36. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailaren 10ean hartua, “Sierra de Peña parke eolikoa eta horren energia bideratzeko azpiegiturak” izeneko proiektua, Gestamp Eólica SLk sustatua, udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzen duena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

I.–Aurrekariak.

2010ean Gestamp Eólica SLk oinarrizko proiektu bat aurkeztu zuen Ingurumen Zuzendaritza Nagusian, eta galdetu zuen Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko beharrik ote dagoen kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 5/2004 Foru Legeari jarraikiz.

2010eko urriaren 8an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin zuen, adieraziz proiektuak Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar zuela, eta parkea eta haren azpiegitura osagarriak batera tramitatu behar zirela udalez gaindiko proiektu sektorial gisa. Halaber, txostenean ohartarazten zen parkeak inpaktu larriak sor ditzakeela faunaren gainean, eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioak eremuko flora eta Batasunaren intereseko habitatak eta haiei kalte egiteko arriskua aztertu behar zituela, eta, inguruko parke eolikoak kontuan harturik, inpaktu metagarriak baloratu. Bestetik, Habitaten Atalak, 2011ko martxoaren 21eko txostenean, ohartarazten du ezen Peñan, lurralde txikia bada ere, habitaten multzoak balio ekologiko handia duela, egin nahi den parkearen eremua egoera onean dagoela, eta proiektuak hango landaredi naturalaren multzoa kaltetuko lukeela.

2013ko urriaren 17an Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuan Xabierko arau subsidiarioen aldaketa aurkeztu zen, hasiera batean Xabierko Udalak 2013ko urtarrilaren 29an onetsia (2013ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 26koa), proposatuz interes bereziko landaredia, Erdialdeko Eremuetako Lurraldearen Antolamenduko Planean (LAP4) definitutako babes bereziko eremua izanik, berriz mugatu behar zela, egingo den parke eolikoak eta hari lotutako azpiegiturek okupatzen duten espazioa eremu horretatik ateratzeko. Espazio horretarako, gorde beharreko lurzoru azpikategoria espezifiko bat ezartzen zen. Kontrako txostena egin zen aldaketa horri buruz.

Azkenik, 2013ko irailaren 16an, Gestamp Eólica SLk “Peña parke eolikoa eta horri lotutako azpiegiturak” izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialaren dokumentazioa aurkeztu zuen tramitatzeko.

2015eko ekainaren 5ean Gestamp Eólica SLk udalez gaindiko proiektu sektorialaren dokumentazio berria aurkeztu zuen, aurreko guztia ordezten zuena. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak eskaturik, sustatzaileak dokumentazio hori osatu zuen 2015eko urriaren 30ean eta 2015eko azaroaren 17an.

II.–Proposamenaren xedea eta azalpena.

Proiektuaren xedea da Xabierko udal-mugarteko Sierra de Peñan parke eoliko bat ezartzeko baldintzak finkatzea, bai eta bertara sartzeko eta haren produkzio energetikoa bideratzeko behar diren azpiegiturak Xabierko eta Zangozako udal-mugarteetan gauzatzeko baldintzak ere.

Parke hau Acciona Energia enpresaren Sos del Rey Católico II parke eolikoaren jarraipen gisa proiektatu da, Sierra de Peñaren banalerroan dagoena, Aragoiko aldean. Proposamenak dagoen parkearen lerrokadura jarraitzen du, banalerroan 4 haize-sorgailu jarriz, eta bosgarren bat banalerroko ezproi batean, hegoalderantz. Proposamenaren arabera, parke eolikoaren batez besteko altitudea 1.000-1.060 metrokoa izanen da.

Parke eolikoaren ezaugarriak:

–Haize-sorgailuen kopurua: 5.

–Haize-sorgailu bakoitzaren potentzia unitarioa: 3.300 kW.

–Funtzionamendu orduak potentzia arruntean: 3,477 ordu.

–Potentzia instalatua, guztira: 16,50 MW.

–Produkzio garbia: 57,37 GWh urtean.

–Haize-sorgailuen neurriak: errotorearen diametroa: 117 m; altuera abatzeraino: 91,5 m.

650/690 V-ko tentsioan sortutako energia haize-sorgailuaren barnean transformatuko da. 30 kV-ko lurpeko zirkuitu elektrikoek lotuko dituzte haize-sorgailuak, eta energia elektrikoa 30/66 kV-ko transformazio azpiestazio trinko batera eramanen dute. Hortik, 66 kV-ko ebakuazio linea aterako da, 15,5 km inguru luze. Linea hori lurperaturik joanen da, Torre de Peña gunetik haraino, eta dauden azpiegiturak aprobetxatuko ditu (suebakiak, hesi zinegetikoa eta Peña herri hustura sartzeko bidea), landaredian, abifaunan eta paisaian izan dezakeen eragina murriztuz. Gero airean joanen da alor eta larreen gainean, Aragoi eta Onsella ibaiak zeharkatuz, eta berriz lurperaturik jarriko da NA-127 errepidea zeharkatzeko, Zangozako 66/220 kV-ko TAEn (REEna) Iberdrolak duen zatiko lotuneraino.

Haize-sorgailuetarako definitu den kokapenean tarte bat utzi da haize-sorgailuaren hegaletik probintziaren mugaraino, Aragoiko finkarik ez ukitzeko.

Parke eolikoaren zerbitzuko bideetarako sarbide nagusiak hegoaldean egonen dira: Sofuentesen dagoen landabide bat, Corral del Monte bidea edo Vallacuey erreka-zuloaren bidea (5.546 m guztira) eta bide berri batzuek (1.484 m guztira). Aragoitik doan tartea udalez gaindiko proiektu sektorialetik kanpo dago.

Parke eolikoaren lurzoruak oihaneko erabilera du nagusiki. Ez dago naturgune deklaraturik, baina Sierra de Peña, ingurumen eta lurraldearen aldetik dituen balio eta eginkizunen ondorioz, LAP4an definitzen diren babes bereziko eremu batzuen parte da, zehazki: interes bereziko landaredia, lurraldea konektatzeko eremua eta paisaia berezia. Udalez gaindiko proiektu sektorialak eremu horien mugaketa zehatza proposatzen du.

Eremuan, parkearen kota baino beherago, Peña herri hustua da, kultur intereseko ondasuna, eta haren inguruan 50 m-ko babesgune bat. Erronkariarren Errege Altxonbideak Sierra de Peña zeharkatzen du iparretik hegora, eta altxonbidetik “R-18 CRR Aragoiko muga” adarra ateratzen da, egin nahi den parke eolikoaren kokapenetik igaroz.

Xabierren 1990etik indarrean dauden arau subsidiarioen arabera, Sierra de Peña 5. eremua da, oihaneko lurzorua duen erdiko eremu gisa. Arau horietan ezartzen da egungo egoera eta erabilerak gorde behar direla.

Lurralde antolamendu planetan ezarritako ingurumen unitateen arabera, eremuaren zati handienean ingurumen balioa duten zuhaizti babesleak daude, eta zuhaixka eta belar formazio batzuk eta zenbait alor iparraldean eta, batez ere, hegoaldean.

III.–Dokumentazioa.

Aurkeztutako dokumentazioaren edukiak behar bezala betetzen du udalez gaindiko proiektu sektorialaren tramitazioari hasiera emateko dokumentazioari buruz legeak eskatzen duena (35/2002 Foru Legea, Parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretua eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea).

Hala ere, aipatu legediarekin bat, espedientea ebatzi baino lehen agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Produkzio energetikoaren justifikazio teknikoa, kokapenean bertan egindako neurriak barne.

–Parkea ezarriko den eremurako erabilera eta jardueren araubidea, txosten honen 4.1 puntuan adierazitakoarekin bat.

–Dagoen sarera konektatzeko baimena, udalez gaindiko proiektu sektorialak azkenean definitzen duen parke eolikoaren potentziara egokitua.

–Banku abala edo zuzenbidean onartzen den beste edozein berme mota, proiektuaren behar bezalako gauzatzeari erantzuten diona eta proiektaturiko obra zibilaren aurrekontu balioetsiaren %6ko zenbatekoa duena.

IV.–Hirigintzari eta lurraldeari buruz kontuan hartu beharrekoak.

IV.1.–35/2002 Foru Legera egokitzea.

Parke eolikoak eta haren ebakuazio lineak Xabierko eta Zangozako udalerriak ukitzen dituzte, eta horregatik, 125/1996 Foru Dekretuari jarraikiz, ezarri baino lehen tramitatu behar den tresna udalez gaindiko proiektu sektoriala da. Tresna hori 35/2002 Foru Legearen 42., 44., 45., 46. eta 47. artikuluetan arautzen da.

Ingurumen eraginaren adierazpenean baloratuko da aurkeztutako proiektua ingurumenaren aldetik lurraldean behar bezala txertatzen den. Besteak beste, babestu beharreko baloreen eta parkearen arteko bateragarritasuna baloratuko da.

Parke eolikoa behar dituen sare eta zerbitzuekin konektatzen dela bermatzeko, betiere dauden sare eta zerbitzuen funtzionaltasuna kaltetu gabe, sustatzaileak, espedientea ebatzi baino lehen, banaketa edo garraio sare elektrikoari konektatzeko baimen indarduna aurkeztu beharko du, udalez gaindiko proiektu sektorialak azkenean definitzen duen potentziara egokitua.

Erabilera eta babesa arautzen dituen araudiari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioan gomendioak agertzen dira parke eolikoan onartzen eta debekatzen diren erabileren inguruan. Eremua eta araubidea arau gisa definitu behar dira, udalez gaindiko proiektu sektorialaren azpiegitura guztiak eta haren zortasunak barne, bai eta obrak gauzatzearen ondorioz haize-sorgailuen edo linea elektrikoaren kokapen aldaketak ekarriko lituzkeen egokitzapenak ere (35/2002 Foru Legearen 44.4 artikulua). Parkearen eraginpeko eremua zehazten ahalko da bateraezinak diren erabilerak eta jarduerak mugatzeko, beharrezkoa bada. Udalez gaindiko proiektu sektorialak sarbideetarako eta ebakuazio linearako ezartzen duen araubidea 10/1994 Foru Legean ezarritakoa izanen da gutxienez (125/1996 Foru Dekretuaren 2. artikulua).

Araubidea azpiegituretarako finkatutako babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren kategorian ezarriko da, eta LAPeko babes bereziko eremuen eta udal planeamenduaren gainean jarriko da.

IV.2.–Parke eolikoen ezarpena arautzen duen 125/1996 Foru Dekretura egokitzea.

Oihaneko lurzoru urbanizaezinean proposatzen da parke eolikoa, Xabierko arau subsidiarioen arabera, eta kokapena egokia da, 125/1996 Foru Dekretuari jarraikiz.

Dekretu horren 5. eta 7. artikuluetan eskatzen den dokumentazioari dagokionez, erabaki honen III. puntuan (“Dokumentazioa”) baloratu da.

IV.3.–Lurralde Antolamenduko Planera egokitzea.

Udalez gaindiko proiektu sektorialak zehazten ditu proiektuaren eremua ukitzen duten LAPeko babes bereziko eremuak, Sierra de Peña unitatearen barnean. Ingurumen organoak Ingurumen eraginaren adierazpenean baloratuko ditu erabilitako irizpideak.

LAPek babes bereziko eremuetarako gutxieneko eta oinarrizko araubidea ezartzen du (LAP4aren 18.3 artikulua). Horren arabera, energia produzitzeko instalazioak berariaz debekaturik daude babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean, babes bereziko landarediaren ingurumen balioagatik, eta, a priori, ematen du ez direla bateragarriak babestu beharreko balioekin, paisaiaren aldetik duen balioagatik babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren kasuan. Lurraldea konektatzeko ahalmena sakonki aztertzen da aurkeztutako udalez gaindiko proiektu sektorialaren Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioan, eta ingurumen organoak gaia baloratu beharko du Ingurumen eraginaren adierazpenean.

Horrenbestez, parke eolikoaren proposamena soilik baimentzen ahal da ulertzen bada Peñaren Aragoiko aldean dagoen parkearen handitzea dela, lurralde antolamenduko planen lehenbiziko eguneratzearekin bat (69/2014 Foru Agindua, 2014ko 229. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 21ekoa).

Udalez gaindiko proiektu sektorialaren memorian deskribatutakoaren arabera, jarduketa eremu eoliko orokor baten handitzea da, honako parke hauek osatua: Sos I, Sos parkearen handitzea, Sierra Selva I eta Sierra Selva II. Eremu eolikotzat jotzen da paisaia-unitate geografiko berekoak direlako. Hala ere, handitzeari dagokionez, mugak, aukeratu den gunea eta haren ondoriozko ukipenaren handitzea baloratu ahal izateko, eskala txikiago batera jaitsi behar da. Horrenbestez, proposamena ez da eremu eoliko orokorraren handitze bat gisa baloratu behar, baizik eta Peña mendiaren gailurrean dagoen parkearen handitze bat gisa (Sos parke eolikoa), etenik gabeko ikuspegia lortzen baita eta, horren ondorioz, dagoen ukipena handitzen. Horrela ikusirik, LAPek handitzea baimentzeko ezartzen dituen irizpideak aztertzen dira:

–Peña mendiaren gailur-lerro nagusian dagoen parke eolikoaren handitze gisa, babes bereziko eremuak nahitaez ukitzen dira, eta ez da beste aukerarik.

–Babes bereziko eremuek ingurumenaren aldetik duten eginkizun orokorra ukituko da, eta hori Ingurumen eraginaren adierazpenean baloratuko da. Aipatu beharrekoa:

a) Landarediaren gaineko ukipenari dagokionez, parke eolikoak eremu babestuaren guztizko azaleraren %0,4 inguru okupatuko du. Ebakuazio lineari eta sarbideei dagokienez, asmoa da gutxieneko ukipena gauzatzea, landarerik gabeko espazioetan kokatuz (suebakiak, hesi zinegetikoak, bideak, landare multzoetatik kanpoko eremu andeatuak).

b) Paisaiaren gaineko ukipenari dagokionez, gailur-lerro nagusian 4 kokapen planteatzen dira (P1.1, P1.2, P1.3 eta P1.4), dagoen parkearen jarraian, gailurraren zehar izandako ukipena handituz. Bosgarren kokapen bat (P1.5) planteatzen da hegoalderantz, mendi-adar batean. Ukipen berriak sortzen ditu, eta ez dago justifikaturik, dagoen lerrokaduraren handitze bat ez baita.

c) Parke eolikoaren handitzeak (P1.1, P1.2, P1.3 eta P1.4 kokapenak), okupatuta dagoen ia azalera bera okupatzen badu ere (haize-sorgailu gutxiago, eta handiagoak), gailurraren okupazioa betetzen du, Aragoi aldekoa dagoeneko okupatuta baitago. Horrenbestez, handitzearen azalerak koherentea ematen du, P1.5 kokapena kenduta. Handitze honek, etenik gabeko ikuspegia eta gailurrean dagoen ukipena kontuan hartuta, handitze gehiago egiteko aukera agortzen du eta, horrenbestez, ezarriko den erregulazioan debekatuko da handitze gehiago egitea. Paisaiaren aldetik duen balioagatik babestu beharreko eremuaren fitxan sartzen ahalko da erregulazio hori, edo parkearen eraginpeko eremuan azpiegituretarako finkatutako babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren kategorian ezarriko den erregulazioan. Parkearen eraginpeko eremuan, gutxienez, Peña mendiak osatzen duen paisaia-unitatea sartuko da.

–Handitzea parke eoliko independente gisa planteatzen da alderdi guztietan, ikuspegiaren aldetik dagoen ukipena kenduta. Sarbide eta ebakuazio independenteak planteatzen dira, eta dokumentuan ez da azaltzen dagoen parkekoak zergatik ez diren erabiltzen.

Babes bereziko eremuetarako gutxieneko araubidea LAPean ezarritakoa da (18. artikulua), eta handitzeko aukerak LAPek berak ezartzen ditu oro har. Udalez gaindiko proiektu sektorialak ezin du inola ere salbuespenik finkatu (35/2002 Foru Legearen 82. artikulua), ez eta LAPek ezarritakoa baino zorroztasun gutxiagoko araubiderik ere. Horrenbestez, ez da bidezkoa Peña parke eolikorako salbuespeneko araubide espezifikoa, interes bereziko landarediaren ingurumen balioagatik babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren erabileren araubide fitxan jasoa.

IV.4.–Hirigintzako udal planeamendura egokitzea.

Azpiegiturak eta parke eolikoa baimentzen ahal diren erabilerak dira, Xabierko arau subsidiarioek lurzoru horietarako ezarritako erabileren araubidearen eta 125/1996 Foru Dekretuaren arabera.

Zangozako Udal Planaren araudiaren arabera (2010eko 71. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 11koa), ebakuazio linea baimentzen ahal den erabilera da igarotzen den lurzoruetatik, lurzoru orokorra kenduta, non debekuak ez duen logikarik, haren balioa txikiagoa baita erabilera hori baimentzen duten lurzoruena baino. Horrenbestez, irtenbide hobea da ebakuazio linea lurzoru horretatik igarotzea, lurzoru sentikorragoak ukitu gabe. Kultur intereseko ondasunaren inguruan debekatuta dago hodiak paratzea. Hala ere, Ondare Arkeologikoko Atalaren txostena kontuan hartuta, uste da baimentzen ahal dela udalez gaindiko proiektu sektorialaren barruan, betiere Ingurumen eraginaren azterlanean jasotzen diren neurri zuzentzaileak betetzen badira.

Ur babestuen, intereseko ibilbideen eta haien zortasun eremuen gaineko ukipena kasuan kasuko txosten sektorialetan baloratzen da.

V.–Ingurumen arloko tramitazioa.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean eta lege hori garatzeko erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz, proiektu hau ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozeduraren mende jarri behar da.

2015eko irailaren 29an, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak txostena egin zuen proiektuari buruz eta, horren arabera, aurkeztutako dokumentazioa aski da, eta jendaurrean jar daiteke UPSko gainerakoarekin batera, gutxienez 30 egunean, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozeduraren tramitazioarekin jarraitzeko.

VI.–Txosten sektorialak.

Erakunde hauen txostenak jaso dira: Herri Lan Zuzendaritza Nagusia, Kultura Zuzendaritza Nagusia, Ondare Historikoaren Zerbitzua, Babes Zibilerako Zuzendaritza, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua eta Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia. Txosten horietan proiektuan eta/edo obren gauzatzean kontuan hartu beharreko baldintzak ezartzen dira.

Aurrekoez gain, Ebroko Ur Konfederazioari eskatu zaio txostena egin dezala ur ibilguen, ur jabari publikoaren eta haien zortasun eta polizia eremuen gainean. Txosten hori espedientea ebatzi baino lehen kontuan hartu behar da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2015eko azaroaren 27ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. “Sierra de Peña parke eolikoa eta horren energia bideratzeko azpiegiturak” izeneko proiektua, Gestamp Eólica SLk sustatua, udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

2. Espedientea ebatzi baino lehen, sustatzaileak honako hauek egin behar ditu:

–Proposatutako parke eolikoa egokia dela frogatzea, LAPek dauden jarduerak handitzeko ezartzen dituen irizpideen arabera, erabaki honen IV.3 puntuko oharrak kontuan hartuta, eta, hala badagokio, proposamena aldatzea irizpide horiek betetzeko eta handitze kasuetan sartzen ez diren kokapenak kentzea.

–Dokumentazioa osatzea, erabaki honen III. puntuan adierazitakoari jarraikiz.

3. Udalez gaindiko proiektu sektorialak eta, hala bada, bertan bildutako lanak egiteko erredaktatzen diren eraikuntza proiektuek espedienteari buruzko txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko dute.

4. Nolanahi ere, obrak egitean ukituta gelditzen ahal diren beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, edo gauzatze hori baldintzatzen ahal dutenei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

5. Udalez gaindiko proiektu sektoriala jendaurrean jartzea hogeita hamar egunean eta, aldi berean, entzutea ematea trazadurak ukitzen dituen udalei.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Sustapen Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1-1. solairua; 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Era berean, agiria Sustapen Departamentuko web orriaren “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Territorio/Urbanismo/Exposicion+publica.htm.

6. Era berean, espedientea jendaurrean jartzea epe berean, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozeduraren ondorioetarako, indarra duten legezko zehaztapenekin bat.

Horretarako, Ingurumen eraginaren azterlana interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea, 7 - 31005, Iruña).

7. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, igortzea Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, eta jakinaraztea Ebroko Ur Konfederazioari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Iruñerriko Mankomunitateari, Zangozako Udalari, Xabierko Udalari, Acciona Energía SAri, Sofuentesko Udalari, Aragoiko Gobernuko Energiaren eta Meatzaritzaren Zuzendaritza Nagusiari, Aragoiko Ingurumen Kudeaketaren Institutuari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko otsailaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1601842