33. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Aldaketa Herrilurrak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Azkoiengo Udalak, 2015eko abenduaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Azkoiengo herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzako aldaketa, 2015eko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 15ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Azkoienen, 2016ko urtarrilaren 29an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

ERANSKINA

AZKOIENGO HERRILURRAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

19. artikulua.

1.–Aprobetxamendua erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da.

2.–Banaketa bat baino iraupen luzeagoko esleipen hau baino lehenago egindako esleipenak esleipen-hartzaileen eta bere familia unitateko kideen lehentasunezko edo zuzeneko esleipenerako eskubidea iraungiko dute hurrengo neurrian:

–60 eta 100 erreguko mahastiak: lehorreko edo ureztalurreko lote bat kontsumitzen du eta lehorreko edo ureztalurreko lote baterako eskubidea izanen du.

–30 erreguko lurzatia: ez du eskubiderik kontsumitzen.

–2016 baino lehenago esleitutako basoberritzeko lurzatiak: lehorreko edo ureztalurreko lote bat kontsumitzen du eta lehorreko edo ureztalurreko lote baterako eskubidea izanen du.

–Cascajo bazkalekuko ureztalurreko lotearen esleipen-hartzaileak: lehorreko edo ureztalurreko lote bat kontsumitzen dute eta lehorreko edo ureztalurreko lote baterako eskubidea izanen dute.

Esleipen bakoitzerako onetsitako baldintzetan zehaztuko da aprotxamendu berezi hauen iraupena.

3.–Banaketa bat baino gehiagoko laboreak Udalaren Osoko Bilkurak erabateko gehiengoz ordenantza honen osagarri gisa sortzen ahal diren gorabeherak arautzen dituen onetsitako baldintzen xede izanen dira.

20. artikulua.

Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

–Lehorreko lurrak:

  • 1. mailakoak: 4 euro/erregua/urtea.
  • 2. mailakoak: 3,5 euro/erregua/urtea.
  • 3. mailakoak: 3 euro/erregua/urtea.

–Ureztalurrak:

  • 1. mailakoak: 18 euro/erregua/urtea.
  • 2. mailakoak: 16 euro/erregua/urtea.

Zenbateko horiek 2016rako proposatutako kanonari dagozkio. Martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoarekin bat, azaroaren 28ko 37/2013 Foru Legeak haren 27. artikuluak aldatu ondoren, urtero Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten duen kontsumoko prezioen indizearen igoeraren arabera eguneratuko da aprobetxamendurako finkatutako prezioa edo kanona, urtebetetik gorako iraupena duenean.

Nolanahi ere, lur-sariak Azkoiengo Udalak ordaindu beharreko kostuak estaliko ditu gutxienez ere.

Espresuki debekatua dago ureztalurreko produktuak lehorreko lurretan landatzea, esleipen sistema edozein izanda ere.

24. artikulua.

Azkoiengo Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

A) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitutako herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

B) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herrilurren Batzordearen ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honen 21., 22. eta 23. artikuluetan xedatzen den bezala, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

C) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta Udalak agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo Azkoiengo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

D) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

E) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak daudenean.

F) Erretiroa hartzeko legezko egoeran daudenak.

26. artikulua.

Ezartzen da ezen, oro har, esleipen-hartzaile bakoitzari zorterako bi lote emanen zaizkiola, aukera hauekin: lehorreko bi, edo lehorreko bat eta ureztalurreko bat, edo ureztalurreko bi. Zorterako diren ureztalurreko loteak herrilurretako ibar-baso guztietan eta Bayunga ureztalur eremuan daude. Esleipen sistema horretatik kanpo gelditzen dira Nafarroako Ubideak Cascajo bazkalekuan dituen ureztalurreko lurzatiak.

Honako azalera hau ezarri da lotearendako, aprobetxamendu mota honetan:

–Lehorreko lurra: 144 erregu.

–Ureztalurrak: 14 erregu.

28. artikulua.

Aprobetxamendu modu horren bidez herrilurretako lurzatiak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

–Lehorreko lurrak:

  • 1. mailakoak: 7,00 euro/erregua/urtea.
  • 2. mailakoak: 5,80 euro/erregua/urtea.
  • 3. mailakoak: 3,50 euro/erregua/urtea.

–Ureztalurrak:

  • 1. mailakoak: 32,00 euro/erregua/urtea.
  • 2. mailakoak: 29,00 euro/erregua/urtea.

Zenbateko horiek 2016rako proposatutako kanonari dagozkio. Martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoarekin bat, azaroaren 28ko 37/2013 Foru Legeak haren 27. artikuluak aldatu ondoren, urtero Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten duen kontsumoko prezioen indizearen igoeraren arabera eguneratuko da aprobetxamendurako finkatutako prezioa edo kanona, urtebetetik gorako iraupena duenean.

Espresuki debekatua dago ureztalurreko produktuak lehorreko lurretan landatzea, esleipen sistema edozein izanda ere.

32. artikulua.

Udalak bidezkotzat jotzen dituen loteak utziko ditu laborantza ekologikorako.

Lote horietan interesa duten nekazariek eskaeran adierazi behar dute eta konpromisoa hartuko dute laborantza mota horri eusteko zatitzeak irauten duen bitartean, bestela lurzatirako eskubidea galduko dute.

34. artikulua.

Azkoiengo Udalak uzten ahal dizkie halaxe nahi duten familia unitateen titularrei erregu bateko baratzeak, baldintza hauekin:

A) Eskatzailea ez da ureztalurren jabea izanen, ezta herrilurretako bertze lote baten onuraduna ere.

B) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 21, 22, 23 eta 24. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

C) Esleipena zortzi urterako izanen da, eta luzatzen ahal da, hala eskatu ondoren.

D) Ordaindu beharreko lur-saria 32,00 eurokoa izanen da, erreguko, urtean.

Azkoiengo Udalak eskaera horietarako lur azalera aski gordeko du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herrilurren azalera osoaren %10 baino handiagoa.

37. artikulua.

Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiri baliogarria, honako hauen gainean:

A) Azkoiengo bizilaguna izatea, gutxienez ere sei urteko antzinatasunez, eta bertan bizi izatea urtean bederatzi hilabetez bederen.

B) Ziurtagiria, Azkoiengo Udalarekin zerga arloko beharkizunak beteak dituztela dioena.

C) Zein diren familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

D) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udal mugape honetan bai bertzeetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

E) Familia unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Azkoiengo mugape honetakoak bai bestelakoak.

G) Familia unitateko kide bakoitzaren abeltzaintzako aberastasunaren zergapeko kapitalak, udal mugape honetan nahiz bertzetan, aziendako espeziea eta zenbatekoa aipatuz.

H) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Azkoiengo Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 3 artikuluan zehazten den bezala.

49. artikulua.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira laboreekin zerikusia duten gertakari hauek:

1. Nork bere lurzati esleituak ez lantzea, 21. eta 22. artikuluetan zehazten denarekin bat.

2. Udalak esleitu gabe, herrilurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

3. Ezarritako epeen barrenean ez ordaintzea lur-saria, landazaintza, gizarte segurantzak, edo erregelamenduz ezartzen diren bestelako tasak.

4. Nekazaritzako lanak erregelamendu honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

5. Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak etab.) Udalaren baimenik gabe landatzea.

6. Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

7. Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak lantzea.

8. Bideak nahiz altxonbideak lantzea.

9. Bideetan eta altxonbideetan harria edo bertzelako materialak botatzea.

10. Azienden idoietatik ura hartzea eta horretarako tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea.

11. Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

12. Ureztalurreko produktuak lehorreko lurretan landatzea.

13. Uzta eta gero ustiategian erabili diren plastikoak, hodiak eta alambreak ez kentzea edo baimendutako zabortegira ez eramatea.

14. Erregelamendu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

50. artikulua.

Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–1, 2, 3, 4, 5, 6, 13 eta 14. arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da.

–47. artikuluko 12.a, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzaile izateko desgaituta.

Gainerako arau-hausteak zehatuko dira arau hauetan ezarritakoari jarraikiz: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta aplikatzekoa den gainerako araudia.

Alkatearena da zehapen prozedurak hasteko, instruitzeko eta ebazteko eskumena, eta Udalbatzari horren berri eman behar dio egiten duen hurrengo osoko bilkuran.

53. artikulua.

A) Herrilurretako edozein lurzati esleitzean, hura landuta badago, esleipen hartzaile berriak aurrekoari egindako lanen zenbatekoa ordainduko dio, dagokion peritazioa egin ondoren.

B) Lehorreko lurzatia ereina bada, fruitua aurreko esleipen hartzailearena izanen da uzta jaso arte, eta orduan onuradun berriak okupatuko du.

C) Aurreko kasuetako salbuespenak: herrilurretako lurzatien edo loteen esleipen hartzaileak, zortzi urteko epea urratuz, herrilurra edo lotea erein edo lantzen badu (Erregelamendu honetako 49.12 artikulua); izan ere, Udalak hala egin duela egiaztatutakoan, zehatua izanen baita Erregelamendu honetako 50. artikuluari jarraikiz.

D) Baimentzen da berriz ereitea lehorreko lurretan, Azkoiengo Udaleko herrilurretako larreei buruz indarra duen ordenantzan xedatutakoa betez (22. artikulua): Lehorreko luzatiak, haietan uztondoetan aritzea zilegi bada, irailaren 15era arte ezin izanen dira laboratzen hasi. Laboratu ondoren, azienda ezin izanen da finketan sartu.

Berriz ereiteko baimen guztiek ekarriko dute lotearen kuota 2,00 euro igotzea, erregu bakoitzeko, hori egiten den urtean, zatitzearen lehenbiziko urtean izan ezik, ordaintzetik salbuetsita egonen baita.

Iragarkiaren kodea: L1601203