36. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

2016. urtean kultur jarduerak egiten dituzten entitateendako diru-laguntzen deialdiaren arauak

Honen bidez aditzera ematen da Eguesibarko Udalak, 2016ko otsailaren 2ko osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez, honako arau hauek onetsi direla.

2016. URTEAN KULTUR JARDUERAK EGITEN DITUZTEN ENTITATEENDAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIAREN ARAUAK

Deialdiaren xedea.

Lehenbizikoa.–Eguesibarren 2016. urtean egiten diren kultur ekintza eta jarduerei diruz laguntzeko araubidea ezartzea da deialdi honen helburua.

Diru-laguntzen xede diren jarduerak.

Bigarrena.–Udal mugapean eta eskatzen den urtearen barrenean egiten diren jarduerek jasotzen ahal dituzte diru-laguntzak. Udalerritik kanpo egiten direnei ere ematen ahalko zaie diru-laguntza, helburuagatik edo inguruabarrengatik udalerrian ezin badira egin.

Hirugarrena.–Diruz laguntzen ahalko dira sortzailetasuna eta auzokideen parte-hartzea bultzatuko dituzten kultur jarduerak.

Laugarrena.–Ezin izanen zaie diruz lagundu honako hauei:

a) Udalerritik kanpora egiten diren jarduerak, salbu eta bigarren atalean aipatzen direnak.

b) Lokalak egokitzeko edo eraikinak berritzeko lanak.

c) Elkarte eskatzailearen funtzionamenduaren ondoriozko gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak...).

d) Ondasun higigarri edo higiezinen erosketa.

e) Eguesibarko herritar guztiak sartzerik ez duten jarduerak (betiere, jakina, jarduera orok dituen mugak kontuan hartuta).

Eskatzaileak.

Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean betebehar hauek betetzen dituzten entitateek jasotzen ahal dituzte diru-laguntzak.

1. Irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak izatea, helbidea udalerrian dutenak.

2. Pertsona fisikoak izatea, nork bere izenean edo inskribatu gabeko talde edo elkarte baten ordezkari gisa noizean behinkako ekimenetarako, irabazi asmorik gabe, helbidea Udalerrian izanik.

3. Jarduerak Eguesibarko udalerrian egiten dituzten irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak izatea.

4. Eguesibarko Udalarekin ez izatea sinaturik diru-laguntzaren xede den proiektua barne hartzen duen lankidetza-hitzarmenik, zerbitzu-kontrataziorik edo bestelako kontratu edo konpromisorik, eta jarduera bererako ez izatea Eguesibarko Udalaren beste arloren baten diru-laguntzarik.

Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Eskaerak Eguesibarko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (Sarrigurengo Garajonay kaleko 1ean), 08:30etik 14:30era bitartean, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan adierazitako edozeinetan.

Eskaerak eta dokumentazioa.

Zazpigarrena.–Eskatzaileek honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea (bat jarduera bakoitzeko), entitatearen lehendakariak sinatua (edo ordezkaritza hori behar bezala delegatua duenak). Eskabidean, diru-laguntza zer programa edo jardueratarako eskatzen den adierazi behar da. Eskabidea honekin batera doan ereduaren araberakoa izanen da (1. eranskina).

b) Egin behar den edo diru-laguntzaren xede den jarduera edo programaren aurrekontu xehakatua, honekin batera doan ereduari jarraikiz egina (2. eranskina).

c) Diru-laguntza transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (3. eranskina).

d) Eguesibarko Udalaren elkarteen erregistroan izan emanda ez dauden elkarte edo patronatuek estatutuen ale bat aurkeztu behar dute.

Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesatuari gehienez ere 10 egun balioduneko epe luzaezina emanen zaio akatsak zuzentzeko, eta jakinaraziko dio ezen, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsiko dela. Horri buruzko ebazpena, betiere, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako moduan hartuko da.

Entitate edo elkarteak, eskatzen zaion dokumentazioaz gainera, egokiak iruditzen zaizkion nahi adina dokumentu aurkezten ahal ditu bere proiektuaren berri emateko.

Finantzabidea.

Zortzigarrena.–Deialdi honetarako ezarritako gehieneko zuzkidura 10.000 eurokoa da. Diru-kopuru hori 2016ko ekitaldiko aurrekontu orokorraren 1-33401-48200 “Kultur elkarteendako diru-laguntzak” kontu-sailetik ordainduko da.

Aipatu aurrekontua ezin da handitu, eta kontu-sailaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeren artean banatuko da, proportzioan, baldin eta eskatutako diru-kopurua gehiago bada horretarako aurreikusitako dirua baino.

Irabazi asmorik gabeko entitate bakoitzari, gehienez, 3.500 euro ematen ahalko zaizkio diru-laguntza gisara.

Ebaluazirako irizpideak.

Bederatzigarrena.–Hauexek dira diru-laguntzak emateko irizpide berariazkoak:

a) Interesa, kalitatea, originaltasuna eta berrikuntza. (Gehienez 15 puntu).

b) Proposatzen den jarduerak nolako eragina izan dezakeen herriaren kultur dinamizazioan. (Gehienez 15 puntu).

c) Antzeko jardueretan izan den defizita. (Gehienez 10 puntu).

LORTUTAKO
PUNTUAZIOA

GEHIENEZKO %

(Eskatutako zenbatekoarena)

GEHIENEZKO
ZENBATEKOA

37-40 puntu

%90

3.500 euro

33-36 puntu

%80

3.150 euro

29-32 puntu

%70

2.800 euro

25-28 puntu

%60

2.450 euro

21-24 puntu

%50

2.100 euro

17-20 puntu

%40

1.750 euro

13-16 puntu

%30

1.400 euro

12 puntu baino gutxiago

Bazterturik gelditzen dira

Bazterturik gelditzen dira

Ebazpena.

Hamargarrena: Kultur Arloak espedientea aztertuko du, eta proposamen bat eginen dio Kultur Batzordeari diru-laguntzen banaketa onets dezan. Horretarako, arloaren zerbitzu teknikoek aurkeztu diren eskaeren balorazioari buruzko txosten bat egin beharko dute aurreko atalean adierazitako irizpideen arabera betiere. Orobat, Udalaren Kontu-hartzailetzaren Arloak gastuaren fiskalizazioa eginen du. Arestian esandakoa deusetan ukatu gabe, egokitzat jotzen diren teknikarien presentzia eskatzen ahalko litzateke, aurkezten diren proiektuen azterketan eta ebaluazioan laguntzeko.

Hamaikagarrena: Kultur Batzordeak onetsirik, Kulturako zinegotzi delegatuak 20 eguneko epean emanen du ebazpena (onespen arrazoitua). Epe hori iragan eta deialdia espresuki ebatzi ez bada, diru-laguntzarik ez dela eman ulertuko da. Diru-laguntzei buruzko erabakia (nori ematen zaion, eta zenbat) Eguesibarko Udaletxeko iragarki-oholean argitaratuko da, baita Udalaren web-orrian ere.

Xedea.

Hamabigarrena.–Onartutako diru-laguntzak proposamenean ageri zen jarduera edo programarako baizik ezin dira erabili.

Ez da zilegi emandako diru-laguntzaren helburua aldatzea.

Deialdian aipatzen diren betebehar eta aginduak ez betetzeak diru-laguntza kentzea ekar lezake.

Onuradunen betebeharrak.

Hamahirugarrena.–Diru-laguntzaren onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza eskatutako helbururako erabiltzea (azaldutako jarduera, proiektua edo programa), eta ez beste deusetarako.

b) Udalak eskatutako eran justifikatzea diru-laguntzaren helburua bete dela.

c) Onuradunek konpromisoa hartzen dute beren jarduketak publizitatearen bidez zabaltzeko. Egoki jotzen duten bideetatik eginen dute, eta Ibarreko herrietan banatuko duten kartel kopurua proportzionala izanen da, herri bakoitzean zenbat biztanle dauden kontuan harturik. Publizitate hura Udalaren Kultur Alorrari igorri beharko zaio jarduketa egin baino 20 egun lehenago gutxienez.

d) Onuradunek, propagandan zein jarduerak egitean, publizitate hau besterik ezin dute jarri: onuradunaren sinbolo eta anagramak, eta Udalarenak. Udalak diruz lagundu diola agertu beharko da.

e) Udalak bere esku du diruz laguntzen dituen jardueren publizitatea egitea, eta jarduera haietan laguntzailea dela adieraztea.

f) Udalaren aurrekontuaren bizkarreko diru-laguntzak jaso ahal izateko, onuradunek eguneratuak izan behar dituzte beren zerga-betebeharrak, baita Gizarte Segurantzarekikoak ere, halakorik baldin badute.

g) Hartutako diru-laguntza behar zen jarduera, programa edo proiekturako erabili ez bada, edo deialdi honetan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen ez badira, diru-laguntza itzuli beharko du onuradunak.

h) Eskumena duten kontrol-organoek egin beharreko jarduketak onartzea, eta eginkizun horietarako eskatzen zaion informazioa ematea edo aurkeztea.

Justifikazioa eta ordainketa.

Hamalaugarrena.–Onartutako diru-laguntzak jasotzeko, deialdi honen jarraibideen arabera, beharrezkoa izanen da diruz lagundutako jarduera egin izana eta dokumentazio hau aurkeztu izana Udalari:

a) Egindako jardueraren memoria, xehetasunez azaldua.

b) Entitatearen lehendakariak Kulturako zinegotzi delegatuari bidaliko eskabidea, diru-laguntza ordain dakion eskatzeko egina.

c) Entitatearen idazkariak egindako ziurtagiria, frogagiritzat aurkezten diren fakturak organo eskudunak onetsita daudela dioena.

d) Jarduera, proiektu edo programa aurrera eraman izanaren ondoriozko fakturak (diru-laguntzaren xede zenarenak).

e) Entitatearen idazkariak luzatutako ziurtagiria, jarduera horregatik lortutako diru-sarreren berri ematen duena.

f) Jarduerak sortutako dokumentazio idatzi guztiaren kopia bat.

Hamabosgarrena.–Aurreko artikuluak aipatzen dituen fakturek betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Jatorrizkoak izatea, edo idazkariak konpultsatutako fotokopiak.

b) Diru-laguntza eman den urteko data izatea, eta, jarduera puntual bat izan bada, jarduerari dagokion data agertzea.

c) Hartzailearen NANa edo lizentzia fiskalaren zenbakia agertzea.

d) Etxe hornitzailearen zigilua eta sinadura agertzea.

e) Eskaera egin zeneko aurrekontuari lotzea.

Hamaseigarrena.–Dokumentazio justifikatzailea 2017eko urtarrilaren 7a baino lehen aurkeztu beharko da.

Justifikazioak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio, hamar egun balioduneko gehieneko epe luzaezinean hori zuzen dezan, eta aditzera emanen zaio, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan xedatuarekin bat.

Hamazazpigarrena.–Deialdian aurreikusi gabekoetarako, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra aplikatuko da (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra).

Sarrigurenen (Eguesibar), 2016ko otsailaren 10ean.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

ERANSKINAK

1. Eranskina.–Datu orokorrak.

2. Eranskina.–Fitxa ekonomikoa.

3. Eranskina.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

Fitxategiak PDF formatuan daude, behera kargatu ahal izateko.

Iragarkiaren kodea: L1601667