39. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailaren 17an hartua, Departamentu arteko Osasun Kontseilua sortzen duena.

Osasuna giza eskubidea da, bai eta aldez aurreko baldintza ere pertsonek bere nahiak bete eta banakako helburuak lor ditzaten eta gizarteek, berriz, helburu kolektiboak.

Pertsonak jaio, hazi, bizi, lan egin eta zahartzeko baldintzak “osasuna baldintzatzen duten gizarte faktoreak” dira. Faktore horien artean, osasun sistemaz gain, gizarte politikak, politika ekonomikoak, bizimoduak, ingurumena eta arau eta eredu soziokulturalak daude.

Osasunaren Mundu Erakundeak kalkulatu du eritasun eta heriotzen kargaren %6-%20 ingurumen faktoreei dagokiela, eta heren bat baino gehiago bizimodu eta jokabideei. Aldi berean, azken hauek eta beste gizarte faktore batzuk ez dira independenteak haien artean. Kalkulatu da ingurune sozial, ekonomiko eta fisikoak, guztira, osasun sistema kontuan hartu gabe, populazioaren osasun egoeraren %60 baldintzatzen duela.

Komunitatearen osasunean eragina duten gizarte faktoreak lantzeko, osasun sektoreak beste sektore batzuekin elkarlanean aritu behar du, hala nola hezkuntza, gizarte politikak, ingurumena eta energia, garraioa, nekazaritza, enplegua, berdintasuna, kontsumoa edo industria, sektore arteko jarduketa koordinatu baten bidez.

Ebidentzia horiek ikusirik, 2010ean OMEk osasun publikoaren kontzeptu berri bat sustatu zuen, errealitate hori guztia kontuan hartuz, “Adelaidako deklarazioa, osasuna politika guztietan txertatzekoari buruzkoa” dokumentuaren bidez. Agiri horretan ezarritakoaren arabera, herritarren osasunak komunitatearen garapena ahalbidetzen du eta, aldi berean, gobernuen hainbat sektoretako politikek eragina dute komunitateen osasunean.

Deklarazioak beharrekotzat jotzen du erlazio berri bat sektore guztien artean, giza garapena bultzatzeko eta osasun arloko emaitzak hobetzeko. Horrez gain, behar-beharrezkotzat jotzen du buruzagiek eta araugintzako instantziek osasun arloko iritziak bateratzea politikak eta zerbitzuak prestatu, aplikatu eta ebaluatzean.

“Osasuna politika guztietan txertatzea” ikuspegiak eskatzen du sektore guztiek hartzen diren erabakiek osasunean duten eragina sistematikoki ezagutu eta kontuan hartzea, sektore arteko plan eta programak garatzeko sinergiak bilatzea eta osasunean izan daitezkeen eragin txarrak saihestea, hori guztia herritarren osasuna hobetzeko. Halaber, komunitatearen parte-hartzea ezinbestekoa da politika publikoen definizioan.

2014-2020 Osasun Planaren arabera, Gobernuaren maila gorenean ezarri behar da politika hori, eta Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoak dudarik gabeko konpromisoa adierazten du nafar herritarren osasunarekin. Horretarako, xedatzen da Departamentu arteko Osasun Kontseilua sortzea, Gobernuko sektore guztien ordezkariek osatua, bereziki herritarren osasunean eragin handiagoa duten politiken sektoreak inplikatuz.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU:

1. Departamentu arteko Osasun Kontseilua sortzen da, laguntza, elkarlan eta koordinaziorako sektore arteko organo gisa, osasuna Foru Komunitateko Administrazioaren politika guztietan txerta dadin.

2. Departamentu arteko Osasun Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bidezko jotzen dituen neurriak ezagutu eta sostengatzea, nafar herritarren osasun egoerari eta beharrei aurre egiteko eta biak hobetzeko.

b) Gobernuaren akordio programatikoaren osasun arloko plan, programa, proiektu eta jarduketa-ildoen artean, departamentu batzuen esku-hartzea behar dutenak zehaztea, eta lan egiteko lehenespen ordena ezartzea, lan talde edo batzordeak osatuz.

c) Behar diren departamentu arteko lan talde eta batzordeak ezartzea, lehenetsitako jarduketa ildoak garatzeko.

d) Osasunean eragina duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioen arau, plan, programa eta jarduketak identifikatzea, “berdintasuna osasunean” irizpidea bereziki kontuan hartuta, eta sektoreen lan ildoak definitzea osasunean duten eragin positiboa handiagotzeko.

e) Osasunean sortzen den eraginari buruzko txostenak sustatzea lehentasunezkotzat jotzen diren araugintzako proiektuetan, edo bestelakoetan, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioen jarduketa ildoetan.

f) Administrazio Publikoetako entitate eta organoekin komunikazioa, harremanak eta trukea sustatzea, betiere haien jarduketek osasunean eragina badute.

g) Organo eskudunei jakinaraztea herritarren osasunean eragin txarra duten egoera guztiak, jakin bezain pronto.

3. Honako hauek osatzen dute Departamentu arteko Osasun Kontseilua:

a) Kontseiluburua eta kontseiluburuordea:

a.1) Nafarroako Gobernuko lehendakaria izanen da kontseiluburua.

a.2) Osasuneko kontseilaria izanen da kontseiluburuordea.

b) Kontseilukideak:

b.1) Hezkuntzako zuzendari nagusia.

b.2) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusia.

b.3) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailea.

b.4) Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea.

b.5) Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia.

b.6) Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea.

b.7) Barneko zuzendari nagusia.

b.8) Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia.

b.9) Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia.

b.10) Osasuneko zuzendari nagusia.

b.11) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

b.12) Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendaria.

b.13) Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko zuzendaria, kontseiluko idazkaria izanen dena.

4. Departamentu arteko Osasun Kontseiluak Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuaren laguntza teknikoa izanen du.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

Iruñean, 2016ko otsailaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1602120