1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
91E/2016 EBAZPENA, otsailaren 1ekoa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Erriberriko La Nava legar-hobia behin betiko bertan behera utzi eta lehengoratzeko Planari, Erriberriko udal mugapean. Sustatzailea Construcciones y Excavaciones Erri-Berri SL da.
2015eko urriaren 23an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean dago sartuta (Aldi baterako instalazioak, obra osagarriak, lurraren edo bestelako hondakin inerteen hondakindegiak, haiek ustiatzeko aldia bi urtetik beherakoa bada, metaketak, beste eranskin batzuetan ageri ez diren erauzketa lanak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren apirilaren 26ko 676/2004 Ebazpenaren bidez, baimena eman zen Erriberriko 15. poligonoko 625., 626., 638. eta 640. lurzatietan legar silizeoak ateratzeko. Sustatzailea Construcciones y Excavaciones Erri-Berri SL izan zen. 2013ko abenduaren 11n sustatzaileak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari baimena eskatu zion legar-hobian hondeaketako 6.000 m³ lur soberakin botatzeko. Espedientea berrikusirik, egiaztatu zen 623. eta 624. lurzatiak ukitzen zituela, 2004ko baimenean ez baitzeuden, eta ez zirela bete erauzketa-zuloa lehengoratzeko bertan ezarritako epeak. Hortaz, 2014ko otsailaren 13an lehengoratzeko plan berria eskatu zitzaion sustatzaileari, une horretan zegoen egoerari zegokiona, hartu beharreko neurri berrien proposamena eta lehengoratze hori bukatzeko epeen aurreikuspena izateko.
Tramitatzen ari den espedientea 2014ko otsaileko errekerimenduari erantzuteko da eta legar-hobia itxi eta lehengoratzeko irtenbide berria ematen du. Gainera, 2015eko abenduaren 2an (2015/617375 zenbakiko sarrera-erregistroa) sustatzaileak eskatu du agregakin birtziklatua betelaneko material gisa onartzeko La Nava legar-hobia lehengoratzeko lanetan.
Legarrak ateratzeak ukitutako espazioa lehengoratzearen bidez, obretako lur soberakinak metro bat eta bi metro bitarteko pilatan metatuko dira, lurraren jatorrizko kota baino 40 cm gutxiagoko kotara iritsi arte, eta 40 cm-ko bukaerako geruzako landare lurra jarriko da. Zuloa bete eta azalerak erregularizaturik, lur azala landuko da eta lur eremua destrinkotu eta prestatuko da landaketarako; 626. eta 638 B lurzatietan olibondoak landatuko dira.
Eman beharreko lurrak, guztira, honako hauek izanen dira: obretako eta hondeaketetako 36.989 m³ lur soberakin (LER 17 05 04 eta LER 01 01 02 kodeak) eta 10.799 m³ landare lur. Lehengoratzeko bi urteko epea ezartzen da, 2016ko urtarriletik 2017ko abendura arte.
Espediente hau tramitatzen ari den bitartean sustatzaileak eskatu du agregakin birziklatua betelaneko material gisa onartzeko La Nava legar-hobia lehengoratzeko lanetan (2015eko abenduaren 2an aurkeztua, 2015/617375 sarrera-erregistroarekin).
Eskaera horri dagokionez, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak kontrako txostena eman du, argudiatuz erauzketa-jardueren ondorioz degradatutako espazioak lehengoratzeko eragiketak, balorizazio eragiketen (R10) izaerarekin, soilik bermatzen ahal direla “hondeatutako material naturalak” izenekoak erabiliz, hau da, eraikuntzako jardueretatik etorritako gai arriskutsuz kutsatu gabeko lurzoruak, lurra (begetala edo ez) eta/edo harria. Horregatik guztiarengatik, atal honek uste du eraikuntza eta eraispenetako hondakinen (birziklatuak barne) erabilpenak gaur egun ez duela nahiko euskarri teknikorik ingurumeneko arriskurik ez dagoela bermatzeko lehengoratze jarduera horietan, indarrean dagoen araudi sektorialean ezarritakoaren arabera, bereziki Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean.
Espedientean Erriberriko Udalaren hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko aldeko txostena dago, 2015eko abenduaren 21ekoa, eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuarena, abenduaren 17koa. Bertan eskatutako jarduketa onartutzat ematen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluan ezarritakoarekin bat. Baimendutako jarduera eta erabilerak udal eskumenaren esparrukoak dira eta ez dute lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (aipatu foru legearen 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan Udalak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.
Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak jarduketaren aldeko txostena eman du, betiere ebazpen honetan biltzen diren baldintzak betetzen badira.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Erriberriko La Nava legar-hobia behin betiko bertan behera utzi eta lehengoratzeko Planari, Erriberriko udal mugapean. Sustatzailea Construcciones y Excavaciones Erri-Berri SL da.
2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Lehengoratzeko lanetan betelaneko material gisa bakar-bakarrik hondeatutako material naturalak erabiliko dira, hau da, eraikuntzako jardueretatik etorritako gai arriskutsuz kutsatu gabeko lurzoruak, lurra (begetala edo ez) eta/edo harria, honako hauek, alegia: 9/2005 Errege Dekretuan beste erabilera batzuetarako ezarritako erreferentziazko maila generikoak gainditzen ez dituzten materialak, konposatu organikoetarako eta erreferentziazko maila generikoen azterketan lortutakoak metaletarako Nafarroan, betiere lurzoruak kutsatzen ahal dituzten jarduerak egin diren tokietatik etortzen ez badira, Lurzorua kutsatzen ahal duten jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuak aitortzeko irizpide eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan zehaztu bezala.
–Sustatzaileak bermatu beharko du legar-hobiaren lehengoratze-lanak egiten direla, bakar-bakarrik, aipatutako hondeaketetatik ateratako lurren hondakinekin, eta lurrak R10 gisako baimena duen lurren kudeatzaile batetik datozela, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Lurrak eremuan zabaldu baino lehen, egiaztatu behar da eraikuntzetako eta eraispenetako hondakinetako harri zatiak kendu direla, baita hondeaketa lurren definizioarekin bat egiten ez duten hondakin guztiak ere, lurren jatorrizko obretan ager daitezkeenak.
–Lehengoratzeko epea ez da bi urtetik gorakoa izanen proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematen duen ebazpen hau ematen denetik.
–Bi urteko epean lehengoratzeko proiektua bete ahal izateko nahiko lur ez lortuta ere, berdin itxi beharko da eta zuloa lehengoratu, ibarbide formako topografiarekin, ezponda oso etzanak eginez (3H/1V malda edo apalagoa) eta bukatzeko landare lurrez estaliz.
–Lurrak bota baino lehen, lurperatu behar ez den legar-hobiaren zuloko materiala kenduko da, ongi kudeatzeko. Ondoren, barruan dauden lurrak zabaldu eta erregularizatuko dira.
–Lurrak badira eta proiektua betetzen bada, zuloa beteko da indusketako lur garbiekin, 392 msnm-ko kotara iritsi arte; horiek metro bat eta bi metro bitarteko pilatan metatuko dira, lurraren jatorrizko kota baino 40 cm gutxiagoko kotara iritsi arte.
–Azkenik, 40 cm-ko geruzako landare lurra jarriko da, lurzorua lantzeko prestatuko da eta proiektuan adierazitako eremuetan olibondoak landatuko dira. Azalerako lurra kalitatezkoa ez bada, medeagarri organikoak gehituko dira.
–Legar-hobiaren lehengoratzeak irauten duen bi urteetan itxitura eraginkorra mantenduko da bere perimetro osoan.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Erriberriko Udalari, Tafalla aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko otsailaren 1ean.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1601284