36. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Erantzukizuneko aitorpenari eta aurretiazko komunikazioari buruzko araubidea aplikatzekoa duten prozedurak eta hirigintza lizentzien tramitazioa arautzen dituen ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2015eko azaroaren 24an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen aldaketa egitea honako ordenantza honetan: Barañaingo Udalaren erantzukizuneko aitorpenari eta aurretiazko komunikazioari buruzko araubidea aplikatzekoa duten prozedurak eta hirigintza lizentzien tramitazioa arautzen dituen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, onespen horren iragarkia 2015eko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 15ean, bai eta Barañaingo Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen da eranskinean, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2015eko urtarrilaren 26an.–Alkate udalburua, Oihane Indakoetxea Barbería.

ERANSKINA

ERANTZUKIZUNEKO AITORPENARI ETA AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOARI BURUZKO ARAUBIDEA APLIKATZEKOA DUTEN PROZEDURAK ETA HIRIGINTZA LIZENTZIEN TRAMITAZIOA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA, BARAÑAINGO UDALARENA

I. KAPITULUA

Xedea eta eremua

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da prozedurak arautzea hirigintzako eta toki araubideko legerian aurreikusten diren hirigintza lizentzien eskaerei dagokienez, baita bertze prozedura batzuk ere, non Udalaren esku-hartzea beharrezkoa den, komunikazioak eta erantzukizuneko aitorpenak kontrolatzeko, jarduera, obra eta zerbitzu horietan non ez den nahitaezkoa lizentzia edo baimena lortzea hasi aurretik.

2. artikulua. Hirigintza lizentzia eta egintza adieraziak.

Hirigintza lizentzia Udalaren egintza arautua da; haren bidez, aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak egiaztatu ondoren, eskatzaileari baimena ematen zaio lehendik zuen eskubidea erabiltzeko eskubidea, eraikitzeko edo jarduera batzuk egiteko. Lizentzia eta prozedura mota bakoitzerako nahitaezkoa den dokumentazioaren gainean egiten da egiaztatze hori.

Jarduera, obra eta zerbitzu horietan non ez den nahitaezkoa lizentzia edo baimena lortzea hasi aurretik, Udalaren esku-hartzearen helburua izanen da pertsona interesdunak adierazi dituenak egiaztatzea, eta sektoreko legerian ezarritako baldintzak betetzea.

II. KAPITULUA

Hirigintza lizentzien eta egintza komunikatuen subjektuak eta eremua

3. artikulua. Lizentziak onartzeko organo eskudunak.

1.–Lizentziak onartzeko edo ukatzeko eskumena alkatearena da, eta hark eskuordetzen ahalko du, toki araubideko araudian aurreikusitako moduan.

2.–Tramite-egintzak, hala nola jendaurreko epea irekitzea, zuzentzen ahal diren akatsak komunikatzea eta gisakoak, hirigintza bere gain duen udal zerbitzuak edo arloak kudeatzen ahalko ditu.

4. artikulua. Hirigintza lizentzia eskatzera beharturik dauden subjektuak eta egintza komunikatuek ukitutakoak.

Hirigintza lizentzia eskuratzeko eta komunikazioak egiteko betebeharra, ordenantza honek aipatzen duena, da pertsona fisiko nahiz entitate pribatuena, pertsona juridikoena, entitateena edo administrazio publikoena.

Inor toki mailako kontroletatik salbuetsita egonez gero edo interes orokorreko kasua izanez gero, aplikatzekoa den araudiari jarraituko zaio.

5. artikulua. Partikularren hirigintza jarduerak jabari publikoko lurretan.

Emateko edo onartzeko erabakia hartzeko kontuan hartu badira proiektu teknikoa edo eskatutako dokumentuak, ukatzeak edo baimenik ez emateak galaraziko dio partikularrari lizentzia eskuratzea eta organo eskudunari hura ematea.

6. artikulua. Jarduketak lurzoru urbanizaezinean eta urbanizagarrian.

Lurzoru urbanizaezinean edo lurzoru urbanizagarrian egin gogo diren egintzak egiteko, lizentzia eskuratu beharko da indarra duen Udal Plan Orokorrean aurreikusten diren baldintzei jarraikiz, eta Nafarroako Gobernuaren baimena behar badute, halakoa izan beharko dute.

7. artikulua. Hirigintza lizentziaren eta egintza komunikatuen menpe dauden egintzak.

1.–Hirigintza lizentzia eta, behar denean, egintza komunikatuak (erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa) beharko dira edozein eraikuntza, instalazio, obra edo jarduera egiteko, betiere betetzen badira hirigintzan eta eraikuntzan indarra duen araudiko determinazioak, lurzoruaren erabilerak, hirigintzako planeamendua, udal ordenantzak eta aplikatzeko diren gainerako arauak.

Ordenantza hau aplikatuko zaie eraikuntza, instalazio eta obra guztiei, udal mugapeko edozein tokitan eginda ere, hala lur publikoetan nola pribatuetan, eraikinen barnean nahiz kanpoan.

Ulertuko da arestian aipatu diren eraikuntza obra edo instalazioak daudela, uneoro, tokiko edo hirigintzako indarreko araudiko kasuetako batean. Bereziki, eta ordenantza onesteko unean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. eta 189.ter artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Agindua (haren bidez onetsi ziren abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzeko arauak; eta, aipatutako 93/2006 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onetsi zen); geroago, horiek ordezten dituen araudia.

2.–Aurretiazko komunikazioaren menpe egonen dira obra txikiak egitea eta aurretiazko lizentzia edo baimena behar ez duten jarduerak, ordenantza honek adierazitakoaren arabera, baita erabileraren aldaketa ere.

3.–Orobat, jarduera sailkaturako eta irekitzeko lizentzia beharko da jarduera edo instalazio bat abiarazteko, xedea izanik egiaztatzea ea hura onetsitako proiektuari lotzen zaion, baldin aurreko atalean ezarritako araudia aplikatzekoa ez bada.

8. artikulua. Lizentzia eta egintza komunikatu motak.

Ordenantza honetan arautzen diren lizentziak eta esku-hartze bideak mota hauetakoak dira:

–Eraikuntza berrien obrak eta, oro har, obra txikitzat hartzen ez direnak, obra lizentzien tramitazio orokorreko prozeduraren menpe egonen dira.

–Obra txikiak; halakotzat hartuko dira eraikuntzen barnean eta kanpoan egiten direnak eta xede dutenak akaberak berritzea edo hobetzea, instalazioak berritzea edo aldatzea eta, oro har, munta txikikoak. Era berean, obra txikitzat hartuko dira Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean berariaz jasotakoak.

  • Obra txikiak aurretiazko komunikazioaren prozeduraren menpe egonen dira.
  • Inola ere ez dira obra txikitzat hartuko eraikinaren elementu amankomunetan esku hartzea eskatzen dutenak, egungo banaketa aldatzea ekartzen dutenak, bide publikoko elementuak ukitzea dakartenak, eta, oro har, teknikari baten esku-hartzea eskatzen dutenak, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen arabera.

–Jarduera sailkaturako eta irekitzeko lizentzia eta titulartasun aldaketak.

–Aldez aurreko adierazpena behar duten jarduerak irekitzea.

III. KAPITULUA

Guztiendako araubide juridikoa: hirigintza lizentzien eskaeretarako prozeduren tramitazioari buruzko xedapenak

9. artikulua. Baldintza orokorrak eta ondorioak.

1.–Tramitatutako lizentziak ez dira ezein kasutan isiltasun administratiboaren bidez eskuratutzat joko, baldin eta legeen edo hirigintzako antolamenduaren kontra badoaz, edo, eskabideko datuak faltsutu, nahastu edo ez aipatzeagatik, ezin bada jakinarazi hutsak zuzendu behar direla, edo kasuan kasuko jarduketari ez dagozkiola jarduketa komunikatuaren prozedura edo tramitazio laburrekoa, edo espedientearen tramitazioari eta ebazteari dagokien bertze edozein gauza.

2.–Ordenantza honetan jasotako prozedura-araubideak ez dizkie arintzen jarduketen titularrei zergak ordaintzeko betebeharrak. Egoki diren ordenantza fiskalek arautuko dituzte horiek.

3.–Honako baldintza hauek betetzearen menpe egonen da lizentzia:

a) Ondorioak izanen ditu, Udalaren eta kasuan kasuko jarduketari dagokion subjektuaren arteko harremanari dagokionez, baina ez ditu aldatuko subjektu horren eta gainerako pertsonen arteko egoera juridiko pribatuak.

b) Emantzat joko dira, jabetza eskubidea izan ezik, eta hirugarrenik kaltetu gabe.

c) Deskribaturiko obrak baino ezin izanen dira egin. Berariaz adierazi diren obrak ez direnak egiten badira, aldez aurretik horiei dagokien baimena eskatu beharko da, galarazi gabe bertzenaz ezartzen ahal diren zehapenak.

d) Interesdunak udal zerbitzuen eskura izan beharko du emandako lizentzia, edo komunikazio eginbidetuaren inprimakia, eta obrara sartzen utziko die zerbitzu horietako langileei, ikuskapenak edo egiaztapenak egin ditzaten.

e) Obrak hiru hilabeteko epean hasiko dira, lizentzia eman zenetik edo jarduketa komunikatuen komunikazioa eman zenetik hasita, eta sei hilabetean bukatu beharko dira, lizentzia eman edo komunikazioa egin zenetik, salbu epe luzeagoa aipatzen bada lizentzian; epe hori iragandakoan, lizentziaren edo komunikazioaren iraungipena deklaratzen ahalko da, non eta interesdunak ez duen eskatzen obrak egiteko epea luzatzeko edo geroratzeko, betiere gehienez ere aurreko epeen erdia izanen den epe baterako.

f) Ezin izanen dira inola ere egin legeriaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren obrak.

g) Lanak egiterakoan eraikuntzaren, segurtasunaren eta laneko osasunaren arloetan kontuan hartu beharreko xedapen indardun orori jarraitu beharko zaio.

h) Lizentziak ezin izanen dira erabili baimendutako jarduketak gauzatzean titularrek beren gain hartutako erantzukizun zibila edo penala saihesteko edo leuntzeko.

i) Baimenak eskualdatzen ahalko dira, baina titular berriak eta zaharrak idatziz emn behako diote horren berri Udalari; bertzenaz, biei egokituko zaizkie lizentziak babesten duen jarduketa horrek dakartzan erantzukizunak.

j) Lanak egitean, bide publikoetan eta alboko gainerako espazioetan obren ondorioz eragindako kalteak konpontzeko betebeharra dago, bai eta espazio horiek baldintza egokietan edukitzeko ere, segurtasunari, osasungarritasunari eta garbiketari dagokienez.

k) Debeku izanen da kale, plaza eta pasealekuetan aldamioak, eskailerak, makinak, erremintak, lanabesak edo tresnak paratzea, bai eta zirkulazio publikoa oztopatzen ahal duen eraikuntzako bertze edozein objektu eta material mota ere, berariazko baimenik ez badute.

4.–Obra lizentziak obrak babesten ditu, baina ez hirigintzako erabilerak. Hori dela eta, legeztatuta ez badaude eta legeztatu ezin badira, obren exekuzioak ez du inola ere eskubiderik emanen erabilera babesten duen lizentziarik eskuratzeko.

Horren ondorioz, aldeko eginbideak eta lizentziak luzatzen eta ematen dira ulerturik ezen aipatutako erabilerak legeztatuta daudela, eta, legeztatuta ez badaude, ez du inolako obrarik babestuko.

1. ATALA

Prozeduraren hasiera

10. artikulua. Eskaerak eta dokumentazioa.

1.–Ordenantzak arautzen dituen edozein lizentzia eta jarduketa mota eskatzeko, idazkia edo behar den eskaera normalizatua aurkeztu beharko da, eta harekin batera, behar den dokumentazioa, Barañaingo Udalak dokumentuei harrera egiteko erabakitzen duen udal zerbitzu edo egoitzaren bidez.

2.–Galarazi gabe lizentzia edo jarduketa mota bakoitzerako galdatzen ahal den dokumentazioa, idazkiak edo eskaerak eduki beharko ditu administrazio prozedura erkidearen gaineko arauek galdatzen dituzten datuak. Modu orientagarrian, datu hauek aipatzen dira:

–Pertsona fisiko edo juridiko interesdunaren izen osoa eta, ordezkaririk badu, harena ere bai, eta horrekin batera eskatzailearekiko harremana errazteko balio duten datu guztiak (helbidea, posta elektronikoa, harremanetarako telefonoa, faxa...). Orobat espresuki adierazi beharko da jakinarazpenak zer sistemaren bidez jaso nahi diren.

–Bakoitzaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo Identifikazio Fiskalaren Kodearen zenbakia.

–Eskaeraren xedea, argi eta garbi adierazia, proiektaturiko jarduketa zehatz-mehatz zer tokitan egin nahi den zehazturik, kale izen ofizialen arabera.

–Halaber, proiektuaren egilearen deskripzioa, huraxe izanen baita zuzendari fakultatiboa, eta obraren pertsona fisiko edo juridiko enpresaria, edo parte hartzen duten gremioen eta haien arduradunen izendapena.

3.–Eskatzailea bertze administrazio publiko bat baldin bada, eskabidean zehatz-mehatz adierazi beharko da zein den baimena eskatzen den jarduketaren erantzukizuna duen administrazio organo edo unitatea (departamentua, zuzendaritza, ordezkaritza, zerbitzua, etab.).

4.–Gainera, lizentzia edo jarduketa mota bakoitzerako, eskaerarekin batera aurkeztuko da eskabidean berean zehazten den dokumentazioa eta/edo Udaleko langile eskudunek eskatzen dutena.

5.–Eskaerekin batera aurkezten diren proiektu eta ziurtagiri teknikoek orokorrean bete beharko dute ordenantza honetan lizentzia edo jarduketa mota bakoitzerako xedatzen dena, eta ale gehiago eskatzen ahal dira, horretarako arrazoiak daudelarik, prozedura erraztu eta arintzeko (txostenak aldi berean eskuratzea etab.). Proiektuak eta txostenak aurkezteko bertze bitarteko bat izanen da Nafarroako Gobernuaren Dokumentuen Biltegia; hala eginez gero, lizentziaren eskabidean, eskatzaileak edo ordezkariak gaztigua paratuko du, Nafarroako Gobernuaren Biltegian utzi duela.

6.–Bai proiektu teknikoak bai obra edo instalazio akaberako ziurtagiriak dagozkien lanbide elkargoek sinatu beharko dituzte, indarra duen legeriak horrela galdatzen duenean.

7.–Eskaerak, idazkiak, planoak, adierazpenak eta dokumentuak paperean nahiz euskarri digitalean aurkez daitezke, Barañaingo Udalak teknologia berrien erabileraz ezartzen duenari jarraikiz.

11. artikulua. Proiektu teknikoak.

1.–Proiektu teknikoa da egin beharreko jarduketak definitzen dituzten dokumentuen multzoa; haren edukia eta zehaztasuna behar bezalakoa izan beharko da, Udalak haien xedea ezagutzeko eta araudi aplikagarriarekin bat heldu ote den jakiteko bezainbatekoa.

2.–Edukiaren eta norainokoaren arabera, sailkapen hau dute proiektu teknikoek:

–Eraikuntzako proiektu teknikoak, Eraikuntza Antolatzeko Legean, Kode Teknikoan eta, hala behar badu, aplikatzeko legerian ezartzen denari jarraitu behar diotenak, eta

–Bertze proiektu tekniko batzuk, lege horretan jasotzen ez diren jarduketetarako, ordenantza honetan ezartzen denari jarraitu behar diotenak.

3.–Proiektu teknikoa dagokion elkargo ofizialaren ikus-onetsi aginduzkoekin aurkeztu beharko da, hala behar badu, eta teknikari eskudunak sinaturik egon beharko du eta indarra duen legeriaren araberako baldintza formalak bete.

4.–Dokumentazio teknikoa edo proiektu teknikoa, behar den lizentzia onartuta, lizentziari atxikiko zaio, haren baldintza material gisa.

5.–Ordenantzak zehazten ditu beren izaeragatik edo entitate tekniko txikiagoa izateagatik proiektu teknikoaren aurkezpena behar ez duten jarduketak, kasu bakoitzean galdatzen diren dokumentuen zerrenda eskainiz, kasuan kasuko eraikuntza edo jarduketa motaren arabera. Orobat zehazten ditu Barañaingo Udalari adierazpen soila eginez abiatzen ahal diren jarduketak.

12. artikulua. Zuzentzen ahal diren akatsak.

1.–Idazkia edo eskaera aurkezturik, hari harrera egiteko ardura duten udal zerbitzuek aztertuko dute indarra duen legeriak galdatzen dituen baldintzak betetzen ote dituen. Prozedura hasteko funtsezko baldintzaren bat falta dela ohartuz gero, ofizio baten bidez horren berri emanen diote administratuari, okerra zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan hamar eguneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda. Ebazpen hori administrazio prozedurari buruzko legeriaren araberako baldintzetan eman beharko da.

Akatsen berri ahoz emateak ez du salbuesten erregelamenduaren arabera egiteko betebeharretik; halakotzat hartuko da interesdunak informazioa jaso duela frogatzen duena.

Hamabortz egun balioduneko epea iraganik behar den errekerimendua egin ez bada, eskaera Udal Erregistroan sartu zenekoa hartuko da prozeduraren hasierako datatzat.

2.–Komunikazioak modu arrazoituan aditzera emanen du aski ote den datu gehiago ekartzea edo direnak zuzentzea, edo dokumentazio berri osoa behar duen, atzemandako akatsen kopurua eta garrantzia kontuan izanik. Dokumentazio berriak segitzen badu akatsak izaten, hautuan izanen da, modu arrazoituan, azken epea ematea, aitzinekoaren erdia –horiek zuzentzeko–, edo eskaera artxibatzea, edo lizentzia ukatzea.

3.–Lizentziak tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazioko akatsak bakarrik zuzentzen ahal dira, baita araudian bildutako hirigintzako parametroen ez-betetzeak ere, baldin neurketak egitean egindako akats materialei egozten ahal bazaizkie, zentzuz, eta ez inola ere aplikatzekoa den araudiak arau-hauste larritzat hartzen ahal dituen gabeziak.

2. ATALA

Prozeduraren instrukzioa

13. artikulua. Prozeduraren arloan aplikatzekoa den araudia.

Ordenantza honetan tramitazioei buruz dauden arauak osagarriak dira, toki araubidean eta hirigintzan indarra duen legeriak prozeduraren arloan ezarritakoen aldean.

14. artikulua. Tramitazioaren gaineko arau orokorrak.

1.–Hirigintza arloari dagokio ordenantza honetan arautzen diren lizentziak tramitatzea, deusetan ukatu gabe bertze udal zerbitzu batzuek aldi berean dituzten eskumenak.

2.–Hirigintza arloak kudeatuko ditu espedienteak, eta berak eskatuko dizkie beharrezko edo aginduzko txosten guztiak ofizialki ikusteko duten bertze organoei.

3.–Egintza bakarrean erabakiko dira izatez aldiberekotasun hori onartzen duten tramite guztiak, nahitaez bata bertzearen segidan bete behar ez direnak.

4.–Halako espediente bat dela kausa sortzen badira izaera orokorreko eta udalaren barneko gorabeherak, haren xede zehatzari zuzenean eragiten ez diotenak, orduan bakoitza bere aldetik tramitatuko da, prozedurari atzerapenik ekarri gabe.

15. artikulua. Udalaren txostenak.

1.–Prozeduraren instrukzioan aginduzkoa bada ordenantza honetan ezarritako udal txostenak ematea, eta bertzerik zehazten ez bada, unitate arduradunek hamar eguneko epea izanen dute horiek emateko, erregelamenduaren araberako dokumentazioa bildu eta biharamunetik hasita.

2.–Hirigintza arloak Udalaren bertze arlo edo zerbitzuei eskatzen dizkien txostenak aldekotzat hartuko dira, epe horretan ematen ez badira.

3.–Txostenen gainean interesdunei ematen ahal zaien informazioak adierazi beharko du horiek ez dutela ebazpen balioa.

16. artikulua. Bertze administrazio publiko batzuek aldi berean dituzten eskumenak.

1.–Bertze erakunde publiko batzuek aldi berean eskumenak badituzte, ulertuko da lizentziak ematen direla horiek ukatu gabe, salbu eta aplikatzekoa den araudi sektorialak argi eta garbi galdatzen badu kasuan kasuko administrazio baimena edo txosten loteslea Udalaren baimena baino lehenagokoa izatea.

2.–Orokorrean, Hirigintza arloak, ofizioz, baimen edo txosten horiek eskatuko dizkie bertze administrazioei, eta zehaztuko die zein den horiek emateko epea eta zein diren adierazpen espresik ez egiteak ekarriko lituzkeen ondorioak. Isilbidea gertatuz gero, ebazpena ematen ahalko da bere eskumeneko alderdien gainean, hartan espresuki aipaturik ezen ebazpena ematen dela administrazio horiek aldi berean duten eskumena ukatu gabe eta haren baldintzapean.

3.–Lizentziaren eskatzailea baldin bada bertze erakunde baten aldez aurreko adostasuna frogatu behar duena, Udalak eman beharko dio horren berri, espresuki eta behar bezainbat denbora lehenago eman ere.

4.–Udalak beharrezko baliabide guztiak jarriko ditu bertze erakunde batzuetan egiten diren kudeaketek behar ez den atzerapenik ekar ez diezaioten ebazpenari; horretarako, behar diren barne tramite guztiak eginen dira, aldi berean egiten ahal badira.

17. artikulua. Eskaera berriak, Lehenagoko espediente bururatu baten akatsak zuzentzeko dokumentazioa ekarrita.

1.–Hirigintza lizentziaren eskaera artxibatu bada eskatzaileak erregelamenduaren araberako epea zuzendu ez dituelako Administrazioak adierazitako akatsak, edo hura ukatu bada aplikatzeko araudiarekin bat ez zetorrelako, lizentzia berria eskatzen ahalko da dokumentazio osoa eta/edo araudiari egokitua ekarrita.

2.–Ordenantza honetan aurreikusitako baldintzekin bat formalizatzen den eskaera berri honetan, orobat, interesdunak jadanik bururatua den espedientera jo dezake, hartan dagoen dokumentazio baliozkoari dagokionez, eta berritik idatzia edo zuzendua ekarri, aplikatzeko araudiak galdatzen duena osatzeko. Nolanahi ere, jarduketa hau lizentzia berri baten eskaeratzat hartuko da aurkezpenaren datari, tramitazioaren araubideari eta hirigintza nahiz zerga aldetik aplikatzen ahal den ordenamenduari dagokienez.

3. ATALA

Prozeduraren ebazpena

18. artikulua. Ebazpena eta baldintzak.

1.–Lizentzia eskaeren gaineko ebazpenak arrazoituak izanen dira eta indarra duen legeriari lotuko zaizkio, hau da, lurzoruari buruzko legeriari eta indarra duen planeameduari, baita legeria sektorialari eta aplikatzeko udal ordenantzei ere.

2.–Araudi horretan babespekoak ez diren determinazioak ezin izanen zaizkio jarri lizentzian titularrari.

3.–Tramitazioaren ardura duten udal zerbitzuek txosten tekniko bat emanen dute, eta horren barnean joanen da ebazpen proposamena, prozedura ebazteko ahalmena duen organoari igorriko zaiona. Hura modu honetakoa izan daiteke:

a) Onartzea: eskatutako jarduketak indarra duen ordenamenduarekin bat etortzeko bete behar dituen baldintzak edo neurri zuzentzaileak zehaztuko dira.

b) Ukatzea: behar bezala emanen dira horretarako arrazoiak. Jakinarazpenarekin batera arrazoi horiek zehazten dituzten txostenen kopia igorriko da.

c) Artxibatzea: jarduerak falta izatearen edo baldintzak zuzendu ez izatearen ondorio hutsa.

4.–Lizentzia eskaerak ezin dira ebatzi gabe utzi aginduen isiltasunagatik, iluntasunagatik edo laburtasunagatik.

5.–Ordenantza honetan prozedura mota bakoitzerako gehienez ere ezartzen den epean eman behar du ebazpena organo eskudunak, espedientea hasitzat hartzen den egunetik hasita.

19. artikulua. Determinazioen erregistroa.

Lizentzietan finka batzuen gaineko jabaria edo bertzelako eskubide erreala mugatzea edo aldatzea dakarten determinaziorik bada, lizentziaren titularrak horien berri eman beharko dio Jabetza Erregistroari, inskriba daitezen; horretarako administrazio ziurtagiria emanen da, haien ezaugarriekin, mugatzea behin betikoa den ala ez zehazturik, baita ukituriko finken erregistroko datuak ere, titularrak eskaini behar dituenak. Pertsona hori ez bada finkaren erregistroko jabea, inskripzio hori egiteko haren konpromiso berariazkoa aurkeztu beharko da.

20. artikulua. Epeak eta luzapenak.

1.–Ordenantza honetan ezarritako epeek udal organoak eta Udalbatzako kideak nahiz Udalaren zerbitzuko langileak eta interesdun guztiak behartzen dituzte.

2.–Behin betiko ebazpenak gehienez ere bi hilabetean eman beharko dira, baldin obrak ez badaude aurretiazko komunikazioaren araubidearen menpe, edo erantzukizuneko aitorpenaren araubidearen menpe; akatsak zuzentzeko eta bertze administrazioen aginduzko txostenak biltzeko baizik ez da etenen denbora hori.

3.–Akatsak zuzentzeko, udal errekerimenduei harrera egiteko edo ordenantza honetan arautzen diren bertze tramite guztiak konplitzeko epea, arau orokor gisa, administrazio prozeduraz xedatu denari lotuko zaio eta hamar egunekoa izanen da orokorki.

4.–Behin betiko ebazpenerako epea luzatzeko, bete beharko da administrazio prozedura erkideari buruzko legeriak aldi bakoitzean xedatzen duena, deusetan ukatu gabe gibelatzeko aukera, eskatzaileak berak formalizatuta eta arrazoituta.

21. artikulua. Administrazioaren isiltasunaren araubidea.

1.–Lizentzia ebazteko aipatu epe horiek iraganik, legez behar diren etenaldiak izanda, Udalak ez badu ebazpen espresik ematen, administrazioaren isiltasuna gertatu dela ulertuko da, honelaxe:

a) Eskatutako lizentzia baldin bada eremu publikoetan edo jabari publikoko nahiz ondareko ondasunetan jarduerak egiteko, ukatu egin dela ulertuko da.

b) Lizentzia baldin bada bertzelako jarduera motak egiteko, eman dela ulertuko da, administrazioaren isiltasun bidez. Arau honetatik kanpo geldituko dira hainbat kasu, hain zuzen ere Ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa edo jardueren ingurumen ebaluazioa behar dutenak. Horrelakoetan, ingurumenaren gaineko prozedura ebazteko legeak aurreikusten dituen epeak bukatu badira oraindik deklaraziorik edota ebaluaziorik eman gabe, lizentzia ukatu dela ulertuko da, administrazioaren isiltasun bidez.

2.–Lizentziaren beharra duen jarduketa zehatz baterako, eskatzen badira –prozedura bakar batean eta lizentzia eman aitzin– bertzelako administrazioetako baimenak edota aginduzko txosten lotesleak, lizentzia emateko epea –eta, beraz, administrazioaren isiltasuna eraginkorra izateko epea– eten eginen da baimen edo txosten hori eman arte, eta horretarako legez ezarritako gehieneko epeak aplikatuko dira.

3.–Lizentziak kaltegarri direla deklaratzen ahalko dira, unean-unean indarra duten prozedurari eta araubideari jarraikiz.

4.–Administrazioaren isiltasun positiboaren epeak bukatuta ere, Udalak nahitaez eman beharko du ebazpen espresa, salbu jarduketa komunikatuen kasuan eta legezko erregulazio berariazkotan bertzelakorik ezartzen den kasuetan.

5.–Prozedura horren bidez tramitatutako lizentziak edota baimenak ezin izanen dira inolaz ere hartu administrazioaren isiltasunaren bidez lortutzat, baldin legeriaren edo hirigintzako planeamenduaren aurka badoaz, edo komunikazioko datuak faltsutzeagatik edo nahita ez jartzeagatik ezinezkoa bada jakinaraztea ea lizentzia edo komunikazio bakoitzeko jarduketa bat ote datorren arauekin eta jarraibideekin.

22. artikulua. Aldaketak.

1.–Interesdunak proposatzen ahalko ditu formalki, edozein unetan baina behin betiko ebazpena baino lehen, bidezko iruditzen zaizkion aldaketak hasierako eskabide eta proiektuekiko.

2.–Aldaketa horiek eskabide berritzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta, hala behar denean, hasierakoa osatu edo ordeztuko du.

3.–Hirigintza arloak eska dezake, horretarako arrazoiak emanda, proiektu oso bategin bat aurkezteko, hala komeni bada proposatutako aldaketen kopuruagatik edo garrantziagatik, proposamena argiagoa izan dadin eta galaraz daitezen dokumentazioan izan daitezkeen kontraesanak.

23. artikulua. Titulartasun aldaketak.

1.–Titularrak lizentziak eskualdatzen ahalko dizkio bertze pertsona bati, eta bi aldeak behartuta egonen dira Udalari horren berri ematera, horretarako idazki bat aurkeztuta eta bertan adierazita biak konforme daudela, edota, behar den dokumentazioa aurkeztuta, titular berriak nahikotasunez frogatu beharko du aldaketaren arrazoia, aurkakotasunik ez dagoela ziurtatzeko moduan.

2.–Delako aldaketa horren komunikazioan sartu beharko da titular berriak bere gain hartzen dituela bai karga bai erantzukizun guztiak (baldintzak kalte-ordainik hartzeko ukoa, aldi baterako ixteko aginduak, eta abar), lizentzia horri atxikiak baitaude. Karga adierazita baldin badago eskritura publikoan, hori berritu beharko da formazko baldintza berberetan, eta abalik aurkeztu bada, hori ordeztu beharko da eta titulartasun berriari egokitutako bertze bat ezarri.

3.–Lizentzia bat eskualdatzeak ez du sekula ere ekarriko hura emateko ezarri ziren baldintzak aldatzea, edozein izanik ere haren komunikazio idazkian edo hari buruzko udal egintzan adierazten dena, eta galarazi gabe ezarritako diziplinako neurrien eraginkortasuna.

4.–Titulartasun aldaketaren komunikazioak ez baditu betetzen hartarako eskatutako gutxieneko baldintzak, Udalak erabakiko du, horretarako arrazoiak emanez, hortik aitzina norekin (bat edo gehiagorekin) jarraituko duen jarduketen gainerako harremanetan eta, hala bada, erabakiko du bidezkoa ote den neurri hertsatzaileak aplikatzea, egin den eskualdatze hori arautzearren.

24. artikulua. Jarduketaren zuzendaritza teknikoa eta erantzukizuna.

1.–Bai lizentziaren titularra bai proiektu teknikoaren prestatzailea, biak izanen dira aurkeztutako dokumentazioko datuen egiazkotasunaren erantzule; halaber, erantzun beharko dute baimendutako jarduketan zehar sor litezkeen gorabeheren aurrean, salbu proiektuaren teknikari arduraduna ez bada aldi berean zuzendaria; kasu horretan, horixe jakinarazi beharko baitzaio Udalari, behar den denboraz, betiere dagokion dokumentazioarekin batera.

2.–Hondarreko betekizun hori betetzen ez bada, ulertuko da gorabehera horien erantzule dela onetsitako proiektua sinatu duen teknikari arduraduna, lizentziaren titularrarekin batera.

3.–Zuzendaritza teknikoan ordezkapenik gertatzen bada Udalari jakinarazi beharko zaio, aldaketa hori legeztatzen duen dokumentazioarekin batera.

25. artikulua. Jarduketak. Ukoa, artxibatzea eta berriz hastea.

1.–Abian dagoen espediente bat eteten bada interesdunari egozten ahal zaion arrazoi batengatik, hari uko egin diola ulertuko da eta jarduketa guztiak artxibatu eginen dira, salbu arau-hauste batengatik edo interes publikoko bertze arrazoi batengatik komenigarri ikusten bada hura berriz abian jartzea.

2.–Espedientea artxibatu ahal izateko, beharrezkoa da aldez aurretik horren eta horren ondorioen berri ematea lizentzia eskatzen duenari/dutenei, zuzen daitezkeen akatsen berri komunikatzen zaion/zaien eta akats horiek zuzentzeko epe egokia ematen den egintza berean.

3.–Espedientea artxibatuta ere, hori ez da oztopo berriz hasteko, baldin –epea iraganda ere– interesdunak errekerimendua ontzat hartzen badu eta akatsak zuzentzen baditu, betiere –Higirintza arloaren arrazoizko iritzia emanda– inguruabarrak ez badira aldatu edo gehiegizko atzerapenik gertatu bada.

26. artikulua. Lizentzien edo egintza komunikatuen iraungitzea.

1.–Obrak urtebetean hasi ez badira (sei hilabete hasteko eta bukatzeko, obra txiki komunikatuen kasuan) edo sei hilabete joan badira jardueran aritu gabe, aldez aurreko lizentziaren edo komunikazioaren menean, edo hartarako emaniko epea ez bada betetzen, edo hiru urteko epean ez bada bukatu (salbu obra txiki komunikatuak), lizentziaren iraungipena etorriko da, eta indarrik gabe geldituko da, hori guztia haren titularrari entzuteko epea eman ondoren.

2.–Halaber, edozein lizentzia erreboka daiteke eta indarrik gabe dagoela deklaratu, betiere haren titularrari entzuteko aukera emanda, haren baldintzak bete ez badira.

27. artikulua. Lizentziari edo egintza komunikatuari uko egitea.

1.–Lizentziari edo jardueran aritzeari partikularrak uko egiteak berekin ekarriko du haren erabateko iraungitzea, eta indarrik gabe gelditzea, bertze inolako tramiterik egin beharrik gabe.

2.–Uko egite hori egin dela jasota gelditzeko edozein bide erabil daiteke, eta titularraren egintzetatik ere ondoriozta daiteke, zalantzarik gabe ondorioztatzen bada uko egiteko borondate inplizitoa dagoela.

3.–Lizentziaren titulartasuna hainbat pertsonena baldin bada, ezin izanen da ulertu iraungita dagoela den-denek eta banan-banan hari uko egiten ez badiote.

28. artikulua. Hirugarren pertsona interesdunak.

1.–Espedientean ager daitezke behar adina pertsona, betiere behar bezala erakusten badute eskubidea dutela edo harekiko interes legitimoa, eta haietan partaidetzat hartuko dira, horren gainean eman daitezkeen ebazpen guztien jakinarazpenetarako. Hori guztia, galarazi gabe hirigintzako ekintza publikoa.

2.–Entzuteko tramitea ematen ahal zaie, hamar eguneko epean, behin betiko egintza baino lehen, baldin espresuki eskatzen badute eta horren ondorioz ez bada gainditzen ebazteko emaniko gehieneko epea.

29. artikulua. Lizentziak etetea.

1.–Planeamenduko aldaketagatik, lizentzien ematea etetea erabakitzen bada, ebazteko prozedura bertan behera geldituko da, eta hori komunikatu beharko zaio eskatzaileari.

2.–Nolanahi ere, egungo araubidean oinarritutako lizentziak ematen ahalko dira, betiere planeamendu berriko determinazioak errespetatzen badira.

30. artikulua. Antolamenduz kanpoko eraikinak.

Jarduketa proiektatzen bada antolamenduz kanpoko eraikinetan, lizentzia eskatu duen pertsonak eta, hala bada, lokalaren jabeak, dokumentu publiko baten bidez uko egiten ahalko diote kalte-ordaina jasotzeko eskubideari, nork bereari, sor daitezkeen kalte edo kostuei dagokienez eta jarduketa horri dagokionez, hain zuzen ere planeamenduaren exekuzioa dela eta.

31. artikulua. Tasak eta zergak.

1.–Lizentzien edo egintza adierazien ondoriozko tasen, zergen edo prezio publikoen likidazioa, ordenantza fiskalek zer agintzen duten hartara egokituko dira.

2.–Hirigintza arloak lagunduko dio zerbitzu ekonomiko arduradunari, eta emanen dizkio zerga kontuetan eragina duten hirigintzako datu guztiak eta beharrezkoak eta jakin beharrekoak direnak udal ogasunarentzat, zerga ondorioetarako.

3.–Aurreko puntuarekin bat, proiektatu den esku-hartzearen aldaketa sortu eta baimentzen denean, eta horren ondorioz hasierako aurrekontuko aldaketa etortzen bada, horren berri eman beharko zaio dagokion udal zerbitzuari, Kontu-hartzailetzari eta Diruzaintzari.

4.–Jabetza Erregistroko edozein inskripziorengatik heldu diren gastuak lizentziaren titularraren kargura joanen dira beti.

32. artikulua. Fidantzak.

Hainbat obra exekutatzeko behar diren fidantzak, esku-dirutan nahiz abalaren bidezkoak, Diruzaintzan utzi beharko dira, bereziki obra horiek eremu publikoan egiten direnean, eta itzuli, berriz, Zerbitzu Teknikoen aldeko txostena ematen denean.

IV. KAPITULUA

Kudeaketa arauak, lizentzien eta egintza komunikatuen tramitazioan

1. ATALA

Kudeaketa arauak, obra lizentzietan

33. artikulua. Hirigintzako jarduketaren eskaera oro egiteko, Udalak ematen duen eskabidea beteko da, eta likidazioaren oinarri izan daitezkeen inguruabar guztiak frogatzeko agiriekin batera aurkeztuko da.

34. artikulua. Oin berriko eraikinak egiteko lizentzia eskatzen denean, agerrarazi beharko da orubea erabat librea dela eta bertan eraikitzeko ez dagoela ez eraikinik ez trabarik. Bertzenaz, bertan diren eraikinak botatzeko, lur mugimenduak egiteko eta horrelakoetarako baimena eskatu beharko da lehenagotik edo unean berean.

35. artikulua. Oin berriko obretan, bai fatxada bai gainerako elementuak atxikiak geldituko dira eta hartan onartu beharko dira Udalak jartzen dituen argindar eta gainerako zerbitzuen elementuak.

36. artikulua. Udal xedapenen arabera, baldin badira halako obrak beharrezko dutenak bertan jartzea aldamioak, hesiak, edukiontzia edo eraikitzeko materialak edo obra-hondakinak, aldez aurretik baimena eskatu beharko zaio Udalari. Horrek bertze baimen bat emanen du horretarako, bere tasa eta guzti, egoki den ordenantza fiskalaren arabera.

37. artikulua. Obra horiek bertze udal baimen mota bat behar baldin badute, eta ordainarazpena eskatzen badute, altako deklarazioa/deklarazioak aurkeztu beharko da/dira, horiek egin ahal izateko lizentziaren edo lizentzia komunikatuaren eskabidearekin batera.

38. artikulua. 1.–Lizentzia emateari buruzko udal erabakia hartzen den eguna arte, eta obrak ez badira oraindik hasi, interesdunek espresuki uko egiten ahal diote; orduan, tasaren zenbatekoa murriztuko da eta bakarrik geldituko da Udalak egin duen obrari dagokiona, baina betiere gutxienekoa izanik hasiera batean zegokion tasaren %50.

2.–Jarduketa komunikatuen kasuan, interesdunak uko egiten ahal die haiei, baina betiere obrak oraindik hasi ez badira; halakoetan, ordura arte eginiko lan tekniko eta administratiboei dagokien tasaren zenbatekoa kobratuko da, gutxienekoa izanik aurreko lerroaldean ezarritakoaren %50.

39. artikulua. Ordenantza honetan obra lizentzien iraungitzeari, eteteari eta luzatzeari buruz arautu ez den guztietan, hirigintzako legerian ezarritakoari eginen zaio men.

40. artikulua. Lizentzia bat emateak edo jarduketa komunikatu bat aurkezteak ez du izaera zibileko inolako eskubiderik edo egoerarik sortzen eraikinak, instalazioak edo obrak egin behar diren ondasunen gainean.

41. artikulua. 1.–Beharrezkoa den kasu guztietan, dagokion lizentziako obra bukatu eta hurrengo hilabetearen barrenean, eta obra lizentziaren tasaren eta eraikin, instalazio eta obren gaineko zergaren behin betiko likidazioa egin ahal izateko, jakinarazpena aurkeztu beharko da honako inguruabar guzti hauekin (horretarako erabiltzen ahalko da Udalak gaitu edo eskaintzen duen eskabide eredua):

a) Oin berriko obrak direnean, eraikinak handitzekoak edo higiezinen erabateko nahiz zati bateko erreformakoak, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, dagokion elkargoak ikus-onetsia, hala egin behar denean, obren zuzendari fakultatiboak emana, eta bertan agerrarazi beharko da obra horiek egin direla Udalak emandako lizentziari hertsiki loturik, eta propio aurkeztutako proiektu teknikoarekin bat, eta obra gauzatzeko kostu erreala eta egiazkoa ere azalduko da.

b) Gainerako jarduketetan, zein den ere obra lizentzia eman zuen organoa, honako hau aurkeztu beharko da:

–Proiektu teknikoa nahitaezkoa bazen: obra horien zuzendari fakultatibo baten ziurtagiria, bertan agerraraziz lizentziari eta proiektu teknikoari hertsiki loturik egin direla, eta bertan edo bertze ziurtagiri batean, obren kostu erreal eta egiazkoaren adierazpena (obra gauzatzearena).

–Proiektu teknikoa nahitaezkoa ez bazen: aski izanen da obra lizentziaren onuradunaren deklarazioa, eginiko obren kostu erreal eta egiazkoaren gainekoa.

2.–Oin berriko etxebizitzak egiteko obren kasuan, nahitaez eskatu beharko da, obra bukaeraren jakinarazpenarekin batera, lehen aldiz okupatzeko udal baimena. Lehen aldiz okupatzeko aipatutako baimena, hala behar denean, nahitaezko baldintza izanen da Nafarroako Gobernuko bizigarritasun zedula edo baimena lortu ahal izateko.

3.–Beharrezko dokumentazio gehigarria, obra lizentziaren behin betiko likidazioa egiteko:

a) Obren gauzatze materialaren azken gastua lizentziaren eskaerari erantsitako dokumentazioan aurreikusia baino txikiagoa denean, idatzizko eta berariazko justifikazioa aurkeztu beharko da, hau bereizita:

a.1) Zein den egin gabe geratu den obra zatia, eta horren arrazoiak eta balorazio ekonomikoa, lizentzia eskaeraren aurrekontuaren aldean.

a.2) Obraren kostu txikiagoa, baloratua, aurrekontua kapituluka eta diru-sailka banatua, eta azalduta zergatik den txikiagoa, obra-zuzendariak sinaturik, edo, bertzenaz, obra egin edo sustatu duen enpresak sinaturik.

b) Dokumentazioa ez aurkezteak berarekin ekarriko du aurkeztutako zenbateko handienarekin likidatzea zuzenean.

c) Udalak auditoria egin eta aurkeztutako dokumentazioa egiazta lezake, likidatzeko unean edo geroago, bere baliabideak erabiliz edo horretarako baimena duten enpresen bidez.

2. ATALA

Definizioa, kasuak, prozedura
eta determinazioak, obra txiki komunikatuetan

Definizioa.

42. artikulua. Obra txikitzat hartuko dira halako barne edo kanpoko obrak, munta txikikoak, teknika errazekoak eta eraikuntza maila edota kostu aldetik entitate txikikoak direnak, alegia, konponketa txikiak edo moldatzekoak, dekoraziokoak, apaingarritakoak edo itxiturak egitekoak, hau da, proiektu teknikoaren beharrik ez dutenak eta betiere ordenantza honetan sartuak direnen artean sarturik daudenak.

Eraikuntzetan egin beharreko obra horiek, bakar-bakarrik jakinarazpenaren beharra dutenak, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Ez aldatzea bolumena edo azalera eraikia, ez eta erabilera komuneko instalazio edo zerbitzuen erabilera objektiboa edo etxebizitza nahiz lokalen kopurua ere.

–Eraginik ez izatea ez kanpoko diseinuan ez zimentazioan.

–Ez eragitea higiezin baten egiturazko elementuen, elementu arkitektonikoen edo komunen berregituraketa, banaketa edo funtsezko aldaketa.

–Eraginik ez izatea zernahi eraikin eta instalazioen bizigarritasun edo segurtasun baldintzetan.

–Etxebizitzen eta lokalen unitate fisikoen kopurua ez aldatzea.

Tipologia hau: obra txikiak, erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar dutenak.

43. artikulua. 1.–Eraikinaren, etxebizitzaren edo lokalaren kontserbazio eta mantentze-lanetako barne eta kanpoko obrak: [elementu kaltetuak aldatzea, berdin-berdinak paratuta, garbiketako obrak, eraikinak barnetik pintatzea.

Kanpo daude:

1.1.–Aldamioak behar dituzten obrak.

1.2.–Eraikin edo multzo babestuetako obrak.

2.–Moldatze lan txikiak.

Aipatzearren: zoruak, goiak, hormak, iturgintza, argindarra, berokuntza, saneamendua, irrati-telebista, telefonia eta kable bidezko bertze zerbitzu batzuk (barneko azpiegitura txikia), pintura, iztukua, estaldurak, barne-zurgintza, baita fatxada zatiak konpontzea ere, ez badute aldaketa ekartzen, teilaberritzea (gehienez ere estalkiaren %50 eta aldaketarik gabe), eta horrelatsukoak.

2.1.–Etxebizitzetan:

Materialak, elementuak eta/edo instalazioak aldatzea, barneko banaketa edo konfigurazioa aldatu gabe.

Kanpo daude:

–Kanpoaldeko zurgin lanak.

–Fatxadako elementuak, alegia, teilatu-hegalak, hegalkinak, balkoiak, saneamendua (euri-uretarako) eta horrelatsukoak.

–Etxebizitzaren erabilera funtsezko aldaketak ekartzen dituztenak edo etxebizitza unitateen kopurua aldatzen dutenak.

–Elementu komunak ukitzen dituztenak.

–Egitura ukitzen dutenak.

–Kanpoko itxura ukitzen dutenak.

–Kalkulu-gainkargak ukitzen dituztenak.

–Aldamioak behar dituztenak.

–Antolamenduz kanpoko eraikinak, edo eraikin nahiz eraikin multzo babestuak.

–Oztopo arkitektonikoak kentzekoak.

2.2.–Lokaletan:

Materialak, elementuak eta/edo instalazioak aldatzea, barneko banaketa edo konfigurazioa aldatu gabe.

Kanpo daude:

–Erabilera aldaketa ekartzen dutenak.

–Antolamenduz kanpoko eraikinak, edo eraikin nahiz eraikin multzo babestuak.

–Nekazaritzako biltegi eta/edo etxolak.

–Hesiak eta aldamioak behar dituztenak.

–Sailkatutako jarduerak, lizentzia behar dutenak.

3.–Bertzelako obra txikiak.

3.1.–Lorategi lanak, zoladura lanak, zintarriak jartzea, metalezko itxiturak, baita haiek erabili eta kontserbatzeko beharrezkoak diren instalazioak, jabari pribatuko eremu libreetan egiten badira, betiere obrek ez badute ukitzen inolako erabilera, zerbitzu edo instalazio publikorik.

3.2.–Orube baten barrenean eginiko berdinketa, garbiketa, sasi-garbiketa eta lorezaintza lanak, betiere horren ondorioz ez bada aldatzen lurraren maila naturala eta zuhaitzik botatzen ez bada.

3.3.–Jabari pribatuetan egiten diren zundaketa edo prospekzio lanak eta eraikuntza lanak hasi baino lehen egiten diren bertzelako lanak edo saioak.

3.4.–Aldez aurreko lanak, zuzendaritza fakultatiboaren menean, helburua badute eraikin baten egituraren portaera jakitea, hori guztia egokiro zaharberritzeko.

3.5.–Itxiturak eta hesiak.

3.6.–Aitzineko ataletan zehaztu ez den munta txikiko bertzelako edozein obra, baldin eta horiek ez badute ekartzen eraikinaren kanpoko elementu arkitektonikoak aldatzea, higiezinen egitura aldatzea, edo lokala erabat berritzea, horiek obra handitzat hartzen baitira.

4.–Bertzelako jarduketak.

Eraikuntza obren elementu lagungarri eta osagarriak (obraren publizitate kartelak, etxolak, hesiak eta abar), baldin eta ez bada jabari publikoko eremua okupatzen.

Orobat, erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubidearen menpe egonen dira merkataritza jarduera egiteko lokalak egokitzeko obrak, aplikatu beharreko araudi sektorialarekin bat.

Prozedura.

44. artikulua. Udalak ematen duen eskabide ereduaren bidez egin beharko da erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa, behar bezala beteta eta kasuan-kasuko dokumentazio orokorrarekin eta bereziarekin, hori behar bezala zehaztuta egonen baita Administrazioak eskaintzen duen inprimakian. Nolanahi ere, aurkezten ahalko da aipatutako erregistroetako edozeinetan edo legeria orokorrak baimentzen dituen moduetan.

45. artikulua. Sarrera erregistroko zigiluak erran nahi du Udala jakinaren gainean dagoela, salbu eta artikulu honetako 1. atalean zehaztutako kasua bada.

Aitorpenarekin batera aurkeztutako dokumentazioa azterturik eta ikusita egokia den ala ez indarra duten eraikuntzako eta hirigintzako araudiko determinazioekiko, lurzoruaren erabilerekiko, hirigintza planeamenduarekiko, udal ordenantzekiko eta gainerako arau aplikagarriekiko, baita prozedura honetan ezarritakoarekiko ere, egintza adierazien tramitazioak jarraituko du eta/edo bukatuko da modu hauetako bat erabilita:

1.–Dokumentazioa aztertuta hori osatu gabe baldin bada, behar den zuzenketa egin dadila eskatuko da, horretarako hamar egun emanez, komunikazioaren aurkezpen egunetik aitzina.

2.–Ikusten baldin bada jarduketa komunikatua ez dela sartzen ordenantza honetan adierazten direnen artean, interesdunari komunikatuko zaio ezen, gehienez ere hamar eguneko epean, erregistroko sarrera zein egunetan den eta biharamunetik aitzina, egokitu beharra duela bere jarduketa eta zein lizentziatarako eskatu den harendako ezarritako arauei lotuta jardun behar duela. Epe hori luzatzen ahalko da, behar bezalako arrazoiak ematen badira.

3.–Gainerako kasuetan, aitorpena osatuko da Hirigintza Arloaren “konforme” eginbidearekin, eta prozedura bukatutzat joko da eta dokumentazioa artxibatuko bertzerik gabe, galarazi gabe ondotik hel daitezkeen ikuskapen eta egiaztapen jarduketak, eta egoki den zerga likidazioa.

46. artikulua. Jarduketa komunikatuek ez dute indarrik izanen dokumentazioa oker, osatu gabe edo akastuna bada. Baldin erantzukizuneko aitorpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aurkezten ez bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ezin izanen da eskaerako hirigintzako jarduera hasi, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izan daitekeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

Determinazioak.

47. artikulua. Obra txiki komunikatuen determinazioak:

1.–Erantzukizuneko aitorpenak titularrari ahalmena emanen dio nahi duen eta eskaeran adierazi duen hirigintzako jarduera egiteko, baldin behar den dokumentazio nahitaezkoa badu, galarazi gabe egoki diren egiaztatze, kontrol eta ikuskatze ahalmenak.

2.–Ondorioak sortuko ditu Udalaren eta jarduketako pertsonaren artean baina ez dituzte aldatuko horrek bertzeekin dituen egoera juridiko pribatuak.

3.–Udalari dagokionez, jabetzako eskubidea ukitu gabe eta hirugarrenik kaltetu gabe eginen dira.

4.–Azaldutakoak bakarrik eginen dira. Obra bat baino gehiago denean, hasi baino lehenago adierazi edo eskatu beharko dira.

5.–Komunikazio eginbidetuaren inprimakia eta, kasua denean, bidezko dokumentazio teknikoa udal zerbitzuen eskura egonen da, eta obrara sartzeko erraztasunak emanen dira, ikuskapena edo egiaztapenak egiteko.

6.–Sei hilabeteko epean egin beharko dira, komunikatzen den egunetik aitzina. Epe hori bukatzen bada oraindik gauzatu gabe, iraungi eginen da. Behar denean, luzapenerako eskaera egin beharko da beranduenez bukatu baino bi hilabete lehenago, eta eman espres emanen da.

6.–Ezin izanen dira inola ere egin legeriaren edo udal planeamenduaren kontrakoak diren obrak.

7.–Bete beharko dira etxegintzako jardueran zehazten diren eraikuntzari, laneko segurtasunari eta osasunari buruz indarra duten xedapen guztiak.

8.–Hondakinen kudeaketari buruzko Nafarroako araudia bete beharko da.

9.–Transmititu daitezke. Lehenagoko titularra eta oraingo titularra behartuak daude egintza bakar baten bidez eta idatziz Udalari jakinaraztera.

10.–Etxebizitzen barreneko zaharberritzeko obrak, paramentu, goi eta zoruaren bukaeretako konponketak edo berritze lanek ez dute eraginik izanen barneko eremuen banaketetan (tabikeak), ez eta kanpoko fatxadetan edo egiturazko elementuetan.

11.–Neurriak ez dira izanen komunikatuak baino handiagoak, eta horiek gaindituz gero hirigintzako arau-haustetzat hartuko dira.

12.–Obra egiten den bitartean aldaketarik egin nahi bada, Udalari komunikatu beharko zaio aurretik.

13.–Bide publikoa edo eremu mugakideak: kalterik sortzen bada, lizentziaren titularrak konpondu beharko ditu; orobat, segurtasun, osasungarritasun eta garbitasun baldintzak bere horretan mantenduko dira.

14.–Debeku da eremu publikoetan jartzea aldamioak-eskailerak, makinak-lanabesak, tresna mota oro, baita eraikuntzako edozein objektu edo material ere, horiek galarazten badituzte jendearen harat-honatak; nolanahi ere baimen espresa beharko da eremu publikoa okupatzeko.

Arau-hausteak eta zehapenak.

48. artikulua. Ordenantza honetan azaltzen direnak izanik eta aldez aurretiko komunikazioa behar duten obrak egiten badira, komunikazio hori aurkeztu gabe, lizentziarik gabeko jarduketatzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta lizentziarik gabeko obrei eta erabilerei aplikatzen zaien legezkotasuna babesteko eta zehatzeko araubide bera aplikatuko zaie.

3. ATALA

Jardueretarako lizentziak, irekitzeko lizentziak
eta erabilera aldatzeko lizentziak

49. artikulua. Jardueretarako lizentzia, irekitzeko lizentziak eta erabilera aldatzeko lizentziak.

1.–Ordenantza honi dagokionez, honako lizentziak izanen dira:

a) Jarduera lizentzia: jarduera, instalazio edo proiektu baten garapena gaitzen du, aldez aurretik ebaluatuta, eta ezarritako neurri zuzentzaileekin bat.

b) Irekitzeko lizentzia: jarduera abiarazteko baimena, aldez aurretik egiaztatuta jarduera edo instalazioa bat datorrela onetsitako proiektuarekin.

c) Erabilera aldatzeko lizentzia:

Lehenagotik ere erabiltzen diren lokaletako jarduerak, funtsezko aldaketarik ekarri gabe.

Lokaletan, instalazioetan edo abian den jardueran funtsezko aldaketak egiten badira, eskubide berriak ordaindu beharko dira, baina soil-soilik aldaketen ondoriozkoak diren horiek, eta betiere udal zerbitzuek berriz jardun behar badute aipatu aldaketak bideragarriak izan daitezen.

2.–Honako hauek joko dira jarduera duten lokaltzat:

a) Eskuarki merkataritzan jarduteko erabiltzen den establezimendua. Eskuarki erabilera hori dagoela usteko da Merkataritza Kodearen 3. artikuluko kasuetan, edo jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaindu beharra dagoenean bertako jardueraren xede diren egintza edo kontratuak burutzeko.

b) Industriako, merkataritzako edo irakaskuntzako jardueraren bat burutzeko erabiltzen dena, establezimendua zabalik edukita.

c) Nagusiki etxebizitzatako erabili ez arren bizitzeko egokiak diren eraikin guztiak eta batez ere erabilera hauek dituztenak, jendearendako zabalik egon ala ez:

–Jarduera ekonomikoak.

–Mota guztietako negozioak edo industriak.

–Ikuskizun publikoak.

–Biltegiak.

–Bulegoak, langelak edo estudioak, merkataritzako edo industriako jardueraren baterako erabiltzen direnean.

–Bulegoak, langelak edo estudioak, jendearendako zabalik badaude eta irabazi asmoa duen jarduera artistiko, lanbide edo irakaskuntza jardueraren bat egiten bada bertan.

–Bertzelako instalazioak, hala nola garajeak, ibilgailuen erregaietarako biltontziak eta abar.

50. artikulua. Titulartasuna aldatzea.

Honako hauek ukitzen ditu: aldaketa egiterakoan indarrean dagoen jarduera eta irekiera lizentzia daukaten jardueren eskualdatzeak, oinordetzak, bat-egiteak, izen aldaketak eta formula juridiko-merkantilaren eraldaketak eta abar.

Lizentzia horiek eskualdatzen ahalko dira baldin eta indarrean badaude, funtsezko aldaketak direla-eta lizentzia berririk behar ez bada, eta jarduera berberari eusten bazaio. Jarduera bera egiten dela ulertuko da, zentzu zabalean beti, lokaleko beharkizun teknikoak orokorki aldatzen ez badira (adibidez, jantzi edo ehun mota ezberdinetako txikizkako saltokia).

Titulartasun aldaketak jakinarazteko eredu ofiziala erabiliko da, eskualdatuko den lizentziaren kopia erantsita, eta zehaztuko dira lokalaren eta lizentziaren titular zaharraren eta titular berriaren datuak. Titular berriak eta zaharrak sinatuko dute jakinarazpen hori (ezinezkoa den kasuetan izan ezik, halakoetan, adibidez, lokalaren jabeak sinatuko ditu).

Orobat, ez daude baimen baten menpe, komunikazio hutsa baitira. Titulartasun aldaketa komunikatzen ez bada, bai titular zaharrak bai berriak lizentziak ekartzen dituen erantzukizun administratiboak hartu beharko dituzte beren gain.

4. ATALA

Kudeaketa arauak. Jarduera lizentziak

52. artikulua. Prozedura.

Jarduera lizentzia eskuratzeko interesa dutenek, jarduera sailkatuen udal lizentziari lotutako jardueraren bat egin behar dutenean, aplikazioko araudian zehazten den prozedurari jarraituko diote, eta eredu ofizialaren arabera eginen dute eskaera, ordenantza honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Ordenantza honen 11. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko dio tramitazioak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiko zehaztasunekin.

Nolanahi ere, proiektu teknikoaren edukiak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 66. artikuluan jasotako alderdiak garatuko ditu; gainera, jardueraren funtzionamenduari buruzko ebaluazioa eta indarreko araudia betetzearen gaineko justifikazioa, honako osasun alderdi hauei buruz (zein diren bidezkoak, haiei buruz): giza kontsumoko ura, ur berritua eta ur birziklatua, legionelosiaren prebentzioa, gorpuen osasunbidea, biozidak, tatuajeak eta piercing-a, erradiazioen aurkako segurtasun fisikoa, tabakoaren arloko osasun arauak, uraren aisiarako erabilera eta osasun hondakinak.

53. artikulua. Determinazioak.

1.–Lizentziak Udalak emanen ditu eta horiek iraungitzat hartuko dira, baldin haiek eman ondoren bi urte pasatzen badira proiektua gauzatu gabe, edo hiru urte exekuzioa bukatu eta jarduera hasi gabe.

Irekitzeko lizentzia iraungitzat eta ondoriorik gabetzat hartuko da baldin jarduera eteten edo gelditzen bada bi urtetik gora, kontzesioa eman zenetik.

2.–Jarduera sailkatuaren udal lizentzia eta irekitzeko lizentzia iraungitzeko, Udalaren adierazpen espresa beharko da, titularrari entzutea ematen dion espediente administratiboaren ondotik.

5. ATALA

Irekitzeko lizentzia komunikatuen prozedura

54. artikulua. Aldez aurretik komunikatu beharra.

1.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren (haren bidez, otsailaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak onetsi ziren, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz; eta 93/2006 Foru Dekretuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen) II. eranskinean sartutako jardueretako bati hasiera emateko edo hura abiarazteko, beharrezkoa izanen da Udalari aldez aurretik komunikatzea, eta, horretarako, sustatzaileak edo titularrak erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztuko du. (Jakingarri, ordenantza honi erantsi zaizkio aipatutako eranskinak; betiere, egoki denean eguneratuko dira); geroago, haren ordezko den arauketa.

55. artikulua. Adierazpenaren edukia.

1.–Erantzukizuneko aitorpenaren agiria izanen da adierazpen bat, non jardueraren pertsona sustatzaileak edo titularrak agertzen baitu betetzen dituela legezko eta erregelamenduzko beharkizun eta ziurtagiri guztiak hura garatzeko, barnean direla udal ordenantzak, eta hori frogatzen duen dokumentazioa badaukala. Hartan agerraraziko ditu Nafarroako Gobernuko Proiektuen Kontsignak emandako proiektuaren zenbakia eta sarbide gakoa, dokumentu bidezko ikus-onespena duen proiektu teknikorako.

2.–Halaber, dokumentu horretan agertu beharko da titular horren konpromiso formala erraztasunak emateko udal zerbitzuen ikuskapenak daudenean eta kasu egiteko, hala denean, haiek atzematen dituzten akatsak konpontzeko, behin adierazpena jasoz gero.

3.–Deklarazioaren edukia Udalak ematen duen ereduari jarraikiz egin beharko da, ezertan ukatu gabe hori aldatzen ahal dela, horretarako arrazoiak ematen badira.

56. artikulua. Tramitazioa.

1.–Aitorpena Udalean aurkeztuko da, horretarako ardura duten egoitzan, behar bezala beteta eta kasuan-kasuko dokumentazio orokorrarekin eta bereziarekin. Hori dena behar bezala zehaztuko da inprimakian. Nolanahi ere, aurkezten ahalko da gaitutako erregistroetako edozeinetan edo legeria orokorrak baimentzen dituen moduetan, baina Udalaren sarrera erregistroa izanen da balioko duena, jarduketa bakoitzaren epeen konputuari dagokionez.

2.–Erregistratu ondoren, une horretantxe Hirigintzari igorriko zaio erantzukizuneko deklarazioa, ezertan ukatu gabe azkeneko horrek igortzen ahal dituela Udalaren bertze tokietara, ezagutu behar dutela uste badu (arlo higieniko-sanitarioa, fiskala, eta abar).

3.–Aitorpenarekin batera aurkeztutako dokumentazioa azterturik eta ikusita egokia den ala ez indarra duten eraikuntzako eta hirigintzako araudiko determinazioekiko, lurzoruaren erabilerekiko, hirigintza planeamenduarekiko, udal ordenantzekiko eta gainerako arau aplikagarriekiko, baita prozedura honetan ezarritakoarekiko ere, jarraituko du eta/edo bukatuko da modu hauetako bat erabilita:

3.a) Dokumentazioa aztertuta hori osatu gabe baldin bada, behar den zuzenketa egin dadin eskatuko da, horretarako hamar egun emanez, aitorpena aurkezten den egunetik aitzina.

3.b) Ikusten baldin bada jarduketa komunikatua ez dela sartzen ordenantza honetan adierazten direnen artean, interesdunari komunikatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, erregistroko sarrera zein egunetan izan den eta hurrengo egunetik aitzina, egokitu beharra duela bere jarduketa eta zein lizentziatarako eskatu den harendako ezarritako arauei lotuta jardun behar duela.

3.c) Gainerako kasuetan, komunikazioa osatuko da Hirigintza Arloaren “konforme” eginbidearekin, eta prozedura bukatutzat joko da eta dokumentazioa artxibatuko bertzerik gabe, ezertan ukatu gabe ondotik hel daitezkeen ikuskapen eta egiaztapen jarduketak, eta egoki den zerga likidazioa.

4.–Hirigintzako zerbitzuek egiaztapenak egin ditzakete egiaztatzeko jarduera hori bat ote datorren bere ardurapean dagoen erantzukizuneko aitorpenaren hitzekin, eta, ondoren, behar den txostena prestatuko dute. Txosten hori kontrakoa bada, behar diren zehapen jarduketak jarriko dira abian.

57. artikulua. Jarduera sailkatuaren lizentzia behar duten instalazioen jarduera hastea.

1.–Jarduera sailkatua martxan jarri izanaren erantzukizuneko aitorpenak ordeztuko ditu Udalaren irekitze lizentziarako tramiteak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamenduaren 82. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoak.

2.–Proiektuaren titularrak edo sustatzaileak jarduera sailkatua hasi aurretik aurkeztuko du Udalean erantzukizuneko aitorpena, eta bertan, bera erantzule dela, adieraziko du enpresa edo lanbide jarduera hasteko araudi indardunean ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela; orobat, hura frogatzen duen dokumentazioa duela eta konpromisoa hartzen duela araudia betetzeko haren indarraldian.

Aitorpenari ziurtagiri bat erantsiko zaio, non frogatuko baita instalazioa onetsitako proiektuari egokitzen zaiola; orobat, instalazioaren behin betiko planoak, baita baimenean ezarritako neurri zuzentzaileak abian jarri izanaren gaineko ziurtagiria ere, eta, halaber, egindako neurketak eta egiaztapen praktikoak.

Teknikari eskudun batek eman beharko ditu ziurtagiri horiek eta, zein den kasua, dagokion lanbide elkargoak behar bezala ikus-onetsi.

3.–Aipatu erantzukizuneko aitorpena aurkeztuta, jarduera garatzeko irekitze-lizentzia eskuratuko da.

58. artikulua. Indarraldia, iraungitzea eta titulartasun aldaketa.

1.–Egoki den baimenak indarrean jarraituko du, jarduerak hasierako baldintzetan eta bere horretan jarraitzen duen denbora guztian zehar. Haietako edozein aldatzen baldin bada, bertze komunikazio bat egin beharko da.

2.–Jardueraren titulartasuna aldatzen denean, titular berriak hori komunikatu beharko dio Udalari, horretarako komunikazioa igorrita, gaitutako ereduari jarraikiz, eta bertan frogatu beharko da ordura arteko titularraren adostasuna badela, edota, behar den dokumentazioa erantsita, horren bitartez pertsona titular berriak nahikotasunez frogatu beharko du aldaketaren arrazoia zein izan den; horrela modu arrazoituan frogatzeko ez dagoela aurreko titularraren kontrakotasunik.

59. artikulua. Legezko ondorioak.

Prozedura horren bidez ezin izanen dira inolaz ere hartu administrazioaren isiltasunaren bidez lortutzat, baldin legeriaren edo hirigintzako planeamenduaren aurka baldin badoaz, edo komunikazioko datuak faltsutzeagatik edo nahita ez jartzeagatik ezinezkoa bada jakinaraztea ea jarduketa egokia den.

Jarduketa komunikatuek ez dute indarrik izanen dokumentazioa oker, osatu gabe edo akastuna bada.

60. artikulua. Legezko erreserbak.

1.–Udalak bereziki gordetzen ditu beretako indarrean dauden lege xedapenek ematen dizkioten ahalmenak lortutako baimenak ukatzeko eta, hala behar denean, kentzeko eta establezimenduak itxiarazteko baldin eta betetzen ez badituzte indarrean dagoen legeriak unean-unean eskatzen dituen baldintzak.

2.–Udalak berea du ahalmena baldin eta eskabidea eta/edo interesdunak gerora emandako datuak ez badatoz errealitatearekin bat.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean jadanik abian dauden espedienteei ez zaizkie aplikatuko haren xedapenak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan xedatutakoaren aurka doazen udal xedapen guztiak, eta, bereziki, Jardueren Lizentziak eta Irekitze Lizentziak Ematea Arautzen duen Araua, udal honen osoko bilkuran onetsi zena 1999ko martxoaren 25ean (1999ko 64. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 21ekoa).

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Bertze udal ordenantza batzuen eta aplikatzekoak diren arauen aipamena.

Ordenantza honetan aurreikusten ez den guztian, aplikatu beharreko bertze ordenantza eta xedapenei jarraituko zaie.

Bigarrena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek ondorio juridikoak sortuko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denean, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

II. ERANSKINA

448/2014 Foru Agindua

Erantzukizuneko aitorpena behar duten jarduera eta instalazioak.

A) Gauzen eta materialen biltegiak, haien azalera eraikia 1000 m²-koa edo txikiagoa denean.

B) Merkataritzako saltokiak, Merkataritza eta Zenbait Zerbitzu Liberalizatzeko Premiazko Neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legean aurreikusitako kasuetan.

C) Eraikinetan kokatuta dauden zerbitzuetako establezimendu hauek:

–Administrazio jarduerak, haien azalera eraikia 2.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Irakaslana, haren azalera eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Kultur eta erlijio jarduerak, haien azalera eraikia 500 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Aurrekoen pareko ez diren zerbitzu orokorretako bertze jarduera batzuk, haien azalera eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

D) Egoitza establezimendu publikoak, jostatzeko zerbitzurik edo ikuskizun publikorik ez badute, haien azalera eraikia 500 m²-koa edo txikiagoa denean, kanpinak izan ezik.

E) Konponketa tailerrak, haien azalera eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean; betiere, ez dira kokatuko bizitegiaren erabilera duten eraikinetan.

Erregelamendu honen aplikazio eremutik kanpo daude ondoren aipatzen diren lan osagarrietako tailerrak edo antzeko bertze batzuk; betiere, beheko solairuan edo sotoan kokatuta badaude, haien potentzia mekaniko instalatua 5 kW artekoa bada edo/eta haien azalera erabilgarria 200 m²-koa edo txikiagoa bada:

a) Eraikuntzako lan osagarrietako tailerrak, igeltserotza, beirategi, elektrizitate, iturgintza, berokuntza eta aire egokitukoak.

b) Erlojuen tailerrak, urregintza, zilargintza, bitxigintza, bisuteria, optika, ortopedia eta protesikoak.

c) Jantzigintzako tailerrak, jostundegiak, larrudendak, puntuzko arropakoak, kapela-dendak eta uhal-dendak.

d) Etxeko tresna elektrikoak konpontzeko tailerrak, irrati-telefoniakoak, telebistakoak, bulegoko makineriakoak eta josteko makinetakoak.

F) Antenak eta irrati-elektronikako jabari publikoa erabiltzen duten instalazioak eta azpiegiturak, telekomunikazioen arloko oinarrizko araudiaren aplikazio eremuan sartuak.

III. ERANSKINA

448/2014 Foru Agindua

Jendearen osasunarentzat arriskutsuak diren jarduerak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren nahitaezko txosten loteslea behar dutenak.

Jendearen osasunarentzat arriskutsuak diren jarduerak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren nahitaezko txosten loteslea behar dutenak.

–Produktu biozidak biltegian altxatu, banatu edo/aplikatzeko instalazioak, salbu horrelako jarduerak jende orok erabiltzeko baimendutako biozidekin bakarrik egiten dituztenak.

–Turistei ostatu emateko jarduerak (hotelak, turismoko kanpalekuak, landetxeak, aterpetxeak eta antzeko bertze batzuk).

–Ura jostatzeko erabiltzen duten jarduerak.

–Hilerriak.

–Barnetegia duten osasun zentroak eta egoitza diren zentro soziosanitarioak.

–Giza kontsumorako ura, hornidura publikoko sare batetik ez datorrena, duten jarduerak.

–Legionella kutsatzeko arriskutsutzat jotzen diren jarduerak, legionelosiaren arloko legeria indardunaren arabera:

  • Hozte-dorreak eta lurrun-kondentsadoreak.
  • Ur girotuko sistemak, agitazio konstantea eta birzirkulazioa dituztenak abiadura handiko zurrusten edo aire injekzioaren bidez.
  • Hezetasuna eragiten duten zentral industrialak.
  • Uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartzen diren instalazio arriskutsuak, barnetegia duten osasun zentroetan eta egoitza diren zentro soziosanitarioetan daudenak.

–Ur araztua (ur berritua) edo/eta ur birziklatua erabiltzen duten jarduerak.

–Osasun arlotik kanpoko establezimenduak, tatuajea edo piercinga egiten dutenak.

Iragarkiaren kodea: L1600966