eskatzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Sarrigurenen, 2016ko otsailaren 17an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria.

Iragarkiaren kodea: L1602055