2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARTAXOA
Hiltegiko gelak erabiltzeko baimenak arautzen dituen ordenantza Behin betiko onespena
Artaxoako Udalak, 2015eko abenduaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Hiltegiko gelak erabiltzeko baimenak arautzen dituen udal ordenantza.
Onespenaren erabakia 2015eko 257. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 29an, eta erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iragan da jendaurreko epea. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Legean duen idazketaren arabera, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa ematen da argitara.
Argitara ematen da, interesdunak jakinaren gainean egon daitezen.
Artaxoan, 2016ko otsailaren 8an.–Alkatea, Adolfo Vélez Ganuza.
HILTEGIKO GELAK ERABILTZEKO BAIMENAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
I. Xedea
Artaxoako Udalaren lehengo hiltegiko gelak erabiltzeko baimenak arautzea.
Gela horiek Artaxoako Udalaren mendekoak dira, eta horietan egiten diren jarduerek eta ekitaldiek komunitatearen gizarte, hezkuntza eta kultur garapena izanen dute xede; horrekin batera, herritarren parte-hartzea bultzatu gogo da, baloreen zabalkundea eta kulturen zein belaunaldien arteko bizikidetza eta elkarteak sustatzen dituzten interes publikoko gaietan.
II. Kudeaketa arau orokorrak
1. Zentroko gelak musika eskolako klaseetarako erabiliko dira, eta lantegiak, hitzaldiak eta entseguak egiteko ere erabil daitezke. Debeku da, berariazko baimenik ez badago, kontzertuak edo emanaldi musikalak egitea publikoa badute edo jendea joaten bada.
2. Zentroa ezin izanen da 00:00etatik 08:00etara arte erabili. Ordu horietan, inor ezin da zentroan egon, Udalaren baimena izan ezean.
3. Erabiltzaileak dira utzitako gelak behar bezala erabiltzearen erantzuleak, eta sortzen diren kalteen edo egiten diren lapurreten erantzukizuna izanen dute. Erabiltzaileek bere gain hartzen dute aseguru poliza bat kontratatzeko aukera, berme bat egon dadin ekipoen gaineko kalteen edo lapurreten aurrean. Udalak ez du erantzunen geletan uzten den materialarengatik.
4. Debeku da erretzea eta drogak edo gai psikotropikoak kontsumitzea zentroan.
5. Erabiltzaileak dira entsegu gelak garbi eta txukun edukitzearen arduradunak. Behar bezala eta bizikidetzaz erabili behar dira elkarrekin egon ahal izateko.
6. Artaxoako Udalak zilegi du edozein unetan ikuskatzea nola dagoen zentroa, eta, bereziki, utzi diren entsegu gelak, baita zer jarduera egiten den gela horietan ere.
7. Erabiltzaileek ordenantza honetan ezartzen den tasa, tarifa edo prezio publikoa ordaindu beharko dute.
8. Ezin izanen dira egin gelak behar bezala erabiltzean lehentasunezkoak diren jarduerak eragozten edo kaltetzen dituzten jarduerak.
9. Espresuki debekatuta daude generoa, arraza, ideologia eta/edo sexu joera direla-eta bereizkeria sorrarazten duten jarduerak.
10. Ezin da geletako gehieneko edukiera gainditu.
III. Gelen erabilera
1. Gelak erabili dituzten elkarteek orain arte izan dituzten erabilerak errespetatuko dira.
2. Udalak zilegi du gela jakin batzuk tokiko elkarteei esleitzea.
3. Musika eskolako ordutegiak finkatuta jakinen da nola okupatzen diren gelak eta gainerako gelak eskuratzeko moduan egonen dira.
4. Zentroko gelak erabiltzeko, Udalak baimentzeko erabakia hartu behar du, zein esleipen dataren ondoko irailean berrikusiko baita urtero.
5. Erabiltzaileak gela egokitzen ahal du, kalterik sortu gabe, baldin eta kontzesioaren epea bukatuta gela jasotzean bezala uzten badu.
6. Ulertuko da prekarioan ematen direla baimenak, eta edozein unetan bertan behera geldi daitezke. Ez da inoiz denbora mugagaberako baimenik emanen.
IV. Geletarako baimenak esleitzeko prozedura
1. Ondoko dokumentazioa aurkeztu behar dute eskatzaileek Udaleko bulegoetan:
1.–Elkartearen, taldearen edo pertsona fisikoaren eskaera, zehazten duena zer jarduera eginen den eta eskaera noren izenean egiten den (I. eranskina).
2.–Eskabidea egiten dutenen NANaren fotokopia konpultsatua. Gurasoen baimena, adingabeak izanez gero.
2. Eskaerak gehiago badira gelak baino, edo eskaera bat baino gehiago badago gela bererako, Udala saiatuko da eskatzaileek adostasuna lortzen, gela horiek batera erabil ditzaten. Adostasunik ezean, honako irizpide hauek aplikatuko dira:
1.–Gelaren erabiltzaileak izanen du lehentasuna.
2.–Eskaera batera egiten bada, Artaxoan erroldatutakoek izanen dute lehentasuna. Ondorio horietarako, batez besteko aritmetikoa zehaztuko da jakiteko talde, elkarte edo kolektibo bakoitzean zenbat kide dauden erroldaturik Artaxoan.
3.–Berdinketak irauten badu, 30 urtetik beherakoek izanen dute lehentasuna. Ondorio horietarako, talde, elkarte edo kolektibo bakoitzeko kideen batez besteko adina zehaztuko da, eskaera egin aurreko urteko abenduaren 31n haietako bakoitzak zenbat urte zituen erreferentziatzat hartuta.
4.–Berdinketak irauten badu, zozketa publikoa eginen da zehazteko esleipena nori egiten zaion.
3. Gelak hilabetero erabiltzeko, alkateak baimena eman beharko du aldez aurretik, udal talde politikoen ordezkariek udalbatzaren osoko bilkuran duten ordezkaritasunaren arabera osatutako mahaiak proposamena egin ondoan.
4. Baimena agiri administratibo batean gauzatuko da 30 eguneko epean, esleipena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
5. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, kontratazio publikoaren araudia aplikatuko da.
6. Baimena eskuratu ez duten elkarteak, taldeak edo pertsona fisikoak erreserban geldituko dira, esleipenaren irizpideen arabera ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz.
7. Tarifak: urtero berrikusiko dira tarifak, eta osoko bilkuran onetsiko.
1.–20 euro egunean.
2.–50 euro hilabetean.
8. Salbuespenak:
1.–Ohiko erabiltzailea herriko elkarte bat bada, tarifa ordaintzetik salbuetsita egonen da.
2.–Egin beharreko jarduera jendaurrekoa eta gizarte, hezkuntza eta/edo kultura interesekoa eta irabazi asmorik gabekoa bada, tarifa ordaintzetik salbuetsita egonen da.
Arau-hausteak
Erregelamendu honetako arauak ez betetzea arau-haustea da eta zehapen administratiboa merezi du. Erregelamendu honetako arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
Arinak dira erregelamendu honetako aginduak betetzen ez dituztenak, larriak edo oso larriak izan gabe.
Ondoko egintza edo ez-egite hauek arau-hauste larriak izanen dira:
A. Kalteak egitea instalazioetan.
B. Zentroan erretzea.
C. Gelak eta instalazioak erabiltzea eskatutako erabileraz bestera, eta baimenik ez dutenek erabiltzen uztea.
D. Esleipen-hartzaileen arteko bizikidetza normala eragozten duten jarrerak izatea.
E. Hiru arau-hauste arin egitea.
Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:
A. Zentroan legez kontrako jarduerak egitea, edo gogaikarriak, osasungaitzak, kaltegarriak edo arriskutsuak, edo zentroan drogak eta gai psikotropikoak kontsumitzea.
B. Baimenik gabe egitea kontzertuak, emanaldiak edo ekitaldi publikoak.
C. Istiluak sortzea eta eraso fisikoak egitea zentroan daudenei.
D. Hiru arau-hauste larri egitea.
Zehapenak
1. Arau-hauste bat egiteak ondoko zehapenak ezartzea dakar, baimena iraungitzea ezertan ukatu gabe:
1.–Hutsegite arina: ohartarazpena.
2.–Isun larria: 30,00 euro.
3.–Isun oso larria: 100,00 euro.
2. Proportzionaltasunaren printzipioaren arabera mailakatuko dira zehapenak, egindako kaltea, asmoa, lortutako onura eta berrerortzea aintzat hartuz.
3. Talde edo multzo bati egozten ahal bazaio jokabide hori, isunak taldeko kide guztiei ezarriko zaizkie, eta horiek solidarioki erantzunen dute, salbu eta erantzukizuna pertsona edo kide jakin bati zehazteko modurik badago.
I. ERANSKINA
Hiltegiko gela erabiltzeko baimenaren eskaera (PDF).
Iragarkiaren kodea: L1601591