35. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZA

Udaleko hilerriaren erabilera eta horretarako tasak arautzen dituen ordenantza fiskaleko aldaketa. Behin betiko onespena

Itzako Udalak Udal hilerriaren erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskaleko aldaketa onetsi zuen hasiera batez, 2015eko azaroaren 4ko bilkuran.

Aldaketaren hasierako onespenaren erabakia 2015eko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 24an, hilerria erabiltzeko tasei buruzko eranskina aldatzeko.

Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betiko onetsita gelditu da ondoren osorik ematen den ordenantzako aldaketa; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman zaion idazketaren arabera.

Eritzebeitin, 2016ko otsailaren 8an.–Alkate udalburua, Floria Pistono Favero.

ITZAKO UDALAREN HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Itzako Udalaren hilerria zerbitzu publikoko ondasuna da, Udalaren agintearen mendekoa, Udala baita jabea eta hari baitagozkio hilerriaren kudeaketa, administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, ordenantza honetako xedapenekin bat, eta beste administrazio publiko batzuenak diren eskumenak deusetan ukatu gabe.

2. artikulua. Itzako Udalak ondoko eginkizunak beteko ditu, Itzako hilerriarekin zerikusia dutenak:

a) Hilerria antolatu, kontserbatu, zaindu eta egokitzea, haren zainketa eta garbiketa barne, ordenantza honen 8. artikuluan xedatua ukatu gabe; gainera, bermatuko du haren segurtasuna eta zerbitzuaren behar bezalako funtzionamendua.

b) Partikularrei baimena ematea hilerrian edozein motatako obrak edo muntadurak egiteko, baita horiek zuzendu eta ikuskatzea ere.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua, hilobien gaineko kontzesioak ematea eta mota guztietako ehorzketa-eskubideak onartzea, baita horiek aldatu eta horiek iraungi direla deklaratzea ere.

d) Ordenantza honetan ezarritako eta geroan legez ezartzen diren tasak eta eskubideak jasotzea.

e) Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta lekualdatzea, hilotzen gaineko osasun arauei jarraikiz.

f) Zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, gorpuzkiak izan gabe ere hilobiak hustu eta garbitzerakoan agertzen direnak, ordenantza honen 18. artikuluan xedatua deusetan ukatu gabe.

g) Higieneari dagokionez, eman diren edo etorkizunean ematen diren neurriak betetzea.

h) Hilerriarekin eta hilotzen gaineko osasun jarduerarekin zerikusia izan dezaketen Udalaren bestelako administrazio eskumenak.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar diren langileak izanen ditu eta, bere eginbeharra ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari; gainera, ordenantza honetan xedatua aplikatzeko behar diren erabaki puntualak hartuko ditu. Dagokion kontratazio prozedura irekita, Udalak, komenigarri iritziz gero, ordenantza honetan jasotako udal lan eta egitekoak beste baten esku uzten ahalko ditu.

4. artikulua. Zein den udalerriko biztanleriaren zentsua, horren araberako hilobi edo horma-hilobi hutsen kopurua egonen da hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai. Hilobiak era erregularrean banatuko dira, ondoz ondoko zenbakiak emanen zaizkie eta berariaz egindako plano batean marraztuko dira.

Hilerriaren neurriak kontuan izanda, debeku da panteoiak egitea eta bakar-barrik lurreko hilobiak, horma-hilobiak eta kolunbarioak baimentzen dira.

II. TITULUA

Hilerriko barne antolamendu eta gobernua,
eta hilobien eraikuntza, mantentzea eta zaintza

5. artikulua. Hilerrian ez da onartuko esparruaren seriotasuna zuzenean edo zeharka hondatzen duen inolako ekintzarik edo hilobiak nahiz horma-hilobiak profanatzea, suntsitzea edo donaustea dakarrenik. Debeku da, halaber, edozein animalia mota sartzea eta edozein motatako produktuen salmenta ibiltaria. Debeku horiek hilerriaren eragin eremura hedatzen ahalko dira.

6. artikulua. 1. Ezin izanen da obra edo lanik egin Udalaren baimenik gabe, eta, horiek egiteko, artikulu honetan ezartzen diren arauak bete beharko dira. Obra eta instalazio horiek, eta kontzesio bidek eskuratutako hobietan egiten diren eraberritze, zaharberritze edo ordezte lan guztiak, partikularrek ordainduko dituzte.

2. Lurzatiaren kontzesioa duenak, obra-lizentzia eskatzeko, eginen den lanaren dokumentazio xehakatua aurkeztuko du, neurriak, materialak eta kokapen zehatzak ongi zehazten dituena.

3. Udalak, bere teknikarien bidez, eskaeran atzemandako akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko ditu, baita ordenantza honen araberako baldintza edo aldaketak ezarri ere.

4. Debeku da hilerri barnean piezak edo marmolak zerratzea, hargin, marmolari edo metalgin lanak egitea; baita legarrak kentzea edo gisakoak egitea ere. Inguruabar bereziak direla-eta horrelakoak egin behar badira, Udalari edo hilerriko ehorzketa zerbitzuaren kudeaketa esleitua duen enpresari eskatu beharko zaio, eta horiek zehaztu beharko dute zein tokitan eginen diren lan horiek.

5. Obrak egiteko materialen sarrera eta obrak berak Udalak horrexetarako finkatzen duen ordutegian baizik ez dira eginen. Prestaketak eta materialen, tresnen, lurraren edo uraren metaketak horretarako izendatzen diren lekuetan eginen dira, eta organo horrek kasu bakoitzean beharrezko juzgatzen duen babesarekin.

6. Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra-hondakinak, puskak edo materialen hondarrak.

7. Ezin izanen da hilerrira sartu edo handik atera hilobien zerbitzurako gairik, Udalaren baimenik gabe.

8. Hilerrian egindako jarduketak direla-eta sortzen diren beste gorabehera guztietan, hilerriaren ardura duten langileek eta Alkatetzak aginduko dute nola jokatu.

7. artikulua. Udalaren organo eskudunek edo ehorzketa zerbitzuen esleipen hartzaileak dute hilerria zaindu eta garbitzeko lan orokorren ardura.

8. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak edo horma-hilobiak, gauzak eta muntadurak zaintzea, segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak behar bezala betez. Hilobia garbitu ondoren, partikularrek loreen hondakinak eta bestelako objektuak atera egin beharko dituzte hilerritik.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 egunean beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko. Horrela ez egitea aski izanen da hobiratzeak debekatzeko.

Epe hori iraganik, Udalak subsidiarioki egiten ahalko ditu lan horiek, interesdunen kontura egin ere. Horiek berehalakoan ordaintzen ez badute, kontzesioa iraungiko da eta hilobia Udalaren eskura itzuliko da.

9. artikulua. Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, zerbitzuarekin zerikusirik ez duten pertsonek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.

10. artikulua. Hilobiak edo hilerriko ikuspegi orokor nahiz partzialak irudi, argazki, marrazki edo pinturetan atera nahi izanez gero, Udalaren baimena beharko da lehenik.

III. TITULUA

Gorputegia

11. artikulua. 1. Hilotzak gorputegian utziko dira hilerrira ailegatu eta berehala ehortzi behar ez badira.

2. Agintari judizialek eta osasun arlokoek hilerrian ehortzi gogo diren hilotzak gorputegian sartzeko agindua eman dezakete, heriotzaz geroztik 24 ordu iragan ez badira.

3. Partikularrei ez zaie utziko gorputegian egoten hilotzak bertan dauden bitartean, agintariek halako denbora mugatu batean egiten dituzten bisitaldietan salbu.

IV. TITULUA

Hilotzak ehortzi, hilobitik atera, lekuz aldatu
eta haiei autopsiak egitea

12. artikulua. 1. Hilotzen inguruko Osasun Neurriei buruzko Erregelamenduaren arauei jarraituz eta titulu honetan xedatutakoaren arabera dira hilotzak edo gorpuzkiak ehortziko, hobitik aterako eta lekuz aldatuko.

2. Inolaz ere ez dira onartuko hilotzen bilgarriak, gorpuen berezko deskonposizioa galarazten edo berandutzen badute.

3. Gorpuzkiak dituzten horma-hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek bildu beharko dira, eskubidearen titularrari edo hark eskuordetutako pertsonari abisua emanda; hilotz bat utzi behar denean, gorpuzki horiek berriz ere ehorzten ahalko dira.

4. Osasun baimena beharrezkoa izanen da hilotzak edo gorpuzkiak bertze hilerri batera eraman nahi direnean, arauetan ezarritako kasuetan.

13. artikulua. 1. Hilerrian, ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi lur emanen zaio, betiere legezko tramiteak bete badira.

2. Ehorzketa egiteko, Udalaren bulegoetan edo ehorzketa zerbitzuaren esleipena hartu duen enpresaren bulegoetan honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ehorzteko eskabidea, inprimakiko datuak behar bezala beteta ondoren erregistroan idazteko, ehorzketa eskubidaren titularrak edo haren ordezkariak sinatua, eta, titularra bada hildakoa, haren familiakoek edo ahaideek sinatua. Kontzesio baten titularra ez den pertsona izanez gero, ehorzketa eskatuko du kontzesioa eskatzen duen pertsona berak.

b) Lurperatzeko lizentzia, errautsen ehorzketa izan ezean.

c) Eskatzailea kontzesioaren titularra ez denean, bere aldeko eskubide eskualdaketa frogatu beharko du, ordenantza honen V. tituluko V. kapituluan arautuari jarraikiz; bere gain hartuko ditu bai titulartasuna aldatzeko prozeduran inguruabar hori frogatu beharra bai bere jardunetik etor daitezkeen erantzukizunak.

14. artikulua. 1. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da, artikulu honetako 3. atalean aipatutako kasuan izan ezik.

Hilotza edo gorpuzkiak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, berrehorzketa egin nahi den hilobiaren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.

2. Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz aterako dira hilotzak, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

3. Udalak egin beharreko obra orokorrak egitearen ondorioz lekualdatu behar direnean, eskubidearen titularrari aldez aurretik abisua emanda, berrehorzketa behin-behinean eginen da Udalak horretarako ezarritako hilobi edo horma-hilobietan, edo behin betiko, ehorzketa eskubidea atxikiko zaien beste hilobi batzuetan.

15. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren, horren berri emanen zaie Udaleko arduradunei, lana gainbegira dezaten.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako abisurik eman beharko.

16. artikulua. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.

17. artikulua. 1. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badakar, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bost urte iraganda atera daitezke, baldin eta hezur hutsa badira edo horma-hilobietan badaude. Heriotzaren arrazoia osasun arrisku handikoa izan bazen, ez da egiten ahal heriotzatik bost urte iragan arte.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere zortzi urte iraganda atera daitezke, erabat hezurturik badaude.

c) Hilobi mota guztietan: zinkezko hilkutxan ehortzi badira, noiznahi atera eta lekualdatzen ahal dira, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

2. Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da gorpurik hilobitik aterako epaileak agindu ezean.

Hala ere, bizitakoan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkinak ateratzen ahal dira hilabete horietan, hildakoarekin batean aldi berean eta haren ondoan ehorzteko.

Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

3. Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da ongi kontserbaturik ez badago.

18. artikulua. Hobitik ateratzean zerraldoetan agertzen diren gai baliotsuak, protesiak izan ezik, zenduaren oinordekoek eska ditzakete, betiere eskabidea egiten badute hobitik atera baino lehen, beraien nortasuna eta oinordetza frogatu ondoan. Udalak egokia iruditzen zaion xedea emanen die erreklamatzen ez diren gauzei.

19. artikulua. Lekuz aldatzeko nahiz berriz hobiratzeko, hilotz bat hilobitik ateratzen denean, horren oharra jasoko da erregistro liburuan, dagokion hilobian, titularraren baimena duela.

V. TITULUA

Ehorzketa-eskubideak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

20. artikulua. Hilobien eta horma-hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea, titulu honetan arautzen den kontzesio egintzaren bidez sortuko da. Udalak eman eta onartuko ditu ehorzketa-eskubideak, ordenantza honen printzipioei jarraikiz.

21. artikulua. Ehorzketa-eskubide guztiak dagokien erregistro liburuan inskribatuko dira eta kontzesioak behar den titulua emanez frogatuko dira, ordenantza honen 29. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

22. artikulua. Ehorzketa-eskubideak hilerriko hilobiaren edo horma-hilobiaren erabilera baizik ez dakar, hilerria Udalaren jabaria baita, ordenantza honen 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

23. artikulua. Hilobiak, horma-hilobiak, halakorik eraikitzen bada, eta hilerrian dagoen bertze edozein eraikuntza merkataritzarik kanpoko ondasuntzat jotzen dira. Hortaz, ez dira salerosten ahal, ezta trukatu edo inola eskualdatu ere. Ordenantza honetan aurreikusten diren eskualdaketak baizik ez dira baliozkoak.

24. artikulua. Paratzen diren izaera artistikoko lanak Udalaren eskuetara joanen dira kontzesioa bukatzen denean. Lan horiek, dagokien hilobian paratutakoan, ez dira udal hilerritik ateratzen ahal Udalaren baimenik gabe. Araubide bera aplikatuko zaio hilerriko hilobietan paratzen den edozein muntadura finkori, artistikoa ez bada ere.

Muntadura finkotzat hartuko da hilobiari erantsita edo eratxikita dagoen edozein, baldin eta, kenduz gero, narriadura eragiten ahal bazaio hilobiari, den txikiena ere.

25. artikulua. 1. Titularra testamenturik utzi gabe eta ahaiderik gabe hiltzen bada, Udalaren esku geldituko da ehorzketa-eskubidea, zer epetarako eman zen, hura iragan ondoan.

2. Iraungipena dela-eta kontzesioa galduz gero, hilobia Udalaren esku geldituko da, eta eskubidearen iraungipenetik ez da inolako ordainketarik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Aitzinetik gaztigu eginda, dauden gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, zenduaren familiakoek edo haien baimena duten beste pertsona batzuek beste hilobi batera eramateko eskatu ezik, edo, pertsona ospetsuen gorpuzkiak izanda, Udalak hilobian uztea erabakitzen badu.

26. artikulua. Ehorzketa-eskubideaz baliatzeak behar den tasa edo ordainarazpena ordaintzea dakar berarekin, dagokion ordenantza fiskalean xedatuarekin bat, han arautuko baitira bai zergapeko egintza bai subjektu pasiboak, zerga-oinarria, tasen sorrarazpena, kudeaketa arauak, diru-bilketa, eta arau-hausteak eta zehapenak.

II. KAPITULUA

Kontzesioak

27. artikulua. Honela emanen dira kontzesioak:

A.–Pertsona fisiko bakar baten izenean.

B.–Erlijio komunitate edo elkarte baten izenean, edo laguntzarako edo ospitale gisako establezimendu batenean, horiek administrazio publikoak onartuak badira eta beren kide, onuradun edo babespekoek baizik ez erabiltzeko bada.

C.–Korporazio, fundazio edo legez eraturiko entitateen izenean, beren kide edo enplegatuek baizik ez erabiltzeko bada.

D.–Bi ezkontideren izenean, lehen aldiz eskuratzen den unean.

E.–Hildakoaren guraso-agintea edo zaintza duenaren izenean, haurrak ehorzteko diren hilobien kasuan.

28. artikulua. Aseguru konpainiak eta gisakoak ez dira, inola ere, ez kontzesioen ez bestelako ehorzketa-eskubideren titular izaten ahal. Hortaz, Udalari dagokionez, hitzartzen dituzten poliza edo kontratuen klausulek ez dute ondoriorik izanen, kasuan kasuko ehorzketa-eskubidea ordaintzeko behar den kapitala emateaz beste eskubide batzuk eman nahi badizkiete beren aseguratuei.

29. artikulua. Kontzesioak behar den tituluaren bidez egiaztatuko dira; udal administrazioak emanen du hura.

Kontzesioaren tituluetan honako hauek jasoko dira:

1. Hilobia eta titularra identifikatzeko datuak.

2. Udalak noiz egin zuen kontzesioaren administrazio egintza, eta zer epetarako.

3. Hirugarrenei eskualdatzearen gaineko xehetasunak.

30. artikulua. Hilobiaren titulua hondatu, ebatsi edo galduz gero, haren kopia emanen da, interesdunak eskaria eginda.

Hilobi tituluetako izenetan edo bestelakoetan akatsik hautematen bada, arrazoitu eta frogatu ondoan zuzenduko dira titularrak eskabidea egin ondotik.

31. artikulua. Ehorzteko kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak, eta hura Udalak emanen du ordenantza honi jarraikiz, 14.3 eta 40. artikuluetan xedatua kenduta.

32. artikulua. Ez da inoiz epe mugarik gabeko kontzesiorik emanen, inola ere.

33. artikulua. Udaleko Osoko Bilkurak emanen du horma-hilobiak edo hilobiak erabiltzeko kontzesioa, honako arau hauei jarraikiz eman ere:

A.–Adinez nagusi diren guztiek eskatzen ahalko dute horma-hilobien eta kolunbarioen, eta lurreko hilobien kontzesioa.

B.–Eskabideen arteko lehentasuna ezartzeko, ordena honi jarraikiko zaio:

1. Itzako herritarra den eskatzaile bat familia unitate bakoitzeko.

2. Herritarra ez den eskatzaile bat, Itzan etxebizitza duena, familia unitate bakoitzeko.

3. Itzan jaio zen baina herritarra ez den eskatzaile bat, familia unitate bakoitzeko.

4. Maila bakoitzaren barruan, eskabidea nork lehenago aurkeztu hark izanen du lehentasuna.

C.–Eskatzaile bakoitzari gehienez ere bi horma-hilobi edo hilobi emanen zaizkio, aurreko ataletan ezarritakoaren arabera ulertuta, artikulu honen D) atalean xedatua ukatu gabe, eta haurrak ehorzteko hilobiak salbuespen direla, libreki emanen baitira, beharren arabera, aurrekoez gain.

D.–Aurreko C) atalean xedatua gorabehera, eskatzaileak egun pertsona bakarreko familia unitatea eratzen badu eta bi hilobi edo horma-hilobi eskatzen baditu, 45. artikuluan aipatzen diren ahaidetasun mailetako batekoa den familia kide batendako behar duela frogatu beharko du, hark emandako baimen idatzia eta Itzan erroldatua dagoelako ziurtagiria aurkeztuta. Udalak betiere eskatutako kontzesioa ukatzen ahalko du, erabakiaren arrazoiak emanda, uste badu proposaturiko pertsonak ez duela betetzen ordenantza honetan ezarritako baldintzetako bat ere o beharra ez duela behar beste arrazoitu.

E.–Kategoria bateko eskatzaile guztiei kontzesioak emateko behar beste hilobi edo horma-hilobi ez badaude, Udalak, nahi badu, ez du bat ere emanen kategoria horretan, dauden hilobiak erreserbatuta 4. artikuluan xedatua betetzeko.

F.–Kontzesioa 10 urterako izanen da, eta beste 10 urterako luzatzen ahalko da; bigarren luzapena ere egon daiteke, 10 urtekoa. Lehen luzapenagatik hori ematen den unean indarrean dagoen prezioaren %25 ordainduko da; eta bigarrenagatik, aipatu prezioaren %50. Iraungitzeko data baino lehen egin beharko da eskaera.

Nitxoan edo hilobian dauden gorpuzkiak handik kentzeko eskatuz gero, lehendabiziko 10 urteak edo lehen luzapeneko hamarrak igaro ondoren, kolunbario batean ezartzeko, dagokion ordenantza fiskalean kolunbarioetarako ezarritako tarifa ordainduko da, horma-hilboietan ehorzteko tarifaren lekuan.

34. artikulua. Hilobi edo horma-hilobi berean hurrenez hurren egiten diren hobiratzeek ez dute ehorzketa-eskubidea aldatuko. Hala ere, salbuespen bat egonen da, izan ere kontzesioa edo, bestela, luzapena bukatzeko falta den epea hilotzak lekuz aldatzeko legez ezarritako denbora baino txikiagoa izan daiteke; beraz, hilotz bat orduan hobiratzen bada, epe hori behar adina luzatuko da, egoera bat etor dadin 17. artikuluan ehorzketei buruz xedatuarekin.

Luzapen berezi honen amaieran, 25. artikuluak eta 33.ak xedatua aplikatuko da.

35. artikulua. Hilerrian ematen diren lurren kontzesio guztiak, ehorzteko eta hilobietako elementuak paratzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira kontzesioen eskubide guztiak.

Hori gorabehera, kontzesio baten titularrak ezin izanen du ehorzketa eskubidea erabili, hilobia edo horma-hilobia ez bada lehendik erabili, harik eta hobitik ateratzeko 17. artikuluan ezarritako epeak igarotzen diren arte; kasu horretan beste kontzesio bat eskatuko da.

Lur kontzesioek ez dute salmentarik sorraraziko. Kontzesioko lurren gainean hilobi-elementuak paratzeak ez dakar haien gaineko eskuragarritasun egintzarik.

36. artikulua. Kontzesioetarako aipatu epea izanik, hilerria epe hori ahitu baino lehen itxi behar bada, eskubideen titularrek kalte-ordaina hartzen ahal dute iragan gabeko epeagatik; alabaina, kalte-ordaina kalkulatzeko, ordaindutako tasaren zenbatekoa baizik ez da kontuan hartuko, eta ez kontzesiodunak egindako obra edo muntadurena.

37. artikulua. Kontzesioengatik ordaindu beharreko tasa finkatuko da Hilerria erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean edo, etorkizunean, haren lekua hartzen duenean.

Tasa hori aurreko urteko KPIaren aldaketaren arabera igoko da, eta noiznahi aldatzen ahalko da Udalaren osoko bilkuran hartutako erabaki bat dela medio.

30 egun balioduneko epean ordainduko da, jakinarazpena egiten denetik. Kontzesio horrek ez du izanen inolako eraginik, ordainketa egiaztatzen ez den bitartean, eta ordainarazpen horren subjektu pasiboa delarik kontzesioaren titularra.

38. artikulua. Hilobietarako kontzesioen titularrek bakarrik gurutze, hilarri edo sinbolo bat jartzeko baimena dute, ordenantza honen I. eranskinean zehazten diren ereduen araberakoa; horma-hilobietan, berriz, bakarrik hilarriak jartzen ahalko dira eta horma-hilobia ixten duen hilarriaren gaineko kristalezko itxitura bat.

Udaleko teknikariak eta eraikitzaileak, biek batera eginen dute zuinketaren akta, eraikuntza dagokion lekuan koka dadin.

Kontzesioak berarekin dakar, behar baldin bada, behar diren eremuak urbanizatu eta egokitu beharra.

Bi kontzesiodun ukitzen dituzten obretan, mehelinei buruzko xedapenek aginduko dute.

Lurrerauzketa gastuak eta gainerako guztiak, lanak bukatu artekoak, kontzesiodunaren kontura izanen dira; hor sartzen dira hilobi bakoitzari lotuta daudela kontsideratzen diren urbanizazio eta egokitze gastuak.

Era berean, kontzesiodunaren kontura izanen dira aldez aurretik dauden gurutzeak, hilarriak, panteoiak, lauza astunak, etab., kentzeko kostu ekonomikoak, hilobiaren kontzesioari datxekion hobiratze bat egiteko, baldin eta horretarako ehorzketa-zerbitzu arrunta gainditzen duten bitarteko materialak edo langileak behar badira. Kasu horietan, hala nola bertzelako guztietan, ezartzen diren apaingarriak ordenantza honetan ezarritakoari lotzen ez bazaizkio, aipatu elementuak ez dira berriz ezarriko, salbu eta balio artistiko berezia izan eta Udalak horrela erabakitzen badu. Ezartzen diren elementuak ordenantza honetako I. eranskinean xedatzen denari lotuko zaizkio, eta, gainerakoan, 24. artikuluan xedatuari jarraikiko zaio.

III. KAPITULUA

Hilerriko hilobien erregistroa

39. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortu da, honako hauek jasoko dituena:

a) Hilobien identifikazioa.

b) Kontzesioa eman den data eta ordaindu diren tasak.

c) Eskubidearen titularraren izena, deiturak eta helbidea, eta titularrak, bere eskubidea erabiltzeko orokorrean izendatzen ahal duen ordezkariarenak.

d) Eskualdaketak, data, titular berriaren datuak eta eskualdaketaren zioa.

e) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adieraziz: zein hilotz den, pertsona horren izen eta deiturak, eta jarduketa noiz izan den.

f) Gertakizun eta erreklamazioak: Hilobia edo haren ingurua ukitzen duen edozein gertakizun.

Erregistroa Udaleko Idazkaritzan eramanen da, eta bertan izanen da, halakorik bada, hilerriaren kudeaketa esleitua duen enpresa. Neurriak hartuko dira datuen segurtasuna bermatzeko eta horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabeko tratamendu edo inoren sarrera eragozteko.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, akatsa argi eta garbi adierazi eta zuzentzeko idaztohar berria eginez.

IV. KAPITULUA

Ongintzako ehorzketak eta hobi orokorra

40. artikulua. 1. Lur emateak dakartzan gastuak ordaintzeko diru baliabiderik batere ez duten pertsonen hilotzak ehorzteko hobiak izanen dira, aski den kopuruan; horiek ez dira kontzesioetan sartuko eta haren erabilpena ez da inolako eskubideren menpe egonen.

2. Hilobi hauetan ez da hilarririk edo hilartitzik paratuko eta udal jabego direla baizik ez da agertuko.

41. artikulua. 17. artikuluan ezarritako epea beteta, gorpuzkiak hobi orokorrera eramanen dira.

42. artikulua. Hildako baten ahaideek, ezta beste pertsona interesatuek ere, ez dituzte inola ere hobi orokorrean lurperaturiko hilotza edo gorpuzkiak erreklamatzen ahal.

V. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen eskualdaketa

43. artikulua. Udalak hilobien ondorengotzari buruz egiten duen onarpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina horrek ez dakar inolako aurreusterik arlo zibilean aferarik baldin bada.

44. artikulua. Kontzesioan emandako hilobiak eta horma-hilobiak, hala bada, oinordetza bidez eskualdatzen ahal dira, haien titularrak testamentua egin ala ez, baita dohaintza bidez ere, horrelakoetan araubidea ondorengotzarena bera izanen delarik.

45. artikulua. Ehorzketa-eskubidearen titularrak inter vivos egintzaren bidez, dohainik laga dezake, honako hauei hain zuzen: titularraren ezkontideari, horien bien lerro zuzeneko ahaideei, lerroa gorakoa nahiz beherakoa izan, mugarik gabe, eta alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. gradu zibileraino eta ezkontzahaidetasunaren 3. graduraino, eskualdaketaren aitzin-aitzinetik titularrarekin gutxienez ere bi urtez bizi direnei, eta irabazi asmorik gabe ongintza edo laguntza lanetan ari diren pertsona juridikoei.

Titulartasun aldaketa dohainik eta inter vivos lagapenaren bidez baimentzen ahal da beste pertsona batzuendako, Udalak uste badu zioren bat badela lagapena arrazoitzeko, betiere kontzesioa eman zenetik hilobian inor ehortzi ez bada eta hamar urte iragan badira. Kasu honetan, eskuratzaile berriak kontzesioa eman zenean lurraren truke ordaindu zen prezioaren eta subrogazioaren egunean tarifen ariora ordaindu behar denaren arteko aldea pagatu beharko dio Udalari.

46. artikulua. Mortis-causa eskualdaketari dagokionez, hots, ehorzketa-eskubidearen titularraren heriotza gertatzen denean, eskualdaketarako eskubidea izanen du eskubidearen oinorde izanik herentziari uko egin ez dionak. Titularrak oinordetzarik xedatu ezean, hilobi eskubidea ahaideei eskualdatuko zaie, lege zibilari ezarritako ordenari jarraikiz. Alargunak kontzesioaren usufruktua baldin badu, horrela jasoaraziko da hilobiaren erregistroko inskripzioan eta usufruktudunak eskubidearen titularrari dagozkion ahalmen eta betebehar guztiak izanen ditu.

Eskualdaketa baten ondorioz titular bat baino gehiago bada, ondorengo guztiek beren artean gehiengoz hautatzen dutenaren alde onartuko da ehorzketa-eskubidearen titulartasuna. Hori hiru hilabeteko epearen barnean egin behar da kausatzailearen heriotzatik edo ondorengoak deklaratzeko egintza eman zen egunetik hasita. Udalak ez du titulartasunaren aldaketarik baimenduko adostasun hori frogatzen ez bada, baina utziko dio edozein partaideri ehorzketa-eskubidea erabiltzen, gainerakoak horren aurka ez badaude.

47. artikulua. Eskubidea nori eskualdatzen zaion inolako zalantzarik gabe zehaztea ezinezkoa bada, titulartasuna behin-behinekoz onartzen ahalko zaio aldaketa eskatzen duenari, baldin eta eskubidea izaten ahal badu 46. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Behin-behineko titulartasun horren muga da ondotik hobitik hilotzak ateratzeko debekua, epaile batek baimendu ez badu, eta hilotz bat ehorzteko eskubidea erabiltzeko beharrak sortua ez bada. Inork kontra egiten ez badu, titulartasuna behin betiko bilakatuko da hamar urte iragandakoan.

Hilobia erabiltzeko eskubidea nork duen aldiro jakiteko, erregistroko liburuan paratuko da nor den eskubide horren edukitzailea eta horrengandik abiatuta kontatuko dira betiere, 45. artikuluak aipatzen dituen ahaidetasun mailak. Eskubide horien eskualdaketak ere idatzita jarriko dira kontzesioaren tituluan.

Interes kontrajarriak badaude lurperatzeko ehorzketa-eskubidea erabili behar den tokiaren gainean, era berean jokatuko da, baina Udalak, kasu honetan, beste kontzesio bat esleituko du, behin-behineko titulartasunarekin, jaraunspen-komunitatearen izenean, eskubidearen titulartasuna erabakitzen ez den bitartean.

Artikulu honetan aipatzen diren behin-behineko kontzesioak ez dira behin betiko bilakatuko, behin-behineko titularra 33.c) artikuluan aurreikusitako kasuan sartzen denean edo, Udalaren iritziz, artikulu horretako gainerako kasuetako batean berean ere oinarririk ez duenean kontzesioa eskuratzeko. Horrela gertatzean, behin-behineko titulartasunak ez du ondoriorik sortuko hura onartu eta hamar urte iragan direnean.

48. artikulua. Hilerriko lurren edo horma-hilobien kontzesioak hilobia erabiltzeko eskubidea sorrarazten die titularrari eta ahaideei, ordenantza honetako aginduei lotuz betiere.

Udalak bertze edozein ehorzketa baimentzen ahal du, titularrak baimen idatzia ematen badu aldez aurretik eta baimentzeko unean dagozkion eskubideak ordaintzen baditu.

49. artikulua. Ehorzketa-eskubide bat zer epetarako eman zen, haren hurrenez hurreneko eskualdaketek ez dute epe hori aldatuko.

50. artikulua. Titularrak uko egiten ahal dio ehorzketa-eskubideari, betiere dagokion hilobian gorpuzkin ehortzirik ez bada. Horretarako, eskabidea eginen dio Udalari, eta hura gero berretsi beharko da, interesduna bera edo haren legezko ordezkaria agertuta.

VI. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen galera edo iraungipena

51. artikulua. Ehorzketa-eskubidea galdu edo iraungiko da eta kasuan kasuko hilobia Udalari itzuliko, horrelakoetan:

a) Eraikuntzaren hondamen egoera dela eta, aurreikusitako txosten teknikoan deklaratua, eta titularrak konpontzeko eta egokitzeko ematen zaion epea betetzen ez badu. Lehenago espedientea ireki behar litzateke eta interesdunari entzutea eman.

b) Hilobia abandonaturik uzten denean. Halakotzat hartuko da, titularra hil eta 3 urte geroago ondorengoek edo herentzia edo bestelako tituluren baten bidez subrogaturiko pertsonek eskaririk egin ez badute beren aldeko eskualdaketa egin dadin.

Ondorengoak edo herentzia edo beste tituluren bidez subrogaturiko pertsonak eskualdaketa eskatzera agertu eta hilobia egoera okerrean aurkitzen badute, hiru hilabete izanen dute hura egokitzeko. Epe hori konponketak egin gabe iraganik eta 8. artikuluko izapideak egindakoan, ehorzketa-eskubidearen iraungipena dekretatuko da, eta Udalaren eskura itzuliko da.

c) Eskubidea zer epetarako eman zen, haiek iragaten direnean.

d) Behar den epearen barrenean eskubideak edo tasak ordaintzen ez badira.

e) Titularrak 50. artikuluan aurreikusitako moduan uko egiten duenean.

f) Hilerria desagertzeagatik.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa.–Hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidearen kontzesioa, eskualdaketa eta iraungipena Udalaren Osoko Bilkurak onetsiko ditu edo Alkatetzaren nahiz eskuordetutako organoaren ebazpenaren bidez onetsiko dira, udal zerbitzuen funtzionamendu egokiak uzten duen maiztasunarekin.

Bigarrena.–Ordenantza honek espreski aurreikusten ez duen orotan, indarra duen legeria sektorialak xedatutakoari eginen zaio men, eta bereziki uztailaren 20ko 2263/74 Dekretuaren bidez onetsi zen Hilotzen gaineko Osasun Arauei buruzko Erregelamenduari eta Hilotzen gaineko Osasunari buruzko maiatzaren 9ko 123/1986 Foru Dekretuari.

Ordezko aplikazioa izanen dute Itzako udalerrian indarra duen hirigintzako araudiak eta ondare historikoaren gaineko legeriak ere, lehen xedapen iragankorrean adierazten den eran.

Ordenantza honetan biltzen diren gai fiskalen gainean, ordezko aplikaziokoa izanen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 19ko 2/1995 Foru Legea.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsitakoan, ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

I. ERANSKINA

A.–Hilobiburuan gurutzeak edo hilarriak jarri ahal izanen dira, gehienez ere ondoko neurri hauetakoak:

–Garaiera: 120 cm.

–Zabalera: 60 cm.

–Lodiera: 10 cm.

Nitxoei dagokienez, haien azalera nolakoa, horren araberakoak izanen dituzte neurriak.

B.–Aipatu diren ikur eta apaingarri horien material eta koloreak, derrigorrez, ondoko hauetako zenbait izanen dira:

–Tafallako harria.

–“Macael” marmol zuria.

–“Sudafrika” marmol beltza edo “Extremadura” urdina.

–“Quintana” granitoa.

C.–Ez da inola ere baimenduko hilarriak, lauzak edo hilobi-oroigarriak jartzea, aurreko idatz-zatietan adierazitako neurrikoak baino handiagoak badira edo ezaugarri ezberdinak badituzte.

D.–Debeku da, era berean, hilobien inguruan hesiak edo itxiturak, landaresiak edo bestelako landareak jartzea.

E.–Hilartitzak, oroigarriak, ezaugarriak eta ikurrak edozein hizkuntzatan jar daitezke, eta hilerriaren izaerari begiratu beharko diote, ordenantzako 5. artikuluan adierazitakoaren arabera. Hirugarrenendako eskubideen aurka jo dezaketen inskripzioen erantzukizuna titularrarena izanen da.

ORDENANTZA FISKALA, ITZAKO UDAL HILERRIA ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Hilerriaren erabilerari dagozkion tasen ordainarazpena arautzen du ordenantza honek, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta ondokoetan du oinarria.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Hona hemen zergapeko egintza:

Hilerrian zerbitzuak ematea da, bai hilerriko zerbitzuei eta hilotzak ehorzteari zein hobitik ateratzeari, horma-hilobiak, hilobiak eta kolunbarioak (10 urteko aldirako eta luzapen aldietarako, halakorik bada) esleitzeari dagokionez bai hilerrian haiekin batera egiten diren gainerako zerbitzuak egiteari dagokionez, Udalaren hilerria arautzen duen ordenantzan ezarritakoarekin bat.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Esleipena edo zerbitzua eskatzen duen pertsona natural edo juridikoak ordaindu beharko du dagokion tasa, subjektu pasibo gisa.

Ehorzteko eskubideen ordainarazpenetan, ehorzketak antolatu edo hilotzak hilerrira eramaten dituzten ehorztetxeak dira zergadunen ordezkoak.

Zerga-oinarria eta tarifak

4. artikulua. Ordenantza honen tarifen eranskinean jasotako kopuruei jarraikiz, ondotik zehaztuko diren kontzeptuei dagozkien zerbitzu moten arabera finkatuko da zerga-oinarria:

a) Lur emateko edo ehorzteko eskubideak. Zenbateko finkoa ehorzketagatik, segun eta lurrean, horma-hilobian edo errauts-hobian egiten den.

b) Gorpuzkiak hobitik ateratzeko eskubideak.

c) Nitxoen, hilobien edo kolunbarioen kontzesioak. Zenbateko finkoak adierazten diren aldietarako.

Aplikatzen diren tarifak Udalaren osoko bilkurak onesten dituenak izanen dira.

Tasen sorrarazpena

5. artikulua. Ordenantza honen 4. artikuluan aipatzen diren zerbitzuetako bat egiteko eskatzen den unean sorraraziko dira tasak.

Kudeatzeko arauak

6. artikulua. Hilotzak hilerriraino eramateaz arduratzen diren ehorzketa enpresek, Udalean likidatuko dituzte bidezko diren ehorzketa eskubideak, haien ordainketa agiria ematen zaielarik. Hilerriko kargudun, enplegatu edo arduradunak eskatuko du erakuts dakion behar den gordekina, gorpua bertaratzen denean. Salbuetsirik daude ezinbesteko premia izan edo udal bulegoetan jaiegun denean gertatzen diren kasuak; horrelakoetan enplegatuak datuak jaso eta Udalari igorriko dio informazioa, dagokion ordainarazpenari bertatik bide eman dakion.

7. artikulua. Garbiketa zerbitzua edo gorpuzkiak eramatekoa hartzeko interesa duenak Udalera jo beharko du eta hantxe eskatu, behar diren eskubideak ordainduz, eta bidezko den ordainagiria luzatuko diote. Hilerriko kargudun, enplegatu edo arduradunak eskatuko du erakuts dakion behar den ordainagiria, gorpua bertaratzen denean.

8. artikulua. Nitxoen, kolunbarioen edo hilobien kontzesioa nahi duten pertsona fisikoek edo juridikoek Udalari eginen diote horren eskea, eta bertan emanen zaie baimenaren agiria, ordaindu beharreko eskubideak ordaindu ondoan.

Premia larriko kasuetan edo udal bulegoek egun baliogabea dutenetan, dagozkion eskubideak bost egun balioduneko epean ordainduko dira, Udalak esleipena egin ondoko egunetik aitzina kontatzen hasita.

Ez da premia larritzat hartuko ez bada horma-hilobia edo hilobia okupatzen udal bulegoen balio gabeko aldian.

9. artikulua. Urtero, eta urte bakoitzeko urtarrilaren lehena erreferentziatzat hartuz, udal hilerrian dauden horma-hilobi eta hilobi guztien errolda edo zentsua eginen da. Horretan oinarriturik ordainaraziko dira zerbitzu orokorrak egiteko eta kontzesioen tasak.

Diru-bilketa

10. artikulua. Ateratzen diren kuoten ordainketa 30 egun balioduneko epearen barrenean egin beharko da, ordenantza honen 4. artikuluan ezarritako zerbitzuak egin eta tasa jakinarazi ondoko egunetik aitzina kontatzen hasita.

11. artikulua. Ateratzen diren kuotak borondatez ordaintzeko aldietan ordaintzen ez dituztenek, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduan eta Udalaren Ordenantza Fiskal Orokorrean adierazten diren errekarguak izanen dituzte.

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduan eta Ordenantza Fiskal Orokorrean ezarritakoari jarraikiko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea eta Ordenantza Fiskal Orokorra aplikatuko dira.

ERANSKINA, HILERRIA ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALARENA

KONTZEPTUA

Ehorztea

280 euro

Horma-hilobian ehorztea

212 euro

Iragarkiaren kodea: L1601491