1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
122/2016 EBAZPENA, otsailaren 18koa, Mendi Zerbitzuko zuzendariak emana, Urbasa eta Andia ondare mendietan erabilera erkideko larre azalerak eskatu eta eskaera onartzeko prozedura onesten duena.
Uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Urbasa eta Andia mendietako natur baliabideen antolamendu plana, eta otsailaren 27ko 3/1997 Foru Legearen bidez deklaratu zen Urbasa eta Andia mendietako Parke Naturala.
Gero, Natur Baliabideen Antolamendu Plana aldatu zen irailaren 7ko 198/2011 Foru Dekretuaren bidez.
Abenduaren 4ko 340/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Urbasa parke naturala erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea.
Plan horren 4.1 artikuluaren arabera, eskubide tradizionalen erabilera, besteak beste larratzekoa, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ezarri prozedurari jarraikiz eginen da.
Bestalde, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 12ko 1259/2011 Ebazpenaren bidez, Urbasa eta Andia mendietako larre eta oihanak antolatzeko proiektua onetsi zen.
Nekazaritza Zerbitzuak eta Oihanak Kudeatzeko Atalak emandako txostenak ikusirik.
Horrenbestez, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz, izan ere Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak esleituta dituen zenbait eskumen Mendi Zerbitzuaren esku uzten dira.
EBATZI DUT:
1. Urbasa eta Andia ondare mendietan erabilera erkideko larre azalerak eskatu eta eskaera onartzeko prozedura onestea. I. eranskinean zehazten da.
2. Eskabidearen eredua onestea. Ebazpen honen II. eranskinean agertzen da.
3. Ebazpen hau Oihanak Kudeatzeko Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Nekazaritza Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2016ko otsailaren 18an.–Mendi Zerbitzuko zuzendaria, Fermín Olabe Velasco.
I. ERANSKINA
Urbasa eta Andia ondare mendietan erabilera erkideko larreak eskatu eta eskaera onartzeko prozedura
Lehena.–Xedea.
Ebazpen honen xedea da Urbasa eta Andia ondare mendietan erabilera erkideko larreak eskatu eta eskaera onartzeko prozedura ezartzea, 2016ko kanpainarako.
Bigarrena.–Onuradunak.
Urbasa eta Andia ondare mendiko erabilera erkideko larreen onuraduna izateko, nafar auzotasun forala izan behar da eta mendi horietara norberaren jabetzako azienda eraman behar da larratzera.
Hirugarrena.–Esleipen eskaera.
1. Abeltzain bakoitzak idatziz eskatu beharko du, ebazpen hau argitaratu eta 10 eguneko epean, Urbasa eta Andia ondare mendietan erabilera erkideko larreen esleipena. Horretarako, ebazpen honen II. eranskinean bildutako eskaera erabil dezake.
2. 2016ko kanpainan Urbasa-Andian bere jabetzako zer azienda sartu nahi duen adierazi beharko du, haien kopurua espezieka eta adin tarteak, bai eta Urbasa eta Andia mendietan esleitzea eskatzen duen larre azalera garbia ere, hektareatan emana. Ez dira deklarazio horretan sei hilabetetik gorako behi-aziendako arrak, debekatua baitute mendi horietan larratzea sexu bidezko gaixotasunen transmisioagatik, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren 1391/2015 Ebazpena aplikatuz.
3. Esleipen eskaera Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Mendi Zerbitzura igorriko da eta departamentu horretako edozein erregistro ofizialetan aurkez daiteke edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen aurkeztu diren esleipen eskaerak onartuko dira.
Laugarrena.–Esleitzeko prozedura
1. Urbasa eta Andia mendietan azienda larriko zenbat unitate sartu behar duen eskatzaile bakoitzak, hainbeste larre esleituko zaio, hark eskatutakoa muga harturik. Nolanahi ere, Urbasa eta Andia mendietako larre eta oihanak antolatzeko proiektuan xedatutakoarekin bat izanen da.
2. Mendi Zerbitzuko zuzendariak ebatziko ditu eskaerak, gaiari buruz eskumenak dituzten administrazio unitateen txostenetan oinarriturik.
Bosgarrena.–Onuradunaren betebeharrak.
1. Abeltzain esleipen-hartzaileek Urbasa eta Andia Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailean biltzen diren abeltzaintzarako jarraibideak bete beharko dituzte.
II. ERANSKINA
Urbasa eta Andia ondare mendiko erabilera erkideko larreen esleipenerako eskaera (PDF).
Iragarkiaren kodea: F1602107